www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XI.
EGUBERRI TXARRAK

 

        Aloña ondotik erbestera erten aldi bat egin bear degu.

        Somorrostrora joan gintezke lenbizi.

        Bizkaira esatera ninjoan, baño damutu egin zait; bada Bilbotik itxasoruntz goazela ezker aldetik dauden erriak eztiruditen Bizkaikoak. Toki aietan Bizkai barrutik agiri dan zeru garbirik ezta ikusten; Gernika, Durango ta Markiñako ibarretan daukagun pake ta txukuntasunik ezta billatzen; etxeko izkuntza maitearen durundi gozorik ezta iñon sumatzen.

        Nerbion ibai zabala, ibai ospetsua, Euskalerriko ibai guztien ibaia da, denok dakigu. Bere gañean daukazki, Bilbotik asi ta Portugaleteraño, erridi askotako itxasontzi sendoak; bere azpian, uretan edo urertzeko basatan, txalopa saiats, gabarra zati, soka ustel, kate zar ta aingura ordoituak; bere albo legorretan, erbestera eraman bear diran edo erbestetik ekarri dituzten mia pilla ugariak, neurrian ebakitako piñu olak, arri, kare, gatz ta burniak; burni me zapalak, biribil luzeak, utsak eta beteak, bidietarako, zubiak egiteko, aterpeak jasotzeko, etxien abe izateko, eta batez ere burni oien sorrerako labe goriak, berebiziko lantegirik andienak, sua ta garra, autsa ta ke lodia borborrean zerua illuntzeraño jaurtigiaz; antxen dakusgu jantzi loi, izerdi usai ta begirune gaiztoko langille zikin zetakaz beteak eta bertan entzun litezke uri andi baten indar, almen ta bizitza erakusten duten gizadi marmarretak, malluen danbatekoak, itxasontzien turruntak, tximist-gurdien txintxiñak eta sugurdi azkarren tipirri taparra luze adoretsuak.

        Nerbion inguruari Euskalerriko alderdia baño Londresko auzotegia obeto deritzat.

        Gorago daude Galdames, San Salvador, ta Abantoko mendiak, Ortuella ta Gallartako lur ta gizon gorriak.

        Mendi aietan eztago zuaitzik, eztago lorerik, eztago belarrik ere. Mendi gorri aiek burniz urratu dituzte, izerdiz aña odolez intzatuak dirudite.

        Gizon gorriak ostera izen gaiztoaren jabeak dira. Asko, geienak bear bada, guraso zintzoen semeak izatea baliteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak kutsutu ditu. Ausardia dute nagusi, nasaikeria adiskide, indarra lege, añenekoa ziri ta zigor. Birao lurrunean, likiskeri zakarren lizundu zaiote anima; baño au negargarria! kalte orren ajolarik iñor eztauka. Somorrostroko langillien gurasoak eta toki artako arrobien jabeak gauza bat bakarrik nai luteke: dirua irabazi dezatela semeak, mia galanki atera dezatela arrobikoak. Otoitz egiñaz irabazi edo zatarkeriak esanaz atera, ezta batere arretazko gauza.

        Enda, oitura ta izkera guztietakoak nastean dabiltz: ingeles, prantzes ta españatarrak, euskaldunak eta erdaldunak; Arabar ta Naparrak Galizia ta Asturiaskoen ondoan; Santander, Palenzia, Burgos, Balladolid, Soria, Logroño ta Zaragozakoak Zamudion edo Muxikan, Amoroton edo Errigoitin, Errezillen edo Asteasun, Amezketan edo Ataunen jaio diranakin batera; denak alkarren etsai, denak bata bestearen ezin ikusian, denak bakoitzaren sorterria bestienen gañetik jasotzen dutela garaietan, lagunai min emateagatik bada ere.

        Ezin dute iñor maita, baño erreztasun andia daukate edozein gorrotatzeko. Beti oida norbait gorrotoaren erakusle, beti jardunleren bat ondamuaren kolkotik ertetzen dioten itzak lagun artean erein oidituana.

        Ta itz oien azia, aberatsen ganako gorrotoa, agintarientzako amorrua ta Jaungoikoarentzat eskergabekeria erakusten duan azi txarra, errez ta edonun sortu oida, lenengo ereiñaldietan ezpada, bigarrenean edo laugarrenean. Baita euskaldunen biotzetan ere. Ai zenbat euskaldun zabartu diran Somorrostroko lur gorrietan!

        Antxen zegoan ta bertan alperrik galdu zuten Azkarragako Martin, Iñazio Marin semea, Joanesen illoba. Lagun arteko irakaspen gaiztoak aditzean, lenbizi etzituan aintzakotzat artu nai; gero, seta okerrak akullatuaz, irakaspen aiek onak zirala iruditu zitzaion; urrengo, egiarik andienak zerizkiola esaten ausartu zan, ta azkenez, adiskidien txaloak txit narotu zioten uste dollor ori erraien erdi erdian.

        Arrezkero ogi bedeinkatua bezela irakurri oizuan, igandietan, kertenkeriz ornituriko paper purtzil bat eta baita bere buruari esan ere: «Oñatin eztute onelako gauzarik egundaño ikasi, oso itxutuak eta atzereak daude ango gizonak».

        Utzi dezagun orain gure mutil zentzugabea, ta Zabaletako gertaerak jarraitu baño len, jakin ditzagun gure galizitarren albiste batzuek geiago. Juan Andresek, semea irakastoletan erabiltzeagatik eta emazteak nai zualako, Santiagon bota zituan sustraiak. Uri ospetsu artan bizi zan, aberats bezela, andiki antzean, zeregin astunetatik zerbait aldendua, baña, oraindik, alderdi askotako lanetan zer ikusi ta zer irabazi politak zerabilzkiala. Ondo ezagutzen zuten euskaldun gizena urreko ta urrutietako etxe, bide ta nasagilleak eta bazekiten bere berri Jijon, Abiles, Prabia, Ribadeo, Ferrol, Koruña ta beste ainbat lekutan. Tenpraneiro deritzon karrika batean zeukan etxea, bere berea, ederrenetakoa, ta etxe artan, goi-beak maizterrai utzirik, bigarrengo bizitzan arautu zuan bere kaiola, txit erosoa, semeak eskatu zion gisara mai, jarleku, oe ta oial bereziz egokitua Goi ta beko maizterrak, oso aberatsak izan ezta ere, bai ongitxo jaioak, txurikerietan ta gezur goxoak esaten aski oituak, arpegiz arpegi Don Juan deituarren, gero atzetik, Juan Amots esaten zioten; baño, egunik utzi gabe, toki jakiñeko kafera zijoanean, qué hay Don Xoan, ola Don Xoan, siéntese acá, póngase ahí, bene benetako abegi ona egiten zioten ango adiskideak, au da: bere artuemaneko langille buruak; zalpurdi jabe ta mandazañak; ogi, ardo ta aragi saltzalleak; karobi, arrobi ta basoen nagusiak; bizar luzeko Santxez edo Lopez sarjentoak; eta gipuzkoatarren dirua usai egin zuten beste askotxok. Adiskide aientzat guztiz bikaña zan Don Juan euskalduna. Ia ba, gorriak eta beltzak, bi aldiz, erriaren ondasunak zaintzeko iaioena bezela, gizon ura udaletxean sartzeko jo ta ausi zakarrean ibilli ziran da... Eskua zabaldu izan balu zerbait... semeari, orduan ere, jaramon egin balio...

        Seme bakarra zuan, Juanito izenekoa, beltzerana, erkintxoa, arro samarra, berekoia, gaizki azia, andizalea Anitzez irri egiten zion aitari esaldi nastu moldakaitzean jardun oizualako aitak, bada Juan Andresek, dirua irabazten bai, baño gaztelarrez etzuan beñere ondo ikasi. Amarekin berriz etzuan iñora erten nai, bada Dionisia Gomez Junkeiro len baño oial obez jantziarren, etzan len baño asko geiago garbitzen, ta ezagun zitzaion bere iturburu narrasa ta antziñetako bizibidea izkeran, jazkeran, orrazkeran ta begietako makarretan. Berez bear Billabonakoa.

        Amazazpi urte dauzka mutillak Santiagon idorotzen degunean, ta adierazo genduan bezela, sendakintzarako ikasten asita dago. Aitor dezagun argiro: ikastoletan dabil... ta baita ere joko-etxe, jolastoki ta kafeterietan, gurasoak ematen diotena ta berak arrapatzen duana aisa eralgitzen. Jakiturirako bide onak baño bide ari errezak naiago lituzke, ta esku artean, liburuen ordez, eguneroko paper albistariak darabilzki. Bere iritzia egin bear izaten du etxean, bere ta gurasoen ustetan aitamak baño argi geiago dualako, ta jakiña! Juanitok irakurri du Zabaletako eskutitza ta Juanitok erabaki du Gabonetan gurasoakin batera Zabaletara etortzea.

        Badatoz... edo etorri ziran; bada nik, noizean bein, gaurkoak bezela agertuagatik, gertaldi auek igaro zirala urte batzuek badira. Etorri ziran, ta etorri zan Somorrostrokoa ere. Izugarrizko arrera egin zioten: baño Aranzazuko Ama maitia! Ura lana erori zitzaien baserri artako gure adiskidiai! Iñondik iñora ezin ulertu zuten alkar Ana Josepak eta bere Galiziko errañak.

        —Baneukan zuek ezagutzeko gogoa —esaten zion arrek.

        —No le entiendo a V. Una palabra —erantzun zuan besteak.

        —Esne sopak jango alditu mutillak? Urdai azpikoa jarriko aldizuet?

        —Lo mismo que si me hablara V. Gringo. Jesús qué lenguaje!.

        —Etzaite aserratu, emakumea.

        —Qué dice tu madre, Juan?

        Juanitori berriz dana iruditu zitzaion badaezpadakoa, itxusia, txiroa, Zabaletan. Baserria uritik urruti, bideak aldapatsuak, ataria lokatzaz betea; sukaldean ke miña zegoan, nunaitik aizea zetorren, jarlekuak txarrak ziran, oiak gogorrak, janariak nolabaitekoak, aideak oso ezjakiñak, aitona agure baldarra, amona atso parregarria Beste erabatekoak nai zituzkean arrek bere aitonak, jauregitarrak, andre-zaldunak, bere arrotasunean ames eginda zeukan bezela. Ezin zuan aserrea gorde, ta arpegi errean igartzen zitzaion naigabea.

        Alperrik zebiltzan etxeko guztiak gazte ura txurikatu naian. Etzion arrek aitari pakean utzitzen:

        —Vámonos de aquí cuanto antes.

        —Ten paciencia, hombre. Espera unos días.

        —Sí, unoz días más entre humo, y cuando vuelva a Santiago ni tendré ojos para estudiar, ni me conocerán los amigos, porque me habré convertido en cecina. Eso, si antes no muero de pulmonía. Qué tierra ésta!

        —Zer du zure semeak, Juan Andres? —galdetzen zuan Joanesek.

        —Etxera nai omen du.

        —Au ez al da ba zuen etxea?

        —Bai, baña...

        —Baña bestea zuenago. Ala oida. Zabaletatik aldendu ziñanean urratu zenduzan emengo lokarriak Nere odolekoak zerate oraindik, baño nere illobagan, Zabaletakoen odola metu egin dala uste det.

        Juanito ain atzera ta gogo txarrekoa ikusi zutenean, Manuelek eta Josek etzioten ondo begiratzen.

        —A ze Markexko arroa! Petrala ori galanta —zion batak.

        Eta besteak:

        —Markexko! Eztirudi ba, amaren aldetik ere, jatorri goitar bikañekoa.

        Baña Juanito bezin petrala ta milla bidar lotsagabeago zan da, Martiñekin izan zituen eztabaidarik andienak.

        Azkarragako mutillak, Somorrostrotik etxeratu zan ezkero, bere buruari geiegi zeritzon ta goitik bera begiratzen zien lengusuai. Paper bat eskuetan zuala agertzen zitzaien egunero, biboteak igortziaz, ta bereala asten ziran gazteak alkarri min ematen.

        —Zer dek paper ori?

        —El Rasero.

        —Gauza onen bat bai.

        —Onenetakoa. Emen egi aundiak esaten ditu.

        —Ebanjelioa izango dek.

        —Obea.

        —Ago ixillik, lukainka.

        —Zuek illunpetan zaudete.

        —Ta i eguzkitan? Eguzkia iretzat bakarrik egiña dala uste aldek?

        —Ez, danentzat egiña da, ta danok artu bear genduke.

        —Guk, ertetzen duan guztian artzen diagu ederki.

        —Baña nik ez.

        —Eu aiz orduan illunpekoa.

        —Ezta orrela. Lur azpian argia izan geinke.

        —Kriseillua?

        —Batere kriseillu gabe, lur azpian ta lur gañean, eguzkirik eztan orduetan, gabaren erdian...

        —Ipurtargia.

        —Etzaitezte nizaz txuliatu; adi zadazute benaz. Egiaren argiak egiten dio gizonari argi nunai ta edonoiz.

        —Ta nork emango dik iri egia?

        —Paper onetxek.

        —Ba, ba... Albistari orren egia ta astoaren arrantza or nunbait dituk.

        —Astoaren arrantza! Zeuek zerate zuek astoak, zeuek, ezer eztakizutenok.

        —A Salomon, Salomon kaiku! Obeto egingo uke paper ori irakurtzen baño etxeko soro bazterrak garbitzen saiatuko baintz.

        Orrelako izketaldiz naikua minberatuta zeuden gure mutillak, eta Jose batez ere, ipui oezaz gañera, Azkarragakoa Malentxori kiñuka somatu zualako, kiñuka ta geiegizkeriak esaten ere bai. Pozik emango zizkioken belarrondoko eder eder bi. Ta samin oiek asko etzirala, Gabon gabean sortu ziran mingarrienak Zabaletako baserrian. Etzan gau egokia, baño usterik gutxien zanean erten zuten aserre naigabeak.

        Ez, etzan gau egokia. Gabona, bertsolari ta idazlariak era guztietara goratu duten gaba, gau alaia, gau gozoa, oroitzaz beteritako gaba da; pake bigun, jolas garbi ta eresi samurren gaba, umeak ainbeste aldiz ames egin duten gaba, gizonik zarrenak gaztetzen dituan gaba, illuntasunik eztuan gaba, egunik ederrena baño ederragoa dan gaba, Jaungoikoaren gaba: itz baten esateko, lurbirako alderdi guztietan gaurik andiena, ta Euskalerrian, eztaukagu zer esanik, iñun baño ere andiagoa.

        Eztago euskaldun semerik, euskalduntasuna galdu ezpadu, edozein tokitik, gau orretarako makilla bat sorbaldan, pardeltxoa makillan, bakallaoa pardelean, gurasoen irudia buruan ta pozik neurrigabiena biotzen duala, bere lur maitea joko eztuanik, eta bere lurrean jaioterria ta jaioterrian sortetxeko ate kutuna. Eztago euskaldun etxekoandrarik, estuen ta larrien bizi dana bada ere, seme senar gurasoentzat, ortik edo emetik, janari gozo ugaria lortuko eztuanik gau orretarako, naiz ta beste gau asko baratxuri salda utsez igaro.

        Errukarria Gabon gabean bere etxetik urruti dagoan euskal semea! Kupida zazute gau orretan bere maitientzat nai aña janari idoro eztuan euskaldun etxekoandrea!

        Bidezko gauza da, bada, Joanesek, azkenengo egunetan, seme, illoba ta aide guztiak Gabon gaberako bere sukaldean bitu nai izatea, ta baita ere Zabaletako emakumeak gau orretarako aparia ondo jartzen alegiñak egitea. Goizean goizetik ekarri zituzten jaki ta gozagarriak uritik, eta arratsalde osoan euki zituzten su andiaren aurrean, lapikoak gargar, kaxuelak pil-pil, tanboliña plist eta plaust eta, azken orduan, zartagi ta arranparrillak txir txir txir Zazpiretako dana zegoan gertu: aza zuria ederki bigunduta, bakallaoa salsa gorrian, besiguak erreta, txitxardiñak oliotan berotuta, sagar zatiak azukreakin egosita, kanela ta guzti, ai gozoa pertzean lagatzetik dindilizka, gaztañak esku-zapi garbian zapaldurik, maia zamau zuriz estalduta.

        Pozak etzuan lokarririk Zabaletan. Apari onaren ustean alai, denak zeuden izketan, berriketan, jolasketan, gauza guztiak usaika, eltzeai estalkia kentzen, eskuak igortzitzen, etxekoandre zarraren gaitasunak goren gorenean jartzen. Juanitok berak lasai ta askatuago zirudian.

        Alako baten:

        —Bakoitza bere tokira! —agindu zuan Ana Josepak, eltzekada bat aza izugarrizko platerean itzuliaz.

        Jarri ziran danak. Joanes maia bedeinkatzen asi zan... ta baita ere parrez Juanito ta Martin.

        —Zeri egiten diozute parre? —galdetu zioten.

        —Otoitzari.

        —Otoitzari parre? Zergatik?

        —Txorakeria dalako.

        Begirune beltzak ipiñi zizkioten mutil biai; arpegi guztiak naigabe-soiñekoa jantzi zuten. Alde batetik, etzan etxe artan era orretako itzik beñere entzun, ta bestetik etxeko guztien gogoa Joanesi poz ematea zan.

        —Noiztik ona da txorakeria? —jarraitu zuan Zabaletako jaunak.

        —Aspalditxotik. Orain ezta iñun otoitz egiten.

        —Ainbat gaiztoago. Orregatik daude gizadiak dauden bezelakoak... Bada, jakin zazute, umetxoak: nere baserrian beti egin izan da otoitz, beti egingo da, ni bizi naizen artean beñepein... ta gero ere bai... uste det.

        —Bai, jauna; bai jauna! Ezkenduke besterik bear!

(Malentxok, Manuelek eta Josek batera).

        —Aita ta Semea! Judioak baño okerragoak zerate zuek, ikusten danez (Amonak Martiñi ta Juanitori).

        Juanitok:

        —Bueno, no se enfaden ustedes: cada cual tiene sus ideas.

        Juan Andresek:

        —Gaztien gauzak.

        Paulak:

        —Gazte gaiztoenak.

        Joanesek:

        —Nere ondorengoak orrela izan bear zutenik eznuan uste!

        Amonak, gizonen bekokietan trumoia ikusita:

        —Tira, tira, naikoa da: aztu ditzagun aztu bear diranak, Gabon gaba data.

        Aztu! Nork aztu biotzaren erdian eman zaion sastadea, zauria barruan badago?

        Iñork etzuan ezer geiago esan, baño alaitasunak Zabaletako sukaldetik iges egin zuan. Alperrik Ana Josepak eta Kataliñek egin zituen egiñalak maikideak gozatzen: Martin ta Juanito ezpañetan iguin-parrea zutela gelditu ziran; baño beste gizonezkoak illun ta goibel, galizitar emakumea txito zapuztua, Jose ta Manuel ukabilka ekiteko amorratzen, Mikallla... Mikallari malko lodiak zeriozkion. Alperrik Malentxok, bereak animan gordeta, aparia zerbait aurreratu zanean, eresi zituan Gabon eresirik bigun bigunenak, gertaera samiña aztu erazteko; alperrik ibilli zan aingeru-eztarri garbiz onela esaten:

 

                Izarrik ezta

                Goietan, baña

                Argitan dago

                Lur guztia.

                Belenen Jesus

                Jaio da eta

                Jesus Bera da

                Gure argia.

 

                Gure argi ta

                Gure zorion

                Pake pozaren

                Ekarlea.

                Nola izan ez,

                Biotz ta anima,

                Jesus, ni Zure

                Maitalea?

 

                Illeak urre

                Begiak urdin

                Zerua bera

                irudizu.

                Ai, aur ederra!

                Ai, aur gozoa!

                Ai maitetuko

                Baninduzu!

 

        Gauza bat bakarra iritxi zuan Malentxok: bere lengusu Martiñek, edanez ausarditurik, neskatxari belarrira esatea:

        —Neuk maitetuko zaitut iñork baño geiago ta obeto. Ikusiko dezu.

        Autorrera onek etzion Maleni onik egin.

        Ezta ere, iñori, Gabon gabeko apariak: denai mindu zitzaieten ai gozoa.

        —Nerea da errua; —zion aitonak oerakoan— nere biotza kiskaltzeko egurrak biltzen ibilli naiz; eztia nekarrelakoan beaztuna ekarri det. Baño zeñi otuko zitzaion orrelakorik, zeñi?

        ........................................................................

        Galizikoak, jaiak igarotzeko asti gabe aldendu ziran Zabaletatik, baña ez Martin. Martin Azkarragan gelditu zan, ez sorolanerako, ez gurasoai lagun egiteko, ez bere jaioterria maite zualako: alperreriz ta Malentxo ikusteagatik. Malentxoren irudia animaraño eldu zitzaion, ta egunero, goiz ta arratsalde, aidien artean ezer gertatu ezpalitz bezela, Zabaletan sartuta zegoan, geiegi sartuta. Neskatxaren atzetik zebillen beti alderdi guztietan, etzion iñondik iñora pakean utzitzen, ta bein batean lotsagarrizko gauzak esan zizkon Malentxori. Bai, lotsagarrizkoak; ta Pedro Antonek, itz aiek entzunda, gogor samar arpegi eman ziolako, bultzaka bota zuan mutillak morroi zar maitagarria. Bultzaka bota ta ostikopean ibilli gaizkille lizunak. Pedro Anton gizagajua! Elbarrituta oera zeramatenean, «erori egin naiz, erori egin naiz» —zion— Martiñi errurik ezarriko zioten bildurrez; ta gero, Malentxo zauriak garbitzen ta sendatzen zegokonean:

        —Ixo, maite, ixo; ez iñori ezer esan, ezta ondota, baño, berriz orrelakorik aitatzen badizu, jaikiko naiz ta burua puskatuko diot. Lotsagabea alakoa!

        Zabaletan Martiñen makurkeria etzuten jakin, baño jakin izan balitz ere, bazeukan makurkeri guztiak zeñek estaldu. An zegoan amona, illoba orren esakera ta egikera txarrak entzutean, beti mutillaren alde; ta sarri esan oizuan, aitzakiren bat billatu eziñik zebillen garaietan.

        —Okerra da, bai, okerra da; baño andregei zindo batek ondu dezake. Andregei zindo bat bear du Martiñek.

 

aurrekoa hurrengoa