www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

III.
BAKOITZA BERE ALDETIK

 

        Iritzi bat gure buruan ernetzen bada, berealaxe biraltzen ditu sustraiak biotzeraño, lurrean landareak baño askozaz errezago ta sakonago, ta ezin izaten da, gero, dagoan tokitik atera. Lur ona billatzen du gure animan norbere iritziak.

        Zabaletako gure mutil sendoai uste bat sortu ta erne zitzaien: bakoitza beregain jartzea, ta uste ori ernetzen asi zan ezkero etzeuden ondo beren jaiotetxean.

        Bazekiten: andiak ziran baserri artan utzi bear zituzten lanak, baño billatuko zuten gurasoak nork lan egiña; eltze betea zeukaten bertako sukaldean, baño beste baserrietan ere zerbait jango zan, eta, bear bada, eltze gozoagoa, Ana Josepak uste izan ezarren. Beti izan oida gozoagoa auzoko janaria.

        Gañera berriz eztu janak bakarrik asetzen gizona. Bakoitzak bere gose ta egarriak ditu biotzean: ongi baizen obeto izateko asmoa, lokarri gabe bizitzeko gogoa, maitetasun berriak billatu naia ta beste ainbat.

        «Andia da lurbira —gogoratzen zitzaion Juan Andresi— Euskalerritik ostean zer ikusi asko dira ta irabazpide onak ere bai naikoa, norbera zerbait azkarra ta langillea izan ezkero. Zergatik, bada, nik irabazi bear eztet, al badet? Dirua irabaztea ta gordetzea baño gauza oberik bai aldago?»

        Iñazio Marik berriz, berekiko: «Ezingo naiz mutil zar gelditu —esan oizuan—. Nere eltzeari bakarrik su eman bear diot, nere lapikoan sartu bear det neuk irabazitako urdai zatia, ta lukainka muturra ere bai, nai detanean. Ni mutil zar gelditzea, janariz betetako mai baten aurrean etxeko-jauna goseak egotea litzake, edo erriko agintaria jarleku gabe gelditzea, udaletxean. Eztago iñor, erri onetan, ezkontzeko nik aña aukera daukan gizasemeri».

        Ta egia zion arroxko arrek. Soraluzeko neskatxak, Askontegi, Arzubi, Goienetxe, Balzategi, Eroztegi, Txope, Urtiaga, Aingeru ta Azkarragakoak, danak nai zuten berentzat gure mutil hau. Ta ez gertukoak bakarrik, baita ere Araoz, Olabarrieta, Urrejola, Zubillaga, Garibai, Zañartu, ta beste auzotegietakoak, bada alderdi guztietan zekiten Zabaletako Iñazio Mari mutil eder, ospetsu ta etxe onekoa zana. Amaika neska gaztek begiratu zion samurkiro, iñoizko aizkora jokoan, enparantzako buru ta agintari txeratua bezela ikusi zutenean!

        Baño etzekian mutill orrek ainbesteren artean beretzat nor aukeratu. Zalla da aukera dagoanean aukeratzea. Zein izango zan neskatxarik onena? Onena, onena... Ezta erraz jakiten. Ezkongei daudenean, emakume guztiak onak; ezkonduta gero, erdiak balira! Ezkondu artean, neskatxa danak gordeta idukitzen omen dituzte beren gogo, griña, utsune ta orañak, bear eztan orduetan agertzeko. Ta orduan ordukoak. Baña estali gabe idukita ere, giza-seme gazteak eztakite neska ezkongeiaren txaldankeri, seta gaizto ta alderdi txarrik ezagutzen ta, begiak zabalik erabilliarren, itxu itxuan ezkontzen dira geientsuak. Nola ez? Batzuk emakumien edertasunari begira itsutzen dira; beste batzuk, esan dezagun obeto, beste askok, neskatxen diru zorroari begiratzen diote; gutxik buru ta biotzari. Ta ille arroen azpian zentzun gabeko txepetxburu asko izan oida, ta jantzi apañaren barruan bada-ezpadako biotz aldakor txakillak ugari.

        «Ba, ba! —esan zuan Iñazio Marik orrelako gauzak gogoratzean—. Neuk iñorekin adiskidetasun berorik eztaukatan ezkero, amak neurtuko ditu neskatxa ezagunen menduak, amaren begi biziak ikusiko dute garbiro zein dan bere semearentzat emaztegairik egokiena».

        Orretan zebillen Ana Josepa semeak uste zuan baño lenagotik eta

berak aukeratu zuan azkenean ere onek bear zuan emakumea.

        Jai egun baten Zabaletako etxekoandrea ta Azkarragako Mari Batista

jaztetxean bat eginda, onela izketatu ziran andre biak:

        —Zure alabarekin etorri naiz bidean... Ondo neska ederra dago bera.

        —Gure! Mikalla? Bai orixe. Aren garaian gu ere bagiñan zerbait baña...

        —Zenbat urte dauzka?

        —Datorren ilbeltzean ogeta iru.

        —Ona dirudi.

        —Oso da ona, etxekoia ta maratza. Ez neurea dalako, baña eztago bera bezelako beste bat Uribarrin.

        —Zer ezkontsari emango ziñoke?

        —Ja jai! Orixe da galdera polita, Ana Josepa.

        —Ia ba, nik ere ezkongaiak dauzkat eta...

        —Bai, bai, guraso geran aldetik gure umien onari begiratu bear diogu, ta... Baña gurean eztago zuenean beste diru. Mutil on baten bearra bai: aurten ere ler egin degu garia jotzen ta iñaurkiñak ekartzen. Bai ba, zartu egin gera ta. Gure Antonek ere, onezkero, irurogeta bostenbat urte izango ditu, senar emazteak eta alabatxo bi bakarrik gaude, ta lanak dira emen.

        —Orduan elitzake gaizki etorriko zuentzat gure Iñazio Mari.

        —Ez orixe, ez Ana Josepa, ta biok ulertuko bagiña...

        —Uler gaitezen. Tira, zenbat emango diozute zuen alabari?

        —Baña gure etxerako.

        —Bai ba, zuenerako. Zenbat?

        —Eztakit ba nik ba. Bosteun dukat edo.

        —Zer diozu, emakumea? Bosteun dukat Azkarragako alaba zarrenari? Ikatzagakoak ere badu orrenbeste, maizterrak dirala gero.

        —Ia ba, besteak ere, ezkontzen danean, zerbait izan bearko du ta. Zeuek zenbat emango diozute mutillari?

        —Guk zortzireun dukat eta bi etxe-bizitza.

        —Ezkabiltz ondo, Ana Josepa. Zabaletako mutillak nai lituke, gutxienaz, milla dukat eta berak ikazkintzan irabazitakoak, bi etxe bizitza, bi bei, ogei bat ardi, gurdi bat...

        —Ezin ulertu geinkez, Mari Batista.

        —Ezaldezu nai?

        —Nai izatearekin zer daukagu? Milla dukat eta eztakit zenbat ondasun gañera eman bear guk, eta zuek bosteuntxo? Izango du Iñazio Marik milla dukatekoa, berak zortzireun eramanda ere.

        —Eztaba zuentzat gauza aundia milla dukat... Ara, zuek milla ta guk zazpireun. Gero ere, zuen mutil ori Azkarragara badator, etxean geldituko dira gure puskak. Eztago geiago zer esanik.

        —Zer esanik ez, ostera? Bai, Mari Batista, bai. Au ezta asiera baño besterik. Eskribauak gure paperak egin orduko zer esan andiak emango dizkigu gaur asi degun autuak. Gañera gure Joanesek ondo jakin, ondo ikusi ta ondo neurtu nai izaten ditu seme-alaben goraberako gauzak. Ni naiz Zabaletako etxekoandre, baña nere senarra beti etxeko jaun, ta berari dagokio Zabaletako gauza guztiak erabakitzea.

        —Ba, Joanesek, zenzunezko gizona da ta milla dukat emango dizka semeari.

        —Berriz ere? Gogoan artu dezu zeure eskabidea; baña alperrik zabiltz nerea aztutzen bazaitzu.

        —Guk aldegun aña, aldegun guzia emango diogu, orra.

        —Eztago gaizki esana. Zer Meza entzungo dezu datorren igandean?

        —Zortziretakoa nik.

        —Emen izango naiz ba, ni ere, Jaungoikoak nai badu, ta agur iganderarte.

        — Agur.

        Andretxo biak gogamen batekin aldendu ziran: egun artan asi zuten leloari nola bukaera on bat emango zioten.

        «Ezta gaitz izango —esaten zuan beretzat Mari Batistak—. Ana Josepak nai du, igarri diot, eta orrek nai duana egingo da Zabaletan. Baño askatu bearko du ziskua, bai, Jaungoikoak laguntzen badit. Urre gorritan ekarri bearko ditu mutillak ezkontza diruak, oiek urre borobil asko omen dauzketa. Noizko dituzte ontzako zarrak? Esandako gauzen gañera, nai litzake beste zertxobait.

        Atxur batzuen bearrean gaude, ondo etorriko litzaizkigu lai berriak... Ikusiko det etxean zeren premia daukagun... Urbiako zelai zatitxo bat emango baliguteke... Eskatu beintzat lenbizi, ta gero, ezin bada, gogorrean badaude, utziko zaio. Jaungoiko maitea! Sitsak jandako abe ustelak geunden Azkarraga jaso eziñik, baña abe zindo berria datorkigu etxea erori eztedin.

        Iñazio Mari, zeruak zakark, geurea zera, eztirazu igesik egingo».

        «Urteak ere aurrera dijoazkio ta —zion bere artean Ana Josepak, Zabaletarontz zijoala —nonbaiten sartu bear nuan nere semea. Etxe ona ta andre obea izango dituala deritzot Aspaldietan neukan nik begiz jota Azkarragako neskatxa zarrena; eztet beraganakoa gaur goizeko amesa. Ta nola erantzun dit Mari Batistak! Bigunago zegoan sasiko masustarik elduena baño. Ba! Iñazio Mari bezelako mutillik ezta soro bazterrean billatzen. Joko zalea ezpalitz... Arantzazuko Amari Salbe bat, jokorako griña kendu daion: Jaungoikoak salba zaitzala Erregiña, erruki biziaren Ama, gure bizitza, gozotasun ta itxaropena... Damu det zerbait geiago eskatu eza, baño ezta oraindik berandu... Zuri deiez gaude Ebaren ume erbestetuok... Eta ondo garbi ipiñi bearko da paperetan beste alabari zer agintzen dion, biar edo etzi nasterik izan eztaigun... Zuganako zuzpirioz ta negarrez gaude...

        Bi ama oiek buruauste gogorrean jardun zuten egun aietan. Batak eta besteak, alderdi guztietako aztarnak ondo artuta, jakin zuten norañokoa zan auzokoen ondasuna, ta estaldu zuten norberea oso amarruki; biak, gonadun Meternik batzuek bezela egin zituzten egiñalak gaitasunik andienarekin, alkar zuritzen ta zilibokatzen; biak galanki eskatu ta labur eskeñi zuten, bakoitzak bereari gogor eutsiaz; biak ibilli ziran jatorduan ta lotorduan, egunez ta gabaz, esna ta amesetan, ixiltzake, beti gauza bati eragiñaz; onenbeste koltsoi, orrenbeste maindira, orko beia, ango moxala, goiko zelaia, beko iñaurkiña; eziñeike, badezakezu, eztaukagula, badezutela, eztanean ezta, nai danean aida; nondik baña, zenbat bada, geuk zer jango, nola biziko, besteai zer emango; aserre ta adiskide, azkor ta makal, ezetz ta baietz, atzera ta aurrera, gora ta bera; baño, azkenean ere, bein edo bein, Joanes ta Antonek alkar arturik erabaki ta korapillatu zan Mikalla ta Iñazio Mariren ezkontza.

        Gurasoak lanbide ori zerabillen bitartean, gure gazteak ia etzuten alkar ikusi. Geienez ere, ustegabe iñon topoz-topo egin bazuten, bata bestearentzat egokiak zirala irudituaz ta zerbaiten berri bazekitela aditzen emateko, parra-irri gozoz agurtu ziran, edo itz lotsati erdikaren batzuk esan zizkion mutillak neskatxari.

        Onelako gertaerak ikustean, esan dezake norbaitek eztala ondo seme-alaben ezkontzak gurasoen artean egitea, aien berri gabe askotan. Izan leike: neuk ere esan det lenago beste nunbaiten, guraso batzuek, berekorregiak eta diruzalegiak diranean, erraz dala zorigaiztoko elkarteak egitea; baño aitortu bear det gaur, egiaren aide, badakitela gurasoak, onelako zeregiñetan, etxea jasotzen, ez bakarrik seme alaben kalte gabe, baita ere aien zorionari begiratuaz; sarri ikusten dutela ezkongaia nolakoa dan gazteak baño askozaz obeto, ta eztirala beti txarrenak izaten gurasoak korapillatu dituzten ezkontzak.

        Eta, dana dala, Iñazio Mari ta Mikalla ezkondu ziran beintzat eta ezkonduak gelditu ziran betiko.

        Jorrail ederreko asteazken baten, goizeko amaikak aldean, Zabaletatik Azkarragara dagoan gurdi bidetik bera zijoazen, baso-tuntuna aurretik zutela, neskamutil pilla batzuk, oso apain, txit alai, guziz urduri, egundokorik txoroen, deadar lekaio paregarriak egiñaz ta dantzan ezin asperturik. Apur bat atzerago zeramazkiten gizon soñekoz, oe-jantziz ta etxe ta lanerako tresnaz ongi zamatutako gurditxo bi, irrintzi bezelako, negar itxurako edo kurrixkaren antzeko soñu luze, ezti edo latz, atsegin edo mingarrian, beti ere juiim jim jim... juim jim jim... grrast grrast ardatzari eragiñaz Soñu ori, baserritarrentzat, ezti leun ta atsegingarria izan oida, ta erritarrentzat, asunarekin lepoan ikutzea bezela.

        Egun alaia zan. Zerua, batere odei gabe, osoro urdin zegoan; mendi gallurrak, elur-estalki ta laño-txapelak kendurik, garbi garbiro agiri ziran, ardi zuri otzanez ornituak; zelaiak, ezko, naro ta loretsu zeuden; zuaitz batzuek osto berri makalez jantziak, eta beste batzuk, jantzi naian, lertu-bearreko orri-buru berdez beteak; baratzetako baba landarak, elorriaren loreak eta sasietako arrosak usai on bigun biguna zabaltzen zuten; gari sail ederrak, aizetxoarekin jolasean bezela zabunean zebiltzan, beren buruakin alkarri mun egiñaz; txenara pizkor eguzki-zaleak, zeru aldean, iñoiz baño gorago ta azkarrago, txirrio txirrioka; txoriandra ego-txabalak, belardietan janari billa, noizean bein buruak jasoaz, ernai zaudela adierazi nairik; tarin, kardantxulo, txirriskillo ta berderoiak, bata bestearen atzetik jira-bira bizibizian, iñon ere gelditu ezinda; lenbiziko tximeletak, bada-ezpadako ibillera laburretan, egaka ikasten, sasitik zelaira ta zelaitik zuaitzera, nagi nagi, ta motel motel; ta erle pitin langilleak, lantegi billa edo lore gozuen kolkoan sartuta, bakartadean, ixillik eta arlotsu, beren arazoari ezergatik utzi nai ezta.

        Tuntuna ta gurdien soñua aditzean, sorolanetan zeuden auzoetako nekazariak, gizon ta emakume, beren besoak atxur kertenaren gañean tolestatuta, eztaietakoai begira gelditu ziran danak, urruti aldetik; batzuk zer gizadi zijoan ikusi naian, beste norbaitzuk, batez ere neskatxak, ondamuz eztaietakoakgatik zerbait esateko gogo andiarekin.

        Sorotik sorora asi zuten izketartea, deadarka:

        —Jas! Ori gizadiz dijoa!

        —Larogei baño geiago omendira bazkaitan.

        —Eztaramate iskanbilla makala! Oiek parre algarak!

        —Zein da, an aurrean, besoak zabalik eta bira-biraka, goru-ardatzaren irudira dabillen ura?

        —Zein izango da? Peru Odolki.

        —Ai, alper, trakets, ardozalea! Billatuko du bai orrek ardoa ta jolasa non dagoan.

        —Bai, bai: orregatik ere esan dezakegu lenagokoagatik ziotena:

 

                Ankak ariñak eta

                Burua ariñago,

                Dantzan obeto daki

                Artajorran baño.

 

        —Ixo, ixo. Ikusten aldezute arrioa, bi gurditan?

        —Ufa! Zenbat gauza eder! Daukanak agertzen du bear danean.

        —Min artuko zuan ba Zabaletako atso zimurrak, baña eman egin bear Azkarragara semea sartuko bazan.

        —Eztu ez Ana Josepak toki txarrera bota begia. Mikalla bezelakoak gutxi.

        Talo itxurako arpegi zabal borobil ta matralla gizen gorridun atxur neska batek:

        —Mikallak dirua ugari, dirua. Dirua kendu ezkero, ura besteko neskatxak badira.

        Aldameneko agure zar alargun batek, parrez ta ixil antzean:—Zeu bat, ezta Luisa?

        —Zeu bat. Naigabetan zaude, gaixori, eztaietara deitu eztizutelako; baña zu ta ni ezkontzen geranean, geuk ere eztiegu deituko.

        Urreko atso guztiak.

        —Ja jaiii! Orixen da unoria!

        Urrutiagokoak, aoa zabalik:

        —Zer dio Pedrok, zer dio?

        —Luixarekin ezkontzen danean, eztiotela Azkarragakoai eztaietara deituko.

        —Ijijiji! Baña guri bai, Pedro, guri bai.

        Luisak, aserre, suak arturik eta sokorra joaz:

        —Jolaserako gogoan bizarra daukazute.

        Pedrok:

        —Ez aldeitzazu ondo?

        Luisak:

        —Ezkon zaite Anbotoko sorgiñarekin, nai badezu.

        Eztaietakoen oiu ta santzoak mendi-oiarzun guztiak esnatu ta inguruko gizadien biotzak pizkortzen dakite; egun eder argiak, gosari onak lanik-ezak eta tuntunaren soñuak indar andi dute gogamen naigabetsuak kendu ta ankarik astunenak astintzeko; baño, ala ere, etzijoan gure Joanes oso pozik bere semearen eztaietara. Zer ote zuan? Aditu dezagun Iñazio Marikin zeraman jarduna.

        «Atzo artean eztet nik ezer jakin Juan Andresen aotik. Garai onean oroitu zaio bideak egitera joatea, garai onean, zuk etxetik erten bear dezun egunetan! Atzerri otsoerri esan oida, ta ala gertatzen da geienetan, bada erbestekoari etzaio iñon ere ain ondo begiratzen, ezagutu artean beiñik-bein. Nik badakit beltz guztiak eztirala ikatzak eta zuri guztiak iriñak ere ez, nik badakit, Gastelerrian ere gizadi onak badirala, gure artean gaiztoren batzuk diraden bezela; baño ezin asmatu neike zeintzuekin batuko dan gure Juan Andres. Nola nai ere Burgos aldean eztu euskerarik billatuko beintzat, eta euskerari utzitzen badio, euskalduntasuna ere or nunbait ibilliko da euskerarekin batean. Gordeko aldu gure euskera maitea bere biotzaren erdian, Aita gurea, esateko bada ere. Ezaldu galduko etxetik daraman garo usaia! Ona izango alda dabillen tokian!»

        «Baita zu ere, ona izango altzera, seme. Adi zazu aitaren esana nere mendetik zoazkitan orduan. Gaurtik aurrera lan berriak izango dituzu ta orain artean baño lan andiagoak, baña ez ikaratu. Bildur bat bakarra izan bear du gizonak: Jaungoikoarena Itxaropen bat: Jaungoikoagan».

        «Zarrak eta nekatuak billatuko dituzu Azkarragako nagusi-etxekoandreak. Begiratu zaiezute guraso bezela, gorde zaiezute ille zuriai zor zaieten begirunea. Goiz guztiak dute beren arratsaldea. Zartuko zera zu ere, bizi bazera, ta egintzazu orain gaurko zarrakin zure buruari ordurako opa diozuna».

        «Izan zaite etxearen zaintzalle, argalen indargarri, emaztearen lagun zintzo. Emazte ona artu dezu, baño ez uste izan akats gabekoa dala. Danok dauzkagu geureak eta orrek ere bereak izango ditu; baño dana leuntzen du maitetasunak... Naita naiezkoa da gurutzea jasotzea. Naigaberen bat, ezbearren bat datorkizunean, artu zazu patxadan, alperrikako aserre gabe. Aserrearekin gauza on gutxi egin oida, patxadarekin bear dan guztia bear bezela».

        «Jaungoikoak seme-alabarik ematen badizu, azi zazuz bere maitetasunean edo egintzazu orretarako alegiña. Gero, beren erruz okertzen badira, zuk eztezu zer erantzunik izango».

        Entzun ote zuan Iñazio Marik aitaren jarduna? Entzun bai, entzun bakarrik, zorionaren atarian gazte zoroak gizon argi naigabetsuaren illeta illun gogaikarria entzun lezakean irudira...

        Azkarragara gure aita-semeak iritxi ziraneko, an zeuden beste bazkaltar guztiak etxe aurreko larrañean, oidan bezela, jolasak utzita, Iñazio Marin etxe-bizitzea ikusten. Jostuna ta Ana Josepa ziran erakusle. Biak zeuden arazoaz gorri gorri eginda, baño Ana Josepa batez ere, buruko zapiaren azpitik, belarrondotik zear, ille motz zuri batzuek ertetzen ziotela. Eztakit nik etxeko andre au zerk zeukan ain kiriotsua ta urduria: edo Juan Andresi laster agur egin bearrak edo lagun, aide ta auzoko askoren aurrean Zabaletakoen esku zabal, emankor, ioritsua erakutsi naiak. Nik ziur dakitana da naiago zukeala Ana Josepak Gipuzkoako andre danak Azkarragako larrañean egon baziran orduantxe. Bai, ipuiak esaten ziran beragatik, baña ondo egingo zituan arrek bere gauzak. Ikusi zezatela. Ara laiak, iru itai, lau atxur ta basorako bi aizkora. Erabilliak daude, baña onak dira: lengo astean zorroztu ditu Manel Motzak... Ara bi lo-mai, Jose Martiñi erosiak... Ara sei esertoki. Bitoriatik ekarri ditugu, ta ez merke merke... Jetxi zadazute kutxa ori gurditik... Astuna dagola? Bai ba, bete betea dakarguta. Begira zer datorren barruan. Bat, bi, iru, lau: lau galtza urdin astegunetan jazteko. Beste lau jaka, oiei dagokizkoenak. Beste bi galtza ta bi amilla neuk irutako eunez egiñak, soro ta basorako. Azokan erosten diranak baño geiago iraungo dute oiek, bai... Beste bi galtza ta bi amilla, oial lodizkoak, jai egunetarako; ta gaur jantzita dauzkanak gañera... Ara elizkizunetarako soin-gain luzea, kapa: ezta gaurkoa, neure aitarena zan, baño eztio sitsak ikutu oraindik... Bat, bi iru... ogetalau sudur-zapi, berri berriak. Amabi alkondara, urdin ta gorri, algadoizkoak. Artillezko kalzerdiak amar pare, aitaren eskuetatik erten duen egintzarik onenak. Beste sei pare, ille bigunagoz errañak antolatuak. Bost pare abarka, lau lanerako ta bat jaietarako. Bost pare abarketa, Zapatak pare bat, eta soñekoak gañera.

        Billerako geienak erdian artuta zeukaten Zabaletako etxekoandrea. Emakumeak, jantziai ikutuka, nolakoak ziran ta nola josiak zeuden begira zebiltzen; gizonezkoak, beren beatz lodiak aizkora-itaien aoetan erabilliaz, atxurrez zelaia joaz edo laiakaz lurra jasotzeko itxurak egiñaz. Mikalla, etxera sartu zan, zerbait aldatzera; an barruan zebillen Mari Batista ere, beste emakume batzuekin, maiak jazten, noizean bein larrañekoai begiratzea utzi gabe; Iñazio Mari, Antonekin batean, beiai jana ematen zegoan, ukulloan; Joanes, ate ondoko jarlekuan exerita, pipa erreaz, naigabetsu, antziñetako gauzak gogoratzen; Joan Andres, Azkarragako leio nagusitik etorkizunari gozoro begira.

        Ana Josepak, joandako edo etor-bearreko gauzak gogoan zituan eztakit, baña ajola andia zerabillen eskuarteko zeregiñean.

        —Ekarri orain beste gurdi ortakoak —agintzen zuan—. Ara emen sei oe-bigungarri, ondo beteak;sei buruazpiko, sei berogarri, bi berriak eta lau zarrak, danetara bearda ta... Araza-kutxa orretan datoz gauza zuriak. Bat, bi iru... ogetalau maindira, eun lodizkoak; ogetalau burkozorro, danak berdiñak; amabi alkondara, kirruzkoak; sei oestalki, zuri, me ta garbiak; zamau andi bat sei txikirekin, ta sei legorki, batere erabilli gabeak... Atoz onera, Mari Batista, etxeko lanak nork egiña badaukazuta. Begira zazu: auek dira paperean ipiñita daudenak. Auek eta zortzireun dukat urretan eta gurdi bat bei birekin. Naikoa dala uste det baserritar batentzat. Baño beste oparitxo batzuek ere badakarzkigu: nere senarrak orrako eliz-oiala, manteliña, amarauna baño meiagoa; Jose Ramonek urbedeinkatu-ontzia, aingeru ta guzti; Kataliñek sei pare kaltzerdi, arizkoak; Juan Andresek pertz oria, esnea egosteko; Pedro Antonek Aranzazuko Amaren irudia, eta nik gorua ta gorutxapela, zillarrezko ariz Santanako mojak apaindua. Gorutxapel au baño politagorik eztezute ikusi.

        Azkenez, «orain dirua eman da kito» —esanaz— sartu zuan bularrean eskua, atera zuan sudur-zapi urdin zimur bat, pelota bezala biribildua, askatu zizkion korapilloak, jarri zuan kutxa gañean, eta agertu ziran urre gorri zarrak: ogei ontzako, amar eun errealeko, bost larogeiko ta berrogeiko bat. Estutu zan gizadizko esia kutxaren jiran. Danak ikusi ta ukutu bear zituzten urreak. Mari Batistak banan banan eskuetan artu, bat edo bat buruko illean igortzi, besteren bat arri gañean jo, iru edo lau aldiz zenbatetu ta lengo sudur-zapian berriz lotu bitartean, etziran, aldemenekoak ixildu:

        —Lenago ere naikoa igortzi artuak daude.

        —Onak dira, bai. Asko bageunzka...

        —Ederrak. Gure astoaren arranak baño soñu obea dute.

        —Zenbat ardo edan leiteke diru oiekin!

        Ana Josepak amaitu zuan ainbeste lan eman zion arloa, jarri zan Bitoriatik ekarritako eserleku baten, erabilli zituan inguru guztian bere begi nabarrak, atsegiñez, zer deritzozue? galdetuko balu bezela, ta gero, buruko zapia askatu, belarrondoko illetxoak beatzakin jaso ta lotu zuan ostera zapi ori, txiztanak, belarrixo biren irudira, tente ta lerden jarriaz.

        Orduantxe atera zituzten billerakoak ezkonberrientzat zekarzkiten eskindeak. Onek, urre itxurazko belarritakoak, itxurazkoak bakarrik, bost errealean etzegoan oberik eta; arek, errirako esku-atorra; besteak, Mezatarako liburua; urrengoak, euri-estalpetxoa, urlia izebak azpirako gona gorria, sandia lengusuk sukalderako auspoa, auzoko lagun batek titare ta jostorratz ontzia...

        —Gutxi da baña barkatu —zioten eskintzalle danak— eta guztiai parkatu zioten ta baita eskerrak eman ere zekardena zekardelako. Artu, artu, artuak ematen du ogia ta.

        Badira emakume batzuek bidean billatzen dituzten txotx guztiak etxera eramaten dituztenak, naiz eta etxean gurdikada egurrak saltzeko euki. Oietakoak ziran Ana Josepa ta Mari Batista. Etxekoandre bi oiek Azkarraga ta Zabaletako ganbaretan gordeta zeuzkaten tresnak nolakoak ziran ezin siñistu liteke, ikusi gabe: galtza ta abarka zarrak; atorra ta gona zatiak; kaltzerdi, jipoi ta gorontz erdikak; ondorik etzuten tupin, pertza ta paelak; mutur, kerten ta belarri gabeko pitxar ta bonbillak; katillu ausiak, burni zatiak, piper potoak... zer ez? Dana biltzen zuten arretaz, dana omen zan zerbaiterako, ta ez omen zan ezertxo ere alperrik galdu bear, ezta ari albañu bat ere.

        Baño ez orregatik uste izan, irakurlea, garai danean, eztizutela emango gure baserrietan zure gosea asetzeko aña, ta zerbait geiago. O! Garai danean, eztago iñun euskal-etxekoandrea bezelakorik jan-edana ugari jartzen, ezeren erruki gabe.

        Azkarragako eztaietan Mari Batistak ipiñi zuan janari guztia iñork eztaki zenbateraño izan zan: ogiak, anegaka; barbantzoak, imiñaka; urdai-lukainkak, arroaka; azatan, baratzatxo bat; ukulluko txekorrik andiena oso osorik; arkumetan, artalde polita; ollotan, lau edo bost etxetakoak; esne ta arrautzatan, inguruko guztiak; ardo-sagardotan, errotarri bat erabiltzeko beste. Gutxik eramango dio euskaldunari jaten da edaten, baña Azkarragako eztaietan danak ziran euskaldunak eta ezin geinke jakin zeñek geiago egin zuan. Guztiak bete zuten urdalla galanki, guztiak lasaitu zuten larrua ezin geiagoan, ia estanda eragin artean, baño etzan iñor lertu. Ez, etzuten oker andirik izan: gizonen batzuk, iñoiz baño geiago ta adiskidetasun andiagoan itz egin bearra, lenbizi; dantzan egiteko gogoa edo ezkonberrien alde itz neurtuak esan naia, urrengo; toteltasun apur bat geroxeago; zuzen ibilli eziña illunabarrean: neurriak gañez egitea, etxerako bidean; ta lo ederra, azkenez, oia arrapatu zutenak oian, ta Peru Odolki Goienetxe aldeko soro ertzean.

        Bazan gizon bat, ala ere, gau artan lo andirik egin etzuana: Joanes. Jarkar, nakar ta zurbil igaro zuan egun guztia gizagaixoak; ardoa bakarrik artu zuan, ardo pixka bat, bere animako mikaztasuna itotzeagatik; baña etzitzaion ito, azalean zebilkion, igarian bezela, biotzaren erdian atzamarka egiñaz. Oi eder garbia jarri zioten Joanesi Azkarragan bertan, baño ezin zuan ezertara lorik erakarri: esna zegoan, esna ta larri, bero ta kixkal, beingotik beingora buru, anka ta besoak aruntz ta onuntz aldatuaz, eta beti ere gogamen bat zetorkion biotzetik aora:

        —Mutillaren burubidea! Nora ta Burgos aldera!

 

aurrekoa hurrengoa