www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Napoleon Lehena
Jean Martin Hiribarren
1856, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

NAPOLEON BONAPARTE

 

Mende hamabortzean, ezin ukha batek,

Ariak bazituzten Korsan Bonapartek.

Genan, irlan bezala, ahaide bazuten;

Ondoan gero bortzek atzeman baitzuten.

Karlos Bonaparte zen arras herritarra,

Genoen kontra gerlan Paolik beharra;

Segitzen zuelarik, zaldi lasterketan,

Emazte Letiziak, hirrisku denetan.

 

Ez omen zen denboran halako andrerik,

Romilini adarra zaukan liliturik.

Mende hamazazpiak hiru hogoi urthe,

Bederatzi gainetik, zituzkeien bethe,

Non andre handi hori esperantzan baitzen

Haur batez erditzeko, ungi zela heltzen.

Ajazion nahi zen Andre Marietan

Aurkhitu, nola bere herriko bestetan.

Elizatik etxerat itzuli orduko

Erdi zen muthil batez, sendoa hasteko.

 

Ezdugu erakurtzen deus mirakulurik,

Haurra sorthu zenean, alde gerthaturik,

Nola baita mendetan bortz aldiz aditu,

Zenbeit gizon kaskodun denean agertu,

«Buru gogorra nintzen, ikhasi nahia»,

Berak dauku erraten, haurretik ilkhia.

 

Bainan behar da erran hainitz erne zela,

Eta oihu xumea aditzen zuela.

Etziren hura baithan hoberen guziak;

Askorenak bezala, haren gutiziak,

Uztarririk etzuen hanbat iasan nahi,

Etzuen deskansua bakearen bahi,

Nahi bezin handiak zituzkeien lanak,

Gogo alde, etziren izitzen zutenak;

Etzuen izaririk bere asmuetan,

Bat egin orduko zen, gehiago ketan.

 

Osaba Luzianok zuen ezagutu

Ethorkizun handian behar zela sarthu.

Huna zer zuen erran hiltzeko menean,

Illobak zituela nigarrez aldean:

«Napoleonek berak eginen du aski,

Hortaz dohan bezanbat noha deskansuki.

Hi haiz Iosep, orotan urthez zaharrena,

Bainan Napoleon duk buruz hoberena.

Beira hadi nihoiz hi hori ahanztetik,

Mintzo nauk herioa ikusiz aldetik».

 

Aitak eraman zuen Parisat gaztean,

Hamar urthe zituen bethetzen doiean.

Nola baitzen berritan Korsa Franziako,

Egin ziren eskolak hobeki lotzeko,

Eta haren haur asko ziren baliatu,

Kasko lehenak ere hainitzak agertu.

Briennerat ioan zen Bonaparte boxik,

Soldaduen eskolan ikhasteko goizik.

Iretsia nahiaz zerbeit ikhasteko,

Baieta gutiziaz gorarat heltzeko,

Laster dute nausiek begietan hartzen

Eta haren laneko sukharra maitatzen.

Bakharrik aurkhitzea hainitz zuen maite;

Gerthatzean bertzekin iostetan nahaste,

Ariak etzituen bertzek bezalako,

Guziek behar zuten utzi nausitako.

Etzioten ekhartzen nihork ielosia,

Haren aire pisua etzen egosia.

Errateko liteke etzela axkide,

Ikusiz etzuela ematen lot bide,

Baldin gero ondoan, egun haltoetan,

Ezbalitz lehiatu gazte lagunetan.

Eskoletan etzuen beldur erregela;

Segitzen zuen, nahi egiten zuela.

Ixil zagon maizenik eta gogoetan,

Atsegin guti hartuz bertzen hirrietan,

Bilhatuz ithotzen zituen iaiuren,

Izateko nausia bere buruaren.

Gogor eta zuhurki zaraman bizia,

Gurikeria etzen hartaz onhetsia.

Gathasketan su pintak zituen agertzen,

Edozeini zioten mihi zorrotz sartzen;

Etzen on egotea asiki meneko,

Etzuen nihoiz erdi eztena sarthuko.

Etzuen handitasun hortan erakusten,

Ezdu osotasunak gizona egiten;

Bainan ordu beretik zen ikustekoa

Gerlako iostetan zuen nausikoa,

Asmatzen hari zela bethi nola hazkar

Etsaiek ez hartzea nahi zuken bizkar.

 

Eskolako athean, negu luze batez,

Ehun forte baziren elhurrezko metez,

Haur guziek laneko sukharra zutela,

Bonaparte nausitzat sinhesten zutela.

Iduri aitzindari, zioten manatzen,

Eta zuten guziek bethi obeditzen,

Erratean barnetik zer zen egiteko,

Sartzerat han etsaia nihoiz ez uzteko,

Edo nola behar zen hiriaz iabetu,

Hartako bide onak zirenean hartu.

Hedatzen bazakien orotarat buru,

Etzuen nihoiz kausten trabarik inguru,

Eta egiten zuen gisa halakoan,

Non oro baitzituen nahasten gogoan,

Nondik bildu zituzken hanbat iakitate,

Hiri zain edo hartzen hala ikhas arte?

Iduri zuen zela egina manuko,

Nahiz etzen huzkurra gauzen egiteko.

Nausiak berak ziren ioaiten ihesi,

Halako padaretan, hura utziz nausi;

Etziren bada oro tontoenetarik,

Pichegru zen nausi bat handienetarik,

Hollandako lehoina, kapuxino zagon,

Ezin zitekenean Korsutar lo egon.

 

Irakurtzea zuen Bonapartek maite,

Asko aldiz burua sobra bero arte;

Etzen erakurtzaile deus arinkerien,

Bethi bilha zabilan ethorki guzien.

Iragan mendetako egintza handiak

Buruz hartu zituen lerroka guziak.

Orroitzapena zuen segurenetarik,

Etzen beldur galtzeko deus ikhasitarik;

Bazakitzan zein ziren gizon handienak,

Eta hek egin zuzten lanik hoberenak.

 

Brienna utzi zuen hamalau urthetan,

Ardietsiz on zena hango iakintzetan;

Bazituen bai gauza iakinak gutisko

Bainan lagundu zuten Parisen sartzeko,

Nahiz hainitz gazte zen, bazituen onak,

Iakitate batzutan, argi handienak.

Ageri den bezala, goizik zen ernatu,

Edo eskoletarat gazte lehiatu.

 

Haur hori zen ethorkiz buru sendotako,

Zenbait etxetan baitzen askiren galtzeko,

Bainan aitek etzuten deusetan hertsatu;

Plegura tzar hartzetik zuten begiratu.

Gauza bere etxean sortzez ikhasiak,

Giristinozko amak goiz erakutsiak,

Etzituen ahantzi egun haltoetan,

Nahiz goibel zuketen ikusi askotan.

 

Zenbat haur ez da bethi goiz goizetik galtzen,

Burasok iakin gabez hekien gidatzen!

Ezdituzte egun bat ikusi hurbildik,

Iakiteko zer diren, nondik edo handik.

Lurrean nahi dute zerbait izan diten,

Bainan gutik diote bide on egiten.

Haur batzuek badire lehenak bertzekin,

Bertze batzuek berritz hotzak lagunekin;

Batzuek behar dute izan higituak,

Bertze zenbeitek aldiz luze mainatuak.

Bakhotxak izaten du dohaina zerutik,

Ezda izpiritua heldu harotxetik;

Bainan goiz bitez eman erakuspen onak,

Beiratuz haur bihotzak nola lur mathoinak.

Erakuts zeruetan aita handiena,

Guziek egun batez kausturen dutena;

Erran haren nahia gauzen egiteko,

Berthutea non nahi eman aitzineko;

Higinaraz gaizkia, iraka zaharra,

Galdu nahi duena bereziki haurra,

Ez duena nihori ematen bakerik,

Hanbatak dabilzkana buruz arindurik.

 

Aita-Amek dituzte umeak ehotzen,

Crenchoin bat eskuetan badire lerratzen;

Ankas mokhorrak ere agertzen badire,

Hekin bizkarrak panpez ubelduko dire;

Bainan Iainko legea dutenean hautsi,

Beharrari bihotza badiote hetsi,

Ixil uzten dituzte, erran gabe deusik,

Nola ez balitz Iainko, erran nuke kasik.

 

Behar dituzte egin eskolako lanak,

Etxean ere gauza tokatzen zaiztenak;

Nola bertzek, ikhasi munduan beharrak

Baliarazi aitek gastatu zilharrak.

Lehen ikastekoa hargatik orotan

Izan behar liteke hoberen lanetan.

Ungi ibiliren da Iainkotiar dena,

Ez da hura izanen ohoinen laguna;

Bazterren nahastaile hondagai ontasun,

Nahiz bertzela ere badohan osasun.

Zeru beldur duenak gizona maite du.

Non nahi den harentzat iaiura on badu,

Eta hartzen duenak zerua lekhuko,

Bazter gutiak ditu nihoiz nahasiko.

 

Bada huts bat oraino egun dena mentan,

Nahi luzkete oro batzuk iakin betan,

Segur bezala nago hori sobra dela,

Bakhotxak buru dohain neurriz duela;

Bat on dela askotan hiru gauzetako,

Bainan nihor ez dela denak ikhasteko.

Hoberen da gauza bat ungi ikhastea,

Eta gero ondoan bertzerat ioaitea.

Gizonaren buruak, lanez lagundua,

Higi duke luzean erhotik mundua;

Bainan ez luke behar lehertu hastetik,

Gelditu ere nihoiz lana segitzetik.

Nola baita gerletan soldadu ioaiten,

Errabian sistako duela emaiten,

Eta gelditzen ere bera harritua,

Nola duken bihotza hanbat berotua,

Nahiz ez izitzeko lagunak galtzean,

Nahiz etsai hiltzeko, hurbil ethortzean;

Hala, ikhasi nahi duen batek ere

Ioan behar du bethi, lan gogor badere,

Itxikiz bere saila, ethor arte argi,

Gauari beltzuritan agertuz arpegi.

Ez dire, ez guziak naski tronurako,

Bainan hainitzek dute zerbait atherako.

Guti balio luke saltoz ibiltzea,

Liburuzko pesien begiz kurritzea.

Gose oro ez ditu erregek asetzen,

Moltsa hoberena da lastesko ethentzen;

Hala nola baitire deus guti uriak,

Ethortzean suilaka, emanez pesiak.

Hazi bat den tokian, ez eman bertzerik,

Goiti dohanak ez du nahi poxolurik.

Izariz da bihia seilharutan sartzen,

Iakitatek buruan bertzela ez hartzen.

Probetxu bat liteke, gizon bakhotxari

Buruan ematea gauza lainho hori.

Gauza ungi dutenak bateko ikhasi,

Hartan bethi litezke agerturen nausi.

Mothelak berak dire ederki mintzatu,

Ez baitire ethorki gaitz hiltzen unhatu;

Asko burzoro erdi iakinsun egin da,

Soldadu xoil ieneral ikusirik bada.

Aberats hoiek ziren hasi arditetik,

Etziren hoin distiant bere ethorkitik.

Egunak egunari dio iratxiki,

Eta gakhoz dituzte bilduak itxiki.

 

Gizonak behar luke zerbait hor ikhasi,

Erdi iakin orduko, ez bertzetan hasi.

Hor da ondikoz bide ilhunbez dohana,

Deus onen egitetik beiratzen duena.

Sinheste ere eskas dute gehienek,

Lurraren gozamenaz gogo iaun arinek.

Zu zare bada, Iauna, guzien ondoa,

Mende huntaz kanpoan, zure da geroa,

Zuk dakizkatzu erhoz nihoiz etzirenak,

Zuk ditutzu aditzen erran ez direnak,

Zure erriek dute, amen sabelean,

Egin gure moldea, lotan zaudenean.

Zure hitza adituz, da mundua sorthu,

Bertze hitz batek duke ezdeusean sarthu.

Ez duenak sinheste, Iainkoa, zu baithan,

Zer egin beharko du egun goibeletan?

Zer du igurikiren egin ungitarik,

Herioa denean heldu harmaturik?

 

Iainkoa behar dute guziek lokharri,

Zimendu guzietan behar da ezarri,

Hark ditu gaxtaginak non nahi izitzen,

Eta bihotz onetik beldurrak urruntzen.

Galtzen balitz lurrean haren seinalea,

Eskasak galde luke gauzen egilea.

Bainan gauza guziek erakusten dute,

Haren beldurra orok garraia bezate.

Gure nausiak, orroit, zuen tronuetan,

Lehertzen baduzue azpiko gastutan,

Hobendun ez direnak ezartzen nigarrez,

Paga duzketzuela gaizkiak sukharrez.

Gure alde daukana da nausi zeruan;

Haren ahaztaleak, ikhara munduan!

 

Lana lurrean eta zerua geroko,

Horra zer dudan bethi nik adiraziko:

Lanak du helarazten bilhatu mugarat,

Geroaren usteak itzultzen ungirat.

 

Bonaparti zioten Parisen ikusi

Ginhar bat noizbait gero zutena miretsi.

Ezin gorde zukeien bere gai handia,

Orotan behar zuen hedatu argia.

Huna zer zuen hartaz nausi batek erran,

Eskolan haur bakhotxaz egiten zen marran:

«Ethorkiz eta buruz arras Korsetarik

Urrun ioan behar da ez badu trabarik».

 

Gazterik zaion hasi soldadu eguna,

Hamasei urthetan zen lotinent egina.

Gradua izan zuen iakitate sari,

Iarrekarazi zuten artileriari.

Feran sarthu zen arren, ilkhi zen lastesko,

Valenzian mail batez gora hizatzeko.

Raynal ikusi zuen, handik bi urthetan,

Parisat egin zuen ilkhitze batetan;

Iaun aphez horri zuen maitez egorria

Korsan gerthatu gauzen izkribu larria.

 

Ordutsuan Raynalek zuen galderazi,

Nahiz prima batekin lana gustarazi:

«Zer egia, zer lanez, zitezken gizonak

Bilhakaraz on eta hots dohatsuenak».

 

Napoleonek zuen hortaz izkribatu,

Eta izena gordez hura zen nausitu.

 

Valenzian zagoen, ia hogoi urthetan,

Libertateak bazter oro higitzetan:

Vizillen landatu zen zuhamu lehena,

Dauphineak harturik urratsen aitzina.

 

Hainitz aitzindarien buruan zen sarthu,

Behar zela Franzia lasterrean hustu.

Xede nahasi horrek berotuz murruka,

Grenoble hustu zuten hainitzek lasterka.

Lagunak ihestean, beira zagoela,

Bonapartek etzuen egin hek bezala.

Bidea hartu zuen geldi egoteko,

Ikusiaz bakharrik, nihoiz mugitzeko.

Etzitzaion ihesa eder iduritzen,

Nahasduren erdian egon zen asmatzen.

 

Paoli ethorri zen orduan Londrestik, (1790)

Eta ieneral ilkhi Korserat Paristik.

Herrian aurkhitu zen kasuz Bonaparte,

Iadaneko bazuen hainitz begitarte,

Irla guzia zuen bi alde aurkhitu,

Ezbaitzitzaion hanbat eder iduritu.

Batzuek nahi zuten izan Franziako,

Bertzek bere buruak behar nausitako.

Ajazio hiri zen azkenen mindegi,

Bonaparti zioen beltzuri arpegi;

Bainan iadanik baitzen kapitain egina,

Korses egin batailun manatzen zuena,

Ajaziori zion erakutsi buru,

Kasu guti eginik erranez inguru.

 

Bonaparten etsaia Peraldi zen hasi

Gorenean erraten bat zela nahasi,

Nahiz ageria zen Bonaparten lana,

Nahasduren iabaltzen ederki zohana,

Horren gatik deithua Parisat zen ioan,

Eta garbi athera mintzatu ondoan.

 

Parisen inguruko langile osteak,

Utziz bere biziko segiden bideak,

Orduan ziren erho eta atrebitu,

Errege bera zuten gaphelurat hestu,

Utziz bere khoroa, gorriz agertzeko,

Eta bertzek bezala, buru izateko,

Bonapartek zituen ikusi hurbildik,

Bainan Korserat bide egin zuen handik.

 

Handi zaukan Paoli bethi hanartean,

Agur on izan zuen hura ikustean,

Bainan guti zitzaion Paoli fidatzen;

Hark ere bada zuen ungi zelatatzen.

Ezagutu zuela, behar da aithortu,

Hark errana geroak ez du ezeztatu:

«Gizon gazte hori da zaharren pikoan,

Plutarki zaio eman hitza holakoan».

 

Napoleonek ere zelatatu hura,

Ikusi gabez hartan xede bere gura.

Franziaren kontra zen lanean hasia,

Haren etsaiez zuen axkide gaindia.

Aski izan zen hori lokharri hausteko,

Bi axkide osoki etsai egiteko.

Angelesak zituen Paolik hautatu,

Fransesei zor zuena zuen ezeztatu;

Hertsiki ibili zen Bonaparte aldiz,

Etsaia zuelakotz hazkar lagun handiz;

Bere ontasun denak zituen ikusi

Erre eta ebasten ohoin angelesi.

 

Desterratua laster arras biluzirik,

Bonaparte ilkhi zen, hortzak zorrozturik.

Egin zuen sartzea Marseillen arinki,

Traidore seinalatuz hitzetan goraki;

Eman bere iendeak Tulon inguruan,

Ahalik ungiena moldatuz larruan;

Hartu berak segidan Parisat bidea,

Nizen izanik ere soldadu berea.

 

Ioan gabe aitzinat, bada errateko

Bonaparten bihotzaz berien alderako,

Franziako eskolan baitzen altxatua,

Ezin ahantzi zuen artha izatua;

Hartako herritarrak zituen ihesi,

Zituen oro ere xahutzen ikusi,

Ezagutzaz bethea ungi egilentzat,

Harmak har arte kontra hekin etsaientzat;

Nahiz hainitz zituen bere axkideak,

Haurretik zituela heiekin hedeak.

Iosia ezagutzaz Franzia lurrari,

Guziak galdu arte, ematen da hari,

Ahantzi gabe nihoiz, hainitzek bezala,

Erresuma amatzat begiratzen dela;

Etzaiola nihori zilhegi haustea

Harekin hartu duen umeren gathea,

Bainan behar duela aitzitik lagundu,

Nihoiz ere goibelak eman balin badu.

Ezda nihor soldadu xoilki paradako,

Soldadua hazten da hirrisku deneko.

Eta ankas orduan ez bada altxatzen,

Guzien burutan da bethikotzat galtzen.

Ez mintza nihoiz niri soldadu batzuez,

Ezagutuak gerlan nausi trahituez.

Soldaduak behar du bethi nausi bera,

Nausiek behar dute gidatu bandera.

Herritar izatea ez da beraz aski,

Ez da behar manua segitu uzkurki;

Iakina da urgulu minberakor dela,

Bainan ez ahantz legek gain behar dutela.

 

Ontasun oro ditu Bonapartek galtzen,

Ikusten burasoak erromes gelditzen.

Asko soldaduk zuten eginen beretzat,

Eta aitak utziren nahi zutenentzat;

Bainan giristinoa izan zuen ama,

Arthatu zioena goizdanik arima.

Orroituz ume hetaz, handiak mendetan,

Aiten gordetzaileak hiri sakhailetan,

Bere iendea zuen, hainitz ikusirik,

Bonapartek athera oren gaxtotarik.

Soldadua zen, bainan amaren umea,

Agertu zen lehenik hoberen semea;

Eginbideak bethe zituen handizki,

Etzen beldurra gatik iokatu abreki;

Burasoei zuena emanez gogotik,

Etzuen usikirik izan bihotzetik.

 

Oxala soldaduek, Bonaparten haurrak,

Bihotzak balituzte hark bezin ederrak,

Maitatzeko herria oren hertsietan,

Buraso laguntzeko behar orduetan!

Ohoratzeko ungi behar den nausia,

Ezdu behar bakhotxak segitu hisia;

Egin beza nornahik hark egin duena,

Edo hari ohore eman dioena.

 

Orai garen urthetan, Mendia zen nausi,

Izen hori zitzaion hamabitik hasi;

Atrebituki zuen errege hondatu,

Mendetako tronua odolez gorritu.

Ez da nihoren beldur barne ez kanpoan,

Ez du eskas dixidu samina ahoan.

Kanpoan etsaia du Europa guzia,

Vandeak harmetarat barnea iauzia.

Orduan Bonaparte Errepublikano

Etzen indar bilduez orroitzen oraino.

Hala segitu zuen Carteauch ienerala,

Egerdi aldean egiteko gerla;

Utzi ere izkribu, suaren erdian,

Onhartzeko eginak ikhara handian.

 

Tulonen gutik zuten lehia Parisko,

Iarriak ere ziren atzen agertzeko;

Angeles amirala, Hood zen ethorri,

Eta haren meneko oro ziren iarri,

Louis hamazazpia nausitzat aithortuz,

Eta bandera xuriz xanala beztituz.

Carteauch behar zen sarthu harmekin hirian,

Bonaparte zuela on artilerian.

Etzuken lagun hobe Franzian kausitu,

Bere harmako begi hoberenak ditu.

 

Dammartin ienerala ohean zen eri,

Bonaparte behar zen bera aitzindari;

Egin zuen bakharrik bi nausiren lana,

Izpiritu haltoen gerlako dohaina.

Aitzindaria zuen bere trabatzaile,

Parisen zuelakotz zer egin erraile:

«Etsaien untzi oro erre behar ziren,

Tulonez iabetzeko lau egun etziren».

 

 

Salizetti, Albite, Gasparin berekin,

Populu izenean, han ziren hitzekin.

Azkenak bazakien nolako zen gerla,

Denbora guti zuen dragoinetan zela.

Laster zuen ikusi zer zen Bonaparte,

Eta gutik zutela haren begitarte.

 

Hekin elkhar aitzeak hainitz zuen egin,

Batasunak bethi du indarra berregin.

Bonaparten xedea segitzen zelarik,

Inguratu zen Tulon alde orotarik.

Elgillette, Balgier, deithu mendixketan,

Artileria zuen eman burrunbetan,

Iotzeko baia handi eta xumearen,

Ohatze ederrenak angeles untziren.

 

Ezagutuz tokiak balios zirela,

Angelesa iarri zen, ura zariola,

Forte ez eskasteko Mulgraben hazkartzen,

Gilbraltar (sic) bezin segur zuela aurkhitzen.

 

Hazkarra zaukatela, bahi dire hitzak,

Erranak aitzindari angeles murritzak:

«Hartzen badu fransesak kanoia hemengo,

Eginen naiz iakobin, deus ez lehenago».

 

Mulgrabe Bonapartek zuen begiztatu,

Eta haren hartzea lehenik hautatu,

Ez baitzen gero beldur Tulon beretzeko,

Setioan harmada baitzen hurbilduko.

Bere zuen gerlako biltzar handi dena,

Ez hargatik ordean, Carteauch beharrena.

Laster Carteauch zen ioan bertze harmetarat,

Eta Doppet ethorri Tulongo gerlarat.

Miriku izana zen, deus guti manuko,

Bera ere beharra norbait gidatzeko.

Izan zuen padara, lehen egunetik,

Mulgrabez iabetzeko bere ganbaratik.

Españolek franses bat zuten ostrikatu,

Bainan lagun zitzaion murruka alxatu;

Gudua berotu zen ethorrien hatsaz,

Errextu garbitzea etsai bere iatsaz.

Ieneralari zion Bonapartek erran,

Etsaia behar zela birungatu herran;

Hain errex zitzaiola aitzinat ioaitea,

Nola bere bidetik gibel egitea.

 

Utzi zuen iartzerat harmaden buruan

Erranez gida zitzan zuhurki guduan.

Iadanik zuen forte eskuan bezala,

Manatzean Doppetek, errara zagola,

Aldeko gizon batez, sua utz zezaten,

Eta gibelat laster oro ethor ziten.

 

Bonaparte, burua zauritan emana,

Ahotik haburina hasarrez zuela,

Ethorri zen gibelat, eta erran gora:

«Tulonen lagun zela iaun miriku hura!».

 

Orduan soldaduak gora mintzo ziren,

Egia errateko ozarrak baziren.

 

Pirenetarat laster Doppet zen egorri

Eta haren herrunkan Dugommier iarri.

Geroztik hasi ziren Setioko lanak,

Iende barnez zirenen sabeleko minak.

Bonapartek baluke zerbait egortzeko,

Galdetzen du gizon bat hitz izkribatzeko.

Sarient bat heldu da, eta hurbil iartzen,

Kanoia bat mahaintzat duela hautatzen.

Bonba bat heldu zaio alde lerratzerat

Eta paper guzia lurrez zikhintzerat:

«Bapo! du ihardesten, badiat harea,

Etsaiek egorria, on eta merkea!».

 

Junot zuen izena Sarient gazteak,

Agertzen zituena geroko xedeak.

Bazen bertze bat ere ia begiztatua,

Ordutik Bonaparten axkide hautua.

Durok zuen deithura, hamazazpi urthez

Higan zuen bizia egun ungi bethez.

 

Ustekabe batean, harturik O'Hara,

Tulongo buru zena, angeles gogora,

Bonaparti zitzaion herrunka goratu;

Ieneral bezala zen geroztik beiratu.

 

Mulgrabek bazirauen lan guzien gatik,

Iende suntsitzen zela baltoken gainetik.

Egun batez hasten da Bonaparte maltzur,

Galdetzen soldaduei eian diren beldur.

Deithu zuen alderat Junot amarrutan;

Emanarazi zion izkribu larritan:

Hau da beldur gabeko gizonen tokia;

Estaltzen du horrekin bere bateria.

Han zirenek etzuten geroztik beldurrik,

Ezdute ezagutzen lehoinek nigarrik.

Bonaparte han zuten bera aitzinean,

Tiro gida iarria panttupa gainean;

Hiru egun luzetan iraun zuen suak,

Odol eta sarraski guzien musuak.

 

Dugommier zagoen biharamun beira,

Ikusteko hirian nola zen marmara;

Etzuen luzamenik Bonapartek nahi,

Hiriko nahasdura zuen sartze bahi.

Sartzea nahi zuten deputatuk ere,

Nahiz ez ezagutzen hirrisku batere.

Hartzen dituzte berak neurri guziak,

Ozarki Bonapartek altxatuz hesiak;

Kasik oraino etsai ez dela orroitzen,

Soldadu lehoinak du Mulgrabe beretzen.

Bonapartek zioten erran ieneralei:

«Bihar eginen dugu agurra Tulonei».

 

Errextu zitzaioen bigarren lan hori,

Etzuen bide eman odol ixurtzeri.

Ikusiz nola zohan gauza itzultzerat

Angelesa iautsi zen ureko zelairat,

Ez hargatik hirian utzi gabe hutsa,

Bainan oroz eginik hauts eta herrautsa.

 

Barnean zer zuketen, ageri argitan,

Suak eman zituzten bendeku bahitan.

Malga eta forteak xutik ziren kaustu,

Saltarazteko ephe baitzaien eskastu.

Españolek etzuzten, hartuz arren urre,

Seinalatu untziak nahikatu erre.

Egun berean bada, athe bat hautsirik,

Zerboni zen hirian sarthu harmaturik.

Ungi agertu ziren galerianoak,

Etzuzten ihesari hedatu zangoak;

Eman ziren su hiltzen, franses haur bezala,

Omen onak geroko biltzen zituztela.

 

Tulonen Bonaparte gazte zen oraino,

Bainan hobeago zen bertze oro baino.

Aitzindariek asko huts dute egiten,

Iakin gabea nausi badute ematen;

Nahasduren mendetan hori da gerthatzen,

Axkidek axkidea dutela laguntzen;

Iduri edozeini autze badutela,

Eta deus iakin gabe, mana duketela.

 

Hoberenei zaiote ematen gradua,

Beiratu behar baita lezetik itsua;

Baldin beraz biziaz badoha lanetan,

Ezda behar fidatu edozein burutan.

Zenbat herio ez da egiten ikusi,

Aitzindaritan baitzen gau bezenbat hisi!

Ezda nihor gutitzen entzunez bertzeak,

Ezdituzke bakhotxak guzien antzeak.

Ezduena ikhusten batek hainitzetan,

Ikus duke bertzeak, egun asmukotan.

Begi batek toki bat aski du aldian;

Bien begiak dire bi gauzen tokian;

Lau tokitako gauzak lau begik ikusten,

Nor nahik ditu hoiek orotan erraten.

 

Badire gizonetan sorthuak manuko,

Nola ere baitire bertzeak azpiko;

Bat izaten da muthil nihon den onena,

Nausitu den orduko buru gabe dena.

Batek ibil dezake zuhurki ezpata,

Bertzeak hobe luke ez utziz lanzeta;

Artha beza harotxak sua ingudiko,

Uzten duela gerla dakitenendako.

Zapatainak zapata egin beza ungi,

Gabazko muthil denak heda beza argi;

Arthaldea behar du artzainak arthatu,

Laborariak perdan nihoiz ez hozkitu.

 

Errex da bertzen hutsez baten orroitzea,

Goragokoen lanak gaizki aurkhitzea,

Buru ttipiegian hainitzek neurri,

Behar litezke behin saskirat egorri;

Etxea ez dukete ezar erdi ungi,

Eta tronurat dute altxatzen arpegi!

 

Aitzindariek zuten Bonaparte eman

Mediterrane hegal ezartzeko harman.

Handik artillerian manu hedatzeko

Eta Italiarat gero ioaiteko,

Dumerbion zuela lehen buruzagi,

Bertzetako zuena, hobeago begi.

Dugommier izan zen hargatik on aski

Bonaparti ohore heltzeko goraki,

Erranez aitzindari Parisen zirenei,

Gorde gabe egia bekhaizt zitezkenei:

«Emozue saria gizon gazte horri,

Bera utziz hartzerat, etzaiztezten gorri».

 

Bere aitzindariak zuen ezagutu;

Nola Dugommierek zioen beiratu.

Hainbertze egin zuen, non Dumerbionek,

Beldur gabe deusik khen erran zezakenek,

Izkribatu baitzuen gerlako buruei:

«Bonapartek du eman khoro nere lanei».

 

Bonaparte zohala zurubi ederraz,

Hil zen Robespierre segitua herraz.

Berak ere zituen izan hirriskuak,

Ikusten zabilala harmazko lekhuak,

Tulon eta Marseillen bi hiri berotu,

Nahasien oihuek zuztenak errotu.

 

Marseillen beldurtu zen deputatu nausi,

Fortez iabe zitezen hiriko nahasi.

Bonaparte iakinak erran zion laster,

Eginaraz zukela etsaieri bazter,

Eta athera zion gauza paperetan,

Lanbrorik ez uzteko erran zionetan.

Lana behar izan zen Parisen ikusi,

Eta han kaustu zuten sobera itsusi,

Zeren baitzaramakan betan urkhatzerat

Libertade doiean sarthua lurrerat.

 

Bonaparte izan zen Parisat deithua,

Hobendun tzar batentzat han begiratua.

Nize hirian ere, zagoen etxean,

Ezarri ziotzaten iandarmak athean.

Hanbat zen handiago hirrisku harena,

Non baitzen iadaneko nausi iakinena.

Robespierre gazte baitzuen axkide,

Baliatu zitzaion garbitzeko bide.

Ioan balitz Parisat, akhabo zen hartaz,

Orroit arren Gasparin Tulongo ezpataz.

Junot, Sebastiani, bi lagun segurek,

Hartzen dute xedea, largatzeko berek;

Hirriskatzen zutela galtzea bizia,

Axkidantza onaren bahi berezia.

Etzuten holakorik behar izan egin,

Ethorri zen bertzela bilhatu atsegin:

Etsaiak sarthu ziren bazter orotarik,

Etzen nihondik aitzen baizik dixidurik.

 

Harmadak maite zuen hainitz Bonaparte;

Hari zion egiten bethi begitarte.

Nola hirrisku baitzen etsai murrukekin,

Eta nausiak huzkur hauzo gaxtoekin,

Gerlako burutarat dute izkribatzen,

Uzteko Bonaparte harmada manatzen;

Italian, Tulonen, nahiz zen bigarren,

Hura zela erranez guduko beharren.

 

Soldaduek etzuten galdetzen bertzerik,

Nihorekin etzuten haren ariarik.

Bainan zorrotz zituen haginez etsaiak,

Bilhatzen ziotzaten zituzkeien baiak.

Tulonat egin zuen biaia batean,

Emigrantak zituen utzi ihestean.

Aubry, artillerian kapitan izana,

Orduan zen gerlako bururat higana.

Ezin iasan zezaken Bonaparte handi,

Ielosiak zioen bihotzean gaindi.

Khentzen dio manua artilleroetan,

Pikatzen hola bide hoitabortz urthetan;

Egortzeko Vanderat brigada batekin,

Saulek Dabitentzat zituen xedekin!

 

Bere manamendua nahiz begiratu,

Bonapartek Parisat lasterkak baditu.

Aubrik ez dio kasu; bainan gazte zela,

Bere harman sartzeko, egin zion burla.

«Guduak laster ditu gizonak zahartzen»

Korsak zioen erran: «handik naiz ethortzen».

Beltzuriak hitz horri ihardesten dio,

Ixilik egotea hain zuen balio.

 

Etzuen Bonapartek manu berri hartu,

Bainan bere gisa zen Parisen kokatu.

Sebastiani Junot bethiko axkide,

Ioan ziren harekin gaua ez guphide.

Micheliere deithu karrika batean,

Eman ziren hirurak egun on artean.

 

Gerlate ethorri zen ezpata zorrotzik,

Fransesari galdetuz bazuen bihotzik.

Bonaparte etzuen kaustu huzkurretan,

Gorderik zagon arren idurez zokhotan.

Hasia zen iadanik ian irabazteko,

Zituen liburuen saltzen pulikisko.

 

Ez da beraz dohatsu lehen egunetik;

Nork erran haren minak hasteko bidetik!

Hurbilean nausitzat izan dituenek

Lekhukotasun zuzen utzi diotenek,

Laudamena diote goraki bihurtu,

Haren dohain handiak zituzten aithortu.

Ezdu guti erraten hekien aithorrak,

Gaitz delakotz pagatze azpikoei zorrak.

Barne ona zutela dute erakutsi

Zuhurren begietan hainitz ardietsi;

Bonapartentzat ere da ohoragarri,

Bere aitzindaritan zela ikusgarri.

Uki ona behar da, nausien menean,

Dainu ez egiteko hekin omenean.

Minbera da nausitan bihotzen axala;

Guti iasan dukete nihoren itzala;

Aikorra da bihotza gehien nausitan,

Nihor partaler bada hekin lilietan.

 

Bi soldadu zitzaizkon nonnahi segitu,

Bahirik hoberena ziotela kaustu.

 

Baldin gero zenbaitek bazuten erraten,

Eskua gaxtaginei zuela ematen,

Zeren orduko gerlan, Parisko nausiak

Ziren gaizki zakharrez oro estaliak.

Etzituzken bederen nahiak gaxtoak,

Ezditu lausengatu hekin herioak.

Franziako etsaiei buru zuen egin,

Hekin ezeztatzetan bilhatuz atsegin.

Tulonen nahiz ziren ungia nahiak,

Etzituzten berekin oneko bahiak.

Bi alde zen Franzia; bat etzen askiko,

Piztua zen suari indarra khentzeko.

Askok nahiko zuten Franzia bertzela,

Etzuten zapaturen tiranok bezala;

Bainan non zen indarra, non ere argia,

Etsaien ehozteko, beiratuz bizia?

Hoberenak zohazen, lerratuz lezetan;

Gaindituak bezala tzar osten xedetan.

Hitzez Libertatea etzen gaizkirako,

Bainan bere herrunkan gizon ezartzeko;

Batzuei ez uzteko lurraren manuak;

Ezbaitzituzten nihoiz berek ibiliak;

Huts handiz erregeak ziren goibeldatzen,

Nigarren ithurria hetarik zen sortzen,

Franzian hek eginik axkideak nausi

Iende xehea guti zutela ikusi...

Erresuman zirela aita erregeak,

Etzituztela behar harroka xedeak...

Hortik ethorri ziren zorigaitz handiak,

Munduak diraueino ezin ahantziak,

Ezbaitzen nihon ere Franzian nausirik,

Non etziren Paristik iausten goseturik,

Gizon ozar batzuek odola iarian,

Iduri bihurtuak gaizkiko harian.

Hekin manuko ziren harmadak orotan,

Aitoren semea zen atzetu herritan.

 

Orduan etzukeien egin Bonapartek,

Egin zukena lehen aitzindari batek.

Aski zuen agertu zer zuen bihotza,

Etzela lagunentzat uste bezin hotza,

Ematean Tulonen esku emigrantei,

Etsai batentzat bera hartzen zuten iendei.

 

Marseillen egin nahi izatu zuena,

Itxikitzeko iende nahastaile zena,

Hor da froga etzela nahasien alde,

Hartzen bazuten gaizki legez kanpo bide.

Bertzalde soldadu zen, eta soldadu on,

Boz nausiari hala agurra zor zion...

 

Aubriren ielosiak etzuen arindu,

Bainan gurutzen sista gizonak behar du.

Ioan zen bazterrerat egun beharretan,

Utziz bere harmada hortzak karrasketan,

Egon ere gordea, iasanez beharra,

Sorthu zitzaion arte guduko izarra.

 

Gazte zenbait hasten da altxatzen burua,

Eman nahi diote erregei tronua;

Bainan hitzak zituzten egintzen bahiak,

Aspaldiko urthetan guti ikusiak.

Halere bada zuen usna Bonapartek,

Altxaturen zutela hegoa zenbeitek.

 

Pontecoulant kaustu zen Aubriren alkhian,

Bonaparte zuena bilhatu hirian,

Paristik ikusteko zer behar zen egin,

Harmadak zirenean gerletan desegin,

Edo zer bide zuten non nahi hartzeko,

Etsaiak zirenean guduan lothuko.

 

Egintza hori nihoiz etzuen ahantzi,

Ahalean etzuen pagatzeko utzi,

Eginez senadore Pontecoulant bera,

Adinaren eguna beiratuz gogora.

Konsul egin zenean, hori zen gerthatu,

Urtheak bethetzetan zor zion pagatu

Galdu gabe oren bat, bihotz agertzeko,

Iduri khexa zela zordun egoteko.

 

Letourneur Pontecoulant kasatu zuena,

Etzen Bonapartentzat, alde zeraukana,

Nahiz gero ondoan etzen bendekatu,

Denborak zirenean hunentzat argitu.

 

Erregetarat ziren hasi atrebitzen,

Konbenzioneari gora asikitzen.

Hartu zuten indarra, egin zuenean

Lege berri liburu, goibel erranean,

Bortz buru biltzarrean bethi izateko,

Hiru asmuetako bia ezpatako.

 

Erregetarat ziren bere ustez hazkar,

Ekharriak handizki laguntzerat elkhar;

Hedatuak zituzten non nahi sareak,

Harma oro zauzkaten iadanik bereak.

 

Konbenzioneak du Barras izendatzen,

Bonaparte laguntzat diola egortzen,

Harmada manatzeko hedoi egunetan,

Azpikoz gora oro dohazen ephetan.

Gauza guti zen Barras gerla egiteko,

Hainitz hobeago zen sala beztitzeko.

Erran diteke beraz Bonaparte zela

Bigarren eta lehen gerlako makhila.

 

Egorri zuen Murat, laguntza onekin,

Sablonetako pezen hartzeko berekin,

Eta nahiz etsaiak gehiago ziren,

Beldur guti zuen hark geroztik nihoren.

 

Asko ziren mintzatzen harmen pausatzeaz,

Edo San Cloud gainean ungi kanpatzeaz.

Konbenzionea zen bihotzez eskasa,

Bonapartek ez aitzen beldurren solasa;

Hasi orduko sua suntsitu etsaia,

Berritz altxatu gabe bere oihu gaia.

Artilleria zuen behin izan aski,

Buruzagi lehenei garbitzeko toki.

Hek ere ezagutza seinalatu hari,

Hiriko harmadetan utziz aitzindari,

Aitzindari bigarren, elengatzen dela,

Ezda lehen gradurat heltzen berehala.

Geroztik izatu zen urrun maitatua,

Izen bat etziteken hala aiphatua,

Zeren bakea zuen erreginarazten

Eta deskansuari lokharri ematen.

Mintzo zen iende xehei bere salpenetan,

Bakhar edo multzuka kaustu tokietan,

Eta hola emeki hartu zuen gaina,

Bere burua sarthuz bihotzetan barna.

 

Ematen du ordena konbenzioneak

Harma oroz husteko herritan barneak,

Beso guziek arrunt ezpatak uzteko,

Utz zezaten lehia nahasduretako.

 

Hori zen arren kontra agintza guzien

Fagoratzen baitzuen loa berezien,

Entzuna izatu zen harrabotsik gabe,

Gobernua iarri zen harma dunen iabe.

Hortik zen Bonaparti ethorri ezkontza,

Gerlaritan maiz aski lokharri arrotza.

 

Harmak bildu ondoan guziak baterat,

Guti zuela gogo hedatzen hetarat,

Bonaparti diote haurskil bat ekhartzen,

Harma bat deihadarka duela galdetzen.

Eta hura, ezpata bere aitarena,

Ieneral gillotinak urkha dioena.

Eugenio Beauharnais zuen izen haurrak;

Izan zuen ezpata, urtheri eskerrak.

Ama zen Bonaparti eskerrez agertu,

Zeren zion semea gogoan bozatu.

Oren hartarik zaien hasi axkidantza,

Higitu ziotena ondoan bihotza.

Nork ez du ezagutzen Iosefin izena,

Napoleonen andre hautatu izana?

Lehen esteka zuen Bonapartek hori,

Han arte kontu zuen bere iendeari;

Hastetik hori zuen maitatu handizki,

Nihori gero ere, ez hala itxiki.

 

Konbenzionea zen azken egunetan,

Bonaparte iarri zen nausi soldadutan,

Iakin zuen beretzen erregetiarra,

Edozein segitzeko fereka beharra.

Izendatu zituen hainitz aitzindari,

Eta bideak egin Parisko haurreri,

Zeinek baitzuten gero ondoan pagatu,

Ohorez baitzituen ungi estekatu.

 

Behar izan zituen egin bi gardia,

Doblez baitzen orduan fransesen nausia.

Antolatu zituen guzien gogorat.

Bide segur eginez hekin bihotzerat.

Geroztik harmadunek hanbat maite zuten

Non ez baitzuten nausi bertzerik ikusten.

Urrundu zen, urrundu, beldurra hirian,

Urtheak ioan ziren deskansu handian;

Etzen gorri, ez beltzik, harmatzen ikusi,

Iduri ioan zela gaxtagin ihesi.

 

Gobernua eman zen bortzen eskuetan,

Lege egile zela bortz ehun burutan.

Iarri zen Bonaparte lehen aitzindari,

Gobernuko bortzetan Barras biziz guri.

Orduan zen ezkondu alhargunsarekin,

Iadanik aiphatu den Iosefinarekin.

 

Nihork ez du erranen orduko urthetan,

Bonaparte etzela gizon lehenetan;

Bere autzez zituen bihotzak atzeman,

Ginharrak ziozkaten aurkhitzen ariman.

Bardin handi zen buruz edozein iendekin,

Egiten bazakien handi-ttipiekin.

Urrunda baitzen nihoiz handikor, higina,

Nekhazale gizonei muthur ziotena.

Etzen ere nausiei halako agertzen,

Non hekin guriope baitzuen zauritzen.

Bazuen guriekin, behar arabera,

Hedatzeko eztia, nola gatz minbera.

 

Bainan zer autze handi ez du erakusten,

Harma khentzen gazteri direnean hasten!

Ezda errex erraten, noiz den handienik,

Khentzean hola harmak nausiek erranik,

Ala handik lastersko, biltzean gardiak,

Doidoiean oraino berak biluziak.

Non nahi gertha dadin, guzien nausi da;

Bainan ez da ethorkiz, manatzaile bada;

Nausitasun hori da trionfa bakharrik

Izpirituarena, xedek lagundurik.

 

Ikusten dire asko, eder direlakotz,

Edo aiten izena mentan zutelakotz,

Edozein, hirietan zurubi higaten,

Bortxaz bezala, bihotz non nahi ebasten.

Bainan etzen iguzki hastez Bonaparte,

Aitzinekoek argi hura ganik dute,

Bera altxatua zen berthuten indarrez,

Hestuki ibilirik bortzetan beharrez.

 

Ezkondu bezin laster, Bonaparte zuten

Bilhatu egiteko gerla handi baten.

Italian zituen harmak segitzeko,

Gauza heldu zitzaion xeden gogorako.

Hainitz etsai baziren batean emanak,

Guziak Franziari nahi ziotenak;

Bainan Autrixia zen idarrez nausia,

Rhinan eta Alpetan erhoak hasia.

Hanbat etsaien bixtan, franses gobernuak

kaustu uste zituen, bahi hautatuak;

Hoita zazpi urtheko ieneral batean,

Iaioa bere buruz, soldadu artean!

 

Ohore zen harentzat hautamen holako;

Nihor etzen ikusi, haren adineko,

Berak bildu lorekin; hain gora altxatzen,

Erresuma lehenak buruan ezartzen.

 

Harmadak behar oro zituen gainean,

Sabela erdi hutsa, tzurpailki soinean,

Etzuen kanoiarik, hain guti xizparik;

Beaulien inguruan ligan zagolarik.

Baziren etsaietan hiru ehun mila,

Iduri zuten lurra aski etzutela;

Franses gizon zaukaten itsas bazterrean,

Hesi batez bezala, emana sarean...

 

 

Heldu da Bonaparte, minekin flakoa,

Ez iduriz nihoren izit aztekoa;

Hirri batekin, zuten lagunek agurtu,

Bainan laster zioten zerbait ezagutu.

Gorphutz flako hartan zen arima hazkarra,

Izpirituak dabil gizonen indarra.

Ikustekoak ziren aitu zutenean,

Annibalen pareko, mintzatzen kuxean:

«Hor zarete deus gabe, iosiak mendixkan,

Eta zer nahi bada zelaiko karrikan.

Altxa eta goazen bilha bitoria;

Izanen dugu laster eskasen gaindia».

 

Erran bezala egin, badohaz behiti,

Ezdiote ematen etsaieri asti;

Non nahi, nola nahi, dituzte zehatzen,

Askotan bildu gabe, ihesi egortzen.

Gizon batek egin du ganbiantza hori,

Etzion deus ekharri bere harmadari;

Bainan iakin baitzuen zer zen soldadua,

Haren berotzen zuen ezarri burua.

 

Bitoria lehenak eman Montenoten;

Diego, Millesimon, indarrek irauten;

Zela eta Mondobin lilia merke da;

Sardaniak bakea nahi baitezpada.

Pon aldetik Tesinat ilkhi austriarra,

Aitzindari duela Beaulieu zaharra.

Inperial ikusiz Bonapartek bixtan,

Segur du bitoria Plensancen elgetan;

Nausitzen da oraino Godoñon, Fanbion,

Ezditeke etsaia hari ager nihon.

Lodin khentzen diotza amets gehienak;

Addan idekiz athe Lonbardiarenak.

Denbora galdu gabe Milanen da sartzen,

Ozpinaz dituela guziak harritzen.

 

Hori da Bonaparten kanpaña lehena;

Hamabortz egun bezik iraun etzuena.

Bitoriez fransesak zituen airatu,

Laudamenetan zuten zerurat altxatu.

 

Egiazki zen ere handien athera,

Ikusiz harmadatzat kasik zela bera.

Hura ager arte zen soldadua gaizki,

Etsaiek zabilkaten zafratua minki;

Goseak erdi iana xutik etzagoken,

Noiz nahi herioa igurik zezaken;

Buruzagiak ere ziren izituak,

Etzuzketen adiraz manuen oihuak.

Hek flakoago eta etsaiak gorago,

Bonaparte behar zen guziz gehiago,

Pizteko bihotzetan gorde zagon sua,

Nahasteko bezala italen folsua.

 

Gizon baten buruak zer duen egiten!

Balorea berekin harmadek bazuten,

Bazituzten berekin buruzagi onak,

Lannes eta ondoan agertu zirenak.

Bainan nola gabean oro beltz baitire,

Bihotzak lo zaudezen egun hetan ere,

Gero hanbat aiphatu diren soldadutan,

Massena, Joubert, Mesnard, Berthier Laharpetan.

Bonapartek zioten argitu bidea,

Gorritzeko bezala odolez mendea,

Eta bilarazteko soldadu liliak,

Mendetan dituztenak izanen argiak.

Harekin bazituzten atseginak gaindi,

Xahutuz laster batez bi harmada handi,

Etsaietan handituz fransesen izena,

Eta biziaraziz hil hurren omena,

Berek zutela hasten khoro eder hura,

Bonaparten inguru zuena berdura.

 

Beaulieu khendu zuten harmaden burutik,

Wurmser amurrutsua egorri ondotik.

Ungi zen abiatu, hartuz sutan Garda,

Adigio, Mincio, Mantua ez bada.

Fransesak urrun ziren, eta hedatuak,

Beiratu behar ere toki beretuak;

Etzitezken nihola bil oste handian,

Izanik ere arren aphuru hertsian.

Bainan Bonapartekin aski zen omena,

Guduan agertzeko harmada xumena:

Hamabortz milarekin ehun mila iotzen;

Nondik nahi ihesi airetan egortzen,

Salo, Gavardo, eta Lonado gudutan,

Erabili zituen ezpataren puntan;

Kastiglionen ere ostebat ehortzi,

Augereau hango lorek behin eder utzi.

Segidan Peschieren etsaien ondarrak

Izan ziren ehoak, arthatu beharrak.

Tirolat egin zuten bakharrek ihesi,

Roveredon uzteko hartu zuten hisi;

Ezen nigarrez ziren ahuzpez erori,

Bonaparti oihuka ez hiltzeaz eri.

 

Aurkhitu zen Bassanon laster Bonaparte,

Iarrekia etsaiei denak khendu arte.

Mantun sarthu zen Wurmser, ihesi zohala,

San Georgeko guduan ehoa bezala.

Hirugarren harmada hola zen suntsitu,

Austriak Bonaparte geroztik beldurtu;

Bainan herensugeak nola du burua,

Bat pilatu orduko, bertze handitua,

Hala zen austriarren harmada berritzen,

Hilak ethorberriek zuztela gordetzen.

Wurmser lagundu zuten, erresekarekin,

Berrogoi eta hamar mila gizonekin.

Deus etziren izatu kontra Bonaparten,

Gerlaritan lehena traba denen hausten.

Austriarrak Arkolen ziren harmatuak,

Segurean bezala, urez inguruak.

Zubi batetik baizen han etziteken sar,

Eta zubi buruan kanoia zen ozar;

Bazen erdian ere bultu trabatzeko,

Mintzatu gabe trapez, iende hondatzeko.

Fransesak bi egunez bero ziren arren,

Bere su guziekin ezin sarthu ziren.

Ager ahal guzia zubiko gainean

Eramana zen arrunt pezen haginean.

Lannes atrebitua zaurthu zen bietan,

Bertze hiru ieneral egon odoletan.

Augereau aitzindu zen bandera eskuan,

Zubi erditaraino ioan zen buruan,

Bainan pezek zituzten, nahasiz guziak,

Garbitu soldaduzko lerroka handiak,

Eta bizi zutenak oraino beiratu,

Lauhatzetan arinki ziren gibelatu.

Bonaparte beroa hasi zen mintzatzen,

Eta bihotzetarik beldurra urruntzen:

«Etzinetena Lodin, diote erraten?

Hango lorek iadanik hitz dute ematen!».

 

Etzauken soldadua gehiago geldi,

Hitz hoitaz berotua, hurbiltzen da lodi;

Bonapartek bandera hartzen du eskutan,

Aitzinburu segituz hautuen lerrotan.

Bere minen ohetik Launes da ilkhitzen,

Berritz ere zaurthua, gibelat gelditzen.

Bonaparten edekan, Muyzon maitea,

Erori zen hil hotza ez hala ustea!

Xahutzen hari dire gizon handienak,

Bonbek han baitituzte pasako lehenak;

Bat bertzearen gainka dire abiatzen,

Itsas tirain bezala, soldaduak biltzen;

Herrestaka dohazi ethorri biderat,

Bortxatuz heldu dena gibel egiterat.

Bonaparte berekin zuten herrestatu.

Harmada baten gaiak indarrak baditu!

Orduan lagun oro hiltzen zitzaiola,

Ulien pare gizon lurrerat zohala,

Bere zaldi suharra hor zaio izitzen;

Ur hegiko basarat sutan zaio sartzen.

 

Beharrik austriarrek etzuten ikusi,

Segitzean soldadu zohana ihesi!

Belliar zen orroitu, hasi patarraka,

Bakhotxa bere alde zohala lasterka,

Nola zen Bonaparte hestura handitan,

Eta etsaiak laster hartzeko bidetan.

Gelditzen dire betan soldadu guziak,

Eta sutan segituz gibelat nausiak,

Iotzen dituzte hilka austriarrak behin,

Bidea Bonaparti dioteino egin.

Handik laster hiria zuten eskuratu,

Bazterretik sareak zirenean hestu.

 

Ehoa austriarra, Ribolin zen bildu,

Errabian hasteko berritz ere gudu.

Izan zen arebere ungi zehatua,

Faborita Mantutik, arin kasatua.

Herrestatzen zituen harma gehienak

Izan ziren fransesez xiztuz eramanak.

Ikusi ziren etsai hoita hiru mila

Bonapartek biluzten, Wurmser hurbil zela.

Hiru hogoi bandera, harma zuztenekin,

Boxik utzi zituzten, hatsaren minekin.

 

Laugarren harmada zen Austriatik jina,

Urthe batez fransesek ehozten zutena.

Zenbat gudu etzuten galdu arte hortan,

Ehun mila gatibo uzteko gathetan!

 

Aitzinat zohan bethi Bonaparte gerlan;

Eman nahi zioken Charlesek hainitz lan;

Bainan bertzek bezala egin zion bide,

Venizia, Tirolen galduz asko iende.

Orduan zen agertu Bernadotte handi,

Pabeko seme zela hemen erran bedi;

Handik landa zituen omen handienak,

Bere gerlako antzez bildu zituenak.

 

Botzen, Tartin, Triesten, fransesak nausitu;

Ikus ahal guzian etsaiez trufatu.

Akhabo zen Vienna ez bake galdetuz;

Beharrik aphaldu zen beldur handik hestuz!

Leoben hasi ziren hitzak bakerako,

Gero Campo-Firmion utziak hesteko.

Han etsaiei agertu Bonaparte handi,

Erakutsi zioten izpirituz gaindi.

Parisko gobernua zuela argitzen,

Hasi zen bere xeden kanporat agertzen.

Bakerako urratsez guti higitua,

Hain nahiko zukeien Viennan sarthua;

Mens eta Sanbreko harmada izanez,

Uste zuen trufatu laster alemanez.

 

Parisen etzioten lagundu nahia,

Iadanik itzal baitzen hark egin guzia.

Aita Sainduarekin bake zuen egin,

Naples (sic), Parme, Modenek, zutena berregin.

Garaituek zituzten gastuak pagatu,

Eta gauza ederrez Paris aberastu,

Bihurtzen zutelarik harma gahasia,

Egin ondoan luze gerla nahasia.

Gizon goiti zohana gerlako antzekin,

Marmont Parisat ioan etsai banderekin,

Ikus zezaten orok soldadu fransesak

Nolakoak zituen ezpata herresak.

Geroztik har zitezken lehoin batzuentzat,

Harmetako gizonez lehen lehenentzat.

Buruan ere zuzten asko aitzindari,

Bonapartekin betan, izarrak iduri.

Augereau sakhailetan beldur gabekoa,

Joubert, kolpe sartzeko, lehenbizikoa,

Massena gaindiz antze etsai izitzetan,

Hala nola guduen toki hautatzetan.

Heldu ziren segidan: Sahuguer zuhurra,

Vaubois, Serrurier, Cilmaine maltzurra,

San Hilario, Leclerc, Suchet, Lannes, Murat,

Higan zirenak hainitz, lehen gradutarat.

Buruzagi hautua baitzuten aurkhitu,

Franziari zituzten loreak berratu.

Bonaparti dohazkoz laudamenak gora,

Egia agertzeko zuzen arabera.

Harmada biluziak ditu aberasten,

Bihotz iraungitutan su eta khar pizten;

Etsai ozar, gaxtagin, burlatzen zirenak,

Harmen puntan ibili khenduz zituztenak;

Fransesaren beldurra eman bihotzetan,

Hirria sarrarazi italianotan;

Erresuma arindu bere minetarik,

Soldadua pagatuz etsai urretarik;

Herrunka lehenerat altxatu Franzia,

Hedoi baten pareko urrun ikusia;

Angelesa izitu lurreko bidetan,

Korsaz kanpo egorri tiro hastekotan;

Paris bera edertu etsaien gauzekin,

Bitoriak kondatu mila banderekin.

 

Gudua guduari zabilkon ondotik,

Bainan etsai hainitzak urtzen franses gutik.

Hain laguntza xumekin kasik bera dela,

Etsaia gerlatetan lehoindua zela,

Nor ikusi othe da artetik handitzen,

Bonaparte bezala denean agertzen,

Bothere gutirekin, gerla egiteko,

Eta herritik urrun gaitzak beiratzeko?

Den gutien makhurrak eman zuken gaizki,

Baziren egileak tartetik asiki.

Etzuen nola nahi zeren egin gudu,

Ezpata zuelakotz hazteko soldadu.

Bainan aitzinekoen urratsak segituz,

Iarri balitz huzkurki menditan kanpatuz,

Laster zen iretsia izanen goseaz,

Paris ez baitzen orroit nihor asetzeaz.

 

Harmada deskantsatzen neguz zagolarik,

Bonaparte etzagon loan ahantzirik,

Aitzinetik ikusiz zer zen gerthatuko,

Edo zirela laster guduak hasiko.

Nahi zuen Franzia goratzen ikusi,

Etzitzaion hortakotz deusere itsusi.

Bazabilkan buruan lan sobra bezala,

Gaua bere luzean eguntzen zuela.

Bilha zabilan bethi bide segurenen,

Urruntzeko herritik menditako minen.

Iakitatea zuen prezatzen handizki,

Gobernua zuela argitzen zuhurki.

Guti baitzen inguru gizon burukorik,

Iokatu behar zuen, Paristar utzirik.

Milandik ilkhi gabe, zituen hautatu

Beharko zituenak alkhitan kokatu,

Emanez bazterrerat ohoinen pesiak,

Herrunkek zituztenak berekin iosiak.

Hainitz dire hetarik bethikotz erori,

Eta zaurthuak egon ahalkez igeri.

 

Lurrak ziren aspaldi nola nahi uzten,

Etzuten herriari kasik deus ematen;

Bainan hasi orduko laguntzen beharrak,

Emendatu zituen orotan indarrak;

Gobernua ezarri aisia handitan,

Eta guziek hartu ona aisietan.

Batean zaramazkan kanpo eta barne,

Hedatuz orotarat bere begi erne.

Gaitzaren ondo zagon xafla emateko,

Etzen beldurrik hura loan aurkhitzeko.

Austria ethortzean, bere ustez hazkar,

Mantuarrekin aituz laguntzeko elkhar,

Garaitua izan zen Brenta bazterrean,

Eramana ezpata zorrotz bizkarrean;

Bi ilhabetez gero soldaduak ungi,

Ezbaitzuten ikusi etsaien arpegi.

Estali bezik etzen su phinta gerlako,

Herrak beiratzen zuen ginharra ondoko.

Erroma, Venizia, Austria berekin,

Altxatzen dire betan nihongo kharrekin.

Deus ezin zuten egin; hil zen Venizia,

Eta eme gelditu, nausi Liguria.

Bethiko zitzaizkoten loreak xizpaildu,

Ezin hilak, fransesek zituztela bildu.

 

Bonaparte, bakea egin bezin laster,

Hura gogoan zela inguruan bazter,

Ustekagez (sic) Parisat badoha ixilik;

Bederen gutik zuten ikusi hegalik.

Chantereinen karrikan etxea bazuen,

Bitoriak ondoan bathaiatu zuen.

Etzuen saristatu zaharren biltzarrak;

Etziren aski Chanbord, ez haren zidarrak,

Saristatzeko gizon munduko lehena,

Franziari bizia irun zioena.

Izan zen zerbait xede, ezin ukha hori,

Nolazpeit ezagutza agertzeko hari;

Bainan nola orotan baitzuten altxatzen,

Mihiek ez baitzuten bertzerik aiphatzen,

Beldurtu ahal ziren Parisko nausiak,

Gehienak barnean errez ielosiak,

Etziren on izatu sari emateko,

Ez eta ere itzal zela errateko!

 

Zer zen orduan Paris, nihor gutik iakin,

Etzuen aldagarri lore buztanekin,

Papillotek etzuten bururik aphaintzen,

Etziren sahetsetik ezpatak ibiltzen.

Karmañola zen mentan; galtza zakhu dena,

Dilindan zen lephotik mokanes ilhuna;

Ilea gizen, zorrotz, estalki gorritan,

Kanibeta dilindan ixter sahetsetan.

Galdu zuen mintzoak, bere aphaindura;

Arnegurat mihiek ohitu plegura.

Andre lehen zirenak soineko hautetan

Eman ziren har hilen itxura erhotan.

Gorde ziren oihal hek, hain ungi iosiak,

Soinean zituztenak grazien hesiak.

Linon eta organdil hari pulitenak

Etzituen aphaintzen arrosazko lanak;

Kapak ziren ehortzi balenzienekin,

Esku muthurrak egon gathe bakhunekin,

Ahantzi ixurriak angeles pontutan,

Seda blunden hibaiak haizen errietan.

 

Buru guziak ziren airetan emanak,

Etzituzten egiten behar ziren lanak

Ez arthatzen arimak geroaz orroituz,

Berthutzeaz nardatzen hirriz eta xiztuz.

 

Libertate berritan den batek sorthua,

Neurriz ibiltzeko hazkar du folsua.

Iartzen dire buruak sukharrean gori;

Zorigaitz hekin traba sortzen direneri!

Etzaiote duela zer nahik goibeltzen;

Hala liga orotan dire pulunpatzen.

Badohaz hirri-farraz hiltzen ikusterat;

Anaia buru gorriz begi asetzerat!

Behar da komedian eskola lohitik,

Ezda deusere nahi garbitasunetik!

 

Artetik egin ziren kanta hautatuak,

Ondoan ere urrun errepikatuak;

Tirtek zituzten hotzak kantekin berotzen,

Aristofanek tzarrak tartez asikitzen.

Bazuen alegiak eztena zorrotza

Hirritan sistatzeko bihotz zena beltza.

Hirri, atsegin, besta, min, nigar, lazdurak,

Aldizka zabilzkaten trionfen banderak.

 

Ariak izateko Greka zaharrekin,

Voltairen hautsak ziren altxatu bestekin.

Oxala landatua etzagon tokian,

Ez bazen nigarretan bizi zen herrian!

Bederen, eder bezin, ziren hirrigarri,

Hila segitzen zuten hanbat aphez-gorri,

Alba xuriz beztiak bertzen bizarrekin,

Pausak ostatuetan eginez trinkekin,

Eta guziz gainetik, kalerna batean,

Nigartiar grekesek pulunp egitean.

Galdu zuten bidea, urak handiturik;

Erdi-iainkoa ere utzi lerraturik;

Ongarrirat, zaioten trionfan erortzer,

Hirriz asetzen zela buru zuen bazter!

 

Gizonak ilkhi ziren azken herrunkatik,

Paper kontra erosiz gerthatzen zenetik;

Bainan ontasunekin etzuten gustua,

Ez eta iakitatez berratu burua.

Hala ikusi ziren hainitz, dirudunak,

Alkhi distiantetan egoten ilhunak.

Trakulu tzarrez kanpo deusik etzakiten;

Sobrek eskua sutik begiratu zuten!

Gazteluak baziren hekien meneko,

Iduri perla dela egina basako!

Halakoek etzuten harmaden kasurik,

Etzuten ezagutzen merkatuz bertzerik;

Irabaz bide onik zenean hiritan,

Han ziren berehala orratzak mihitan.

Etzen deusik egiten nihor laguntzeko,

Bakhotxa bereaz zen bethi orroituko.

Nola ziteken ungi gizon gerlaria,

Saskitik urrunegi zuena aldia?

Bazakitzan goseten asiki andiak,

Maiz izan baitzituen mehe afariak.

Arropak zihoazkon pusketan gainetik,

Adarrak lepho alde zapel pelatutik,

Deus guti zuen gerlak gerlariei uzten

Segitzale osteak hurbilegi zuzten.

Gobernuko gizonak, komisarioak,

Iduri bele zahar haragiz erhoak.

Harrapan zohazkoten bide atzenetan,

Odolaren sariak biltzeko bestetan.

Soldaduak zaudezen sabela zimurrik,

Etzuten garraiatzen soineko landerrik,

Edo balin bazuten, denak zilho ziren,

Ahalhezko sariak hanbat izerdiren!

Nola zintziabareak iresten odola,

Hala khentzen zioten, atzeman ahala,

Ohointzarat eginak ziren gizon tzarrek.

Ukitu gabe nihoiz beharren nigarrek.

 

Hola egin zituzten hainitzek bideak,

Eta segidan bildu aberats loreak;

Zapatainak handituz iarri ziren nausi,

Kaxan muthil zirenak banketan ikusi,

Baratze zainak berak sarthu iauregitan;

Modistak, andre handi, eman balkonetan,

Neskatxa non nahi zen gehien entzuna,

Bazuen lausengua edozein iaunena.

 

Holakoz bethe ziren toki hoberenak,

Baziren hoitan hainitz ederki emanak,

Bainan askori muthil zaioten trufatzen,

Hobeki hainitz gauza baitzaioten aitzen:

Etzakiten erdiek nola bezti ere,

Buru eta zangoen ibiltzen batere.

Hirrigariak ziren, guzien begian,

Abiatu zirenak, modako iauntzian:

Galtza motx sedazkoak bulharretan gora,

Beheretik ioanak aztala behera,

Zapatak zorrotzegi, pudratik orgaka,

Beso azpian makur iaun lehenen klaka!

Zenbeitek iaun iokatzen ikhasi bazuten,

Aphaindurei grazia eman bazioten,

Nola zuten fransesez egiten asiki!

Beharriak etziren behar gorthekoak

Ez ikusteko hekin larreko pikoak!

 

Emazteak etziren hobeki ioaiten,

Itxura bardintsuek argia zioten:

Beso gorri batzuek ioiaz estaliak,

Erri beltz, pototsenak harriez begiak;

Bethi aise ageri ethorki belharra,

Kantinan edo landan hazizko bulharra.

 

Ez ditut hauk erraten nahiz adirazi,

Non nahi ez delakotz herrunkentzat hazi,

Bainan ez baita behar kolpez ganbiatu,

Adimenduak bere urratsak baititu.

 

Paganoen izenak ziren guzietan:

Elise, Phaphos eta Idalia mentan.

Emazte ergelenak, senharrak utzirik,

Bazabiltzan pasaio edozein harturik;

Baiaderen pareko, etzitezken bara,

Hedatzen begitarat bere lohidura;

Etziren ahalkatzen solas galduekin,

Ariak izan nahiz aitu sigisbekin,

Doiean zituztela gorphutzak estaltzen,

Venus eta Fhinea mirailtzat hautatzen;

Zangoko erritarik ageri harriak,

Gisa hartan eginik bere broderiak.

 

Gobernuko burutan guti aitzindari,

Etzuena Sudan bat andrekin iduri;

Hetaz zuten gorthea egun guzietan,

Neurri gabe hirri hekin besoetan...

 

Bestek behar zituzten zabaldu bideak

Beldurrez ere goibel axkiden xedeak.

Hasi ziren multzuka non nahi iostetak,

Gaztek urrun zuztela bere ganik aitak;

Ezkonduak etziren ahantziak izan,

Bildu ziren zaharrak gustuki Elizan.

Laborariak ere etzauden ohean,

Bazakiten atsegin berezten bahean,

Populu erregeak etzuen grinarik,

Iduri zuen zela hirriz orraturik!

 

Gingeta baten pare, argitzen zutela,

Baziren san Eustaxen, Biltzarrak bezala,

Pillar guziak ziren lorekin aphaintzen,

Eta iende osteak ingurutan iartzen.

 

Eskas bat bezala zen gerthatu iendetan

Argiek huts eginez hainitzen burutan.

Errokeria oro mentan izan ziren,

Haste baino ondoko tzarrago baitziren.

Askok egin zituzten orduan urratsak,

Min handi eman gabe bulharretan hatsak,

Etzutela iduri gaizkirik egiten,

Arinkeriz burua bethe baitzaioten.

Etzituzten ondoan eginen deusetan,

Sartzean su iauziak, bide bethikotan.

Hazi ona hargatik nihoiz etzen galdu,

Fransesak mendetako bethi izanen du.

 

Luxenbourg besta baten bilkura zelarik,

Karrosa bat heldu da soldaduz betherik:

Handik Lannes, Augereau, Junot eta Murat,

Saltatzen dire arin iende begitarat.

Dirdiran broderia, harmak urre iari,

Gorphutz ederrek khoro emanez Soineri.

Bortzgarren bat iausten da guzien ondotik,

Ttipi, mehe, beltxaran, hitsa kopetatik,

Legundura iletan artha gutirekin,

Beharriak dilindan itxura txarrekin;

Etzuelarik ere agertzen koleta;

Broderia horiez egina tileta.

 

Erran ziteken zela zenbeit soldaduxka,

Ieneral handienen ondotik trebeska;

Bada zen Bonaparte, fransesen lilia,

Egina iadaneko bere Italia.

Biharamunean zen agertu gorthean.

Xeatzetik moldatu sala goiz bethean.

Inguru ziren iarri herrunka lehenak,

Arroparik atzenek bezti zituztenak,

Paristarrez egina lurretik hesia,

Andrek zoinez iduri Lais, Aspasia.

Sala ondoan zagon alkhi bat goraki,

Gainean zituela iarriak arraiki

Barras, Lareveillere, Franchech, Merlin, Reubel,

Iguzkiz gutiago zuketenak goibel;

Urre eta purpura alkhitik iarian,

Erlezko broxadurak belusa gorrian.

Begia etzagoken egin gabe hirri,

Agertzean halako gauza xoragarri.

 

 

Guzien erditik zen arin aldarea,

Bonaparten banderez egina dorrea.

Han egin ziotzaten laudamen handiak,

Ez aise ithoz minak barnen inbidiak.

 

Sobra zen Bonaparte handitu gerletan,

Gobernuak uzteko bere ingurutan.

Barras bere giderra aspaldi guzian

Hasi zaion erraten, ungi arraizian,

Behar zuela egin zerbeit handiago

Eta iarri munduan orotaz gorago,

Erakutsiz angeles bethi trabukoa,

Nahiz bertzerik zuen xede barnekoa.

 

Etzen errex hartzea halako arraina,

Arrantzalentzat nausi baitzuen usaina;

Bainan erranez geroz etzela ioanen,

Eman zen berehala meneko erranen.

Hartuz geroz buruan behar zena egin,

Lanen errextasuna zitzaion berregin;

Etzuen deskansurik, bethi bazabilan,

Ikusi nahiz berak egiten zuten lan.

Ideki zuen bide Mediterranerat,

Untzitako beharrak herrestatu harat;

Ureko gauza oro buruz zituela,

Lurrekoez bazuen artha bat higuala.

Guziek uste zuten, lanak ikusirik,

Etzuela buruan angeles bertzerik.

Bainan zituen bildu gizon iakinenak

Egipto miratzeko, lothuz haize onak.

 

Franziak aditzen du, amets bat bezala,

Hoita hamasei mila gizon badirela,

Portuetan bilduak, sartzeko untzitan,

Ieneralak nahiko duen orenetan.

Buruzagiak dire: Kleber, Desaix, Berthier,

Menon, Bon, Vaubois, Muy, Dumas, Reguier,

Lanusse, Verdier, Ranpon, Leclerc, Davoust, Murat.

Hogoi bat ieneral on, emanez baterat.

Cafarelli, Dommartin, harma hautetan,

Lehen gizonak ziren, pezak neurtzetan;

Desgenettes, Larrey, onak arthatzeko

Soldadu zituenak gerlak sakhailduko.

 

Nihor gutik zakiten norat hari ziren;

Behar bada bakharrak iakinsun baziren;

Bainan nor biltzen ziren, zenean ikusi,

Arras arrasa ziren buruak nahasi.

Monge, Denon, Berthollet, Geoffroy, Fourier, Costaz

Dolomieu, biltzar bat, oro gizon hautaz!

 

Ikuspenek gogoa emanez hirrirat,

Bonaparte badoha Tulongo baiarat.

Soldaduak ez daki norat duen galde,

Bainan ez du beldurrik, Bonaparte alde.

 

Itsasoz zohazela, Malte zuten hartu,

Eta milaka xizpa bolborekin kaustu,

Harritzen zirelarik bere zorionaz,

Iabetzeko bidean hiri borthitzenaz.

Prezatu behar zuten aurkhitzeaz barne

Norbait idekitzeko hiri bat hain erne!

Itsasotan direla handik abiatzen,

Alexandria dute begietan hartzen;

Orduan zuten gauza norat zohan iakin,

Eta etzuketela lan angelesekin.

Iadanik angelesek beldurra bazuten,

Alexandrian erran erne egon ziten.

 

Iautsi ziren lurrerat, Bonaparte lehen,

Adiraziz lagunei, beldur harma mehen,

Usteaz tokikoak bere sinhestetan,

Hala nola Iuduak Parisko bidetan.

 

Alexandria zuten errexki beretu,

Eta Kairerat ziren handik herrestatu,

Min handiak iasanez, harezko bidetan.

Gose eta egarriz, herio begitan.

Italia bezala, toki baitzaukaten,

Bixkotxak eta urak arthiki zituzten,

Bainan herriak ziren ehun bat etxola,

Seilharu hustuekin, lezeak bezala.

Basa bizia zuten han iendek ibiltzen,

Gauza gutiek ere zituzten asetzen,

Eta aitzean etsai zutela gainean,

Erromesiak zuzten eraman airean.

 

Morthutik ilkhitzean, franses soldadua,

Bazter freskoen hirriz arras xoratua,

Lasterrari eman zen urean sartzeko,

Orroitu ere gabe arropen kentzeko.

Hurrupan iarri ziren Nilaren erdian,

Ura kausten zutela gozamen handian,

Nausi eta muthilak baltsan elkharrekin,

Nihoiz izan etzuzten solas arraiekin.

 

Inguru guzietan lorekin zen lurra,

Ahantzi zen morthuko ikuspen agorra.

Bazterrek hibai oro gaindian freskatuz,

Aberats ziruriten nihongo fruituz;

Nila segi, ogiek, iduri hesiak,

Urre itxurez zuzten xoratzen begiak.

 

Etsaiek laster zuten erakutsi buru,

Iarri ziren guduan Chebreis inguru.

Mameluka deithuak, etziren banoak,

Arras ziren guduan agertzen beroak.

Ezin nihondik zilha fransesen hesia,

Ezin aitzinaz garai zamari hisia,

Gibelaz zakhazkiten baionetei buruz,

Iataganak ibiliz erneki inguruz,

Nolazpeit ere nahiz etsaiak nahasi,

Ikhasiak aspaldi ez izaten nausi.

 

Izan zuten zer ikhas, lau ehun galdurik,

Bere lerro denetan zuzten hautetarik;

Ez bazuten han arte oinezko prezatzen,

Heki utziz banderak, etziren handitzen.

 

Ioan ziren fransesak buruz Piramidei,

Aski uzkur zirela lotzen agor bidei.

Atsegin hartu zuten puntak ikustean,

Zeru izan diteken bezin arinean,

Eta ikus orduko hekin menden lanak,

Urthek bere asikiz ezin eramanak,

Bonapartek boz zuen goraki altxatu,

Hitz hautaz zituela oro kilikatu:

«Soldaduak, zuei da beso miratzea,

Egiptoko nausien harmez plegatzea:

Piramiden gainetik berrogoi bat mende,

Zuen lanei begira, harmaturik daude».

 

Gora zuen burua hori erratean,

Ihardetsi harmadak, gudu egitean!

Oren guti da nihoiz izaten halako,

Bainan non ere dire gizonak hartako?

 

Monrad buru zutela, etsaiak ethortzen,

Bainan lehen guduak ditu barraiatzen;

Utziz herrestan gizon non nahi metaka,

Kamelu, nola kanoi, bidetan trebeska.

Franses sarthu zen Cairen, ioka Musulmanei,

Eta iende plegatuz Bonaparten legei.

 

Hoin ungi zohazela fransesak gudutan,

Aitu zuten untziak zituztela sutan.

Abukiren Nelsonek zituen hertsatzen,

Xederik handienak artetik hondatzen.

Oren batez, bi untzik galdu iende erdi,

Su egin gabe handik kanoi hainitz geldi.

Bertze bat ikusi zen buruz hondo ioa,

Alderdi orotarik zuela zilhoa,

Ihardukitzen bethi, ez nahiz baratu,

Non etzaion bizien agintza hedatu.

 

Hamabi ehun kanoi han zauden orroaz,

Orro guti aitua nihon itsasoaz.

Brueys amiralak, ioa erraietan,

Hil nahi izan zuen manuko alkhitan;

Kasa-Bianka ere izan zen zaurthua,

Eta eriotarat bortxaz altxatua,

Bainan untzia etzen gutiago hazkar,

Errabiak berratuz haur bizien indar.

Betan hartu zuen su ezin hilezkoa,

Halere artillerak ez galdu gogoa,

Tiroa tiroari bethi segirazi,

Ur gainean untzia deino beirarazi.

Tirainek zutenean iretsi ondikoz,

Barnekoak urerat ioan ziren saltoz,

Zenbeit ere hats handiz lurrerat hurrendu,

Nolazpeika bakharrak untzitarat heldu,

Handik berritz guduan arimaz hasteko.

Nola ez bitoriak hek khoroatuko!

 

Zorigaitz handi zuen izatu fransesak,

Pekatu zuen ere arren angelesak.

Ethortzean berria oren tzar horrena,

Bonaparte zagoen eramanik gaina.

Eztiki zuen erran aldeko lagunei:

«Etxerako ez galde zubirik tirainei!

Zer egin? Egon gaiten hemengo herritan,

Edo gaiten athera andana handitan!».

Izurritea laster zaite abiatzen,

Begitako min batek duela segitzen.

Besta egiten zuten Republikarena,

Sortzean Egiptotik berri itsuena.

Turkoa franses kontra gerlan iarri zela,

Hortik asalda Kairen sarthu berehala;

Hiru egun luzetan egin zen sarraski,

Dupuy ienerala han hil zen goibelki.

 

Bonapartek zakharken beso hazkarrena,

Eman zuen oinetan etsai beroena,

Iduri zituela laguntzak zeruan,

Ihurtzuri, ximistek, emanez orduan.

Nahasitan aphur bat sarthu zen beldurra,

Etsitu gabe arras besoko indarra.

 

Fransesak iarri ziren toki nausietan,

Garaia izateko lehen hirriskutan.

Egiptoa gorako iabaldu ondoan,

Beretu bertze herri zirenak lerroan,

Bonapartek zituen eman lege onak,

Etsaitan handienek onhetsi zuztenak,

Eta bere burua hainitz maitarazi,

Xede ona baitzuen ezagutarazi.

 

Achmete, Egiptoa nahiz berritz hartu,

Gerlan zen fransesekin zinez abiatu.

Gazarat Bonaparte orduan zen ioan;

Jatan ere gelditu zen etxerakoan,

Ikusteko begiez zer zen izurria,

Lastimaz soldaduei sobra iazarria.

Ixuri zuen negar hekin ikustean,

Luzatu egotea heiekin batean;

Bere eskuz zituen oro ferekatu,

Bihotza ziotela ahalaz altxatu.

 

Handik zen lehiatu iaustea beretzat,

Bere ustez setioz hiriz iabetzerat.

Hiria kaustu zuen zorrotzik hagina,

Barne eta kanpoan ausarki laguna.

Eman zion begia ehun aldetarik,

Deus guti atheratuz odol ixuririk;

Etzaion baliatu hedatze beldurra,

Etziteken barnean gerlari hazkurra.

Grinan zen Bonaparte Cairerat lerratu,

Ezin laster zenean hiriaz iabetu;

Egiptoa beheran nahasdura baitzen,

Mameluken buruan Monrad iarriz hiltzen.

 

Erran da, sarthu balitz Acreko hirian,

Erhoak zituzkela egin iguzkian,

Konstantinopolerat handik hedatzeko,

Mundua erhoz gora gero itzaltzeko.

Izan ziteken zerbeit; Drusak omen ziren

Ekharriak ostean laguntzerat haren.

 

Trabarik xumerenak egiten du asko,

Ez da ahantzi behar gider dela Iainko!

 

Tourkoak Abaukiren iaustean lurrerat,

Ioan zen Bonaparte buru ematerat.

Egin zioten gudu ezin ahantzia,

Handirazi zuena franses ielosia;

Han berritu zituzten hainitzek liliak,

Lannes eta Muratek egin balentriak.

 

Abiatu zenean urrun Bonaparte,

Paristik ilkhitzeko oren ethor arte,

Ungi ziren bakharrek bere gazteluan

Othoitz egin zioten iartzeaz buruan,

Egiteko bideak bake hobeari,

Idekiz arras hatsa gobernu eriri.

Ihardetzi zioten fransesa etzela

Oraino aski sorkhan, muthil nahi zela:

«Higaten banintz zaldiz, nor segi liteke?

Ioanik hobe dugu, bertze ez diteke».

 

Egiptoak ziotzan indarrak handitu,

Eta omen handia orotan hedatu,

Bere ustez egina lehoinen pareko,

Ustez Europak ere zuela nahiko,

Haren beso handiaz behin baliatu,

Xede berri batzuek zuten handik lothu.

Iakina arras ungi etzela Franzia,

Nola hark garaitzean etsaien pesia,

Rhinan franses harmadak zirela ehoak,

Hainitzek zituztela ibiltzen ahoak

Galdetzeko bihotzez kaporal xumea,

Bakez hetsi zuena kanpio-formea,

Hasi zen bide hartzen ixiltasun handiz,

Parisat ethortzeko nolazpeiko zubiz.

Lagun bakhar batzuei idekitzen zela,

Ondoko egin zuen Kleber ienerala;

Bere izarra lagun, eman zen bidean,

Angelesez trufatuz, hekin zelaiean,

Eta Parisen sarthu, uste etzutela,

Kaire alderat beira oro zaudezela.

 

Nola zuen iakindu Franziako berri,

Etsaiena zelakotz artean zen herri?

Gauza bat da oraino guti argitua,

Bederen hainitz gisaz iendek moldatua.

Politikan antzeak zituen batekin

Norbaitek zuen aitu, bertze askorekin,

Behar zela Franzia galdu sekulako,

Ezbazen beso on bat sortzen ezpatako.

Haina hark, herritarra guzien gainetik,

Egorri omen zion, Turkoen herritik,

Bonaparti galdea sar zadin Franzian,

Utzirik ere lagun gathasken erdian.

 

Gutik erran dukete, ungi zen ala ez,

Egiptoan uztea hanbat lagun kolpez.

Bonapartek bethi du segitu izarra,

Erakuzten ziona lan egin beharra;

Nihork ez du gaitzhetsi soldadu uztea,

Ahalik lasterrena bide egitea,

Rusiako elhurrek, geroko urthetan,

Hain minki zutenean uki erraietan.

Uliak ez du behar arrano asiki,

Marmaloak ez duke neurtu iguski.

Handia zen, handia Bonaparte goizik,

Hura segitze maite gehienek bozik.

Etzuen xoilki begi etsai ehotzeko,

Bitoria berekin bethi itzatzeko;

Bertze gauzetan ere xede zuen gora,

Nahi zituzken hilak argirat athera.

Hartako Egiptoa zuen irakurri,

Higitzen ziozkala errai eta harri.

Hari esker zen izan fransesen izena

Iguzkiko aldean handituz ioana,

Turkoetan zuela eragiten beldur,

Eta eginarazten fransesari agur.

Ganbioek zituzten hedadurak hartu,

Eta mende hedoiak ariek haizatu.

Gaueko izkribuak ziren irakurri,

Egiptoatik asko ungi zen ethorri,

Mintzatu gabe gizon eginez gerlako,

Ikhasi zutelakotz beharra geroko.

Zigorradatzat gerla behar da beiratu,

Bainan hasiz geroztik, Muratak on ditu!

 

Gobernuko buruak ziren unhagarri,

Izpirituan hertsi zituzten zedarri.

Odola ere maite, io eta engana,

Horra nolako zuten aspaldiko lana.

Prestamu bortxazkoan agortu zen lurra,

Eta lan ithurrian giltzatu zilharra.

Berme legeak zuen ikhara hedatu,

Soldadua zenean athez abiatu.

Pasaporta behar zen gardia orotan,

Eta laster karrika haste guzietan.

Ile, arropa, kaxket, zenbeiten itxuran,

Aski ziren edozein sartzeko ikharan;

Batzuk bertzentzat hartuz, franko zen ikusten

Kartzelarat herrestan gorri eramaten.

Etzen nihor deskansu Franzia guzian,

Nigarra gaindiz zohan hoberen tokian.

Nondik nahindik ere etsaia zen sortzen,

Nahasdura oraino zuela berratzen.

 

Gobernuko iaun berak ziren izituak,

Paperek balioak zituzten galduak.

Bonaparte Parisen zela aitorduko,

Hasi ziren elheak orotan gorasko.

Bertze bide hoberik hartu behar zela,

Zaramaten biziak min hainitz zuela;

Buruzagi ziren ahalkagarriak,

Zorigaitz handienez nasai ithurriak.

Barras urgulutsua, arima lohia,

Mahometen zeruko premu izurria;

Moulin eta Gohier, pare kalakari,

Nausi zitezkeienak deian ioareri,

Sorthuak gathaskeri bide zabaltzeko

Legetan zutelakotz ikusten goibesko;

Sieyes, amarru haizekin hantua,

Eta Roger Ducos huntz hautetan hautua.

 

Bonapartek zituen sareak hedatu

Eta hartako buru lehenak beretu.

Biltzeko xedetan zen zaharren baltzarra,

Ikusiz zuhakola emeki indarra.

Erranez Republika zela hirriskutan,

S Cloud zuen hautatu biltzeko xedetan,

Eta segidan ziren harat ioan denak,

Utziz Bonaparteri artha harmadenak.

Hunek bere aldetik gaua baliatu,

Eta dilindan ziren guziak beretu;

Traba zituzkeienak ezarri gathetan;

Gobernuko buruak ziren hirurhetan.

Zaharren biltzarrerat da handik ioaiten;

Han zioten axkidek gaina eramaten;

Besta bat izan zuten haren ikuspena,

Doiean zenbeit oihuk nahasi zutena.

 

Bortz ehunen biltzarra agertu bertzela,

Gobernua itxikiz gora zena zela,

Oihu eta gathaskan ziren abiatu:

«Etzela Republika behar ostrikatu,

Urkhatu behar zela iazartzen ziona,

Etzitekela hura fransesen laguna».

 

Orduan Bonaparte bera da agertzen,

Soldadu hoberenek dutela segitzen.

Oihuak dire gora! Kanpo tiranoa!

Kanpo, kanpo legetik ozar korsekoa!

 

Bonaparte hasi zen izitzen bezala,

IIarri zen itxuratik ez guti xuhaila,

Begiz ikusiz puñal zenbeiten eskutan,

Eta herio bide erran zukenetan.

Deihadarka zitzaizkon hasi soldaduak,

Ethor zadin kanporat utziz hartz galduak.

Ikus orduko hekin lerroak athean,

Deskantsatzen hasi zen bere bihotzean,

Eta hekin agurrez laster berotua,

Alxatu zuen gora buru beldurtua.

 

Luzien bera zuen biltzarrak hertsatzen

Has zadien legetik anairen kentzen,

Hitz lazgarri hori zen urkhader hedea,

Sinhetsi bezin laster, herio bidea.

Luzianok zituen utzi soinekoak,

Eta segidan hustu alkhi nausizkoak.

Oren hertsiak zuen orduan ematen,

Bonapartek padara galtzerat ez uzten;

Murat begi ederra, han zuen aldean,

Bihotzez zagoela iduri galdean,

Sartzeko barneraino bere lehoinekin,

Hortzak karraskan oro, ikusi gauzekin,

Kheinu bat aski zuen, eta izan hura;

Geroztik gauzak ziren ioan denen gura.

Soldadua zenean sarthu biltzar salan,

Han zirenek ikusi nahi gabeko lan.

Zoro bezala, ziren eman ihesari,

Erdiek etzutela bururik iduri;

Batzuek leihotarik saltoz zohazela,

Bertzek athe hetsiak bortxatzen zuztela,

Utziz bere lasterkan, elhorri, sasitan,

Zintzili, dilindaka, ehun mila buztan.

Hesiak bezti ziren iaun hoien soinekin

Eta haizek zituzten ibili bestekin!

 

Gau berean bildu zen bertze biltzar berri,

Bi Biltzarrek zioten gizona egorri;

Bainan hautatuz ziren Bonaparten alde,

Edo etziotenak agurra guphide.

Berehala zituzten hiru Konsul egin,

Nausi berriz Franzia zutela berregin.

Hek ziren: Sieyes, Ducos, Bonaparte.

Azken zen hoberena, hatsa hartu arte!

Legeko iarri ziren berrogoita hamar,

Aldiz lana baitzuten bethi egin behar.

Lucien Bonaparte, Boulay, Daunon, Chenier,

Cabanis, Lebrun, Forcher, Garat eta Reguier,

Horra buruzagitzat ager zitezkenak,

Iakitatei argiak hedatzen zuztenak.

 

Luzien Bonaparte zen Republikano;

Etzuen arnegatu, hats izan zueino.

Konzulek behar zuten, haren arabera,

Lagundu ungirako legeren iaiura,

Eginez Franziari ungi zohakona,

Lekhuko populua, begi segurena.

 

Ikuspen berritarat gare ethorriak,

Ez dire gero gabe, egin itzuliak.

Orai arte gaizkiek hainitz bide zuten,

Lan izanen da noizbait hekien sinhesten.

Errexago behar da ungi egitea,

Gutiren gain denean hotsen ematea;

Edozein ohi dire bethi segurago;

Izana, nola nahi, bertze hirriz dago.

Goratik behitirat luzatu lerroan,

Ez dire miliunka ohoinak khoroan.

 

Bonaparte batzuek hanbat nahi zuten,

Non kuxean errege eginen baitzuten.

Hetan ziren aberats khexa zabiltzanak,

Beldurrez gal bertzela zuzten ontasunak,

Nahiz arren zenbeitek gaizki zuzten bildu

Hekin oldez ezpatak zituzkeien saindu.

Baziren iadaneko zutenak ikusten

Bonaparte gorarat zurubiz higaten;

Eta iakinak nola agur iguzkia,

Liliztatzen zioten khoroko alkia.

Nola nahi den gauza ikusi nahiko,

Bonaparte handi zen, behar iduriko,

Bertze denen artetik zenean hautatu,

Nihor baino gorago ohorez altxatu,

Izan ondoan agur egun goibeletan

Isensuen bahiak egun ederretan!

 

Asea zen herria aitu zituenez,

Nola azken urthetan iasan min gordinez.

Bera zohan biderat edozein nausiren,

Hartua herra handi gauza ikusiren.

Nihor etzen bihurri konsulen bozari,

Oro iartzen zirela ixiltasunari.

Bonaparte zaukaten ungien bahia,

Hark zakharken besoan gaizkien harria.

 

Beldurra hedaraziz, asko zen goratu,

Hala da nahasia bethi baliatu;

Konsulak hasi ziren adirazten gora,

Nahasiek akhabo zutela denbora.

Orduan sorthu ziren Prefeten mendeak,

Azpiko dituztenak herriz alkateak.

Konsuletan bat bazen guzien lehena,

Legeak segirazi behar zituena;

Bonaparte zen iarri lehen hiruetan,

Iadanik etzituen lehenak trabetan;

Sieyes, iautsia bethiko gauerat,

Dohatsu balin bazen itzuli zerurat!

Egin zuen asko lan eta tzarkeria,

Higitzeko bihotz bat etzena eria.

Ezeztatu zen Roger, ez dakite nola,

Kanbazeresi bide uzten zioela.

Lebrun zen hirugarren agertu lerroan,

Bonaparti ziona esker tzar gogoan.

Bainan azkenak zuen burutan nausia,

Bakharrik zen guziez ungi ikusia.

Eman zuen legentzat beldur handiena,

Hedatu nausientzat mende hoberena,

Bildu indar handiak oro egiteko,

Hiruen podoreak ikusi meneko.

Artetik bazakien zein beldur zen jende,

Ethortzen ikuzteko iragan zen mende.

 

Orduan zen ehortzi zitoien izena

Sartzen zirela mentan andre eta iauna.

Aitzindari gaientzat hasi zen eskola,

Distiatzen duena, ona den bezala.

Emigrantei zitzaiten ideki Franzia,

Aspaldiko hainitzen lehen gutizia.

Egin ziren urbide, baia hedatuak,

Bide bezala, zubi hainitz aiphatuak.

Lan guziek zituzten zabaldu andanak,

Eta hasi argitzen egun ederrenak.

Lan hoiek egitean, Europa zen sutan,

Bonaparten begia etzagoken lotan.

Bake zuen hargatik galdetu hasteko,

Gonbidatuz hartarat angeles gortheko:

«Zortzi urthez badirau mundu nahasdurak,

Xukatzen dituela begi denen urak.

Gerla hasi othe da bethi irauteko?

Ez othe da biderik elkharren aitzeko?».

 

Fox eta Sheridanek bake nahi zuten,

Bainan Pitt nahasia gerlan zen egoten,

Eta angeles diruz eginik zubia,

Beretu zuen arras austriar guzia.

 

Urrundu zen Rusia hoik bien baltsatik,

Eta xede on horren saristatze gatik,

Bonapartek zituen egorri etxerat

Gerlan hartu gizonak, berri ematerat,

Etzuela ordainik batere galdetzen,

Soinean zituela ederki aphaintzen.

 

Ukitu zuen horrek Paul bihotz handia

Eta bakerat zion iosi gutizia.

Allamanian (sic) zuten etsaiek ithurri,

Italianok ere etxatu uztarri,

Ezin iasana zuten ikusiz Franziak

Hedatu zituela bere zedarriak,

Neguan Rhineraino, eta iguzkian,

Geres beretu arte, etsaien erdian.

 

Hedadura berriak, Gaula zaharraren,

Saboia eta Nize fransesenak ziren.

Uda hasi orduko, Bonapartek erne

Etsaien ehozteko egin zuen barne,

Bildu bere harmada Geneven inguru,

San Bernate iragan, bera zela buru,

Kotxe, kanoia eta edozein puskekin,

Erreka eta mendiz trufatuz lanekin,

Kanoiak zituela askotan ematen,

Eta gizon besoez arrudak egiten.

 

Bitoriak zioen Bonaparti hirri,

Austriarra zenean Po inguru iarri;

Atxitxo zen etsaia ihesari eman.

Huzkurrik ez baitzuen fransesik atzeman.

Novarre, Milan, Lodi, Pavie, Cremona,

Plesanzia, Pergame, hiri multzu ona,

Segidan franseseri zaizkoten ethorri,

Berek khentzen zutela trabatik elhorri.

Ikusi zen, ez urrun, Melas austriako,

Harmada xahuturik, egoten ixilsko.

 

 

Etzen han akhabatu etsaien sukharra,

Beiratu zuten bizi luzeki ondarra.

Marengo zen tokia, non austriar iaunek,

Urguluz egin haizek hantzen zituztenek,

Ehortztea fransesen gogoan baitzuten,

Bere indar guzia zutela ematen.

Guduak iraun zuen kharrik miñenetan;

Hilixon erori zen, Desaix trionfetan,

Uzten zuela omen garbia osoki,

Urthek ez diotena lilirik ideki.

Bainan bethi bezala fransesa nausitu,

Eta ihesak etsai behingo gorritu.

 

Franziako iarri zen neguko aldetik,

Italia zuhurki, galde kontren gatik.

Nola ere zukeien harmei iharduki,

Etsai lehoin zenean behar iguriki?

 

Austriarra egon zen ez nahiz aithortu,

Etzukela deus onik gerlan atheratu;

Angelesa ere zen supiztale ona,

Bethi errixingarra ematen ziona.

Azkenean hargatik beldur izan zuten,

Eta bake bideak abiatu zuzten.

Atsegin hartu zuen Europa guziak,

Ikusiz noizbait hiltzen suginhar biziak.

 

Bihotzez orduan zen Bonaparte hasi

Sendatzen Franziako hanbat min itsusi,

Deitzen erresumarat ihesi zirenak,

Deskantsatzen beldurrik oraino zutenak.

Elizari ziotzan xukatu nigarrak,

Idekiz haren athe hetsi ez beharrak;

Konstituantaz geroz, bilhuia sainduak,

Nihongo lege tzarrez bethi trabatuak,

Etziren gehiago baizik ametsetan;

Sinhesteak hil hurren hainitz bihotzetan.

Besta lohiak ziren bakharrik egiten;

Arima onek besta, nigarrak zituzten.

Hamar urthe bazuen holako ariak,

Ez dire ahantziren orduko zauriak;

Etzen behar aldare, ez eta aphezik,

Etziren mentan uzten tzarkeriak bezik.

 

Aphezpikuek zuten burua altxatu,

Menden sinhesteari hainitz khar hedatu,

Tzarkerien gaieri haltoaren egin;

Herio edo gauak zituen desegin!

Ezin eskapatuak herri atzetarat,

Ioan ziren herio edo karzelarat.

 

Fedeak bazituen lehen soldaduak,

Aphez eta arthalde nihongo hautuak;

Utzi dute seinale zer ziren barnetan,

Kanporat erakutsi mirail ederretan;

Gordez, bizi hirrizku, herritan baziren;

Aphezak eritarat hirriskatzen ziren;

Arima onek zuten hetaz artha handi,

Egia hori mendez urrun heda bedi.

Lehen denboretako martiren halturan,

Handituak iduri herio menturan,

Izan ziren ephelak hanbat ukigarri,

Nola bethi berthutez zutenak egarri;

Asko gillotenetan othoitz zaritenak,

Iaunak urrikal zetzatzen hek iotzen zuztenak;

Kaxote beltzenetan predikatzen zuten,

Egian hats galtzea trionfa zaukaten.

 

Nork erran zenbat ungi hala zen hedatu,

Zenbat arima hozki kharrek aberastu!

Etzituzken ezpatak hekien liliak,

Berthutei darraizkote bethiko hirriak.

Nork du balio gizon Iainkotiar dena,

Anaien axkidantzak hilaraz dukena;

Agintza denen gatik dagona ungian,

Kutsatu gabe nihoiz hauzoko gaizkian;

Etxez etxe dabiltzan aphez khartsu, onak,

Herioa begitan non nahi zutenak,

Zohazenean gauaz bertzen soinekotan,

Hitz onak eraginez eri beharritan,

Barkhatuz bekatuak, zerua idekiz,

Orenik minetan laguntzerat ilkhiz;

Egontoki zuztela seilharu zaharrak,

Edo zenbeit lezetan otsoen ondarrak?

Nola gizonek paga hanbat bihotz handi,

Elizaren liliak zeruan aspaldi,

Zohazenak aphezei oihu egiterat,

Ethor ziten erien hiltzen laguntzerat?

Orduan zen arima sinheste handitan,

Bihotzak etzitezken basako bidetan!

Gauazko aldare hek, lasterka eginak,

Beldur eta ikharan inguru zirenak,

Meza bat erran nahiz, hil bat laguntzeko,

Aberatsago ziren, ezen ez urrezko.

Hango othoitzak ziren garbiak izaten,

Halakoek zerurat bide bazakiten.

 

Nola baita gizona, karga etxatzean,

Atseginetan iartzen hatsa bihotzean,

Bonapartek Franzia halatsu arindu,

Gaxtaginen beldurra zionean khendu,

Eta Eliza bide segidan ideki,

Gauza etzitekena galdegin hobeki.

Hasteko sinhesteak zuen kilikatu,

Ezin zioten gerlek hits ahal izatu.

Sinheste hark bazuzken naski bere baiak,

Laguntzen zituenak urguluzko gaiak;

Bainan etzuen galdu hazia, segur da;

Hortako froga ona agerian bada.

Etzezaken hobeki egin nihoiz ere,

Omen hoberik ezin ardiets batere;

Urtheak ioan dire, bai eta ioaiten,

Bainan egin hori ez arimek ahanzten.

Ez dute bitoriek hainbertze handitu

Gaizkiaren hesteak gain hobeak ditu.

Hainbertze balentria harmekin eginak

Biziren dire, nola egin dituztenak,

Mende bat higan arte, gero ahanzteko,

Bederen iende xehek nihoiz adituko;

Bainan Franzian deino giristino onik,

Non nahi aituren da, elkharri erranik,

Bonapartek Eliza lagundu zuela,

Eta bere indarrak utzi ziotzala.

Horren segidan ziren sorthu berthuteak,

Gorde hanbat gaxtagin egile gatheak,

Hanbat haur errai gabe amei estekatu,

Alferrak lanetarat bortxaz lehiatu.

Zer berthute diteke ez bada sinhesten?

Bainan nork du sinheste gizonei ematen?

Ez du hainitz balio makhurtu gizonak,

Ez baditu aditzen Elizen erranak.

Bonapartek ezpatan hainitz zuen egin,

Eliza idekitzez liliak berregin.

 

Bozkario handian Erroma zen iarri,

Ikustean Franziak zer zakharken berri.

Hura zuen izatu bere ederrena,

Hastapenetik bethi lagundu zuena;

Haren errege ziren Elizako premu,

Izen higan zuena menderen eremu.

Hasi ziren mintzatzen buruzagi biak,

Eta egin zituzten arien argiak,

Ez iartzeko Franzia kanpo Elizatik,

Eta hartzeko bide argi zen tokitik.

Etzuten naski egin lege hoberena,

Bazukeien eskasa asko gauzarena.

Lasterka egina zen, hertsatuz denborak,

Berehala galdetuz onen urrundurak.

Bainan aski izan zen, orok iakiteko,

Fransesa nahi zela bethi katoliko.

Hasi ziren arinsko Eskal herrietan

Gaxtagin bathaiatzen hulako pikotan:

 

«Españan zortzi urthe iragan ondoan,

Franziarat jin nintzen aurthen abendoan;

Lehen deus etzirenek kargu orai handi,

Urgulu franko eta ilhunbea lodi.

 

Errobespiarresen lagunak zein ziren?

Charles Kaskoina eta Bidart lagun haren,

Erraten zutelarik: gaxto sustengatzen,

Onen preso ematen, gare libertitzen.

 

Ni ezarri nauena naizen planta huntan,

Pasaturik balago ezpataren puntan!

Lagundu baitu ungi satan ifernuko

Hirriak badituzke mundu hunetako.

 

Satan, begiak gorri, harrapatzailea,

Baduk munduan orai hik laguntzailea;

Egiten duenean hemengo aldia,

Gainean hik emanen atzapar handia.

 

Errobespiarresen eta Pinetdako,

Sala eder bat bada bertze mundurako,

Lekhua frankorekin kontradantzeko,

Galtxa gorri berbera xirrika iotzeko».

 

Andredena Maria deitzen den Elizan

Bonaparte bera zen sarthu nahi izan,

Bere guduetako soldadu hartzekin,

Eta buruzagien lerro zilharrekin.

Entzun zuten bazterrek othoitzen ezkila,

Aspaldi zarasana nor ziteken hila,

Etzutelakotz iotzen baizik min marraskan,

Odola ixurtzean nonbaiko gathaskan;

Egun hark Bonaparti othoitzak ixuri,

Gutitan diotzanak ixurtzen gerlari;

Zenbat ahok etzuten bihotzez laudatu!

Bertze xedeak gerlak maiz ondotik ditu.

Bonaparte bear zen gathez emateko

Gaxtaginen lerroa, gaia orotako;

Iainkoaz egorria, behar orduetan,

Agertu zen arimaz galden halturetan.

 

Burudunak badaki deus onik ez dela,

Iainkoaren beldurra nihon bada hila.

Hartako Bonapartek zituen altxatu

Aldare gaxtaginek zuztenak etxatu.

Geroztik ziren sorthu egun hoberenak.

Urthe segidakoek iasta zituztenak;

Egin bideak ziren ikhasi hobeki,

Iakitate zuhurrak hedatu arrunki,

Aphaindu berthutekin bihotzen makhurrak,

Sinhesteak urrundu esklabo beldurrak;

Zuzentasun maitatu, herrunkak on iarri,

Eta legen bidetan guziak ezarri.

 

Bonapartek ez aski Elizan bakea,

Erresumari zion bilhatu legea,

Lege bat, mendez mende, aiphaturen dena,

Haren ikustatea agertzen duena.

Egorri zuen ere santo Domingorat

Leclerc, bere koinata, beltzen plegatzerat;

Bainan gauzak etziren gogora itzuli,

Izurriteak hilez franses, nola uli.

Koussaint Louverturekin gerla ez gelditu,

Haren hartze fransesei guti baliatu.

 

Aldean, hala hala, gauza ungi zoan,

Piamonte iarri zen fransesen lerroan;

Hedatzen hari ziren alde orotarat;

Parun, Plaisance eta Elbako irlarat.

Egintza hoik angeles ielosiz egosten,

Eta bake hausteko bidetan ematen.

Bainan ere Franzia ez da lokhartuko,

Ethortzean orena buru egiteko.

 

Hartzen du Bonapartek xedea buruan,

Londres bera duela zaurthuren guduan.

Biltzen du langilea Bolonia alde,

Ez du nekhe, ez diru, gerostik guphide;

Zernahi den lan hau da orotan egiten,

Nihon ez da besorik alferrik egoten;

Guziek dabilzkate, non nahi, aldizka,

Orga, kanoia, xizpa, mailu edo soka.

Zilhatzen dute portu, untziz berregintzen,

Edozein inginuri bidea zabaltzen.

Ez da nihon egiten han egin etzenik,

Guziei Bonapartek kontu on emanik.

Etzuen hori behar aski egiteko,

Nahiz edozeinentzat ziteken askiko.

Buru guziak ziren emanak airetan,

Sarthu nahiak ere etsaien bidetan.

Hanbat beso zenean kalafetan hari,

Untzi eta pinaza zaietela iari.

 

Guziak bazakizkan, etzen deus egiten,

Non etzituen berak guziak ikusten.

Hanbat lan egin zuen, xarmekin bezala,

Non ez baitzen angeles galdurik axola.

Hasi zen, hasi laster, berregintzen untzi,

Eta hasteko trufak zituen ahantzi.

Nahiz khendu beldurra, zena bihotzetan,

Nelson urgulutsua eman agintzetan;

Harturen zituela fransesen untziak,

Hala nola lehoinak, arten ihiziak.

Fransesen tokitik zen untziz on hurbildu,

Ez baitzuen deus onik hekin sutik bildu.

 

Berritz zen handik laster ethorri goririk,

Gerla untzi hoberen guziak bildurik,

Berak erranez gora, gabasko etzela,

Nihor nihon kokatu, hura zen bezala!

Nahi zukeien egin, Aboukir gogoan,

Han egin zuen ioko itzuli beroan.

Bainan etzuen izan sartzeko tarterik,

Untziak ustekabez sobra urrundurik.

Peza kolpez ehoa, ibili zen hertsi,

Eta deus egitea, aise zuen etsi,

Ikustean hondatzen untzi ederrenak,

Biziz ere gabetzen marinel lehenak.

 

Bolonian Konsulak egin zuen asko,

Han zuen gurutzea eman saritako,

Sari bat soldaduen amets handiena,

Eta bulhar guziek nahi luketena.

 

Bizi guziko zuen konsulgo galdetu,

Hiru miliun bozek zioten luzatu,

Horrekin uste zuen higan goragorat,

Berak orori buru gero ematerat.

Etsaiak bazituen, etsai lazgarriak,

Haren hiltzerat ere bardin ekharriak.

Iadanik izan zuten, asmu ifernuko

Bidean hedatuz, haren suntsitzeko.

 

Buruan sarthu zuen Enghien zitekela,

Baden bizia ixil higatzen zuela.

Hari iasarriz ere, zuen beharbada

Sinhetsarazi nahi, diteken gauza da,

Erregen etsai zela oraino xedetan,

Eta etzela nahi hekin axkidetan.

 

Nola nahi zen, Enghien hor du harrarazten,

Bakezko lur batean, lo dela egoten,

Lege guzien kontra, ageri itsuski,

Bere ohoreari eginez asiki.

 

Gizonik handienek flakoa badute,

Hala nola izarrek itzala baitute.

Hil zen Enghien dukea, adin ederrean,

Hoita hamabortz urthe zuzkela gainean,

Iadanik aiphatua gerla hainitzetan,

Bihotz bat urrezkoa mihi guzietan;

Dohain guziez kasik arima gaindia,

Berthuterik maitenen lurreko lilia;

Bere ienden burua, urgulu bezala,

Soldadu garbi eta, handien miraila;

Europan aiphatua, gorthen altxagarri,

Konde handiren adar ezin ahanzgarri.

 

Hartu zutenek preso Enghien harrapaka,

Etzioten atzeman paperik trebeska,

Frogatzeko lanean hari zela gordez;

Etzen hura hobendun bere aiten galdez!

Badire errateak, lagunek zutela

Bonaparte aitzendu, hiltzen ziotela,

Berak iakin gabean, duke handi hori;

Bainan argi sobera dario lanari,

Hutsa da ezin nihork gorde dezakena,

Itzal bat konsulari eman dioena.

 

Bere zaukan tronua, ez nahi lagunik,

Erregen deitzea zen, urrun hura ganik;

Aski handi zeraukan bere izatea,

Eta handi ere zen, on da erratea.

Hainitzek erran dute, ungi egiteko,

Bourbon zela tronurat altxatu beharko.

Bonaparte etzuten hanbat ezagutzen,

Eta bereaz baizik etziren orrhoitzen;

Guti ere zakiten, horren egitea,

Etzela haren errex, nola erratea.

Hirriska zuken galtze bere buruaren,

Laguntzaileak iende maite etzenaren.

Etzetzaken ere utz handitu zutenak,

Bere bitorietan lagun zituenak,

Zenbait, egun tzarretan, orenek errotuz,

Behar bada beztuak gaizki auhendatuz.

Haren arreba batek hori nahi zuken,

Anaia agertzea iduriko Monken.

Bainan etzen behin on erregetiarra,

Bonaparte bera zen guziek beharra,

Hari zion Iainkoak eman aski kasko

Franzia eriari bizi beiratzeko.

Haren beso behar zen emateko buru

Gaxtagin ozartuei berthuten inguru;

Hura gabe Burbonek etzuketen deusik,

Hetaz guti zen ere egiten solasik.

 

Tzarrek dute nausia laster ezagutzen;

Ahal gabe denean, basarat etxatzen.

Onek ere lan dute egun goibeletan,

Ez baditu zeruak hazkartzen xedetan.

Lehen ere erregek bide egin zuten,

Erresumen beharrek galdetu bazuten;

Etzen ez Bonaparte Franzian lehena,

Errege ezeztatuz altxatu zutena.

Higan zirenek hola, guzien nahian,

Beharrak zirelakotz, harrabots handian,

Etzuten egin nihoiz Bonaparten lanik,

Etzen ere burutan hurbil zitekenik.

 

Geroztik nola erran, gaizki behar zela,

Hartzea khoro baten, odol zariola,

Eta hura buruan, iartzea Franzian,

Etzenean bertze bat, ienden gutizian?

Utzi balu koroa, zena zen trebeska,

Etzagon ixildurik fransesen marraska;

Nahasdurek indarra zuten berraturen,

Eta egun tzarrenak tzarragoz betheren.

Ez da Ieneral aski, mihi baratzeko,

Gutiago fransesei buru emateko.

 

Behar zen oro izan, edo ez deusere,

Franzian egitekotz on zenik batere.

Bonapartek, egonez orduan bezala,

Aise zuen ikusi eroriko zela.

Senatua bildu zen; erran han zen batek,

Khoro behar zuela hartu Bonapartek;

Egin zuela aski haren izateko,

Eta alde zuela Franzia hortako.

Enperadore hola zuten izendatu

Bozkario zutela orotan hedatu.

 

Bestarik handienak egin izan ziren,

Oroitzapena ez da nihoiz ahantziren.

Pio zazpigarrenak, utziz Italia,

Parisat egin zuen orduan ilkhia,

Konsekratzeko berak, franses hautamena,

Napoleon Khoroak handitzen zuena.

Andredena Marian zioen ixuri

Olio sakratua buru hauta hari.

 

Iainko etxea etzen izan ederrago,

Harren edergailuz mintzatzea bego;

Gauzen izenak berak eskas ginituzke,

Nolako ziren erran nahi baginuke.

Bezti ziren bazterrak birungan bezala,

Iendek khoro bizi bat egiten zutela.

Espantagarriki zen hedatu gastua,

Erresumako kaxa gelditu hustua.

Lyon eta Indiak emanez lanetan,

Handieria oro iarri zen berritan,

Harria zariola, burutik behera,

Soinekoek altxatuz gaineko dirdira.

Broderia guziei urre zarioten,

Erritan artexenek bihurtu zituzten.

Tula urre xabalez zagon arraiotan,

Belusa zen ehorzten lumaien artetan;

Artileria orroz etzitekin ixil,

Iendea zabilala karriketan biphil.

 

Enperadorea zen kapa bizkarretik,

Argia zariona harrien begitik;

Aldean Josefina, andre ederrena,

Aphaindura guziak histen zituena.

Karrosa aitzinean zohazen anaiak,

Garraiatuz kopeta ez guti arraiak.

Behar zenean ioan Eliza handirat,

Bazela Iainko handi han ezagutzerat.

Ondotik heldu ziren mila aitzindari,

Gortheko iguzkiak iadanik iduri.

 

Napoleon iarria guzien erdian

Egundaino izan zen ederren tokian,

Trionfan zohakola karro distianta,

Iendeari zioen arraizien hauta,

Pasaiatuz orotan hirritan maitena,

Hari baizik egite eman etzaiona.

Bere begi biziaz, begi zorrotz hartaz,

Besarkatzen zituen, trufatuz zelataz,

Guzien bihotz edo barneko xedeak,

Egun hartan balio urrezko hedeak.

 

Gutik entzunen dute orduko kantarik,

Cherubini, Lesueur, baitziren bizirik.

Pillar guziak ziren belusa iarian

Argi zela hedatzen gaindiz urrerian;

Tapizek zuten lurra guriki estaltzen,

Urre baso handiek aldare aphaintzen,

Ezkin denek iduri izar argietan,

Bekhaiz gisan zerua hekin iostetetan.

Aldamihoak ziren arin gehienik,

Andre osteak hetan lerroka emanik,

Pulitetan hautuak kasik gehienak,

Aphaindurez izarren histeko eginak:

Eliza sahetsean, birunga hetazko,

Iduri zuen zela saski bat lorezko.

 

Eliza beherean zagoen tronua,

Gainean belhauniko soldadu hautua,

Bera egina handi, lehena gerletan,

Higana bere buruz erregen alkhitan,

Aldean Iosefina, inperatriz handi,

Bihotzik hoberena dohakola gaindi.

 

Meza entzun ondoan, itxura onetan

Kororat higan ziren begiak hirritan,

Eta iarri hekintzat aphaindu alkhian,

Guziek zituztela ikusten erdian.

Aita Saindua harat hurbildu zaioten

Han berehala hasi othoitzen egiten.

Napoleoni zion behin khoro eman,

Eta hark andreari ondoan eraman,

Itxura egiteko biena zutela,

Bat bezala bertzea handitu zirela.

 

Egun eder, dohatsu, ezin ahantzia,

Iauziz eman zuena orotan Franzia,

Damurik behar zuen goibeldu luzean!

Bainan ez gaitezen sar geroko lezean.

 

Napoleonek laster, nahiz saristatu

Lagun bere gerletan zutenak segitu,

Egin zuen herrunka, harat altxatzeko,

Mareskal izenean, gizon segidako.

Massena, Murat, Moncey, Jourdan, Lannes, Ber,

Augereau, Bernadotte, Ney, Soult, Brune, Mort,

Kellerman, Bessieres, Lefevre, Perignon,

Azkena Serrurier, lehenak bezin on.

Arranoak zituen gero harrarazi,

Buruen berotzeko, hautatu ihizi!

 

Italian errege behar zela iarri

Napoleonek zuen buruan ezarri,

Eta, lehen urthean, zabalduz gogoa,

Beretzat hartu zuen burdina khoroa,

Eginez Bizerrege Beauharnais gaztea,

Bere ama zuena haren emaztea.

Aitzinean zituen asko lur beretu,

Eta zuen Europan khexamen hedatu.

 

Pitt zutela buruan, erresumak ziren

Abiatu higitzen bakezko ienderen.

Prusia, Suezia, eta Autrixia,

Hazkar zutela alde berekin Rusia,

Bildu ziren, hitzetan gerla egiteko;

Asti etzuten izan elkar ikusteko.

 

Arranoak bezala, bolatuz airetan,

Rhinan zen Napoleon agertu betbetan.

Sartzen da Bavieren, Danuben higaten,

Inguru bedurrean duela ematen,

Eta gudu orotan bethi bitorios,

Ulmen sartzen, austriar egorriz adios;

Laburzki ehun mila soldadu zaurthurik,

Hiru hogoi bat mila trebeska utzirik,

Aintzindari hautuak zuztela berekin,

Berrehun kanoi eta ehun banderekin.

 

Fransesak segitzen du bidea aitzinat,

Eta bortxaz sartzen da harmetan Vienat;

Bainan ez da gelditzen, rusen segitzeko

Eta hekin lehoina guduz ikusteko.

Baziren ehun mila rusiar harmetan,

Hiru hogoi bat mila franses gorenetan.

Etsaiek bazituzten bi enperadore,

Ankas bat zori gaizten bazitzaiten ere.

Austerlitz zuten egin guduko tokia,

Begiztatzen zutela ustez bitoria.

 

Napoleonek zuen tokia on hartu,

Hekin arrimuz gora zelarik burlatu:

«Bihar arratsa gabe, etsaien harmada,

Iainkoak nahi badu, gure izanen da!».

 

Urthe bat zuen xuxen zela khoroatu,

Soldaduei zioten hori gogoratu,

Arren urthe burua seinala zezaten,

Bitoria zutela bestan eramaten.

Sobra zakien ungi sistatzen soldadu,

Ez ikusteko lehoin hasiz geroz gudu;

Eman ziren airetan harmadun guziak,

Eta bildu zituzten bethiko liliak.

Etsaiak egon ziren, nihoiz ez bezala,

Gudu tokia oro gorritzen zutela.

Napoleonen hitzak izan zuen menta,

Hark erran oro ziren hala hala gertha.

Etsai hilak baziren berrogoi bat mila,

Hetan naski zaurthuak kondatzen zirela.

Aspaldi etzen egin halako sarraski,

Asko indarrei zuen bidea ideki.

Ez gare mintzaturen bandera hartuez

Ez eta ere kanoi trebeska utziez.

Soldadu fransesa zen hain handi agertu

Non Napoleon bera baitzuen harritu.

Etzen gai emaiteko araberan sari,

Hainitz zarraikon arren haren indarrari.

Gora zuen aithortu bere ezeztasun,

Bantatuz soldaduen hango handitasun.

 

Etzakien harmadak zer egin harentzat.

Etzagutzaz (sic) bethea haren ungientzat;

Hartu zuen xedea zerbait egiteko,

Aitu zen dorre baten hari altxatzeko;

Bainan eskas baitzuen behar zen kobrea,

Ioan Napoleoni Soult, arin airea:

«Emaguzu kanoia, zerbait egiteko,

Lehen guduan dugu ordain bihurtuko».

 

Bi ilhabethe gabe, Austerlitzko suan,

Napoleonen paga sobra zen pisuan!

 

Prusia egotu zen dilindan bezala,

Nihoren laguntzetik begiratzen zela;

Bainan, gudu ondoan, zituen egorri

Solasik ederrenak nausitu zenari.

Napoleon etzuen horrek enganatu,

Erran zuen garbiki nola zuen kontu:

«Agur horren hirriak neretako dire,

Zeren ene lehoinak nausitu baitire».

 

Enperadore zuhur, austriar nausia,

Izatu zen geroztik aski ikusia;

Ethortzeko aphalik Napoleon ganat,

Aphur batentzat sarthuz bufudiak barnat;

Eta zuen aurkhitu Kanpa txar batean,

Nondik baitzion erran, hirri egitean:

«Bi ilhabethe huntan, hau dut palazio,

Enperadore iaunak holakoz zer dio?».

Austriarrak zuen ihardetsi ungi,

Eta garbiarazi beltz zuken arpegi:

«Tokiez badakizu hala baliatzen,

Non oro baititutzu lehenak ezartzen».

Egin zuten bakea, utzi gabe elkhar;

Etsai gelditu zena Rusia zen bakhar;

Bainan hark ere zuen ingurua hustu,

Bere parapiotan egiteko xiztu;

Zilhegi bazen hori, galduz ieneralak

Eta soldadutarik, hoita hamar milak,

Prusiak utzi zion Berg Napoleoni,

Ezdu nihork egiten hori edozeini.

Napoleonek gero Murati Berg eman,

Koinat hori baitzuen handiski ariman.

Napolesen errege Josep zuen egin,

Bavier andre batez Eugene berregin.

 

Gauzak oro zohazin nahi zen bezala,

Bainan orroit egunak gau hurbil duela;

Pranses (sic) untziak ziren berratuaz ioan,

Abukir ahantzi zen guzien gogoan,

Marinelak zabiltzan, jirarik burua,

Balentriekin bethez ureko mundua.

Villeneuvek Caldero ia zuen zafratu,

Damurik zela gero Kaditzen panatu,

Ordena zuelarik, Bresterat sartzeko!

Oren gaxtoak zuen egin ondikozko.

 

Angelesek zioten bidea zerratu,

Trafalgar inguruan hobia lauzkatu,

Bera zenean hasi guduan zoroki

Eta etsai eskurat erori itsuski.

Gravina lagun zuen, español untzitan,

Hiltzen iakin zuena bederen harmetan.

Fransesak ere ziren ungi peleatu,

Lehoinen pare ziren guziak agertu;

Bainan orena hala, angelesek zuten

Bitoria eraman; pagatu baitzuten.

Galduz gizon metaka bere untzietan

Eta amiral Nelson, trionfen erditan.

Etzuten beraz izan atsegin osoa,

Fransesa itsasotan uztean ehoa.

 

Berriak Napoleon zuen asaldatu,

Etzuen zorigaitza untzitarat deithu.

Egin balire gauzak, hark erran bezala,

Ezbalitz bere buruz ioan amirala,

Angelesak etzuen luze bizitzeko,

Egina zen gathea haren urkatzeko!

 

Xatamen seme handi Pitt deitzen zutena,

Hil zen angeletarren, utziz dolu mina.

Iakin zuen nola bil dirua kaxarat,

Nola mintza gorrenen beharri nagirat.

Bakharra zenaitzalen lillurikatzeko,

Gorphutz hiletan ere sua hedatzeko;

Bazuen ahal handi, bainan Douvreraino,

Franziak mugarria zuen tokiraino.

 

Bizirik balin bazen angeles gelditu,

Iainkoari eskerrak bihurtzeko ditu,

Napoleonen presa baliatu zaion,

Haren herra itsuak on ekharri zion,

Fox, axkide lehena Bonaparterentzat,

Murritz, hotz, agertu zen Napoleonentzat;

Halere nahi zuken bakea moldatu,

Herioak ez balu bere ganat deithu,

 

Franzian Napoleon zagoen bestetan,

Munduko lehena zen buru guzietan;

Eman ere zioten izen goiti handi,

Nihork gutik zuena ekharri aspaldi.

 

San Denisen zituzten erregek hobiak;

Napoleonek ere, han nahiz ariak,

Ezagutarazten du han bere aldare;

Bihurtzen du Eliza Pantheona ere,

Beneventeko printze Talleyrand egiten,

Rusiak azkenean amor du ematen.

Angelesa behar zen geroztik ehortzi,

Denborari astia balitzaio utzi;

Bainan Rusiak zuen bakea ukhatu,

Eta harmen bidea amarruka hartu;

Laugarren gerla bati emanez khar handi,

Eskupetik aitua bertzekin aspaldi.

 

Guti da Napoleon beldurtzen nihori;

Angeles lot dadila lagun Austriari,

Suezia ere iar neguko rusekin,

Ethorzteko (sic) batean hagin zorrotzekin;

Espanian Godoi has bedi oihuka,

Harmatu behar dela iendea murruka,

Erran gabe nor diren etsai io beharrak,

Izan ondoan <...> Napoleonekin,

Ikusi ahuspeka, haren ariekin;

Napoleonek behin gorra du egiten,

Alegia Godoiek ez hura ikusten,

Mintzo denean gizon traidorez hauzotan,

Pizten duela sua baster guzietan;

Bainan zitzaion sarthu buruan ordutik

Burbonen biluztea Madilgo (sic) khorotik.

Zauria behin zuen barnean itxiki,

Etzuen nihork iakin zerk zuen asiki.

Española ere zen sarthu urrikitan,

Ezeztatu zituen eginak airetan,

Hogoi mila soldadu laguntzat egorri,

Napoleon Baltikan suz zenean iarri.

Bainan etzen lokharri leheneko bera.

Gaitz xumeak gaitz handi badakhar ardura!

 

Erdaldunak balire egotu gelderik (sic),

Napoleon zenaren bethi ikusirik,

Harenekin harmadak egarriz gerletan,

Han arte bezala, lur eta itsasotan,

Etzuen asmatuko hekin beretzea,

Edo español khoroz nihoiz iabetzea;

Gauza bat zioena zorigaitz ekharri,

Edo zuena gero minetan ezarri.

 

Angeles gura ziren gerlako bideak,

Europak ziotzaten laguntzen xedeak;

Elkhar aituak ziren banazka higitzen,

Prusiak zituela aitzin bide hartzen,

Bi ehun mila gizon emanik harmetan,

Eta gehiagoak galdetuz etxetan.

Brunwick zaharra zuten guzien burua,

Errege erreginaz zela lagundua.

 

Napoleon handia etzen lo egotu,

Ustekabez bezala Banbergen zen kaustu.

Jena gerostik da non nahi aiphatzen,

Prusiano odolak duela gorritzen;

Fransesek bilduz bere gerlarien gurak,

Ezin hits dituzkenak nihoizko denborak.

Sarthu, bai sarthu adar barna Prusiari;

Abantzu ehortzia, eman ihesari,

Weimaren ondarrak segitzen zirela,

Gathu zehatu batzuk iduri zutela.

 

Hoita bortz mila gizon utzi zuzten hilak,

Itxuren arabera, ez azken muthilak.

Hartu zuzten fransesek kanoi hiru ehun,

Bandera hiruhogoi, Kaxaki berrehun,

Hoita hamar bat mila soldadu bizirik,

Etzuketenak eskas berekin nausirik.

 

Frederic Guillaume zen aphuru hertsitan

Segurantzarik gabe nihongo hiritan,

Fransesa norat nahi gai baitzen sartzeko,

Iostetak zituela trabak trionfako.

Hura dabillalarik beldurrez ihesi,

Napoleon Postdamen etsaiek ikusi,

Bitoriak zuela non nahi segitzen,

Bazterretan axkide zitzaiola sortzen.

Errege bat Prusiak izan zuen handi,

Orroitzekoa nahiz hila zen aspaldi;

Etzen berthutez izan aiphamen handitan,

Bainan gerlan agertuez bihotz hautatutan.

Napoleon zen gizon prezatzen iakina

Edozein balentriak altxa zukeiena.

Hartu zuen ezpata, eder Prusiako,

Frederic zuenean esku makhilako,

Eta egorri handik Franzia alderat,

Bere nausitasunen bahi izaterat,

Arrano beltza lagun, zinta gorrietan,

Prusiarren banderak, gardun loretan.

 

Daverest egun berean Berlinen zen sarthu,

Holsenlohe Muratek Prenslaven zafratu.

Etzen hobeki Bluchs Lubeck inguruan,

Bernadottekin Murat baitzuen buruan.

Galdu zituen laster urtheren loreak,

Kanoi eta bandera, harmen ohoreak.

Hasi bazen, hasi zen, angelesa gerlan;

Etzuen zeren bilha Baltika alde lan:

Suezia, Hanobre, Hamelen, Nienburg,

Fransesen iarri ziren, nola Breme, Hanburg

Prusia, ezpatako mendetan nausia,

Arinki gelditu zen kasik ehortzia,

Errege zabilkola ihesi, lasterka,

Izateak egorriz, io arte erreka,

Hogoi mila soldaduz segitua xoilki,

Bere erresumatzat bi aldamen xiki!

 

Berlinen Napoleon hari zen legetan.

Eman zuen Franzia Nazimaletan:

Gizonek behar zuzten harmak etxeraino,

Hiru hogoi urtheak bethe zituzteino.

Orotarik behar zen hestu angelesa,

Irlaz kanpo lagunik ezin izan gisa;

Behar zuzten fransesek io haren lagunak

Non nahi zituzketen egiteko lanak.

Atzeman ahal oro, khen ziotzaketen,

Gerlako galde minek hori nahi zuten;

Ez da zeren mintzatu kontra bazterretan,

Napoleon zen gerlan arrano begitan.

 

Espania deskansu egon balitzaio,

Rusiako gerlari hats eman balio,

Angelesak etzuen hanitz bizitzerik,

Ez bazuen Franzian berezten nausirik.

Berak ikusi zuen zela hirriskutan;

Nahastale zabilkan urrekin orotan,

Zorrozten zituela harmak minkienik,

Biziaren beldurrak sukharra emanik.

Galdu zuen orduan gizon bat handia,

Fox, etzena izatu fransesen etsaia.

 

Prusiako errege zela Polonian

Napoleon ioan zen, haren aitzakian

Eta ikusi zuen polones iendea,

Haren alde hautatzen gerlako bidea,

Nahiz hala altxatu berre erresuma,

Maite zuena, nola haurrak bere ama.

 

Rusiano iarri zen austriarren alde;

Bainan axkidekoa izan zen debalde;

Berratu balin bazen axkidez gudua,

Gehiago bezik ez gelditu zaurthua.

Galdu zuten bizia dozena bat milek,

Harma guziak galdu bizi eta hilek.

 

Rusiarra ioan zen bere aldetarat

Tirriatuz fransesa haren segitzerat,

Uste baitzuen egin neguko hormetan,

Etzukeiena egin aroa eztitan.

Napoleon behin ez ondotik lerratu;

Beharrik amarrua zuen ezagutu.

Varsovian egon zen pausatzen bezala,

Etsaien aurkhitzea etsi etzuela.

 

Saxek hartu zituen harmak fransesentzat.

Napoleonek eman errege saritzat,

Errege etzutena han arte berea,

Nahiz aspaldi zuten halako xedea.

Saxen zaldiak ziren gerlako lehenak,

Luzean Napoleon lagundu zutenak.

Erresumak oraino franses zuen hazi,

Inguruan agortek zutenean hezi.

Hekin buruzegia (sic), Europan zaharra,

Napoleonek zuen aurkhitu hazkarra,

Ekhartzeko khoroa aria maitetan,

Emaileren bezala, ienden ohoretan.

 

Azken guduak zuen Napoleon eman,

Nihor baino gorago, lurren erresuman;

Altxa zuken burua, erabil ezpata,

Dixida gerlaria, zenbat hanitz baita.

Bihotza gora zuen, ez eskas indarra,

Lehoinen parekoa soldadu zaharra.

Sarthu zen Weimarren, eta zuen kaustu

Hango Dukes andrea min handiz gorritu,

Zeren zuen senharra Prusianoetan,

Aitzindari iarria franses higintzetan.

Napoleonek zion egin begitarte,

Hitz ezti hauk ahotik adirazi arte:

«Andrea, senharrari zaio baliatzen,

Zu hemen egotea ni ikusiz heltzen;

Etzintuzten ihesek hain ungi utziko,

Zure uste onari diot barkhatuko».

 

Hess Casselen ere andregai beharra

Hartu zuen harmekin, begitan nigarra.

Erditzeko menerat kasik ethorria,

Zituen oroz ere arras biluzia,

Etziteken lurrean nihor gaizkiago,

Ez eta ere naski lotsa gehiago.

Napoleonek zion dirua egorri,

Bendeku oihuari tapatuz beharri.

Etzen guzia hori deskansu zagola,

Seme bat aitzindari hirian zuela,

Norbaiten eskuetan hor dute kausitzen

Letra bat erregeri ziona egortzen,

Errateko fransesa nola zen abian,

Eta zer bide zuzken har bere aisian.

Horren gatik iaun horrek hil beharko zuen,

Guzien mihietan bidea bazuen.

Napoleonekin da laster ama buruz,

Erranez ez diazan senhar gal inguruz;

Ez duela semea gizon asmatzeko,

Erran duketeiena haren urkhatzeko.

Napoleonek zion erran berehala

Senhar beraren aithor eskutan zuela:

«Horra, irakurrazu letra bat harena,

Eta erranen duzu baduen hobena».

 

Eman zion segidan letra eskutarat,

Eta zen andre hori erori lurrerat,

Ezin ukhatuz gauza egina senharrak,

Bere eskuz zituen hedatu bilhurrak!

 

Izorra zen bezala, haren ikuspenak

Sorrarozi (sic) zituen bihotzeko minak;

Hil bezala zenean luzeki egotu,

Bainan arthez ondoan onerat bihurtu,

Napoleonek zion hitz eman eztiki,

Adiraziz grazia ezin iguriki:

«Andrea, letra hori da froga bakharra,

Gaizki iokatu dela zuk duzun senharra;

Hori baduzu beraz kharrerat etxatzen,

Haren kontrako harmak dire ezeztatzen».

 

Korsua zen orduan lilitan igeri,

Aski balantria zen itsasotan hari:

Allemand, Linois, Pellot, Lermis, Dornaldeguy,

Sallaberry, Villaumez ilkhi ziren ungi.

Nork erran zenbait untzik egin balentriak!

Ikharatu zituzten angeles guziak,

Etzitezken athera baizik oste handiz,

Arrantzan behar zuten untzi zorrotz gaindiz;

Tratuak etzukeien deus hainitz balio,

Hil hurren zitzaioten bere komerzio.

Aitzen ziren berriak nola ziren ioak,

Egitean itsasoz iheska hildoak;

Untzi txar batek hamar zituen izitzen,

Edo lau, bortz, aldian, berekin ekhartzen.

 

Fransesa zagolarik neguko bidetan,

Hasi rusianoak kirtzika tzarretan;

Etziren atheratu nahi bezin ungi,

Ikustean agertzen fransesen arpegi.

Eylan hautatu zen harmen miratzeko,

Austerlitz bigarrena, etsai hondatzeko.

Sei mila rusiano egon ziren hilak,

Etziren gutiago kolpatu muthilak.

Keenisbergen sarthu zen hamasei bat mila,

Ezin itxikiz Chizpa, hain guti nekhila.

Kasik bertze hainbertze fransesek atzeman,

Bortxaz bederen amar zutenean eman.

 

Beharrik ziren hormak lodi bazterretan,

Trabatzeko mausiak bere trionfetan;

Etziteken bertzela rusiar eskapa,

Etzaukan ahantzirik gudutako tapa.

Ezpata errainetan urrun egorria,

Etzuen gaski (sic) galdu neguko hisia.

 

Lefevrek hartu zuen Dantziek Setioan,

Lannes, Oudinot, Sehramm, zituen ondoan.

Hiri horrek zituen zainak estiratu,

Indarraren pikainak orori galdetu.

Han baitziren etsairik hoberenak iarri,

Eta baitzitzaizkoten laguntzak ethorri.

Bainan inhork etzuen franses kontra indar,

Bessiere, Lefevre, Murat, ziren hazkar.

Bigarren horrek zuen setio gidatu,

Napoleonek ere zuen saristatu.

Etzen hargatik egin oraino bakea,

Angeles nahasiak bilhatuz artea,

Agintza ederrekin, rusen harmatzeko,

Eta bere beldurra hola urruntzeko.

 

Hiru mila rusiar Doppen dire galtzen,

Ney dute buruan fransesek mantzen;

Gainerakoak dire ematen ihesi,

Zango arinagorik guti da ikusi;

Ezpata errainetan ziren eramanak,

Utziz kanpo tokitan ilhabethen lanak;

Hartu zuten segidan Frieland fransesek,

Husten zutela arin rusiar filusek.

 

Iguzki eder batek emanez harmetan,

Napoleonek oihu egiten orotan:

«Egun dohatsua da, seinale onekin,

Iguzkia sortzen da Marengo bestekin».

 

Etsaien ezker alde laster da zehatzen,

Alleako alderat gehienek hartzen;

Handik urabehera nahasiz iotzeko,

Marxand bere hartzekin dutela ondoko.

Gardia inperial, rusiarren gaina,

Oinez eta zamariz lehen zaukatena,

Zelhatua izan zen, eta sarraskitan,

Egorria ihesi, biribil galtzetan,

Peza kolpe ondotik husu zohakola

Eta lerro osoak iotzen ziotzala.

Hestuak orotarik, ez iakin non geldi,

Utzi zioten harmei lerrotan huts handi.

 

Harmadaren erdian etzen sua hiltzen,

Nahiz hainitz etsaiek bizi zuten galtzen;

Hango rusianoek harrokak iduri,

Nahi zuten itxiki franses lehoineri.

Urrun zuten beldurra aspaldi utzia,

Bonbak zer ziren ere, kasik ahantzia;

Bainan Oudinot, Verdier, Lannes garaitzeko,

Behar ziteken gizon, etzen bezalako.

Nahasarazi zuten etsaien erdia,

Iduri zuen arren han arte harria.

 

Hegal eskuinak zuen oraino ematen,

Korsakok, hil ahala, su ziola pizten;

Halere, nahiz zuen gizon gehiago,

Fransesek baino antze zuen gutiago.

Mortier zuen kontra guduko bidean,

Mortier ez beldurra herio menean.

Hari ihes ioan zen Frientland sartzeko,

Iakin gabe iadanik zela Franziako.

Ehoak, preso kasik, alde orotarik,

Seguregi herio gibelat harturik,

Ura behera ziren ioan gehienak,

Eta aise kondatu athera zirenak.

 

Hamabortz mila ziren guduan gelditu,

Bidetan hil zirenak nork errandu ditu?

Etsai ondarrak ziren egon biluziak,

Galduz kaxetaranio zituzten guziak.

Kanisberg hartu zuten fransesek segidan,

Eta han kaustu ere zer ian eta edan,

Hirurehun bat untzi arintzeko gerla,

Urre eta zilharrez erabil ahala,

Hein bat bi ehun mila xispa angelesak,

Rusiarrei egorri axkide herresak.

Franses etsai guziek harmak han zituzten,

Handik herioari su ematen zuten.

Ithurri abaratsa etsaientzat hura,

Bainan behingo zuen galdu bere ura.

 

Napoleonek indar bazuen orduan,

Bi zathi egin zuzken nahirat munduan,

Utziz Rusiarentzat iguzki aldeak

Eta beretzat hartuz mendebal bideak.

Teltsiten egotu zen pausatzen bezala,

Harat mundu guzia beira zagokola.

 

Soldadu asko ziren hasiak unhatzen,

Etziren gehiago hiltzeaz iostatzen;

Hainitz ziren erori guduko bidetan,

Gaindiz ziren zauriak gorphutz guzietan;

Bazitusten batzuek bere ontasunak;

Gehiagoak ziren deus gabe zirenak,

Eta bizi nahiak deskansu herritan,

Bere buraso maiten inguru eztitan.

 

Autrixia, Prusia, berekin Rusia,

Xahuturik bakhotxa harmaden pesia,

Beira zauden nola zen Napoleon mintzo

Utzi gabe mihia, nola baitzen atzo,

Erraterat zoroki etzela beldurrik

Fransesek zituztela hasteak bakharrik.

 

Niemen egin zuten, uraren gainean,

Egurrezko zola bat, lan handienean,

Eta han Alexandre Napoleonekin

Mintzatu zen bakeaz, bihotz garbirekin.

Prusiako errege etzen gabe beldur,

Etsuken iguriki alderako agur,

Napoleon baitzuen ihesi itsuski,

Egiteko artetik traidoren asiki;

Utzi zion halere erresuma erdi,

Ez nahiz ezeztatu Alexandre handi.

Etzuen horrengatik osoki beretu,

Denborak barnekoak erakusten ditu;

Ethortzean parada ungi pagatzeko,

Harturen ditu harmak kontra egiteko.

 

Hasi zen Napoleon anaien altxatzen,

Hetarik hiru gora errege ezartzen,

Eta oro zirela nolaspeit moldatu,

Angelesa bakharrik zen bazter gelditu,

Aphaldua, ixilik, gathetan bezala,

Dixiduzko ezpata buru gain zuela.

Franzia zen orduan munduko lehena,

Errege zuen kasik haurretan askena.

 

Angelesak Portugal alde zuelakotz,

Ixuri bat bazuen bere gauzendakotz.

Napoleonek hori ez ungi ikusi,

Eta bide trabatzen berehala hasi,

Egorriz Portugalat Junot ienerala,

Han eman zezan arren angelesak hola.

Hango erregea zen Bresilat ioana,

Utziz bere lurretan nausi nahi zena,

Nahiz gauza errex zen tokien zaintzea,

Ikusiz non nahi den hango menditzea,

Eta ere fransesak gosez iretsiak,

Bere biziz erdiak bederen etsiak,

Zeren bide luzean lehertu baitziren,

Eta doiean xutik ondar batzuk ziren.

Hamabortz ehun ziren Lisbonen sartzean,

Zaldi eta kanoiak gibel sasitzean,

Orthuts kasik guziak, larruak ageri,

Itxura gehienek herio iduri.

Horra zer iendek zuten khoro Portugalen,

Etzen bada mendea errege ahulen!

Fransesa nausitu zen oren errexean,

Gudu bat egin gabe hirian sartzean.

Erran ere badar da, fransesen izena

Gai zela emateko beldur handiena.

 

Napoleon orduan gai zen orotako,

Indarrik handienak zituen meneko.

Egin ere zituen Printze, markis, konde,

Inguruan zituen guziak axkide.

Etzen ethorki behar izateko handi,

Aitoren semea zen ahantzi aspaldi.

Handitzeko aski zen ungi gidatzea

Bakhotxak herrunkako zuen burutzea.

Edozein gortherat zen lanekin higaten,

Eta zuen khoroko lilia egiten.

Napoleonek hemen huts bat egiten du,

Haren orroitzapena nihork ez du galdu.

Fransesekin zabilan lagun Españia,

Hauzo bezala bethi ungi ethorria,

Errege zen orduan Karlos laugarrena,

Iadanik zahartua, indarra ioana,

Manuel, Godoiren nahiak eginez,

Bihotza atzemanik zenbat oren onez;

Napoleoni zion harmada ematen,

Untziz ere itsasoz laguntza egiten;

Bainan etzitzaioen hori izan aski,

Egin zion ondikoz azpitik asiki!

 

Fernando etzen ungi bere aitarekin,

Zeren hunek zeraukan Godoi berekin;

Hola zen erresuma bi alderdi iarri,

Gauza ondorio tzar zuena ekharri.

Franses soldadua zen sarthu Españian,

Errege laguntzeko zuen aitzakian,

Bainan guti baitziren xuxentzen makhurrak,

Kanporatu zituztan (sic) barnetik adarrak.

Napoleon Baionan zelarik egoten,

Espaniako iaunei manatu zioten,

Ethortzeaz harekien gauzen xuxentzeko,

Karlos eta Fernando bakez ezartzeko.

Ethorri zirenean, maska arthikirik,

Erran zioten nola, khoroak utzirik,

Behar zuten bethiko Espania hustu,

Eta hango, bertze bat, nausi ezagutu.

Etzituen errexki ekharri hortarat,

Bainan erori ziren nahiz zen borxarat.

Beraz, Godoi, Karlos, eta erregina,

Trinitate ariaz elkharri zagona,

Italiarat ziren ioan ophur baten,

Fernando Valenzian zutelarik uzten.

Napoleonek zuen eman Espanian,

Bere anaia Iosep, ustez bitorian;

Bainan etzuen hartu, hark uste bezala,

Ordutik Españia herran sartzen zela.

 

 

Sobrak sobra baitire, podore handiak

Gal distuzke (sic) indarrak, hautsiz murruak.

Gerileroak ziren mendiz abiatu,

Eta behingo sua handi zuten piztu

Non nahi buruz ziren franses soldaduri,

Zorigaitz bertzetarik urruntzen zenari!

Angelesa aspaldi baitzagon zelatan,

Hedatu zuen harma español bidetan,

Egori bethi gizon indar berratzeko,

Ezin galduz gogoa franses hondatzeko.

 

Aspaldion fransesek beldurrik etzuten,

Non nahi bitoria segura zaukaten;

Bailen izan ziren gaizki ethorriak,

Han zituzten atzeman lehen elhorriak,

Han ziren soldaduak eman ihesari,

Utziz asko bandera bere etsaieri.

Ez hola ikusia, Napoleon handi

Etzen negu aldean egon ahal geldi;

Bainan ikusiz nola espagñol zaharra

Hasi zen harma xuriz hedatzen beldurra,

Egiten ere hainitz sarraski bidetan,

Hilez atzeman oro franses arropetan,

Ioan zen bere buruz gerla egiterat,

Sarthu ere errexki Madrilgo hirirat.

 

Rhinarat Napoleon baitzuten galdatzen,

Harat da arranoa Madrildik botatzen.

Ikuziz (sic) austriarrak ioan zela urrun,

Errenkura bihotzak eginez berrehun,

Ustez ere padara ona zukeiela,

Harmak hartu zituen berotuz odola.

Lehen egunetan da Bavieran sartzen,

Tyron bera segidan duela beretzen.

Napoleon badoha Parisko hirirat;

Hala nola Paristik Rhinaz bertzalderat.

Laster du Baviera beretzen harmekin,

Errege dioela itzultzen berekin.

Abensberg, Laudshur, Ekmul, lauhazkan arthikiz,

Ratisbonne, Ebersberg, kolpe minez ukiz,

Bitoriaz Vienna bere du egiten,

Eta handik Erroma fransesei ematen.

 

Aita Saindua preso ioan ez baledi

Izar geldi liteke Napoleon handi;

Savori eta Grenoblen behin ezarria,

Fontaineblau laster zen izan egorria.

Bainan etzuen galdu deus Aita Sainduak,

Ez baitzuten ibiltzen iaunek ez munduak.

Erregen ikhara zen; gizon handiari

Eman zion zer egin, nahiz haur iduri.

Etzuten dixiduek batere izitu,

Hain guti afruntuek oren bat khexatu.

Kaustu zuen Franzian fedea bizirik,

Berak ikusi zuen bidez zohalarik;

Iendea iartzen zaion urrun belhauniko,

Nahiz gathibo zohan, dohain galdetzeko.

Karrosatik zamari laxatuz askotan

Iendek zuten eraman bide batzuetan.

 

Sarthu zen franses Lobaun, Danube ondoan,

Eginez bere zubi, zimendu sendoan.

Eslingen galdu zuen Lannesek bizia

Gerlako dohain zuen prezatu hazia.

 

Lau ehun mila gizon baziren harmetan

Wagramen gero egin ziren sarraskitan;

Han zuten austriarrek galdu hainitz iende

Eta ondarrek oihuz berek bake galde.

Izan zuten bakea, bainan ere gosta,

Etzelakotz gudua nihoren iosteta;

Galdu suzten Istria, Frivul, Kroatia,

Karneol, Illiria, eta Dahnetia.

 

Angeles harmada zen Zelanden agertu,

Dohatzu balin bazen arin eskapatu.

Hark eman zuen bide Hollandan sartzeko,

Eta hollandesaren fransez egiteko.

 

Gora zen Napoleon ezin gehigo,

Bazuen ohorea buruaz gorago;

Bainan etzuen haurrik Josephina ganik;

Uzten du andre hori etsaiak emanik!

Malmaisonat badoha ixil Josephina,

Napoleonek hartzen andre dohakona!

Atzematen du aise errege gorthetan,

Austriaren gortheko alaba haututan.

Hemendik hasia da goibeltzen izarra,

Nahiz hori aitzean egin duten farra.

Gizon zen Napoleon, bertzeak bezala,

Iakin behar zukein lege bazuela;

Bertzentzat zazki zena hartan etzen ungi,

Nausi gainean dute azpikoek begi!

Giristinotan nihork etzion barkhatu,

Zeren zuen bigarren andrea hautatu.

Gauza xume da hori hainitzen begitan,

Flako baitute fede sainduen bidetan;

Bainan guziak ditu Iainkoak ikusten,

Nahiz ez duen deusik nihori erraten;

Eta hanbaten kontra gauza egitea,

Kolpatuz katoliko denen sinhestea,

Gauza da ez-arina, bainan dorphetarik;

Handiek ere lagun behar bertzetarik!

Gora iarri direnei etzaite zilhegi,

Ez laukatena berek nihorentzat ungi.

Ezdu mirail beharrik ozar den gaizkiak,

Ez dituzke besoak sobra itxikiak.

Batek egin duena bertzentzat ungi da,

Hola dute gaizkiek bethi abiada,

Hola dire ethortzen nahasdurak maizko,

Erresumen erraiak hilka ibiltzeko.

Egin lukena bati Eliza sainduak,

Nahi luke nor nahik, higituz debruak.

Napoleon ez balitz ezkondu bietan,

Hobeki izanen zen xristau bihotzetan;

Bazuen sinhestea nahi zueneko

Etzen Bernadotte bat deusetan nahiko;

Agerian erran du mundua guziari

Etzuela sinheste salduko khorori!

Bainan gizona gizon, eror baititeke,

Haren huts aithortzea gaizki ez diteke;

Zertako gorde hutsa, guziek iakina,

Zeinaren ondorio baita dakiguna?

Zena zen egon balitz, Napoleon garbi,

Ez balu ganbiatu gortheko zurubi,

Ez, bat bizi zuela, bertze andre hartu,

Lehena nigarrean bethiko hondatu,

Hil ziteken gorthan utzirik ondoko,

Bere anaien seme zena hautatzeko,

Ez baziren anaiak bizitzen luzeki

Beretzat beiratzeko tronurako alkhi.

Urtheak ioan eta, zer dugu ikusten?

Hark nahi etzuena, Iainkoak onhesten!

Napoleon hirua etzen tronurako,

Baliatu balitz haur ezkontza kontrako!

 

Ez da guri sobera hemen erratea,

Uzten Napoleonez bertzen sinhestea.

Urthe ioan orduko bazuen semea,

Nihor ez bezala zen agurtu umea;

Erromako errege egin zen hastetik,

Besta handiek zuten segitu ondotik.

Bozkario guziak aitak erakutsi,

Gasturik handienak batere miretsi.

Bizkitartean etzen lehen bezin maite,

Hutsek ondorioa bethi uzten dute;

Aita Saindua zuen hertsatu sobera,

Horrek khexatu aphez zuena gogara;

Amak etziren alde, semeak galdurik,

Sua bazohan hola bihotz askotarik.

Gerla bakhotxak zuen hainitz gizon behar

Laborantzako ziren zenbait atton zahar;

Errenkurak baziren eta ez xumeak,

Pean hiltzeko ziren sor ahal semeak!

 

Bitoriek zituzten oihuak ithotzen,

Balentriaz baitziren orotan hedatzen;

Eta handi ere zen enperadorea,

Non nahi zuelakotz ogale lorea

Eta zeren Franzia zaukan handiturik,

Ezdu orai erdia lur ordukotarik.

Danemark zuen orduz izari negutik,

Rhino seinalatua iguzki aldetik;

Egerdian berritz Sizilia biak,

Edozein erresumen Khoroko liliak.

 

Eremu hoitaz kanpo, izarrak bezala,

Noratnahi Franzia segitzen zutela,

Hor ziren Vestfalia, Saxe, Polonia,

Baviera, Wurtenberg, Suizia, Prusia,

Portugal, Españia Italierekin,

Iduri bethi behar iguzkiarekin.

Etzuen iraun behar handitasun horrek,

Ezin iasana baitzen gorthetako herrek.

 

Iarri zen gerlan finki Español gogorra,

Etzuen bitoriez egiten adarra;

Etzen on fransesekin gudu egiteko,

Baimen hoberena zen artetik hiltzeko;

Lau ehun mila gizon gerlari lehenak,

Bitoriaz non nahi ibili zirenak,

Suntsituaz zohazen gerla itsuetan,

Biziez gabetuak nonhaiko zokhotan.

Gizon galtzeak hola zuen argiratzen

Franses iende nola zen errexkien zaurtzen.

Sasitan zen Español non nahi gordea,

Zelatatuz hiltzeko bakhunen iendea,

Edo atzemateko ianketa zohana,

Soldadu zenbeitekin, eginik itzaina.

Deus etzuten balio kanoien meneko,

Nausi zakiten franses gudu orotako;

Bainan bethi ehoak, bethi sortzen ziren,

Herensuge bezala, kontra fransesaren.

 

Etzen bizi luzerik atzeman gaxotan,

Herioa iarri zen arropa beltzetan;

Emaztea gizon zen gerla ilhuneko;

Komentuak soldadu, su pitzarazteko:

Hortako zahar, gaste, haur bulharrekoak,

Zaramatzan ausarki franses herioak!

 

Angelesa zokhotik bere herrarekin,

Su ematen hari zen ahal guziekin.

Bazuen Dorbalenton, gizon aiphatua,

Eho zuten orduko, bethi altxatua,

Buru hotzeko gizon, ona irauteko,

Egiten zen guduan lehena Kadizko!

Bazakitzan bideak ihes orenetan,

Irabazi guti zen haren ehotzetan;

Ianaria bazuen, itsasoa bere,

Etzuen beldurtzeko herrietan ere.

Etzuten nihon etsai, fransesak bezala,

Alde zuen non nahi iende española.

Angeles oro zuen manuen azpiko

Etzuen bertze batek deusik errateko,

Hark nahi zuenean norapeit athera,

Egin zuzken guziak xeden arabera.

 

Etzen hola fransesa aspaldi guzian,

Etzen elkhar aitzerik hetako nausian;

Ieneral bakhotxa zen bera bere nausi,

Etzuen nihor nahi manatzen ikusi.

Bakhotxa bazituen bere bitoriak,

Bainan guti zirauen hainitzen hirriak.

 

Zaragoza hiri bat zaharrenetarik,

Bere haurretan kaustuz odol berotarik,

Seinalatu izan zen harmekin bethiko;

Fransesez bertzei on zen bethi irauteko.

Ehun mila gizonen erdi zuen galdu,

Hek ziren bethi nahi zuketenak zaindu.

 

Kaditzen españolek iunta eman zuten.

Iduriz ephe gaxto hautatu baitzuten,

Negu aldean zuten tropa hoberena.

Napoleonen lagun arian ioana,

Ahantziz Pireneak axkide ordutan,

Iarria ere handi guduko lanetan.

Etzuten erregerik elkharren aitzeko,

Halere bildu zuten franses xahatzeko.

Berak, bere indarrez, gerlan ziren iarri,

Gobernu ere zuten tieso ezarri.

Handitan guti zuten laguntza aurkhitu,

Gehienak beldurti baitziren agertu.

Halere munduan zen iende lehenari,

Gerla oro ikusi soldadu handiri,

Buruzagi zutenek nausi hoberena,

Napoleon su eta burutan lehena,

Espagñolek besoa zioten altxatu,

Haburinekin zaizon kontra abiatu,

Iakinak aspaldion gaitz denen berriak,

Amor ez emateko lege pizgarriak.

Iokatzen dire ungi, zuhurtzia iari,

Egundaino bertzerik ez-egin iduri;

Edozein ezkinetan elkhar zuten aitzen,

Min berek baitzituzten bihotzak distatzen.

 

Zortzi ehun lekhutan baitzen Laromana,

Bernadotek berekin lehen eramana,

Aitu zuen ordutik espainolen berri,

Bilhatzen du arinik bere sortze herri.

Hirur urthe handitan iraun zuen gerlak,

Bortz buru arraildurik berunazko balak,

Eta Napoleonek etzuken garaitu

Iende bat, zituena bere harmak hartu,

Beiratzeko sinheste, errege bezala,

Ikusiz aldarea arrobatzen zela.

 

Fransesek bitoria hainitz eramaten,

Bazter guziak harmez lazduran ematen,

Ieneral gehienek biltzen ohoreak,

Erregek etzituzten hautatu loreak;

Bainan azken buruan, espainol nausitzen,

Eta bere etsaiak herritik kasatzen.

Iosep zuten Madrildik ihesi egorri,

Kolpe tzar Bitorian zioten ekharri,

Utzaraziz urreak sartzeko Franzian,

Berritz ez gibeltzeko emanez etsian.

 

Fransesa Espanian behiti zohala,

Etzohakon neguan nahia bertzela;

Alexandre, itxura ederren ondotik,

Hasi zen atheratzen eztena golkhotik.

Angelesen blokeak min zion egiten,

Bere Komerzioa errekan ematen.

Haustan (sic) du beraz tratu Tilsiten egina,

Eta iartzen fransesen etsai handiena,

Emanez aitzakia, Napoleon zela

Ezin bizi gizon bat bertzeak bezala;

Guzien nausi bera nahi zela eman,

Etzitekela nihor halako atzeman.

 

Napoleon zen gizon etzena izitzen,

Eginbideak zion burua beretzen;

Eta beiratu gabe toki urruneri,

Hango hotz hirriskutsu, ezin iasaneri,

Ematen da xedetan Rusian sartzeko,

Eta haren iendeaz beso gorritzeko.

Biltzen ditu harmada ezin sinhetsiak,

Heldu zaizko bidetik lagunen pesiak.

Sei ehun mila gizon baziren arrotzak,

Fransesen zituztenak iduriz bihotzak.

 

Eman zen bera buru tropa guziaren,

Etzuken beldur izan lurrean nihoren,

Beretzen du Wilna, etsaia ehotzen,

Basa eta ogalez delarik trufatzen.

Aroa zuen bada ezin gaxtoago;

Ez da nihoiz erori hedoi pisuago!

Gaitzek ere iadanik txar abiadura,

Argitu nahi kasik geroko denbora!

 

Ihesari eman zen bideko iendea,

Harrestatuz berekin zuen arthaldea,

Xahutuz ianariak, ziren tokietan,

Hamen bat utzi gabe, franses haztekotan.

 

Alexandre, ikuziz, fransesa etzela

Suan bentzutzen ahal, edozein bezala,

Beharrik bide horri zitzaion orroitu,

Goseak indar oro zebatzen baititu.

Hor hemenka baziren rusiano asko,

Hiri eta arteken heinbat trabatzeko.

Bainan non nahi ziren arin egorriak,

Agertzean harmaden seinale gorriak.

Bitoriaz aberats, franses da hurbiltzen

Hiri rusek Esmolensk dutenetik deitzen;

Eta gudu bat zen han egin handiena,

Rusiano odolak gorritu zuena,

Ioaiteko ondarrak lasterka ihesi,

Hiri sutan emanik, fransesen ielosi.

 

Moskuraino joan zen fransesa nausituz,

Gose eta uriez kasik ez orroituz.

Rusianoak ziren han behin gelditu,

Noiz bait nahiz fransesa harmekin zehatu.

 

Rusianoa dabil aspaldi iheska,

Ez duke nihon egin etsaiei atheka;

Bainan erresumako hiri lehenean,

Haren haur handienak sorthu direnean,

Mosku enperadoren hiria ikusiz,

Haren begiratzea nihoiz ezin etsiz,

Iartzen da egiterat buru franseseri,

Eta su ematerat kanoi guzieri.

Herioa hurbildu bihotzari bada,

Deusetako den oro zainetan iartzen da,

Eta bilduz ahalak, doblez da handitzen,

Etsaia duelarik askotan harritzen.

Etzen bihotz gabea, rusiar gizona,

Irakutsi zuen ia kharrik biziena,

Iraun su handirekin gudu minenetan,

Ihesi ioan gabe, herio bestetan.

Halako iende batek egin zuken asko,

Erresuma bihotza iotzen ez uzteko.

Hartu ere zituen bide hazkarrenak,

Suntsitzeko ahalaz nahi fransesenak;

Harma guziak bildu, tokiak hautatu,

Nahiz azken hatsean, etsaia hondatu.

 

Napoleon sukharrez hari zen erretzen,

Etzuen zeren egon gaitzaren arthatzen;

Bere burua zuen beharrez xulatu,

Hango inginu handi nahiz baliatu.

Eta laster iarri zen, behar handitarat,

Nihoizko su gorriri buru ematerat.

Hamabi ehun kanoi orroz hasi ziren,

Gerlari ohituak higitu baitziren,

Hasi ere bai behin zinak eta minak,

Ikusiz lerro oso bonbak eramanak.

 

Napoleonek zion erran harmadari,

Hastea ematean gudu lazgarriri:

«Huna zuek galdetu egun handi hura,

Bitoriak behar du eman franses gura.

Ez ditutzue urrun ontasun handiak,

Neguko atherbean deskantsu bahiak.

Adi bezate noizbait menderen mendetan,

Zer lehoinak zineten Mosku ingurutan.

Erran beza bakhotxak, hemendik lekhora,

Altxatzen duelarik bethi buru gora:

Han nintzen Moskun hartan, franses lehenekin

Ehoztean rusiar bonba gorriekin!».

 

Abiatu zen sua zazpi orenetan,

Zeru lurrak zirela ikhara larritan.

Aho gorrietarat Davoust da hurbiltzen,

Hoita hamar kanoiek dutela aitzintzen;

Tiroka hari dire rusiano denak,

Ixilik dagozela xizpa fransesenak;

Hala nahi baitzuten etsaia iokatu

Edo hekien sua hobeki akhitu.

Kanpan, aitzindari bat, lagun askorekin,

Erortzen da zauritan, lasterren hatsekin,

Eta ethorri oro haren laguntzerat.

Emanak ziren kasik ihes bidetarat,

Noiz ere Rapp handia heldu baitzaiote,

Eta kanoietarat oihu baitiote.

Ia ukitzen zituen, ioa erortzean,

Hogoigarren kolpe bat hartuz gorphutzean.

Heldu da hirurgarren ieneral berri bat,

Harentzat ere dago bertzentzat bezanbat.

Ioa da Davoust ere, nihongo guduan,

Odol garbiagorik ez ixuri suan.

 

Azkenean fransesak kanoiez iabetzen,

Berriz rusianoek diotzate khentzen,

Bainan sarraskiz husten bere hil tokiak,

Geroztik fransesentzat osoki iarriak.

 

Eskuin aldeko harmak laguntzat gardia,

Iarri ziren egiten etsai sarraskia.

Eugenek hartu zuen, hegal ezkerrean

Borodino herria handik hurbilean.

Erori zen erdirat Ney kanoiekin,

Herioak zituen lagun segurekin.

 

Zortzi orenak gabe toki hoberenak

Egin zituzten beraz fransesek berenak.

Has orduko gudua zen irabazia,

Beretu zuten ere etsai harmadia.

Alferretan zoroak, indar guziekin

Iarri ziren ondoan guduko minekin,

Nahiz bizkar galduak berritan beretu,

Sarraski handiagoz lur zuten gorritu.

Bi oren handi zuten tieso itxiki,

Aitzinat, ez gibelat, egin gabe toki;

Zaldizkoekin Murat zaiote ioaiten

Eta guziak ditu arinki nahasten,

Hurbil hila, Caulincourt ikusten duela

Ebakiz bitoria, zakien bezala.

 

Gudu aiphatu hortan ez eman gardiak,

Hark galdu gabe nihor amortu Rusiak,

Bainan esker eskuinek hanitz lore bildu

Nihon ez handiago agertu soldadu;

Poniatowski, Murat, Ney, Junot han ziren,

Gerlako buruzagi lehenak baitziren.

 

Berrogoi milaz goiti hil zen rusiarra

Ezin iakin ziteken kolpatu ondarra.

Fransesa ere etzen min gabe gelditu,

Hamar mila gizonez aise zen gabetu.

 

Rusianoak ziren urrundu hiritik,

Eta lau lekhutarat ioan hil bidetik,

Murat zohakotela berritz bilhatzerat,

Etziren beira egon biharamunerat.

Napoleonek ere zituen segitu,

Iakin gabe zutela hiria etsitu,

Hiritan ederrena, gaindiz urreria,

Rusiaren khoroko mendetan lilia.

Bainan rusianoek ikusiz geroan,

Behar zena hautatuz bilzar gerlakoan,

Hustu zuten hiria, deus guti erranez,

Bihotzetan nigarra gorderik eginez;

Handi ala xumeak eman ihesari,

Omen lazgarrienak utziz fransesari,

Segirazi paperak ahal zen tresora

Gobernadore batek hartuz boza gora.

Etzen deus ianaririk gelditu hirian,

Karrosa karrosekin zohan ihesian;

Haur, eri, agureak, oinez gehienak,

Bazohazen kantatuz himno ederrenak.

Harmada zutenean guziek aurkhitu,

Rostopehin ieneral garrazki iokatu,

Idekiz presondegi zitezken guziak,

Hango iendei zabalduz Moskuren indiak.

Brigantek bazuketen gorde aitzindari,

Ondotik emateko sua hiriari.

 

Napoleonek behin ezin sinhets nola,

Etsaiek utzi zuten bere kapitala,

Bainan arrapoa zen non nahi hedatu,

Etzen behar begiei gauza ezeztatu.

Sarthu ziren fransesak lerroka hirirat,

Iauregi, xolak alde, non nahi kausterat,

Iduri aberatsa etzitekeiela.

Aldean gabetarik beharren itzala.

Nihor etzen ageri behin karriketan,

Soldaduak zohazen ixilik bidetan,

Noiz ere hasten baita Kremlin kanoiada

Fransesetan sarraski egiten multzuka;

Han ziren gizon tzarrak erregen etxean,

Ez iakin zer nahiak, arno ogalean.

Bainan laster fransesek garbitu zituzten,

Beren buruak aren lehointzat zauzkaten.

 

Hasi ziren fransesak hirian kokatzen,

Zenbait harrabots ilhun zutela aditzen;

Etzela rusiarrei nihoiz fidatzeko,

Hiria ziotela noiz nahi erreko.

 

Kasu guti zen egin behin erran horri,

Bainan gau erdi gabe iende zen atzarri

Sua! Sua! zioten bazter orotarik,

Oihu mingarriena aitzeko lotarik.

Higatuz soldaduek bere ahal denak,

Khenduxe ziotzaten kharreri pikainak,

Napoleon ere zen ioan Kremlinerat,

Etsai enperadorek beztitu etxerat;

Uste zuen su zela ustekabez piztu,

Iauregiei zioten hirritan beiratu.

Hetako alkhitarik zuen eskribatu,

Alexandre bakerat nahiz gonbidatu,

Bainan etzuen egin kontu rusiarrak,

Egosia barnean ezin itho herrak.

 

Kharra hilxe zenean iraungitu sua,

Toki onen hautatzen iarri soldadua.

Egundaino bezala sortzen da gau, eri,

Berratzen zaio kharra hil uste suari,

Alde orotan dire su lama handiak,

Nihork ez iakin norat itzul hilkariak.

Nola bada egurrez baitziren etxeak,

Suak laster zituen hedatu bideak.

Hor hemenka baitziren argiak ikusten,

Hainitzek su phintartzak beiratzen zituzten,

Bainan nahiz haizeak ziren ganbiatu,

Bethi haize aldetik kharra zen alxatu,

Hedatzeko bezala indar Kremlinerat,

Napoleonek berak zaukan iauregirat.

Berak etzakiela, han bazen bolbora,

Egin zukena zerbeit etsaien gogora.

 

Gau oro iragan zen argi ilhunetan,

Goiza ethorri ere khezko hedoietan.

Suaren kontra etzen deusik egiteko,

Ponparik etzen eta, ez urik hiltzeko.

Sudun granada batzuk, atzeman zituzten

Baita gizon tzar batzuk, su zutenak pizten.

Orduan xoilki zuten orok ezagutu,

Sua rusianoek zutela hedatu.

 

Kremlingo theilaturat phintar zioala,

Begira Napoleon, arrano bezala,

Ondikotz ezagutuz etsaien gogorra.

Ikusten du nola den su guzien kharra.

Iaukitzen baitzuen Kremlingo alderdi,

Husten du erresekan bere toki handi,

Doiean du aurkhitzen karrikez bidea,

Su eta khez guzia zelakotz bethea.

 

Nork erran zenbat gauza han ziren xahutu

Ezin errana batek behar du aithortu;

Eliza berri, zahar, handi, ttipi, eder,

Palazio non nahi zitezkenak ager,

Inginuaren asmu, mendetako lanak,

Izan ziren ondikotz suaz iraganak.

 

Hargatik Kremlin etzen erre egun hetan;

Napoleon sarthu zen hango ganbaretan,

Hiria hoztu gabe bere kharretarik,

Ez nahiz erakutsi nihori beldurrik,

Iostetak zituen han egin handienak,

Bestaliarrak bildur nihongo hautenak.

 

Uste zuen hastean, hiri hori hartuz,

Beretu Alexandre bakerako oihuz,

Bainan hiri zenean utzi erretzerat,

Egorri ere naski haurrak su pizterat,

Etzuketen bihotzek han bil deskansurik,

Iatekoa eskastuz, etzen egoterik.

 

 

Soldadua geroaz guti zen orhoitzen,

Urreria handiek zuten lilluratzen,

Bildu zuen nasaia, gustu zuenetik,

Gaindiz zuen arropa seda ederretik.

Etxez etxe zabilan gauza eder keta,

Batzuk hartzen zituen bertzeak utz eta.

Etzakiten erdiek gauzen balioa,

Hobe ziren burlatzen gerlan herioa,

Airosenak zituzten batzuek hoberen,

Nahiz hitsagoetan hobeak baziren.

Kobre, marmola, harri, guziz ederrenak,

Etziren ez gogotik, uzten zituztenak;

Bainan etzezaketen garraia nihola,

Ikusiz sobra karga bideko zutela.

 

Laster bere ontasun bildu guziekin,

Behar heldu zaiote ianaren minekin;

Zer ian, zer edan etzen heldu urretarat,

Alfer zen beiratzea tratularitarat.

Urre zilharrak dire gauza baliosak,

Bainan sabel hutsentzat khetiar herresak.

 

Lauriston bake nahiz Alexandri ioan,

Etzagon Napoleon bertzerik gogoan.

Baratu ziren ere behin etsaikoak,

Bainan gaitzegi kaustu bide bakezkoak,

Gathiboak etziren ahal ganbiatu,

Fransesa behar baitzen gizonez mehatu.

Eta rusianoak baitzuen ausarki

Egiteko kolpea egonez eztiki.

Alegia zagoen beira bakeari,

Napoleon hasi zen beldurtzen hitzeri,

Bainan axeri gaxto ziren bezalako,

Rusiarrak izatu haren iostatzeko.

Lauriston zuten bere ingurumenean,

Nausiaren hitzekin aria onean.

Etzuten utzi behar Alexandre alde,

Aitzakiak emanez urrun zela bide.

Hortako Napoleon iarri sobra lotan,

Agintzen baitzioten bake egun hetan,

Non baitzen Alexandre bera mintzatuko,

Gordea zagolarik deus ez egiteko!

 

Napoleonek ustez zuen ezagutu,

Rusiar hanbat aldiz zuena zehatu,

Segur zen ekhartzea bakezko biderat,

Bazohalarik bera nahi egiterat.

Alexandrek etzuen aditzen bakerik,

Ez eta ere nihor hartaz mintzatzerik.

 

Muratek, ardietsiz bakea buruko,

Gudua bizi dela bertzen hegaleko,

Soldadu ona bezin aitzindari hutsa,

Komediar bezala hartzen du urratsa,

Agertuz bi harmaden erdian ergelki,

Soineko ederrenak hedatuz airoski.

Etzuen bertze nahi baizen ikustea,

Bi aldetako iendek haren izatea;

Gizon ederra zela ahantz etzezaken,

Oren hobeagorik hortako bazuken!

Zaldiz zabilalarik morga guzietan,

Izan zen tiro batez hiltzeko bidetan;

Ordutik bake hautsi, gerla berriz piztu,

Murat bere tropekin han hurbil hondatu,

Poniatowski gabe etzen eskapatzen,

Beharrik zaion hura agertu laguntzen.

 

Hortik zen Napoleon atzarri lotarik

Ametsak gehiago etzuen biderik.

Rusiarrek etzuten Mosku bere bizi.

Hura galtzeak hetan nihor guti hezi.

 

Lokhartu bazen heinbat Napoleon handi,

Iharrusi zituen ziren hedoi lodi,

Hasi zen manueri bideak hedatzen,

Utzi gabe ahoan kharra iraungitzen.

Ioan zen laguntzerat Murat Borodunan (sic)

Ehun gauzek batean diotelarik lan.

Etzuen behar bada Mosku nahi hustu,

Han orain egoteko bazukeien kontu,

Bainan laster oihua hasi zen bertzela,

Poloniarat bide hartu behar zela.

 

Seietan hogoi mila gizon bazitezken

Oro iakinak berri gizonaren neken.

Hoita hamalau egun Moskun egon ziren,

Gaitz handirekin hetan hainisko baziren.

Zer etzuten han arte bidean ikusi,

Bere lurrez rusiar egorriz ihesi!

 

Lerroan athera zen harmada handia,

Inguruei emanez arthoski gardia,

Sei ehun kanoiekin, karroak ondotik.

Gutienaz bi mila baitziren begitik.

Etzen deus aringarri gizon harmatutan,

Gathibuak ondotik nigarrez herrestan,

Bizkarka garraiatuz bertzen ontasunak,

Ezin artha bezala bere osasunak.

Baziren nahas mahas karrosak milaka,

Moskun ziren fransesez betheak ehunka;

Arteka ziren harma etsaiei khenduak

Bandera, bonba eta kanoi urdinduak.

 

Lehen hartu bidea kaustuz trabatua,

Ikusiz rusiano hetan oldartua,

Itzuli zen fransesa ilkhitze alderat,

Aisiago heltzeko bilhatu herrirat.

 

Ordukotz soldaduek Kremlin erre zuten,

Saltarazi bederen kaskoa zioten.

Urriaren azkena ethorri zeneko,

Iarri zen negu beltza ezin iasanezko;

Hasi zen herioa flakoen beretzen,

Eta bertzetan ere pirpira hedatzen.

Moskun bildu da masa, baso, gurutzeak,

Iadanik bilhakatu ziren arantzeak.

Hetarik asko ziren Iemelin ehortzi,

Denak ere ez nahiz etsaientzat utzi.

Artilleria bera baitzuten trabako,

Gosez hil zamariek ezin higituzko,

Hainitzek utzi zuten, ixilik bezala,

Ieneralek bere gain harturen zutela.

 

Aise zohan burua Napoleonekin,

Bainan erdiko gardek, eri herrestekin,

Kosakek trabatuak, ezkin guzietan,

Su egin behar zuten oren minenetan.

Etzen zubi bat kausten non etzen gudua,

Behar zuena hestu minez soldadua.

Traba ziren karroak, traba gizon hilak,

Traba zaldi hiliki ehoak makhilak.

Zorigaitz zirenentzat gibelat gelditzen,

Berehala etsaiek zituzten garbitzen.

Eugene, Ney, Oudinot, han ziren handitu,

Hekin orduko lanak lehen minak ditu.

 

Hazilaren seiean hasi zen elhurra,

Gizona bezin gora estaltzeko lurra.

Iguzkia gorde zen hedoiez bezala,

Elhur eta uriak menta zuten hala.

Hormatzen ziren xutik gaxo soldaduak,

Gelditzen tokietan nola itzatuak.

Esmolensken sartzea guziek nahiko,

Ustez zerbait on zuten han harrapatuko,

Bainan athe zioten gainerat botatu,

Brigantzat baitzituzten itxuratik hartu,

Arroparik tzarrenak dilindan guziak,

Oinetik buru oro erdi biluziak.

Gardiak ziotzaten atheak ideki,

Eta eman ianari neurtuz zuhurki,

Egorrarazi gero, nahi gabe lagun,

Erakutsiz bidea, ixil eta legun.

Erreak ziren etxe bideko guziak,

Atherbe behar ziren harroken azpiak.

Begi hobea zuten ezen elhur metek,

Mosku utziz geroztik kaustu elementek.

Azpitan ziren sartzen soldadu beharrak,

Han zituzten torratzen itxura beharrak,

Handik atheraz betan biltzen ianariak,

Bakhunka nihork nihon ezin ikusiak.

 

Bortz egun ziren egon Esmolensk azpian,

Bihotzak zituztela pirpira larrian;

Bide guziak ziren kosaken meneko,

Non nahi sortzen ziren poxolu gaxtoko,

Atzematen zituzten haur edo emaztek

Soldadu zaurthu edo erori zen batek,

Etzuten zeren galde ahuspez bizirik,

Rusiar erraia zen atheak hetsirik.

 

Gainerat ethortzean neguko otsoak,

Gardiak han zituen lehengo besoak,

Asko trionfa zuen elhurrean barna,

Eraman, bertze orduz harrabots zukena;

Arranoak etzuen deus galdu oraino,

Gizon kontra zohaken munduak ziraino,

Bainan zer da gizona denbora tzarretan

Zerua ilhuntzean hotzek elementan?

Hanbat mila baziren Moskutik ilkhiak,

Hoita hamasei mila naski eri guziak.

Esmolensk hustu behar zuten orenean,

Eta lau gorphutz oro iarri zirenean.

 

Napoleon bera zen guzien buruko,

Eta Neyen ozpina azken gardiako.

Lehena zuten Krosnon kosakek hersatu,

Bainan etzuen nihoiz nausi ezagutu;

Hamabortz mila gizon zituela xoilki,

Larogoi milei zuen trionfa ideki,

Eta egin bidea Liadi hirirat

Utzi gabe etsaiak hartaz, iabetzerat.

Davoust eta Mortier utziz gibeletik,

Ethor ahal rusiar khentzeko menetik.

Liadin sarthu ziren galduz gizon asko,

Sei mila naski hurbil, dena errateko.

 

Gibeletik zen Ney, kosakak gainean,

Indarrak zituztela handi gorenean;

Bai bere kanoiekin herritar hiltzeko,

Bai eta ian nahiak hartzen ez uzteko.

Ilhun zen soldadua, Krosnen ez arindu,

Herioak bidetan lo zioen khendu,

Bai eta erakutsi, ikusi etzena,

Murruka hil non nahi, akhituz etzana.

Norat ioan, zer egin? bide oro ziren

Aitzinetik menean bethi Rusiaren.

Napoleon bera zen antsia handitan,

Agertu gabe nihoiz itxura flakotan.

Beresinorat zuen hautatu bidea,

Hil edo bizi harat zilhatuz bidean.

 

Utzi ziren karrosak, beiratu zaldiak,

Herrestatzeko orain zituzten kanoiak.

Bortz ehun ziren naski geroztik zaldizko,

Sakratu izenean, bathaio berriko;

Gronxi, Sebastiani, bere aitzindari,

Soldadua kapitain nihor eskolari.

Laster zuen zaldia eraman goseak,

Eta zaldunak ziren ez bethi aseak.

Ioan zen Rusiara uraz bertzalderat,

Halako zen hirrisku, non buruko Murat,

Hasi baitziren oihuz, bakhotxa zohala,

Bizia beiratzeko ahal zen bezala.

Bainan herioa da hirriskuan bahi,

Ez ditekela ibil nihor nola nahi,

Hoberen dela bethi metan egotea

Eta indar guziez gathe egitea.

Hala Napoleonek bi zubi lasterka,

Eginazari eta atzeman kosaka.

Ethortzean goiz alde, izan zen loria

Ikusiz etsai dena husturik tokia.

Badoha berehala igesi zaldizko,

Kurpieran bakhotxak hartuz bi oinezko,

Eta dire guziak bertzalderat heltzen,

Herioaz direla geroztik trufatzen.

Ez uste etzutela izan iasaiteko,

Ez da nihoiz ikusi sarraski orduko;

Nihork ez iakin nola, utziz bertzaldea,

Rusianoek zuten makhurtu bidea,

Iausteko gibeletik, oro arrunpaka,

Fransesak higatean zubitik bortxaka.

Zaurthu eta hil ziren han iende osteak,

Bizitzerat utziak biden hormateak.

Emazte, haur, attona, neskato, muthilak,

Aitzindu zituztenak lagun gauez hilak.

Rusianoen bonbak iaustean erdirat,

Ikustekoak ziren ihesten urerat,

Etzitezken zubitan sar guziak betan,

Norat nahi zohazen bere marrasketan.

Kanoiak bethi hari herio botaka,

Eta meneko denak zerurat oihuka,

Zeru lurrek iduri elkharren lagunak,

Iende gaxo guzian hedatzeko minak.

 

Zubi bat hor da laster erditik lehertzen,

Eta iende guzia urerat erortzen.

Haren pusken gainetik zohazin bakharrak,

Pezekin zaramatzen rusiar ozarrak;

Ethorri zen ilhuna nigar berratzeko,

Eta deihadarrekin ozpina deitzeko.

 

Ez bazuen etsaiak trionfa eraman,

Zarrazta egin zuen fransesen ariman,

Khendu askori bizi, kanoia, ontasun,

Eskapatuei berei zilhatu osasun.

 

Napoleon Wilnurat handik zen gidatu,

Eta Murat ondoko zuela hautatu,

Hartu zuen Parisko bide lasterrena,

Han bazela aiturik haste gaizkiena,

Aginduz egortzen laguntza handiak,

Nahiz ia etsai zauzkan Prusia, Austriak.

Bainan Franzian zuen sinheste handia,

Bazakien nola hil etsai gutizia.

Beldurrik handiena hedatuz hauzotan,

Gazteria guzia emanez hormetan.

Neyri utzi zion kontua iotzeko,

Rusiar heldu zena bide trabatzeko,

Niemen bertzaldean aginduz tokiak,

Neguan hats hartzeko harmada guziak.

Besarkatu zituen bere ieneralak,

Eta gauari buruz hedatu hegalak.

Varsovia bidean hartzer izan zuten,

Bainan esku zeruak oraino ematen,

Parisen agertzen da gutien ustean,

Haren azken berriak orok iakitean.

 

Hura galduz geroztik harmada zen gaizki,

Etzuen gehiago lerro bat iduki.

Lehenik gardia zen hasi nahastatzen,

Guziei ausartzia zuela berratzen.

Hargatik iende bakhar zirenak flakosko,

Iarri ziren multzuka elkhar laguntzeko.

Hiltzen bazitzaioten zamari txarrena,

Iaten zuten gogotik zathi meherena;

Multzo berean orok bat zuten egiten,

Bere lerroaz kanpo deusik ez ematen.

Soldadu gaxok gauaz zer egin ez iakin.

Hotzaz hilek bezala, hortzak karaskekin,

Pizten zituzten suak, gorphutzak hurbiltzen,

Ezin berotuz, oinak askotan erretzen.

Ikusi ziren zenbait, buruak galdurik,

Edo hotzaren minak errabiaturik,

Egiten salto sua pizten zen tokirat,

Eta han uzten gorphutz arras erretzerat.

Zenbatek zaldieri idekiz sabela,

Etzuten berotzeko han egiten gela!

Ikusi zuten lagun, ehunka bidetan,

Xutik gelditzen zaldiz, hormatuak betan,

Zamariak azpian iduki biziak,

Ikuspen ahantzgarri ikusi guziak!

Kanpatzeko tokitan goiz alde guzian,

Holakoak metaka baziren begian!

Eroriek bidetan lagunei zioten,

Othoitz bakhar bat xoilki basatik egiten.

Erratea etxetan non ziren gelditu,

Franziaren izena nahiak handitu!

 

Ethorri ziren noizbait Wilnako hirirat,

Mosku utziz geroztik, billatu tokirat;

Bainan ez baitzakien han egon iendeak

Zer ondorio zuen neguko heldeak,

Ikustean gizon hek herio iduri

Lurpetik ilkhi hezur ihar bezin zuri,

Atheak ziotzaten hetsi guzietan.

Eta hiri bideak eman poxolutan.

Ehun mila gizonen iana zutelarik,

Nihor hobeki heda etzitekelarik.

Franses ondotik etsai hurbil hetan baitzen,

Hek dire gauza oroz lasterkan iabetzen;

Tresora ere zuten guzia beretu,

Iar orduko baitziren fransesak altxatu.

 

Han arte fransesekin ziren erresumak,

Bildur gabe beztea bethikotz arimak,

Hasi ziren banazka Napoleon uzten,

Eta kosakei esku argitan ematen.

 

Mintzo zen Napoleon gora Franziari

Iratxikiz zorigaitz neguko hormeri;

Bethi zen bitoria ibili harekin,

Etzen gorritu behar elhurren minekin!

Behar zen berehala harmada berria,

Gazte besoz, biluzi oraino herria,

Beldur gabe agertu etsaien buruan,

Franziaren bizia zainduz inguruan;

Altxatu zen soldadu hiru ehun mila,

Geroztik etsai gorde egon, erdi hila.

 

Aspaldi Napoleon gaizki zen Erroman,

Zenbait aldiz asiki bazuken ariman;

Bakea egin zuen Aita Saindurekin,

Eman hala bihotza deskantsu onekin.

Bainan etsaiak ziren orotarik sortzen,

Asko gisaz zioten fransesei khiratzen.

Iarri zen Napoleon soldadu berritan,

Eta ioan ausarki, nola trionfetan.

Sutzen ziren etsaiak harmetan emanak,

Asko soldadu gazte izi zuzketenak.

Franses zenbeit baziren gibelat lerratu,

Napoleon zaioten trebeska gerthatu,

Erranez herioa etsaientzat zela,

Hekin ganat ausarki egor zezatela!

Aski izan zen hori bihotzen pizteko,

Eta etsai lerrotan beldur hedatzeko,

Nahiz ziren zaharrak gerlarat eginak,

Zorroztuak ere bai hortz eta haginak.

Bautzen, Silesin, Saxen, ehoa utzirik,

Lehen etsaia zuen ia ezeztaturik.

 

Uste zuen geroztik Austria beretu,

Aitaginharrebaren esteka beiratu,

Bainan hark esku eman fransesen etsaiei,

Angeles, rusiano eta españolei.

Bernadote, egina fransesekin handi,

Itzulia zen kontra iadanik aspaldi;

Napoleonek dio zafraldi ematen,

Moreau ere etsaitan hilik da egoten.

Hats hartu gabe Blucher badoha ihesi,

Franses lehoinak sobra ditu ia ikusi.

 

Etsai guziak ziren Leipziken aurkhitu

Larruak ungi nahiz batean tiratu.

Lau ehun mila gizon errexki baziren,

Bi ehun mila franko naski ez baitziren.

Halere bitoria eraman zioten,

Bainan etsaiek lagun berri izan zuten.

Etzuten zeren uste orain bitoria,

On egon balitz bethi Saxon gazteria;

Bainan bere harmekin, gutien ustean,

Etsaiekin eman zen gudu egitean.

Halere franses nausi kanpoaz gelditu,

Bere bizia guti baitzuen prezatu.

 

Etsaiek galdu zuzten gizonen erdiak,

Hustean fransesari bolbora tokiak;

Hala, nahiz oraino ziren leheneko,

Orena ethorri zen bide egiteko.

Elsterat zohazela bilha ihes leku,

Sarient batek zuen, ikusiz hirrisku,

Nihoren manu gabe, zubi saltarazi,

Eta milaka lagun hala galarazi.

Ahal zena eman zen urerat igeri,

Ihesa egin nahiz bere etsaiari.

Han zen Poniatowski, lauhazka batean,

Itho zaldiarekin, ura higatean.

 

Gutitua geroztik, Napoleon handi

Nihon guti ziteken bere gura geldi.

Harmada gazte zagon lorez estalirik,

Bainan etsaien herrak etzuen neurririk.

Erresuma axkidek nahi zuten utzi,

Muratek berak zuen iduriz ahantzi,

Italia abantzu zaion eskapatu,

Iosepe españolek zioten kasatu.

Louis Napoleon zen Hollandan unhatzen,

Ieneral suharrenek bakea galdetzen.

 

Altxatzen da berritan franses gazteria,

Hiru ehun milari ematen hisia,

Harmak ausarki hartuz, etsaia iotzeko,

Nahiz zen miliun bat franses hondatzeko,

Andre eta semea utziz Paristarrei,

Garda nazionala, guzien beharrei,

Ilkhi zen buruz gora, etsaien biderat,

Barneko mina guti agertuz kanporat.

 

Alsazian, Vosgetan, etsaia zen sarthu,

Beldur ez bazen, franses behar zen agertu.

Alpetarik iausten zen gaindiz austriarra,

Españiatik heldu angelez zaharra.

Briennen ehoa da Blucheren harmada,

Bainan eho ahala Coirat heldu da;

Guziek dute elkhar ederki aditzen.

Orotarik fransesa dute kordokatzen.

Napoleonek behar egin denei buru.

Etsairik bezik ez du ikusten inguru.

Ungi du erakusten zenbat den handia,

Hedatuz orotarat ordena garbia.

Arranoa dabila bethi bitoriaz,

Ez du amor emanen etsaien ariaz.

Guziak ditu berak non nahi harritzen,

Beharrik ziren hilak berriz gordetzen,

Ioak bazter orotan, sortzen ziren gaindiz,

Gizendu ziren lurrak hekin odol lodiz.

 

Zenbeitek ordu arte sinhetsi zutena,

Han orok Napoleon ikusi lehoina;

Chateau-Thierry, Vauchanp, izanen lekhuko,

Ez duela izatu munduan pareko.

Etzuen hark guda bat orduan egiten,

Non etzuen etsaia sarraskitan uzten.

Izitua bezala, Paris inguruan,

Bakea galdetzeko etsairen asmuan.

Bainan nola baitzuen hersitzen Franzia,

Napoleon zitzaion agertu handia;

Hanbat egin ondoan gerla odolzutan,

Etzuken utz Franzia mugarri hersitan;

Behar zitzaizkon utzi bere zedarriak,

Republika denboran zituen guziak.

 

Ematen da guduan nihoiz bezin hazkar,

Bainan nahi bezinbat ezin duke iazar;

Bitoriaz dohala iguzki alderat,

Blucher ta Scwartzenberg iausten Pariserat.

Badoha, bere ustez laguntza handitan,

Bainan zen ia hiria kosaken eskutan!

Ukhatuz senatuak enperadorea,

Louis hemezortzia egin erregea.

 

Han arte buruz aphal zagozen iendeak.

Mintzatzen dute orduko hirian atzeak,

Ikhusiz Napoleon khoroz biluzia,

Agertzen hasi ziren asko flakezia.

Goibelari zioten burua itzuli

Adoratzeko hirriz sorthu berri lili.

Bertrand, Drouot, Kanbrone etziren beiratu,

Nausiarekin ziren boxik desterratu,

Eman zitzaionean Elba beretako

Enperadoreari, Franzia husteko.

 

Napoleon handiak galtzean khoroa,

Ingururat biltzen du soldadu beroa,

Eta zioten erran nigar zariola,

Solas ere ikharan egiten zuela:

«Adios, ene lagun, bethi maithatuak,

Bitoria ederrez handi geldituak;

Mundu guzia zaiku gainerat erori,

Franzia eman zaio nausitu denari.

Zuekin egin nuken gerlari bidea,

Heda ere luzeki sarraski heldea;

Bainan ez da erranen ene gatik dela

Behinere ixuri fransesen odola.

Maita zazue nausi hautatu dutena,

Eta zuen herria, munduko lehena.

Ez orroit gehiago non naizen bizitzen!

Zuek ongi zaitela, dudanean aitzen,

Ez dut bertze deusere munduan nahiko

Ez gare, zuek ez ni, nihoiz ahantziko!

Maite ditut gizonak, maite soldaduak,

Eman nahi nituzke orori musuak.

Hori ez baititeke, zato ienerala,

Guzien izenean bazine bezala...

Arranoa, hi ere behaut besarkatu,

Hegalak galdu gabe, luze nauk segitu!

Lagunak, adi hautaz zaite orroituren,

Izan bitez ezkila bethiko urtheren!».

 

Etzuten nigar egin fransesek bakharrik,

Hitz hoik etzuten kaustu arima gogorrik,

Guziak nigarretan zirela zaurthuak,

Napoleonek utzi bide maitatuak.

 

Ilkhi zen hola kanpo beraz Napoleon,

Bainan urthe bat ere Elban etzen egon.

Ahur bat gizonekin Franzian da sartzen,

Orok diote bide gura idekitzen.

Iduriz atheraia haren hondatzerat

Labedoyere lehen dohako lerrorat;

Grenoblen izaten du agur ederrena,

Altxarazten diona botzik arraiena:

«Har zazue, maiteak, zuen arranoa,

Dorrez dorre Parisat, yoharen lerroa».

 

Lyonek ere ditu atheak idiki,

Hainitzen berotzeko hori baitzen aski.

Oihu guziek zuten Napoleon deitzen,

Aitzindariz, non nahi soldadu burlatzen.

Errege ioaiten da ihesi Paristik,

Napoleon iabetzen khoroaz geroztik.

 

Etzuen berriz nihoiz Franzia utziko,

Izan balu etsaiak aski urruntzeko,

Bainan Viennen ziren antolamendutan,

Aitzean Napoleon zutela hauzotan.

Elkharri zin eginik oro heldu dire,

Utzi gabe fransesa hats hartzerat ere.

 

Etzen nihor lokhartu soldadu gorritan,

Aitzindari guziak zituzten habetan,

Ekharriak lasterka etsai zaphatzerat,

Ligny eta Fleureusen, iarri trionfarat.

Bainan, halabeharra, baratu fransesa,

Waterloon nausitu noizbait angelesa!

Ney handia bera erori hutsetan,

Ez agertu hitzeko erran zaizkonetan;

Gronxik ere ez egin erran zitzaiona,

Eta izan ithurri zorigaitz denena.

Iokatu Napoleon nihoiz bezin ungi,

Etzuen nihoiz izan argiago begi,

Prusianoa zaukan ioa bihotzean,

Angelesa abian kasik lau hatzean,

Noiz ere baitzaiote laguntza ethortzen,

Franses orok zutena Grouchirentzat hartzen.

 

Hasten dire hainitzak egiten gibelat,

Gardia zahar doha orduan aitzinat,

Segitzen du gardia gazteago zenak,

Bainan artileriak eramaten denak,

Angeles soldadua baitzen ungi iarri,

Eta baitzuen sutan laguntzak ezarri.

Orduan dire hutsak non nahi egiten,

Oro akhabo! batek artetik erraten!

 

 

Alferretan gardia, iarriz errabian,

Hari da baionetez sakhailla larrian,

Herioa hedatuz odol dariola,

Ageri da trionfa etsaientzat dela.

Ahalak galdu ditu ia harma xuriak,

Nahasteka dabiltza fransesen pesiak,

Eman dire hainitzak goizik ihesari,

Ez dute nahi nihor bere aitzindari.

Ikusiz gauza nola zen itzulikatzen,

Napoleonek hiltze han zuen bilhatzen.

Etzuen ardietsi nahiko zuena,

Soldadu herioa, ohez kanpo dena!

 

Gardia du etsaiak laster inguratu,

Eta harmen uzterat aldiz gonbidatu.

Kanbronek erran zion: «Gardia da hiltzen,

Ez daki bere harmen etsaiei bihurtzen!».

 

Iainkoak beira handi nihoiz erortzetik!

Guziak hasten zaizko sistaka larrutik.

Entzun zen berehala berria hedatzen,

Napoleonez oro zirela trufatzen.

Etzela ieneralik nahi hirriskatu,

Iguzki zitzaiola goibelean sarthu.

 

Hortik ziren ganbarak bere gisa iarri,

Bertze ziren, berri tzar aitu bezin sarri,

 

Etzen ia Napoleon hekientzat deusik,

Ohoin deithu ere zuten gehienek kasik!

Ikusten du iendea, aise ezagutzen,

Bihotza min handiak diola sistatzen,

Uzten du bere buruz khoro semeari.

Indar berratze baitzen bere etsaiari!

 

Nahiko zuen berak harmada manatu,

Eta bere haurrari tronua hazkartu.

Deus etzen egiteko buru galduekin,

Guziek nahi zuten ungi erregekin;

Hura bazuten traba, bazen nor antola,

Bere semea nausi uzten ziotela.

 

Ioan zen oro utziz, Arrucheforterat,

Handik ioaitekotan Ameriketarat.

Bainan angeles baitzen itsason nausi,

Etzituen xedeak bethetzen ikusi.

Ez baitzen ere nahi prusiar eskutan,

Eta heldu baitziren harrabotz handitan,

Ungi bortxaz iautsi zen angeles untzirat

Utziz bere bizia hekin aithorrerat.

 

Angeles erregeri zion eskribatu,

Bellerophon untzian zutenean hartu:

«Herritar ielosia, Europako herrak,

Ene izateari egorriz nigarrak,

Themistokle berria, heldu naiz hiltzerat,

Etsairik handienen arte leialerat.

 

Etzuen angelesak aski bihotz gora,

Eldengatzeko mintzo hoin berri ederra.

Ikusi zueneko bere eskuetan,

Egorri zuen urrun, untzi seguretan,

Santa Helena deithu irla batetarat

Bizia laburtzeko toki lehenerat.

 

Nork erran hil artean zer zuen pairatu!

Zein gora izatu zen behar da orroitu.

Ikustea ispion Hudson-Lowe bera,

Ezpata zen harentzat, aithor arabera.

 

Erraten dute askok, Napoleon ere,

Gosegia izan zela, urrikal batere,

Guziak beretako nahi zituela,

Munduan toki aski harentzat etzela.

 

Kapitalez kapital ibili denean,

Etsaiek dute bethi bilhatu etxean.

Zerbait gaxtakeria, eskuak gordetuz.

Bake guti du berak iduriz nahasi,

Bertzetarik maizenik nahaste da hasi.

 

Hutsak egin dituzke, nork ez du egiten?

Bainan ungia nausi errex da ikusten.

Etzuen hark Franzia nahasi hartean,

Hori iakiteko da deusik erratean.

Hari esker bideak ziren antolatu,

Nausi hoberik legek etzuten izatu;

Bazituen Erroman gauzak xuritzeko,

Hargatik egin zuen hainitz Elizako;

Gizona gizon dela, bethi orroit gaiten,

Goratasunak ez du leze gabe uzten.

 

Soldadu bat ilkhia azken herrunkatik,

Bere buruz higana, traba askogatik,

Emanez etzen odol franses soldatutan,

Eginik hetaz lehoin guduko bidetan.

Sistatua nor nahiz, etsaiez beztua,

Izanik ere maizko heinbat khexatua,

Eta ioanik ere kontu galdetzerat,

Kirtzikatzea maite zuten khorotarat,

Ez da behar aurkhitu gauza miragarri,

Ez dire hobeago etxatzaile harri.

 

Gizon zen Napoleon, nahiz zen handia

Errexki da gizona bethi eroria,

Ezagutu zituen hutsak, berak ere,

Seinale ageriak hortako badire.

 

Etzen Santa Helenan Napoleon mutu,

Han zuen bere barne zena zen agertu;

Utzi ditu eskribuz bere sinhesteak,

Zabaldu guzientzat egintzen atheak

Baitere errateak etzuela Fede,

Nahi diotet eman hemen ixil bide.

 

aurrekoa hurrengoa