Dendako leihotik
David Tijero

Kutxa, 2001

 

 

MAITALEAK

 

 

 

 

Eguna gogoratuz nabil

ilunabarrero egiten dudan legez hondartza ezkutatuan

irudiak bilatuz nabil

ortzeko izarrak lotuz marra irudikarirekin

bi dizdiratsu horiek zure begiak

ahoa eratzen duten haien ondoan

zure eskuak itsasoak laztanduriko hodeiertzakoak dira

eta zerua bi zatitan hausten duen zure adatsean

neure babesa aurkitzen dut gauero

eguna gogoratuz nabil zeruari so

baina zure bisaia baino ez zait azaltzen

beste gauza batzuk oroitzen saiatu arren.

 

 

 

 

Goizeroko bidaian beti zaitut ondoan

askotan atzean, sarritan aurrean

noizbehinka eskuinean batzutan ezkerrean

baita elkarren aurrean ere

betikotasunak elkar ezagutarazi gaitu

eguneko lehenengo bisaia zaitut

munduan gauza ederrak ere badaudela gogorarazten didana

eta gauak pizturiko zure ninietan ikusi ditudan arren

egunero ezberdinak izaten diren egunsentiak

inoiz aitortuko ez didazun sekretua azaltzen da haietan

laster bidaia honetatik desagertaraziko zaituena

klandestinitateak tokiz aldatzera hehartzen duela onartu baitzenuen

keinu bat laguntza eske aurkitu nahi nizuke nakar beltz horietan

betiko beldur eta susmo beharrean

goizero, azkenengo bidaia izango delakoan egonik

zure begiradan barruratzen naiz

zeuk ere egunsentia behatuko bazenu bezala neurean

harik eta, abisatzeke, bidaietako egunsentiak konpartitzeari utzi arte

eguberriak lehenago urdinduko du zerua

testiguak ostuko dizkio egunsentiari

eta zeure begiak jada ez dira izango hura islatzeko.

 

 

 

 

Lehen aldiz ikusi berri arren

nahi zaitut

zure ahotsa inoiz entzun ez arren

nola esaten duzun esaten duzuna ez dakidan arren

nahi zaitut

ziur aski ez zaitut ezagutuko

nekez maitatzerik izango zintuzket

baina nahi zaitut

denbora errugabea izanen da zure aurpegian

gaztaroa aldenduko da heldu zen bezain azkar

ke urdinak barrutik ustelduko zaitu

alkoholak heriotzaren haziak hedatuko ditu,

hala ere, nahi zaitut

zeure niniak inguratzen dituzten zirkuluetara

laburbil zintzakedalako ere

soberan edukiko nuke amets egiteko.

 

 

 

 

Txoriak hegaka ikasten duen legez

zu maitatzen ikasi nuen

txoriak hegan egiten ez badu txoria ez delako

zu maite ez bazaitut ezer ez naizelako.

 

 

 

 

Olerkia zeure begietan hiltzen da

unitate anitzetan zatituz doa

bertsoa hitzetan barreiatzen da zure aurrean

hitza hizki bihurtzen da hasperen ttiki batez

hizkiak zeure ezpainetan desagertzen dira

berbarik ez dut behar ondoan zaitudanean.

 

 

 

 

Elkar ezagutu genuen

elkarrekin izan ginen

elkarri min egin genion

elkarrengandik urrundu ginen

elkarren berri ez ohi dugu

atzo elkar ikusi arte

elkarri begira mintzo ginela

elkarrekiko menpekotasunik ez

elkarren artean ez badago ezer

elkarrengana bueltatu nahi ote?

 

 

 

 

Ilargi gabeko gauerdia udako mendian

neure burua zure belaunetan artega datza

eta esnezko ortzadarrak babesean

egiten dizut so baina

           ezin bereiz ditzaket

zeure ninien dizdira urrunean dauden goiko izarren artean

           ezin bereiz ditzaket

zeure hitzak baso iluneko hotsen artean

ezin bereiz ditzaket

zeure ferekak haitzetatik etorritako haize boladen artean

eta sua apurka apurka amatatuz doan bitartean

zu eta biok pixka bat urrunago gaude elkarrekiko

konturatu ere nahi ez dugun arren

ilargi berriak helduko dira

piztuko dira gauero izarrak

eta zeruak suzko malkoak egingo ditu negar

baina jada ez gara hemen izango hura guztia ikusteko

egunsentiak betirako banatuko gaitu baina, behintzat

azken gau hau dugu gure amodio antzua konpartitzeko

azken aldiz elkar edukitzeko, goizeko argiaren indarrak

sartuta egon garen gezurra suntsitu aurretik.

 

 

 

 

Bizitza ilunduz doakit laztana

pozoina barreiatzen da begietatik

argia lapurtzen duen eklipse bat bailitzan

eta ez dakit zenbat denbora dudan zure irudia so egiteko

egunak arratsaldea ematen du

gaua arratsaldeak

gero eta luzeagoak dira gauak

laster

gehiago sentituko ditut zure ferekak

gogotsuago besarkatu beharko zaitut

sakonagoa irudituko zait inguratzen zaituen usaina

goxoagoak izango dira musuak

argia agortuz doa eta gauza gehiegi behatzeke geratuko dira

laiotzean bizitzear banago ere

gauza bakar baten baino ez naiz beldur

amets egin beharko zaitudala niri begira ikusteko.

 

 

 

 

Ez nago prest oraindik ere

ahulak dira orbainak

gehiegi eskatzen didazu

ezer ez didazulako eskaintzerik

joku honetan jasotzeko eman behar dugulako

eta nik, arau guztiak apurtuko nituzke

ausardia eskatzen diozu koldarrari

itxaropena ezkorrari

garaipenak galtzaileari

haatik

badakit zeu aukeratuko zaitudala

patua erakarle bihurtu zaigula

eta ainguraren katea bildu beharra daukadala

iraganeko itsaskia baretu ez bada ere.

 

 

 

 

Joan hadi, ez hurbildu gehiago

ez haut oroimenean gorde nahi

ideiak lausotuko hizkidake eta

noraezean ibiltzeari uztea erabaki dinat

eta hi urrun izan beharko haiz

milaka pausu ematera kondenaturik nagon

higandik aldentzeko

lehendabizikoa hastear nagon

ken adi neure bidetik

denborak nire alde jokatuko din

ustelduko ditin barrutik akabatzen nauten liparrak

aldiunez aldiune borratuko hau

itsasgoraren olatuek hondartza borratua den legez

noizean behin azalduko hatzaidan arren

ekingo diodan labirintoa den bidezidor luzean

defendatzeko armak, aurkituko dizkinat

baina beste edozer aurretik

irteera libre utzi behar didan.

 

Dendako leihotik
David Tijero

Kutxa, 2001