Dendako leihotik
BIZITZA KAIOLATUAK
Egun batean jakinarazten dizute lagunak ezezagunak direla zurekin bizi direnek ezagutzen ez zaituztela gezurrezko ametsen bila zabiltzala sortu zintuenaren esperimentu bat besterik ez zarela leku bat eta aro bat egokiarazi zizkizula asmatutako errealitate batean sarturik haren baldintzapean esistitzeko kaiolako espazioaldean mugaturik dagoen txoriaren moduan bizirik irauteko senak baino ez zaituela gidatzen nahiz eta helbururik ez eduki egun batean jakinarazten dizute libre zauden arren ez zarela libre.
Agurea trakeski dabil hondartzako bidezidorretik makilak ahuleziari eutsita geroxeago jin zirenen indiferentziaren aurrean bakarrik doa bidetik bakarrik da munduan itsasoan urperatuz doan eguzkiaren gisan astiro amatatuz gau izarbakoak barrutik barreiatuz maite zuen guztia atzean laga izan zuen denborako etorkina jada ez dagokion errealitate baten preso... bere urratsek lurrean dagoen pote bateraino daramate zapaldu eta herdoilduriko pote purtzila segundo batzuetan behatu eta gero esfortzu handia eginez potea hartu eta poltsikoratu egiten du eta arnasa berreskuratzean bere martxa dekadentea darrai agurea ere laster botata dagoen lekutik norbaitek bilduko duelakoan.
Nork lagunduko dizu kandelak amatatzen? Nork abestu eta opariak emango? Nigandik urrun (a)hazten ari zara jada existitzen ez den umetxo baten oroitzapena baino ez dut gordetzen zugandik ziur aski zuk ez nauzu gogoratzen eta ni ez naizen beste bati «ama» deituko diozu beste batek musukatuko zaitu ohera sartzerakoan bizitzak eman zizuna nauzu baina zure bizitzaren zatitxo bat izateari uko egitera behartu ninduten nolatan maite zintudan erakusten utzi barik nire ondotik aldendarazi zintuzten gaua egin zen goiz hartan eta harrezkeroztik hegoak galdu dituen hegaztia naiz sustraiak baino ez dauzkan zuhaitza lehorrean igeri egiten saiatzen den arraina zurekin altxorrik preziatuena joan egin zitzaidan eta gaur urtero legez, apirilaren egun honetan jaio zinenetik inoiz jasoko ez dituzun jostailuak erosiko dizkizut eta urruntasunean izango bada ere egunez ametsek lo egiten duten zeruko toki ezkutatuan nire magalean jarriko zaitut, era gauero egiten nizun moduan zure loaldia zainduko duten kanta zaharrak abestuko ditut zure begi nabar haien so bakar bat egingo ahal didate! Esnatu berriaren irrifar bakar bat oparituko ahal didazu! Bizitza berri bateko ehun eta laurogeita hamabi egun haiek baino apur bat gehiago edukiko nuke gaueko laiotzezko esistentzia hau argitzeko.
Gaueko olatu beltzak irentsi zituen goizez hondartzara itzultzen dituen orbainak etorkizun bila zetozenak oroitzapenik gabeko iragan bilakatu dira laster eramango dira garbia geratuko da hondartza erroitzik zeharkatzen ikasi behar ez duten so itsu eta iheskorren aurrean tragedia betikotasunean aspalditik hil baitzen atzokoak eta biharkoak gaurkoak bezalaxekoak baitira.
Etorkin bat bota nuen lorategitik etxeko hesia zeharkatu zuen zuhaitz baten pean lo egiteko leihotik ikusi nuen eguberriko argiak piztutakoan bere lo zakuan sartuta ondasunak almohada moduan gizon gaztea, aukera bat jaso nahian dena atzera utzi izan zuena nire lorategira etorri zena garrasika atera nintzen beldurrez baina mehatxuka lorategira heldu orduko hesiaren atzetik desagertua zen bota bat ahaztuz ihesaldian nik ez nuen beldurtzea nahi neu nintzen beldurtua desagertzea baino ez nuen nahi intrusoa zen neure lorategian neure paradisuan ez nuen nahi bota galtzea nola egingo du korrika orain poliziei ihes egiteko? Zergatik ez nion laguntzarik eskaini? Neurea denetik at baino ez nuen nahi hauxe izango al da seme-alabei irakatsiko diedana? Zer kalte egingo zukeen? Gau hartan bederen salbu egongo zen lorategian nahiz eta txakurrak ere aterpe hobea eduki neure jabetasunen hondarrekin konformatzen zen eta nik uko egin dizkiot.
…lokartuta neguko egun zurietan udaberriaren zain dauden enbor biluzien gisan su berritzailezko eztandarik bortitzena egin aurretik sumendi baketsuaren gisan beldurraren trintxeretan sartuta eraso egiteko ausardia bila heriotzara abiarazitako soldaduaren gisan kateak apurtzeko eguna noiz helduko nagusiaren itzal beltzapean dagoen esklabuaren gisan mesias berriaren etorri nahian milaka hodi katodikoren aurrean dauden gizarte madarikatu honen gisan iraultzak suntsitu ohi dituen inposaturiko sistema ustelduen gisan esnatu nahi?...
Gizon bat hil berri dut, ama eta badakit negar egingo duzula jakitean batzuek munstroa naizela esango dizute beste batzuek herria askatuko duten heroitariko bat gizon bat hil egin dut, ama ez diot aukerarik eman pistola laztandu baino ez dut behar izan ez naiz gauza izan begietara so egiteko aldiune batean lurreko orbain bilakatu bat aldiune batean dena kendu diot irakatsi zenidan guztia bat-batean ahaztu dut eta negar egingo duzula jakitean badakit komentzitu nahi izan diot neure buruari bera ere asasinoa zela berak ere umezurtzak eragin dituela baina sentitzen dudan errua ez dago ezabatzerik gizon gehiago hil egingo ditut, ama eta aldi bakoitzean negar egingo duzu jakitean ni hil egingo ninduketen gizonak amaigabeko borrokaren beste biktima bat bainaiz biktimak sortzen besterik ez dakien biktima dagozkigun garaiak ez ditugulako aukeratzen eta orain, neurea ez den odola eskuei darielarik ihes egin behar dut oraingoan ez dut babesik izango zeure malkoz bustitako magalean maitatzen jarraitu behar izango nauzun arren amek seme-alabak maitatzen dituztelako.
Hire ariman etsipena duk porrotaren lekuko isila jakin beharko hekien ausardia nahi ez duenarentzat debekatuta dagoela bidaia.
Hondamen fisikoak eragindako loak hartarazten zuen depresioa gainditu du amak lana bizimodua dela eta ez modubizia ikasi du aitak semeak bizitza propioa eduki dezakeela ulertu dute biek heldutasunera eraman duen urrats mingarria eman du anaiak bere azken urteetan alarguna izango dela onartu du amonak belaunaldi honetako lehenengo ezkontzak laster iragarriko dira hemendik aurrera ezezagunak ez bailiran portatzeari utzi ahal izango diote sekulan ikusten ez ditudan senideek neskalagunarekin bizitzera joan da gaztaroan musurik jaso ez zuen laguna koadrilako lehenengo aita izango dugu hurrean dena gezurra dela jakin du dena sinesten zuen atariko ameslariak aukeratzea du orain arte mugatuta zegoen adiskideak elkarrengandik banatu dira erotu baino lehen esne mamitan bizi zen bikote perfektu hura bienbitartean autobusetik behatzen ditudan egunsentiekin konformatu beharko naiz tristura goxoa den bizitza dastatzeko betarik ez dut izan oraindik ere.
Bizitza osoa eman dut seme-alabek beraiena eman dezaten beren seme-alabak aurrera joan zitezen bizitza ematea aurrera joatea baldin bada bizitzea ahaztu izan dut eta jada denborarik ez dago neure gaztaroko lehoiak oroitzapenean kaiolaratzeko ametsak hustuak geratu zaizkit esistentzia ez zidaten irakatsi gozatzen darizkion fruituak ez dakit harrapatzen soilik lan egiteko hezia nintzen sentitzeko gauza zen makina bat izan naiz sentimenduak ere ebatsiko ahal dizkidate! Eta orain, lana betiko bukatuta dagoelarik tokirik gabe aurkitzen dut neure burua mundu honetan sistemaren biktima hutsa beste bat baino ez ekoizpenetik at, orotik at zer kutsu utziko dut hemendik joaterakoan?
Seme-alaben aurrean negar egiten duten gurasoak hiltzen diren heroiak umeen begiradapean erakusten duten gizatiarren ahuleziak ametsak akabatu euskarriak hausten ditu seme alabak, gurasoak negar egiten ikustean helduagotu egiten dira inozentziak barnetik ihes egiten die gurasoek ere mina senti dezaketela ohartzean euren haurtzaroko jolasetan ezkutatzen saiatuko dira baina ez dituzte estaliko jadanik ikusi berri duten irudiaren argiak itsutuko dizkie oroitzapenak izoztuko die jolasetan aurkitzen zuten irudikapena malkoak betiko grabatuko dira euren soetan eta hantxe iraungo dute hazi bitartean ikastetxera kotxez eramatean lagunekin jolasetan gaueko azken musua jasotzerakoan... ilunpean are argiago berrikusiko dute negarra horrekin bizitzen ikasi beharko beharbada inozentziaren truke egingo dute gurasoen aurpegietara berriro begiratzera ausartu aurretik.
…eta esnatu egiten naiz baina loaldiaren barruan gatibaturik darrait amets gaizto honen lau hormen artean non sufrimenduak lurrinduriko malkoak behelaino bihurtzen diren
lurreko zirrikitu estuetatik ihes egin ahal izateko errealitatearen askatasun bila... ainintz malko bihurtuko! gorroto eta krudeltasuna ikusi dien presoaren begi beltzei eskapatzeko
minaren aztarna sakonez beteriko bisaiatik irristatu ondoren zirrikituetatik linburtzeko... …baina esnatu egiten naiz eta begi beltzak eta bisaia zimurtua neureak dira baina jada ez zait gelditzen negar egiteko malkorik borreroen jairako sari nagusia izanik lau hormen morroi, lau hormen preso amets guztiak ebatsia naiz bakar bat izan ezik, goxoena alegia askatasuna bilatzera bultzarazten nauen premiarik bortitzenarena.
Beha itzazu heriotzara joaten itsaso erdira hiltzera doazen kaioak bailiran ohore eta loria aurkituko zutela sinestarazi zieten eta jada berandu da gelditzeko haurtzaroan genituen heroiak betiko lagunak dira oraingoan arren, gure seme-alabak izan ez daitezela geroan.
«Autobusez bidaiatzen nahigabeak eta ametsak konpartitzen urtebete egingo du datorren astean...», dino amak alabak, burumakur, eskutik hartzen du erantzuten ez badio ere, erantzunik ez du, erantzunik ez baitago gezurrezko bizitza baten konplizeak dira bizi nahi ez duten existentzia baten gatibaturik minak sinadura utzi zuen amaren bisaian inoiz sikatuko ez diren malkoak bere soan alaba lurrerantz begira, egokitu zaion patua onartzeari uko eginez ihes egin nahian baina minaren erroitz ilunetik amilduz amak arrastoa… haien ondoan, autobus barnean baina mundu honetatik at bikote gazte bat besarkatuta sentimendu eta izaki bakarra kanpotik datorrenaren salbu zoriona eta poza haien musuetan irriak era laztanak doan bakartasunaren ozeanoaren olatuek ez dute haien ontzia urperatzerik izango... atzean, azkeneko jesarlekuan eserita bizitzeko zirrara galdu duen lagun anonimoak bi bikoteak aztertzen ditu esku artean duen egunkariari ekin aurretik grina, poza edo tristura barik berarengan besteen semtimenduak harrapatzekotan badabil sekulan idatziko ez duen liburuan islatzeko autobusa geltokira heldu eta denak jaisten dira bakoitzak gordeta dituelarik ametsak eta nahigabeak.
Baso ilunetik nabilelarik zeru griseko argi mehea nekez sar daiteke euria entzun dezaket senti dezaket neure gainean milaka tanta txiki handietan batuz, hostoak abailtzekotan enbataren haizeak oihu egiten dit adarren artean kementsu astintzen ditu ikusterik ez ditudan basoaren soek arakatzen naute epaiketa baten leporatu bakarra izango bainintzan sententzia baten zain erruduna dagoen gisan lokatzak geldiarazten nau harrapatzen naute sustraiek huntzak hormari eraso egin bezala hazten dira neure oinetan besoak zurruntzen zaizkit neu ere zuhaitz bihurtuko naiz basoan sartzerakoan banekien ekaitzetako garaian ez zela erraza handik ateratzea barruratu ondoren.
Arratsero legez aiduru nengoen zubiaren ondoan aspalditik onartu bainuen neu nintzela itxaron behar nizula gauak, etxerantz bidaltzen zituen nire inguruan zebiltzanak, bat izan ezik han gelditu egin zen nigandik ez oso urrun zigarro bat piztu eta itsasorantz zihoan ibaira egin zuen so erre ostean uretara bota zuen eta ura ikutzean bere burua joan zen haren atzetik, bat-batean, emakume baten garrasia gizon batzuen korrikaldia ustezko heroi baten ausardi antzua korronteak iluntasunera zeraman bitartean zu heldu zinen, bertute bihurturiko atzerapenaz eta handik urrundu ginen istilu hura zer zen galdetzean lagun batek ametsa bete berri zuela esan nizun jende multzo harh esnatu nahi bazuen ere uste izan zuten mesede bat izango zela gixajo hura salbatzea.
Beldurra nabaria da zeure soan, eta ulertzekoa da, haren menpean baitzaude une honetan eta jakin badakizu eromenaren ate zabala kolpez zeharkarazi zenuela; boterea zeure eskuetan zeneukaneko garaian egindako mina gogoratzen duzu orain, hala ere, berandu da damu izateko, borreroaren maskara eskuz aldatu egin baita eta harroegia zara gupidarik eskatzeko, inoiz ez zizuten horrelakorik irakatsi ezer aldatzerik ez zelakoan, belaunaldiz belaunaldi zapaltzaileak eta zapalduak betikoak izango zirelakoan, inoren pean jaioa ez zineneko ideiarekin hazi zinen zeu eta zuretarrak beti goian izango zinetelakoan, ez zintuzten prestatu zuek dohan banatzen zenuen mina pairatzeko zeuek izaten baitzineten zigorraren jabeak, baina orain egoera desberdina da zuretzat, orain zeu zara morroia, torturatua, botrxatua eta esklaboa eta zure bizitza osoan zehar eragin zenuen oinazea zure barruan agertzen hasia dela laster nabarituko duzu.
Beste egun baten amaiera heltzerakoan, jendea dakusat kaleetatik zeruko grisa hiriaren eraikinekin nahasten diren bitartean gure existentzia zeruz tindatuz doa ekoizpen espetxeetatik ateratzen gara kontsumo espetxeetara korrika joateko borobila zertan izan behar ez duen zirkuluan bahiturik konszientziaren mailarik baxuenak ere lokarturik bizitzaren tranpan sarturik, ez ziguten irakatsi nola egin ihes zertarako, baina? Batzuk konturatzen ere ez dira preso jaio zirela eta besteak koldarregiak dira askatasuna ezagutzeko kapitalaren esklabuak, zenbat eduki hura balio zein jaungoikoren hautetsiak izan ginen? Ez al zaigu barrikadaren bat geratzen amets egiteko? Ala elkartasunez mozorroturiko globalizazioaren marean urperatu ziren guztiak? Grisa beltz bihurtzen da zeruan kaleak husten dira, hutsik bazeuden ere jada. Geldirik espero beharko dugu beltz hori gurean sartzera? Sistemaren zatitxo berdinak izatera kondenatuak al gara? ... suzko matxinada handiak laster ikuziko gaituela eta milaka margotako argi zuriak bizirik gaudela ohartarazirakoan libre izango garela dinote batzuek.
Dendako leihotik |