Dendako leihotik
DENBORA IHESI DOA
Orratzak badoaz erlojuan kanpai hotsak elizaren dorrean orriak banan-banan egutegian ideiak azkar dabiltza buruan ametsa oroitzapen bilakatuz ereintza fruitu proiektua errealitate izerdia malko... atzo seme-alabak izan zirenek gurasoak uzten dituzte gaur asmatu ezinik haiek izango direla bihar lagatakoak eta atzean geratu zirenen lekuaz hurrengoak jabetuko direla haiek guztiak egunaren eta gauaren arteko bukagabeko borrokaren ikusle isilak oihal zuriak aurkezten dituen hostoen heriotz ederra horia izango den orlegia zuhaitza biluzik uzten duen haizea oskarbiaren dizdira garbitzen duen euria gaueko ama iluntasunez janzten hilabetez joan ahala itsasotik datozen hodei beltzak ekaitzean itsasora bueltatzen direnak dena denboraren iragaitzaren aztarna hegazti ejerzitoak udazkeneko zeruak zeharkatzen hartzaren neguko kobazulo iluna harra izan zen tximeletaren hegalaldi laburra tontorretako zuria era zuhaitzen fruituak dena barroterik gabeko kartzelan preso ziklo infinitu baten zati finituak bukaera berdineko antzezlan anitzen protagonistak izadiaren morroi hutsak, existitzera kondenaturik.
Euria du zeruan leunki jausiz doaz tantak dantzan haizearekin dabiltza elur maluten gisan isil-isilik du euria hodeietatik saltoka airetik linburtuz hotsik egin gabe udazkeneko orbelen gisan euria du neure buruan inork ikusten ez duen euria potxingoak eratzen dira isilik itotzen naiz haietan oihukatzeak ez ninduke salbatuko.
Gauak isildu zituen oihuak euriak zelaietan isuritako odola garbitu zuen lokatzak estali zituen gorpuak udaberriak lorez edertu zituen landak heriotzatik jaiotako edertasuna oroitzapena ostuko diguten loreak ahaztaraziko diguten lore politak odol berritan hil egingo diren lore inozenteak.
Zuhaitzetatik joan da udazkena txoriek irekitako bidetik haizeak urrun eraman zuen biluzik geratu da basoa margul eta zurtz gure aurrean orbela lur bihurtuz doa zuriz estaliko den lur, hurrean hits daude orain adarrak gurasoen moduan seme-alabak abiatzen direnean loaldirako azken urratsa izan dela ulertzen hasiak gara.
Loreak zimeldu ziren negu krudela heltzerakoan nork margotuko dizkigu orain etortzekoak diren egun zuriak?
Zaharra da negua zikinduz doa bere zuria eta hotsez betetzen da basoa bulkada iristear dagoenean argiak errazago menperatzen du iluntasuna gero eta leku gehiago betetzen izotza tontorrek elikatuko duten ibai bihurtu da aurki zuhaitzen babesa izango dugu hegoaldeko oihartzunak azalduko zaizkigu zeruan heriotzari bizitza darion arren ez dut poztu nahi zerbait betirako galduta dagoelakoan.
Izpi horiek udaberriko zelaiak laztanduak badira ere lehertzeko zorian dago zerua urrunean goiza gau bihurtu duten hodei zamatsuak opari bortitza lagatzekoak dira eta ekhia ahulegia da oraindik ere estalki ilun sakona zeharkatzeko guda baten oihartzunak heltzen hasi dira argizko sugeak narrasten dira errai beltzetatik zelaiak ferekak galduz doaz hurrean lokatzetan ito egingo dira babes bila ibili behar babesetik dena atera berri denean.
Atzo leiho ondoan jolasten zuen auzoko txikia zinen gaur leihoa ixten zuen gaztea neskalaguna etxeratzean bihar leihotik bere burua botatzen duen aita izango zara espaloiak harrera odoltsua egingo dion aita garaitua zure bizitzatik hogei metrotara izan nauzu beti eta ez dizut laguntzerik izango inoiz ez zintudalako ezagutu nahi izan egunero behatzen zintudan arren zure gorpua ikusiko dut behean eta nik soilik sentituko dut bihartik aurrera leihoan inor ez dudalako izango behatu ahal izan dezadan.
Gaua bukatzear dago amaitu beharra daukat lehendabiziko argiak lapur ez diezadan islatzerik izan ez dudan ideia burutik korrika dabilen piztia da eta ezin dut kaiolaratu paperean ehiztari desesperatuen gisan tiroka nabil burmuineko itzalei baina hutsuneak baino ez ditut zulatu harrapatu behar dut egunsentia itsutu baino lehen.
Laster niregana etorriko dira eta ez dut lekurik izanen ezkutatzeko ohean sartuta, aiduru nago ba al dituzu entzutea? milaka katu teilatuetan ibiliko bailiran... hotza egiten du eta haizea disipatu eta gero zeru beltza tximeleta zuriz betetzen da leihotik ikus ditzaket leunki erortzen, kristalean hiltzen ailegatzen ari dira eta okerren bilduma baino ez dut gorde zuretzat nire lagun bakarra laster abiatuko naiz negu aldea ezagutuko dut.
Dendako leihotik |