www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XIII.
PEDRO MIGEL AZKARRAGA

 

        Urte batzuetatik onunzkoa da toki guztietan gizirudiak elemenian ikustea. Gaur bai, gaur eztago gizirudi gabeko bazter bat. Edozein etxetan arkitu geinzke bertako jatorrienak, aidienak, adiskidienak, ezagunenak, maitienak; edozein lekutan daude antzeturik gurasoak eta semeak, aurrak eta agureak, neskameak eta gudamutillak, erritarrak eta erbestekoak, erregeak eta pelotariak, apaizak eta zezenzaleak, kristauak eta mairuak, jakintsuak eta obendunak, banaka ta pilloan, jaten ta jostatzen, musuka ta muturka, parrez ta negarrez, mukutsik eta dituen apainduriak soñean ipiñita.

        Geiegizkoa da ia. Ezerez baten egin oidirata. Zer diot ezerez baten? Duan ere bai, norberak eztakiala, norbere lotsarirako.

        Errian, bidean edo itxas ondoan, izketan, ibiltzen edo garbitzen, usterik gutxien danean, klask, atxitzen dute nolanai edonor, ta urrengo domekan edo biaramon goizean, asteko albistariak edo eguneroko papertxoak badakar orkoa edo emengoa, goienetako agintaria bear bada, eroen gisa aoa zabalik, ollarren antzera anka bat jasota, mutikoen irudira uretan edo urertzean etzinda edo zilipurdika.

        Nork eztu orain bere arpegia paperean ikusi? Nork eztitu ezagutzen, sukaldetik jaiki gabe, arpegiz beintzat, Donostiako endorea, Zumarragako txistularia, Txolo Potxolo bilbotarra? Zein da irudiz beterikako albistarian opilla, udarea, arrautz egosia edo abarketaren batzuk bildu eztituana?

        Ara zergatik gaur gizirudi geienak aintzakotzat eztiran artzen. Lenago bai. Ni ume koskorra nintzala doi doi ta begirunez ikusten genduzan bat edo beste: Pio IX, Isabel II, Zumalakarregi ta Prin, andikien jauregietan izan ezik.

        Ta garai artan, aspalditxo, bazuten Azkarragakoak beren gizirudia, askori pozez erakutsitako erretratoa, maiz ta maitero igortzia, atsegiñez ta itxaropenez sarri begiratua.

        An zegoan, gizategiko ormatik zinzilika, kutxa zar landuaren gañaldean, errealeko ispilluaren azpian, done urdin-gorri zatar batzuen erdian; an zegoan gizona edo gizantza, argal, beltzeran, zuriz jantzirik, begi biak erten bearrean, jarleku ederrari eutsika, lastozko txapel andia eskuetan zuala. Gizantz ura Pedro Migelena zan, Antonen anai gaztearena, ta ura bera izandatu zion Mikallak Kataliñi.

        Azalduko det arren kondaira.

        Mutil sendoa Pedro Migel, etxejauntzako semea, baño mendizale purrukatua, gaztetxotik ibilli zan, bere gogoz, Araozko basoetan, ikazkin, talogille, goiz jaikiaz, berandu etziñaz, baba beltzez urdalla beteaz. Aizkolari trebea izatera nai zukean eldu. Beste gauzetarako joera ta griñarik etzuan orduraño erakutsi. Zer gauza oberik?

        Baño, bein batean, basoko lagunak itxasotik arunzko bizitza erreza jakin erazi ta guraria aldatu zioten. Neka neka eginda, lotara orduko, gazta pixka bat jaten zeudela, era onetako jarduna entzun zien:

        —Zalla dek diru egitea.

        —Ain zalla ere ba...

        —Ikusten dek.

        —Bai emen. Emen dek zalla, mendi tarte auetan.

        —Edonun.

        —Edonun ez. Ezagutze aldek Joakin Pelix?

        —Albizurikoa? Ezagutuko eztiat ba?

        —Orrek egin dik galanki.

        —Bai Ameriketan.

        —Nunbaiten. Guk ere, ara joango bagiña...

        —Amerika nun ziok?

        —Ara garbi garbi esateko etzekiat.

        —Madril baño arutzago?

        —Aruntzago izan bear dik.

        —Prantzi alde ortan?

        —Prantziatik aurrera, Burdeostik zear, amalu edo amasei egunean itxasoz joanda.

        —Urruti, aiskiria.

        —Ta eztek an ere ollo errerik danentzat izango.

        —Olloa edo zer jana bai, langillientzat. Ameriketan, gizona, nai duan beste aloger irabazten dik edozeñek, illean berrogei durota, larogeita...

        —Diabru, arrania! Zertan baña?

        —Edozetan. Kafe ta azukrea biltzen edo...

        —E? Kafe ta azukrea? Oiek aldituk alderdi aietako uztak?

        —Tabakoa ere bai; zelai luzietan omen ziok, emen artoa baño milla bidar ugariago. Orra tabakoa merke artzeko ta kafe ona edateko aukerea.

        —Eztik usai txarra botatzen Joakin Pelixen tabakoak! Nork leukakean!

        —Eta gañera zillarra ta urrea duten mendiak ere baomendituk, guretan arria bezela.

        —Alajañena! Orrelako menditxo bat bagiñu, andi andia izan eztare...

        —Billatu ezkero... Adua bear, suertea.

        —Batzuk izan die.

        Gogoan gorde zuan eleketea Pedro Migelek. «Zer? —esan oizion geroztik bere buruari—. Emen egon, sei illabete osoan milla erreal ezin aurreraturik egon, beste lurraldean amabost egun barru irabaziko nituzkeala? Emen, beti egurretan, nekepean bizi, ta beste leku baten aberastzeko apukoa galdu? Etxejauntzakoak geralata, zerbait badegulata, geiago eukitzeko neurririk artu ez? Txoroa dek Ameriketara eztijoan gaztea, al izan ezkero.

        Ta emeretzi urte zituanean, Abanako bidea abituko ez abituko zalantzan egonda, adu onari deiez, suertearen billa, Ameriketara joan zan, Arjentinako lurretara, norbaitek babestua, mendiko zeregiña baño besterik etzekiala, irakurtzen ondo ikasi gabe; baño biozdun, ameslari, aberats izateko uste ziurretan.

        Alai ta lasai, zangar ta adoretsu egin zituan Ameriketarako bideak. Euskalerrira utzi ta beingoan uri nagusi apañak ikusiarren, etzan batere arritu; bere burua ezezagunen artean idoroarren, etzan ezertxo ikaratu; ontzi andi ederretan itxaso irakiñak igarotzean, len baño ere geiago birbiztu zan: izakeraz, barru barrutik zetorkion bizi-gudarako ausardia; berarekin batera zeramazkian odol beroa, kemena, indarra, gaztetasuna, biotzaren erdian isiltzake deadarrez: «Aterako aiz, aterako aiz».

        Baia Blankan oña jartzea Bilboko nasa baten gelditzea bezela iruditu zitzaion.

        —Zer dakark? —galdetu zioten.

        —Osasuna.

        —Zer dakik?

        —Atxurrean da, laietan da, ikazkintzan da, zama jasotzen da...

        —Besterik ez?

        —Gutxi alda?

        —Zer nai uke?

        —Irabazi, erruz irabazi.

        —Ezaiz motela. Igo bear dek.

        Baita igo ere. Ziñez, deduz, biziro, gau ta egun, ekin zion lanari; txit lan asko egin zuan luzaro, tellagintzan, atxurlari, ardizai, gurigille, esnesaltzalle; danera; nolako nagusia zeukan, zer agintzen zioten.

        Kolorado ibaiaren ertzak badakizkite Pedro Migelek erabilli zituan otz-bero ta istillu larriak, iñoren mendeko egon zan bitartean. Etzuan bereala ollo errerik billatu. Gizonakandik urruti, ez etxe ta ez eliza, ez adiskide ta ez anima, mendia erri ta zelaia eskaratz, padua lagun ta ixilla oiarzun, gaizki janean ta lo bearrean, piztien bildurrez ta eskergabien ogipeko; iñoren itzik entzun gabe, illetarik nori jo ezta, barruko jantzia zeñek garbiturik etzuala, ondoez baten nork begiraturik etzeukala; osasun bikaña zatika utziaz, almen zoliak iñoren lurrari emanaz; ospel, asper, beartsu ta elbarri; txiroen astoa bezin lerdekatua, txakur gosea bezin maiskal ta igar... bizitza estu, latz ta lakarra eraman zuen Pedro Migelek lendabiziko ereti luzean.

        Egun itzalak aiek! Amaika bidar damutu zitzaion etxetik irtena! Gipuzkoatik begiratuta, lurralde onak ziran Amerikakoak: Ameriketatik begiratu ezkero, askozaz obeak Gipuzkoako mendi-basoak.

        —Baño ezer gabe nola etxera biurtu? Saio bizi bat egin artean ez; lenago il. Gutxika gutxika urrutira joan diteke, ta Pedro Migelek, gutxika gutxika, eskukada bat txanpon lortu zuan, arkibide batzuek ikasi zituan, bere gain jarri zan. Ta ordutik aurrera, gaur belardi bat iritxi, diruak idoro ta soroak urratu; biar lur geixeago erantsi, osiñak bete ta barrutiak jaso, urrengoan idi-beiak ipiñi edo kendu, urlia ezagunarekin elkartu ta sal-erosketa berrietan asi; ondorean zor guztiak kito egin ta artu-eman sakonagoetan pizkor leiatu; ekin beti; atsedenik gabe, zirt edo zart, ortik edo emetik jo ta ausian ibilli; oparo nai, edozeri eldu, gogotik eraso, dana ondo etorri... gure izazkiña, hogei urte baño len, oso aberats ta jaun ospetsu izateraño goratu zan.

        Igoerako malla guztiak iragarri zizkaten gurasoai, bada Pedro Migeli, goraldirik andienean ere, etzitzaion egundaño Oñati burutik eta biotzetik joan.

        Zenbat eta naroago euki, ainbat areago zetorkion oroimenera bere txoko atsegiña. Txoko artan erakutsi bear ziran ondasunak, zertarako ziran bestela? antxen tajutu bear zan jaiotetxe zarra gurasoentzat; antxen jauregi ederra norberetzat eragin; antxen bere buruari begiratuaz patxadan bizi; bertan ezurrak utzi, aldeaurrekoen ondoan. Baña geroxeago, arloak amaitzean, lan-sare nastuak txito ebakitzean.

        Diruak egin ta laster eun ogerleko bialdu zizkon amari, eun ogerleko ta guk dakigun gizirudia, ura gauzaren polita, Jesus Maria ta Jose! ta ostera berriz urtero etorri oizan baserrira mutil emalearen eskupekoa, amarentzat edo aitarentzat, orratzetarako, txokolatea artzeko, tabako orria erosteko. Ara zergatik Pedro Migel izandu zan Azkarragako itxaropen ta jaungoiko txikia.

        Bai, ebagune artan, Azkarragako nagusiak, batez ere gazteak, ezin zuten gorde beren poz ta arrokeritxoa. Iñun entzuten bazuan Antonek, onelako nekazari bei batena ezin ordaindurik zebillena, naiz ta berari ezer galdetu ez, aurki asiko zan:

        —Guk ba, Jaunari eskerrak, iñoren bearrik eztegu. nere anaia orrek lasai egoteko dio ta...

        —Len ere naikua lasai zeundeten.

        —Lengoa utsa da, utsa Oñatiko aundikien aberastasuna nere anaiarenaren ondorako.

        —Soñua badu beintzat.

        —Soñua ta izana. Legorretako indianoa etorri zitzaigun atzo geu ikustera, beste gabe, ta badakizu zer esan zigun?

        —Ez ba, zeuk azaldu bearko.

        —Ameriketa guztian etzeudela euskaldun bi, aitzen? euskaldun bi etzeudela gureak adiña egin zuanik.

        —Obe, obe zuentzat.

        —Gizonik andienak ere txapela kentzen ziotela

        —Zorionean izan dedilla, ba.

        Auzo-billeretan iñor aberats-ipuirik aitatzen asi ezkero, Mari Batistak azkar aterako zuan maira bere aidea:

        —Aberatsa gure Pedro Migel. Arren lurrak eta arren abere taldeak omen dira alakoak! Bere bazterra ikusteko bost ordu bear omen ditu, zaldiz. Millaka omen dauzka beiak eta idiak. Karrika bat osoa berea omen du Buenos Airesen. Probintzi guztia erosteko ta geiago zillar izango duala aitu degu.

        —Eene Jaungoikoa! Errege beste bada noski.

        —Errege beste... Tira, an ez omen da erregerik, baña...

        —Bera egiten ezpadute...

        —Nork daki?

        —Jas! ... Aita San Isidro bedeinkatua! Guk ikusi bear ditugu ikustekoak ura datorrenean. Bai aldator?

        —Baietzean dago; berak Oñatin il bear omen du

        Baña etzan etorri. Ogei urteko ardura ta lan zindoak nekez baño nekez gallurtu zuan bezela, etengabeko beraldi okerrak, sei edo zortzi illabetean, oso aisa txautu zuan Pedro Migelen aberastasuna Bata bestearen atzean ezbearrik andienak, gertatu zitzaizkon: lenbizi lur-ikarak; gero legorteak; urrena berriz agindu naikoen guda zitalak, kurruka makurrak, azpikeriak, lapurretak, erri ta ibar kiskaltzeak; eta guztia zearo bukatzeko, ekaitz ujolde leitsu negargarriak. Ondasunez beterikako gizona ezerezera itzuli zan, bada.

        Oñatin albiste txar auek jakin ziranean —au kristau batzuen izakera dollorra!— Uribarritarrak etzuten batere naigaberik izan.

        Albokoa norbera baño goraxeago ez ikusteagatik, larogei eguneko garizuma igaroko lutekenak badira, maiztxo, maiztxo. Azkarragara etzan geiago Ameriketako dirurik azaldu, ez dirurik ez albisterik. Azkenengoak, eztakit zeñen bitartez erakarriak, Pedro Migel ezin jaiki zala, zioten, etsipenean erorita bestien bearrean zegoala.

        Orduan elorrio. Lotsariak oso ixildu zituan Antonen ta Mari Batistaren mingañak eta Pedro Migel zanik etzuten aitatu ere nai.

        Ixildu? Eztago gauza egokiagorik zerbait aztu erazteko. Gure izena mingañean ezpadabil, aztu gerala dirudi edo aztuta gaude.

        Aitamak il ziranean azkar aztu zan ikazkin zorigabea. Txito baña, aspaldietan baña.

        Mikallak berak etzuan ezagutu, erretratoan izan ezik. Neskatxa zala esan oizion amak:

        —Ikusi zan, Mikallatxo; ara emen Ameriketako ire osaba, asko dezakean gizona, etxe ta lur ugarien jabea. Arrek iri ekarriko dizkian belarritakoak, eraztunak, pitxiak eta soñekoak! Danerako zeukan, eskuzabala den, maite gaitun. Andi aizenean kotxean ibilliko auanala uste diñat. Baño arrezkero, luzaroan, urtietan, mutik ere ez, osaba il balitz bezela.

        Ezkontzeko aurrean galdetu zuan Mikallak:

        —Ama, gure osabaren berririk ez alda?

        —Ai ume! andik etzion ezer. Geurearekin bearko.

        Etzan geiago Pedro Migelen izenik entzun Azkarragako baserrian.

        Ala ere an zegoan oraindik bere gizirudia, loi ta ezaña, autsez ta pekaz betea, amaraunez erdi estalia, beaztunez bezela orizkatua, lengo tokian zegoan, betiko agortu dan iturriaren tankera, arrenik egiten etzaion donearen itxuretan, ganbara bazterrerako aurki, garbiketaren bat egiten zanean.

        Zar guztiai begirune diet, aztutakoen adiskide naiz, erorita daudenak erruki ditut, eta orregatik irakurburutxo au Pedro Migelen oroitzan egin det.

        Goazen orain geure arira.

 

aurrekoa hurrengoa