www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal Errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

1. KAPITULUBA
Olgetiaren gainian

 

§. I. Nosbait zetan edo atan olgetia, naturaleziak eskatuten dabena da.

§. II. Errazoezko olgetiak ez dau eragozten Jangoikua serbidutia.

§. III. Kristinauba Jangoikuagan alegere izatia, gauza ona da.

 

 

§. I.

Nosbait zetan edo atan olgetia, naturaleziak eskatuten dabena da

 

        Uts egite atrebiduba ta pena andija mereziduten dauena da, kristinaubari Jangoikuak imini deutsan baino lege astunagua ta karga andijagua ipintia. Jangoikuaren legia ta ordenia arteza, argija ta santuba da. Kristinau guztiak ikasi ta gorde biar dabeena da. Baina ez, gitxituta, mudauta, noberak gura daben moduban, ezbada Jaungoikuak ta Eleisa Ama santiaren espiritubak erakusten daben moduban. Jaungoikuak kondeneetan dabena, gizonak onzat emon ezin legijee. Ezda Jaungoikuak onzat emoten dabena bere, gizonak kondenau. Maldizinoe baten azpijan eragotzita dauka Jaungoikuak, gauza ona txaarra dala, ta gauza txarra ona dala erakustia. Propeta paltsuen lekuban konteetan ditu Jangoikuak ta zamai andijakin kastigetan ditu, eureen burutazinoiagaz legia eginda, Jangoikuaren esana balitz legez predikeetan dabeenak.

        Au gaiti olgetiaren gainian berba egiten danian, alderatu biar dira uts egiteko eskina bijak, beste edozein gauzatan legez. Bata laarregija, ta bestia gitxijegija. Batzuk zabalduten ditubee olgeetaak pekatuzkuetaragino. Ta beste batzuk laburtuten ditubee gatx bagakuak bere. Olgeeta asko dirian legez pekatuzkuak, kristinaubak inos bere egin biar ez ditubanak, beste asko dagoz inozentiak, arimara gatxik ez dakarreenak ta naturaleziak eskatuten ditubanak, errazoiaren legeti urten bagarik.

        Olgeetia da, noberaren zeregin nausijai ta obligazinoiai itxita, goguak eskatuten deutsan beste gauza baten, denporia iragotia. Ta au, nosik beinako batzubetan naturaleziak eskatuten dabeena, da. Ez dago ezer bere munduban, inos itxi bagarik jarduteko, gizonak artuko leukian zereginik. Asmau bedi naijeen dan gauzia, geijeen gusteetan jakona, ta berari itxi bagarik beti bizi biar badau, laster kansauko da. Kodizijoso batek geijen nai dabena da diruba konteetia ta poltsaan gordeetia. Baina, jagi bagarik beti jardun biar baleu diruba konteetan ta gordeetan, egun gitxi barru guratuko litzaateke, biarra mudeetan. Guleru batek janian ta edanian dauka bere poz ta gusto guztia. Baina, beti jaaten ta edaaten egon biar baleu, laster aspertuko litzaateke. Jokolari batek jokuan dauka bere gogua. Baina, urte osuan egon biar baleu jokuari itxi bagarik, gania etorriko litxakio jokuari isteko.

        Beste ainbeste daukee, ta gogo betia emoten dabee, inos itxi bagarik ekin ezkero, estudijuak, lanak, orazinoiak, errazubak, biarrak, luak, soinubak, dantziak ta beste gauza guztiak. Ez beste gauza gaiti, ezbada geure jenijuak, kondezinoiak edo naturaleziak beti sen baten biar baten edo gauza baten, gobait egin bagarik, iraun ezin dabelako. Orregaiti zein arimako ta zein gorputzeko lanetan, arei itxita, nosbait atseetia ta sosegetia, geure izatiak edo naturaleziak eskatuten daben gauzia da.

 

 

§. II.

Errazuazko olgeetiak ez dau eragozten Jaungoikua serbidutia.

 

        Batzuk uste dabee, olgeeta guztiak diriala libre kristinaubarenzat. Beste batzuk, ain dira kondizinoe latzekuak, estubak, iraazijak eta sikubak, eze, uste dabee, olgeeta guztiak diriala txaarrak; ta beti bijotz siku, illun bategaz ez dabillenak, ezin Jaungoikua serbidu leijala. Oneek, ikusten badabee praile bat, edo monja bat, edo sazerdote bat, nosbait barre egiten, edo puska bat olgeetan galduba da. Ya ez dauka (oneen eretxijan) ez erlijinorik, ez Jaungoikuaren bildurrik, ibiltia ta olgeetia baino.

        Bitzubak uts egiten dabee. Bada, ez olgeeta guztiak dira onak, ez guztiak dira txaarrak edo pekatuzkuak. Errazuazko olgeetiak ta dibersinoiak ez dau eragozten Jaungoikua serbidutia. Juizijozko Erakusla guztiak autor dabee egija au. Santo Tomas, Eleisiaren erakusliak san Juan Ebanjelistiaren jazuagaz, ta Kasianogaz esaten dau: Lanian diarduban gorputzak nosbait atseen biar daben legez, alan arimiak bere nosbait sosegau, atseen edo arindu biar dabela bere nekia, gero gogo obiagaz ostera ekiteko bere zereginai . San Pranzisko Salesek beste ainbeste esaten dau. Ta ekarten ditu exenpluzat san Karlos Milangua, san Ignazio Loijolakua ta santa Isabel Ungarijako erregina , zeintzuk nosbait jokuan, edo beste gauza inozenteetan dibertituten zirian, Jaungoikuaren adiskide ta santu izatia atzeratu bagarik. Inos bere ez olgeetia ta inor olgeetan ez ikusi gura izatia, diñue santo Tomasek ta san Pranziskok, dala bijotz gogorraren, baso usainekuaren ta galdubaren señalia. Beti tiraan daguan arija, laster eteten da. Beti postaan dabilen zaldija, laster amaituten da. Ta beti gauza bati itxi bagarik darraikon gogua, buruba ta gorputza bere, laster galduten dira eurenez. Au ezaututa, erlijinoe santubeen burubak eta gurasuak, santu izatiari itxi bagarik, eureen erregeleetan ta ordenetan ipini ebeen, batzuk geijago ta beste batzuk gitxiago, relijiosuak eta relijiosaak atseetako ta eureen neke egunianguak arinduteko denporia .

        Esango dogu, santu andi areek ez ebeela euki zeruko argija? Edo, ez ebeela ezautu ebanjelijoko espirituba? Edo, ez zitubeela itxi medijo segurubak eureen erlijinoetan, gura dabena, santu izateko? Ezin esan ginai uts egite andi baten beian.

        Ez da olgeetia edo dibersinoia artu biar opizijoz ta gogoz popuertzako lana edo zeregina balitz legez; ezbada gorputzari ta entendimentubari atseen eragiteko, ta gogo barrijagaz ta animo geijagogaz bere egikizunari jarraituteko. Gurariz ta gogoz artuten badira olgeetaak, eurenez onak izan arren, olgeetako borondate laarregija gaiti, ez dira izango onak. Ta gitxiago edo geijago eragotziko dabee Jaungoikua serbidutia. Baina alako olgeetako apizinoia edo gurari laarregija ez da errazuazkua arimarako, ebanjelijo santubak eragotzita daukalako. Errazuazko olgeetiak esaten da, bada, ez dabela eragozten Jaungoikua serbidutia. Ez, aldia bateti edo besteti, erregelati kanpora daguan olgeetia gaiti.

 

 

§. III.

Kristinauba alegere izatia ez da berez gauza txaarra

 

Ojala, mundutarrak ezautuko balebee egija onen indar guztia! Ojala, topauko balebee daguan lekuban alegrija egijazkua! Ojala, pozu txistarretako ur berdiai ta mingotxai itxita, juango balira bizitzako iturri gozoko ur garbijak ta pozgarrijak edaatera! Ejitoko kipula garratzai larga, ta Zeruko Mana gozua gusteetara! Orduban ezautuko leukee kristinaubak, ze gozua, ze alegeria ta ze atseginezkua dan geure bizitzia.

        Ez da geure Jaungoikua ez zitala, ez urrija, ez prestubeza, ez tristia; ezbada arteza, zuzena, zabala, ugarija, bijotz nasaikua ta alegeria, biar dan moduban aitu ezkero. Ez dau Jaungoikuak kondeneetan alegere izatia ta umore ona eukitia. Konzienzija garbijak beragaz dakar, ez dakit zelako kontentu bat, poz bat, alegrija bat, ta esan ezin leijan bijotzeko nasaitasun bat eta libertade bat. Espiritu Santubak leku askotan enkargeetan deutsku Jaungoikuaren bildur santuba ; baina ez dau onek geure bijotzetati kenduten alegrija egijazkua. Zeinbat lekutan Eskritura Sagradubak esaten deutsku poztu gaitezala, konsolau gaitezala ta alegrau gaitezala? Zeinbat bidar Eleisa ama santiak konbideetan gaitu, alegere egotera? Ez dogu santubeen bizitzetan irakurten, mundubari bildur jakon tristeza larririk ta bijotz illunik. Bai, arpegijan agiri jakuen alegrija ta poza. Beste askoren artian ene ama santa Teresa bat da asko, mundu guztiari alegere izaten erakusteko . Batek irago eukezan trabajurik andijenak ta luzeenak irago zituban santa Teresak, bai persekuzinoiak, gorputzeko gaisoak ta alaak, bai zeregin estubak ta andijak, bai penitenzijak, ta bai konzienzijako dudaak, kezkaak eta penaak. Baina bein puska baten baino, ez eban Santia inok ikutsi triste.

        Sarri iragoten zituban santa Teresak gau osuak orazinoian negarrez zeldaan, edo koru baztar baten Jesus maitiaren aurrian , inok ez ekusala. Baina andi jagiten zan, inos pena bat irago ez baleu legez arpegi alegeriagaz. Sarri ebilen zilizijoz ta alanbre zorrotzez bere gorputz birjinia lotuta. Baina Teresaren bijotzian, arpegijan ta berbeetan ez eguan sekula tristeza illunik. Alegrija grazijosa bat da santa Teresaren marka agirija. Au berau errenta orde itxi eutseen eskribiduta Santiak bere monjai ta kristinau guztiai. Esaten dau: alegere izatia dala debozinoiaren ta bijotz onaren señalia ... Poz artuten dabela bere monjaak alegere ikusijagaz... Bizi ditezala espiritu alegeriagaz... Guztiekin tratau dagijeela, ta berba egin dagijeela modu oneko alegrijagaz... Maria de San Josef, Sebilako priorari keseetan jakon santa Teresa, billanzikuak bialdu ez eutsazalako. Bada nai dot nik, esaten deutsa, zeuben artian olgeetia ta alegreetia modu onagaz. Luurrezko bijotz tristiak eta illunak ez dauka ain prestaera ona, Jaungoikuari leku zabala, nasaija, ta amodijozkua emoteko. Bijotz argija, samurra ta alegeria, pirmia ta sendua izan ezkero, prestaera obakua da milla bidar Jaungoikua serbiduteko. Ez da emen ezer esaten, pekatu eginak arimara dakarren tristezia ta penia gaiti. Ta ain gitxi, pekatubak eta pekatuzko gauzaak munduko zoruai emon oi deutseen kontentuba edo alegrija gaiti. Pekatu eginak dakarren penia, Jaungoikua gaiti bada, arimia alegrau ta poztuten dabena da. Ta pekatubak dakarren poza ta puska bateko alegrija, egijazko tristezia, penia ta larrija baino besterik ez da. Pekatarijak alegere iruri arren, bijotza tristia ta illuna dauka. Alegere izatia gauza ona da: baina Jaungoikuagan ta Jaungoikuagaz, ez pekatubagan ta pekatubagaz.

        Alegrija egijazkua gura dabenak, topau biar dau daguan lekuban: Jaungoikuagan, zeruko ondasunetan ta birtute santubetan. Beti izango da egiija, nosbait modu onian olgeetia, geure naturaleziak eskatuten dabena dala; ta bijotz triste illuna baino, argija ta alegeria berez, Jaungoikua serbiduteko, prestaera obakua dala.

 

aurrekoa hurrengoa