www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskal Errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba
Frai Bartolome
1816

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: Bizkaiko Foru Aldundia: Idazlan guztiak, Frai Bartolome Santa Teresa (Julen Urkizaren eta Luis Baraiazarraren edizioa), Euskaltzaindia / Bizkaiko Foru Aldundia, 2000

 

aurrekoa hurrengoa

III. KAPITULUBA
AMAIJA

 

Plazeetan gizon ta emakume naaste egiten dirian dantzaak, abemarijetan tanbolina isilduta amaituten dirianak, Euskal-errijetan usetan dirian moduban, pekatu mortaleko okasinoe urrekuak dira.

 

§. I. Plazako piestarako jentia zelan presteetan dan.

§. II. Plazako piestia zelan egiten dan.

§. III. Eskritura Sagradubak ta Eleisiaren Gurasuak naasteko dantzaak gaiti dinuena.

§. IV. Teolojija sagradubaren erakuslaak ta errazoiak eurak gaiti dinuena.

 

 

§. I.

Plaza-piestarako jentia zelan presteetan dan.

 

        Ez da asko aobetian esatia: plazako naasteko dantzaak, abemarijetan geratuten dirianak, tanbolina isilduta, useetan dirian moduban edo egiten dirian moduban, pekatu mortaleko okasinoe urrekuak diriala, errazoiagaz probeetan ez bada. Onetarako popuerzakua da examinetia: zelan useetan dirian edo egiten dirian, ta Espiritu Santubak, Eleisiaren Gurasuak, erakuslaak ta errazoiak eurak gaiti zer dinuen; ta despeidaan dantzarijen errazoiak ze entzute mereziduten dabeen. Au eginagaz urtengo dau berekautan legez goijan imini dan amaijak edo konklusinoiak, nire eritxijan. Errazoe argijagua ta jakiturija altubagua daukeenak ezautuko dabee, ondo ataria dan edo ez. Amaijari duda guztia, edo aituten oi ditubeen atxakijaak kenduteko, esaten da: Plazaan argitan tanbolinagaz egiten dirian naasteko dantzaak, abemarijetan tanbolina isilduta geratuten dirianak, Bizkaijan ta euskal-errijetan useetan ta egiten dirian moduban, diriala eurenez pekatu mortaleko okasinoe urrekuak. Bardin esaten da beste modu baten: Dantzan egitia berez pekatu izan ez arren, euskal-errijetako piesteetan egiten dan moduban, pekatu dala. Nai beste modu baten: Jazo oi danez, pekatu mortalaren beian daukeela kristinaubak obligazinoia, esan dirian dantzeetati apartetako. Edo beste baten: Al daijan guztian, esan dan piesta dantzara juateko borondate presta ta gogua ezauberaz daukanak, ta juan ezin dalako peniagaz geratuten danak, okasinoe atan sartutia konsentiduten dabenian, egiten dabela pekatu. Despeida edo konklusinoe oneek guztiok batera joten dabee, edozeinek dakusen legez. Gogoratu daigun, bada, zelan jentia presteetan dan euskal-errijetan piestarako, ta gero zelan egiten dirian.

        Onetarako zurtu belaarrijak, argitu begijak, ta ezautu zeuben pekaturik geijenen erne lekuba. Plazako dantzara duazanak, luxurijaren suba garretan eukiteko geirik presteenak batuten ditubee eureetara. Edadia, edana, jantzija, nasaitasuna ta estaduba.

        I. Edadia. Plazaan tanbolinagaz dantzan egiten dabeenak, bai gizonak ta bai emakumiak, amazortzi urteti berrogeta amarrekuak dira. Egon leitekez gaztiaguak ta zaarraguak bere; baina gitxi. Plazako piestia darabilleenak, dira, esan dan edadekuak. Mundu guztiak daki, edade atan ze zeregin ta lan andija dan, ixiokija subari urreratu bagarik bere, luxurijaren tentazinoiak goitutia. Ete dira dantzaari oneek Sanson baino senduago? Dabid baino santubago? Salomon baino jakitunago? Areek okasinoe txikijaguan jausi zirian.

        II. Edana. Piestara duazanak, piestia erdiz erdi daneko, trago bat edanda dagoz; bai gizonezkuak, ta bai emakumiak. Ez dinot ordituta dagozala, ezbada ardaua edaateko eria guztiak edo geijeenak euki dabeela. Geijenak edo guztiak gitxi edo asko edan dabeela. Ta areetati askok biar leukeen baino geijago bere bai. Eurak esan oi dabeen legez: Ya puska bat ardauak alegeretuta. Mundu guztiak daki, bada, ardao puska bat edanak, ta endamas zerbait geijago edanak, errazoia illundu, gogua alegeretu, odola berotu ta luxurijaren suba biztu eragiten dabena. Ta endamas gitxitan edaaten dabenari.

        (...) III. Jantzija. Plazako piestara eruaten dan jantzija da ainbat ederreena ta edertuen iminija. Ainbat onduen buruti biatzera apainduta, moduztauta, garbituta, orraztuta, al dagijanak larrosia, kabelinia, ispliguba, edo beste bedar usain gozoko bat buruban, paparrian edo eskuban dabeela, juaten dira plaza piestara, bai gizonak ta bai mutillak, bai andraak ta bai neskaak.

        Dinot, neskaak, ezkondubagako emakumiak gaiti, neskatillaak ez esatiarren. Bada, neskatilliaren izenak, guztiak ondo dakijeen legez, beragaz dauka errespetua, modestija, onestidadia ta lotsoorra izatia. Ta modu atan piestarik piestara ta dantzarik dantza gizon esku artian likinduta dabilzan emakume ezkondu bagakuak, ez daukeen legez ez lotsarik, ez modestijarik, ez onestidaderik, ezin emon legijue egiijazko errazoian neskatilliaren izen ondrauba, ezbada neskiaren izena. Ez jako beliari usua esaten, ezbada belia.

        Dinot, bada, piestara duazan guztiak diriala ainbat onduen apaindubak; guztiak bakotxari ta bakotxak guztiai ondo begiratu dagijuen, eretxi dagijuen ta amau dagijezan. Au autor ez daben dantzaaririk ez dago piestaan, egija esan gura dabenian. Ta ez da gauza jakina, plazako apaindurijak ta gorputza ondo prestaubak luxurijari sarri dei egiten deutsana, ta su geijago emoten deutsana?

        Ez da orain ezer esaten arako, edo bularrak berarijaz jasota, edo armatuta, edo paparra agirijan, edo besuak bilosik, edo bilosik baino ez asko obeto daroiezan neska edo andraak gaiti. Dirianak diriala, koru loijagokuak dira oneek.

        IV. Nasaitasuna. Dantziari ta piestiari jarraituten deutseenak, beste mandamentubak bere ardura gitxigaz austen ditubeenak. Konzienzija nasaikuak. Begiratu errazoe onetan. Orrako plazako piestetara uts egiten ez dabeenak, dinot, diriala pekatubaren bildur gitxi daukeenak. Bidao bat edo juramentu bat alperrik egitia; meza bat ondo entzuten ez jakitia; erdi entzunian edo ondo entzun bagarik geratutia; jaijegun santubetan jokuan, tabernaan, dantzan edo errietaan egunik geijena ta gau zati bat iragotia; umiai aziera galduba emotia; gurasuak gaiti gura dabeena umiak egitia; justizijari ta kura jaunai lotsarik ez artutia; inori ezer ez parkatutia; edozein gaiti deungaro esatia; urtian bein, edo birritan, ta orduban zelanbait baño ez konpeseetia; sarrijago konpeseetan dirianai, Eleisako zeregin santubetara juaten dirianai, ta, eurak legez, nasai ez dirianai, barre ta burla egitia; Jaungoikuaren berbia edo sermoeetan esaten dana, txanzatzat ta barregeitzat artutia; berbeetan ta egitadeetan, elduten dirian leku guztian, berdetasuna ta indezenzija erakustia... Nasaitasun au guztiau, dinot, edo, obeto esateko, pekatuteki au guztiau ez eskrupulutzat, ez konpesakizuntzat bere artuten ez ditubeenak, dira, plazaan piestia egiten dabeenak.

        V. Estaduba. Juaten dirianetati, geijeenak dira libriak. Ezin ukatu legi, arrisku geijago daukeena edade atako persona libriak, bai gizonezkuak ta bai emakumiak, arimako ta gorputzeko onestidadia galduteko. Egija da, gizon ezkondu batzuk bere bagoz, zaartuta, buruba urdinduta euki arren, gaztiak baisen berdiak. Areek bere inundi al badagijee, piestaan izango dira. Ta parian iragoten dan neska bati, geijago ezin badabee, makiliaren puntiagaz bada bere, zabalduko deutsee luxurijaren atsa, sarritan ikusten dan legez. Emakume ezkondubak bere bagoz, inoren upako ardaua edaaten dabeenak, askoren karinuari bijotzian leku emoten deutseenak, ta zaartzan, besterik ezinda, ezkontzagintziari emoten deutseenak. Areek bere, oina jaso al badagijee, an izango dira piestaan begi zolijakin. Berbeeta onetan ezer geituta ez daguana, piesta zale guztiak dakijee. Ta egija esateko lekuban, au ta geijago eurak autor dabee.

        Emeti ateraten da kontuba, ume kondo batzuk apartau ezkero, beste plazara piestia egitera batuten dan jentia, dala, luxurijazko gauza loijai inos gogua illundu ez deutseenak. Kastidadia galduteko tentazinoe bat Jaungoikua gaiti bakarrik goitutia zer dan ondo ez dakijeenak. Desonestidadeko eskolaan atzijak ta ibilijak; edo atarako presteetan dirianak, bai ezkondubak ta bai alargunak, bai mutillak ta bai neskaak ta bai beste estadukorik badago bere.

        Egijazko examina onetati ezaututen da argiro: Piestara duazanak, diriala, luxurijaren surik geijeen daukeenak edadiaren parteti. Luxurijazko gauzeetara gogua geijen konbideetan dabeenak apaindurijaren parteti. Kastidadia galdubak penarik gitxien emoten deutseenak, konzienzija nasaijaren parteti. Ta kondezinoa berdekuak, estadubaren parteti.

        Begoz, bada, orain puska baten plazaan tanbolinagaz, esan dan moduko eun, berreun, laudeun, edo geijago gizon ta emakume, sartueraan trago bat artuten, edo alkarri karinozko ezauberia emoten, beste plazako dantziari ta piestiari berez legez, darraikozan gauza batzuk gogoratuten ditugun artian.

        Piesta zaleentzat ez dago piesta eguna baino priesakuagorik. Orduban dira, goix parteti etxe biarrak gaztiak egitia. Egun atako ta askotan bijamoneko ganadu jaatekua etxera batutia. Painueluak jaboneetia, almidootutia; oinerako ta gorputzerako jantzijari puntubak artutia, kaeleetia... Guztia da priesia piesta eguna, arrastegijan piestara juatia gaiti. Ta geijenian (ta endamas baseerrijetan) aginduten deutsee gurasuak eta ugazabak gaztiai piestara, jai osua izan arren, onako ta alako zereginak eginda andi aurrera, gura badabee. Piesta zaliak egun atan, mezatan eleisaan egon arren, mezarik entzun ez dabeela sinistu ginai, juzgu gaistorik egin bagarik, gogua beste ardureetan euki dabeelako. Itandu bekijue ondo ta eurak esango dabee.

        Asko juaten dira piestara, gurasuak nai ez dabeela. Beste asko, aita edo ama eurai bidaoka dagozala. Beste asko, etxekuak (endamas aitak) ez dakijeela, ixilik egindako jantzijagaz. Nundi eta zelan oi dirian piestarako jantzijak eta galaak emakume askoren soinian, sobre daki mundubak. Bada, gauza jakina da, guraso ta ume askoren arteko bake txaarrak, asarriak, bidauak ta, eurak esan oi dabeen legeez, inpernukuen bitzitzia etxian diriala piesta madarikatubak gaiti. Gurasuak umiai nai dabeen piesteetan ta nai dabeen lagunakin, gau ta egun ibilten isteen ez deutseelako. Ta gura leukeen soina egiten ez deutseelako. Ez dira gauza onek aaztu biar, piestako dantzeen gainian berba egiteko.

        Beste asko juaten dira gurasuen borondatiagaz ta etxian egindako jantzijagaz. Baina alako gurasuak, eurak bere piestarik piestara ibili zirianak, edo oraindino dabiltzanak. Desonestidadeko eskolaan atzijak, ondo eldu bagakuak, zaartuta bere berdiak. Ta gurasuak zelakuak, umiak alakuak. Aita berdiaren semia berdia. Ama loijaren alabia loija. Alako guraso galdubak, agineetati ura darijola, itanduko deutsa arratsian alabiari ia dantzara zeinek eruan daben. Loba barririk etxera ez badakarree, beste desonestidade guztia umiak erabili arren adiskide txaarrekin, ez jako alako gurasuari kolorerik mudauko. Umiak pekatu mortalian egon arren, ez deutsee ardura, plaziagazkua ta mundubagazkua egin ezkero. Dinodan guztia egiija dana ezaututeko, inok dudarik badauka, kontu imini begi, ta ikusiko dau: Seme alabai ta otseginai piestetara ta naasteko dantzeetara juateko libertadia ardura bagarik emoten deutseen gurasuak ta ugazabaak, edozein lagun artetan esaten ditubeela berba desonestubak ta lotsarizko errazoiak, ta egiten ditubeela, arei darraikuezan azalkerija berdiak. Ez da beste testigantzarik biar, areek zer izan dirian, ezaututeko.

        Aparteko arduria euki dot beti, piesta ta dantza zaliai dotrinia itanduteko. Ta ez dabee sinistuko probau ez dabeenak, ze palta andija daukeen. Ez dakijee geijeenak, salbetako biar dabeena. (Dei egiten jako emen kura jauneen ta konpesore jaunen zelo santubari). Au gaiti bigarren, irugarren, laugarren, bostgarren, seigarren ta zortzigarren Jaungoikuaren agindubetan pekatu mortaltzat edo illgarritzat Eleisako jakitunak erakusten ditubeen ta eurai jagokuezan gauza asko, txotxakerijak ta sinplezaak diriala, uste dabee piesta zale askok. Ez daukeez konpesakizuntzat bere. Oh, ez jakinaren sail madarikatubak! Plazako piestiari errioneetan berez legez darraikozan gauza oneen ondorik, ikusi daigun, zelan egiten dan plazaan piestia.

 

 

§. II.

Plazako piestia zelan egiten dan.

 

        Abemarijeetan tanbolina ixilduta, geratuteko piestia da, emen examineetan dana. Oh! Au piesta santuba da, esango dabee dantzazaliak. Ta pensau legi zerbait, geijago ez dakijanak. Baina Bizkaiko ta Probinziako piesteetan au ta utsa bat dira. Bideetako etxiak, zelaijak ta sasi onduak ateraten dabee plaziaren paltia. Ta neska baten tronpiak edo soinubak tanbolinarena. Ezpabere esan dagijeela, tanbolina abemarijeetan isildu arren, zeinbat juaten dirian etxera gabak denporaak emon bagarik. Geijeenaz bere, inok kasurik egin ez deutsan neska epel bat, edo mutil makal bat. Beste gitxi. Ta nos palta dira piesta egunian plazaan, gabak ordubak emonda bere, gizonak eta emakumiak? Nun daukeez etxiak ta noragino juan biar dabee, abemarijetan tanbolina ixildu arren? Ah! Au edozeinek daki. Estalgi txaarra da, piestia ontzat emoteko, abemarijeetan tanbolina ixilduten dala esatia, Bizkaijan ta Probinzian. Justizijak bere au erremedijau ezin legi. Etxeetan bai asarre andijak, ta pekatu mortalera elduten dirian okasinoiak ta eskandalubak, askotan, auzuak igarten deutseen terzijuan, gurasuen ta umeen artian, piestati berandu etxera juan dirialako.

        Gomuta onegaz guazan plazako piestiari begiratutera. Ez jente pilluari mordo baten, ezbada gauza onerako edo txaarrerako jazoten dan moduban. Teolojija sagradubak gizonaren borondatezko egitade bakotxari begiratuten deutsan moduban. Begiratu daijegun bakotxari banaan, edo binaan, edo irunaan, dagozan moduban ta dabiltzan moduban. Ia zer egiten dabeen; ia zer esaten dabeen. Ta zer ikutsiko dogu plazako jente pilluaren artian? Dinot arima arimati; lotsa nasala eskribiduten. Baina agiriko pekatubak dira, ta esan biar dira. An ikusten da, edade arriskukuak, ardauak, apaindurijak, konzienzija nasaijak, ta oitura desonestubak daukan luxurija osua. Ikusten da: dantzia ez dabilen denporaan, neska bat, bi edo iru, mutil bategaz, bigaz edo irugaz alkarri eskubak solbardaan edo... iminita, berbeetan ta maitekerijeetan dagozala. Baina zer berba? Arimiari ondo gura deutsanak, alboti bere entzun biar ez ditubanak. Ta ze maitekerija? Eskubakin, begijakin ta arpegiko jeriagaz guztia luxurijaren suba darijona. Ikusten da: dantzia asi dedinian, neskaak armatuta dagozala, abijan goserik daguan txorija amaren janarijaren zain legez, nos nok dantzara eruango ete dituban, goguan daukeen leunkerija ondo erakusten dabeela. Erri batzubetan neskaak asten dabee ta kunpliduten dabee mutilez edo gizonez dantzia. Itzhusijago ta lotsa galdukuago baino ez da. Ikusten da: dantzarako eske juakozan andriari edo neskiari, egiten deutsazala milla azinoe ta menio indezente, daroianak, bai eskuti oratuten deutsanian, ta bai dantzarijari entregeetan deutsanian, neskiaren edo andriaren aurrian saltoka, txiko ezi bagako edo baso asto batzuk dirurijeela. Ta zeinbat indezenzija geijago egiten deutseen, ainbat dago neskia pozagorik labankerijaren ta likinkerijaren bitsa darijola.

        Modu onetan plazaan dantzia kunpliduten da. Dantzia kunpliduta laster, tanbolinak esaten dau: Nai dabenak nai dabena egin dagijala, naastia, arin aringia, arrebatua ta pandangua joten ditubanian. Ya dagoz dantza atan gizonezkorik edu emakume, edo mutilik edu neska. Guztiak, esan dan legez, onestidadia galduteko ondo prestauta, eskuz esku alkarri oratuta, naaste mutil biren erdijan neska bat dala, noren seme edo alaba dirian, asko gomuta ez dabeela.

        Tanbolinak dino: Gura dabenak gura dabena egiteko orduba dala. Ta egiija esateko, eguzkijari begira bertan pekatu egingo ez badabee, beste desonestidade guztia lotsa bagarik airian darabilee dantza atan. Naaste atan entzuten dan ta ikusten dan guztia, da luxurijaren suba ta keia. Batian, dantza luzian arin aringa gorputzakin alkar joten. Bestian pandanguan nos arpegijakin, nos besuakin, nos sabeleekin, nos albuakin alkar ez joko, bai joko neska ta mutil, menio desonestubak ta lotsarizkuak geratu bagarik egiten deutseezala alkarri. Ta bestian, kazubelaan erlia legez, mordo baten gizon ta andra naaste. Ni esaten azartuten ez nasan ezaintasunak, alkarri egiten deutseezala. Neskaak eurak bere, alakuak izan arren, askotan koloriak gorrituta urteten dabeela, andiskotiak dirialako mordo atako pekatubak jente arterako. Dantza atan esaten dirian ta entzuten dirian berba banakaak desonestubak. Begirakuniak eta alkarren jeraak desonestubak. Mosu egiteko ta oratuteko meniuak ta oratutiak desonestubak. Gorputzakin alkar jotiak desonestubak. Oinakin magal jotiak desonestubak. Esku estututiak desonestubak... Ta au guztiau dantza bakotxian geratu bagarik neskaak mutilai ta mutilak neskai. Zeinbat gabaren urrago, ainbat ezainago, nasaijago ta zatarrago dantza bakotxa. Dantzati urteten dabee sarritan neskaak, eureen iruneko zapijak askatuta ta burukuak okertuta, ikusi bagarik sinistu ezin legijan moduban. Askotan dantza arinian, oin bijak laban eginda, plaziaren erdijan jausita geratuten dira andrazkuak, inok begiratu biar ez deutseen moduban, eskuti dautsanak, kolpez jaso artian; ta jente guztia arixe begira txaloka. Dantzaan sartuten ez dirianak, edo dira, lutubak daukeezanak; ta areek bere gogoz an dagoz. Edo dira, zaar ibilli ezin dirianak. Oneen kondezinoia esanda geratu da. Aguraak badira, ordituta asko. Atsuak badira, ta endamas seme alabaak an daukeezanak, azerija ollua jaaten baino pozagorik dagoz plaza baztar bateti edo bentana zulo bateti dantziari begira arrastegi guztian kansau bagarik. Edo dira, seina egiteko andi dagozanak. Oneek bere borondatez dantzaan dagoz. Baita batzuk gorputzez bere okotzeraginoko sabelagaz justizijaren lotsa arin onian ta naturaleziaren desondraan. Edo dira, dantzara inok eruan ez ditubanak. Oneek enbidijaz ta zeloz murmuretan ta ernegeetan dagoz, inok aintzat artu ez ditubalako. Ez dabee bein bakarrik topau neskaak dirubagaz, dantzara nok eruan. Edo dira, adiskide maite bategaz bakarrian astirotxubago egon gura dabeenak, bestiak dantzan dabiltzan artian. Oneek bere ya ezautubak dira, zer dirian. Beste guztiak dantzan dabiltz.

        Dantziaren despeidaan edo amaijan, askotan edo geijeenian, mutila dua, dantzan erabili daben neskiagaz, ta dagoz alkarregaz beste dantzara artian, endamas bere debozinoekua bada, prutia edo erroskaak artuta. Areek dantzaan berotuta, karinua alkarri erakutsita, dantzara eruan dabeelako, neskiak mutilari esker ona karinoz emonda, bakarrian zer esango dabeen ta zer iragoko dabeen, pensau begi, alako ordubeen barri obeto dakijanak. Abemarijeetan geratu dedilla tanbolina. Ez, geratu oi dalako piesta egunik erdijeetan ta gitxijagotan bere. Baina izan dedilla alan. Bada, despeidako jentiaren urteneria da guztien aazkarrija. Guztiak dakuseela ta dantzubeela, egiten dira urtenera zikin atan neskeen ta mutileen artian, nok nori asko ez dakijala naastian, tokamentu loijak, oratute loijak, mosuka loijak, eskuka loijak, pekaturako konbit erabagijak ta beste luxurijaren asmuak topau dituban ta esan legizan berdekerija altubak, klarubak ta zatarrak. Neska batak egiten dau garraasi bat. Bestiak silijo bat. Bestia asarratuta, asten da lotsagalduko diadarka. Bestiak bardin egiten deutsa bidao bat, oratu deutsan mutilari edo gizonari, ordukua ya guztizkua dalako. Alan duaz plazati etxeruz aldi baten naastian ta morduan ajuika, diadarka, barreka ta oratuka, luxurijaren pestia ta atsa darijuela, bakotxa bere lagunagana ta bidera batu artian. Etxia urrinago daukeenak, urteten dabee, oi danez, leenago plazati. Urraago daukeenak, berandubago. Baina gabak ordubak emonda bere, ez dira palta, ez plazaan ta ez bideetan neskaak eta mutilak. Piestati etxeruz nekez dua inor bakarrik, ordiren bat ez bada. Geijenian neska bat ta mutil bat alkarri eskuti edo samati oratuta. Edo neska bat mutil biren erdijan; edo mutil bat neska biren erdijan, alkarri dautseela, esan dan moduban. Ta geijeenak, aurrekuak ondorenguai ta ondorik duazanak, aurrerago duazanai, burla desonestubak alkarri egiten. Neska bat, mutil bat albuan ez dabela, piestati etxera nekez. Areek bidian illunian (bada abemarijeetan tanbolina ixildu zanian, plazati urten ebeen leenenaz) edo legua bat bidian, edo legua erdijan, edo geijaguan etxeetara artian zer egin al dagijeen, amar urteko umiak bere bakijee.

        Kale barruko dantzarijak ez dira segurubago geratuten eureen tanbolin egunetan, bestiak baino. Ta onen errazoia emongo da zortzigarren errespuestaan, emen esaten danaz gainera, itsuba ta gorra ez daguanak aituteko ta ezauteko terzijuan.

        Ara emen, zelan egiten dirian plazeetako piestaak. Ezer bere ez dot esan, geituta. Bai asko gitxituta, zatarkerija desonestu guztiak paperian ez imintiarren. Geure errijeetako piesta bat edo bi asi ta amaitu kontuz ikusi ditubanak, ta euskal-errijeetako jentiaren ta etxeen barri dakijanak, ez deust ukatuko, esan dodan berba bat. Piestetan sarri gogoz ibili dana bada, esango dau: daukeen baino etxura obia emon deutseedala. Ta ez dira emen kontuban sartuten, dantzia emon jakuelako edo emon ez jakuelako, kopradijeetako ta alboerrijeetako jentiak atera oi dituban okasinoiak, gorrotuak, bengantzaak, burrukak, makilakaak ta gizon illtiak bere bai, izan arren kasik piesta guztietan gitxiago edo geijago. Itxi dagijeegun, bada, tertzijo onetan Plazako Dantzai. Ta ikusi daigun, Espiritu Santubak ta Eleisiaren Gurasuak zer dinuen naasteko dantzaak gaiti.

 

 

§. III.

Eskritura Sagradubak eta Eleisiaren Gurasuak naasteko dantzaak gaiti dinuena.

 

        Leku askotan esaten deusku Eskritura Sagradubak, ze kondizinoetakuak dirian naasteko dantzaak. Ez da nire gogua, guztiak ez eze gitxiago bere emen imintia. Testamentu zaarreko ta barriko liburu guztietan dagoz sentenzija edo esan era batzuk, pedia daukan kristinaubari ikara eragin legijueenak. Irakurri bediz Job, Isaias, Daniel, Salomon, Ebanjelijua ta san Paulo, ta eurak kenduko deutsee, salbau gura dabenari, okasinoe galdu areetan ta arei darraikuezan pekatu inpameetan sartuteko gogua. Esan bat edo bi gogoratuko ditut, geure plazeetako dantzeen sarija ondo autor dabeenak. Dino Espiritu Santubak leku baten: Ganadu aldriak legez, urteten dabee pekatarijeen umiak soinubagaz; dantzan ta saltoka dabiltz soinubaren otsian; eureen egunak iragoten ditubee alegere ta pozik, ta istante baten jausten dira inpernura. Et in puncto ad inferna descendunt. Beste leku baten dino: Emakume dantzaarijaganik apartau zaite, bere artiagaz ta enkantubagaz galdu ez zagizan. Ne forte pereas in efficacia illius. Beste batzuk irakurten dabee: Kantaarijaganik. San Ziprianoren eritxijan bijak, emakume dantzarija ta kantaarija bardinak dira, gizonak galduteko. Beste leku baten dino Espiritu Santubak: Siongo alabak ibili ziriala, eureen burubak jasota, samaak armatuta, apainduta begirakune maiteetan eskubakin txaloka ta oinakin dantzan. Alan ibili dirialako, Jaungoikuak kenduko deutseezala Siongo alabai eureen apaindurijaak, mutilduko deutseezala eureen burubak, ta emongo deutseela buruko apaindurijaren lekuban kalba gorrija, loreen lekuban atsa, ta zinteen lekuban kordelak ta zilizijua. Eskritura Sagraduko leku oneetan (beste jazo ta esan askori itxita) geure piesteetako dantza madarikatubak Jaungoikuaren gorrotua ta zamaija eureen gainian daukeena, edozeinek dakuts.

        Naasteko dantza inpameen gainian Eleisiaren Gurasuak ta santubak dakarreezan errazoe asarriak, esatez amaitu ezin legiz. San Juan Krisostomok esaten dau: Dantza nasaija daguan lekuban, dago diabruba. Ez eutskuzan Jaungoikuak oinak emon, dantzan egiteko; ezbada modestijaz pausu egiteko. Piesta orreetan diabrubak dantzan egiten dau; ta demoninuen aguazillak engaineetan ditubee gizonak... Oraingo dantzeetan ez jako samia ebaten san Juan Bautistari; baina illten dira kristinaubeen arimak. San Efrenek dino: Ez dedilla inor engainau. Inok bere ezin serbidu legizala ugazaba bi. Inok bere ezin legijala Jaungoikua serbidu ta diabrubagaz dantzaan egin... Dantzia daguan lekuban, dagozala okerrerija guztiak. An daguala emakume galdu lekuba, aingeruben tristezia ta diabrubeen poza ta piestia. Goxian eleisan ta arratsaldian dantzan diardubana, goxian Jaungoikuagaz ta arratsaldian diabrubagaz daguala. San Anbrosiok, san Ziprianok ta Tertulianok geijago eskribidu ebeen piesta galdubeen ta naasteko dantzeen kontra. Geure errijetako piesteetan ta dantzeetan ikusten da, areek kondeneetan ditubeen pekatubak ta okerrerijak. San Anbrosiok dino: juizijua ta modestija daukanak, ez dabela dantzan egiten... Adulterijuaren alabia dala, dantzan egiten dabena... San Ziprianok dino: Ze zorakerijak artu ete ditu kristinaubak... demoninuak asmautako dantza loijak, onak diriala esateko? Santo Tomasek dino san Agustinegaz: Domekeetan ta jai egunetan dantzan egitia, pekatu andijagua dala, soluan nabasen edo etxian gorubetan egitia baino. Obeto gordeko ebeela, (edo pekatu gitxiagogaz) judegubak zapatuba nabasen edo gorubetan eginagaz, dantzan eginagaz baino.

        San Basiliok dino naasteko dantzeetan dabiltzan emakumiak gaiti: Zeintzuk gaiti negar egingo ete dot? Ala ezkondu bagakuak gaiti, ala ezkondubak gaiti? Ezkondu bagakuak birjinidadia galduta, biurtuten dira etxeetara. Ta ezkondubak ez deutsee kastidadia gordeetan senarrai. Bada, dantzan dabiltzan emakumeetati, banakaren batzuk geratuten badira gorputz osuagaz (pornikau bagarik), areek bere arimako kastidadia galduta, loituten dira. Santu onen eritxijan, nos kontauko ete zituban Eleisa Ama santiak, edo nos iminiko ete lituke birjineen artian, erri oneetako piesteetan ta naasteko dantzeetan ibili dirian emakume libriak, gero santa andi egingo balira bere? Bada, dinuanez, inok ezautu ezin legizan banakaak baino ez da geratuten gorputz osuagaz. Ta areek bere arimako kastidadia galduten dabee dantzeetan. San Antoninok dino: Dantzarijak diabrubari bidia presteetan deutseela, diabrubagaz inpernuban agertuko diriala... Soloko koko saltokarijak laboria galduten daben legez, emakume dantzarijak arimaak galduten ditubeela... Dantziak inpernuko pozuti urten dabela... Inpernuko labati kee atsitubak urteten daben legez, naasteko dantzeetati luxurijaren subak urteten dabela... Gizon ta emakumeen naasteko dantzia demoninuak darabilela, arimak galduteko... San Karlos Millango obispo andijak ta giza aldi oneetako Eleisiaren argijak liburu oso bat eskribidu eban dantza naastekuen kontra emeretzi kapitulugaz ta amairu konklusinoe edo amaigaz. An erakusten dau Santubak Eleisako Gurasuen, jakituneen ta errazoiaren goitute osuagaz, esan dirian naasteko dantzai jarraitutia pekatu mortala dana. Ta dino: Naasteko dantzaan oi dan nasaitasunari ta okasinoiari begiratu ezkero, ez dauka inok zetan pensau, estubak gariala, naasteko dantziari jarraitutia pekatu mortala dala, erakusten dogunian.

        Au da Eleisiaren Gurasuen berbetia naasteko dantza galdubeen kontra. Ez zirian Guraso santu ta zeruko dotriniaren erakusla jakitun areek, geroko eskolau batzuk legez, dantzaak per se ta per accidens, secundum se ta per abusum, in genere suo ta per malitiam erabagiten ibili. Ezbada begiratu eutseen gizon ta emakumeen arteko naasteko dantziari, giza aldi guztietan jazo dan moduban, jazoten dan moduban ta jazoko dan moduban, (egiten bada) Adanen seme alabaak bitzi dirian artian. Au ondo ezaututa, ondo sinistuta, Jaungoikuaren mandatari areek eureen liburubeetan esanda itxi ebeen kristinau guztienzat naasteko dantzaak gaiti, ordikerija, gorrotua, murmurazinoia, soberbija, batioukatutia, sakrilejijua, luxurija, pornikazinoia ta beste pekatu ezainak gaiti esan ebeen baixen deungaro. Gizon ta emakumen naasteko dantziari esaten deutsee Eleisako santubak berbaan berbaan: Inpernuko pozuba, Babilonijako labia, errijetako pestia, pekatu guztien erne lekuba, luxurijaren eskolia, kastidadiaren galdugarrija, diabrubaren txirrintolia, satanasaren saria, demoninuen jokua, piestia, sortia, Jesukristoren desondragarrija, kristinaubeen lotsagarrija, bautismoko promeseen ukagarrija, aingerubeen tristezia, birjineen ondamendija, adulterijogina, lapurgina, gorrotogina, zelogina...

        Au esaten dabee santubak naasteko dantzaak gaiti. Zer esango ebeen, geure plazeetako dantza desondraubak asi ta amaitu, etxian urteten daneti ta sartu artian, ikusi balitubee? Nos absolbiduko ebeen guraso bat edo ume bat, berarijaz olgetia gaiti dantza madarikatu orreetan dabilena ta ibilteko ustia daukana? Eurai itandu. Eleisa Ama santiaren Batzaarretako neurgarrijak ta kristandadeko agintari jaunen ordenaak bere bardin kondeneetan ditubee naasteko dantzaak. Baina, ze kristandadeko? Erromako jentileenak irakurten dira dantza galdubeen kontra, errijeetako ta pamelijetako bakia ta matrimoniuak galduten ditubeelako. Esan danagaz aaztu bagarik, ikusi daigun, teolojija sagradubaren erakuslaak ta errazoiak eurak gaiti dinuena .

 

 

§. IV.

Theologubak ta errazoiak naasteko dantzaak gaiti dinuena.

 

        Ez da nire gogua, sail au luzatutia; ezbada ainbat laburren ta argiruen imintia. Liburu andijak eskribidu legiz, asko kansau bagarik, leenagoko giza aldijetakuak esan dabeena, batuten asi ezkero. Eleisiaren Gurasuak gorrotoz begiratu badeutsee naasteko dantzai, areen ondorengo teologu edo moralistarik juizijozkuenak ez deutsee obeto begiratuten. Dinot: Juizijozkuenak. Bada, beste gauzarik eskribidu dabeenak, inok irakurten ez ditu, eureen inozenzijari ta penseeta modubari barre egiteko baino. Bat edo biren esanak nik iminiko ditut, ta beste batzuk izentau.

        Leleengo lekuba errazoiagaz euki biar dau Benedikto XIV. ez estutzat, ez nasaizat irakurla batek bere ez daukanak. Onek dino, beste santu ta erakusla asko izentauta: Gizon ta emakumeen arteko dantza naastaubak, eurenez pekatu izan ez arren, egiten dirian moduban, pekatu diriala. Kura jaunai ta konpesore jaunai jagokuela, gizon ta emakume guztiai ondo aituten emotia: ze okasinoe andija ta peligruba daguan naasteko dantzeetan; ta pekatu egiteko peligru andira duazala, ara duazanak. Belarmino kardenal , jesuita beneragarrijak dino: Adulterijua ta pornikazinoia pekatu badira, ez dakijala berak, gizon ta emakume naaste dantzan ibiltia, zelan pekatu izango ez dan; dantziak atara konbideetan dabela ta... Zuk, dino kardenal jaunak, gaztetasunaren subari ezarten deutsazu ardauaren suba, juan ta etorri, egon ta ibili ta kantau egiten dozu neskaakin, ta ez dot nik zu gaiti gauza txaarrik pensauko?

        Aita Paulo Seineri , Italijako misinoe jakitunak ta zelotsubak, leenagoko erakusleen esan era guztiak bardinduta ta alkartuta, erakusten dau: Dantzia berez pekatu izan ez arren, egiten dan moduban, naasteko dantzia luxurijaren biztugarrija ta berogarrija dala; ta txito errazto iragoten dala pekatu izatera. Kasuistaak bere ez dabeela au ukatu; ezbada, naasteko dantzaan pekatu egiteko daguan okasinoia gaiti, guztiak erakutsi dabeela Eleisako santubakin, dantzaak pekatu mortalekuak diriana. Aita Baltasar Frankolinok dino: Eguzkijaren urten erati sartu eraraginoko jakitun guztiak kondeneetan ditubeela naasteko dantzaak Jaungoikuaren kontrako pekatu anditzat. Dotrina au berau erakusten dabee, bakotxak bere lekuban ta bere sailari jagokan moduban: Natal Alexandro, Juan Pontas, Lamet, mo Jerson, Salbiano, Juan Nider, Kolet, Reiffest, Ferraris, Jeneto, Martxant, Konp. Salm., El R. P. Fr. Diego de Kadiz, Mansi, Poujet, R. P. Fr. Franzisko Antonio de Palazios, D. Juan Antonio de Mogel... Enpin, esan daigun era batera san Karlos Milango obispo jaunagaz: neque vero hodie quisquam est paulo prudentior, qui choroeas non detestetur. Edo, esan daigun Benedikto XIV.: Eleisako erregeleen, santubeen ta erakusleen dotriniari itxita, libertadia ta nasaitasuna gura dabeenak, berba egiten dabeela naasteko dantzeen pabore. Infelizes Abogados del libertinaje esaten deutsee alakuai Benedikto XIV . Ez dago, Jaungoikuaren legia erakusteko uste onagaz plumia eskuban artu dabenik, ez kasuistarik, ez probabilistarik, zelan egiten dirian entzun ezkero geure plazeetako dantza naastaubak, pekatu mortalaren beeko okasinoetzat emoten ez ditubanik. Baina zer egingo dabee gitxiago, dotrinia dakijeenak ta juizijua daukeenak, berarijaz jentia engaineetara ez baduaz, pekatu eragiteko? Ez dau Ebanjelijoko erakutsijaren errazoe agirijak au esaten? Ikusi daigun.

 

 

ERRAZOIA

 

        Errazoe au ezaututeko, ez daiguzan kontuban sartu, geure plazeetako dantzaak diriala medijo zuzen, errijeetan, kopradijeetan ta pamelijetan jagi oi dirian okasinoiak, burrukak ta lutzaroko gorrotuak; bengeetako atajadiaren zain urrengo piesta egunera edo erromedija egunera artian egotiak; gurasuen ta umeen arteko bidauak, bake txaarra ta gaineko eguneetan alkarri berbarik egin gura eza... Ez daigun kontuban sartu, piesta eguna jaijeguna bada, egun guztia diabruba, munduba ta aragija serbiduten iragotia; Jaungoikuagaz bere ez akordeetia; ta, berbeeta onian, mezarik bere ez entzutia. Ez daigun kontuban sartu, piestia ta dantzia dala medijo baseerri etxeetan egiten dirian kastu alperrikakuak, banidadezkuak ta neurri bagakuak. Bakidaz Bizkaijan, eurak zinuenez, piesta egun bakotxeko kastuba eun dukategaz egiten ez dabeen baseerri etxiak. Ta urte askotan alan. Ez daiguzan kontuban sartu, plazarako ta piestarako egiten dirian lapurretak ta andi ateraten dirian ordikerijak, joko txaarrak ta beste maldadiak. Alderatu daiguzan oneek guztiok buruti sinplezatzat ta txotxakerijatzat, errijetako dantza egun guztietan, bat itxi bagarik, jazo arren.

        Ta esan daigun, kastidadiaren kontra diriala pekatu mortaleko okasinoe urrekuak. Ez gaitezan aaztu, erri oneetako plazeetako dantzaak zelan egiten dirian. Gogoratu daigun, Eskritura Sagradubak, Eleisako santubak ta jakitunak eurak gaiti dinuena. Irakurri daiguzan, Eleisiak kondenauta daukazan, luxurijari su emoten deutseen ta aren okasinoiak parkatuten ditubeen esanera galdubak, proposizinoe kondenaubak. Alexandro VII. 40, ta 41. Inozenzio XI. 1, 51, 57, 58, 60, 62 ta 63. Alexandro VIII. 2.... Nasaitu daigun dotrina au, al daigun guztia, dantza zaliai gusto emoteko. Ta, erakuslarik oneenak ta geijeenak esan arren, borondatez ta ezauberaz izan ezkero, ez daguala seigarren agindu santubaren kontra, beste agindu askotan legez, gauza gitxirik edo pekatu benialik. Imini daigun dudaan gauza au. Ta esan daigun: Kastidadiaren kontra pensamentu, berba, gurari edo egitade loi bati puska baten bijotzian ezauberaz ta naiz leku emon deutsanak, gitxija ta ezer eza dala berak uste izan arren, ez dabela jakingo erijotzako ordu artian, ala pekatu mortala ala beniala egin daben. Ebanjelijoko erakutsiti asko urten bagarik, erakuslarik geijeenak esango deutseela: Pekatu mortala dala, alan kastidadiaren kontrako gauza loijari ezauberaz bijotzian leku emotia. Baina onei guztioi erabatera itxita, guazan geure sailaren itura zuzen zuzen ta esan daigun.

        Kristinaubeen dotrinaan kastidadiaren kontrako pekatu mortala da, premina bagarik berba desonestubak esatia, gustoz barre eginda entzutia, oratute edo tokamentu desonestubak egitia, inok egin dagijozan istia, eskuka loijak egitia ta noberari egiten bestiai istia; endamas gizonezkuak emakumiai, ta emakumiak gizonezkuai. Baita pekatu mortala da, alako gauza loijak esateko, egiteko, entzuteko, ikusteko, erasoteko ta eragiteko okasinoera ta peligrura bere guraz borondatez ta ezauberaz premina bagarik juatia, ta alako lekuban egotia bere.

        Baita da egiija, plazako piestara ta dantzara duazanak, (guztiz itsubak eta gorrak edo umiak ez badira) ondo dakijeela bigarren juate aldiko: juaten dirian guztian, edo piestaruz, edo piestaan, edo piestia amaituta, edo obeto esateko, leleengoti azkenera luxurija guztiaren testigu izatera duazana. Ondo dakijeela: Kastidadiaren kontrako pekatu mortalak, berba loijak eta zatarrak; eskuka ezainak eta desonestubak gorputzakin alkar jote lotsarizkuak; txantxeetan benetan pekatu egiteko konbit klarubak; mosuka zikinak ta errazoe indezentiak ta itzhusijak; ondo dakijeela, dinot, bai gizonak ta bai andraak, bai mutilak ta bai neskaak, duazan guztian, luxurijaren sutegi ta ats zikin au guztiau ta geijago ikusiko dabeena, entzungo dabeena ta sentiduko dabeena. Ondo dakijeela (betikua dalako) eurai bere sarritan, edo geijeenian, edo beti esan deutseezana, ta egin deutseezana pekatu zatar, loi areek guztiak. Baita: ez gitxitan, ezbada geijeenian, ta geijeenak beti, eurak bere esan ditubeela ta egin ditubeela loikerija areek; ta besteen esanagaz ta eginagaz barre eginda alegrau diriala. Ezin inok ukatu legi, dantza zaliak au ondo dakijeena.

        Baita egija da, gizonak eta emakumiak, mutilak ta neskaak ezeren bere premina bagarik, ez kleituban, ez aziendaan, ez osasunian onerarik edo probetxurik ez daukeela, eureen guraz ta naiz, begijai, belaarrijai ta gorputzari gusto emotia gaiti, eureen burubak erakustia gaiti, ta esan dan saltsa zikin pekatuzkuan ibiltia gaiti, duazala dantzara. Duazala, luxurijazko pekatu mortalak esaten dirian, entzuten dirian, penseetan dirian, ikusten dirian, egiten dirian ta eragiten dirian okasinoe jakinera. Ta, esanak, eginak ta eragina ontzat emoten ditubeen lekura edo bidera.

        Ta au onan izan ezkero, esango dau ebanjelijua sinistuten dabenek, edo Eleisa Ama santiaren semek, alako dantza galdubeetara bere guraz juatia, ez dala pekatu? Irakurri dau inok kristandadeko liburutan, alako okasinoe jakinera premina bagarik bere naiz juatia, ez dala pekatu mortala? Esan daigun, bada, euskal-errijetan, esan dan moduban ta jazoten dan moduban, plazaan tanbolinagaz egiten dirian naasteko dantzaak, abemarijeetan tanbolina ixildu arren, pekatu mortaleko okasinoe urrekuak diriala. Nezesidade ta premina bagarik, ondo dakijeela, juaten dirialako, kastidadiaren kontrako pekatu mortalak agirijan beti egiten dirian olgeetara ta dantzara.

        Esan daigun geijago: Ez daukala konpesorek Eleisako dotriniaren erregela edo neurgarririk, ez erakusleen esanik, alako dantzeetara duazanak, leen juana garbatu ta ostera ez juateko asmua artu artian, pekatubeetati askatu edo absolbidu legizala, esaten deutsanik. Ez dago onako erakutsirik Eleisa Ama santaan. Ezin konpesorek pekatubeetati librau legi, alan pekatu dan okasinoe jakinera bere guraz doiana, okasinoiari isteko berbia emon artian.

        Ara emen zerbait argituta, asieraan imini neban amaija edo konklusinoia. Plazako dantzaak zelan egiten dirian esanagaz; Espiritu Santubari ta Eleisiaren Gurasuai entzunagaz; ta geure sinistukizunen erakuslak ta errazoiak eurak gaiti dinuenagaz. Bitati bat: Edo probau, dantza plazako orreek, esan dan moduban egiten ez diriala; ta, Eskritura Sagradubaren, Eleisako Gurasuen ta erakusleen liburubetati atera dirian esanak guzurrak diriala; ta, imini dan errazoiak bere zatijeetan uts uniak daukazala ta ondo amaituten ez dabela. Edo autortu ta konpesau, esan dirian dantzaak, pekatu mortaleko okasinoe urrekuak diriala; ta oni darraikona.

 

aurrekoa hurrengoa