Onkoteak
HONDORIK GABEKO
En lo sonoro la luz se verifica: las vocales se inundan, el llanto cae en pétalos, un viento de sonido como una ola retumba, brilla y peces de frío y elástico la habitan. (“Un día sobresale”, Pablo Neruda)
Zertaz mintzo zen mila aldiz irakurrita liburu hura errateko gairik ez zen. Halere, benetan xarmangarria zeritzon. Orrialdeetan barna murgiltzen zen bakoitzean, arnasa galdu eta pulunpariaren zirrara sentitzen zuen, uraren gardentasun moteldua beita, misterio eta biziaren arrazoia bihurtzen zaionean. Bertso haiek, irudi eta sentsazioez segida hark, erritmo eta soinuen irristatze hark, kolore joko hark, hutsarte eta hitzen antolaketa hark, mundu bat osatzen zuten: han bertzerik ez zuen bere burua bizirik aurkitzen. Ulergaitza gertatzen zitzaion, baina guztiz konprenigarria. Bere adimenduarentzat ezer garbirik ez eskuratu arren, zerbait zegoen liburu hartan burmuinaren zehar ibili eta bizitasunaren maila sakon bateraino iristen zitzaiona. Gero eta bultzada handiagoak eramaten zuen hondorik gabeko urmael hartan sakontzera. Itsaso birjinar baten labarra miazkatzen duten ur fresko eta gardenetan bezala, begiak kliskatu arazten zizkion liburuko itxurak, argiaren dirdirak eta errainuek beharturik. Liluramendu hartatik hasita, han murgiltzea, begiak berriro irekitzea, nola arian ezarian lehenengo gardentasun dizdizaria maitagarriago izanez zihoan ikustea, nola kanpoko kolore mingarriak begirada eratzeko ohe konfortagarri bihurtzen ziren ohartzea, nola hotsak, urez bustita, irristakorrago gertatzen zitzaizkion nabaritzea bertzerik ezin zuen egin. Orrialdez orrialde, ur metroz ur metro, igeri egiten zuen gero eta sakonagorantz, oreka ulergaitz baina xurgakari hark eramaten utziz. Hasieran, arnasarik gabe laster gelditzen zen. Gero konturatu ez zuela arnasa galtzen kanpoko eguratsari uzteagatik, aurkituz zihoan sentsazio berrien zirraragatik baizik. Eta hainbertzetan kanpora ateratzeak pena merezi ez zuelako ondoriora heldu zen. Gero eta luzeagoak izanez joan ziren, beraz, murgilaldiak liburuaren urmaelean... Zenbat eta pulunpaldi luzeagoak lortzen baitzituen, hainbat eta gehiago ohartzen zen, sakontasun hartan, barne gardentasun moteldu eta maitagarri hartan areagotzen z.itzaiola bizinahia. Eta ikusi ere egin zuen, iduriz, non zegoen mundua..., berarentzakoa behinik behin. Kanpoko mundua bezain ulergaitza, jakina, baina anitzez orekatuago, anitzez konprenigarriago, anitzez barnekidetuago. Poliki-poliki, “-ago” horiek, kanpoko munduarekiko konparaketa horiek baztertuz joan zen eta, ordura arte, liburuaren mundu hari onena baldin bazeritzon, mundu bakartzat hartu zuen gero. Ez zion axola zegoeneko zertaz mintzo zen liburua errateko gairik ez izateak. Inori ez zion adierazi beharko. Bertze mundu batere ez baitzegoen, ez eta bertze munduko biztanlerik ere. Bere mundua lorturik zuen, bertzeek lorturikoa bezain ulergaitza, beharrik, baina txit bere buruari egokitzen zitzaiona, konprenigarria, beraz, eta, batez ere, berarekin bat egina. Bere mundu hartan, galdetzerik ez zegoen, bizi, sentitu, poliki eramaten bere burua utzi behar zuen, bertzerik gabe. Liburuko azalean agertzen ziren itsas uretan arraina bezala.
* * *
Bigarren argitalpenak eskaintza berezia zekarren:
“Maialen-i, ur hauetan ito egin zitzaiguna”.
Onkoteak |