Onkoteak
K.K. ONKOTEA
Argitsu, nabarmen, ezohizko talentua. Egiaz aho beteta beti, baina zalua ere, harrokeriarik gabe, bertzerik ez baitzekien egiten. Ez zekien gezurretan ibiltzen. Egiazaletasuna bertzerik prometatzen ez zuen munstro ederra. Haren adimen gaitasuna, haren zintzotasun izugarria, ezagutu zuten hezlari guztiei harritu zitzaizkien. K.K. gizakume eredutzat jotzen zuten, ikasle, gazte eredutzat. Harro-harro ibili ahal ziren haren arduradunak. Helburu guztiak beteta zeuzkaten. Bere kabuz pentsatzen zuen K.K.-k, ongi garaturiko izpiritu kritikoa, bere buru eta bertzeekiko duintasun sena, konprentsio eta giza neurketa gaitasuna, inoiz makurtu gabea ordea, ardura sen ederra... Hezkuntza borobilaren emaitza pentsaezina!
Baina... — Ez, ez da posible! Gizakume munstro eder honek, miresgarri eta inbidiagarri den honek, ezinen du sekulan promesa hutsa izatetik pasa. Ederregia da, nik diot! —tutore zorrotz batek. — Ba, beti horren ezkor! Ez nator bat zurekin. Gaurko mundua, ez eta atzokoa ere —biharkoa nork daki—, ez da parabisu liluragarririk, jakina. Baina, zenbat ere larriak diren garaiak, ez gaude jadanik hogeitamargarren hamarkadan... — Bai zera! —aurreko tutoreak, sinpleziaz liluraturik . Gaurko langabezia hodei beltz itzela baino ez da ala?... Uharkekin sinisten baldin badugu, beren betiko bideetara itzuliko diren ur uherrekin sinisten baldin badugu, buru handi geldituko gara. “Dantzatu, madarikatuok, dantzatu” pelikula ikusi al zenuten? — Bai, L.M.L. jauna. Denok ikusi genuen. Eta gustura gainera. Hauek baino aunitzez larriago, hagitzez nekosoago ziren garai haiek, eta ez zen mundua amaitu. Oparotasun bertze aro bat etorri zen gero, eta ia ia gaur arte iraun zuen... — Gerra izugarrizko bat jasanda gero, B.L. jauna. Arma nuklearren bitartez amaitu zen gerra. Einstein-i “Hurrengo gerra mundiala noiz izanen ote den ez dakigu, baina jakin ere, badakigu nola izanen den laugarrena: harri eta makilaka” edo antzeko zerbait erran arazi zion gerra... Horrela bukatu behar baldin badu gaurko krisiak, nor da hemen ezkor, nor pesimista? —betiko tutoreak, bere bihotz bihotzezko arma dialektikoak zorroztuz. Jarraitu zuen oraindik: — Ez naiz ni izanen derrigorrez ondorio honetara ailegatuko naizenik. Baina bai bertze batera, bertze hau batera gutxienez.: luzarorako ditugula langabezi garaiak, krisitik barru ala kanpoan... Zenbat ere hobetzen den egoera ekonomikoa, ezinen dezakegu langabe kopurua gutxi. Baina lehen aipatu pelikulara joan nahi dut berriro... — Zer, ba? Ikusi al duzu gaur halako ikuskizun penagarririk?... —hirugarren hezlari batek, L.M.L. sutsuaren haria nolabait agorturik sumatuz eta diskurtso berri batera bultzatu nahi zuelarik. Dibertigarri gertatzen zitzaion honekin ele-meletan ibiltzea, edo zein arazoz, zirika lezakeen edozein gaiz. — Penagarriago oraindik! Ikuskizunak izutzen gaitu, noski... Baina gauza bat erranen dizuet: larritasuna, zorigaitza, esplotaketa, ez direla larriago bilakatzen espektakulu bihurtzeagatik. Nabarmenago, ikuslarien aurrean nekosoago, penagarriago, bai. Baina guk ikusi ala ez, hor daude... Eta garai hartako ikuskizun lastimagarri haiek ba zeukaten bertute bat behintzat: zorigaitza, langabezia, gosea, jaia bihurtzen zirela, jaia ikusgarri benetan, gainera. Baina zinikoago ipiniko naiz —gogo beroz, buruz buru zezen-zapiari oldartuz—, funtsean egia delakoz: lehiaketa haiek, dantzan norgehiagoka haiek, diru-sari baten ordainez, espektakulu izateari ez zioten inoiz uzten, gutxienez. Bertzaldetik, Eritegietako Ardura Berezietarako Aretoetara joan behar zutenak ere, galtzaileak ere, ikuskizunaren, jaiaren beraren bertze zati bat ziren, txaloak, bertzerik ezean, jasotzen zituztelarik... — Ez duzu nahi izanen espektakulu lotsagarri haietara itzultzerik!... Txarrak izanen ote dira gaurko garaiak, baina zertxobait aurreratu, gizatartu dira ideiak... Ala ez? —lehen solaskideak, zintzoago oraindik. — Ba, ez ezazu uste erabat desagertu direnik... Telebista eta irratietako zenbait konkurtsok oinarri berbera du, nahiz formak aldatu —L.M.L. sutsua, oldartuta gero, ez zen topikoez. nardatzen—. Eta azareko jokoen gaurko hedakuntza izugarrizkoa ere, z.er da ba? Baina utz dezagun hori ertz batean. Bertze gauza batera noa. Gaur egunean, gure langabeentzat, gure gazteentzat, ez dago horrelako ikuskizunik, txalorik bat ere, ez erizainik, ez anbulantziarik... Gure norgehiagoka berriak itzalpean, ezkutuan gertatzen dira, bulego bakoitzean, lantegi bakoitzean, barnebide bakoitzean, bai eta ohantze bakoitzean ere... Eta zein sariren ordez? Lan ordu kopuru bat, edozein lanposturen ordez, sei hilabetetarako sikira, horrela bertze hirutarako desenplegu diru-laguntza eskuratuta gero, bertze horrelako norgehiagoka batera itzultzeko betarik lortu ahal izatearren, goseak egon beharrik gabe. Oraingo lehiaketa hauetan, oraingo norgehiagoka ibiltze honetan, nor dago galtzaileen aiduru? Ez anbulantziarik, ez erizainik, ez eta Ardura Berezietarako Aretorik ere... Zerbait aunitzez okerrago: etxeko isila zenbaitetan, desespero oldar posibleak irentsi arazteko polizi saldoren bat bertzetan, lapurretan egin beharra eta kartzela arriskua nonbaiten... — Txaloka hasi beharko dugu! Hona talde dinamika saioa! Ahoberoa zara baina gustukoa da zuri entzutea, L.M.L. jauna...
* * *
Urteak joan urteak etorri, eurizirina ari, K.K. munstro ederra, desenplegu bulego baten atearen aurreko ilararen erdian, bere txandaren zain ikus dezakegu. Euri langarrak lainoturiko beira xaflak eransten dizkie oraindik itxita ateei. Hotza egiten du. Hezurrek usteldu nahi dute. Eskuak zamarraren poltsikoetan, behatz eta ahurkak bakoitzaren txartel, eskaera agiri, frogagiri, edozein paperi itsatsirik. Nork erre, nor erdi lotan, nor aiherga, nor pairugabe, 0denek, aurrealdea suertatu zaien denek behintzat, paretaren kontra eginik. Noiz. behinka ateei so, erlojuari begira batzuk, oinetatik hotza astintzen du, konpas ezberdinean zoruari kolpeka, bertze zenbaitek. Ateak irekita azkenean, ilara bulegoan sartu eta banatzen da, nor hara, nor hona, nor harantzago, nork bere papera eskrimituz, errepasatuz... Mugida bizi batek dena ernarazten du. K.K. lasai. Tokatzen zaion ilaran sei bertzerik ez da aurretik gelditu. Bere eginbeharrak ez dio jadanik betarik kenduko. Aurkezpen agiri baten kopia itzuli behar du, enplegu batera aurkeztuta gero. Bertze aunitzetan bezala. Eta, bertze aunitzetan bezala, esperantzarik bat ere gabe. — Hurrengo batean berriro deitu arte. Ez nauk ni izanen ipurtzuloan baselina inori ezarriko diodanik. Bertzelako test psikoteknikoa! Zertarako eta bulego batean atezain izateko! Bai, eta gero ikustaldia, talde dinamika eta... Goseaz hilen nauk baina inoiz ez isilik sasi-froga horietan. Ezin diat isildu planteatzen duten arazo bakoitzaz uste dudana. Eta are gutxiago estali... — Horixe duk, K.K.! Baina aunitzetan ez zegok sasi-frogarik. Zenbaitetan, bai, aurretik baitakite nori eman lanpostua, deialdi tramitea egin behar dutelarik ordea. Baina, nik uste, askotan ez duk horrela. Froga serioak egiten ditiztek, nik diosat. Hik uste duan baino hagitzez serioagoak. Gakoa duk zeren bila dabiltzan kasu guztietan. — Noren bila, noren bila... Zer nahi ditek, ba? Psikologoak ateak ireki eta ixteko? — Zeren bila, K.K., zeren bila diosat, noren bila ez... Noren bila dabiltzan dakitenean, hik ez duk zer egiterik izanen gomendio zuzenik gabe. Zeren bila dabiltzan jakitean duk gakoa. Ateak ireki eta ixteko nahi duten pertsona, morroi izan beharko dik, noski, baina baita jaun eta jabe ere. Nagusientzat morroi, kafea, wiskya, tortila pintxoa ekarri eta zapatak garbitzeko prest dadin morroia. Baina bezeroen jaun eta jabe, nagusiak gogaituz ibili beharrik gabe kalera irten arazteko gauza dadina, begiz jo bezain fite bezero batek pena merezi duenentz jakiteko gauza dadina... Hi, ordea, hire zintzotasunaz beti aurretik, heure sintzeritatez... Zer nahi duen dakien inork ez hau inoiz kontratatuko, K.K.! — Esker mila, motel! Honenbertze dakianez gero, zer egiten duk hemen, ilara alfer honetan? — Ez haserre, K.K., hi bezala negok, aurkezpen paper hau itzuli asmoz. Baina hi bezalako ez. Neuk lan eginen diat... Ulertzen ez dudana duk, hi horrela izanik, zergatik ez haizen hire kabuz... — Geldi hor, A.B. Badakik zergatik. Zer zeukaat nire kabuz zerbait muntatzeko? Dirua noraino, askatasuna haraino ezta? Bai, bazekiat, iniziatiba pertsonala, gero eta gehiago izateko giza ahalmena, zailtasunak gainditzeko giza gaitasun mugagabea eta guzti. Bai, horretan sinesten dudanik ere, baina neure izugarrizko giza gaitasuna jendea hordituz betetzen ez denez, ezin diat taberna moderno horietariko bat muntatu, ez eta geure profesional berrientzako boutique postmodernista edota barne diseinu estudio bat ere... Saiatu nauk, ez pentsa. Baina hor duk geure mundu liluragarri honetako egiarik zuzenena: gure askatasuna, gure dirua ailegatzen deneraino heltzen duk. Nahi baldin baduk, bertze erara itzuli: dirua noraino, gaitasuna haraino... — Erne, K.K., heure txanda duk. — Txartel hau itzultzeko nentorren, lanpostu batera atzo presentatu nintzen eta... — Bale, ba, hemen utzi eta gaztigu emanen dizute... — Bai, gaztigu izan beharko, haiek erdaldunak direnez eta neu naizena naizenez —A.B. lagunari irribarre ironiko batez. Bi lagunak, azkenik, giroa garbitu ez, hezurrak usteltzen dituen euri batera irteten dira. — Bai, A.B., zerbait interesgarri, kreatzaile, muntatu nahi izanen nikek eta ez nikek diru gehiegirik ere behar izanen. Baina badakik “lepoa moztu eta txapela eseri”, Behe-Nafarroako erranera zaharrarena, ez dena neure estiloa. — Badakik, baina, “behar izanik, behar eragin” bizkaitar praktikoek erranen dutena... — Egia duk eta benetan saiatu nauk. Zortzi egun oraindik ez dela, mailegu bat eskatzera joan ninduan egitasmo polit bat muntatu ahal nuelakoan. Ideia oraindik ederki gustatzen zaidak eta, ez diat etsiko... Bere garaian hitz eginen diagu... Baina, beno, ez nian ezer lortu. Txosten teknikoak, merkatu ikerketak, garantiak, abalak..., eta guzti horrezaz gainera, eskarmentua... Azken finean ezetz, arriskutsua zela, nire onaren alde egiten zutela eta abar, eta abar: aitzaki hutsak. Egia? Ez naizela inor... Horrela ba, berriz lan bila, zeozer irabazi asmoz ideia hori ez zekiat noiz aurrera eraman ahal izateko. Baina, hori bai, inoren aurrean makurtu gabe, inori ipurtzuloa milikatu gabe... Ez leuke bertzerik behar! — Beti bat, K.K. ... Joan behar diat, baina badakik non nagoen. Laguntzarik behar baduk nitaz oroitu. Zorte ona izan eta nire bila etorri faltarik gabe hire ideia hori aurrera eraman nahi duanean. Ezagutzen haut eta ederra izanen ote delakoan nagok. Ikusi arte, K.K.! — Gero arte, A.B., laister ikusiko diagu elkar, espero diat behinik behin... Laguna agurtu eta berriro hotza agertu. A.B. laguna, adiskide ez-ezik, nolabaiteko euritako ere, sostengu moraltzat hartzen zuen K.K.-k. A.B.-ren aholkuak erantzuki, destaintzat ez, bere zintzotasunak behar zuen kontrapuntutzat jotzen zituen K.K.-k. Etxera berriro, eurizirina etengabe ari, hezurrak ustelduz, kopetak zimurtuz, lepoak kikilduz,
* * *
Asteak joan, asteak etorri oraingoan. Beti bat baina: lanpostuak joan. Urtaroa, bai, aldatu da. Eguzki garbi batek gauzak ez-ezik, ideiak ere, erditu, argiratzen ditu. K.K.-k, klartasun berri baten pean ikusten du, bizpahiru egun badela, burmuinetik barna inguratzen zaion ideia. Goiz da eta eguratsa berotu eginen da. Beroa ere bihotzean. Bero atsegingarria, gogarazlea. Eguraldi lasa benetan. Kolorez beteta eguna, ideiez josita burua... — Egin dik hireak! Olgatzera! Inork ez dik heure lanik behar. Ez eta heuk ere... Hire bizitza, gero... — Bai zera! —bere buruaren beraren aurrean jauzi egin zuen—. Ez ote diate hire lanik beharko, baina ezta hire bizitza, hire desagertzerik ere. Hire lana inorentzat beharrezkorik ez bada, hik bai behar duala heure bizitza... Egunaren klartasunak, eguratsaren gardentasunak, ideiak lerro eta kolore bihurtzera bultzatu zuten. Margoak eskuan, zuhaitz antzuak, txori alferrak, tximeleta arraiak, eguzki errainuak, belar eta lore nagitsuak, tipus-tapasteko irudi tolesgabeak margotu zituen, sinplezia gogatsuaz beteta legenda eta guzti... Kaleratu, kartulinak besopean biribilkatuta, eta enparantzara iritsi zen, Jendez josita. Eguzkitan, egurasten, elkarrizketan, gogoetetan, K.K. bera bezalatsu bizi ziren jendeak. Espaloietatik, bankuen bezeroak, goi funtzionarioak beren erlazio publikoetan han hemendik, modazko azken diktaketara moldatu tipo dotoreak beren negozioetan... K.K.-k ez zuen bi aldiz pentsatu. Bere parabisu ttipia hedatu zuen enparantzako zuhaitzen artetik, eguzkitan zintzilik. Bera bezalatsuko jendeak egiten utzi zion. Jakinminez, interesaturik. Zerbait berri agian, eguzki eta eguratsaren alaitasuna oraindik gehiago betetzeko gai menturaz... K.K.-k, lasai, bare, laster amaitu zuen. Deus espero gabe, bertze bat gehiago izanen bailitzan paseatzen aritu zen. Jendearen begien aurrean, marrazki naif haietan, margotu parabisu ttipi bakoitzaren izkina edota ertz batean, langabe onkote batek bere mezua aldarrikatzen zuen, irudi nahastea erakutsiz: — Ezgauza gara. Ez dugu ezertarako balio. Bizitzeko eskubidea dugu, ordea.
Onkoteak |