www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bein da betiko
Resurreccion Maria Azkue
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bein da betiko / Batxi Guzur, Resurreccion Maria Azkue (Ines Pagolaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

I
Txakolintegi baten

 

        Ezeukan goiz atan Maripak barriketan iarduteko gogo andirik. Noizik noizera amantalaz igozten ebazan beren begi negartsu ta gorrituak.

        Otondotxu batzuk ur goritan sartu ebazanean, zokondoko gizonai arpegi tximurduna erakutsiaz, «ke andia dago gizonak (esan eutsen) eta eztaukazu beste lau egunean bere itxasoraterik. Ekaitz gogorren bat dakar aize onek dandarrez.»

        —Zer, bada, Maripa? erantzun eutsen Maripari itxas-gizon arek.

        —Enakutsu begiak edegi eziñik?

        —Astoen arrantzaak eta emakumeen negarrak badakigu, Maripa, zer balio daben.

        —Eztaukat zeuri ezer esateko. Etzara zu asko erreko, itxasoak betondo illuna agertuarren; legorrean ondo zagoz; nok iaten emon eukiezkero, eztautsu lo-zorroa asko arindu edo sumatuko mairako lain nok ekarri egon ezak. Aaaur dabil nire senar taketa bere: umezain (aurzain edo sein-iagole ez esatearren), dindirri-urtika ta kaleak austen. Amabietako txiliñaren durundi edo iskanbillak betiko moduan ekarriko dau a maira... ian-edanerako bere, eztirudi baiña... on egin daiola.

        —Aulan, aaaulan Maripa. Goiz guztian ortxe euki augu, tautik ez murtik ez deusik eraso eziñik. Begiak idigi ezin badaunaz bere ezein aoa itxirik euki.

        —Aai, zu, politok, or zaukadaz, nori adarra io daukazunean pozik!

        —Egin daun eure arlo edo sail ori?

        —Egin da egiten diardut, antxiñako lapurren antzera. Sueteko arazo onek naikoa ezpaneuz, da nekeak iasoteko daukadan baiño barru sakonagoa baneuka bere, or zaukadaz deika ta deiez, barrurik sakonenari ganez eragiteko bestean.

        —Maripa, guk zeinbat edanago, i ainbat obeto.

        —Zuk urdaillean ondartza edo aretza andiren bat euki bear dozu, gizonak: edan-alak edanarren, beti zakustaz edateko amurruz.

        —Ekarri eiskun, bada, urrengorako txakolin indartsuagoa.

        —Zein edarik zure urdaillari atzera eragin? Ezta itxasoko baga edo uin edo olatuen gizako txakoliña banekartsu bere.

        —Maripa, amabietako txiliña dantzut.

        —Bai, Erroke: egin betiko arrena.

        —Aurra...

        —Ondo beren moduko latiñakaz dakik, Erroke, arren egiten.

        —Zelan irakatsi alan ikasi.

        —Eure bizikoa izango intzan i sakristaukuntzan, Erroke.

        —Maripa: nor dan orretarako beren bizikoa ta alagalakoa laster erakutsiko daunat. Aur berori. Kaisio Txanton.

        —Kaisio Erroke.

        —Txanton, erbi-txakurra izan baintz, ik euki izango euazan surrak!!

        —Bai, Erroke, belarriak bere: baiña oiñik ez.

        —Egia esan bear bada, Maripa lango emazte zintzoa, iasekoa, ganoraduna ta maratza daukan gizakume edo gizasemeak eztau arrapataka ibilli bear. Ezau i aizeak beingoan eroango. Zein sutegitan egin daue soiñeko txartes ori? Ori aldean daukaala, gure txalupeak tirabira egiñezkero, beruna legetxez ondoratuko intzake i. Maripa, Maaripa; aamen au.

        —Ori or dagoana badakit nik, Erroke; erantzun eban Maripak.

        —Ikusi barik?

        —Ori urreratu dana iakiteko eztot nik begirik bear izaten, belarririk bere ez; surrak izaten dodaz naikoa.

        —Zer bada, Maripa?

        —Alperrak berarizko usaiña euki daroe: alper-sundea. Orrelango Maritxu bat senartzat artu baiño oba neban monkategi baten sartu banintz: bai oba neban. Eztaiala Iaungoikoak gura izan: baiña gure Elizako San Kosetxu ederra ostuko baleuskue, neure senarra da agindu ta egiña langoxea, beronen seme ta ene seme eder au besoetan daukala, altara-ganean egoteko.

        —Baiña, Maripa, senarra bizi dala alargundu nai euke?

        —Bai, Erroke; pozarren. Ori an baneuko, zerua zeruan da zerua lurrean eukiko neukez. Emaztea baga elitzake au zeruan egon al izango, neu bear izango nenduke. Lurrean barriz, kalerik kale edo itxasoak austen dabillenartean, euki daroat nik emengo zeru-apurra. Etxean sartuaz batera, agur nire barruko bakea: suetera badator, galerazo baiño besterik eztaki egiten; suetera etorri ezik, or guztion artean txutxuputxu barriketan iarduten dau. Neure erraietako semetxua berorren eriko zirimara bat izan ezpalekit! Erdu ona, amagana erdu, ene semetxu kutuna, baba-lora ederra; erdu apa apa, e!! geldi geldi, ezakit iausi, semetxu laztan ori. Nor dok maite, neure neure orrek? Nor? —Ma, ta —Ama, Aita? Zeinbat? —Mmmmar. —Amar baiño ez neure seme Don Diego, usakumetxu zurien orrek, beste guztiak ioan da bere, etxean egon bear izango dauan orrek? Neure Lorentzotxu, ma maitea, ma Amari... Ma eder orrek, ma. Nor da beso-artean aukan au, nor? Nor nok ni, ni? — Mmmma. — Eta an upa-kontran dagoan txapel zaardun gizona. Nor dogu?

        Ama-semeak uso-antzera urrumadaka iarduenartean, Txanton upa-kontran egoan, mai-inguruko gizonai zer edo zer esateko gertu ta ernai.

        Ezeutsen Txantoni barritsu-ezizena alperrik ezarri. Lagun eletari, bideko zamari, diño Lapurtarren esakune batek. Bizkaian, kontu-kontulari bideko zamari, esan daroagu; ta egi utsa da. Kontulariak, edo zeatzago esatearren, kontalariak, ibiltaldiko lagunen zamaak eroan ezarren, beren ipuin albista asmo ta barregarritasunakaz asko arindu edo euren astuntasuna errime aaztu eragiten dautse. Txantonek, esakune au beti gomuta izan baleu bere, barriketan iarduteko eukan baiño gutar geiago ezeban euki izango.

        Lenengo aldiz txakolintegi atara ioanak, Txanton da Maripa alkarren ondoan ikusiezkero, txakur bildurti bat katu erpe-zorrotzagaz ezkondurik egoala esango eban; baiña auzoko guztiak ondo ekien, alkarren antzik euki ezarren, alkar maite maite ebela biak. Txanton burugiña zan; Maripa, burutsua; Txanton, barritsu ta erausle utsa; Maripak, ixilla izan ezarren, miñari baiño eskuai gogo obeaz eragiten eutsen; ak beren egimen edo egitade guztietan ziramaratxu bat irudian; onek beronenetan emakume ganoraduna ta oartua zana agiri eban; bildurkor bildurkorra zan Txanton; Maripak Iaunari baiño besteri ezeutsan bildurrik erakusten; senar gonaduna zan bata; bestea, ia kaltzadun emaztea; sorgin, lamia ta pamerialak zer-esan asko emoten eutsen Txantoni; Maripari ostera, baldin beren berbaak siñistu bear badoguz, orretariko umekeriak ezeutsen ardura ta aizola andirik emoten. Bata bestearentzat egiñak ezirudien: beroa ta otza, eguzkia ta euria, udea ta negua lurrerako direanak, zirean etxe baterako senar-emazte arek. Txanton baiño senar egokiagorik topa-orduko, edo neskazartu edo bigarrenean iaio bear izango eban Maripak; eta oni, arpegiz arpegi edo bekoz beko ak Mari-droga esanarren, bakarren Mari-patxo-geurea esaten eutsan beren biotzak.

        Eztaiogun baiña Txantoni beren itzik atzeratu:

        —Eztagoala zorgiñik esaten dabe gero.

        —Txanton, erantzun eutsan batek, bazkaldu eik orain gogo onagaz arratsaldean azalduko dauskuk non dagozan ire zorgiñok. Agur, Maripa, berandu dogu ta kontua illuntzean edo...

        —Bai, zoaz ondo, esan eban Maripak, ez orren ardura izan.

        —Bezeroak urtendakoan, «mutilla az i Txanton», esan eutsan emazteak; amar da erdietan urten da, besterik ezarren, umeari salda-tantatxu bi emoteko, oraiñarte agertu ez.

        —Auxe dago geurean: arin natorrenean, umeak eguzki geiago artu bear leukeala, berandutxuago elduezkero, saldatan... ta... txuak. Urrengoan ioan ez da kitu.

        —Nok esaten dausk ioateko?

        —Gagozan isillik.

        —Nogaz batu az eu?

        —Mandazaiñagaz da...

        —Banaiekian. Orrelangoakaz gauza ona? Bat edo bati buru-auste andiak emongo dautsaz orrek, koko orrek oraindiño. Ai, aingeru batek beren errira baleroa!

        —Itzat, Maripa, eu bakarrik az ona, eu bakarrik langillea, eu bakarrik biotz-berea; eta ori uste izatea... neuk badakit.

        —Itzat, ostera, guztiak dozak ezin obeak, guztiak zintzoak, guztiak biotz-beraak, eta au uste izatea zer dan edonok daki. Ezai beste bein orregaz batu, buru-arin ori. Ezetedago Lekeition Txantonentzako lagun erazkorik edo aiuturik? Zori onean aurkitu daizala ire Aita ta enea, arek itzoazan gizonak, arek!!

        —Eta mandazaiña ta erbestekoa dala ta txakur amurratuagandik legez alde egin, igesi ioan, lepoa erakutsi, begiratu bere ez egin gura?

        —Ai Txanton, Txanton barritsu! I ta ni aren antzekoak izan-orduko, amaika amaika ta erdiko agertuko iakuz uri onetan!!

        —Onezkero salda ona eukiko dogu, e?

        —Guk? Perrandes mandazaiñak uste neban. Lenengo erdiratu eik txisillua, ta laburtxua da baiña aur dagoan zamauaz edo mai-zapiaz estaldu eik: zatitu gero arto bero ori, lekuratu aulkiak eta ez lo egon. Tira, tira; igitu gorputz ori.

        —Geiago?

        —Arrena.

        —«Guztion begiak Zeuri begira dagoz, Iauna, eta zeuk adiunez danontzako iakia emoten dozu: Zure eskua edegiaz, bizidun guztiok onegiñez aseten gozuz...

        Arren labur onen urren sei Aita gurea ta Agur Maria gitxienez esan eroazan Txantonek, atzenez Salve bat.

        Beti langoxe bazkaria ta sekulako gogoa euki ebezan egun atan bere Txantonek eta Maripak : katillukada bi salda aurretik, esteria oneko aza-lapikoa, urdai ta okela gazituaz gozatua; arto-erregutadaak ugari edo iori, unean unean txakoliña, sagar eder bi atzetik, umearentzat euki eroen salda garbia nora eztala.

        Txantonek, Maritxukeriak ez aztutearren, txakolin-tinditxu bat eroan eban umearen ezpanetara; Maripak, Txanton atan ikusi ebaneko, «Uuut, esan eutsan, umea bere eu lango zurrut-zalea izatea nai aldok?»

        Txanton barriz, emaztearen errespeari iaramonik egin baga ta atsakabe andiren batek io bear izan baleu legez, katillua mai-ganean laga, umeari eskutik oratu ta zirkiñik egiten ezebala, katillura begira gelditu zan luzaro; umeari, arnasa artuteko bere bildurrez, Aitari begira egoanartean, aoa zabaldu ta begiak bustiten asi iakozan; etxeko andra maratzak ezekian zer-esan, senarra ta semea eskuz egiñak langoak ikustean; eta katuak zer erabillen iñor konturatu-orduko, «Maripa, esan eban Txantonek, esku zabalaz belaunburuko txapel zaarra astinduaz, Maripa; gure Lorentzo izen andiko gizona izango dogula uste dot.

        —Eta au esateko orrenbeste parizta? Zeiñek etedauko gatz geiago: bazkaritako aza buru-bageak, ala nire senar buru-arin onek? A Txanton, Txanton barritsu! Ez asko txarrago umearen txintxirriña paparretik dingilizka baeuko. Au gizondu baiño lenago, geu umetuko gozak, geu; eta olan bere, gizon eginda banekus!

        Seaskan edo kuman ipiñi eik geure laztan ori, ta bestetan baiño obeto erabilli gero, neuk, katillu erratillu ta tresna-enparauak garbituten diardudanartean, lo eragingo dautsat-eta.»

        Esan da egin: Txantonek umea seaskan ipiñi ebaneko, beren emazteak eztarri-ots zoli zoliaz bertso edo neurtitz onetxek entzun eragin eutsezan auzokoai:

 

                        1

                Basa-txoritxu mustur luzeak

                Ez igan zerura billa,

                Aingerutxurik bear ezkero

                Orra or nire mutilla.

 

                        2

                Bere musua edurra da ta

                Sua biotza ta ezpanak

                Berton urturik biziko dira

                Nire bularra ta zanak.

 

                        3

                Ai! nok leukezan urrezko orratza

                Urre-miesa ta aria,

                Urrez asi eta amaituteko

                Ume onentzat iantzia.

 

                        4

                Larrosatxuak bost orri daukaz

                Kabeliñeak amabi,

                Gure umea gura dabenak

                Eskatu beren Amari.

 

                        5

                Neure leioko inzirrituak

                Illun-abarran begiak,

                Ene umea lo datzanarte

                Lo egin bei eguzkiak.

 

                        6

                Argi goiztarra betor gurera

                Betoz izartxu gautarrak,

                Ezpeiz lotsatu or ikusiak

                Buruak illun da zaarrak.

 

                        7

                Begi bik ikuskizun bat dauke,

                Belarri biak zentzun bat,

                Usain bakarra sur-zulo biak

                Zeru-lurrak bat Iaubetzat.

 

                        8

                Batu beiz orain beti betiko

                Nire biotza ta irea,

                Seme maitea, maite izan daigun

                Ire ta nire Egillea.

 

                        9

                Basa-txoritxu mustur-luzeak

                Ez igan zerura billa

                Aingeurutxurik bear ezkero

                Orra or nire mutilla.

 

        Umea loak artu ebanean «atzo baiño goiztxuago etorri gaur, esan eutsan Txantoni emazteak.

        —Baiña nik illuntzean Elizara ioan bear.

        —Beti eu? Neuk bere orretarakoxe etxean euki nai aut.»

        —Txanton, iagi ta isil isillik, umea ez iratzartu edo esnatutearren kaleratu zanean «bai, esan eban Maripak: egia diño; gure Lorentzotxu izen andiko gizona izango dogu.»

 

aurrekoa hurrengoa