www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal Errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

IV. KAPITULUBA
 

Erromedijen, bigiren ta saraubeen gainian

 

§. I. Zer dirian erromedijak.

§. II. Zer dirian bigiraak.

§. III. Zer dirian saraubak.

 

 

§. I.

Zer dirian erromedijak

 

        Dantzazaleen urten erai edo argumentubai erantzutera orduko, pensau dot, erabagi biar ditudala, zer dirian erromedijak, bigiraak ta saraubak. Oneen ondorik eranzungo jakue era batera guztien erraparubai.

        Erromedija gaiti ez da emen beste gauzarik aituten, ezbada promesaren, santubaren edo santiaren atxekijagaz erbestera juanda, erriko ta erbesteko gizon emakume naaste, bidian ta erromedijako lekuban egiten dabeen piestia ta dantzia. Errikuentzako da piesta eguna, ta erbestekuentzako erromedija eguna. Erromedija batzuk egiten dira errijetako eleiseetara. Baina geijeenak basoko edo mendiren bateko ermitara. Nik izentau bagarik daki jentiak ondo, onetariko ermita asko dagozana Bizkaijan ta Probinzijan. Ta urrin errijetati legua askuan jentia juan oi dana erromedijara piesta egunian. Ermiteetako erromedijak nos asi zirian, zegaiti asi zirian ta dagozan terzijora zelan etorri dirian esatia, sail luziagua da ta orain paltarik egiten ez dabena.

        Esaten da, bada: Tanbolinagaz piestia ta naasteko dantzia egiten dan erromedijara, dantzan naaste egitera, olgeetara ta ibiltera juatia, inozenteen bat ez bada, pekatu mortala dala besteentzat. I. Plazako dantzeen kontra esan dirian errazoiak gaiti. II. Erromedijeetako piestaak bide luziagokuak dirialako. Juan edo etorri, ta askotan juan ta etorri gabaz egiten dirialako. III. Alako erromedijeetako dantzeetara ta piestara jenterik nasaijeena ta galdubeena juan oi dalako. IV. Gizonezkuak ta emakumiak naaste lotsa bagarik, eskandaluba emoten dabeela, bideetan bere irago oi dirialako. Au gaiti, plazako dantza naastauba okasinoe urrekua bada, esan dan legez, erromedijeetakua deungaagua da. Inok egingo baleu promesa ez jakinian, erromedija egunian santuba edo santia bisiteeko, uste dot, egun atan esan dan moduko piesta ta dantza nasaija an egitia asko dala, promesa beste egun baterako isteeko, okasinoera ez juatia gaiti. Erromedijara juanda, an ibilteko atxekijatzat egin badau promesa, gazte askok gurasuak engaineetako egin oi ditubeen legez, uste dot, ez dala promes balijokua ta ez daguala kobru emonkizunik. Ez da santuba edo santia ondreetan alako piesta ta dantzeetan, ezbada diabruba. Ez da emen ezer esaten, erromedija eguna domeekia edo jai osua bada, egun a bideetan ta bertan gizon ta emakume naaste dantzan txilibituen, pandereten, tronpeen edo neskeen soinubagaz iragotia gaiti. Bada, au irugarren agindubaren kontra berez pekatu mortala dana, edozeinek daki edo jakin biar dau.

 

 

§. II.

Zer dirian bigiraak

 

        Bigiraak dira beste olgeeta batzuk baseerri etxeetan mutilak eta neskaak gabaz egiten ditubeenak. Olgeeta oneek guztiz dira ezainak ta galdubak.

        Egija da, ya etxe gitxitan egiten dira. Ta auzuak ondo deritxuela, baten bere ez. Onetariko bigiraak izaten dira baseerrijeetan, edo ezpatetiaren, edo gorubetiaren, artozuritutiaren, edo gazteen aparimerijenda baten ondorik. Auzo erako ta urrinagoko neskaak eta mutilak batuten dira bigiria egiten dan etxera gabaz, ta naaste egiten dabee lotsa bagarik, nai dabeen guztia. Ez oi da ezkaratzeko suba baino beste argirik ta bera bere ez beti ixiota. Jente guztia dago edo dabil nastian. Batian kanpora urten, bestian barrura sartu. Bestian ezkaratz baztar baten illunian; bestian dantzan edo pandanguan edo beste asmo txaarragoren bat egiten. Bigireetan egiten dira gauza batzuk ain loijak eta desonestubak, eze turkubak eurak bere lotsatuko litzatekez, ikusiko balitubee.

        Umia nintzanian bigira baten edo bitan neuk ikusi ta entzun nituban zikinkerijaak, ez ezkaratz baztar baten edo apartian isilik, ezbada ogetaz lagun asko neska ta mutil egozan ezkaratz betian, klaru guztien aurrian, ezin esan legi, ze ezainak zirian. Ume kondua nintzan, baina ondo daukat goguan nok zer esan eban ta zer egin eban ta zelan guztiak olgeetan zirian. Ez dira, bada, predikadoreen pulpitoko esanagaz inozenteen begijak argituten, ezbada zeubeen etxeetako berba ta egite deungeekin. Bigiriaren denporia da gaba. Gabaz juan, gabaz ibili ta gabaz etorri. Emakume ezkondurik inos bere ez edo txito nekez. Gizon ezkondurik bere ez, berdeskaren batzuk ez bada. Mutilak eta neskaak dira, illuna baino beste testigurik ez daukeela, zein baino zein nasaijago ta lotsa galdukuago, bigiria egiten dabeenak. Bigiraan egiten dira olgeeta modu asko dantziaz ta pandanguaz ostian. Oneen izenak ondo dakijeez baseerritarrak, nik esan bagarik bere. Baina guztiak dira desonestubak ta txito ezainak.

        Bigiria gaiti esaten da, bada: I. Bere etxian bigiria egiten inori isteen deutsanak egiten dabela pekatu mortala, etxian leku emon deutseelako. II. Besteen pekatubak bere etxeko burubaren konzienzijara duazala. III. Bigiraan alan dantzan, pandanguan ta asmo loijeetan dabiltzanak egiten dabeela pekatu mortala. Atarako gauzaak entzuteko, ikusteko, egiteko... okasinoe agirian ta jakinian eureen guraz sartuten dirialako. Ta ez da asko esatia: geldi nenguan lekuti artuta, dantzara bigiraan eruan nindubeen, emakume askok esan oi dabeen legez, eureen burubak garbituteko. Lotsa gitxiko mutil edo gizon batek atera legi kolpez artuta, dantzara edo pandangora bigiraan, bere lekuban geldi daguan emakumia edo neskatillia. Baina, gura badau, laster librauko da naaste atati. Bada, derrigorrian ta berak nai ez dabela, ez dantzan ta ez pandanguan egingo dau inok agaz. Onako atxakijaak ez deutsaz inos sinistuten emakumiari juizijua daukanak. Eurak nai dabeelako dira eureen dantzaak ta pekatubak. Ze gitxi egingo leukeen alako neskaak dantzan... morrosko bategaz! Zegaiti? Morroskuagaz olgau gura ez dabeelako. Nai ez balebee, bestek bere eragingo ez leuskijue. IV. Alan bigirako olgeeta desonestuban dabiltzanak inok absolbidu ezin legiz, eginak garbatu ta ez egiteko asmua edo proposituba artu artian. Ta ain gitxi, bere etxian bigiria egiten dabena.

        Ezpatetara, gorubetara edo beste gau biar batera juatia ta an, esan dan moduban, bigiraan ibiltia gauza bi dira. Bata emakume ta neskatilla ondrau askok egiten dabee, bestia egin bagarik. Askok auzo erako artu emonai kobru emoten deutsee, bigirako naaste loirik eureen etxeetan egiten itxi bagarik ta inoren etxera duazanian egin bagarik. Bestiak bere egin legijee, nai izan ezkero.

 

 

§. III.

Saraubak zer dirian.

 

        Sarauba, esaten da emen dala andi etxe baten, gizon eta emakume naaste, gabaz egiten dabeen dantzia ta olgeetia, etxeko ta kanpoko, eureetariko edozein barruban sartuten diriala. Onetariko saraubak eta bigiraak alkarren lagunak dira. Bigirara auzo erakuak duazan legez, saraura bere auzo erakuak duaz. Bigiria gabaz egiten dan legez, sarauba bere bai. Bigirara gaztiak duazan legez geijeenian, saraura bere bai. Nekezarijeen sarauba da bigiria. Ta andikijeen bigiria da sarauba. Izenak mudeetan dira. Olgeetia ta desonestidadia bijeetan dabil airian. Ez dago Jaungoikuaren aurrian donik ez doinarik, ezbada egite onak edo txaarrak. Baseerriko mutilak eta neskaak etxe baten sartuta gabaz olgeeta loijeetan ibiltia pekatu bada, andi etxeetako jaunak eta seinorak, zaldunak eta damaak gabian alkarregana batuta dantza ta olgeeta nasaijeetan naaste ibiltia bere pekatu da. Itanduko baleustee zein dirian txaarrago, bigiria ala sarauba , esango neuke: Bigiria zatarrago ta itzhusijago, baina sarauba txaarrago ta gatxtsubago edo malezijotsubago. Bigiraan kolpe baten emoten jakue begijai ta belaarrijai kastidadiaren kontrako lotsaari andijagua; baina sarauban emoten jakue aragijari ta luxurijari su gorijagua. Bijeetan, bai bigiraan ta bai sarauban, dauka luxurijak mai presta janari ugarijagaz. Baina sarauban obeto gisauba ta gozuagua. Ta au errazoe asko gaiti.

        I. Sarauko jentiaren jantzi armatuba gaiti. Bada, jente apainduba ta ondo baino obeto apainduba juaten da andikijeen bigirara. Ez dinot ezer arako bularrak, idunak ta besuak agirijan edo guztiz agirijan baino aragijaren sugarrijago, andikijeen bigirara daruezan andra edo neska loijak gaiti; ezbada, dinot, kaballero edo zaldun, señora edo dama, dana dala, juaten dala ondo apainduta bigirara. II. Andikijeen aziera biguna ta leuna gaiti. III. Eureen malezija aurreratuba ta gatxerako jakiturija goixtarra gaiti. IV. Eureen gorputz atseenak ta gitxi domaubak gaiti. V. Eureen bigireetako musika ta kanta indezente ta odolberozailiak gaiti, zeintzuk dirian luxurijaren azogia ta aragijaren sugarria. Saraubari darraikozan kondezinoe oneek, airian darabilee olgeeta galdu areetan luxurijaren suba ta desonestidadia. Ta oraindino geijago, Tertulianok dinuan legez, eureen saraubetako luxurija inos oztu ez dakijuen, neguban bere jantzita eukiten ditubee andikijak eureen bigira edo saraulekubak. Bada, baseerrijeetako bigiraak badira pekatu mortalekuak, esan dirian errazoiak gaiti, andietxeetako saraubak malezija geijago, luxurija sutsubago ta pekatu geijago daukeenak dira. Alan pekatu mortala da, esan dan legez, sarauba egiteko salia edo etxia jentiari emotia. Pekatu mortalerako bidia inori emoten jakolako. Pekatu mortaleko okasinoe urrekua da alako sarauko dantza nastia ta olgeeta indezentia. Baita, bere naiz, alako dantza naastau loijan ibiltia bere. Ta egina garbatuta, ostera ez egiteko asmua artu artian, ez kaballeruak, ez seinoraak, ez zaldunak, ez damaak ez dagoz prest konpeseetako; ezin inok absolbidu legiz. Irakurri bedi, erraza da ta, leen izentau dan Aita Kadizen karta juizijozkua. Noberak obeto ez badaki, an ikusiko dau zer dirian saraubak ta saraudunak.

        Emeti ateraten dan kontuba da plazako naasteko, erromedijetako, bigireetako ta saraubeetako esan dirian dantzai jarraitutia, pekatu mortala edo illgarrija dala. Onen errazoia da esan dirian olgeetaak pekatu mortaleko okasino urrekuak izatia. Plazako, erromedijako, bigirako ta sarauko dantzaan, gizon ta emakume naaste egiten danian, beti dagoz berba loijak, eskuka desonestubak, egitade torpiak, menio lotsarizkuak ta luxurijaren azalkeria ezainak. Onako Eleisa Ama santiak pekatu mortaltzat erakusita daukazan gauza desonestubak edo kastidadiaren kontrakuak esan, entzun, ikusi ta, edo noberari edo albokuari, nai dabela edo nai ez dabela, egiten sentidu bagarik, ez da olgeeta inpernuko areetati etxian sartuten inor amarreti irutan; begaz, plazako, erromedijako, bigirako ta sarauko dantza naastaubak, kastidadiaren kontrako pekatu mortala dirian gauza desonestubak esateko, entzuteko ta sentiduteko okasinoe urrekuak dira. Pekatu mortalaren beian eragotzita dagozan kastidadiaren kontrako gauzaak esateko edo egiteko edo entzuteko edo eragiteko okasinoe urrekora bere guraz juatia, olgeetia gaiti ta gorputzari gusto emotia gaiti beste premina edo nezesidade andiren bat bagarik, beti da pekatu mortala. Begaz, esan dan dantza loi ta naastaubetara, premina andi bat bagarik eureen gustoz olgeetia gaiti duazanak, egiten dabee pekatu mortala. Bitati bat: edo esan noberaren naizko ta borondatezko eskuka, mosuka, oratute ta berba desonestubak mutil ta neska, zaar ta gazteen artian egitia edo egiten istia ez dala pekatu mortala, edo autortu, izentau dirian olgeeta desonestubeetara bere guraz premina bagarik juatia, pekatu mortala dala. Leleengua esaten ez da kristinaurik azartuten. Bada, sinistu bigarrena. Ta euki plazako, erromedijako, bigirako ta sarauko dantza desonestu orreek pekatu mortaltzat edo pekatu mortaleko okasinoe urrekotzat.

        Esan dan ibilteetara olgeetia gaiti, gorputzari gusto emotia gaiti duazanak, nai dabee pekatuko okasinoe urrekua. Pekatuko okasinoe urrekua nai dabenak nai dau pekatu peligruba. Pekatu peligruba nai dabenak nai dau pekatuba. Pekatuba nai dabenak ez dauka pekatubaren gorrotorik, ez damurik. Pekatubaren gorrotorik eta damurik ez daukana inok pekatuti absolbidu edo librau ezin legi. Begaz, esan dan plazako, erromedijako, bigirako ta sarauko dantzeetara ta olgeeta loijeetara eureen gustoz ibiltia gaiti, olgeetia gaiti ta gorputzari gusto emotia gaiti jakinaz duazanak, leen juana garbatu ta ostera ez juateko berbia emon artian, inok pekatuti askatu edo absolbidu ezin legiz.

        Zurtu, konpesore jaunak, ta kontu zeubeen arimak ta dantzarijeenak inpernura eruan ez dagizuzan. Errazoe onek, uste dot, ez dauka uts unerik ebanjelijo santuko erakutsijan. Esan dot leen, amarreti iru bidar ez diriala etxian sartuten pekatu mortala dan gauza ezainen bat irago bagarik, ene errazoia probeetako asko dalako. Baina oi danez, ta izan leitekianez, (itsubak ta gorrak ez badira) juaten dirian bakotxian, ez bein ta birritan, ezbada zortzi edo amar bidar bere, jazoten jakuez esan dirian desonestidadiak ta pekatubak. Ta au eurak autor dabee juizijo onera elduten dirianian edo Jaungoikuak bijotzian ikututen deutseenian ondo konpeseetako.

        Errazoe onen errespuestarik ezin topau izan dot nik neure konzienzijaren deijak ixilduteko, sarri gura izan arren. Ikusi dot eldu nasan euskal-errijeetan, ta ez gitxitan, gogo bat, nasaitasun bat ta ez dakit zelako enpeinu bat, esan dirian olgeeta lotsarizkuetan, ta pekatuzkuetan, kristinaubak piesta eguneetan ta gaurik geijeenian ibilteko, ta dabiltzala txito ezain. Neure estadubaren zer egin nausi bategaz aaztu bagarik, ezin apartau izan nas konpesinoe asko entzuteti. Emen zan nire lana ta konzienzija isildu ezina. Nai neukian ta askotan (ta dinot zerubaren aurrian) dantzazaliak absolbidutia, ostera ez egiteko berbia eskatu edo emon eragin bagarik. Asi nintzan dantzazaliak esamineetan, baita Eleisiaren erakuslaak dantzeen gainian zer dinuen irakurten bere. Ta zeinbat geijago irakurrijago ta zeinbat geijago esaminaubago kondezinoe ta edade guztietako persona dantzazaliak, ainbat topau dot ezainago, itzhusijago ta desonestubago dala liburubak esaten dabeena baino naasteko dantzetan egiten dana. Sinistuten dot, olgeeta madarikatu orreekin daukala satanasak itsututa euskal-errijetako jenterik geijeena. Sinistuten dot, erri oneetan kondeneetan dirianeetati geijeenak kondeneetan diriala, olgeeta pekatuzko orreek diriala medijo.

        Zerbait gaiti erakutsi ebeen Alexandro Alex, jakitun andijak ta Gillermo Rodonakuak (ta dakarreez san Karlos Milanguak, Lametek ta beste askok), batak emakumia ta bestiak gizonezkua exenplutzat artuta, dotrina bat dantzazale guztiak goguan euki daikeena, eureen arimai ondo gura badeutsee. Itandu jakuen jakitun andi arei ia emakume bat edo gizonezko bat goguaz kontrara, juan baino ez juan naijago leukiala, gurasuak edo errespetozko personaren batek erregututen deutsalako, nos edo noskoren baten, banakaren baten, naasteko dantzara juaten danak ta dantzaan ainbat onestidaderik oneenagaz dabilenak egiten daben pekatu mortala ala beniala. Au itandu jakuen jakitun andi arei. Ta erantzun ebeen: ez ziriala eurak azartuten erabagiten ez pekatu mortala egiten ebeela ta ezda egiten ez ebeela bere. Deskuidoko baten baino ez dalako, dantziari gorroto deutsala ta goguaz kontrara dalako ta ainbat modurik oneenagaz ibili dalako, esan legi, dinuee, ez dabela pekatu mortalik egin alan naasteko dantzara juan dan gizonak edo emakumiak. Baina besteekin naasteko dantzaan sartu dalako, okasinoian bere buruba imini dabelako, besteen dantzia bera sartubagaz ontzat emon dabelako ta bera dala medijo bestiak pekatu egin eukeelako, ez dot pekatu mortaleti libreetan alako emakumia, dino Alexandro Alexek. Ta ezda gizona bere, dino Gillermo Rodonakuak.

        Nekezko baten edo nosik beinako deskuidoren baten (raro) goguaz kontrara edozein naasteko dantzatan sartuta ainbat modurik oneenagaz ibili dan gizona nai emakumia libreetan ez badabee pekatu mortaleti, izentau dirian erakusla pamaubak, ta beste askok, zelan librauko ditubee plazako, erromedijako, bigirako ta sarauko dantza desonestura eureen guraz, poz arren armatuta, agineetati ura darijuela duazan gizonak eta emakumiak? Mutilak eta Neskaak? Ezelan bere ez. Inundi bere ez. Inok bere ez. Dantza areek ta olgeeta areek zer dirian dakijanek , inos bere ez.

        Ez da naasteko dantza areetan pekatu bat bakarrik egiten, ezbada asko eskandaluko malezijagaz. Erijotzako ordu artian ez dozu jakingo zu ibili zarian dantza ta piesta orreetan, zu zariala medijo, bestiak zeinbat pekatu mortal egin ditubeen, zuk igarri ez arren ta aintzat euki ez arren. Zer desiau dozu zeuk? Zer pensau dozu? Zer amau dozu? Zegaz bijotza poztuta, barre eginda, gozatu dozu? Zer konsentidu dozu ta egin dozu sarritan dantza ta olgeeta galdu orreetan bestiai entzunda ta ikusita? Esan deutseezu bestiai zeinbat pensamentu, gurari ta desio pekatuzkori leku emon deutsazun bijotzian, inoren eginak ikusita ta esanak entzunda? Konteetan deutsazuz inori dantza orreetan, bigira orreetan, sarau orreetan... eragin deutsubeezan pekatubak? Bada, zu zariala medijo, bestiak egin ditubeenak bere zuk ez dituzu jakingo erijotzako ordu artian. Orduban bai. Orduban jakingo dozu zeinbat pekatu ta zeintzuk egin zitubeen piesta, erromedija, bigira ta sarau orreetan zuri ikusita, zuri entzunda, zuk atarako bidia ta eskandaluba emonda. Orduban, erijotza erremedijo bagakuan, jakingo dozu zeinbat arima diabrubaren sareperatu dituzun zeure dantza loijeetako ibiltiagaz. Au da, zuk dantzara juanda emon dozun eskandaluba. Onan galdu dituzu laguneen arimak. Au dakizula juan zara. Premina bagarik juan zara; olgeetia gaiti ta zeure gorputzari gusto emotia gaiti juan zara. Bada, besteen pekatubetan bere parte zara. Au gaiti beste bagarik, dino san Karlos, Milango obispo jaunak santo Tomas ta beste erakuslakin, pekatu mortala egiten dabeela alako dantzeetara duazanak. Esan daigun, bada, ostera bere Santu andijagaz beragaz: Ez gaizala inok euki estutzat olgeeta madarikatu orreek pekatu mortalekotzat kondeneetan ditugunian, edo Benedikto XIV: Pekatuba, libertadia ta nasaitasuna nai dabeen desditxaubak berba egiten dabeela naasteko dantzeen pabore. Ta ikusi daigun ze indar daukeen dantzazaleen urteneraak edo argumentubak.

 

aurrekoa hurrengoa