Onkoteak
SAN MARTINEN Gutuna
Gutun hau Aita kolonbiar batek bidali eta munduari bira eman behar dio. Inolaz ere ez egin isekarik gutun honi, ezta ere, irakurrita gero, honetan eskatzen zaizuna egiteari ez utzi, Karmen-eko Ama Birjinaren ohorean duzu, hiru Aitagure, hiru Agur Maria eta hiru Gloria otoitz egin behar dituzularik. Miguel Armando-k 27 kopia egin zuen eta bederatzi egun pasa aurretik bidali eta ustekabean milioi bat pezeta jaso zuen, Antonio Martinez-ek iseka egin zion gutunari baina 27 kopiak egiteko agindu zion idazkariari, baina, neska bidaltzeaz ahaztu zela, enplegua galdu zuen. Otoitz hau zuri bidalita dut eta ez txantxetan, 27 kopiak bidali ondoren, hurrengo 24 egunetan zure zortea jasoko duzu, nahiz zortea bertzeengana ez heltzeko bakarrik bidali. Akzionista batek kopiak bidali zituen eta zazpi milioi pezeta jaso zuen. Elena-k hamar milioi pezeta hartu zuen Filipinetan. Hospitalet Jeneralak emaztea galdu zuen katea apurtu ondotik zazpi egunetara... Gero bidali eta pozaren pozez berraurkitu zuen, kalte bat ere gabe, desagertutzat jota bazegoen ere, bertako trakzio politiko terrorista batek bahiturik. Bihotz bihotzez Jaungoikoarengan fida izan eta ongi gertatuko zaizu dena. Orakulu hau Bartzelonatik etor'ri eta Kaparrotsutik bidalita duzu, munduari bira emateko eta azkenik zoriona etxeratuko zaizu, gogoratu, arren, ez dela txantxetan. Faborez, pezeta bat bertzerik, ez gehiago ez gutxiago, ez bidali. Eta zortea, morala zein materiala, behar dutenengana igorri kopiak. Bederatzi egun baino luzaroago ez izan gutuna zure esku. Gutuna ez gelditzeko erregutzen dizut, zure eta bidal diezazkiezunen aldez. Gutun hau A.S. Oanadiak, kolonbiar misiolariak, idatzita dator, zeinak kateari munduari bira emateko agintea eman baitzion eta horrela izan behar. 27 kopiak zure adiskideei bidali eta hemendik 24 egunetara sorpresa atsegingarria jasoko duzu eta baietz egia dela jakin behar. Constantino Días-ek zortzi milioi pezeta irabazi zuen loterian. Frogatu ere egin dugu erarik desberdinenaz etortzen dela zortea. Martin Ondal bulegariak katea jaso eta ez zuen honekin sinistu, zoritxarrez, handik bederatzi egunetara, emaztea, umekinarekin eta guzti, hil zitzaion.
INOLAZ ERE EZ HAUTSI
Ongi etorri, Porresko San Martin hori, zure gurasoak bete zenituen eta miserikordiak eta Jaungoikoarekiko amodio izugarrizkoa kontatu zenizkien. Amen. Eskatu: Osasuna, Maitasuna eta Fedea guztientzat. Gustuko izanen litzaizkizukeen gauzak eska itzazu eta munduari bira ematen jarraitu behar duela gogoratu. Andereño bat minbiziak jota eta mediku opustar aunitzek hiletsita zegoen. Gutuna jaso, eta bederatzi egunez hiru kopia egunoro igortzen hasi zen eta gaur izugarrizko osasuna nabaritzen zaio. Juan Martin Lechín injineruak gutuna jaso eta iseka egin zion, handik zazpi egunetara aita galdu zuelarik. Luis Agore-k ere hartu eta agintea bete zuen, bederatzi egunetara hiru milioi pezeta irabazirik. Nik neuk, Kaparrotsutik, herri honetan Baskuentze Legearekin eta guzti gure hizkuntzaren geroa hain larri izanez, gutun hau, pezeta batekin, ez gehiago ez gutxiago, bidaltzen dizut, zuri bertze zortzirekin batera, ez baduzu katea hausten eta munduari bira ematen badio, gure hizkuntza jainkotiarra salbatua izanen dugulakoan nagoelarik.
Onkoteak |