www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

VII.
LOREAK ETA ARANTZAK

 

        Bazan ba beste bat ere ondo biotzetik Malentxo maitatzen zuana.

        Etxeko umezurtz gaztea: Jose.

        Azal zuri, begi urdin, gorputz iaioko mutilla, alai ta askatua, aratz ta belatsa, jai egunetan, soñeko garbiak jantzita, eleizarako gertatzen zanean, ikustekoa egoten zan Jose. Neskatx batek baño geiagok egiten zion agur bizia, abegi esankorra, Oñatirako edo Arantzazurako bidean, ta bestek baño askozaz obea Azkarragako Paulatxok, mutillaren edertasunaz gañera bere mendu ta zerzeladak ondo zekizkialako. Baño Joseren begiak etziran iñongo neskatxetan beñere jarri: etxean zeukan nori begiratu, etxean zeukan Malentxo.

        Noiztikoa zan baña Malentxoganako maitetasuna? Betikoa: beti maitetu zuan Josek Malentxo, beti era berdiñean izan ezarren Malentxo aurra zanean, aurrari zurikeriak egiñaz edo ume koskor polit ura elizako aingerua erabiltzen dan begirunez, lepoan erabilliaz; zizkortu zanean, ikastetxera neskatoari lagunduaz ta ikaslerik gogozkoenari bezela Gurutze Santuaren eragin edo Aita gure ta beste arrenak esaten erakutsiaz; anditxo egin zanean, lenbiziko marrubiak, masustarik elduenak, sagarrarik zindoenak, gaztañerrerik bigunenak emanaz edo zelaietan jaiotako lorez egindako sortatxoak eskeñiaz.

        Malentxok oñez ikasi zuanetik aurrera, alkarren adiskide ta lagun ezagutu genduzan neskatilla ura, Manuel ta Jose. Mai baten jan zuten ainbeste urtean nabasi, etxeko guztien ondoan; sukalde baten egin zituzten goizeko ta gabeko eskari bero zintzoak Arantzazuko Amaren irudi aurrean; bata bestearekin jolastu ziran irurak, katakumien tajuko ume jolas garbi errugabekoetan; berreun ta geiago aldiz esan zizkioten Manuelek eta Josek Peru ta Mariaren ipuia, Amabi lapurrena, Tudelatik zetorren astoarena, Anbotoko Andrearena, Basojaunarena, gabeko amabietan lixiba jotzen zuten sorgiñena, ta beste onelako gezur-ele zar koipatsuak, elizan entzundako erakusgarri eder batzuekin nastean; anai-arreba maitale maitegarrien antzera bizi izandu ziran beti, egundaño apeta gaiztoaren kutsuak iñori ta iñola ikutu gabe, ta etzitzaien beñere otu bizitza guztian berdin jarraitu bear etzutenik; baño Malentxok andre itxurak artu zituanean, goizetik gabera, neskatoaganako atzeka ta lotsakor biurtu zan Jose.

        Zer zelata? Zer zuan mutillak? Ezta errez ondo esaten.

        Ikusi aldezute, nola, eguzkiak jotzen duan lurrari, batez ere lur on ta emankorra bada, ernetzen zaion ustekabero usai gozodun lili apaña? Orrela erne zitzaion Iturraldeko Joseri Malentxoganako jas, lera edo zaletasun berria. Begiratu aldezute iñoiz, nola, Jorrail aldean, legor itxurako Makilla landareari ertetzen dion murgil bigun berdeak, osto, lore ta garaua aurki emateko? Era berean erten zion Joseri kezka batek, ames orduetan poza ta esnatzean larritasuna ematen zion kezka eztiak. Somatu aldezute iñoiz, izateak bazterren batean ipiñi duan azitik, nola sortzen dan mamorro narrastia, laster mitxeleta egalari polita izateko?

        Bai, Joserentzat, Malentxoganako maitetasun berria, batzuetan, anima barruan erne ta narotutako lilia bezela zan, usai gozoz bakarrik kordea kentzen zion lilia bezela; mamorro bat zirudian bestietan, errai-alozen erdian atximur egiten zion mamorro isil gaiztoa; mitxeletaren itxurak artzen zituan noizean bein, bada irudimen aurrean zebilkion zilibokatzalle, adarrik adar edo itxaropenik itxaropen; biotzeko murgil samurra zan beti, osto, lore, garau mizkeak eman bear zituzkean kimua.

        Baño ai! etzituan emango. Ezin zitekean. Amesak ziran, Joseren ustez, bere gogamenak, ganoregabeko mutil ausarditsuaren ames txoroak. O zer zoriona ames aiek gertaera biurtu al izan ezkero! Nola biziko zan orduan Malentxorekin! Zein apalkiro itz egingo zion! Zein bigunkiro bizitzen lagundu, nolako pozak eman, nolatan maitetu! Lurreko zerua izango zukean Malentxorekin, Urbiako txabolan bizi bear izanta ere.

        Elikatuko ote zituan Josek, beretzat bakarrik, gogamen auek, biotzaren jakitzat, animaren jai orduetarako? O, ez! Indartu egingo zitzaizkon, ta naikoa indar zeukaten jaiota bereala ere. Lotsagarria zeritzon bera bezelako umezurtz lander batek etxejauntzako neskatx aberatsa nai izatea. Ta nolako neskatxa! Lurbiran emakumerik etzan bezelakoa, Egillearen Jauregiko donea zirudiana.

        «Eskergabea —deitzen zion bere barruak Joseri— Orrela ordaintzen dezu emen jandako ogia? Soñean dauzkazun prakak iñorenak dituzu, ta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nai zenduke? Morroi sartu ziñan, semetzat azi zaituzte, ta etxeko alaba bakarrarekin ames egiten ausartu zera? Noiztik ona senartzen dira jauregiko morroiak erregiñarekin, ipuietan ezpada? Dollorra zu! Eskergabea zu galanta!»

        «O, Iturraldeko umezurtza etzan eskergabea. Berak ausi, galdu ta soilduko zituan animaren liliak edo biotzaren kimuak; berak itoko zituan bidegabeko ames ta itxaropenak egiaren itxasoko ur garratzetan Ta ito ezin baziran, iges egingo zuan Zabaletatik edozein lekutara, gordeko zuan bere burua nunbaiten ta betiko».

        Josek, bere gogo ta amesak ezagutu ezkero, etzuan bururik jasotzen Malentxoren ondoan.

        Aisa igarri zuan neskatxak zer gertatzen zitzaion mutillari, ta onen aurrean osoro illundu zan. Aserretzake illundu, trumoi gabe goibeldu, maitero aldendu, bada-ezpadan urrutiratu. Obea zeritzon bakoitza bere aldetik ibiltzea.

        Jose, jangar, zurbil, ta indarge, lumea berritzen dagoan txori baten gisa, zearo mututurik zebillen. Egonaldi txikiak egiten zituan egunez etxean, ta gabaz, betiko lanak amaitu ondoren, goizago esnatu zalata, nekatua zegoalata, aguro jaikitzen zan sukaldetik lotara. Ezin eraman zuan Malentxoren illuntasuna, itzik ez egitea, igeska ibiltzea, berak, Josek, izurria balu bezela.

        Egun batean, Joanesi bidera ertenda:

        —Aitona —galdetu zion— bai aldaki Juan Andres zein erritan dagoan?

        —Ez, aspaldian eztegu eskutitzik izan. Zergatik galdetzen diak?

        —Eztakit ba. Neu ere beragana joateko edo...

        —Juan Andresengana joateko? Zentzun obekoa itzala uste nian, Jose. Naikua ogi ez aldaukak?

        —Orain artean naikua ta geiago izan det.

        —Bigunagoa billatu nai aleuke?

        —Eztet nik bigun ta gogozkoagorik idoroko.

        —A! Orduan... bai, diru billa joango aiz. Asko-naikoa izan i ere.

        —Gipuzkoa guztiko diruakgatik enitzake Oñatiraño jetxiko.

        —Ba, zer dekan etzekiat; baño, dana dala, eskergabea arkitze aut.

        —Eskergabea ni!

        —Andienetakoa, Jose, ta eznuan uste, eznuan esango.

        —Aitona, ni eznaiz eskergabea! Nere zañetako odol guztia eskatu bedit esker onaren agergarritzat eta dena emango diot, dena zor diot eta.

        —Mutil, ezin ulertu diat; len baño okerrago jartzen nauk. Zer darabilk iragoko il bi auetan? Esazak garbiro, biotza zabaldu zak.

        —Esatekoa balitz, edo esan albanuke...

        —Oraindaño ez aiz ba motela izan. Tira, asi ari.

        —Ara... zerbait zertzeko ustietan nagota...

        —Zerbait zertzeko ustietan? To, to, to! Andregeia nai al euke? Ta urrutikoa? Ire baldintasunak urrutietan obeto aldakizkite?

        —Nik eztakit zer nai detan ere. Orain artean Euskalerrian bizi ta iltzeko asmoan izandu naiz.

        —Ta orain ez? Mutil, ezkondu naia baño besterik ezpadek, etziok Gaztelerrira joan bearrik. Askotan gogoratu zait urtietan aurrera uala, ta Manuelek etxera emazteren bat dakarrenerako iretzat ere aukeratuta neukan norbait.

        —Eskerrik asko, aitona, milla ta milla esker; baña norberak autatzea ez alda obe?

        —Bai, beti obe, zentzunezko gaztien artean gurasoen baimenaz bada; baña nik eznian uste ik iñor begiz jota eukanik. Gañera, emaztegaia besteak aukeratu ta eskeintzea, ezta nai ta nai ez artzeko esatea: ongi badator artu egiten da, gogozkoa ezpada utzi Alegia, ezluteke danak orrela utziko gure Malentxo; eznioke neuk ere edozeñi emango.

        —Malentxo?

        —Malentxo.

        Tximista kiskalgarri bat aldemenean erori balitzaio bezela gelditu zan Jose, zuri zuri, konkortuta, Joanesen aitormena ezin siñisturik.

        —Zer esan du, aitona?

        —Gaizki aldeitzok?

        —Gaizki? Nola irudiko zaio gaizki gaixoari sendagaia? O, nere amesak egiak balirake!

        —Ori egin aldek ames?

        —Orixen berbera.

        —Banengoan ba, banengoan ba. Nola ulertu ez zu ta Malentxo?

        —Baño, aitona, Malentxok, zerbait igarri ditan ezkeroan, iges egiten du nigandik.

        —Ondo egiña: suaren ondotik ardagaia kendu egin bear da.

        —Eztu naiko nerekin zertu.

        —Ikusiko diagu.

        —Amonak ere ez. Diruduna banintz baña...

        Manuelek beste ezkonsari izango dek, etxekoa aiz ta.

        —Jaungoiko maite maitea! Au atsegiña ematen dit! Au astuntasuna kentzen zait! Neuk bakarrik dakit barruan nerabillen arantza samiña!

        —Arantzak eta naigabeak beti izango dituk, gizon guztiak ditugun antzera. Ara, Jose: nik eztiat nai etxean gaztien arteko kiñurik ta txutxu-putxurik. Orain dakitana ikasi detalako, gaurtik aurrera, uda onetan beintzat eta gero ere bai gauzak zuzendu arteraño, Aloñan bizi bearko dek geienbat. Eure gain gelditzen dituk artaldeak, larrabeiak, beortegiak, esparruak, eskortak eta saletxeak. Mendietako errege bezela biziko aiz. Bertara eramango diat bear dekan guztia, edo euk artuko dek Mezatara jaixte aizenean.

        —Edonun biziko naiz ongi, aitona; edonun izango naiz orain doatsu, bada nere barruan daramat alaitasunaren iturri gozoa.

        Zar-gazteak, nagusi-morroiak etxeratzean, Ana Josepak, mutillaren arpegiko gorritasuna ikusita:

        —Jesus! —esan zuan— Zer du mutil onek? Txarranpiñak erten bear diola esan leike.

        Eta Joanesek:

        —Erten dio.

        —Erten diola?

        —Bai, ta neu izan naiz sendatzalle.

        —A ze nolako Petrikillo! Jolaserako goguaren bizarra dakartzu zeuk.

        Zabaletan ezer geiago agertu gabe, urrengo goizean, bere poza ezin gorderik, joan zan mendira Jose, ta mendian egon zan, sei illabete ta geiagotan, Jaungoikoari eskerrak emanaz; Danielen lagunak bezela, Egilleak sortutako gauza guztiak bedeinkatuaz; Jakob artzaia bezela, bere lanarekin emaztegai maitea irabazten; Urbian ibilli zan ederki, epero ta peku gabe, akitika ta bertsolari, zoroko ta txit umeturik, arkumetxoakin jolasean; basauntz irudira lasterka, etorkizunari parrez begira, itxaropen gozoz janaritzen, zoriontasunez gañezka.

        Baño ala ere, iñoiz edo berriz, etxeaz oroitzean, bere kopeta leuna zimurtu oi zitzaion Joseri. Ara emen geientsu min ematen zion kezka: «Esan ote dio aitonak Malentxori nere amesa... ta berea, aitonarena? O zein maitagarria dan Zabaletako etxejauna! Illobatxoa arrek maitatzen duan bezela maitatu ta neri eman nai! Neri, umezurtz ezerezari! O Joanes mazala! Eriotzaraiño belaungorrien gañean ibillita ere etzaitut ordainduko. Jaungoikoak opa daizula nik opa dizutana. Zuk emango dirazu Zabaletako aberaska gozoa neretzat, neretzat bakarrik... Bai ote? Nola iruditu ote zaio amonari, Manueli, Malentxori? Gaizki? Jesus Maria ta Jose! ... Ta zergatik ez gaizki? Zer naiz ni? Tira, Jose, begirazak eure burua! i zer aiz? Joanesek etxetik jaurtigi ezkero, eskale bat. Beñipein lan billa joan bearko euke erririk erri, aterik ate. Erromaraño joango itzake, oñutsik eta eskale, Malentxoren diña izatearren! Aterik ate ibilli bearrak ez au i samintzen; neskatxa orren diña ez izateak samintze au. Ta ezin izan! Ezta berriz jaiota ere, ezta aberats izanta ere, ezta erregeren seme biurtuta ere. O Jaungoiko andia! Zergatik egin dezu Malentxo ainbeste doeren jabe?»

        «Baño zer dalata begiratu det alderdi txarretik nere etorkizuna? Joanes nere alde eztaukat? Ez aldezake aitonaren iritzia ontzat eman, langillea ta eskertsua naizelako, bestek ez bezela maitatzen detalako? A, nor legokean arren buruko gogamenak irakurtzen! Zai ote daukat Zabaletako atarian parre pixka baten bitartez baimena emateko? Geldirik ago, nere biotza! Ez adi lertu!»

        Orrezaz gañera, garai batzuetan, nekeari sendoro eutsi ta arriskuaren aurrean ausardiro jarki bear izaten zuan gure gazteak.

        Bai, ezta dana doe ta pake osoa izaten artzaiaren bizitzan. Artzaiak ordu onak eta ordu neketsuak oiditu, erazko egunak eta egun larriak, patxadazko egoerak eta ibil-bear estuak.

        Pozgarria da, egiaz, udako eguzkiaren jaikiera mendietako artzaiarentzat. Berak ikusten ditu lenbizi, bealdeak lañoz estalirik eta lotan dauden bitartean, eguzkiak edertzen dituan gallur ermoak, baso galantak, urjauste argitsuak eta intzez narotutako zelai ezeak; berak entzuten ditu beste iñork baño len , zugaztietako txori aldra iskanbillatsuen txiotxo txiotxi pipirrio alaiak; berak bakarrik esan dezake nolakoak diran garo, millu, menda, txulufrin, elorri, eriñotz ta beste baso belar lore landarien goizeko usai gozo bizigarriak; berak dauka noiznai, begi sudur belarrietan, gorputzeko zentzun ta animako almenetan, Izateak gizonari eman aldezakion gozamen guztia; berak, kristau ona bada, beste anaiak baño Jaunagandik urrerago bizi danari dagokion gisa, eskeintzen dio Egilleari arrenik errez, samur, apal ta egiazkoena.

        Manaz betea da, eguzkia goietan dabillen bitarte guztia, mendietako artzaierentzat. Bera da, artzaia da benetan bere buruaren jabe; uritar andikiak baño askozaz lasai ta askatuago dabil; opa dituan arauak jartzen dizka bere artaldeari; nai duan tokian billatzen du lorezko oia, nai duan lekuan belar bigunezko maia; deitzonean etzin deiteke ta gogoa datorkionean jaiki; kerizpean zabal zabal dagoala zaintzen ditu bere ondasunak; arrikada batez erakusten dio eleari legea; ta ameslaria bada amesetan, nagia bada erdi lotan, langillea bada, galtzerdiari ekiñaz, oso epero igarotzen zaizka berebiziko astiune luze luzeak.

        Eztauzkagu ere arlo astuntzat eguneroko esne jeisteak, noizean beingo gaztai egiteak, Orril edo Urriko ille-moztutzeak eta era orretako beste arazoen batzuek; egokia, aukerakoa, gogobetekoa dala esan geinke bazkatzallearen bizitza alderdi onetatik begiratzean; baño arreta gabeko orduren baten bere ardiak geiegi sakabanatu baldin badira, larrabei ta moxalak urrutietara iges egin badute, ekaitza indarrean ta egiñaletan gañera badatorkio edo abere basatiren bat usterik ezean agertzen bazaio, lanak eta nekeak izaten ditu bazkatzalleak, bei ardi moxalak saletxera ekartzen, kemena bear du, bakartadean, tantaiari erantsita edo arkaitz zuloan kuxkurtuta, erasoaren arpegi zematzallea begira, trumoi gogorraren burrunbadak entzuten, oñaztarraren suzko lerroak ikusten edo abere gaizto aragizaleari arpegi emanaz ermo egoteko. Bai, azkortasuna ta ausardia bear ditu artzaiak zaintzalle ona izango bada.

        Bear izan zituan Josek, batez ere orain azaltzera nuan gertaera jazotzean. Udazkena zan: illunabarra. Orduantxe ostendu zan eguzki gaixo indargea Udalaren atzetik, bere ondoren argi motel pitin bat utziaz Otz zegoan; lur dana goizetik artsalde-berandura eroritako euriz asea; toki lau guztia likitsez, lokatzaz ta osiñez loitua; errekastoak, oso puzturik, irakiten ta apartsu zijoazen ibarretara; ipar beltzak izugarrizko odei mataza lodiak zeramazkian egoaldera bultzaka; zuaitz ostoak, beren sorlekuetatik iges eginda, alkargana mordoskaturik zeuden txabol ondoan, sasi tartean, erreka inguroan; ta oraindik adarretan gelditu ziran banakak, ori, zimur ta ia igartuak, dardar zebiltzan eriotzaren bildurrez.

        Josek, ardiak goiztxoago ellorrera sartuta, txabol barruan apari izkibat egiteko asmoak zerabilzkian. Zakurtzarra, Txuri, aldamenean luze luze, aora begira zegokion, zerbait zai. Bat batera, zakurrak, itxumustuan jaiki ta ekin zion zelaian zear estu estu zaunkaka; ardiak, artega ta ikaraz, gorde zituzten beren buruak bata bestien ille tartean, ta entzun zan, urruti xamarrean, moxal nabarmenduen irrintzi larria.

        —Zer ote da emen? —gogoratuaz— Josek alderdi guztiera bota zituan begi biak.

        Arantzazuko Andre Maria! Sartaldeko egi gañean, txabolatik berreun kana bezela, zeru zurikatuaren aurrean garbiro, abere itzal bat agiri zan: otsoa! Aitaren egiten dan baño ariñago, legorpetik orbelak atera, egur pilla baten azpitik ipiñi, ote moltsoz su eman ta eskuratu zuan adaki bat, ingurokorik sendoena. Ordurako bazetorren zakurra, bazetorren, atzeraka ta alboraka, makur baño makurrago, ulua ta marrua, zemaika ta arnasestuka, ortzak eta agiñak erakutsiaz, amorruzko pitsa ta lerdea zeriola; baño basatarrarekin borrokarik asi naiezta.

        —To, txuri, nere albora! —deituaz— beragana erakarri nai zukean Josek, baño alperrik.

        Izugarria zan otsoa. Astiune txikian ikusiarren, ezurretarañoko ikara sartu zitzaion artzaiari. Suagandik ogei bat oin urre gelditu zan aberea, aurreko anka bat jasota zuala, ao gosea zabalik, lepoko illeak tente, odolezko begietatik txingar gorria boteaz ta gizonaren gañera erortzeko itxuretan. Inpernuko gaizkin madarikatua zirudian.

        Gure mutilla, Aitzgorriko Jesusi laguntasuna biotzez eskatuta, il edo bizi, arnaseak zirautzan artean, esetsaldirik arrigarriena jokatzeko gertatu zan; baño, edo suak edo gizasemearen jarkierak izutu zualako, edo beste alderdiren baten aragi biguna usai egin zualako, aldendu zan otsoa Iasterka bizian, ta otsoari jarraika artzaiaren zakurra, zaunka ta zaunka, basoetako oiarzunai jaiki eraziaz.

        —To, txuri, to; fiii, fiii —deadar ta txistu egiten zion berriz ere Josek. Eta ooo ooo... iii, iii— erantzuten zuten oiarzunak, artzaiari berari bildur berria emateko eran. Etzuan nai mutillak bere tokia utzi, badaezpada ere; etsaia bakarrik bazan edo ez etzekian, ta ellora zaintu bear zuan lenbizi. Moxalak gaizki ibilliko ziran, ori bai; baño ezin zitekean bazkatzallea toki guztietan batera egon.

        Egundañoko surik andienak berriro egiñaz, esna, susmotsu ta izerdi patsetan igaro zitzaizkion orduak, ordu minkaitzak, bakar bakarrik, gabaren zurrumurruak ernai entzunaz, illuntasunari zoli begira, zegoana ta etzegoana ikusiaz, arkaitzak otso iruditzen zitzaizkola, isatsak eta itsuskiak eztakit nungo pizti, garraren keriza ikaragarrizko mamu, gautxorien oiuak norbaiten inka, aizearen eretak ilzorikoen adia, orrien dardarra eriotzaren urrats, eta sapar sasien zabun bakoitzak animarañoko sarrakioa sartzen ziola.

        Ura egoera beltza! Etzeukan orduantxe nasaitasun ta atsegin andirik gure gazteak.

        Gaberditik laster, oinkada batzuek aditu zituan. O ez, etzan irudipena: zerbait zijoakion zuzen zuzen beraganuntz! Aiñaniño arraio pola! Otso aldraren bat? Pizkor jaiki zan mutilla, aurki artu zuan adakia eskuetan, azkar jarri zan edozertarako prest; baño ezer geiagorako astirik etzuan izan. Adakia jasotzerako, sartu zitzaizkion izter tartean abere zikin itxusi bi ta aien atzetik agertu zitzaion beste gauza beltz arrigarri bat... Txuri ta Bustamotx ziran abereak, anketatik belarrietaraño basaz beterik, eta Pillipe artzaia zan gauza beltza, txartes batean burutik bera estalia.

        —Jeup! —oles egin zuan Pillipek, txanoa garrondoruntz jetsiaz.

        —Orixen da bildurra eman diakana.

        —Neuk ere naikoa badakart. Otsorik ikusi aldek?

        —Illunabarrean.

        —Zenbat ituan?

        —Bat bakarra.

        —Bat? Gure sarobe ondotik Arteaga aldera joan dituk amar bai gutxienez.

        —Jesus Jaungoiko andia! Amar aña?

        —Bai, amar... edo asko beintzat, ardi, beor, moxal ta otso danak nastean, batabestearen atzetik leiaz, garo salletan aurrera itxuturik, otarietan barruna zarrapaztaka, traba ta esi guztiak ausi ta urratuaz, aballako arria baño zunburruntsuago, ego aizerik gogorrena baño zazpi milla bidar ariñago ta zakarrago. Eztute ondamena makala egin bear otsuok!

        —Agur orduan gure beortegiak.

        —Beortegiak, artaldeak eta artzaiak.

        —Artzaiak ere bai?

        —Baita; biar goizean lagunen ezur bitzea izango diagu.

        —Ezalda orrenbesteraño elduko.

        —Ikusiko dek, bizi baaiz.

        —Biziko algaituk.

        —Etzekiak, motell, etzekiat. Eta nola ausartu aiz onaño etortzen?

        —Izuak ekarri nau. Etsi det, gaur, nere txabolatik alarauak entzuten negoala; baño Txuri ta Bustamotx ate ondoan ikusi ditutanean, berakin batera ia mutillak! eragin diet ankari laguntasuna billa. Jas! Nik ekarri det abiadea!

        —Alarauak entzun dituk beraz?

        —Ta nolakoak! Aitzari ere mara mara negar eragitekoak.

        —Norenak ote ziran?

        —Nork daki? Adiskideren batenak edo...

        —Gure Aingeru Jaolak zaintu gaitzala!

        Orrelako autuetan joan zitzaizten orduak Jose ta Pilliperi goizalderarte, batak bestea dendatzen edo bildurtzen, beti ere suari egurrak geituaz, beti ere alderdi guztietara begira, beti ere alkarri ixo-ixoka, andik edo emendik zarataren bat ote zalakoan.

        Goizean jakin zuten ainbesteraño triskantzarik etzala igaro. Iru edo lau ardi galdu ziran; moxal bat billatu zan, errekartean, belaunburuak ausita; beor bat zelaian, mokor ondoan aragi tato batzuk gutxiago zituala, odolustuta, ia illean.

        Beor ta moxal errukarriak, galbidearen aurrean elkarturik, arpegiz arpegi lagun guztiak batera jarrita, etsaiari atzekoaldea erakutsiaz, gogor egin zioten noski ostikoka, bada atzetik zituzten beren zauriak, eta gañera, otso ta beor-oñatzez, pitsez, korotzez ta odolez naspillatutako lokatz-uztai zabala zegoan Arteagako bizkarrean.

        Uraxe zan nunbait gau artako guda-enparantza. Antxen izandu zan, jan bearrak eta bizinaiak ematen duan indar ta adorez abere basatiak egin zuten borroka errimea.

        Jan bearrak eta bizinaiak askotan darabilzki esetsaldietan abereak... eta gizonak. Eta noiznai oidira otsoak eta otsotarrak nagusi.

        Egun orretan, Urbiako artzai danak artalde ta beortegiak aurretik zituztela, beren etxe ta neguko ellorretara jetxi ziran. Gertatu zana gertatu ezkero, ezin zitezkean mendian egon.

        Etzan bada-ezpadakoa baserrietara eraman zuten poza. Bai ba: gizasemea edonun edozerk aspertzen du, luzaroko gauzetan badabil, ondo ibillita ere. Gizasemeak arpegi alaia jartzen dio gauza berriari edo aspaldikoari, ta baserrietan zeukaten gizon aiek aspaldietan iduki etzutena: baserrietan zeukaten, mendian baño ajola gutxiagoz, aterpe ona, jan beroa, jatordu jakiña, jantzi garbia, oe biguna, kezka gabeko lo gozoa A ze gaztañerre janak egin bear zituzten! A ze itzaspertuak! A ze nolako etziñaldiak!

        Jose, beste guztiak baño gogotsuago ta urduriago jetxi zan, janik eta lorik batere oroitu gabe. Bazeukan buruan aurreragoko gauzarik! Malentxo bakarrik zerabillen gogoan. Zer esan zeikeon Malentxori? Berak, Josek? Ezta itz bat bakarra ere: biotza ibilliko zitzaion izketan, osoro esankor; mingaña, lotsariak lotuko zion, ezer iñola asmatu eziñik utziko zion: bazekian. Aitzen emango alzion aitonak neskatxari mutillarekin izandako izketartea, ta etzan geiago bear. Baiezkoa ulertzeko, etzuan Josek irritxo baten argia baño besterik eskatzen. «Jaun zerutarra —otoitz egin zuan etxera urreratzean— irribarre bat neretzat Malentxoren ezpañetan!»

        Ai ene! Irri-abarrik etzuan billatu: Malentxo, lenbiziko ongietorriak esanta bereala, lenago baño arduratsuago asi zan Joseren igesi, lenago baño mukerrago ta gozakaitzago gelditu zan: Joseren maitetasunarentzat etzeukan erantzupenik.

        O! Iñork eztaki, igaro gabe, zenbaterañokoa dan atsegin garaian ta pozaren tokian arkitzen degun naigabea: eztago naigabe samiñagorik. Eta ori bera gertatu zitzaion artzai umezurtzari: zoriona itxaron ta atsekabea idoro, sair billa joan ta neke berriak arkitu, eztia ames egin ta mingoztasunean ito.

        Josek, zearo galdu zituan mendiko pakea ta patxada ona, ta sarri esan oizion buruari: gau txarra igaro uan azkenengoa Urbiako zelaian, baño ala ere, obeto uke otsoarekin borroka ibilli arkume maitearen destañetan bizi baño. Bai milla bidar. Ta zer egiten zuan aitonak bitartean? Aitona, mutillaren kupidan edo, ixill ixillik zebillen. Ezezkoa esango zion Malentxok eta...

 

aurrekoa hurrengoa