Dendako leihotik
David Tijero

Kutxa, 2001

 

 

BIDAIAK

 

 

 

 

Abiatzeko garaia, azken agur eta musuak ostean

neguan joandako anaia bila noa

hiriaren eta neure existentziaren grisa urruntzekotan

kobazulotik ateratzen naiz mundu berri baten itzalak baino gehiago behatzeko

ezagutu baina inoiz ikusi ez ditudan beste modubizitzak,

lurralde eta jendeen artean nahasteko eta

gurasoak erakustera ausartu ez diren nahia betetzeko itxaropen ahularekin

urrun dagoen semea haiei bueltaraztekoa

oraindik ere ez dira ohartu elkarrekin mantentzen zituen

bigarren katea luzaroan apurtuta dagoela...

hegazkin pateran sartu berri naiz eta

eserlekuan jesarri bezain pronto

nire bizitza jada ez dela nirea somatzen dut

besteren menpean sentitzen naiz

azken aholkuak azaldu ondoren zerurantz igotzen gara

ondoko ahizpa bikiek konplizitatea bilatzen duelarik neure soan

beraien lehenengo hegalaldia delakoan begirada itzultzen diet

minutu gutxitan lasaitu eta lokartzen dira

nik ez dut lorik hartu nahi

beheko itsasoa, kotoizko hodeiz estalirik, zoragarriegia da...

 

 

 

 

Ezaguna den guztia atzean geratzen da zu izan ezik

lurralde berrietara heldu zen gutariko bakarra

sei hilabete eta gero elkar agurtzen dugu

eta ezer ez dela aldatu badirudi ere

inoiz baino desberdinagoak garela nabaritzen dut zeure hitzetan

zure bizitza berria apurki apurki erakusten didazu

etxea, lana, hiria, hondartza eta milaka herritatik iritsitako lagunak

denak kanpokoa ezagutzeko kemenak ekarriak

bizitza, ikasketak, lana eta familia baino zerbait gehiago zeneko susmoa

zurekin konpartitzen dutenak

euren jaiotze lekutik aldendu ziren bizirik dirautela sentitzearren

laster konturatzen naiz jada ez dagokizula jaiotzen ikusi zintuen hiria

hain hurbil eta hain urrun elkarrengandik!

 

 

 

 

Lehenengo gaua hondartzan jaiotako hirian

gela txikia, kandelak erdian eta burdeaux edalontzietan

nekez ikusten ditut nire inguruko aurpegiak iluntasunean

ahotsak baino ez dut nabarmentzerik

Europako batasunaz gehiegi jakin gabe mintzatuz

ardoa desagertuz doa botiletatik

musika dugu lotura bakarra geure aurreko bizitzetatik

loturra berriak sortu beharko dira datorren egunetan

baina gaur hobe izango da deskantsatzea.

 

 

 

 

Hamazortzi urteko neska

haurtzaroko ametsetik lasterregia esnarazi zintuzten

amak zugatik galdutako gaztaroa berreskuratu nahi izan zuen

zure adineko mutil batekin

aita eta biok etxetik bota zintuztelarik

hamazortzi urteko neska

hotel bateko sukaldeko lana onartu zenuen

nahikoa alokairua ordaintzeko eta

arratsaldeak garagardotan itotzeko

garai hobeak etortzekoak zireneko itxaropenarekin batera

hamazortzi urteko neska

zin dagizu ez dituzula errepikatuko amaren hutsak

baina gero eta zailago suertatuko zaizu

inguratzen zaituenari ez diozulako ihes egiterik

eta laster seme alabek ostuko dizute

zuk amari ostu zeniona

hamazortzi urteko neska

ederra da zure bisaia.

 

 

 

 

Bidaia neketsu bat egin ostean

esnatzear zegoen ziutate beltzak argiz agurtu gintuen

oihal berdeak zeharkatu genituen zure bazterreraino eta han

atea ireki era zure logelara eramanak ginen

lanean zeunden baina zure presentzia, bizitza, asmoak

lau horma haietan laburbilduta azaldu zitzaizkigun

asko jakin daiteke pertsona bati buruz bere gauzak behatzen...

liburuak, diskoak eta argazkiak mintzatzen zitzaizkigun

dena atzean uztea erabaki zenuen egunez

bizitzan fakultateko apunteak, asteburuetako parrandak

eta futboleko partiduak baino gehiago zegoela

mundua, bakarra bazen ere, errealitate anitzez beterik zegoela

eta bizitza bakarra genuela haiek gozatzeko...

bata bestearen atzetik lokartu egin ginen zu erdu arte

denborak aldatua zinen

ez nuke zaharragoa esango, helduagoa baizik

so desberdina zeneukan

ezagutzeko grina adierazten zuena, ohitura eta lanbide berriak

eta Indiara joateko asmoa

Pakistanen aurkako gerra atomikoak Kaxmir aldeko lurrak hondatu aurretik...

etorkizunerako helburuei buruz hizketan

zeru magikoaren dizdirak gela nagusia xarmatzen zuen

udaroan, hiri beltzeko gaueko oskarbia zuria zen.

 

 

 

 

Asteburua iristear dago eta hiriburutik etorri berri diren lagunek

giro berezia ematen diete kaleei

lanetik ateratakoan, kostaldeko pasealekura goaz besteak azaldu arte

emakumeak, erreginak moduan jantzita, dardarka dabiltza gure ondoan

ausarta izan behar da gero, udaroan bagaude ere

Atlantikoak dakarren haize enbata mauka motzetan jasateko

falta direnak etorri eta denok batera edaria erostera

hamaika botila Bulgaria aldeko ardo zuririk merkeena gureganatu ondoren

parranda geure kabuz egitea darabakigu

etxaurrean lagatako aldamion gora teilatuaraino igotzen gara

eta eguzkia antenazko oihanetik astiro pasatuz doan heinean

ardoa uste genuen bezain pozointsua ez dela konturatzen gara...

erraza izan da igotzea, hala ere, botilak hustu ostean, jaistea ezezkoan gaude.

 

 

 

 

Gaua barreiatuta dago Ortzadarreko auzoan

eta larunbatero legez kaleak

gizakiek soilik eman ahal dituzten espeziez beterik daude

mozkorti abeslariak laguntasun faltsua erakusten

ospea betaurreko ilunen atzean izkutatzen saiatzen

ondokoaren berdintasunean poza aurkitu nahi dutenak

ekialde urruneko lagunak kristauren abestiak kantatzen

amodioa ordain daitekeda uste dutenak...

predikatzaile beltz batek belarri gorrentzako

oihu antzuak botatzen ditu prostibulo baten aurrean

bi poliziaren begirada urrunpean

hori ez dela bidea dino

Jesusek ez zigun hori erakutsi

etortzear den azken judizioaren egunean

pekadunentzako salbaziorik ez da izango

oihukatzeari uzten dio ikusten nauenean

ezin diot eutsi bere begiradaren indarrari, so tinkoa da

bidezkoa dela uste duenaren indarra dauka

nire ahulezia agertarazten duena

segundo batzuk geroago oihuekin darrai

inoiz ez dut jakingo zergatik isildu zen haren ondoan pasatzean

 

 

 

 

Amets batean bailitzan

taxiak kobazuloraino eraman gintuen

lagunez inguraturik, berriak bezain faltsuak

higidura errepikakorrak hormetan

amaigabeko bukle batean bahituta

lausoak dira begiratu nahi ez ditudan irudiak

zoriontasun kimikoak giroa kutsatu du

astintzen ditu bizitzaz xiringaturiko gorpuak

ateen giltzak eskuz aldatzen dira

paradisua irekiko digute

zahartzaroa gaztaroaren ajea dela ahaztaraziko digun

gau bateko paradisu artifiziala.

 

 

 

 

Porlanezko oihanean banpiroaren behatokia datza

anima gabeko erraldoiek, beraien jaunak bidalita, harro egiten digute so

laster ahaztu dute nork sortuak ziren

bizibako kaleei astean zeharreko oihartzunak darizkie

eguneroko borroka antzuez mintzatzen dira

irabazle bakarra izan dadin dena prestatuta dagoelako

gizakien ametsak betearaziz edo ukatuz

banpiroaren menpean

botere ikustezinaren esklabo bat presaka dabil gure aurrean

otarteko bat azkar jaten banpiroa bera jaten ari den moduan

bizimodua eta bizitza nahastuz bereiztezin bihurtu arte

indartsuak dira itzalak gune honetan

haiei ihes egiten diegu

banpiroak gu inguratzen hasi gaitu eta.

 

 

 

 

Bed & Breakfast hotel batean

bost lagunentzako logelara heltzen den azkena naiz

bakoitza bere ohean etzanda

telebistari begira banan banan agurtuz doaz

where are you from?

galdetzen dit erretzen ari den joint-a pasatzen didalarik

galdera erraza da

isiltasuna hausteko erabiltzen direnetarikoak

ez, ordea, erantzuna

zer erantzun galdera horri?

naziorik ez duen herri batekoa naizela?

existitzen baina ez den aberri batekoa?

hiru hiriburu dituen aberrikoa naizela?

haren hizkuntzari uko egiten dioten agintarien aberrikoa?

gure Salomon partikularraren soldaduaren ezpatak

erdibanatu zuen aberri batekoa?

ustezko bi amei puxka bana entregatu ziena

bien isiltasun salagarria zigorrik jasotzeke

beren sasikume bilakatzeko...?

erantzun anitz eta zail galdera huts bati,

hala ere errazena aukeratu dut

Guggenheimaren hirikoa natorrela diotsot

nekatuegi nago ulertuko ez lituzketen kontuak azaltzeko.

 

 

 

 

Itsasoa aske dagoen Hegoaldeko kostako hondamenak

inoiz existitu ez den iragana aintzagarriz mintzo dira

beti zaharra izan zena

dekadentzia izaera moduan aukeratuz

urek egunero lapurtzen duten hareabako hondartza

gauez itzultzen digu altxorrez elikatuta

zerua hodeiertz borobilean hiltzerakoan

hiri sekretua ikusten dugu, beti hortxe izan da

itsasoak erditua

kaioen etxebizitza

bele beltzen ostatua

eta, udaroko gau laburretarako,

gizakion lorik ez egiteko logela

harrizko plaian beteko zaizkigu nahiak

ortze infinitupean bizitza ezberdina asmatuko dugu

pozak eta tristurak berriak izango direlarik

zugandik joan beharra daukat

jaioterria gogoz deika dago eta

eguneroko mamuengandik aldendu orduko

lurra launaren ahotsa beti zain egongo dela dakidan arren

etor bitez hara ene arerioak

bila nazatela hango edozein txokotan

nire beldurra euren indarra zen

eta ziutate ezkutatu honetan ausarta sentitzen naiz.

 

Dendako leihotik
David Tijero

Kutxa, 2001