Onkoteak
Bixente Serrano Izko

Pamiela, 1987

 

 

FANTASMEN SEGIDA HAU

 

      Eskutitz arraro eta kezkagarria hartu dut. Berez, gauza harrigarria da nik eskutitz bat jasotzea, baina horrez gain gutun honek bere zera badu.

      Nornahi denak sinatu gabe bidali dit, ezbairik gabe oso ondo ezagutzen nau ordea: diosala-edo gisara izkiriaturik, ez dakit norekin nik bizi izandako gauzak, baita nik ez dakit nori egindako zenbait konfidentzia ere, gogarazten dizkit. Idazleak bere burua halako fantasmarekin identifikatzeak, misterio kitzikagarria gehitzea ez ezik, agian eskutitzaren benetako mamia adierazi ere egitea lortzen du. Estalitako zeihar erran sakonak, nire bizitza nekearen zenbait alderi buruzkoak..., nik bakarrik ezaguturiko bertso batzuen aipamenak, beren kontestutik bazterturik daudenez nik bakarrik ere uler ditzakedanak..., halako kutsu filosofiko bat ez dakit ni gehiegi ez biluzi asmoz. —halako xamurtasuna adieraziko lukeen asmo batez—, edo gogoeta zenbaitetan, bizipen zehatzetatik aurrerantzago, sakondu asmoz...: hauek dira eskutitzaren ezaugarririk kitzikagarrienetariko batzuk.

      Baina bihoa eskutitza...

 

      Ederki gogoratzen nauk nola aurkitu hindudan. Historia pertsonalaz bete-betea hengoen. Legenda desegurrek, kartsuki sineskorrak bertzaldetik, jende aunitz kliskatu arazi zitean hire presentziaren aurrean. Haien fantasia eta ametsetan barna ipinita hintzen nolabait.

      Beti bat, gogoetatsu jarraitzen huen, hire iraganaz, hire orainaz, hitaz heutzaz: hire itxuraz, etereoa zegoeneko, hire larru-hezurrenaren gain jendeen gogoek ezarritakoa.

      Heure bi bizitzen neurri eta distantziaz jakitun hengoen. Hire bizitzaz, pertsonala, bertzerenduezinki sentitua, eta hire fantasmarenaz, jendeen gurariak sortutakoa, lainotsu eta etereoa, eguzkiak berotzen ez duen bitartean dirauen lanbro bezalakoa, eutsiezina. Baina bigarren bizi honek, lanbro honek, hotzikara eta dardarak —egoera eta janzkera, baita eguraldi itzal eta hotzetik askatzeko heure erreakzioa bera ere, baldintzatzen zizkiaten hotzikara eta dardarak— sortzen zitian hire baitan.

      Bi aldibereko esperientzien kontrasta bizi huen. Hire haragi-hezurren bizitzaren birbaiezpenak hiregain ipinitako fantasma desagertzearekin batera bete beharko zian. Baina, horretarako, lainoaren aurka egin behar huen oraindik. Eta konturatzen ez hintzen gauza honetaz: borroka horrek zirauen bitartean, hire kanpoko fantasmak higitzen jarraituko zuela, lehen maila lainotsu batean, hire buruaren beraren neurri ttipia gero eta gehiago estalirik.

      Hire kanpoko fantasma gainerako jendearen txundidura eta irritsetan bahuen ere, gorputza berriz heure transaldatu ezinezko bizipenetan beraietan huen.

      Bizipen haiek kikildu eta zimurtu hinduten. Gogoratu ere ongi gogoratzen nauk hire bertsoetariko batzuez. Egun batean, apirila hauskara baten goiz uher batek, hi irensteko prest munstro bezalakoak, kukubilkatu eta isolaturik hozmindu arazi hinduen, bertso haiek idatzi hituelarik.

 

            “Harri eta burdin hesiez bihotza,

            goiz honetako apirila kizkurtua...”

 

      Egun hartan, urruna zegoeneko, gorputza astindua ziaten, heriotza eta basamortuaren aztermakinek sustraietatik kanporatu nahi izanen luketen zuhaitza gisara.

      Bertzetan, denboraren —itxoiegite sukarti eta kilikatu bihurturiko itxaropen bati euskarria bertzerik baimentzen ez zuen denbora baten— bultzaka eta ostikoka jo arazia hinduten. Erremediorik gabe, lehertu ez, usteltzen zen zorne batek horituriko hamaika ordu hutsita ziaten. Idaztarazi ere egin zizkiaten hauts, lizun eta itzalez beteriko bertso haiek

 

            “Zoko uher hauekin nire hezurrok

            banatzen dituzte lizun ta isila.

            Hau laino-behera enkoniagarria

            bularrean barrena!

                                           (...) Nabil

            beldurrari darion haurtasunaz

            iletik zintzilika”.

 

      Neuk ikusi hindudanerako, hau dena iraganean huen. Heure denbora aldatuta huen. Heure estutasun soilari ez zegozkion gauzekin lotuta bizitzen hasia hintzen. Ez huen jadanik burmuinaren desharilketa etengabe hura, koerlazio espazial bateregabeko heure barne denbora hartan. Fantasia hutsarenak baino euskarri ukigarriagoak, erreferentzi puntu finkoagoak ziren leku zehatz eta neurgarrietan bizi hintzen ordurako.

      Gauza guzti haietatik gutti gelditzen zitzaian zegoeneko. Eskarmentuaren zaporea, gogoetetara biziki berpiztu bulkada eta zenbait bertso mila aldiz berrirakurrita hire larru-hezurren funtsa haztatzeko, bertzeek hire barnean ikusten ahalegintzen zuten fantasmarengandik aurrerago.

      Lehenago heure burua barneko fantasmen artean kikildu eta zimurtuta gisara bizi baldin bahuen, gero berriz jendeen artean pertsona arrunta izateko lehian bizi hintzen. Aurrea ematen hion, baikor, oharkabez eta nahitanahiez hire lekuan ipini nahi zuten fantasma berriari.

      Baina ez hintzen ohartzen lortzen ez huenik.

      Lagun aunitzez inguraturik ikusten huen heure burua. Intentzio onekoak, hiregana eta hire laguntasunera hurbiltzen hituen. Hik galdurikoa bizi arazi nahi ziaten. Eskuraezina zelako jakinaren gainean hituen, baina. bederen, garai berrian kokatu nahi hinduten. Garai berri hura aurrekoarekin lotzen huen lokarri sendoez, baina erabilera pertsonalarentzako Guadiana bat bezala lurperaturikoez. Hire lagunek, borondaterik onenaz, ahanztura anestesiko bihurtu nahi zitean hire Guadiana hura, geroaren arrasto lastratzaile batere ez gelditzearren. Hik ahantzi behar huen, haiek eraikiko zitean beren neurriko historia, beren irrits eta aspirazioen araberakoa, beren legenda askatzailearentzako protagonistaren beharraren araberakoa.

      Horrela, bai hainbat lagunen borondate emankorrak —berekoikeriaz kutsaturikoa nolabait ere— bai egiazko gauza eta pertsonen artean kokatzeko hire baitako beharrak ere, bertze bertso haiek idaztera eraman hinduten:

 

            “Urte bukaezina

            amaitu zen finean

            ukabil eta ahotsen

            ikara batez. Edan

            ahal izan nituen

            gure bizio gurenak

            berriro herriraturik...

            Pote-aldi luzeak

            hamaika geletako

            lizun-garbitzaileak;

            zorioneko puruak,

            zigarro etengabeak,

            hodei eta ilargira

            botatzen nindutela

            zenbait porro ere;

            jitoan ibilerak

            Erdi Aroko kale

            bihurrietan zehar;

            lasterketak zelatan

            txakur-eztulka keaz;

            solasaldiak ere

            nire aise, bai eta,

            ilargioi eguzkiok

            lotzen zitzaizkiela,

            bilerak ere, gauoi

            egunezko printzeak

            emanik eta egunoi

            loasmo ilun-beltzak...

            Oi, berriz jaio nintzen

            maiatza hotzamarretan,

            berriro jaio nintzen

            eguzki zerbeletan,

            berriro jaio nintzen

            nire urteetan zehar

            hazitako pisua

            apar bilakatzean!...”.

 

      Bai, heure bizitza, heure hezur-larruarena bizi huelakoan hengoen. Baina ez huen horrela. Nahiz heure burua berreskuratuta huen, nahiz eta euskarri ukigarrien artean bizi hintzen, bertze fantasia bat ipintzen zitzaian hire lekuan, bertzeen ametsen proiekzioak laino kolektiboan konjuraturiko fantasia bat.

      Egia erran, nik bertzerik ez nian konpreniarazi ahal zerbait sakonago zenik. Luzaroegi bizi izan hintzen hire fantasmekin beharrez itxirik, hik sorturiko fantasmekin, gainbizitzeko zerbaiti eutsiera bakarra hituen fantasmekin. Aurreko garai hartan larri, jausi, zimurtu eta kikiltzen hinduten fantasmak, itxaropen eta askatasun bertze fantasiek —hik heuk, kontzienteki,haien aierupena ekarritakoak— ahuldu ahal zizkiaten soilik.

      Halere, jaio berriaren sentsazio hura gora behera, harritu ahal ez hinduen zerbaitekin topo egin huen. bertze jendeek ere, hik heuk bezala azken aurreko urteelan, bazituztela beren fantasmak, ugari eta ezberdinak, baina antzekoak funtsean, eta haiekin erriertan zebiltzala.

      Bai, bertzeek ere beren fantasma-edo askatzaile eta kolektiboa zitean, beren bizi ezlasoen aurka amesturiko erreboltaren konjuru gisa. Fantasma hura norbaitengandik sortu arazi behar, eta noizbait errealitate bihurtuko zela amesten zuten legenda baten protagonistatzat jo zitean. Heu haietariko norbait izan hintekeela ohartzen hintzen. Ez zitzaian, baina, gehiegi axolatzen, heure haragi-hezurrezko pertsona inposatu ahal huelakoan baihengoen.

      Nik bakarrik, bertze fantasma batek, konfidentzia eta isilaren fantasmak, komunikazio eta inkomunikaziorik bizikor eta bakoizturikoenarenak, “Hemen-nago-NEURE-aurrean” delakoaren fantasmak, lagundu ahal hindudan, hire erroretik atera ahal hindudan.

      Eta hire bizitzan kokatzera deliberatu nian. Ez duk inporta nola eta zeren bidez egin. Baina hire baitan jarri egun batean eta handik aurrera leiho ireki bihurtu ninduan hiretzat, ikuspen berria ematen nialarik.

      Hire iraganaren berraurkikuntza bilakatu ninduan eta oraindik hire baitan zeuden eta eragin hinduten aurreko arrastoak azterkatu nizkian.

      Gauza aunitz aurkitu arazi nian. Eta, batez ere, lizunak ekortu eta itzalak garbitu zizkian apar sendagarria, hire barneko fantasma zaharrengandik askatu hinduen apar terapeutikoa, kutsaturik zegoela bera ere eta pisu egiten zuela oraindik, kanpoko fantasma berriaren gain inposatu ezin hintzelarik, ikustarazi nian.

      Bai, hire baitan ni neu bizitzen hasi ninduan eta nola hire herriaren arnasa lehen hartu baituen, nola lehenbiziko lastretik askatuta hire burua sentitu baihuen, hala bizitza eta nire hitzen arnasa hartu hituen hortik aurrera. Atexka zabalik neure burua eman nian eta, horretan bai, hire harresi, itzal, lizun eta nekadurak erori zitzaizkian, azken arrastoa ere. Horretan bai jaio berria hintzela, pisu batere gabe, ezta aparrena ere, haize ageritan lurrinduriko urarena soilik, eguzki zerbel batera igoz.

      Neu izan ninduan hire larru-hezurrezko bizitzaren garaipena, laino kolektiboak hire gain ipinitako fantasmaren kontrakoa. Behetik gora lainoaren zehar igo eta haren gainean kokatu hintzen, eguzki ageritan azkenik...

      Gureak egin dik dagoeneko. Nire garaia heldu duk eta, ene orduak hirekin beteta gero, hemen nauk hil zorian, nire-hire azken momentuak biziz, desagertuz —bertze fantasma bat izanez— hitzaz oroipenaren aurrean.

      Eta ni neu desagertzen naizen bitartean, hona hemen heu ikusten haudala ausentzian desagertuz, ertzean kukubilkatuta, ikusmenik gabeko begi zabal zabalik, isilean itzalirik, itxoeginik auskalo zer. hire barneko errebelamendu istant berri bat ote, hi heu haizen fantasmaren nazkaren kontrakoa honetan. Zeren dagoeneko, bai, konpreni izan baituk hire azken fantasma hau uxatu ezina duala.

 

      Nire azken fantasma... Benetan harrigarria! Zer erran nahi ote eskutitz honek? Nork idatzi dit? Zein asmoz?

      Zer eta nornahi den, zeihar erranek, aipamenek, kutsu filosofiko horrek, hasieran aipatu nirekiko nolabaiteko xamurtasun horrek edota gogoetetan sakontzeko lehia horrek, ez naute kezkatzen ordea, eskutitza neure letraz berberaz idatzita izateak bezainbertze... Nik neuk neure buruari idatzita ote? Noiz? Nork eragina? Eta, batik bat, nork neuregandik alde egina?...

      Ez dut jira biraka nire buruan barrena ibili nahi, hemendik aurrera horrela ibiltzeaz nekez libratuko naizeia susmatzen badut ere. Nire azken fantasma uxatu ezina... Bai zera! Nik neuk ezkontzienteki idatzita izatekoz ere, ezusteko larrugorritasun ia nazkagarri honek demostratu ahal izanen dio neure fantasma idazkide horri, behinik behin, berauk uste duen bezain garrantzitsua, bezain erabatekoa, gertatu ez zaidala, berau, gehienaz, nire fantasmetariko bat gehiago bertzerik ez dela izan... Zeren eta, ikasi ere zerbait ikasi baldin badut, fantasmok, ametsak bizitzari eta bizitza ametsei bezala, geure buruoi garraizkiela baita.

 

Onkoteak
Bixente Serrano Izko

Pamiela, 1987