Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hitzaurrea

 

         Zenbaitek galde dezake behar bada, zergatik hautatu dudan nobela hau, bat euskaratzen hasterakoan. Esanen diot ez dudala neuk hautatu. Ezertan hasi baino lehen, LUR editorialarekin harremanean jartzea pentsatu nuen, eta ea zer itzultzea nahi zuten. Nobela hauxe zitzaiela urgenteen erantzun zeutaten eta honexekin has nendila. Nik ez nuen nobela hau oraindik irakurria, hala ere ez zitzaidan duda izpirik sortu, osotara fidatu bainintzen LUR editorialekoen irizpideaz.

         Baina hasi fedez hasi banintzen ere, itzuli ala kargutu naiz ez zegoela batere gaizki hautatua, are gehiago nobela haundi bat dela. Euskaraz itzulpen asko behar dugu, baina itzulpen aberasgarriak, gure hizkuntzaren barruti estutik —ia hermetismotik esanen nuke— ateraraziko gaituztenak. Eta askoren artean bat obra hauxe dela uste dut.

         Ez dut asmorik nobela honi kritika sistematikorik eta ideologikorik, ez eta teknikari buruzkorik ere egiteko, nahiz eta txit interesgarri litzatekeela deritzadan. Begio hori nork bere buruari edo bere lagunartean. Bihoaz hitz hauek nobela hau konprenitzen laguntzeko bakarrik, zeren erreza baita arreta haundiz ibili ezik, erdi despistaturik irakurtzea zertaz ari den garbi konturatu gabe bi arrazoigatik batez ere:

         a) Nobela bera oso teknikoa eta gaiez guztiz orijinala delako. Zer mundu klase den igarri orduko, orri asko pasaturik behar bada. Neuri ere lehenengo irakurraldian honelako zerbaitsu gertatu zitzaidan. Baina fraseka itzultzen joan naizenean, orduan kargutu naiz ondo nobela honen balioaz.

         b) Bigarren arrazoia ez da txikiagoa, alegia, hizkuntza bera izanen zaiola askori eragozpenik aski, ez baikaude honelako gauzak euskaraz irakurtzera ohituak. Bizkaian, adibidez, aditzarekin bakarrik ere nahikoa komeria duke askok.

         Dena dela, ez dut uste hain zaila denik nobela hau hasieratik ondo konprenitzea, hasieratik konprenitzen baldin bada «mundu berri» hau guztiz diferente dela mundu errealetik, nahiz eta beronen kritika erruki gabea izan. Mundu honetako pertsonak ez dira amarengandik jaioak, «fabrikatuak» baizik. Haurgintza industriako abar bat gehiago da, kotxegintza edo abioigintza bezala. Pertsona hauen artean kasta ezberdinak daude, kotxeetan marka ezberdinak dauden bezala. Denak berdinak eginez gero, gizartea hankaz gora lihoake. Denak goi-kastakoak, injineroak, profesoreak eta abar eginik, nori eragin peoi-lanak? Kasta eta klase ezberdinak egon arren, inoiz ez da klase burrukarik sortuko. Bakoitza konforme da bere izateaz eta bere graduaz, eta ez da kapaz ere deskonforme izateko. Are gehiago bakoitza zoriontsu da eta ez du zorigabe izateko libertaterik. Mundu berri honetan artea, jakintza, Shakespeare, Biblia, Jainkoa, ezkontza, gurasoak, libertatea, bekatua etabar, etabar, «atsoen ipuinak dira», «antzinako mundu zaharreko xelebrekeria farragarriak eta lizunkeria pornografikoak». Sexua bera ere kodifikatuta dago, mekanizatua, baina denak denekin, «mundu guztia mundu guztiarena baita». Pertsona bakarrarekin maitemintzea antisoziala da. Neskatxa bat mutil bakarrarekin edo alderantziz luzaroegi badabila (eta «luzaroegi» hori astebetean ibiltzea da) herejetzat eta subertsibotzat hartzen dute. Ez pentsa hala ere beste zenbait nobelatan bezalako jenero komertzial eta merkea hemen aurkitzerik. «Saltsa» horren bila doanak desengainio ederra hartuko du.

         Zein dira, orduan, artea, Jainkoa, egia, libertatea, zahartza, zorigabea, grinak, iniziatiba pertsonala, sentimenduak  abolitu dituen mundu berri honetako oinarriak? Produkzioa, kontsumoa, eta denen gainetik estabilidadea. Zer eta zertako produzitu? gehiegi galdetzea da hori mundu honetako jendeari. Galderak egiteak ez du hemen sentidurik. Produzitu egiten da, kontsumatu egiten da, pertsonak eurak ere fabrikatu egiten dira, baina inork ez du galdetzen zergatik edo zertako. Mundu honetan ez da posible errebelde, iraultzaile, libre izatea. Ez dira kapaz obratzen dutenaz bestera obratzeko. Zergatik? Halaxe fabrikatu dituztelako. Eta nora doa honelako gizartea? inora ere ez. Iritsi da iristeko lekura, iritsi da estabilidade sozialera, eta beraz, nahi eta ezko zorionera.

         Nobela hau irakurri ala, «mundu berri» hau munstro bat dela kargutzen da bat, munstro ikaragarria. Munstro hau zer den konprenitu ala, nazka, higuina, itomena, larritasuna, goragalea eta honelako sentimenduak datozkio bati. Horixe da hain zuzen John indio gazteari gertatzen zaiona. Bere ilusiorik haundiena mundu berri liluragarri hura nolakoa den ezagutzea da. Londresera daramate eta denbora gutiren buruan, hainbeste ilusioaz etorri zena okadaka eta barruak ere botaka dago ereinotz baten ostean. Zer gertatu zaio? Zibilizazioa jan duela eta kalte egin diola. Ematen dion higuinez eta amorrazioz, alergia hartu dio Londresi eta bere lehengo indiotasunera bihurtu nahi du.

         Behin sartu nintzen Igeldoko Laberinto edo ifernu deritzaten haietariko batera, baina ez dut uste bigarrenez harrapatuko nautenik. Sarreran xelebre eta entretenigarri iruditu arren, aurrera joan ala, barruak irabiatzen hasi zitzaizkidan eta minutu batzuk gehiago eduki banindute, esteak bertan botako nituela uste dut. Mundu berri honek ere antzerako larritasuna ematen daut. Horixe da izan ere Huxleyk probokatu nahi duena. Habilidade izugarria duela aitortu behar berak nahi dituen sentimenduak sortarazteko irakurlearen baitan. Eta mundu berri honek larritasun eta amorrazio gehiago ematen du hango izugarrikeriak geure mundu errealon berton ikusten eta sentitzen ditugulako. Are gehiago mundu erreal honetakoxe estruktura desgizatu eta zapaltzaileetarik atera du Huxleyk bere nobelarako gaia.

         Eta zer irtenbide du mundu berri munstro honek? Igeldoko laberintoak, goragalea ematen dionarentzat, ba du alderdi on bat, alegia, ate bat daukala. Mundu zoriontsu honek ordea, irtenbiderik gabeko laberintoa dirudi. Hain hertsiki kontrolaturik eta determinaturik dago dena, eta batez ere gizonak berak hain dira ezdeus, hain dira nor-ez, non ez baitira kapaz libre eta gizon izatea zer denik ere asmatzeko. Lortu da gizona «fabrikatzea» eta nahi den modukoa: gizon esklaboa berez, bere izatez, ia-ia makina bat. Honelako gizonekin mundu honek ez du irtenbiderik. Horixe da kapitalismoak pozik hartuko lukeen pertsona klasea, alegia, bere esklabotasunez zoriontsu den gizona. Horrela ez litzateke errepresiorik behar eta pentsa nolako abantaila ekonomikoa letorkeen hortik. Hona bada, mundu berri hau honelakoxe esklabo zoriontsuz osaturik dagoela. Esklabotasunak ez du esan nahi mixeria materialik. Horretan nahi duten guztia daukate eta ez dira kapaz daukatenaz besterik nahi izateko.

         Huxleyk hemen agertzen daukun mundu absurdoa eta izugarria posible ote da, gertatuko ote da inoiz? Aitor dezagun arriskua ba dagoela eta Huxleyk puntu neuralgikora, leku lekura jaurtiki duela harrikada: zapalkuntzak eta esplotazioak beste helburu bat lortu nahi du gaur, alegia, gizona desgizatu, daukana ez ezik bera dena kendu, libertatea ez ezik libre izateko gogoa eta kapazidadea kendu. Honelako gizonez osaturiko gizartea manaiatzea eta esplotatzea erreza ez ezik produktiboa eta dibertitua litzateke.

         Eroriko al da gizateria arrisku honetan? Zapalkuntza eta esplotazioa eguneroko ogia izan arren ere, ez dut inola uste mundu hori inoiz gertatuko denik, zeren inoiz baino gehiago eta indartsuago baitatoz gizonen eta herrien aldeko eta esplotazioaren kontrako mugimendu iraultzaileak. Itxaropena ere, beraz, inoiz baino gehiago eduki behar dugu, baina itxaropen erreala, ez utopikoa. Etorkizuna errazegi dakusatenei Huxleyk esanen die nobela honetan zer etsai klase izugarri eta indartsu menderatu beharra dagoen.

 

Xabier Amuriza

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971