www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Garoa
Domingo Agirre
1912

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Garoa, Txomin Agirre. EFA, 1966

 

aurrekoa hurrengoa

XII.
USTEAK ETA MINTZOAK

 

        —Zeñi lur eman diote?

        —Zabaletako Pedro Antoni.

        —Pedro Anton il da?

        —Bai.

        —Zer izan du?

        —Eztakit pa nik. Erori egin zala edo... Gauza andirik bear ez, zarra zan da.

        —Zenbat urte zituan?

        —Larogeitik gora.

        —Naikua lan egin du arrek bere urtietan.

        —Bai orixe. Aspalditxoan ez baña, lenago...

        —Luzaroan egon alda gaixorik?

        —Luzaroan makal, gaixorik amabost egunean.

        —Zeruan gerta dedilla.

        —Ta Joanes? Zer egin zuan Joanesek?

        —Obeto eidabil.

        —Irauten du orratik. Berea zala esango nuan gaurko elizkizuna. Au gizonez dator! Au andrazkoz!

        —Jakiña ba, Zabaletakoen aide ta artuemaneko guztiak. Pedro Anton etxekoa bezela zeukaten: badakizu.

        —Ara Mikalla ta Katalin aurretik.

        —Ondo zurbil ta maixkarra dago Mikalla gajua.

        —Bai, eztauka orrek, gaur, ezkondu zanean aña patxada ta nasaitasun. Oroitzen naiz: ementxen geunden oien eztaia or zear igaro zanean. Bazan orduan ijiji ujuju ta deadar alaia galanki; bazan orduan jana ta edana, etxe-bizitzea ta ontzurre... baña gaur, geu baño gutxiago.

        —Iñazio Marik urtuko luke, ondatuko luke, baita... Orain ere ura ezta or agiri. Zeregiñen bat izango du Moxolonean.

        —Arrek Moxolonean zeregiñak eta emazteak etxean estutasunak.

        —Martiñekez aldiote ezer ekarri?

        —Zera, jateko gogoa galanta. Ori ere, aitaren antzera, Moxolotarren adiskidea omen da. Azak berea kirtena, ta aritzak bere arikoa ezpala.

        —Aizan beste gauza bat. —Moxolo esanda oroitu zaidan—. Egia alden Peru Oldoki ire atzetik dabillena?

        —Um! Ez... Tira, arrek nai izan du, baño ezkera zertu... Len ere, iñor eznualako eznaiz egon: neuk artarako zerik ez, orra.

        —Obeto den neskazar, Peru traketsaren emazte baño.

        —Bai, baña ez uste izan mutil ura ain zera danik. Nork zainturik eztu euki ta...

        —Ja jai! Orixe-re jolasa litzakete. I baño ardo zarra naiago din arrek.

        Onelako mintzoa zerabilden soro-lanetan zeuden emakume bik, Aranzazuko bidean zear beltzez jantzita zijoan gizadiari begira. Emakume aietatik bata, Iñazio Marin ezkontzako egunean ezagutu genduan atxur-neska zan, arako Luisa tuntuna.

        Peru ta Luisaren arteko ipuien albistea eztakit jatorri onekoa bazan ala ez, gero jakin daikegu; baño Luisak Azkarragakoakgatik esaten zuana, ori bai, ori badakit egia zala.

        Sorokoak maixiatzen aiziran bitartean, Mikallak berak aitortzen zion Kataliñi, era onetan:

        —Ai, Katalin! Negarrak, bai, negar andiak egin ditut! Eta egiteko dauzkatanak! ... Ondo dakizu nere senarraren berri: azoka dala ta jokoa dala, gelditu gabe dabil orrutz ta onuntz; asko bear du, oso asko, ta gurean eztago ezer. Lenago bai. Ni txikia nintzanean —ezta arrokeria, Katalin— bazter guztietan geunkan guk urrea; ontzakoak, ontzerdikoak, eun errealekoak, ogetabatekoak, zer ez? Nere amak nik aña ezkonsari etzuala auzotegian bestek izango esan oiziran. Ikusiko baluke gaur nola nabillen! Nere aitak ikusiko banindu! Nere aizpatxoa Jaunak eraman da laster, naigabez il ziran aiek bear baño lenago, etxearen ondamena ikusita... Gaur eztago Azkarragan zorra baño besterik: eskuan daukatan argizaria ere zorretan artu det. Ia zer janik eztaukagu, itxurak egin arren. Ameriketan genduzan gure itxaropenak, baño joan ziran betiko. Gure osaba orrek lurra jo emen zuan da. Eskerrak zueri: zuenetik datorkigu artiriña, urdaia ta baburruna; zuen bizkarretik gabiltz. Ta samin auek naikoa eztirala, orain semea, nere semea siñiste gabe ta protestanteak baño txarrago etorri zait! Ai, Katalin, zuk eztakizu nolakoa dan nere oñazea!

        —Jaungoikoak arautuko gaitu. Berak argi egingo dio zure semeari, Berak bigunduko dio biotza.

        —Bai, Jaungoikoak dana bere eskuetan dauka baño...

        —Ara, Mikalla, berri on bat eman bear dizut; gure amonaren asmoa.

        —Zer da bera?

        —Ezkondu egin bear duala Martiñek.

        —Zeñekin baña? Nork artuko du gure mutil zakarra? Zuzenduko duan neskatxa batek. Amonaren iritziz Malenek zuzenduko du.

        —San Migel Aingeru ederra! Ai olako bat! Baño Katalin, zer esaten aizera? Malentxok zer dio?

        —Gure neska orrek eztu ezer aitatu; baña urtietan aurrera dijoa ta... amonari gogoratu zaio.

        —Ta zuek?

        —Guk, Jose Ramonek eta nik, miñez baña, bein edo bein bear dalata, denok ondo izateagatik, bueno, esan degu, joan dedilla Malen Azkarragara, Paula gurera etorri dedilla, alkarri lagundu daiogula ta Jaungoikoak guztioi.

        —Txoratu bear zait! Baña Malentxo...

        —Gure Malentxo eztirudian bezelakoa da, ona ta zorrotza, eztia ta ozpiña, bear dan orduan bear dan bezelakoa. Bai, Katalin, amonaren ustea iritxiko da. Malenek nai duan guztia egingo dio Martiñi: egun auetan, konfesatzera eraman bear dualata, koipea baño bigunago darabil. Iñazio Mari ere bildurrez egoten da gure neskatxaren aurrean: ikusiko dezu nola ekarriko duan bide onera.

        —Ai olako bat! Katalin, zerua dakust.

        —Eskatu eikeozu Jaungoikoari.

        —Belaungorrien gañean joango naiz Aranzazura, asmu orrek ondo ertetzen badu.

        Gurasoak baño atzeratxoago agiri ziran Paula ta malen, txutxuputxuka. Ara zer zioten.

        Malenek:

        —Egingo nuke, gure amak eta ezkontzeko ipuiak daramazkitela.

        —Bai zera.

        —Ik eztaki: ire anaiak nere eskabidea egin din.

        —E? Martiñek?

        —Bai, ta nere aitamak baiezkoa erantzun zione, edo itxaropena eman, gutxienez.

        —Malen, nere anaia gaiztoa den, neuk zekiñat ondo: gaiztoa den ta etzatorkin egoki, Jose balitz eztiñat esaten. Jose bai aukerakoa!

        —Ala dio aitonak. Ura bezelako mutillik etzegoalata jardun ziñenan atzo.

        —Ez, eztago, ta maite au, asko maite au.

        —Baita ik ere bera.

        —Ezin ukatu niñeken; barkatu bear dian.

        —Zergatik barkatu? Maitetasun ori nere gogobetekoa den, Paulatxo.

        —Ire gogobetekoa?

        —Bai.

        —Ba orduan... nere barrua itzuli bear, diñat, lertu baño len. Egia den, Malentxo; maite diñat! nere ama beste diñat maite edo eztakik nik geiago bada ere; Iturraldeko Jose animaren erdian, biotzaren txokorik ederrenean zeukanat, bere izena entzuteak atsegin ematen zidan, bera ikusteak alako sarrastada bat... Baña benetan alabil? Ezalden iretzat bear?

        —Ezten neretzako egiten dana.

        —Ta Martin?

        —Gutxiago.

        —Moxolo?

        —Gutxiago.

        —Baña, nolako emakumea aiz i? Ezten iñor maite?

        —Bai.

        —Andikiren bat?

        —Andiena.

        —Aberatsen bat?

        —Aberatsena.

        —Aitaren, Semearen... Jakin liteke zein dan?

        —Jakingo da. Orain ago ixillik.

        Emakumien urrengo, lagunetatik aldenduta, arretazko esamesak zeramazkiten Josek ta Manuelek ere.

        —Albiste berriak, Jose, —zion Manuelek—. Aitak, garaia dalata, zerbait egin bearko degula esan dit. Ni Paulakin senartzea etxe bietarako ongi omen dator. Zer deritzok?

        —Bai, ezta gaizki.

        —Ain zuzen lengo baten asi nintzan Etxenausiko Isabeli zerbait esaten... Ik ezagutzen dek Isabel.

        —Jose Marin alaba gaztea?

        —Bai. Emakume ona dek Isabel, ixilla, elizkoia, maratza, lurlangintzan oitua; baña gurasoen gogokoa Paula dan ezkero...

        —Paulari eztio Isabelek eramaten.

        —Emakumez emakume Paula ederragoa baño eztek. Eguzkia baño garbiagoa, baratxuria baño zindoagoa.

        —Alaxen dek.

        —Lengusua izatea.

        —Lengusua, Iñazio Marin alaba ta Martiñen arreba... Noiz biurtu bear dik Somorrostrora Martiñek?

        —Geiago biurtuko danik eztiat uste.

        —Zer ba?

        —Ezaldek ezer aitu?

        —Nik ez.

        —Ba nere belarrietara zerbait ekarri diate.

        —Zer baña?

        —Malentxorentzat egiten dutela edo...

        —Zer esan dek? Martin Malentxorentzat? Otsoa arkumearentzat? Deabruarentzat aingerua? Ori eztek egia izango. Ezin liteke, Manuel, ezin liteke!

        —Ezluke bear.

        —Onak gaude, benetan baldin bada! Ez altziok ezkontza ori galtzeko neurririk?

        —Naiago nikek. Baño amonaren asmoa omen da ta... Arrek eztio bereari utziko.

        Etzion iñork ere utzi. Norbere animan bein agertzen dan itxaropena, bikañegia izaten da alde batera utzitzeko.

        Malentxo ezkondu nai zuten guztiak zeukaten itxaropenerako iturria: iru senargeiak, bi amak eta amona zoli arduratsuak; eta guztiak saiatu ziran bakoitza bere labeari su ematen.

        Josek etzuan su bearrik gar bizian gori gori egoteko. Aberats aberatsen ondasuna, gizonik argienen jakituria ta gorengo agintarien agintaritza bear zituzkean Malentxoren oñetan jartzeko ta etzeukan ezer! Txiro, argal ta umezurtz izateak erretzen zuan geienbat. Etxe obean jaio balitz! Aitamak dirutsuak izan balira! Bere alde zerbait idoro naian, buru ta biotzean beti azterka, gogoratzen zituan mutikoa zanetik Zabaletan ixuritako izerdiak, soroetan egindako lanak, Urbian eramandako nekeak, aloger gabe, janaren ordañez, etxeko bezela, gogoz, adorez, gau ta egun, alzuan aña, ta ortik azaltzen zitzaion Joseri itxaropenaren arpegia, doi doi ta urrutitxoan bada ere. Ain eskergabeak etziran izango... Oroitzen zituan ume umetatik Malentxoz idukitako arretak, bien artean erabillitako anai-jolasak, onik onenean errai barruan asitako maitetasun andi, sakon, neurrigabearen goraberak, berariz nexkatxak Urkiolan esan zizkion itz zoragarriak: «iñorekin izatekotan, zurekin izango-naiz», ta oroitza oien ondorean, Josek argi ta garbiro ikusten zuan bere itxaropena Zabaletako alaba etzan gezurtia... Gañera, txit askotan zetorkion umezurtzari, egunean milla bidar edo geiagotan zetorkion burura aitona egizalearen agindua: «Manuelek etxera emazteren bat dakarrenerako, iretzat ere aukeratuta neukan norbait», eta agindu orren gogamenak, ez-bai bildurrak kenduaz, osoro gozatzen zion biotza. Joseren amesa lortuta zegoan.

        Martiñek, griñaren aizez, Malentxo ikusiaz ta aidien aurrean apal itxurak egiñaz ixiotzen zuan bere labea. Urduri zebillen, bai, oraindik etzan ezkonduta; baño esku onetan zeukan bere leia, ta bazekian zer epai emango zioten aurki. Bera zan etxekoa, bera bakarrik, etxekoa zalako laguntzen zioten amak, izekok eta amonak, onek batez ere, ta amonaren gogokoa bazan, nai ta naiez garaitu bear. Ta garaitzean aufa! Uribarriko neskatxarik ederrena Martiñentzat, lengusuen ondasunak beretzat, erdiak gutxienez, ta viva la Pepa! ibiltzeko naikua txanpon.

        Moxolok berriz dirua izan ezkero dana eginda zegoala uste zuan, dana, por diñero balla perro, ta berak aña diru etzeukan beste mutillek, Oñatin. Egia, Malentxok Odolkiren bitartez bialdutako eskutitzari etzion erantzun; etzion iñun ta iñola ere arpegirik eman, baña iruditzen zitzaion Moxolori zergaitik: neskatxa ura oso lotsatia zalako. Nolanai ere Ana Josepak irikiko zituan ezkontzarako bideak ederki. Martiñek bear zuala Malentxo? Ba! etzegoan Martiñen bildurrik: Martin besterik ezeko ezkongaia zan. Atsoak pelotariaren sakel betea ikusi zezanean, guardabajo toro el mundo!... Ta ezezkorik balitz? Ezezkorik balitz, bide laburrak billatuko ziran: etsi ez beintzat. Mosolok etsi? Ezta, ezta... Ona zan bera animaren zaletasuna lagatzeko! Astorik ez setatsuagorik.

        Mikallak eta Kataliñek ostera, Jaungoikoari laguntza eskatuaz ta gizonen aurrean amona goratuaz indartzen zuten itxaropena. Etzekiten noraño jaso etxekoandre zarra. Gutxi amona bezelakorik! gutxi alako arretadunik! Bazeuzkan bere akatsak; esnea geiegi neurtu, arrautzak azkar gorde, ogia giltzpean euki, lukainkak sarritxo ikusi, gaztai artzea eragotzi, aleak kutxetan berak ipiñi, mallatutako sagarrak etxekoai jan erazi, edonungo belar pitin, aza, orri, arbi galdu ta gaztaña ustel banakak txerrientzat bitu, ta beste orrelako zurkeri batzuek egiten bazekian; baño, baita ere, garaietan, edozer premiari arpegi ematen. Goserik ez ta geiegirik ez; sartu aldana ta jarioak itxi ori zan bere esakera. Ai arrek etxeari erantsitako zatiak! Ondo zijoazen amonari jarraituaz.

        Azkenez, Ana Josepari, bere ustearen etsai iñor izango zanik etzitzaion bururatu ere. Zein gero? Iñor izatekotan, Joanes. Baño Joanesek, besteak bezela, belaunekoen onari begiratzen zion. Ainbat. Emazteak igarrita zeukan: belarri biak moztuko zituzkean Joanesek, Azkarragako semeak ondo ikusteagatik. Ala ere, aitona Martiñen aserrean zegoan ta ezeritzon senarrari bereala ezer esatea. Ez, itzik ere ez, aserrea joan zakion arte.

        Ta dana erabakitzat emanaz, aizan gure andretxoa gauza guztiak antolatzen ta eten gabeko izketan:

        —Katalin, begiratu zazu gero nola dauzkan Malenek atorrak eta barruko gonak. Gañeko jantziz ondo dagola uste det. Ezer ere eztu puskatzen da. Ipiñi aldu beñere Gorputz egunerako josi giñon soñeko beltza? Orixen du naikua ezkontzarako. Bai, edozetara ere, mutilla baño ornituago joango da neskatxa. Mutil arlotea! Auskalo ze praka ta ze jantzi dauzkan arrek: galdetu zaiozu Mikallari. Prantzizka jostuna etxera ekartzea izango degu onena, datorren astean. Berak daki zenbat kana bear diran alkondarentzat, berak aukeratuko dizkigu oialik egokienak. Oraintxe artu ditu berri berriak Lukasek: berebizikoak ikusi nituan egoikotzeko ostiraleko) azoka egunean... Martiñi ta Manueli berdiñak egin bearko, e? Baño nai ta naiezkoak bakarrik. Gero ere Malenek eta Paulak utsuneak betetzeko astia izango dute... Gure Malenek txukunduko du bai Martin; baita osaba ere. Txukundu ta etxean lotu. Badaukate bearra.

 

aurrekoa hurrengoa