Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Mulienea

 

      Ahetzeko Mattinen etxea nun dagoen? Hantxet kasko kaskoan. Alde baketik, Larrun mendia, bisean bis; eta, bertze aldetik, Bidarteko eta Getariako itsasoari begira.

      Etxearen izena? Mulienea. Haize errota izanen zen, hain segur, denboraz, zeren Moulin baitu izenaren hastapena. Izan dadin haizea hego, itsas, iduzki aldetik, denek airatzen dute etxearen ingurua.

      Goizeko iduzkia agertzean, halako bozkario bat senditzen da gure bihotzetan. Halaber, ilun nabarrean, denak isiltasunean biltzen gaitu gauaren beltzak gure sukalde xokorat.

      1947an, uztailaren 9an, ezkondu ginen Mattin eta biak. Haren aita eta amarekin bizitu ginen hiru urte eta erdi. Laborantzatik bizi ginen lauak. Bizitza goxo bat ereman dugu elgarrekin. Egun guzia lanean ariturik, arratsa heldu zenean, kartetan artzen ginen, sos pixka bat jokatuz. Jokoari gostu gehiago atxemaiten ginuen, zerbeit purruxka irabaziz. Artetan ixtorio zonbeit ere kondatzen ginituen.

      Negua zelarik, gaztainak suan emanik, aritzen ginen zoinek hobekienik erre. Gero, Mulieneko arnotik edan baso bat edo biga, berdin xahakotik ere. Gure arratsetako filma hola iragaiten zen. Denbora hetan, etzen ez telebisionerik, ez eta ere radiorik. Jurnalak noiztenka erosten ziren berrien jakiteko.

      Urteak joan ziren eta Mattinen burrasoek gan behar zuten bertze etxe batetarat, xahar baten artatzeko. Orduan ziren komediak! Bi gizonak elgarrekin lanean arituak uzta bildu orduko, semeak amor eman behar. Aitak berekin ereman zituen etxeko gauzik hoberenak, eta Mattin gelditu zen bi behi txarrekin.

      Halere, beti Mattin izatu baita «Mattin kokin», gauzak arrimatzerat entseiatu da bere denboran.

      Lanean etzen ero hetarik, bainan beti buruz jokatzen zen. Lan bat zelarik itekoa, bera ganen zen aintzinean, ez bazuen finituko ere. Hura ganez geroz, bazakien guk ere segituko ginuela eta noizbeit xantiera bururatuko zela.

      Maite zuen arbola xertatzen. Mahastia gostura apailatzen zuen. Behiak sororat libratu eta loriatua egonen zen heien artean. Zonbeit aldiz, bere animaleak udan kanpoan uzten zituelarik ilargi xuritan, kantuz errepikan artzen zen, bularren egiteko. auzoak ere entzuten egoiten ziren haren boza ozenari. Gauaren ihintzak etzuen lotsatzen. Behar zuen baitezpada kantatu.

      Erran behar da, Mattinek ile mozten ere bazuela alderdia. Eskolako haur andana bat ere etortzen ziren haren ganat. Maite zuen heien artean. Bazuen beti zerbeit ateraldi heikiekin:

      — Nork moldatu hauzki bi beharri handi hoiek?

      Edo mihi motza zuen bati, ausikian moztua zuenez, luzeegi zuelakotz. Beti jostakina zen.

      auzoko adinetako gizon batzu ere jiten ziren gisa berean ile moztera. Gure arnoaren goxoa jastatzen zuten solasen artetik.

      Ene aita zenari ere, Mattinek mozten ziozkan ileak. Maite zuen ene aitak bere suhia atakatzea. Bazakien, zerbeit erranez geroz, handiagoak entzunen zituela. Behin batez aitak galde egin zion:

      — Nolakoa duk ene alaba hau hirekin: prestuxkoa edo mokorra?

      — Ori; ez dakit, egia erraiteko. Bainan ileak moztekoak dituzularik, zato, otoi, astelehenarekin. Adituko duzu eian ez dakien pertsutan. Berak egiten ditu galdeak eta errepustak.

      — Inposiblea duk! Lehen ez zuan holaka.

      — Lehen ez, orai bai ordean. Bainan laster pasatzen zaio. Erauntsi handiena pasatu arte egoiten naiz, eta gero bera kalmatzen da. Horren gatik, bihotz ona du, ba, zure alabak. Sobera denbora ez du maite koleran egoitea. Kuxean hasten zait galdeka: gose edo egarri naizen... Nola egin dutan itzulia... Jendea kontent utzi dutanez... Erraiten badiot han zen populu gaia tripak ateraia irriz arizan direla, bera ere hasten da, han izan balitz bezala. Ikusten duzu, beraz, ene aita maitea, nola drezatzen diren emaztekiak?

      — To! Xantza duk, egiten ahal baduk hola. Ez ditek denek, hik bezala erraiten ahal.

      Hortan biek elgarri behatuz, irriz kanpatu ziren. Bai, Mattinek ere astelehenetan pertsuak aiseago ibiltzen zituen buruan, bai eta botatu ere menean zitueneri.

      Kontent izaiten zen, norbeitek galdegiten bazuten pertsuen kantatzeko. Pertsutako lanak, bizitzen laguntzeko abantail handiak eman diozka, ez bakarrik gure probintzietan, bainan bertze aldeko probintzietan ere, hala nola Gipuzkoan, Bizkaian eta ez dakit nun.

      Mattinentzat etzen mugarik. Denak anai-arrebak ziren harentzat. Beti erraiten nintuen:

      — Nik bertzaldean baditut hemen baino adixkide gehiago. Egun batez, Mari, ikusiko duzu: ni han geldituko naiz.

      — Eta nik zer egin beharko dut?

      — Hola-hola segitu zure lanetan.

      Bai, maluruski hala gertatu da. Ama-semeak hemen gaude biak, tristura gogoan. Histuko da beharba... Bainan sekulan ez ahantziko!

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982