Dendako leihotik
David Tijero

Kutxa, 2001

 

 

DENDAKO LEIHOTIK...

 

 

 

 

Dendako leihotik

bizitzaren liparrak pasatuz doaz

ikastolara berandu heltzen den gaztea

lan egitera doan heldua

egunkaria irakurtzen duen zaharra

bere amodioa erakusten duen bikotea

eta neska bila dabiltzan morroiak

tabernara doan langabetu etsitua

goxokiak jaten dituen umetxoa

galduta dabilen turista

diru eske datorren txiroa eta

akordeoi urrun baten notekin aldentzen dena

langileen hamaiketakoa

eta kaleko erreginei egindako txistuak

ezkonduen betiko ostera

eta haizea

eta goizeko izpiak

eta arratseko ilunak

eta gau laiotza

etengabe pasatuz doaz

dendako leihotik.

 

 

 

 

Aiztoak zauritu nau

abisatu barik ebaki dizkit eskuak

zergatik zigortzen nauzu era honetara?

eskuak baino ez naizela bazenekien

eskurik gabe ezer ez naizela

ezindua utzi nauzun arren

denborak orbainduko ditu zauriak

nire lanarekin jarraituko dut egun gutxitan

soilik odolik ez darien zauriak sendagaitzak dira.

 

 

 

 

Dendaria poltsak irekitzen dabilen artaziei begira

bere hiltzaileen bisaiak ikus ditzake altzairuaren ņirņirrean

gaur laguntzen dion ahoak, bihar hil egingo duela badaki

egunero txanponak aldatzera etortzen diren bi eskaleak

betiko moduan sartuko dira egunen batean

dendako gauzarik ezkutuena eskatu eta bizkarra erakustean

artaziak kaxoitik aterako dira

batek dirua ebatsiko du

besteak, ordea, hango bizitza ziztrina

altzairuaren musua ez du sentituko agian

min laburra eta sakona heharbada

edari hotzen gainean eroriko da

etzanda iraungo du hurrengo bezeroa heldu arte

lurrean eroriko dira artazi errudunak

borreroa eta kondenatua elkarren ondoan

beste baten eskuak traidore bihurtuko dute adiskide izan zena

ez dira bueltatuko eskaleak truke bila

ezta artaziak poltsak irekitzen ere

bizitza ziztrineko beste dendari bat erduko da

egunero zoluko orban gorria ikuzten saiatuko dena.

 

 

 

 

Larunbateko gauez jendez beteta daukat denda

aurki mozkorrak helduko dira

pazientziazko geruza jantzi beharko

koadrilarekin sartu zara

motxila dendan gordetzeko erregutuz

nola ukatu hain fabore erraza

neure soak lagundua barrura zoaz erostekotan

jendearen artean ezkutaturik

poltsikoratzen duzu ez ordaintzea erabaki duzuna

ez nukeen ikusi nahiko

engainu hutsa nahiago izan nukeen

baina begiek oraindik ere ez didate gezurrik esaten

zergatik zeu izan behar zinen?

horrela eskertzen didazu mesedea?

eskatu ahal zenidan

hurrengo egunean ordainduko zenidala esan zenezakeen

neure eguberriko oparia izan zitekeen

baina biok badakigu engainua ez dagoela onartzerik

eta salatu behar zaitut

isilik hurbiltzen zatzaizkit

tinko begira erruren arrastorik gabe

ordaindu nahi duzuna erakusten

diskretua izan nahi dut ezkutatzen duzuna kobratzerakoan

jendez beterik dago denda eta ez zaitut lotsatu nahi

denoi bigarren aukera eskaini behar zaigula irakatsia naiz

baina zertan ari naizen galdetzean

arbuiatu egin didazu

ukatzen baduzu ere

zure masailetako koloreak egia esan du

dendako jendea isildu egiten da

guri begira dago auskalo zer entzuteko asmotan

poltsikoa irekitzeko eska niezazukeen

baina ez zaitut bezeroen ikuskizun doan bihurtu nahi

lapurketa txikia da eta niri ez didate gutxiago ordainduko

sinestu nahi nuke ez duzula errepikatuko

hemen ez behintzat

gaua luzea izango da

hasi besterik ez da

eta kutxatik pasatzeko ilara luzeegia da

ez dagokit niri poliziarena egitea

ordubete barru poltsa bila itzuli beharko zara

ziur ez didazula begiratuko arestian bezain tinko

zuk zeuk aukeratu duzu zigorra.

 

 

 

 

Gaurko eguna hustua tokatu zait

betiko esperantzaz ireki dut haren ontzia

baina ezer ez zegoen niretzat gordeta

ontzi hutsarekin konformatu beharko naiz

bihar arte ez bainaiz berri bat jasotzekoa

edukina ez daukadanean ontzia erabiltzen ikasi beharko nuke

zaramara bota beharrean

egun gehiegi hustu etortzen baitira

egunez dago osatuta bizitza

eta bizitza gehiegi zaramara botatzen ikasi ditut

neurea ere haiekin bil dadin.

 

Dendako leihotik
David Tijero

Kutxa, 2001