Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Behi gorria

 

      Mattin tratulari ona zen, makina bat merkatu kurritua. Miga gazteak erosten zituen eta uztarrian hezten. auzoko gizon batek erraiten zion:

      — Zuk ahuntzak ere uztartuko zinuzke, adarrak izanez geroz.

      Beti muntatu nahiak zituen behi gorri eder hoietarik.

      Mattiu deitzen zen tratulant aheztarrak, erakusten dio, merkatu egun batez, behi xarmant bat, gure Mattini osoki gustatzen zitzaiona.

      Hasten dira solasean biak, bat bertzea bezain tirantea.

      Tratua finitzeko, badoatzi ostaturat. Han lagunak atxemaiten tuzte, eta hasten dira gure bi gizon espantuen atakatzen:

      — Fini zazue hortik, hasia duzuen lana. Mattiu, zuk eremaiki diozu behia etxerat eta horra afera arrimatua.

      Bainan Mattiu ez zen oraino arras akort. Nolazpeit finkatzen dute behiaren balioa.

      Arratsa hurbiltzean, desir ginuen behi famatua etxeratu zen. Gorri eman ginion izena.

      Biharamunean uztartu ginuen Gorri. Idi baten heinekoa zen. Hain zen azkarra!

      Auzoek aditu zutenean behia erosi ginuela, etorri ziren ikustera.

      Batek maingueria zuela heien behiak, bertze batek umatua zela, galdegiten gintuzten lanerako.

      Prestu-prestua norat nahi gateko on zen. Bainan bazuen lagun bat berekin segitzen zuena: gure Juki handia, zakur berger aleman maitagarri bat.

      Lurra itzultzen zutelarik, gure Jukik Gorrik bezenbat urrats egiten zuen, uste zuelarik laguntzen zuela bere ondoan izanez.

      Nagusiak oihu bat egiten zuenean behieri, xuxen iraultzeko bere ildoa, zakurrak kuxean Gorri autsikitzen zuen, obediarazteko.

      Lana finitu arte itzul eta biraka, mihia luzatua, erakusten zuen bere borondatea. Buruetan arribatzean, bere Gorriren muturreko arrapoa milikatuz garbitzen zion.

      Handik laster, gure behia umatu zen. Xahal bat ederra egin zuen. Hartarik egin beharra ginuen ondoko egunetako uztar behi eder bat.

      Ongi erdi zen. Arratsa izanki eta oherat joan ginen.

      Gure behiaz luzaz solasean arizanik, Mattin jeikitzen da, ikusteko bere ama-umeak. Umea xutik, saltoka abiatua. Bainan ama! Lurrean etzana zabal-zabala!

      Pusako bat eman zion higitzeko, bainan debaldetan. Hila zen ordukotz!

      Mattinen pena! Nigarrez ari zen. Laster marexalari telefonatu zion, eta laster hura ere etorri zen. Berantegi! Gure behia deusetako orai!

      Kanporat ereman ginuen eta estali. Bi egun han egon zen.

      Gure Jukik ez zuen kitatu. Haren ondoan egon zen, jan-edan gabe, begia tristerik.

      Gero eraman zuten erretzerat. Akabo gure Gorri!

      Xantza guziek segitzeko, denbora ederra izanki eta pikatzen dugu belarra.

      Gure Mattinek ondoko astean gan behar zuen Eskualtzaleen Biltzarrerat eta belarrak nahi zituen sartu orduko.

      Bainan aste guzia uria egin zuen eta urak atera... Gure belar metak joaiki ziren igerika xalupak bezala, eta soro guzia garbitu.

      Lagunek erran zioten:

      — Ez duk xantzarik, Mattin! Lehenik behia hil, eta orai belarra urak ereman.

      Mattinek, bere pena gordez, ihardetsi zioten:

      — Zer nahi duzue? Gure Jainkoak bazakien, behia hilez geroz, ez nuela belar beharrik!

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982