www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal Errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa  

V. KAPITULUBA
 

Dantzeen paboreko errazoiak ta erantzunak.

 

§. I. Dantzaak ain deungaak balira, kendu egingo litzaatekez.

§. II. Santo Tomasek dino, dantzan egitia ez dala pekatu.

§. III. San Pranzisko Salesek Philoteari ez eutsan guztiz eragotzi dantzan egitia.

§. IV. Abadiak ta prailiak bere juaten dira piesteetara ta saraubetan dantzan bere egiten dabee batzuk. Ain txaarrak balira, ez leukee egingo.

§. V. Piestetara ta dantzeetara juan arren, ez dot nik pekaturik egiten.

§. VI. Dantzeetan ez eze, eleisaan bere pekatu egin legi nai dabenak. Ara bere ez juan.

§. VII. Gaztiak zetan edo atan olgau biar dabee.

§. VIII. Oba da alkarregaz plazaan edo bigiraan edo sarauban olgeetia, ezkutubeetan gauza txaarraguak egitia baino.

 

 

§. I.

Dantzaak ain deungaak balira, kendu egingo litzatekez

 

        Ez da herejerik agertu mundura, egijaren koloriagaz bere guzurrak jantzita, inozente ez jakin asko engaineetako asmua artu ez dabenik. Beste ainbeste jazoten da kristinaubeen arteko ekandu pekatuzko ta oitura galdu askogaz. Ta au berau orain aita dogun sailaren gainian. Asko dagoz munduban dantzeetako nasaitasuna, libertadia ta luxurija zaintu ta jaso gura dabeenak, diabrubeen irabatzija gitxitu ez dedin. Au jadisteko, guzurrai emoten deutsee egiijaren koloria. Burla egiten deutsee pulpitoko ebanjelijoko esanai. Trateetan ditubee sinpletzat konpesorerik eldubeenak ta errazoezkuenak. Konteetan ditubee txotxakerijazat pekatu mortal agirijak. Pinteetan ditubee milla guzur ta ipoin naastaugaz, santubak ta santaak izentauta, kastidadia aaztu eragiten dabeen ta pekatuz josita dagotzan olgeeta zorigaistokuak, biarrekuak, inozentiak ta onak balira legez. Ta engaineetan dabee onerako 15 10 15 20 25 baino gatxerako prestaago daguan jente gitxijakin guztia kondeneetako bidera. Oneek badira pelukadunak edo koroedunak, oh! ze predikadoriak diabrubarentzat. Ez dira eureen sermoiak irabatzi gitxigaz geratuko. Ara emen aitatuta ekandu ta oitura galdu asko beti oinian eukiteko sustraija. Qui habet aures audiendi, audiat. Emen imini ditudan ta esaminau gura ditudan dantzazaleen argumentubak neuri askotan ta txito sarritan gizonak eta emakumiak, zaarrak eta gaztiak, ta areetati asko salbeetako duina dotrina ez dakijenak, konpesonarijuan iminijak dira. Oneetati leleengo argumentuba edo urteneria da, esatia:

        Dantzaak ain deungaak balira, kendu egingo litukeez guztiz; ez dira guztiz kenduten; begaz, ez dira deungaak edo pekatuzkuak.

        Esan dan baisen pekatuzkuak izan arren, ez dira kenduten. Ta etxuria daukanez, guztiz kenduko bere ez dira.

        Au obeto aituteko gogoratu biar dogu naasteko dantzeen asieria ta zelan kristinau errijeetara etorri zirian. San Ziprianok ta san Isidorok esaten dabee gizonak eta emakumiak engaineetako, bere sarian sartuteko ta inpernura eruateko, demoniuak asmau zitubala dantzaak. San Anbrosiok dino munduko jakitunen eritxijan ordikerijak ta zorakerijak ekarri ditubala dantzaak. Beste batzuk seinalleetan deutsee dantzai ernelekuba ta esaten dabee: Danen tribu edo kastati datozala dantzaak. Oneek dinue, danen kastakuak ziriala, arako urragorrizko idiskua emakumeen zirzilubakin eginda, isrraeltarrai mendijan Jaungoikotzat adorau eragin eutseenak; ta Jaungoiko egijazkua ukatuta, dantzan eragin eutseenak. Dan gaiti Espiritu Santubak esanda dauka sugia legez edo sierpia legez izango dala bere kastia. Fiat Dan, sicut coluber in via, et sicut cerastes in semita. Danen kasta galdubari ezarri eutsan Jaungoikuak maldezinoia: sugiak legez edo sierpiak legez pausu egiteko ta ibilteko. Bada, munduban bada giza kastarik sugia legez dabilenik, dantzaarijak dira. Dantzaarijak dabiltz sugia legez edo sierpia legez jiraka ta okerka, buru zitala (aurreskuduna) an sartu ta emen atera, batian ezkutau ta bestian agertu, ain laster onduan zein gerrijan darabilela. Dantziaren jiraak bere guztiak dira ezkerrerakuak, zein dan pausu egiteko ta ibilteko alde madarikatuba Eskritura Sagraduban. Danen kasta gaistoti datorrelako, emoten jako dantziari oneetako berbeeta askotan bere eriko izena. Bada, euskeeraz, erdeeraz, pranzes, italiano, teutoniko ta beste askotan, dinueenez, dantzia, dantza, danse, danser... esaten jako olgeeta indezente ari. Nai dala Danen kasta galduba, nai dala demoninua, nai dala ordikerija, nai dala zorakerija dantzaak asmau ditubana, guraso ondraubak daukeez dantzarijak.

        Baina zelan etorri dira kristinau errijeetara dantza madarikatu orreek? Zelan? Etorri zirian, bada, jentileetati kristinaubeetara. Ta gero gurasuetati umeetara. Gauza jakina da, jentilak edozein izate artuten ebeena Jaungoikotzat. Ta emoten eutseezan Jaungoiko paltsuai eureen izenak. Jaungoiko paltso areek ondreetako egiten zitubeen eureen egunetan piestaak, dantzaak ta beste olgeeta itzhusi lotsarizkuak, Jaungoikuaren Ziudadeko liburuban san Agustinek dinuan legez . Oneek dira arako ardaozko, odolezko ta luxurija utsezko jentilen olgeeta loijak ta gizatasunaren desondragarrijak, zeintzubetan gizonak piestia egiteko pelietan zirian artzakin, otsoakin, ta tigreekin, alkar ill artian.

        Apostolu santubak ebanjelijua predikeetara zabaldu zirianian, Isrraelgo ta Judeako erreinu txiki bijak itxita, beste mundu guztia zan jentileena. Olgeeta odoltsubakin, luxurijotsubakin ta ardaotsubakin Jaungoiko paltso asko, Marte, Jupiter, Bako, Benus ta beste milla gauza loi Jaungoikotzat adoreetan zitubeenena. Marte gerragina ondreetako, gizonak pelietan zirian alkar ill artian ezpataka alkarregaz; edo otsuakin ta artzakin, batzubak ill artian. Bako ardaogina ondreetako, gizonak eta emakumiak maats mordoz ta panpanuz jantzita, ordituta ibilten zirian dantzan naaste plazarik plaza, kalerik kale. Benus loija ondreetako, gizon ta emakume ordituta, biloxik ibilten zirian naaste, guztien agirijan dantzan ta edozein gauza loi egiten. Ta onan beste Jaungoiko paltso eguneetan. Au zan jentileen sinistutia ta erlijinoia. Onan topau ebeen apostolu santubak munduba.

        Apostolubak jentil asko biurtu edo ekarri arren ebanjelijoko sinistute ta lege garbira ta zuzenera, geratuten zirian kristinau barrijak jentileen artian. Esateko moduban, erri baten beegozan berreun edo irureun kristinau barri, beste bosteun edo seireun jentilak zirian. Ebanjelijo santura biurtu ez zirianak. Eureen Jaungoiko paltso eguneetan, leenago legez, olgeeta ardaotsubak, loijak ta odoltsubak eukeezanak. Au erakusten deuskubee mundu guztiko jazuak. Ta au berau irakurten dogu geure Españakuetan. Ebanjelijo santubak ta Eleisa Ama santiaren ordenaak eragozten eutseen kristinau barrijai, jentileen dibersinoetara juatia. Ta agindu eutseen debozinoe santu bategaz ta espiritu egijazkuagaz ondrau egijeezala Jesukristo geure Jaunaren, Ama Birjina guztiz santiaren, apostolu santubeen ta martirijeen egunak, zerubari grazijak emonagaz ta karidadezko ta onestidadezko alegrija santa bategaz, jentileen itsutasuneetati ta pekatubeetati Jesukristok librau zitubalako. Au onan Eleisiak aginduta egon arren, kristinau barri guztiak ez zirian santubak. Gusteetan jakuezan sabelaren ta aragijaren erako olgeetak. Ta ikusteen zitubeen legez kristinau barrijak eureen senidiak, auzuak ta erritar jentilak Jaungoiko paltso eguneetan olgeetan nasai, eurak bere asi zirian, euren santu eguneetan eleisaan santubak ondrauta, eleisakua eginda gero, plazaan jentileen olgeetak egiten. Onako geure santu egunetako olgeetak, gurasuetati umeetara, giza aldirik giza aldira, eldu dira geure denporaragino. Ara emen geure errijeetako zezeneen, ezpata dantzeen, desapijozko burrukeen, makilakeen, ezpatakeen, komedijeen, dantzeen ta konbidautegijeen sartueria edo etorrieria kristandadera.

        Au gaiti esaten deutsee Eleisiaren Gurasuak berbaoro geure errijeetako zezenai, dantzai ta komedijai: Jentilidadiaren zatijak, relikijak edo ondokinak, idolatrijak, Jaungoiko ukazalliak. Gerraginak bere geitu ditubee komedijak, dantzaak ta olgeeta pekatuzkuak. Soldau aldraak sartuten zirian ezpata odoltsubakin errijeetan, ta zirian legez geijeenak jente guztiz nasaija, eureen gusto guztiak eskatuten zitubeen gau ta egun. Areetati naijeen ebeena zan komedija, sarauba, naasteko dantzia, zein dan luxurijaren ama. Onan etorri da ta zabaldu da kristinau errijeetan, diabrubak jentileen artian erein eban azi inpamiaren prutu madarikatuba dantza desonestu orreetan.

        Ikusi ezkero, ze asiera ondrauba daukeen naasteko dantzaak ta zelan zabaldu dirian kristandadian, esan biar da zegaiti kenduten ez dirian. Esaten da, bada: I. Eleisiaren batzarrak, erakusla santubak, ta kristandadeko errege jaun askoren (baita jentileenak bere batzuk) ordenaak, egin dabeela alegina, errijeetati dantza galdubak kenduteko. Irakurri bediz san Karlos, Milango obispo jauna, Franzisko Jeneto, obispo jauna, ta beste, kasik edozein penseeta oneko erakusla, ta eurak esango dabee zeinbat alegin egin dan giza aldi guztietan dantza naastaubak kondeneetako. II. Ez obispok, ez kurak, ez r regek, ez juezek ez deutsa inori aginduten, ez piestara juateko, ez naasteko dantzaan sartuteko. Ez da inor karzelara eruaten, ez multeetan, dantzan egin ez dabelako. Eleisiaren burubak ta errege jaunak asko estimauko leukee, kristinaubak Jaungoikuaren bildur santuba gaiti, ta egun aretako kastu alperrikakuak gaiti, dantza orreetati ta arimak galduteko piesta orreetati alde egitia. III. Errege jaunak ta legeginak itxi legijue errijetako jentiari piestaak ta dantzaak egiten, pekatu diriana eurak jakin arren, eurak pekaturik egin bagarik, dino santo Tomasek. Gauza bat da pekatu egiteko agindutia ta beste bat da, guztia erremedijau ezin danian, pekatu egiten istia. Pekatu egiteko agindutia guztientzat ta beti da pekatu. Pekatu egiten istia, geijago ezin danian, ez da pekatu. Mundukuak ezin erremedijau legijeez pekatu guztiak. Orregaiti errege jaunak ta legeginak, dakijeela, pekatu askori jazoten isteen deutsee.

        Moisek emon eutseen libertadia judegubai, leleengo emaztiari itxita, beste bategaz ezkonduteko. Baita kanpotarrai logrerijan aurraz zerbait presteetako bere. Legeginak parkatu legijee, emakume galdubak eureen tratu txaarrian bitzi izateko, etxe jakina ta agirija. Baita komedijak egiteko lizenzia emon bere, opizijo inpamia ta pekatuzkua izan arren. Alako gauzaak pekatu diriana jakin arren, jazoten isteen deutsee legeginak, eurak pekatu egin bagarik. Bakijee kristandadeko agintari jaunak lekuban lekuban dagozana nasaijak, Jaungoikuaren bildur bagakuak, zeruba galdubak edo irabatzijak penarik emoten ez deutseenak, odolaren ta aragijaren artian loituta bitzi gura dabeenak; ta asko izan arren zerurako deitubak, gitxi izango diriala zerurakuak.

        Au berau jazoten da, bada, geure errijeetako piesta ta dantza naastaubakin. Ez dira kenduten; ta ez dira obaago kenduten ez dirialako. Ezpabere esan egidazu: Nok guztiz kendu legiz edo kenduko ditu geure plazeetako dantza lotsagarrijak? Edo, nok dauka obligazinoia kenduteko, ain txaarrak izan arren? Obispo jaunak, kura jaunak, predikadoriak ta konpesoriak, askok alegina egin dabee ta egiten dabee kenduteko, baina ezin kendu ditubee. Errege jaunak ta legeginak erakutsi dabee eureen borondatia ta geijago zeregin ez daukee, santo Tomasegaz esan dirian errazoiak gaiti. Urijeetako alkate jaunak ta errijetako piel jaunak nai balebee bere, kendu ezin legijeez, urijak edo errijak nai ez dabela, sarritan ikusi dogun legez. Nok ditu, bada, guztiz kendutekuak? Nai dozu Jaungoikua etorri dakizun dantzazale bakotxari esatera dantza orreek pekatuzkuak diriala ta ez juateko? Edo nai dozu zerubak gorroto deutseen seinale batzuk emon dagizuzan? Irakurri egizuz, bada, Benedikto XIV., Markanzio, Seineri, Looner, Balero ta beste edozein erakusla, dantzeen gainian puska bat sustraiz berba egiten dabeenak. Areetan ikusiko dozu zeinbat kastigu ikaragarri egin dituban zerubak giza aldi askotan ta kasik erreinu guztietan, pekatuzko dantza, ta olgeeta madarikatu orretati kristinaubak aparteetako. Ta kendu ditu guztiz? Ez, por zierto. Kastigubaren trumoe aldija irago dedinian, nasaijak ta desonestubak leengo pekatubeetara.

        Nok ditu, bada, guztiz kendutekuak? Ziudadiak, urijak eta errijak kendu legijez eureen luurrekuak, gura balebee. Ez dau kristandadeko legeginek ez uririk, ez ziudaderik, ez erririk kastigeetan, bere luurreko dantza nastekuak kendu ditubalako. Ereje batek edo ateista batek kastigau legi, Pranzesak egin dabeen legez. Baina ez parte oneko agintarik . Alan, erriko jentiak gura balebee, kendu legijeez guztiz eureen errikuak eta luur barrukuak. Kendu biar ditubeen edo ez, eurak jakingo dabee. Baina nos gura izan dabee uri bateko edo erri bateko auzo edo bezino guztiak, eureen erriko dantza naastaubak eta pekatuzkuak guztiz kendutia? Auzo batzuk beti. Beste batzuk inos bere ez. Batzuk esaten badabee ez dala egin biar pekatuzko dantza edo piesta nasairik, beste batzuk dinue leen bere egiten ziriala ta orain bere egin biar diriala. Jagiten da auzi bat errikuen eureen artian. Juaten dira juez nausijaguagana ta esaten dau ak erriko bakia gaiti: useetan dana, egin dedilla. Ara emen dantzazaleen gau ta egun piesta galduko edo dantza nasaijeetako, eurak esan oi dabeen, libertadia edo lizenzija. Sarritan au jazo da geure errijeetan. Ta geratu dira dantza desonestubak leengo terzijuan, agintarijak errurik ez daukeela.

        Emeti ezaututen da zegaiti kenduten ez dirian naasteko dantzaak, pekatuzkuak izan arren. Deungaak dira ta kenduten ez dira. Ta kendu ez arren, ez da pekatu txikijagua, dakijala, dantza areetara juatia. Kendu ezak ez ditu gitxituten, ez txikituten naaste inpame atako pekatubak.

        Alperrik da, bada, esatia: zetako dantzaak guztiz kenduten ez dira, ain deungaak badira? Ez dira kenduten ta, etxuria daukanez, kenduko bere ez dira guztiz. Ta orregaiti bapere obaak ez dira. Beste modu baten kendu legiz guztiz. Ta txito errazto. Zelan? Juan ezagaz. Inor juaten ez bada, kenduta dagoz. Askorentzat kenduta dagoz. Bestiak bere juan ezagaz kendu legijez. Ta au esaten jakue kristinaubai egin biar dabeela pekatu mortalaren beian.

 

 

§. II.

Santo Tomasek dino dantzan egitia berez ez dala pekatu

 

        Bigarren lekuban santo Tomas, Eleisiaren erakusla andija dakarree testigutzat dantzarijak, eureen olgeeta nasaijak oinian eukiteko. Santu gloriosua aotan artuta, koipaatu ta leundu gura litukee dantza desonestubak, leen dirian baino geijago. Santo Tomasek ta beste juizijua daukeen guztiak esaten dabee dantzan egitia berez pekatu ez dana. Ta zer daukagu onegaz? Plazeetako, erromedijeetako, bigireetako ta saraubeetako dantza leen izentaubak pekatu ez diriala? Au ez. Errezago da zeruba luurragaz batuten, oneek bijok bat egiten baino. Santo Tomasek dino kanta onestubagaz, soinu onestubagaz ta egitade indezente bagarik ta beste onestidadia ezaindu legijan gauza bagarik, persona eldubak ta modestijazkuak, aparteko motibo andi bategaz, dantzan egitia ez dala pekatu. Baina sartuten bada edo naasteetan bada indezenzijazko gauzarik dantzaan, gauza jakina dala pekatu dana. Au ta geijago eskatuten dau Santubak dantzia pekatu ez izateko, et si quae hujus modi esanagaz. Begiratu bekijo, bada, berbeeta oni ta orrako plazeetako, erromedijeetako, bigireetako ta saraubeetako dantza ederroi bere bai, leleengoti azkenera. Ta betor nai dabena ia alkarregaz bat egin al dagizan ikusten. Bat egin al badaiz Kristo ta diabruba, grazija ta pekatuba, gaba ta eguna, onestidadia ta desonestidadia, kastidadia ta luxurija, santo Tomasen esana bere bat egingo dau esan dirian dantzeekin.

        Dantzan egitia berez pekatu ez da; baina egiten dan ta useetan dan moduban egitia, pekatu mortaleko okasinoe urrekua da. Orregaiti santo Tomasek esaten dau ainbeste lekutan ta beti alako okasinoera juatia pekatu dala. Dantzia pekatu egiteko okasinoia bada, dantzara juatia pekatu dala... Domeekan dantzan egitia, soluan nabasen egitia baino pekatu andijagua dala...

        Egin bedi, bada, dantzan, egin biar bada. Loitu bediz gorputzak ta kondenau bitez arimak, dantzaarijak alan gura badabee. Baina ez bedi sekula aotan artu santo Tomas, eskoleetako aingeruba ta birjinidadiaren mirarizko ispilluba, geure errijeetako dantza nasaijak ta desonestubak ontzat emoteko.

 

 

§. III.

San Pranzisko Salesek Philoteari ez eutsan guztiz eragotzi dantzan egitia.

 

        Irugarren lekuban dinue dantzazaliak san Pranzisko Salesek ez eutsala Philoteari guztiz eragotzi dantzan egitia. Ezin esan ginai Santubak emongo eutsala libertadia pekatu egiteko. Begaz, ez da pekatu dantzan egitia san Pranzisko Salesen eritxijan. Au da Santu andi aganik dantzaarijak ateraten dabeen kontuba. Ta onan jabonau gura litukee dantza inpamiak, Santubak erakutsijak ta ontzat emonak balira legez. Onei esaten jakue, itsututa ez badagoz, irakurri dagijeela Santuba bera. Berak dino: «Dantzan egitia berez pekatu ez dala... Dantzarik oneenak bere utsa balijo dabeela... Egiten dirian moduban, gauza txaarren ta pekatubaren entero urrekuak diriala; ta orregaiti arrisku ta peligru andikuak diriala... Dantzara duazanak alkarren propijan banidadez duazala. Banidade atati urteten dabeela maitekerija txarrak ta peligruzko karinuak. Basoko suga ta pristija benenotsubak oinduari berenua ezarten deutseen legez, dantzarijak albokuari belaarrijan esaten deutsazan berba desonestubak, begirakune maitiak ta eskuka loijak sartuten deutseela bijotzian pekatubaren berenua. Nok ez daki orduban bijotza prestauta daguana pekatuban jausteko, pekatubari obeiduteko ta berenuagaz ilteko?

        «Dantzan egizu, bada, gitxi ta gitxitan, Philotea... ta orduban ondo prestauta. Baina zelan prestauta? Modestijaz, juizijoz ta intenzinoe onagaz».

        Au guztiau da san Pranzisko Salesena. Ta oraindino geijago [dino] Santu andijak ta garbijak, dantziak gatx egin ez dagijon. Baina zer geijago? Pensau gauza batzuk. Baina zer pensau? Ara beraren berbaak: «Pensau egizu leleengo, zu dantzan zenbizan artian zeinbat arima inpernuban erreetan egongo zirian, dantzan ta dantzia zala medijo egin zituben pekatubak gaiti. Pensau egizu bigarrenian, zeinbat praile ta kristinau on egozan orduban Jaungoikua alabeetan. Oh, ze obeto egin dabeen areek zuk baino! Pensau egizu irugarrenian, zuk dantzan egin dozun artian zeinbat illda beste mundura juan dirian. Zeinbat ospitaleetan padeziduten egon dirian... Ah, tristiak! Ez zara errukituten areekin? Deritxazu ez dozula negar egingo, areek legez, egunen baten beste batzuk dantzan dabiltzanian? Pensau egizu laugarrenian, Jesusek, Ama Birjiniak, aingerubak ta santubak ikusi zaitubeela dantzan. Duda bagarik lastima izan deutsubee, ikusita zure bijotza ain gogoz ta zur alako zorakerijan ta tontakerijan. Pensau egizu bostgarrenian, ai, nire tristia! Dantzan ibili nasaneko denporia juan jat. Erijotzia leen baino urrago daukat... Bere dantzara dei egiten deust onek. Orduko soinuba izango da nire zuzpiruba. Ta orduko dantziaren azkeneko jiria bitzitzati eternidadera. Oneek imini deutsudaz, pensau daizuzan. Baina (Jaungoikuaren bildurrik badago zugan) berak ekarriko deutsuz beste pensaukizun batzuk atarako». Ara emen san Pranzisko Salesek Philoteari emon eutsan, dantzan egiteko lizenzija. Zorakerijak, tontakerijak, nezedadiak, arrisku andikuak, peligru andikuak, beti gauza txaarrerakuak, banidadezkuak, bijotzaren berenozko illgarrijak ta, oneenak bere, bapere balijo ez dabeenak diriala dantzaak, dino Santubak. Modestijaz, errespetoz, juizijoz, intenzinoe onagaz ta motibuagaz gitxitan ta gitxi dantzan egiteko, esaten deutsa san Pranzisko Salesek Philoteari. Ta egiten daben banakaan esan dirian bost gauzaak ta geijago penseetako, dantzeetako berenuak ill ez dagijan. Au dino Santu andijak izentau dan kapituluban ta aren urreenguan. Ta oraindino puska bat estutxubago laugarren parteko seigarren kapituluban, nun kondeneetan dituban Santubak pekatuzat emen esan dirian baino etxura arinagoko ta txikijagoko paltaak bere. Egin bekijo, bada, ondria Eleisiaren santu ta obispo andijari. Ta ez bedi aotan artu, dantza pekatuzkuak ontzat emoteko.

 

 

§. IV.

Abadiak eta prailiak bere juaten dira piestara...

Txaarrak balira, ez litzaatekez juango.

 

        Laugarren lekuban dinue dantzaarijak abadiak eta prailiak bere juaten diriala dantzetara; saraubetan dantzan bere egiten dabeela batzuk; txaarrak balira, sazerdote jaunak ez leukeela egingo...

        Erantzuten jakue abade bat nai praile bat juan leitekiala (edo juan biar dabela) piesta egunian piesta egiten dan lekura, edo sermoia egitera, edo mezia esatera, edo meziari lagundutera, edo beste jagokan biar bat egitera. Ta baita egun atan geratu bere estadubari jagokan etxian ta lagunakin. Abade batek edo praile batek piesta egunian au egiten dabelako inor eskandalizetan bada, parisijuen eskandaluba da. Ta ez dau mereziduten kasurik egitia.

        Ez dogu ori gaiti esaten, dinue dantzarijak, ezbada abadiak eta prailiak piestara juanda, jente artian sartuta, geu legez olgeetan bertan ta arutz ta onutz ikusten ditugulako. Oni erantzuten jako ez diriala guztiak izango. Ezda gitxiago ta gitxiago bere. Batzuk egiten dabeena ez dala guztiak gaiti esan biar. Judasek Jesus saldu ebalako ez da esaten apostolubak saldu ebeela, ezbada apostolu batek saldu ebala edo Judasek saldu ebala. Bigarrenian erantzuten jakue abadiak eta prailiak bere pekatu egin legijeela. Abadentzat ta prailentzat bere baguala inpernuba, gaiski egiten badabee, ta eskandaluba emoten badabee beste edozein pekatarirentzat legez. Abitubak soinian janzijak ta sotania iminita koroia edegijak salbauko baginduz, ondo gengokez prailiok eta abadiok. Baina ez. Geure estadu santuko ta altuko zereginak gordiak salbau biarko gaitu zeruko grazijagaz.

        Irugarrenian erantzuten jakue esan dirian dantzaak ta piestak, bestenzat libre balira bere, abadentzat ta prailentzat pekatu diriala. Ez da errez sinistuten sazerdote jaunak ta relijiosuak, eureen estadu santubagaz aaztuta (jentiak esaten daben legez ta sarritan arpegijan ezarten deutskun legez) saraubeetan dantzan egiten dabeela; ta ezda orrako esan dirian piestetara ta erromedijeetara juanda, gizon ta emakumen artian, neska ta mutilen artian naastian sartuta, olgeetan ibilten diriana bere. Emen egon leiteke engainu andija eleiza gizonen kleitu onaren kaltian. Dantzazaliak lagunak gura ditubee. Ta zeinbat estadu altubagokuak, ainbat naijago, eureen dantza loijak nok jaso eukiteko. Au gaiti esaten dira txito gauza asko sazerdote jaunak ta relijiosuak gaiti. Au egin dabena... onan ibili dana... an izan ei zana... Onako guzurrak laster sinistuten dira eleisa gizonen kontra. Ta lasterrago zabalduten dira. Norbait inos ikusi badabee gauza gitxi baten deskuideetan, aorik aora geitubaz zabalduten da bertati. Ez da, bada, sinistuten, abadetegija ta prailetegija juaten diriala piestetara, edo egiten dabeela dantzan, jentiak esan gura leuskegun moduban; ezda gitxiago bere euskal-errijetan, ez Espaina guztian.

        Bada, sinistuko dau inok sazerdote bat (ta oraindino ezainago relijioso bat) bere estadu altubaren, santubaren ta garbijaren lotsarijan ta ordiako sakramentubaren desondraan ibiliko dala piestetan ta dantzeetan? Ez egitia, eze ikustia bere Eleisiak eurai pena andijakin eragotzita daukan olgeeta inpameetan? Jaungoikuak bere etxia zaintuteko esleidu dituban gizonak? Pekatarijagaz Jaungoikuaren arteko bakeginak? Jesus geure Salbadore maitia ta garbija zeruti eratsita, egunian egunian eskubetan darabileenak? Altara gainian guztioen osasuna gaiti Aita Betikuari Bildots garbija eskintzen deutseenak? Sazerdote jaunak? Oneek ibiliko diriala piesteetan, erromedijeetan ta saraubeetan neska artian ta mutil artian erdikomiko eginda olgeetan? Ez da errez sinistuten.

        Baina badago abaderik edo prailerik, ain diabrubak itsuturik edo ez jakinik, esaten jako trago mingotxa arimiari emoten deutsala, doian bakotxian. Erakuslen esanian pekatu mortala egiten dabela, doian bakotxian, juatia bera gaiti ta alako piesta desonestuba berarijaz ikustia gaiti. Naasteko dantzaak berarijaz ikustia ta arei begira egotia bere eragotzita dago aparteko legiagaz eleisa gizonai, pekatu mortalaren beian, dinue erakuslak. Sinistuko ete dau au alako eleisagizonak, deskuiduan inor bada, onan dana? Jazo leiteke guztiz itsututa egotia edo txito gitxi jakina izatia.

        Bada, Eleisako konzilijo ta erakusla guztien dotrinia da. Eleisiaren bostgarren giza alditi asita andi Trentoko konzilijora gino asko izenteetan ditu Benedikto XIV. eleisagizonai naasteko dantzeetara juatia ta ikustia bere pena andijeen beian eragozten deutseenak. Eleisiaren neurgarri edo canon, ta kongregazinoe sagradukuaren ordena asko bere izenteetan ditu Aita Santubak berak; zeintzubetan eragozten jakuen eleisagizonai ez bakarrik alako lekubetan dantzan egitia, ezbada baita besteen naasteko dantzia berarijaz ikustia bere, pekatu mortalaren beeko agindutzat. Natal Alexandrok dino pekatu mortala egiten dabeela eleisagizonak alako olgeeta naastauti aparteetan ez dirianian. Bederatzi konzilijoren esanak iminten ditu erakusliak berak, nun agiri dan Eleisiaren aginduba argiro. San Antoninok pekatu mortalaren beian eragozten deutseez eleisa gizonai alako dantzaak, dino Benedikto XIV. Baita san Karlos Milango obispo jaunak bere. San Pranzisko Salesek eragotzi eutsezan, Eleisako opizijuak ez egitiaren beian. Antoinek beste ainbeste dino san Buenabenturagaz. Santo Tomasek beste ainbeste dino. Baina zetarako da kansetia? Egija topau gura dabenak irakurri begiz Benedikto XIV., sinodo diozesana ta instruzinoiak, erdera ta latin guztien eskubetan dabizanak. An topauko da ezetara bere ez dala libreetan pekatu mortaleti, berarijaz pistetara ta dantzetara olgeetan doian abadia, ez prailia.

        Ta esaten badau inok, leen ez arren, orain usetan dala ta ez dala pekatu abadiak eta prailiak alan ibiltia, Trentoko konzilijuan deklarauta ta aginduta dauka abadiak eta prailiak piestetara ta dantzetara ez juateko; leenago Eleisiak ta konzilijuak agindu dituben ordenak gordetako, ta usadijuaren edo oituriaren atxakijak ez dagijeela balijo lege onen kontra... Ta obispo jaunai aginduten deutsee konzilijuak pekatu mortalaren beian, dino Benedikto XIV., kastigau dagijezala, legiak aginduten daben moduban, piesta edo dantzetara juaten dirian eleisa gizonak. Ez dago usadijorik, ez dago atxakijarik, ez dago urteerarik eleisa gizonak berarijaz dantza ta piestetara juateko. Atiak guztiak itxita dagoz. Ez dago sinodalik eleisa gizonai alako eskandaluba parkatuten deutseenik. Alan ikusten dogu gorde bere egiten diriala lege santu oneek eleisa gizonen exenplu andijagaz. Deskuiduan ezjakin tristeen bat nosbait deskuidau bada, orduban dantzazaliak santipikau gura litukee eureen nasaitasunak, abadiak ta prailiak bere egiten dabeela esanda.

        Ta izango da au atxekija ona dantzarijentzat eurak juateko ta ibilteko, oi dabiltzan moduban? Ez. Alperrik esango dabee. Ez deutsee balijo. Ez ditubee edertuko ta gitxituko au esanagaz eureen dantzetako pekatu loijak. Baina gusto emon daijeegun onei. Ta esan daigun, gura badabee abaderik ta prailerik geijeenak juaten gariala piesteetara, erromedijeetara, saraubeetara ta naasteko dantzeetara. Zer daukagu onegaz? Nik lapurretan egiten dodalako; bidauak ta maldezinoiak ezarten ditudalako; logreruba nasalako edo pekatuban komulgeetan nasalako, esango zenduke gauza oneek egitia ez dala pekatu? Esango zenduke abadiak eta prailiak bere egiten ditubeela ta zeuk bere egin zinaizala? Bada, beste ainbeste . Abadiak ta prailiak piestetara ta dantzeetara juango balira bere, zubek egitia esan dan moduban pekatu da. Abadeena ta praileena andijagua (juaten badira); baita zubeena bere kondeneetako duina. Jazo leiteke alako prailerik edo abaderik bada, zeubeen dantzeetako ta piesteetako pekatubeetati zubei absolbidutzatzo bat edo askatutzako bat konpesinoian errezto egitia ta pekatuko okasinoe jakin orretan zubei ibilten istia. Baita jazo leiteke (ta erremedijo bagarik jazoko da, penitenzia egijazkua egiten ez bada) areek eta zubek, konpesore ta penitente guztiok, alkarregaz inpernuko dantzara juatia bere. Au da alako guztiai Espiritu Santubak esaten deutseena: Ducunt in bonis dies suos et in puncto ad inferna descendunt. Esan daneti aituko dozu ez deutsula balijo abadiak eta prailiak bere juaten diriala esanak, zeubek dantza naastaubeetan ibilteko.

 

 

§.V.

Piesteetara ta dantzeetara juan arren, ez dot nik pekaturik egiten.

 

        Bostgarren lekuban piestazaliak edo dantzaarijak agertuten dira beste urtenera bategaz ta esaten dabee piesteetara ta dantzeetara juan arren, ez dabeela pekaturik egiten. Ai, au gauza ederra da! Ditxosuak eta zorijonekuak alako semiak eta alabaak! Oh, dantzarik dantza, piestarik piesta, erromedijarik erromedija, bigirarik bigira ta saraurik sarau neska ta mutil, andra ta gizon naaste, gau ta egun oi zabiltzan moduban ibilita, pekaturik egiten ez dozun bedeinkatubok! Lastimia nortzuk zarian ez jakitia! Duda bagarik Eleisiak altareetan iminiko lituke, ango leengo santubai alde eraginda, baleki nortzuk dirian alako gorputzezko aingerubak, sutan sartuta erreetan ez dirianak; batsatzan ibilita, loituten ez dirianak; pikiagaz lo eginda, garbi jagiten dirianak. Lastimia! Orrako dantzari santu orreek, piestazale bedeinkatu orreek okasinoerik sutsubeenetan eureen gustoz ibilita, pekaturik egiten ez dabeen orreek, gure ao lotsa galdukuetati ainbeste pikaerdija entzun biarra. Oh, ze gitxi jakinak zirian san Anton bat, san Jeronimo bat, san Agustin bat, Arsenio bat, Paulo bat, Benito bat, Madalena bat, Pelajia bat, Tais bat ta beste milla onako! Ez jakinak, dinot, dantzarijen burlaz. Bada, areek, okasinoeti iges eginda, gorputzak ondo ta sarri zurrauta, lua ta jana laburtuta, begijak ta sentidubak kontu andi bategaz erabilita bere, nekez goitu zitubeen aragijaren tentazinoiak. Ta dantzarijak okasinoerik bitzijenian ta sutsubeenian eureen guraz ainbat onduen apainduta, janda, edanda, gau ta egun naaste ibilita, ez dabee pekaturik egiten.

        Zetaragino diabrubak itsutu ete legi kristinauba? Esaten jakue, bada, onei itsututa bitzi diriala. Gorputza ta odola eukitia asko dala. Adanen semia edo alabia izatia asko dala, alako okasinoian bere guraz sartuta, pekatu egin bagarik ez irauteko. Ta bere naiz, premina bagarik, okasinoe jakinera juatia bera dala pekatu. Baina piestazaleen konzienzijaak oitura txaarren tintiagaz zetakatuta dagozan legez, sakrilejijo bat, adulterijo bat edo aitagarri ta amagarri bat osotu artian, beste kastidadiaren kontrako desonestidade nasaija ez daukee pekatutzat. Ta lotsarizko zatarkerija guztia egin ta eraginda gero, esaten dabee ez dabeela dantzeetan pekaturik egiten. Onei jazoten jakue gela estu baten lutzaro oian daguan gaisuarena. Gela guztia atsituta dago. Kanpoti sartuten dirianak ezin egon dira atsa arren. Ta oian daguanak esaten dau ez dabela atsik sentiduten. Piestazalen arimak milla pekatu mortal entzun, esan, ikusi, pensau, naitu, egin ta eragin ditubee dantza ta piesta orreetan eureen guraz. Beste guztiak urrineti bere sentiduten dabee eureen pekatubeen atsa. Ta eurak uste dabee, aingerubak baixen garbi dagozala. Ez dabeela pekaturik egiten.

        Onei esaten jakue ostera bere ez dakijeela dotrinarik. Ez daukeezala pekatu mortalak pekatu mortaltzat; ezda askok benialtzat bere. Ezin alan esaminarik egin legijeela. Aituten ez ditubeen ta aintzat ez daukeezan pekatubeen damurik artu ezin legijeela. Sarri konpesau arren, bein bere ondo konpesetan ez diriala. Ta ondo konpesau bere ezin leitekezala, arian da, dotrinia ikasi, pekatu mortalak ainzat artu, areekin garbatu ta pekatuko okasinoe urrekuai isteeko asmo sendua artu artian. Konpesau begijee oneek guztiok, bai zaarrak, bai gaztiak, bai gizonak ta bai emakumiak orrako piesteetako, erromedijeetako, bigireetako ta saraubeetako dantzeetan ta ibilteetan zer entzun dabeen, zer ikusi dabeen, zer esan dabeen, zer desiau dabeen, zer egin dabeen, bestiai zer eragin deutseen, zer eratso deutseen, ze gogogaz, ze borondategaz, ze karinogaz, ze arpegi eragaz ta zeinbat bidar egin ta eragin, esan ta eratso, entzun ta ikusi, pensau ta desiau, leku emon ta nai izan dabeen eureen bijotzian. Ta agertuko da eureen konzienzija. Baina zelakua? Ah! Eurak bere lotsatuten ditubana. Orraitino naiko dabee dantzazaliak ta piestarijak presko preskorik ta merke merke sinistu daijegun, orrako piestetan, erromedijeetan, bigireetan ta saraubeetan dabiltzan moduban ibili arren, ez dabeela pekaturik egiten. Eh! Zeubeen lagunai ori burloori. Geijago ez esatiarren.

 

 

§. VI.

Dantzeetan ez eze eleisaan bere pekatu egin legi nai dabenak.

Ara bere ez juan.

 

        Piestazaleen seigarren argumentuba edo urteeria da eleisaan bere nai dabenak, pekatu egin legijala. Bada, naasteko dantzara juan biar ez bada pekatuko okasinoia dalako, eleisia bere pekatu egiteko okasinoia izan leiteke ta ara bere ez da juan biarko, edo piesteetara bere bai, pekatuko okasinoia izan arren. Dantzarako libertadia gura leukee, eleisaan bere pekatu egin legijala esanagaz.

        Onei erantzuten jakue bapere pena bagarik eleisaan bere pekatu egin legijala; baijetz. Luziperrek zeruban bere egin ebala pekatu. Ta gizonak nai emakumiak eleisaan bere egin legijala, etxian bere bai, soluan bere bai, altaraan bere bai; edozein lekutan, bitzi dan artian. Baita illten daguanian bere, gura badau egingo dau pekatu. Ta zer daukagu onegaz? Au egiija izan arren, leku guztiak dira bardinak pekatu egiteko? Nun nai gaixotu leitekee. Baina sekeradunagaz lo egiten dabena ala kanpo etxe osasuntsu baten bitzi dana leenago ta sarrijago? Nunnai ill leiteke. Baina gaixo deunga bat sartu dan errijan, ala osasun onekuan dago illteko peligru geijago? Nunnai gizona galdu leiteke. Baina lapurrez beteta daguan portuti doianak ala bere etxe onian daguanak dauka galduteko arrisku geijago? Nunnai jausi leiteke. Baina kalzada lauban ala aldapa labanian lasterrago? Oneen errespuestia zeubek dakizu.

        Beste ainbeste ta milla bidar geijago dira, bada, eleisia ta naasteko dantzia edo piestia pekatu egiteko. Eleisia Jaungoikua ezaututeko, alabeetako ta ameetako lekuba da. Naasteko dantzia diabruba, munduba ta aragija serbiduteko lekuba ta opizijua da. Eleisia pekaturik egin bagarik bitzi izateko, deskuiduan egiten bada erremedijeetako, arimak onduteko ta zerura eruateko lekuba da. Piestia ta dantzia pekatubak geituteko, arimak kondeneetako ta inpernuba beteteko lekuba da. Eleisia Jaungoikuaren, aingerubeen ta santubeen leku estimauba ta santuba da. Naasteko dantzia diabrubak ta pekatarijak olgeetako, Jaungoikua ukatuteko, santubak desondreetako ta zeruba tristetuteko toki apartekua ta billatuba da. Eleisia arimak zerura igoteko eskelaria da. Dantzia arimak inpernura jasteko bidia da. Eleisaan bere pekatu egin legi. Bai. Baina eleisaan euneti bik pekatu egiten badabee, dantzati ta piestati euneti iru etxera juaten ez dira, pekatu egin edo eragin bagarik. Ez da, bada, zetan esan: Eleisaan bere pekatu egin legi, dantza loijeetera juateko.

 

 

§. VII.

Gaztiak zetan edo atan olgau biar dabee.

 

        Zazpigarren lekuban dinue dantzaarijak, gaztiak zetan edo atan olgau biar dabeela. Berbeeta onek utsegite bi daukaz. Bata da gaztiak zetan edo atan olgau biar dabeena. Ez da au egiija. Egiija da nosbait olgeetia naturaleziak eskatuten dabena. Baita zetan edo atan olgau leitekiana bere, bai zaarrak ta bai gaztiak, bai prailiak ta monjaak bere. Au esanda geratu da leen. Baina olgau biar dana, edo gaztiak olgau biar dabeena, ez deusku inok erakusten. Ez dogu irakurten Jesukristo olgau zanik. Ezda Ama Birjinia olgau zanik bere. Ezda san Juan Bautista olgau zanik bere. Santubak ez zirian dantzariak uste dabeen moduban olgau. Ta inos olgau bazirian alan, ez santu zirianian. Kontuban jausi zirianeti aurrera, negar mingotx asko egin ebeen, alan olgau zirialako. Madalena bat, Maria ejiziaka bat, san Agustin bat, san Andres Korsino bat, san Abertano bat ta beste asko dira onen testigubak. Bautismo santuban ez genduban agindu olgeetia, ezbada mundubaren, aragijaren ta diabrubaren kontra beti pelietia. Ez deusku ebanjelijuak aginduten olgeetako, ezbada gau ta egun kontuban egoteko, arerijuak artu ez gaizan. Geratu bagarik orazinoia egiteko, tentazinoian jausi ez gaitezan. Pekatuko okasinoeti ta peligruti iges egiteko, bertan galdu ez gaitezan. Gorputzari gurarijak ukatuteko... Penitenzija egiteko... Kurutziari jarraituteko... Au da aginduba. Au da biar dana. Ez olgeetia. Jentiak zetan edo atan olgau biar dau; edo jentia zetan edo atan olgau bagarik egongo ez da penseetia, errege, agintari edo legegin batentzat ondo da. Kristinau bakotxarentzat ta arimia salbeetako, ez olgeetia ta penitenzija egitia oba da.

        Bigarren utsegitia da gaztiak zetan edo atan olgau biar dabeela ta piestaak, erromedijak, bigiraak ta saraubak ontzat emotia. Oneen kontuban, gaztiak zetan edo atan olgau biar dabee ta olgau biar dabeen ezkero, olgau leitekeez pekatu egiten. Olgau biar dabeen ezkero, ez da pekatu izango, neskaak ta mutilak gau ta egun naaste dantzan, nai dabeen moduban ibiltia. Olgau biar dabeen ezkero, ez da pekatu izango leen esan dan desonestidade guztia esatia, egitia, entzutia, ikustia, goguan erabiltia ta nai izatia. Gaztiak olgau biar dabee ta, olgau biar dabeen ezkero, ez da pekatu izango pekatu egiten olgeetia. Guk au esatia nai leukee dantzazaliak. Nai leukee gaztiak zetan edo atan olgau biar dabeela ta, lizenzija emon dakijuen piestarik piesta, erromedijarik erromedija, bigirarik bigira, saraurik sarau ta dantzarik dantza neska ta mutil, gizon ta andra naaste alemanijeen gisaan luxurijotsu ibilteko. Edo berba baten esateko, nai leukee lizenzija emon dakijuen Jaungoikuaren lege santuba austeko. Edo, esan dakijuen pekatu egitia ez dala pekatu. Oh, madarikatubak, dino Spiritu Santubak, gauza onari txaarra ta txaarrari ona esaten deutseenak!

        Entzun dot, ta ez bein bakarrik, (menturaz guzurra) konpesore batzuk emoten deutseela lizenzija jentiari izentau dirian olgeetara juateko, ondo ibili zaite esanda. Au egiija bada, ezin aitu dot nik zelan dan ondo ibilte au. Bada, ondo ibiltia bada mundubaren ta aragijaren erara, eurak egiten dabee konpesorek agindu bagarik, txito ondo ta ainbat onduen. Ta ez dauka inok zetan buruba kansau dantzazaliai piestaan... ondo ibilteko esaten. Ondo ibiltia bada Jaungoikua opendidu bagarik esan dirian dantzeetan ta piesteetan, oraindino gitxiago aituten dot. Dinot bene benetan ez dodala aituten zelan dan ondo ibilte au. Leenago esango neuke, ondo ibilteko esanda alako okasinoe desonestura juateko lizenzija kristinaubai emoten deutsanak, edo ez dakijala zer dirian olgeeta areek, edo ez dakijala morala deritxon dotriniaren asierarik, edo (gitxien sinistu biar dana) dala lagun dantzarijai pekatu egitia pekatu ez dala esaten deutseena. Ez da, bada, zetan esan gaztiak zetan edo atan olgau biar dabeela, olgeeta pekatuzkuak oinian eukiteko.

 

 

§. VIII.

Oba da alkarregaz plazaan edo sarauban edo bigiraan olgeetia, ezkutubeetan gauza txaarraguak egitia baino

 

        Azkenian dinue dantzazaliak oba dala piestara plazara edo bigirara edo saraura juanda an guztien artian olgeetia, ezkutubeetan gauza txaarraguak egitia baino. Oneek autor dabee piestaak eta erromedijak eta bigiraak eta saraubak txaarrak diriana. Ezaututen dabee olgeeta areetan arimak osasun onik ez daukeena. Baina bildur dira, pekatuzko olgeeta arei itxita, arimak gaixotubago egin ez ditezan. Orregaiti dinue oba dala, ara juanda, an ibiltia. Onei erantzuten jakue: I. Bata bere ez diriala onak. Bijak diriala txaarrak. Bata bere ez diriala egin biar. Pekatu mortal andijaguari itxita mortal txikijagua egin dabelako, ez da inor salbauko. Zaldi bat oostutia baino gizon bat illtia pekatu andijagua da. Ta oostu legi zaldija, pekatu txikijagua dalako? Basuan oostutia baino eleisaan oostutia pekatu andijagua da. Ta basuan lapurretan egitia ez da pekatu? Libriagaz pekatu egitia baino ezkondubagaz egitia txaarrago da. Ta libriagaz egitia ondo da? Gizonik ill ez arren zaldija oostu dabena, eleisan ez arren lapurretan egin dabena, ezkondubai bakian itxi arren libriagaz pekatu egin dabena, erremedijeetan ez bada, nora juango da? Beste ainbeste esaten da, bada, olgeeta galdu orreek gaiti ta ezkutubeetako gauza txaarraguak gaiti. (Badago eurak baino txaarragorik). Bitzubak dira txaarrak. Ta bata bere egin biar ez dira. II. Esaten jakue engainauta dagozala. Ez dira ezkutubeetako gauza txaarraguak erremedijeetan plazako dantza naastaura juanagaz, ez bigiria eginagaz, ez saraubagaz. Dantzara juanak dakarz geijeenian ezkutubeetako ta agiriko gauza txaar ta txaarrago guztiak. Naasteko dantzia da pekatu guztien erne lekuba ta tokija. An ikasten dira okerrerija guztiak. An batuten dira adiskide txaarrak. An iraasten da luxurijaren gaixua. An ezaututen dira bijotzeko karinuak ta maitekerijaak.

        An egiten dira isil mandatubak ta batuten da aragijaren gosia. An ikasten dira inor engaineetako arte asmotsubak. An topeetan dira guztirako lagun jakitunak. Ta an egin ezin dana, egiten da gero ezkutubeetan. Au ezaututeko ez da jakiturija andirik biar. Errijeetako jentiari puska bat begiratutia da asko. Piestako ta naasteko dantzati alde egiten dabeen kristinaubak, bai, okasinoe areetan sartu ez oi dirianak, zer esan gitxi emoten dabee errijan, sentimentu gitxi gurasuai, ta zeregin gitxi justizijari. Begiratu bekijue orrako plazako dantzeetan, bigireetan ta saraubeetan oinik iminten ez dabeen kristinaubai, bai zaarrai ta bai gaztiai, bai gizonezkuai ta bai emakumiai. Ta ikusiko da edozein lagun artetan erakusten dabeela eureen egoneriagaz, ibiliteriagaz, berbeetiagaz ta jeriagaz eldutasuna, atsetasuna, juizijua, lotsa ona ta kristinau usaina. Ez zaarrak bakarrik au, ezbada baita mutil gaztiak ta neskatilla gaztiak, edadiaren lorakuak ta mundurako ezer galduta ez daukeenak bere. Edozeinek errijeetan erraparau daikien egiija da au.

        Baita egiija da dantza naastauti urteten dabeela edo dantzazaliak diriala geijenian ezkutubeetako ta agiriko okerrijaginak ta gaiskinak. Ezpabere, betoz guztiok esaminara. Esan beit: Nortzuk dira eureen ibilieraan ta egoneraan jagitasuna, arrotasuna, burueritxija, dotorerija ta besteen desprezijua erakusten daueenak? Piestazaliak. Nortzuk dira eureen berbeeta ta meniuetan azalkerija, berdekerija, errazoe eltzakaak, ezizen desonestubak ta lotsarizko maitekerijaak edonun esan ta egiten ditubeenak? Dantzazaliak. Nortzuk dira, eureen jantzijan banidadia, modia, indezenzija ta luxurijaren konbitgarrija darabileenak ta auzuai zer esan ta zer pensau emoten deutseenak? Piestarik piesta ta saraurik sarau dabiltzanak. Nortzuk dira, eureen lagun arteko tratu ta artu emon popuertzakuetan guzurra, enbusterija, esker txaarra, deungaro esatia, inoren bitzitzaak jakitia, areek konteetia, sospetxa ta juzku gaistuak zabaldutia ta jente guztia aotan erabiltia, jaijotzako ekandutzat ta zeregintzat artuta daukeenak? Bigirarik bigira, erromedijarik erromedija ta dantzarik dantza ibili dirianak ta dabilzanak. Nortzuk dira eureen etxeetan dotrinarik ez dakijeenak, senar emazteen artian bake txaarra, alkar jotiak, alkarreganik aparteetiak, zeluak, alkar ikusi ezinak ta eskandaluba zabalduten dabeenak? Nortzuk dira gaiski azitako umiak, lotsa galdukuak, gurasuai karinorik ez deutseenak, deungaro erantzuten deutseenak, nai dabeenian baino obeiduten ez deutseenak, beti jantzi barrijaren eske dagozanak, dendarako ta beste tratu txaarretarako ta inpameetarako, patrikaraan edo muxilleetan laboria edo al dagijeena etxeti oostuta alkaboetiai emoten deutseenak, etxerako ta gurasuentzako gozo gaistua daukeenak ta plazeetara ta kanpora agertuteko uzija ixiua daukeenak? Piesteetan, erromedijeetan, saraubeetan ta bigireetan ezkontzaak asi zitubeen gurasuak ta umiak. Nortzuk dira errijetan zer esana ta zer egina emoten dabeenak? Adiskide galdubak daukeezanak? Sospetxako etxeetan sartu urtena daukeenak? Murmurau eragiten dabeen lagunakin ezkutubeetan, sasi arteetan edo solo baztarreetan dabiltzanak? Justizia aurrera ta kura jauneen aurrera alkar eruaten dabiltzanak? Nortzuk dira seinaren aitarik topau ezinda dabiltzanak? Esan beeban ezbeeban, edo emon beeban ezbeebango ezkontzako berba bat gaiti auzitan dabiltzanak? Justizia aurreti derrigorrian legez ezkonduten dirianak? Nortzuk dira jokalarijak, etxe galtzailiak, kastalarijak, desapijoginak, lapurrak ta euren etxeen ta errijeen pestiak? Piestara, bigirara, erromedijara, saraura ta tanbolin dantzara, al izan ezkero, inos paltau ez dabeenak.

        Nortzuk dira eureen konzienzija nasaikuak? Jaungoikuagaz gitxien gomutatuten dirianak? Sakramentu santubak errezibidutera nekezeen elduten dirianak? Jaungoikuaren berbia gitxien entzuten dabeenak? Konpesinoiari, sermoiari, Eleisa santubaren oitura onai, eureen gustoko ez dirian kura jaunai, sazerdotiai ta justizijari burlarik geijeen egiten deutseenak? Nortzuk dira geure kristandadeko gauza ta egiija santubak barre egiteko ta eragiteko baino aotan artuten ez ditubeenak? Eurak legez piestarik piesta ta dantzarik dantza ez dabilen guztiari, beti gerria armauta daukeenak? Nai sazerdotia dala, nai kaballerua dala, nai konpesoria dala, nai ezkonduba dala, nai libria dala, eureen olgeeta nasaijeen ta pekatuzkuen kontra ezer esan edo erakusten dabenari, al dagijuezan guzur ta enbusterija mingarrijak pena bagarik ezarten deutseezanak? Nortzuk dira eleisaan nekezeen sartu ta andi lasterreen urteten dabeenak? Auzo bategaz edo bestegaz egarrija, gorrotua, enbidija ta ikusi ezina edo asarria nekez paltau oi jakuenak? Nortzuk dira an beekuen izen madarikatuba sarrijeen auan darabileenak? Nortzuk dira...? Baina nortzuk izango dira oneek guztiok? Orrako piesta artian, sarau artian, bigira artian, erromedija artian ta dantza artian sortu, azi ta bitzi dirian gurasuak ta umiak. Orreek dira geijeenok mundu guztiaren bistaan. Orreek dira errijeetako pestiak. Orreek dira Jaungoikuaren legerik geijeena ostikopian darabileenak. Orreek dira pekatu egitia pekatutzat ez daukeenak. Orrek dira nos pekatu egiten dabeen ta nos ez dabeen ez dakijeenak. Orrek dira kristinaubeen sinistutia ta jentileen egitadiak daukeezanak. Orreek dira umetati etxeko ta auzoko sarau ta bigireetan ikusi ta ikasi zitubeen pikerdija ta okerrerija desonestubak, puska bat azitxubago eginda plazako ta erromedijako piesteetan barriro entzun ta esan ta ikusi ditubeenak, gero ezkutubeetan egiten ditubeenak. Orreek dira gurasuen exenplu txaarrak malezija ta piestarako gurarija emon eutseenak. Piestarako gurarijak lapurretaak, maina gaistuak, alkaboeterijaak ta karino loijak bijotzian imini eutseezanak. Piestaan ta dantzan naaste ibilijak. Jaungoikua aaztu eragin eutseenak ta diabrubaren krijadu ta krijada egin zitubanak. Orreek dira, piestazaliak dira, agiriko ta ezkutuko pekatuginak ta pekatu eraginginak. Zerbait gaiti jentilak eurak bere, Katonek ta beste askok, kendu gura izan zitubeen Erromati naasteko dantzaak. Errijeetan ta etxeetan gorde zedin naturaleziaren modu ta giza usain puska bat.

        Engainatuta bitzi dira, bada; edo engainau egin gura gaitubee izentau dirian olgeeta nasaijakin ezkutubeetako gauza txaarrak erremedijeetan diriala esaten deutskubeenian. Ez dira erremedijeetan. Dantziaren ta piestiaren umiak dira ezkutubeetako pekatubak. Baina gitxituten balira bere, pekatu da alako dantzeetan ibiltia, leen esan dan legez. Ta ara emen zortzigarren urteeriaren errespuestia.

 

aurrekoa