Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Espos lagunak

 

      Hamalau urte nituen, eskolako etsaminak bururatu nituelarik.

      Orduan ez baitzen ofizio handirik gure eskualdean, burrasoek seroretarat igortzen gintuzten josten ikasteko.

      Baginen hamar bat nexka gazte, elgarrekin gaten ginenak. Ahetze herrian ziren serorak orduan.

      Eguna konplituta, etxerat buruz jiten ginen denak. Batzu dena ixtorio, zeren barne hartan ez baitzen sobera jostatu behar.

      Erran behar da ere, Ahetzen bazela errota xahar bat. Jendea frango ibiltzen zen bihia ehotzen.

      Denbora hartan gerla ondoa zen. Etxe gehienetan ogia berek egiten zuten.

      Orduan nuen nik ere Mattin ezagutu. Maiz bazuen errotarat gateko estakurua. Urrunetik entzuten ginuen haren kantua, zeren gure tenoreak xuxen segitzen zituen.

      Ordu hartan gure ateraldiak igandetan bezperetarat joaitea zen. Handik lekora mutil gazteak pilotan artzen ziren. Guk ere maite ginuen pilota jokoa.

      Horra nun partida batean, nor ikusten dugun? Mattin!

      Hasten da ponduen kondatzen, eta guk ere hurbildu behar ginuela. Haren atakatzen hasten gira:

      — Eta zu, zer ari zira gure herrian?

      — Zer ari naizen? Pilotako estakuruan, zueri begira.

      Eta nion galdegin:

      — Zoin da hemen, zuri gustatzen zaitzuna?

      — Erran gabe doa, zuri behako bat emaiten nuen.

      Halako ahalge bat eman nintuen memento hartan, bainan utzi ginuen elgar ondoko igande artio.

      Igandea etorri zenean, lagun batzuek galdegin ninduten, Mattin ezagutzen nuenez. Pertsu batzu bazituztela eginarazi beharrak.

      Nik baietz, eta gan nintzen haren etxerat.

      — Hela! —nuen egin—. Mattin etxean dago?

      — Ez, ez da etxean, bainan mezan da orai. Ikusi nahi duzu? —erran zautan Mattinen amak.

      — Bai segurki!

      Bi minuta gabe, horra gure gizona gorri-gorria, bere bizikletean etxerat heldua. Bere amari erraiten dio:

      — Ama, huna zure erregin beharra. Zer iduritzen zaitzu?

      — Ba, hik laster egiten dituk harat-hunatak. Ikusiko diagu ondoko egunetan egia dukanez.

      Mattinek neri buruz:

      — Nun ibilki zira hemen? Galtzea irriskatzen duzu leku huntan.

      — Ez, zure bila heldu naiz. Baditut lagun batzu zure beharretan direnak, pertsu batzuen emaiteko. Jin nahi duzu nerekin gure etxerat?

      — Jin nahi dutan? Segurki! Bainan zure ama zer gisetako emaztekia da? Omore onekoa, mokorra edo zer? Aitak ez du makila ate xokoan izanen?

      — Ez, ez izan beldurrik. Bazkaltzerat gonbidatzen zaituzte. Ez duzu, hain segur, estimu eskasik izanen.

      Arribatzen gira burrasoen gana. Jende frango bazen egun hartan. Denek ezagutzen zuten Mattin.

      Bere begi maltzur heiekin ohartu zen kuxean etzela gaizki erori.

      Bazen kantu, pertsuak ere bota zituen han zireneri.

      Gero, denboraren buruan, eman zituen galdegin ziozkaten Senpereko pertsuak.

      Gure Mattini gustatu zitzaion gure etxeko animazionea. Igande oroz heldu zen agur baten egiterat.

      Amari galdera batzu egiten ziozkan nitaz. Haren erran guziak gogoan zauzkan ahantzi gabe.

      Gero zer gertatu zen? Hamazazpi urte konplitu nituen. Biak elgarren amodioz bete ginen. Harek hogoita zortzi orduan, eta galde hau egin nintuen:

      — Orai ene emazte gaia nahi duzu izan?

      Hitz eman nion segurki baietz.

      — Usaia den bezala, behar dauzkitzut egin erreztuna eta beharrietako girgileria hoiek.

      Baionan erosi ginuen gure urreria. Lagun bat atxemaiten du karrika batean:

      — Nun hintzen, Mattin, nexka gazte horrekin?

      — Nun nintzen? To, mutikoa! Nituen sos guziak, hunentzat emanak ditiak bijuterian. Gostatzen duk ederki andrea hartzea. Ez zakiat berak ere balio dikan hainbertze.

      — Ba! Maite denarentzat ez duk sekulan deusik sobera. Eta nun izatu haiz hunen bila?

      — Nihun... Bera etorri duk ni beharrez.

      Eta irriz hanpatu zen.

      Hogoi urte betetzean esposatu ginen. Familia osoa etorri zen eztaietarat. Laur hogoi presunaz goiti bildu ginen Mulienean. Bazkari, afari, denetarik bazen. Musika, denen airosteko. Zahar eta gazte denak dantzan arizan ginen, goiza argitu arte. Gure biziko egunik ederrena pasatu zen.

      Mattinen desira zen familia eder baten muntatzea. Maluruski, etzen hala gertatu. Haur bat gelditu zaiku.

      Lagun bat bezala zaukan bere semea. Zonbat gauza ziozkan erraiten!

      Bai; egiazki denentzat Mattin izan da, aita familiako bat bezala, lagun baketsua, haren bizitzan. Etxean, kanpoan, beti agertu da bihotz onekoa. Haren itxura ez da histuko sekulan.

 

* * *

 

            Mattin, zuk ina duzu mundu huntako pasaia.

            Hoin gora zira! Luze ahal zen piaia!

            Izar artean bazaude, hartzen dut nik kuraia,

            zeruetan ukaitea merezi duzun saria.

 

            Batzuek dute gizon ederretan gostua.

            Ni, berriz, egarri nintzen zinuen izpiritua.

            Kurriturik ere Eskual Herri xokua,

            ez nuen atxemanen, hain segur, zu bezalakua.

 

            Pulliki hasia dut unatzen burua.

            Ez bada interesatzen nere liburua,

            fuilla bakotxa hartu eta eman zazue, otoi, sua.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982