Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Osaba xaharraren etxaldea

 

      Gure koinatak bazituen bi etxalde: bat bere aitarena eta bertzea osaba xahar bat bakarrik bizi zenarena.

      Bere aita hil zitzaionean, koinatak gan behar zuen bere etxerat. Ama han zagon, hura ere bakarrik, eta etxaldea frango handia dago. Osaba ere bizi zen orduan; hartaz ere norbeitek okupatu behar.

      Gure aita semeak, elgarrekin bizi zirenak, hasi ziren «hi bahaiz, ni banauk», batek edo bertzeak gan behar zutela osaba xahar haren artatzerat.

      Mattin debrua zen oroz gainetik, bainan aitak ere ez zuen faltarik malezian. Beraz, nor joanen zen osaba haren ganat? Bixtan dena, Mattinek deliberatu zuen...

      Bainan aita ere han zagon erne. Zonbat itzu!i egiten zituen, dena karkula, dena abilezia, ikusten baitzuen, semea utziz, bera ere laguntzarik gabe gelditzen zela.

      Egun batez, Mattinen aita han zabilan, osaba xaharraren ontasunen ikusten: holako lurretan, semeari egin araziko ziozkala arto, belar eta gauza asko.

      Han ibilki zelarik, osaba haren auzoko gizon bat buruz buru heldu zaio gure gizonari:

      — Zer ari haiz hor, Pantxoa, itzul eta biraka? Ez duk hire adina orai, holako intrepesia bat hartzeko.

      — Ez nauk lanean ari. Ikusten ibilki nauk.

      — Ederki —dio erraiten auzoko gizon harek—, utz, otoi, gazteeri... Gazteez mintzo naizelarik, behar daiat gauza bat galdatu: Egia duk hire seme Mattin jitekoa dugula hunarat?

      — Oraiko ustez ba...

      — Ederki, ederki! Ni ere hemen izanen nauk. Artetan emanen ziozkat zonbeit kontseilu, eta aiseago lotuko duk lanari.

      — A! Zonbeit kontseilu? —dio aitak—, Bera ere kontseilu emaiteko hobeago duk, lanean artzeko baino.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982