Dendako leihotik
IHESALDIAK
Olerkiak iraultza burutuko zuela uste zuen aurreneko belaunaldiak bertsoen kemenak harresiak hondatuko zituela airean zehar hedaturiko mezuek libre bihurtuko zutela modu bakarra izango zela inguratzen zuena adierazteko zer iritziko digu haren atzean ezkutatzeko erabiltzen dugunoi? hitzezko ziega batean salbu egotea eta libre izatea ezberdintzen ez dakigunoi?
Mendi gailurretan haizeak ez du oztoporik librea da azkar ibiltzeko librea da moteltzeko bere nahiak baino ez du gidatzen ainu aurkituko nik ene gailurra!
Abileziaz darabilzu, nire bihotzeko etsaia eztarria urratu arte oihukatuko dut porrotaren seinaleak borratzekotan eta haizetan idatziriko sasizina joandako itxaropenaren altzoan gordeko ditut egunsentian besarkatuko nauzu, ez ordea, so egingo uharte bateko neure mamuen errege izendatuko naiz behin eta berriro urdinetan txaluparatuko nauten arren euren sortzailea oraineko metan desagertarazi nahian.
Eta arratsalde hartan zure bluesaren urdin tristean ito nintzen denboran zurrunbiloak irentsia esnatu gabeko amodioari leihotik abesten zeniolarik non geratu ziren egun haiek? iraganeko edozein geltoki herdoildutan jaitsi ziren hantxe diraute lekuek, egunero ikus ditzaket euripean askotan hilabete hauetan baina aulkiak hutsik daude orain lana krudela eta amets hustuak soilik konpartitu arren egunak grisak dira orain eta atzean lagatako pozak ahuldu egin ninduela nabarmentzea badut.
Ohean etzanda iluntasunaren larrutasunaz jantzita loak ez nau bisitatu nahi beroa izan liteke, hala ere kafeina da burmuinean jolasean dabilena sinapsiak biderkatuz neure beldurren eitea eratuz buruan loak hartzerik ez nauenean haien esklabua naiz loaldia ote da askatasuna?
Gaueko oihalaren intimitateaz profitaturik korrika egitea gogoko dut ibai ertzean inoiz ez naiz zirkuitu batean biraka ibiltzen beti aurrera egiten dut ihesaldirako ausardia aurkitu orduko prest egoteko.
Bart, gauak jan zuen ilargia eta antza, aitzakia ona izan zen zeruari begiratu eta betiko solasak alde batera lagatzeko isiltasuna apurtu nahian aritu ohi gara dugun dohainik preziatuena dela ez dakigulako ilargia desagertu egin zen gauean barrena eta isilik egin zuen eta isilarazi egin gintuen betiko esaldi tontoak ez errepikatzeko parada ona.
Ihes egin behar dut hemendik atera eta aldendu ahalik eta azkarren berria bila, ezezagunean ezkutatzeko atzera begiratu barik korrika hasi eta ez eten zapatak hautsi arte zertarako baina? zergatik uko egiten diot onarizeari gatibatzen nauen kartzela bakarra dela neure barnekoa? egunero ametsetatik inoiz aske geratuko ez diren itxaropenez elikatzen dudana inondik ez dago ihes egiterik kartzela zugan bizi izanez gero.
Borreroek biktimaz mozorrotuta bortizkeria oihuka salatzen dute sarritan ahazten dugu benetako biktimek jada ez dutela oihukatzerik ahotsa ito zieten gaur gupida erregutzen dutenek.
Bilerara heldu berria eta astero legez lehenengoa naiz oraindik ere ez dut ikasi zazpi eta erdietan geratzeak hamar minutu beranduagoa heltzea esan nahi duela argiak pizten eta aulkiak biltzen ditut berandu baina denok etortzekoak direla ziur nago denboraren poderioz onartu dugulako hauxe dela bizirik gaudela jakiteko daukagun froga bakarra inposatutakoa ez den bakarra berri onak dakarzkiet gaur aste oparoa izan da ziurta nezake helburua beteko dela atzerapenik gabe hala ere, ez dakit esatea merezi duen inork ez baitu eskertzen eskaintzen diet lana agian dohan egindako lanak ordaindatutakoak baino gutxiago eskertzen delako.
Besteen onarpena behar dugu ahulak garelako ez digu balio ondo aritu garela jakiteak inoiz heltzen ez den arrakasta bila ematen dugu bizitza lorturikoa baliogabekoa suertatzen baitzaigu irrifarren bildumazaleak gara eskumuin eske dabiltzan eskaleak axolarik ez nondik datozen uzta oparoa behar dugu egunero gauzak ondo ibili direla geure buruari esan ahal izateko loak hartzerakoan elkarrekiko esklabu hutsak gara.
Agian poza ereiteko lurra antzua da agian minaren haziek fruitu hobeak eman ditzakete baina, ba al dago modurik eremu horretan barneratzeko irteerak non dauden ahazteke? posible al da mundu bien arteko hegian egonkortasuna aurkitzea?
Dendako leihotik |