Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982

 

 

Lehen urteak

 

      1916an, urriaren hamekan sortu zen Mattin Ahetzekoa, Harrieta laborari etxean.

      Bazituen bi arreba, Mari Terexa eta Mari Luixa. Biak ezkonduak dira aspaldian.

      Burrasoak, Pantxoa aitak eta amak Mayi Jeanne, hauek ere zenduak orai.

      Zonbeit urte etxe hortan iraganik, Mattinen burrasoek deliberatu zuten joaitea handik berrehun metra urruntxago, aitonak erosi etxe ttiki batetarat, Kaxandegia deitzen dena.

      Bizi moldea sanjatu zen orduan. Aitak gan behar zuen lanerat. Harrobian aritu zen urte batzuek. Nola hargintzan baitzuen jokoa, langile gisa ibiltzen zen jornalean.

      Ama, berriz, josten. Maxina buru gainean ezarririk, hurbileko etxetarat gaten zen.

      Mozkina gutti zen: behi baten hazteko manera bakarrik.

      Hiru haur eskolarat gaten ziren. Eskolatik etorri eta behia behar zen soroan zaindu.

      Behin batez, betroin tzar hura susara gertatu zen. Erhoturik, auzoko behien artean zabilan lasterka.

      Mattinek orduan zazpi urte zituen, eta behi debru hura ezin atxeman.

      Hor arribatzen da aita lanetik, kexatua:

      — Nun da gure behia? —galdegiten dio amari.

      — Ez dakit. Hementxet zen duela bortz minuta.

      Aitak:

      — Orroaz senditzen dut. Nun da Mattin?

      — Bere liburuak hartuta, irakurtzen ari zen penttokaren gainean. Ez zazula larderia —erraiten dio amak.

      — Ez larderia? Ikusiko dugu. Ez banau animale hura iluna gabe bere tokian sar arazten, sarri zafraldi bat ona merezitua izanen du.

      Ez zuen maite Mattinek bere aitaren kolera tzarra. Izitu egiten zen. Zer egin zuen orduan? Lasterka joan zen, iluna izana gatik, Harrieta etxe hartarat. Ate aintzinean etzan zen bi zakur handiren erdian. Zakur heiek ez zuten saingatu, ezagutzen baitzuten. Mattinek bere baitan egiten zuen:

      — Hemen behar ote diat gau guzia pasatu?

      Ilargi xuri ederra zen. Boz batzu entzuten ditu urruntxago: aita eta ama haren ondotik zabiltzan. Behiaz baino, grina gehiago bazutela memento hartan!

      Zakurrek ere, urratsak sentitzearekin, xutitzen dira eta saingaka lotzen.

      Burrasoek pentsatu zuten beren gau-xoria hurbil zutela, eta ikusi ere.

      Amak hartu zuen besoetan. Musu emanik, presaka bazoan, lo iterat behar zuela ereman. Lo zagon ba alegia, bi begiak hetsiak. Sentitu zituen goizeko lau orenak jotzen herriko elizan. Aita ere, ikustearekin trankildu zen. Bien artean ohean eman zuten. Beti lo, azeria bezain abila zen ordukotz.

      Herriko erretorak ere biziki maite zuen gure Mattin. Mezaren laguntzeko beretter hartu zuen. Ez baitzuen beti obeditzen haren erraneri, hasarretu iten zen gure erretora eta erraiten zion:

      — Mokokatzen haut frangotan, bainan hire onetan duk.

      Ez zuen geroztik ahantzia haren errana. Haurradanik, izpiritu argikoa zen.

      Herrian eskolemaileak usu sanjatu egiten ziren. Getarian bazuen osaba bat. Ainitz okupatzen zen Mattinez. Egun batez erraiten dio:

      — Behauk etorri Getariarat eskolan ibiltzeko. Hemen ez duk deusik ikasiko.

      Baietz hitzemanik, badoa harekin.

      Lehenbiziko astean, gure mutikoa frango prestu egon zitzaion. Osaba kontent.

      Bainan gero gure Mattinek lagunak egin zituen han ere. Pilotan artzen zen eskolatik lekora. Halere frango tenorez sartzen zen osabaren etxerat.

      Osabak bazuen magasin bat: liburu, plaiako puxka kategori guzietakoak, eta partikulazki egun guzietako jurnalak. Hoik egun guziez behar zituen etxetarat partidu.

      Mattini egun batez erraiten dio:

      — Hik, pilotan artzeko orde, eskolatik lekora behar nauzkik jurnal hoik etxe hoitarat ereman.

      Gure mutikoak, ez baitzakien errefusatzen, hitz eman zion deskantsuan egoiteko, inen ziozkala.

      Bainan noiz? Eskola finitu ordu, bere lagunekin badoa pilotan artzera, bere jurnalak pareta xokoan emanik.

      Iluna etorri zen, Etxetako ateak hetsiak. Harturik bere eskolako zakua bizkarrean eta jurnalak beso azpian, badoa etxeari buruz.

      Osaba han zabilan harat eta hunat kexu kexua. Izebak sukaldetik:

      — Ez ahal du min hartu bederen!

      — Min hartu? —dio osabak—. Heldu delarik nik irakutsiko diot nola obeditzen den. Eta jan gabe, gaineko selauerat igorriko dut bihar goiz arte.

      Etxe haren aintzinean bazen berro luze bat eta, ez baitzen Mattin hain handia, xoko xokoan plantatu zen, ikara zuela sartua gorputz guzian.

      Osabaren oihuak! Zakarra zen inprostean eta harek izitu egiten zuen.

      Elektrikako argi handi batek argitzen zuen etxe ingurua; eta, ez zuelakotz argi ikusten alderdi guzietarat, hartzen du sakelako lanpa ttiki bat eta zer kausitzen du? Mattin harritua, hari begira!

      — Zer ari haiz hor?

      Gezur bat pentsatu behar eta erraiten dio:

      — Ori: eskolan puni nintzen berandu artio, eta ez nuen bigarren bat izan nahi zure ganik.

      — Ganen haiz lo iterat jan gabe. Eta bihar, Uharteko Marianarekin, merkaturat jinen baituk zaldi karroarekin, harekin igorriko haut etxerat, letra bat eskuan, amari emaiteko.

      Gure mutikoa umil-umila gan zen selauerat. Eta biharamunean, goizik ernatuta, Ahetzeko bidea hartu.

      Mattinen burrasoak ez ziren harritu. Hain zen mutiko debrua, eta osaba gainerat prunta.

      Hamabi urtetan, eskola utzi zuen Mattinek, eta bere aitarekin plazako etxe batean sartu ziren.

      Han bazen gizon adinetako bat, xinple aire bat zuena. Han baziren behiak, eta lanean jokatu ziren, xahar haren hazteko. Dirurik ez zuen nahi; hazi bakarrik.

      Goizetan, sega bizkarrean harturik, bazken pikatzerat gaten zen gure Mattin. Gero, baratzean ziren porru, aza, ilar, denak jorratzen zituen. Gizon gazte egina zen orduan.

      Gostuko lekuan sartu zen Ahetzeko plazan. Ahal zuen guziez, pilotan artzen zen. Aitak ere maite zuen pilotako jokoa. Ekipak muntatuta, lau lagunetan usu ikusten ziren plazaren erdian.

      Izerdia heldu zelarik, ostatua hurbil zagon egarriaren kentzeko. Adinetako jendea etortzen zen orduan, arno xorta baten edateko konpainian.

      Frangotan kanpotik entzuten ziren kantuak. Baziren ere pertsutan artzen zirenak. Denbora hetan hasi zen Mattin pertsu batzuen moldatzen.

      Hogoi urte betetzean, soldado gan behar. Ez zen lotsatu. Bertzek iten zutena, inen zuela harek ere. Aitak eta amak grina bat bazuten, ez zelakotz etxetik urrun ibilia.

      Rochefort hirirat deitua izan zen. Usu igortzen zituzten berriak elgarri. Beti berri onak emaiten zituen. Sos pixar batzu aitak igortzen ziozkan. Ez zuen pipatzen, bainan maite zuen lagunekin ateratzea.

      Kasernan zen komedia. Ez zen usatua bere soinekoen garbitzen, eta han egin behar, ez bazuen nahi punitua izan.

      Behin batez, soldadoen salan zabilan aintzindari bat larderiaka, behatzen zapatek dirdiratzen zutenez, arropak ongi plegatuak ziren.

      Hain xuxen, gure Mattinek paltoan bazaukan botoin bat eroria. Suertez atxeman zuen. Paltoa eman zuen ohearen gainean xabal xabala, eta botoina eskas zuen tokian pausatu, batere josi gabe.

      Aintzindaria pasatu zen agur bat eginez, erranez kontent zela, ikusiz gauzak behar den bezala emanak.

      Soldado bat omen zen, hura beti ezin aski ongi muntatuz ari zena. Ohea eta arropak ongi moldatu ondoan, lagunek urratu ziozkaten, bisitatzeko tenorea jin zenean. Gaizoari aste baten permisionea kendu zion aintzindari gaixtoak.

      Gerla hasi zen. Denak izituak ziren. Nihork ez zuen guardian egon nahi kanpoan. Alemanek tirokatzen zituzten bazter guziak.

      Mattini proposatu zion soldado batek, egonen zenez guardiako; emanen ziozkala zonbeit sos.

      Harek kuxean onartu zion, eta egotu gau guzia, batere beldurrik gabe.

      Argitzean, Mattinek laguneri erran zioten:

      — Zuek bezalakoeri nik erraiten diat: Birika zuriak! Birika zuriak! Gizonak behaik odol pixka bat zainetan!

      Kapitain jauna han zabilan begitartea ilun, eta buruz buru egiten du Mattinekin.

      — Jauna —dio erraiten Mattinek—. Bertze baten partez, nik pasatua dut gan den gaua guardiako. Bazen, ba, bonba alde guzietarik. Halere bizi naiz oraino.

      — Xantza duzu zuk bederen. Nik semea galdu dut. Burua bala batek jo dio.

      — Handia zen zure seme hori?

      — Ba. Bi metra hurbiltzen zituen.

      — Ori. Haren ordain izan banintz, aise pasatuko zen bala hori nere gainetik.

      Bi urte soldadogo eginik, sartzen da etxerat. Handi baino zabalagoa zen. Ez zion armadak kalterik egin. Kapitainak ere erran omen zion partitzean:

      — Ixtantean pirripitaka joanen haiz, bula bezain arrunda haizelakotz.

      Kezkak hasi zitzaizkon eta lanean lotu zen. Sosa biziki maite zuen. Soldadogoan baztertu diruarekin bizikleta erosi zuen. Aiiiitzek han berean denak gastatu iten zituzten. Mattinek ez. Geroaz orroitu egiten zen.

      Osaba Josep kantoniera zen. Harekin ibiltzen zen bide antolatzen.

      Behiak uztartu, arkaira gibeletik, hizatzen zen gainerat, akilua eskuan xut atxikiz.

      Zonbeit kantu entzunak bide hoitan zabilalarik. Etxeratekoan boza azkartzen zuen, eguna konplitua zuela erakusteko.

      Laborari etxe gehienetan eguerdiko salda hartzen zuen. Nun jotzen baitzuen Angelus eta han xuxen gelditzen zen. Bere tresnak pausatu eta behieri belar puxka bat eman.

      Gero, deskantsuan bazkaltzen zuten osabak eta biek. Beti sukalde sanja zuten. Etxe guzietako problemak jakiten zituen. Segur kontseilari ona zaukaten berekin. Denen antolatzeari artzen zen. Gero utzi zuen kantoniergoa.

      1940an, Mulienea erosi zuten.

      — Ai, Mulienea! —erraiten zuen—, Hemen pasatzen ditut nere biziko egunik goxoenak.

      Handik laster, Jangurdoineko familian sartu zen eta hango alabarekin ezkondu. Alaba hura ni nintzen.

 

Mattin, nere gizona
Mari Treku

Auspoa, 1982