www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

IV.
LANDARE BERRIAK

 

        Manueltxo zan Zabaletako giza-landare berria, ta txit maite zuten etxe artako denak.

        Landare berriari beti begiratzen zaio zarrari baño pozago ta arreta geiagorekin. Zarrak zer eman duan jakiten da, baño ez gazteak zer eman dezakean. Zarra gogorra izan oida, sustraitsua, edertasun gabea, bere oiturari eutsia, txertatzen gaiztoa. Gaztea berriz ezea, polita, biguna, guria, txerterraza. Zarra iñausitzen danean zapuztu egiten da, gazteak indar berria artzen du. Zarrak beti dauka zer erantzun, gazteak beti zer ikasi. Gaztean egin bear da lan, zartzan gauza onik izatea nai badegu.

        Orregatik zaintzen zuten ain ondo Manueltxo bere gurasoak eta bere aitonak. Argia zan mutilla: oso poliki zekian irakurtzen, bere izena paperean jartzen zuan, edozein baño geiago zan kristau dotriña buruz esaten, ta orrela zekizkian beste gauza on batzuek Neguko gau luzietan, errosarioa esan ta laster Testamentu zarreko eta berriko Kondaira eskuetan artzen zuanean, aoa zabalik eta lerdea zeriotela egoten ziran danak, baño Ana Josepa ta Joanes beste guztiak baño geiago.

        —Eztek makala —esan oizuan amonak— orrelako liburu andia parra-parra irakurtzeko.

        Eta Jose Ramonek — Irakasleari eskerrak, badaki zerbait Manueltxok. Arrek egingo digu gizon gure mutilla.

        Aitonak — Arrek eta guk, lagun gaiztoak okertzen ezpadigute. Irakasleak eta gurasoak aña edo geiago eta beti errezago erakutsi oidute lagunak, eta oien bildur bear.

        Jose Ramonek — Bai erri andietan; baña emen? Emen, aita, Manuelen lagun guztiak baserrietako umeak dira, mendi mutillak, ogi bedeinkatua bezalakoak.

        Aitonak — Ai danak balira, Jose Ramon, ai balira!

        Beste giza-landare bat erakarri zuten Zabaletara Iñazio Mari ta Juan Andres etxetik joan ziranean: Iturraldeko Joxe, adiskide batzuen seme umezurtza, begi urdin gozodun, mutil koskor polita, beiak zaintzeko, itaurrean ibiltzeko edo erri ta mendira osterak egiteko morroitxo egokia.

        Manueltxorekin ikastetxean ibilli zan, oso bere lagun artua, Jaungoikoaren bildurrean ondo azia, mazal ta pizkorra, ta umetxoa izanarren, garai batzuetan gizon batek aña on egiten zuan.

        Pedro Anton morroi zarraren irudira etxekotzat zeukaten. Manueli txaloak jotzen zitzaizkonean txaloak izaten zituan Joxek ere, beti esaten zan biak zekitela berdin samar, biak zirala azkor ta ikastun, ta bientzat oiziran geienbat, Joanesek, sukaldeko ixillu gañean jarrita, zintzoro agertzen zituan erakustaldi ederrak.

        Etzuan arrek gaztetxoai zerbait adierazteko mugaldirik beñere galtzen. Ara nik gau batean, Manueltxok lapur-ipui bat eskatu zualako, artzai zarrari entzun nion jarduna:

        «Eztago gaur ipuirik. Egia zor dizuet, nere umeak, eta egi samiña aitortzera nua, naigabez bada ere. Badakizute: mendizalea naiz ni, beste mendizalerik iñor baldin bada. Askotan esan det be-aldietan dirala arriskurik andienak, eta orretan nago; baña goian bertan ere zerbaitzuk badira, ezin ukatu. Eztago iñon griña gabeko gizonik eta arantza gabeko lurrik. Emen ere sagarrik onenak izan oidute arjoa, lorien ondoan sortzen dira asun lakatzak, arkumeak dabiltzan tokian igarotzen dira otsoak eta axeriak».

        «Au ezta gure egunetako gaitza, ez; antziñetakoa da; baño antziñetako gaiztakeriak alde batera utzirik, neuk nere begiakin ikusitako gertaera bat agertuko dizuet. Adi zadazute».

        Joanes gauza jakingarriren bat esatera zijoala ulertu zutenean, etxeko danak, eta mutikoak eztago zer esanik, oso urduri ta jorantsu, artu zituzten beren aulkiak eta inguratu zuten gure aitona, bere aotik zetortzkion itz guztiak txit arretaz entzun ta gorde naian.

        «Ni gaztetxo nintzala —jarraitu zuan Joanesek— ezagutu nituan umekondo trakets bi, Manueltxo ta Joxeren idekoak gutxi gora bera. Axeri ta Otsoko esaten zioten. Etzan Axeri Idiazabalgoa, Otsoko etzan Ataungo basoetan jaio; baño ai! biak ziran euskaldunak, biak menditarrak. Axeri, azkar, argi, bizi, asmutsu ta erkin samarra zan; Otsoko, lodi, lotu, baldar, narras, bizartsua. Axerik asmatzen zituan egundañoko gaiztakeriak, eta Otsokok adiskidearen asmo danak beti ontzat eman eta guztietan pozik eta biotzez lagundu; arrek lapurtu inguruetan lenbizi azten ziran keriza, piko, sagar, udare, aran ta matsak; onek lagunari orman gora bultza, ta baratz barruan edo zugaitz gañean zebillen bitartean auzoetako bideak zaintu. Oso maiz egin oizuten ezbearren bat: gaur, nunbaiteko erleai eztia kendu; biar, astoren bati buztana ebaki; bein eskale arrotzari arrika eman; urrengoan garometaren bat erre. Etengabe zegoan mutil aiekatik zer esana».

        «Gazte ziran artean, nekez ta egun bat edo bestean bada ere, eraman oizituzten irakastolara, baño alperrik. Otsoko buru gogorrekoa zan, nagi ta motzegia ezer gauza onik ikasteko, ta Axerik, ikastetxean zegoan bitartean, iñoren esana entzun ta zerbait ikasi baño naiago zuan irakasleari ziñuka egon, edo lagun guztiai zirika, edo burura zetorzkion ames gaiztoai jarraika, etxe artatik ertetzeko orduaren zain, iñoren bildur gabe nai zuan guztia egiteko».

        «Gurasoak, beste askoren antzera, ardura gabeak lenengo, berandutxo ajolatu ziran».

        —«Urlia, sandia, —esan oizioten— begiratu zaiezute semeai, ertenegiak datoz».

        —«Umekeriak dira oiek —erantzun oizuten gurasoak— etorriko zaiete zentzuna, zerbait azitakoan».

        «Baño galanki azi ta zearo indartuagatik, etzitzaien zentzunik buruetan sartu. Ez: geiago ta geiago loditu zitzaien berengain nai zutena egiñaz bizitzeko amesa, sustrai andia bota zioten griña txar guztiak, alperreri ta nagitasunak ordoitu zituan lanerako, eta mutikotzar aietatik etzegoan ezertara ere gauza onaren itxaropenik».

        «Laster entzun zan Axerik aldamen baserriko olloak arrapatu zituala, Otsoak ardirik onena jan ziola urreko artzai bati».

        «Orduan egin zuan oiu Axeriren aitak: —Eskua moztuko diot semeari. Orduan esan zuan Otsokoren amak: —Anka biak ausiko dizkat gure mutillari».

        «Ba! Eskua moztuta ere axeriak axeri gelditzen dira; ankaezurrak ausita ere otsoak beti otso».

        «Lagun gazte biak, geroago ta okerrago, lotsagabeago, ausarkiago, arpegi eman zioten gurasoai, jarki zitzaizkoen erriko agintariari, mallaka mallaka berealako baten jetxi ziran gizon gaizkiñen zelai galduraño, ta norbait zematu zutela edo etzutela, gizonen bati diru eske bidera erten ziotela edo etziotela, sartu zituzten beintzat gaiztotegian luzarorako».

        —Orra, orra ibilbide txarraren azkena.

        «Etzan orretan amaitu. Noiz edo noiz urratu zitzaizten lokarriak, eta emen agertu zitzaizkigun berriro, izen gaiztoaren jabe, iñoiz baño beltzago, itzalago, bildurgarriago. Etzituan iñork begi onez ikusten: gizonak ozta ozta egin oizioten agur, ume ta emakumeak Axeri ta Otsokoren izenaz bakarrik izutzen ziran. Naikoa zan, Otsoko dator esatea umerik negartiena bereala ixiltzeko».

        «Bazegoan zergatik bildurtu».

        «Auntza larrera bezela lengo bidera jo zuten obendun adiskide biak. Bai ba: ondo jan bear, asko edan nai, etxekoaz ezin ase, lanerako gogo ta usterik ez, eleizatik urruti, seta gaiztoak okerrera deiezka, gautxori biurturik, lapurretatik sortzen zuten alzan guztia. Andiak esaten ziran: gaberdian, onelako tokitan, bata besteari txistuka zebiltzala; arabar mandazañari, makilka zuzitu ta gero, onenbeste diru kendu ziotela; Bizkaiko baserri baten arrigarrizko eriotza egin zutela, ta eztakit beste orrelako zenbat albiste. Danak etziran noski egiak izango, baño neronek ikusi nuan egiazko jazoera negargarri bat. Esaten ere ikaratu egin bear da. Otsokok, jai arratsalde batean, ardangelarako txanponik eman nai etziola ta beste gabe, aizkoraz zatitu zion burua bere aita zar gizagaixoari!»

        —Jesus!

        «Bai, Jose Ramonek ere badaki. Neuk nere eskutik eraman nuan gero urkamendira Otsokoren eriotza ikusi zezan, oben-bidearen gorrotorako».

        Jose Ramonek— Oroitzen naiz; begien aurrera datorkit gizon arren arpegi zurbil, makur ta ezaiña; gogoan daukat nola esan zigun barkatzeko bere gaiztakeria Jaungoikoaren izenean, Jaungoikoak ere barkatu zezaion. Itz neurtuetan ipiñi zuten Otsokoren bizitza, ta ortxe ziran nunbaiten euskerazko bertso berriak.

        Manueltxok — Nik uste nuan gizatxar guztiak urrutietakoak zirala.

        Aitonak — Etzenduan ondo uste.

        Josek — Orain bai alda emen era orretako gizonik?

        Aitonak — «Sustrai txarrak edonun ta edonoiz eman dezake kimu berria, ta gizonak dauden leku danetan oidira gaiztakerirako sustraiak. Eztet nai egiaren argitasuna estali: orain ere azaltzen da gure artean otsokotarren bat edo beste; baña, esan dezagun gure biotzaren poztasunerako, ez urietan bezela maiz ta ugari, baizik noizean bein, urri, bakan, iñoiz edo berriz. Ezin da gure lurretan orrelako landara ta piztirik ugaldu. Gurutzearen itzalak galtzen ditu emen orrelako landara ta piztiak, gurutzearen itzalak eta guk geure izen onari diogun begiruneak. Bai, goialdeko basurdeak baño geiagotan agertzen dira baserrietara urietako zakur amorratuak, baña euskaldun gurasoak ajolarik ezpaluteke edo euskal mendietan gurutzerik ezpalitz, laster ugalduko litzatezke zakur, otso ta basurde amorratuak Euskalerrian ta baserrietan bertan. Arretaz bizi bear, beti arretaz».

        Manueltxok — Ta zer egin zuan Axerik, aitona?

        —«Axeri, oso txaldandua, moteldua, gazterik auldua, xarpaz jantzia, zetakaz betea, zorriz erdi-jana, aterik ate ibilli zan errukari, zorro zar bat bizkarrean zuala, gizadi guztien iraintasunak iruntsiaz, ta beartsuen gaixotegi batean il zan, inpernu bizia lurrean igarota gero».

        Manueltxok — Inpernua? Gaur goizean, Moxolok, ikastetxera bidean, inpernurik eztagola esan dit.

        Aitonak — «Zer diok, motel! Aitaren, Semearen... Ara or bat. Moxolo otsokotarra dek, Manuel, uriko zakur amorraturen batek kutsatu du, bere aitaren ardangelan noski. Umearen zentzuna, etxean entzuna. Jakinzak, illobatxo: lagun orrek esan duanetik Otsokok egin zuan egitera bide gutxi ziok, eta naigo niket, i Otsokoren bizitzan ikustea baño, illoi batean luze luze ikustea».

        Amak — Bai orixe, bai milla aldiz!

        Aitonak — «Eztek Moxolo ire erakuslea».

        Manueltxok — Ez, jauna, Moxolo txit atzerea da. Dotriñan ere bera dabil azkenengo.

        Aitonak — «Siñisten diat. Eztik arrek gauza onik erakutsiko Bakoitzak dakiana erakusten du, ta gaiztoak gaiztakeria. Ez adi, bada, Moxolorekin egundaño ibilli. Ire lagunik andiena Joxe izango dek eta erakusleak geu, etxekoak, eta erriko apaiz jaunak, gurutzetarrak. Illobatxo, Joxe, nere semeak: bizi zaitezte baserrian, toki oberik eztagota; maita zazute mendia, maitagarria data; baño mendian bertan piztirik billatzen badezute, alde Jaungoikoaren izenean piztietatik gurutze ondora».

        Orrela aztertzen zituan Joanesek bere gizalandarak, orrela eman oizien buru ta biotzerako bear zuten janaria, orrela bizi zan, erbesteko semearen oroimenak ikutzen etzionean, atsegintsu ta gozoro, bizitza onak ematen duan animako lasaitasun eztian.

        Ala ere Joanesek eta bere emazteak bazuten beren buruan beste zerbaiten utsunea. Gauza andia etzan. Ara: Zabaletan beste aurtxo bat ez izatea, alaba, neskatxa. Bi amak kendu ezkero, Zabaletako guztiak gizonezkoak ziran, prakadunak. Ana Josepak zionez, amaika praka bear zan etxe artan, Jesus Maria ta Jose! Batean sasiak, oteak edo elorrantzak eldu ziotela, bestean zugaitz adarrean katigatu zirala, ta egunero zekarden gizonak urraturen bat etxera, ta mutikoak berriz txitean-potean bear zituzten praka berriak. Manueltxok besteak baño geiago. Larruzkoak ere etziran naikoa ume arrentzat. Beti zebillen orbel, lasto edo garotan txilipurdika, beti sasi tartean masusta billa, beti txori kabitan inguruko zugaitzetara igonda. Ura mutil biurria, ura basakerra, ura katardea. Uutikan mutillak! A ze izatekoak, ainbeste lan gurasoai eragin ta gero nai zuten lekura iges egiteko. Beste gauza bat ziran neskatxak, esanekoak, zuzenak, txotillak, paketsuak. Ai ene! ongi etorriko zitekean bat Zabaletan emakume bien laguntasunerako, etxea jasotzeko, amonaren ondorengotzat. Ori zan senar-emazte zar bien aspaldiko ames, gogo ta itxaropena. Emango alzioten Jaungoikoak.

        Eman zioten. Egun batean Pedro Anton morroia berri on bat ematera joan zitzaion Joanesi mendira: etxean aurra jaio zitzaien ta neskatxa zan!

        Gure artzaiak Aloñatik jetxi zanean, ezpañetan zekarren barruko alaitasunaren pitsa, parrea.

        Parrez erten zion emazteak ere ate ondora.

        —Badegu ba —esan zion senarrari.

        —Jaungoikoari eskerrak. Eta nolakoa da?

        —Zuri, eder, galanta: bere aita berbera dirudi.

        —Oraindik? Zuek emakumeok bereala artzen diozute umeai norbaiten itxura.

        —Alaxen da bata. Zeuk ikusiko dezu laster. Jose Ramonen ta gure aurraren sudur ta kopeta berdin berdiñak dira.

        —Ta begiak?

        —Begiak zeurien antzekoak.

        —Parre egingo aldet?

        —Egin zazu nai baldin badezu. Len ere etzenduan urruti. Zer uste dezu? Eztizutala ikusi arpegian ta biotzean?

        —Biotzean ere bai, emakumea?

        —Baita. Orain ere badakit nik zuri zer gogoratzen zaitzun: aurtxoa geuk biok artu bear gendukela besoetan.

        —Baña nik ezer esan ezpadizut.

        —Baña nik igarri. Askotan izan naiz ni zure gogoen igarle. Gaitz ere badata!

        Aiton-amandre biak jetxi ziran Oñatiko eleiza nagusira aurtxoaren aitabitxi bezela. Ta nola gero jetxi! Ana Josepa bizi bizi, txit orraztua, soñekorik onena arro erakutsiaz, buruko estalkiaren txiztanak iñoiz baño tenteago zituala ta aspaldian gordeta iduki zuan zortzi egiko oial andi loretua lepotik bera egokiro ipiñita; Joanes ederki bizarra kendurik, ezkontzarako egin zitzaion jantziz antolaturik, ia oñetarañoko kapa lodi luze tolestua sorbalda gañean jasoaz ta eun bigunezko alkondara zuri garbia paparrean agiri zitzaiola. Biak zijoazen edertuta, gaztetuta, alaituta, lekaio bana egiteko gogoetan; biak usai gozodun: gizonak eriñotz usaia zeraman, andreak alkanfor usaia. Bazituen lagunak: auzoko emakume gazte apain bat, aita Jose Ramon ta seme Manueltxo, au, eliz-kandela ta apaiz-opillarekin.

        Bidean, Manueltxok begi-onez begiratzen zion opil gozoari. Bazekian eleizan eskeñi bakarrik, apaizari erakutsi, eutsi ta tati egin ta etxera biurtzen zala opilla, ta ezin aspertu zan beretzat zenbat emango zioten galdezka. Bakarrik joan balitz ikuturen bat ere egingo zion biatzakin edo mingañarekin, nolakoa zegoan jakiteko.

        Aiton-amandreak, noizean bein aurrari begiratuta:

        —Lotan aldijoa? —zioten— Gaixoa! Eztedilla otzitu gero.

        —Baizera otzitu —erantzun zien andre gazteak— dagoan beroan, Uztaillaren 22-an.

        —Erri-sarreratik jaztetxeraño oñatiar guztiak, andrazko ta gizaseme, gure baserritarrai zerbait esan bearra bazeukaten.

        —Ongi etorri, Jose Ramon, landare berrixa aldozue?

        —Kaixo, Joanes, ori gizon gordiña zagoz.

        —Apaña zatoz, andre Ana Josepa.

        —Mutilla alda? Neskatilla? Zer izen ipiñi biar xaue?

        Eguneko donearen izena ipiñi zioten: Maria Magdalena.

        Bataiokoak eleizatik irten zutenean, uriko ume sostor guztiak, umeak etziran batzuekin nastatuta, eleizaren aurreko enparantzan idoro zituzten bolo, bolua! bolua! je! je! deadarka.

        —Au ezta orregatik oitura ona, —esan zuan Ana Josepak— Zer dalata bota bear ditugu emen geure diruak?

        Eta senarrak, eskukada bat txanpon jaurtiaz:

        —Zeuk esan dezu, ona edo txarra, oitura dalako. Nik ona deritzot.

        —Berealaxe ixilduko ziran umeteri ta gañerakoen oiuak. Aitonaren jaurtigi ziñua susmatzeaz bakarrik, gizataldeko guztiak, artega, igikor ta irritsu, zabundu zituzten buru ta besoak, ireki ta ernaitu zituzten beren begiak alzuten añan, ta txanpon gorri-beltz leunak izpi-une baten egaka bezela ikusita, gero, auspeztu ziran dirua erori zan tokira, denak batera, denak pilloan, burrukarik gogor, zoli, zital, ausarditsuena egiteko ustietan.

        Baita egin ere. Lauoñean edo etzinda, bultzaka edo atzaparka, arpegiz lurra igortziaz edo azpikoari ler eraginda, ezeren armin ta iñoren ardura gabe, azkar egin zituzten ango txanpon biltzeak.

        Ta aurrera berriz ere bataiokoen atzetik je! je! bolo! bolua! deiezka.

        Baño ez guztiak. An gelditu ziran autsez loituta, miñez ta negarrez, txiki, mengel, indarge ta makalak. Batari txapela galdu zitzaion, besteari gonea urratu, norbaiti biatza ostikopean zapaldu zioten.

        Zeñek egin dotzu, maite —galdetzen zion arri, ezin ibilli zan atsotxo batek, bazter guztiak begiratuaz, zerbait alperrik galdu etzedin.

        —Moxolok egin xao, —erantzun zuan urratudunak— aretxek, lapurrak alakoak.

        —Ixo, ezta olakorik esaten da.

        —Bai, andrea, egia data: neuri ostudost eskuan neukan dirua.

        Oidan bezela andi ta indartsuenak atera ziran nagusi lenengo txanpon eralgitzean, ta aiek zijoazen Joanesi jarraika je! bolua! je! aspertu gabe oiuka.

        Joanesek, emaztearen esanei entzungor egiñaz, mutikoen atarrapuzka ta iskanbilla ikustegatik, edo barruak eskatzen ziolako, beti parrez, atzera ta aurrera, ezker eskui botatzen zizkaten txanponak.

        —Gizona, —zion Ana Josepak beti ere— naikoa dezula. Txantxetako gauzea da! Orrenbeste diru eztu iñork egundaño Oñatiko kale arian bota; ezta jauregiko zaldunak berak ere, emalea da baña.

        Mutiko-neskatoak, txanpon bitzea bukatu ondorean, beingo baten zabaldu ziran pelotalekura edo gozotegietara, ta gure Zabaletakoak jaztetxean sartu gabe, igo zuten tapa tapa beren baserri paketsura.

        Baserri artan, egun orretatik aurrera, beste bizitza bat asi zan, obeagoa, bigunagoa, alaiagoa; len baño askozaz errezagoa zan etxeko guztien parre ta jolasa. Erdi umetu ziran danak, eta noiznai zeuden prest umekeriak esateko ta umekeriak egiteko.

        Jetxi zuten seaska ganbaratik sukaldera, ta seaska ondoan makurturik, lanera baño len edo lanetik zetozenean, arpegirik gozoenaz, soñurik samurrenaz, beti ari zitzaizkon aurrari Zabaletako gizonak:

        —Ekatzu patxobat, poxpolin, ekatzu patxobat, arrosatxoa. Noiz ikasi bear dezu pa ematen? Pa, Pedro Antoni. Pa, aitonari, maite zaituta. Pa, onelaxen. Noiz ikasi bear dezu baña zeuk, noiz?

        —Kendu zaitezte ortikan, —esaten zien amonak— umetxoa musuka jan bear dezueta. Ara, arpegi guzia gorri gorri jarri diozute zuen bizartzarrokin. Ta negarrik ere ez berak. Aingerutxoa! aur zoragarria! gure illargia! Bai, illargia zera zu, illargi bete argitsua! Nik erosiko dizut zuri jostallu ederra azokan, nik, bai, zuri, ederrorri!

        —Baño batez ere Manueltxoren amak, Katalin apal, belatz, lotsatiak, etxean bakarrik gelditzen zanean, bere aurrari egiten zizkon jolasak eta esaten zizkon txera palaguak etzuten beñere azken ta neurririk. Sarri, bere magalean zeukala, begira begira egoten zitzaion, zertan zegoan ere aztuta; anitzez, beste aurtxoen eriotza gogoratzean, estutzen zuan bere bular gañean sendoki; askotan, lo eragin nai zionean, euskaldun ama guztiak oiduten erreztasunaz, eresitzen zizkon ixil ixil, eztitsu, eztitsu, bere biotza ezpañetan zuala, onelako itz neurtu samur batzuk:

 

                Seaska zarrak aur berria du

                Zeruetatik jetxia,

                Aingerutxoak ekarri dute

                Ezur t'aragiz jantzia.

 

                Jaunak eman dit neretzat eta

                Nerea det nik Madalen.

                Maite kutuna, ezaidazala

                Jaun zerukoak berriz ken!

 

                Goi urdiñean izarri aña

                Daude zeruan aingeru,

                Zabaletako baserritxoan

                Bat edo bat bear degu.

 

                Nere laztana, nere bizitza,

                Nere erraien zatia.

                Ara zein bigun jarri dizutan

                Seaskatxoan kabia.

 

                Seaskatxoan nai ezpadezu,

                Zuretzako det altzoa;

                Egin ementxe lo ederrean

                Zerutar ames gozoa.

 

        Manueltxo, umea izan nonbait, ondamuak biotzean ikututa, espaz betea egon oizan gizagaixoa aurrari esaten ta egiten zizkioten gauzak entzun ta ikustean. Nola ez? Bera zan lenago ederra, bera mutil argia, bera etxeko maitea, ta orain bestearentzat ziran goramen ta ipui guztiak. Ezagutzen zion amak semearik barruko illuntasuna, ta zerbait gozatzeagatik eta aurraganako maitetasuna itsatsi naian, onela deitu oizion:

        —Ator ia, Manueltxo, ator ia laztanori. Goiko kutxan daukat nik iretzat gordeta udare andi bat, iretzat bakarrik dana. Asko azi aiz ta ezingo aut altzoan euki, baña bai biotzean, bai, nere semea. Altzoan aurrak idukitzen dira, txiki txikiak, Malentxo bezela oñez ibilli ezin diranak. Ikusten dek nolako polita dan gure Malentxo? Nai luteke auzoan onelako bat, baño eztago iñun onelakorik. Geurea da, geurea geurea. Txalopintxalo esaiok; tira, eskutxoak artuta, orrelaxe.

        Bein baño geiagotan, Manueltxo amaren ondoan belauniko jarririk eta beste Zabaletako guztiak zutik edo erdi okertuta, Joanes aurrean zala, erestu oizuten, denak batera txaloak joaz, antziñetako aur eresia:

 

                Txalopin txalo

                Txalopin txalo

                Katutxoa mizpira

                Gañean dago;

                Badago bego,

                Badago bego;

                Zapatatxo berrien

                Begira dago.

 

        Ana Josepak uxatu oizituan deadarka, bera tarteko etzanean:

        —Txoratu alzerate, kristauak? Ezaldaukagu bazterretan beste lanik?

        Baña umetxoaren musu borobil polita ikusi orduko, amona bera joaten zitzaion aurrari atsegiñezko arpegiz losinga:

        —Izan ere etxeko danak txoratzeko naikoa zera zu, erregintxo, elurgillo, gaztanbera, usakume, lili zuri! Ez, Urbiako zelaietan ezta zu bezelako lilirik sortu, ezta sortuko ere! Zu zera lore giztien lorea, zu zera apainduri giztien apainduria! Nik ekarriko dizut, bai, amonatxok ekarriko dizu jostallu eder ederra, zeu bezelako jostallurik iñon eztago baña!

 

aurrekoa hurrengoa