Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamazortzigarren kapitulua

 

         Atea erdi zabalik zegoen. Sartu ziren.

         — John!

         Bainutegitik zarata latz berezi bat etorri zen.

         — Ezer gertatzen al zaik? —galdetu zuen Helmholtzek. Ez zen erantzunik izan. Beste bi bider entzun zen lehengo zarata latza. Ixilik berriro, Gero klaskada batez, bainutegiko atea ireki eta han agertu zen Basatia, zurbil zurbilik.

         — Hi! —hots egin zion Helmhotzek arduraz—. Hi ez hago ondo, John.

         — Jatekoren batek kalte egin al dauk? —galdetu zuen Bernardek.

         Basatiak baietz.

         — Bai, zibilizazioa jan nian

         — Zer?

         — Eta kalte egin zieutaan; gaisorik utzi nindian. Eta gero —gaineratu zuen ahots apalagoz— neure gaiztakeria jan nian.

         — Baina zer gertatzen zaik garbi? Oraintxe hengoen...

         — Orain garbirik niagok —esan zuen Basatiak—. Ziape pixka bat hartu diat ur beroaz.

         Beste biek harriturik begiratu zioten.

         — Nahi al duk esan, zera... apropos egin duala? —galdetu zuen Bernardek.

         — Honelaxe garbitzen dituk indioak.

         John jesarri zen eta arnasa estuka, esku bata bekokitik pasa zuen.

         — Minutu batzuetan atseden hartu behar diat —esan zuen—. Jota niagok.

         — Jakina, ez nauk bat ere harritzen —esan zuen Helmholtzek—. Eta tarte baten ondoren, gaineratu zuen beste tonu batez: Agur egitera etorri gotzaizkik. Bihar goizean aldegiten diagu.

         — Bai, bihar goizean ateratzen gaituk —esan zuen Bernardek. Honen aurpegian aire berria hauteman zuen Basatiak, derrigorrezko etsipena, alegia—. Eta, aizak John —jarraiki zen aurrerantz makurtu eta Basatiaren belaun gainean esku bata kokaturik— atzo gertatua zenbat sentitzen dudan esan nahi neuan. —Gorritu egin zen—. Lotsaturik niagok —jarraiki zen ahotsak dardar egiten ziola—. Zeharo lotsaturik niagok...

         Basatiak ixilarazi zuen, eta eskutik oraturik, maitero estutu zion.

         — Helmholtz ezin hobeto portatu ziaidak —jarraiki zen Bernard, ixilune baten ondoren— Beronengatik izan ez balitz, ezin izanen nian...

         — Tirok, tirok —protestatu zuen Helmholtzek.

         — Gaur goizean Inspektorea ikustera joan ninduan —esan zuen azkenez Basatiak.

         — Zertarako?

         — Zuekin batera ugarteetara bidal nenzan eskatzera.

         — Eta zer esan zian? —galdetu zuen Helmholtzek.

         Basatiak buruari eragin zion.

         — Ezetz.

         — Zergatik ezetz?

         — Esperimentua jarraikitzea nahi zuela esan zian. Baina hurka benazate —gaineratu zuen Basatiak kolpeko amorrazioz—, hurka benazate horien esperimentu gai izanez jarraikitzekotan. Ez horrelakorik, mundu guztiko Inspektore guztiengatik ere. Neuk Noizik noizera gurutzean bezala zabaltzen zituen besoak eta hala luzaro edukitzen, pixkanaka gehituez zihoakion minari eutsiez, agonia dardarti eta alagarri bihurtu arte. Hala edukitzen zituen bere borondatezko gurutzaldian. Bitartean, hortzak estuturik eta aurpegia izerdiztaturik, behin eta berriro zioen: «O, barka iezadazu! Garbi nazazu! Lagun nazazu ona nadin!» Behin eta berriro honela, minaren minez ere bihar alde eginen diat.

         — Nora baina? —galdetu zioten bi lagunek bat batera.

         Basatiak sorbaldak uzkurtu zituen.

         — Edonora. Berdin ziaidak. Bakarrik egoteko lekura behintzat.

         Guildford-tik beheranzko abioi bidea Wey haranean zehar zihoan Goldamingeraino eta gero, Mildford eta Witley gainetik, Haslemere eta Portmouth-rantz jarraikitzen zen Petersfield-en zehar. Ia beronen paretsu, goranzko abioi-bidea Worspledon, Tonghan, Puttenham, Elstead eta Grayshott gainetik pasatzen zen. Hog's Back eta Hindhead bitartean ba ziren puntu batzuk bide batetik besterako distantzia bospasei kilometrotik gora ez zena. Distantzia hura ez zen nahikoa pilotu ezaxolentzat, batez ere gauez eta gramo erdi bat gehiago harturik joanez gero. Ba zen akzidenterik franko. Eta batzuk gogorrak. Horigatik erabaki zuten beheranzko bidea kilometro batzuk mendebalerago aldatzea. Grayshott eta Tongham bitartean abiazioko lau faro zeuden bertan behera utziak Portsmouth-Londresko aintzinako bidea seinalatzen zutenak.

         Puttenham eta Elstead bitarteko mendiska gailurreko faro zaharra hautatu zuen Basatiak ermitatzat. Edifizioa zementu harmatuzkoa zen eta kondizio ederretan zegoen; erosoegi, behar bada, pentsatu zuen Basatiak, lekua lehenengoz ikuskatu zuenean, ia luxotsuegi eta zibilizatuegi. Hala ere lasarazi zuen kontzientzia, bere buruari promes eginik alderdi txar haiek kitatuko zituela autodiziplina gogorragoz, garbialdi osoagoez eta zehatzagoez. Lehenengo gaua loak hartzeke pasa zuen apropos. Orduak eta orduak eman zituen otoitzean, behin zeruari, zeini Klaudio errudunak barka eskatu baitzion, behin Awonawilona-ri, zuñieraz, behin Jesusi eta Poukong-i, behin bere animalia jagole arranoari, ia kordea galtzeraino.

         Biharamun goiza iristean, Basatiak pentsatu zuen irabazia zeukala faroan bizi izateko eskubidea. Irabazia zeukan, bai, nahiz eta oraindik kristalak egon leihorik gehienetan, nahiz eta panorama polita ageri plataformatik. Zeren faroa hautatzeko arrazoia bera bilakatu zitzaion ia kolpera beste norabait alde egiteko arrazoi. Johnek han bizitzea erabaki zuen, zeren panorama hain ederra baitzegoen handik, zeren hain bere biziko begiralekutik, iruditzen baitzitzaion jainkozko izaki baten gizakundea zekusala. Nor zen, ordea, bera edertasunaren eguneroko ikuspenaz gozatzeko? Nor zen bera Jainkoaren presentzia agerian bizi izateko? Zerritegi zikin batean edo lurpeko zulo ilunen batean bizitzea merezi zuen berak. Gorputz osoa konkor eta minbera zuela oraindik bartko penitentziaz, baina arrazoi hauxegatik barrua indartsu sentituez, Basatia igo zen bere dorre gainera eta handik begiratu zuen egunsentiko mundu argitsu hartara: ordutik aurrera eskubide propioz biziko zen berriro konkista berri zuen mundu hartan.

         Iparraldean, bista Hog's Back-eko mendi gangar kleratsuaz mugatua zen, eta horren ekialdeko partetik Guildford osotzen zuten zazpi etxegaraien dorreak altxatzen ziren. Berauk ikustean Basatiak keinu bat egin zuen; baina denboraz haiekin bakeak pasa ohi zituen gizon batto ere ikusteke. Charing-T koekin alegeraki ñir ñir ari baitziren, edo bestela, erreflektoreek argiturik, beren hatzamar argitsuez (jadanik Ingalaterran Basatiak ezik inork ezin adi zezakeen zeinu baten esanguraz) zeruetako misterio sakonezinetarantz seinalatzen zutelako.

         Hog's Back-en eta farodun mendiska arbeltsuaren bitarteko haranean Puttenham zegoen: bederatzi pisuko edifizioa, silo eta guzti, hegazti granja bat, Bitamina D-ko fabrika txiki bat. Faroaz beste aldean, Hegoaldean, aldapa luzeak ageri ziren sasiz jantziak zingiredi zabal baterantz jotzen zutenak.

         Zingira hartatik harago, bitarteko oihanen gainetik, Elstead-go hamalau pisuko dorrea ageri zen. Aire ingeles lanbrotsuan erdi galduak, Hindhead eta Selborne ikusgarri zeuden, han urrunean, urdin eta erromantiko. Baina ez zuen urrunera zekusanak bakarrik lilurarazten Basatia; bere inguruan zekusana ere berdin zitzaion liluragarri. Oihanak, otadi zabalak eta txilardi horixkak, basapinaditxoak, zingira eta urtegi dirdaitsuak, beren urki eta sahats negartiekin, beren urlili eta ihitzekin: ba zen han edertasunik ugari, eta Amerikako mortu lehorretara ohiturik zeuden begientzat liluragarria zen guzti hura. Eta gainera, bakardadea! Basatiak egunak eta egunak Johnen mina eta damua ez ezik jainkoak berak ere Dorretik farora ordu laurdeneko hegada zegoen bakarrik. Londrestik egunero atera ohi ziren jendetzak, Golf Elektromagnetikora edo tenisera jokatzeko bakarrik ateratzen ziren.

         Londresera heltzean, gastuetarako eman zioten dirurik gehiena, bere ekiporako behar zituen gauzak erosten enplegatu zuen Johnek. Londrestik irten aurretik, Basatiak lika-artilezko lau manta erosi zituen, sokak, alanbrea, iltzeak, kola, erremintaren batzuk, fosforoak (laster, ordea, sua pizteko ardatza berak egiteko asmoa zeukan), sukaldeko bateria pixka bat, bi dozena zakutokada hazi eta hamar kilo gari irin.

         — Ez, ez dut nahi almidoi sintetikorik, ez kotoi hondakinezko irin artifizialik —ekin izan zion—. Nahiz eta alimentu haundikoak izan.

         Gaileta panglandularrei eta idiki artifizial bitaminatuari buruz, ordea, ezin izan zion dendariaren etorriari eutsi. Orain lata haiek ikusirik, bere buruari agiraka ari zen orduko geldokeriagatik. Zibilizazioko produkto nazkagarriak! Inoiz ez zituela janen erabaki zuen, nahiz eta goseak hil. «Neuk hortzak erakutsiko zizkieat horiei», pentsatu zuen mendekati. Eta bide batez, bere buruari ere erakutsiko zizkion.

         Johnek kontatu zuen bere dirua. Geratzen zitzaion apurra negua pasatzeko haina izanen al zitzaion. Udaberria etortzean, bere baratzak emanen zion kanpoko mundutik aparte bizi ahal izateko haina. Bitartean ehizatik ere atera zezakeen zerbait. Ikusia zuen anitz untxi, eta zingiretan ba zebilen ur hegaztirik franko. Berehalaxe hasi zen arku bat eta honentzako geziak egiten.

         Lizarrak zeuden faro inguruan hazten eta gezi girtenetako ba zen han aldaxka zuzen eta ederdun urritzik. Lizar gazte bat eratzi zuen lehenengo. Adar gabeko enbor leunetik, ia bi metro luzeko zati bat ebaki zion, azala zuritu zion eta Mitsima zaharrak irakatsi zion bezala, kaparik kapa zur zuria kenduez joan zitzaion. Azkenerako han zeukan bere luzerako akuilu bat, tinkoa eta sendoa erdian, arina eta zaulia ertzetan. Lan hura egiteak atsegin bete betea eman zion. Ez zuen alferrik pasa Londresen hainbeste aste alferkerian: ezer nahi zuenean ez zeukan botoi bati ematea edo kisket bat jiratzea baizik. Orain, ordea, zer atsegina habilidadea eta pazientzia behar zuen zerbait egitea.

         Arkuari ia azkena ematen zebilala, ikaraz konturatu zen kantatzen ari zela. Kantatzen! Bere buruarekin kanpoko aldetik topo eginik, bere burua izugarrizko delituan harrapatu balu bezala zen. Gorri gorri jarri zen, zeharo lotsaturik. Ez baitzen bera kantatzera edo dibertitzera etorri hara, baizik bizitza zibilizatuko kutsuari ihes egitera, bere burua garbitzera eta ontzera, lanaren bidez zorrak kitatzera. Penaz konprenitu zuen, bere arkugintzan buru eta bihotz ari zen bitartean, ahaztu egin zela bere buruari beti gogoratzeko zin egin zionaz: Linda gaixoa, bere harenganako gogorkeria erailea, haren heriotzako ohe inguruan harrak bezala barra barra zebiltzan biki nazkagarriak, beren presentzia hutsez Johnen mina eta damua ez ezik jainkoak berak ere profanatzen zituztela. Zin egin zuen beti gogoratuko zela, zin egin zuen eten gabe ariko zela zor hura ordaintzen. Eta han ari zen bere arkua egiten eta kantatzen honelaxe, bai, kantatzen. Sartu farora, ziape potea ireki eta ura ifini zuen sutan irakiten.

         Ordu erdi geroago, Bokanowsky sail bateko hiru nekazari Delta-Gutiago kamioiz zihoazen Elstead-erantz, eta mendixka tontorretik harriturik geratu ziren gazte bat zutik ikustean faro lagatuaren aurrekaldean, biluzik gerriraino eta bere burua azotatzen, korapilodun sokazko zartailu batez. Gaztearen bizkarrak marra gorriztatuak ageri ziren alderik alde zeharretara, eta odol xirristak zerizkion hildotik hildora. Xoferrak gelditu zuen kamioia bide bazterrean eta bere bi lagunekin batera, ahoa zabalik geratu zen, ikuskizun harrigarri hartara begira, Bat, bi, hiru... Kontatu zituzten azoteak. Zortzigarren zartada ondoren, gazteak gelditu zuen bere zigorketa, oihan ertzeraino korrika abiatu eta okadaka eta barruak ere botaka hasi zen. Gero zartailua berriro hartu eta jo eta jo ekin zion: bederatzi, hamar, hamaika, hamabi...

         — Ford! —marmartu zuen xoferrak.

         Eta beste bikiak ere eritzi berdineko ziren.

         — Erreford! —esan zuten.

         Geroztik hiru egunera, han agertu ziren periodistak, saitzarrak haragi ustelera bezala.

         Egur berdezko su geldian sikaturik eta zaildurik, arkua prest zeukan ia. Basatiak fin ziharduen bere gezigintzan. Hogei eta hamar urritz makila ebakiak zeuzkan, bakoitzari iltze zorrotz bana puntan gogorki sarturik. Gau batez Puttenhamgo hegazti granjan sar-irten bat egin zuen eta orain ba zeukan armada oso bat ere hornitzeko haina luma. Geziak lumaz jazten ziharduen hain zuzen, lehenengo periodista agertu zitzaionean. Ixil ixilka, bere zapata pneumatikoz jantzirik, gizona atzeko aldetik hurreratu zitzaion.

         — Egunon, Mr, Basati —esan zuen—. «Orduoroko Irratia»-ko albistaria nauzu.

         Suge batek zast eginik bezala, salto haundi bat eman zuen oinen gainean, luma, gezi, kola eta pintzel airean zehar sakabanatuez.

         — Barka —esan zion periodistak, benetan penaturik—. Ez neukan asmorik... —kapelari eragin zion; aluminiozko kopadun kapela zen; errezeptore eta trasmisore telegrafikoak zeramatzan bertan—. Barka iezadazu kapelarik ez eraunztea —esan zuen— kapela hau astuntxoa baita. Beno, esan dautzudanez, «Orduoroko Irratia»-k bidali nau...

         — Zer nai duzu? —galdetu zuen Basatiak bekosko ilunez.

         — Beno, naturala denez, gure irakurleei txit atsegin litzaieke... —Burua okertu zuen pixka bat eta lausenguka bezala ari zen irriparrez—. Zeure hitz bat edo beste, Mr. Basati.

         Eta berehalaxe, ritozko mugimendu batzuez, gerri bueltan zeraman bateriari konektaturiko bi kable askatu zituen; era berean aluminiozko kapelaren ezker-eskuinetan entxufatu zituen; kapela gailurreko erresorte bati eman zion eta antena bat disparatu zen airean; kapela ertzeko beste erresorte bati eman eta mueilezko jostailu bat bezala, mikrofono txiki bat atera zen, zintzilik dardarka geratzen zitzaiolarik sudurretik hamabost bat zentimetrora. Aurikular pare bat beharrietaraino jautsi, kapelaren ezker aldeko botoi bati eman eta furrundaratxoa entzuten zen. Eskuineko beste botoi bat jiratu eta txistu eta klaskada estereoskopiko batzuek moztu zuten furrundara hura.

         — Hizketan —esan zuen—, hizketan, hizketan...

         Bat batean tinbre hotsa entzun zen kapela barruan.

         — Hi al baiz, Edzel? Primo Mellon hizketan hemen. Bai, harrapatu diat. Mr. Basatik oraintxe hartuko dik mikrofonoa hitz batzuk esateko. Mesedez, Mr. Basati. —Johni begiratu eta beste irriparre ezti bat egin zion—. Esaiezu gure irakurleei zergatik etorri zaren hona. Zerk eragin zintuen hain kolpera (hizketan, Edzel!) Londrestik aldegitera. Eta, jakina, esaiezu zerbait latigoari buruz ere.

         Basatiari dardara sartu zitzaion. Nola arraio jakin zuten latigoaren berri?

         Basatiak harrigarrizko zehaztasunez obeditu zuen. Bost hitz bakarrik esan zituen, batto ere ez gehiagorik. Bost hitz, Canterbury-ko Artxitxantre Komunalaz Bernardi esan zizkion hitzak berak.

         — Hàni, sons éso tse-nà!

         Eta periodistari sorbaldetatik oraturik, buelta erdi emanarazi zion (ipurdialde mardula ageri zitzaion gazteari), apuntatu ondo, eta futbolistarik onenaren indarrez eta tinuz, egundoko ostikada ezarri zion.

         Handik zortzi minutora, «Orduoroko Irratia»-ren edizio berri bat zebilen Londresko kaleetan zehar. «Orduoroko Irratia-ko periodista bati Mr. Basatik ostikada bat ematen dio ipurdian», zioen lehenengo orrialdeko titularrak. «Harridura Surrey-n».

         «Eta harridura Londresen ere», pentsatu zuen periodistak bueltan, hitz hauek irakurtzean. Eta, okerrago zena, min itzela eman zion harridura, noski. Gosaltzerakoan, kontuz kontuz jesarri behar izan zuen.

         Lankidearen ipurdiko eskarmentagarriaz beldurtzeke, beste lau periodista etorri ziren farora arratsalde hartan. Basatiak gero eta gogorrago errezibitu zituen. Hauek ziren laurak: «Times» New York-ekoa, «Lau Dimentsioko Continuum» Francfort-koa, «Fordtar Zientziaren Monitorea» eta «Delten Ispilua».

         Distantzia zuhur batetik eta ipurdi minduetan hazka eginez oraindik, «Fordtar Zientziaren Monitorea»ko periodistak hots egin zuen:

         — Tenteltzar! Zergatik ez duk soma pitin bat hartzen?

         — Ospa hemendik! —erantzun zuen Basatiak. Besteak, pauso batzuk atzera egin eta berriro itzuli zen.

         — Pare bat gramok gaitz guztiak uxatzen ditik.

         — Kohakwa iyathokyai!

         — Mina asmazioa baizik ez duk.

         — A, bai? —esan zuen Basatiak.

         Eta makila sendo bat harturik pauso bat aurrerantz eraman zuen.

         «Fordtar Zientziaren Monitorea»ko bidaliak arinari eman zion bere helikopterorantz.

         Memento hartatik gora Basatiari bakez utzi zioten denbora batez. Helikoptero batzuk etorri eta hegan ibili ziren bere dorre gainean, non zer ikusiko. Johnek gezi bat disparatu zion gehien hurreratu zenari. Geziak kabinako aluminiozko azpia zulatu zuen; garrasi zorrotz bat entzun zen eta aparatua gorantz abiatu zen kohete bat bezala, motorrak ahal zuenik azkarren. Gainetikoek harez gero errespetoz gorde zituzten distantziak. Goiko furrundara aspergarriari jaramonik egiteke (Basatiak Matsakiko Neskatxaren zaleetarik bat bezala zekusan bere burua, ekinkor eta euskor hegodun zomorroen artean) Basatia lan eta lan ari zen bere geroko baratzean.

         Denbora pixka baten ondoren zomorroak berak aspertu ziren, antza, eta hegan aldendu ziren. Ordu batzutan zerua hutsik geratu zitzaion buru gainean, bai eta ixilik ere, birigarroa izan ezik.

         Sargori itogarria zegoen eta ekaitza gainean zen. Johnek aitzurketan eman zuen goiza eta orain lurrean etzana zegoen atsedenean. Honetan Leninaren oroitza egiazko presentzia bihurtu zitzaion kolpera, presentzia biluzi eta ikugarria, ziotsala: «Ene maitetxo» eta «Besarka nazazu», zapata galtzerdiak soineko bakar, lurrintsu... Mari urde! Baina... O, O...! Leninaren besoak lepo bueltan, bularrak artez, haren ezpainak... «Betikotasuna geure ezpainetan eta geure begietan genuen...» Lenina... Ez, ez, ez, ez! Basatiak salto haundi bat eman zuen eta biluzik, zegoen bezala, korrika atera zen etxetik. Larrea hasten zen mugan otadi arantzetsu bat zegoen. Johnek otartera jaurtiki zuen bere burua eta bere desiretako gorputz guriaren ordez, besartekada bat ota berde estutu zuen. Milaka ota punta zorrotzek urriki gabe zistakatu zuten. John Lindarenagan pensatzen saiatu zen; han zegoen gaixoa hitzik eta hatsik gabe, eskuak estutuez eta begietatik izugarrizko ikara zeriola Linda gaixoa, inoiz ez zuela ahaztuko zin egin zuena. Baina Leninaren presentzia zirika ari zitzaion. Ota punten zauriz eta zastadaz ere, bere haragi tematiak Lenina desiratzen zuen, nahi eta ez erreal zitzaiena. «Maitetxo, maitetxo... zeuk ere desira baninduzun, zergatik ez zeneutan esaten?

         Latigoa iltze batetik zintzilik zeukan ate ostean, eskumende beti badaezpadan, periodistarik ager baledi. Amorrazio aldiak emanda, Basatia korrika itzuli zen etxera, hartu latigoa eta airean dantzarazi zuen. Korapilodun sokek hautsiki egin zioten haragian.

         — Mari urde! Mari urde!— ari zen oihuka, Lenina bera balitz bezala (eta, nahiz eta ez konturatu, zer maiz desiratzen zuen Lenina zedin!) Lenina zuria, beroa, lurrintsua, lizuna balitz bezala, honela azotatzen zuena. Mari urde! —eta gero etsipenezko ahotsez—: O, Linda, barka iezadazu! Barka, ene Jainkoa! Gaiztoa naiz, zitala naiz. Naiz... Ez, ez, Mari urde, Mari urde!

         Hirurehun metroko distantziara, Darwin Bonapartek gordeleku bat kontuz kontuz egina zeukan oihanean eta handik ikusten zituen Basatiaren mugimendu guztiak. Sensoramako Filme Egileen Taldeko fotograforik onena zen bera. Haren pazientzia eta habilidadea garaile atera ziren. Darwin Bonapartek hiru egun pasa zituen haritz artifizial baten enbor barruan jesarrita; hiru gau sabelaz behera arrastaka larrean zehar, otatzetan mikrofonoak gordeez, hareatza gris bigunean kableak ehortziez. Hirurogei eta hamabi ordu egundoko nekeetan. Baina iritsi zen memento nagusia, mementorik haundiena noski, behinola gorila batzuen eztaiei plano estereoskopiko harrigarri haiek atera zizkienez geroztik. «Zoragarri —esan zuen berekiko, Basatiak bere ariketa hasi zuenean—, zoragarri!».

         Bere kamara teleskopikoak arretaz enfokaturik eduki zituen, kolaz itsatsiak bezala beren objetibo mugikorrari; beste teleskopio indartsuago bat ezarri zien Basatiaren aurpegi amorratu eta bihurrikatuari lehen plano bat ateratzeko (Miragarri! ); pixka batean kamara geldiz filmatu zuen (efekto komiko bikaina, prometitu zion bere buruari); eta bitartean gozamen zitzaion haren zartadak, urrumak eta arneguak entzutea, filmeko zinta ozenean grabatuez zihoazenak; frogatu zuen anplifikazio txiki batek nola jotzen zuen (honela dudarik gabe, hobeto geratzen zen); tarte labur batean pozik entzun zuen birigarro baten kanta zorrotza ere; Basatiak buelta eman zezan zain zegoen, bizkarretan behera zerion odolaren lehen plano on bat ateratzeko... eta hara berehalaxe (Hura suertea!) mutil esanginak buelta eman zuela. Fotografoak aukera guztian hartu ahal izan zion nahi zuen planoa.

         — «Beno, biribila izan duk» —esan zuen dena bukatzean. Puntarengoa! «Izerditzan beraturiko aurpegia xukatu zuen. Estudioetan ikumen efektoak erantsitakoan, biribila geratuko zen». «Zeroien amorio bizitza» bezain ona ia, pentsatu zuen Darwin Bonapartek. Eta hori, ene Ford, ez zen berriketa!

         Geroztik hamabi egunera «Surrey-ko Basatia» estreinaturik zegoen ia eta Mendebal Europako kategoriarik haundieneko sensoramategi guztietan ikus, entzun eta iku zitekeen.

         Darwin Bonaparteren filmeak efekto itzela eragin zuen berehala. Estreinu gaueko biharamun arratsaldean, Johnen mortu bakardadea kolpera hurratu zuen hara iritsi zen helikoptero multzo haundiak.

         John aitzurketan ari zen bere baratzean; eta aitzurketan ari zen bere baitan ere, bere pentsamenduetako iluna iraulkatuez. Heriotza... Eta behin eta berriro sartzen zuen aitzurra... «Gure atzo guztiek argitu diete zentzugabeei heriotzarako bide hautseztatua». Trumoi sarkor bat ari zitzaion hitz hauen bidez orroaka. Johnek palakada bat lur jaso zuen. Zergatik hil zen Linda? Zergatik permititu zuten bere gizatasuna apurka apurka gal zezan, eta azkenez...? Hotz ikarak hartu zuen Basatia... Eta azkenez «musukatzeko haragitzar on bat» [1] Laiaren bizkarrean oina ifini eta ondoraino sartu zuen lurrean. «Nola euliak mutiko okerrei, hala gatzaizkie gu Jainkoei. Jolasarren bezala hiltzen gaituzte» [2]. Beste trumoi bat; hitz hauek berenez ageri ziren egiazko; moduren batez, egia bera ere baino egiazkoago. Eta hala ere, Gloucester-ek berak ere «Jainko beti ongileak» deitu zituen. Gainera «atsedenik onena loa duk; eta hik maiz bilatzen duk; hala ere Heriotzaren beldur haiz, loa lakoxea delarik ere» [3], Loa besterik ez; lo egin, amets egin, akaso» [4]. Laiak harri baten kontra egin zuen. Hura hartzera makurtu zen. «Eta heriotzearen lo horretan, zer amets...?» [5].

         Haren gaineko furrundara, burrunbada bilakatu zen. Zerbait jarri zen eguzkiaren eta bere artean eta gerizpetan aurkitu zen John. Ikaraturik, begiak jaso zituen bere lanetik eta bere pentsamenduetatik. Lausoturik bezala begiratu zuen gorantz. Haren gogoa deslai zebilen oraindik egia bera baino hitz egiazkoagoen beste mundu hartan zehar, haren gogoa heriotzaren eta jainkotasunaren zabaldietan zehar zebilen oraindik. Jaso begiak eta aparato hegalari pila ikusi zuen bere gainean, hur hurrean. Oti bolada bat bezala etorri ziren, airean dilindan egon ziren, eta azkenez larrean kokatu ziren, bere inguruan. Otitzar haien sabeletatik gizonak ateratzen ziren beren lika-franelazko galtza zuriz, eta emakumeak (bero egiten baitzuen) beren shantung azetatozko pijamaz, edo panazko galtza motxez eta manga gabeko blusa txit eskotatuz. Bikote bana aparato bakoitzetik. Minuto gutiren buruan, dozenaka zeuden han, zutik, faro inguruan korru zabal bat eginez, begira, farraka, beren makina fotografikoak disparatuez, tximino bati bezala jaurtikiez kakaguesak, hormona sexualezko goma mastikatzekoen paketeak, galleta txiki panglanduarrak. Eta etengabe —zeren orain trafikoaren joan etorria eten gabea zen Hog's Back'en gainetik— haien lumeroa ugarituez zihoan. Ameskaitz batean bezala, dozenak hogeiko, eta hogeikoak ehuneko bilakatzen ziren.

         Basatia gordeleku bila erretiratu zen eta orain, pizti inguratu bat bezala, zutik zegoen faroko hormari atzea emanez, ikara mutuz begira aurpegi haietara, bere senetik irtendako gizon bat bezala.

         Norbaitek matrailera zuzen jaurtiki zion txikle pakete baten zartadak atera zuen bere harridura hartatik, errealitatera itzularaziz. Min zorrotza eman zion eta kolpera iratzarrik aurkitu zen, iratzarrik eta amorrazioz beterik.

         — Kanpora —oihukatu zuen

         Tximinoak hitz egin zuen; parre karkarak entzun ziren.

         — Aupa gure Basatia! Aupa! Aupa!

         Eta egundoko zalaparta hartan, oihu hauek entzun zituen Johnek: Latigoa, latigoa, latigoa!

         Hitz hauen sugestioari obedituz, ate osteko iltzetik korapilodun sokazko latigoa hartu zuen Johnek eta airean dantzarazi zuen, bere borreroei amenazuka bezala.

         Xalo hots ironikoa atera zen jendartetik.

         John amenazuka hurreratu zitzaien. Emakume batek txilio egin zuen ikaraturik. Ikusmiratzaileen errezkada amenazua hurren hartu zuen lekutik kolokatu zen, baina laster tinkotu zen berriro ere eta gogor eutsi zioten. Lumeroz askoz gehiago zirela jakiteak, Basatiak uste ez bezalako kemena zemaien ikusmiratzaile haiei.

         — Zergatik ez nazazue baketan uzten?

         Ba zen haren haserrean halako nahigabe airerik.

         — Nahi al duk magnesiozko almendra gazirik? —esan zuen Basatiak aurrerantz segitzekotan, lehenengo kolpea hartu beharko zuen gizonak. Eta boltsatxo bat astindu zuen—. Gozo gozoak dituk benetan —gaineratu zuen irriparre eztigarriz eta urduri xamarrez—. Eta magnesiozko gatzek gazte iraunaraziko haute beti.

         — Zer nahi duzue niregandik? —galdetu zuen aurpegi irripartsu haiei bana banaka begiratuez

         —  Zer nahi duzue niregandik?

         — Latigoa! —erantzun zuten ehun ahotsek nahastuki. Egik latigoaren ariketa. Latigoaren ariketa ikusi nahi diagu.

         Orduan errezkada ertzeko talde bat oihuka hasi zen aho batez eta ritmoz:

         — La-ti-go-a! La-ti-go-a! La-ti-go-a!

         — La-ti-go-a! La-ti-go-a!

         Denek batera egiten zuten oihu; eta zalapartaz, orobatasunaz, eta alkartasun ritmikoaren sensazioaz mozkorturik, ba zirudien halaxe ekinen ziotela oihuka orduetan eta orduetan, ia sekulorun sekulotan. Baina hogei eta bostgarren berresaldian, eten bat egin zen kolpera. Hog's Back-tik zetorren beste helikoptero bat segundo batzuetan geldi egon zen jendetzaren gainean; gero Basatia zutik zegoen lekutik metro batzuetara lurrartu zuen, ikusmiratzaileen eta bere arteko zabalgunean. Helizeen burrundadak memento baten ito zuen jendearen oihuketa; baina geroxeago, aparatuak lurra ikutu eta helizeak mututzean berriro hasi ziren oihuka lehen bezain gogor, ekile eta monotono: «Latigoa, latigoa».

         Helikopteroko atea ireki eta han agertu ziren aurpegi kiskalidun gazte beilegi bat eta neskatxa bat ondoren, pana berdezko galtza motxez, alkondara zuriz eta jockeyzko xanoz jantzia.

         Neskatxa ikustean, Basatia ikaratu egin zen; atzerantz egin zuen eta aurpegia kolpera zurbildu zitzaion.

         Neskatxa irriparrez begira geratu zitzaion, dudazko, erreguzko, ia apalmenduzko irriparrez. Segundo batzuk pasa ziren; zerbait esaka bide zen, baina haren ahotsa itorik geratzen zen beren errepikari ekin eta ekin ziharduten ikusmiratzaileen zalapartaz.

         — Latigoa! Latigoa!

         Neskatxak bi eskuak ezkerreko saihetsera eraman zituen eta haren aurpegi melokotoia bezain gurian saminezko eta desira kartsuzko aire estrainio bat ageri zen. Haren begi urdinek haunditzenago eta argitzenago ziruditen. Honetan bi malko erori zitzaizkion matrailetan behera. Berriro egin zuen hitz baina ezin entzun. Gero jestu azkar eta bero batez, besoak Basatiarengana hedatu eta pauso bat aurrerantz eman zuen.

         — Latigoa! Latigoa!

         Eta hara bat batera ikusmiratzaileek lortua zutela hain gogoko zutena.

         — Mari urde!

         Eta korrika abiatu zitzaion neskatxari, zoro bat bezala. «Mari urde» ulukatu zuen zoro batek bezala, eta gero joka hasi zitzaion bere korapilodun sokazko latigoaz.

         Hezurretaraino ikaraturik, itzuli zen neskatxa, eman zion ihesari, baina tupust eginik, lurrera erori zen.

         — Henry! Henry! —hots egin zuen.

         Baina haren lagun beilegia helikoptero ostean ostendurik zegoen, badaezpadan ere

         Beroaldizko eta pozezko irrintzi batez, korrua hautsi eta abiada konbergente bat hasi zuten atrakzioko zentro magnetikorantz. Oinazea izan ere izugarrikeria liluragarria da.

         — Erre ezan, oi haragikeria, erre ezan! [6]

         —  O, haragia!

         Basatiak hortzak karrazkatu zituen. Oraingoan latigoa bere bizkarren gainera erori zen.

         — Hil ezak! Hil ezak!

         Oinazearen ikusteak sortarazi ohi duen izuaren lilurak arrastaturik, eta egokimenduak haiengan finkatua zuen kooperazio ohiturak eta orobatasun eta elkartasun nahiak eraginik, ikusmiratzaileek Basatiaren jestuen frenesia imitatzen hasi ziren, elkarri kolpeka Basatiak bere haragi errebeldea azotatzen zuen bakoitzean, edo belartzan, bere oinetan kiribiltzen zen zatarkeria-kume potolo hura jotzen zuen bakoitzean.

         — Hil ezak, hil ezak, hil ezak!— ziharduen oihuka Basatiak.

         Gero, bat batean «Uhuhu-Ahaha» kantatzen hasi zen bat; eta berehala beste guztiek ere errepikatu zioten, eta denak kantari, dantza hasi zuten.

         «Uhuhu-Ahaha», jira eta bira, elkar joka, zortzitik seiko konpasean. Uhuhu-Ahaha.

         Gauerditik gora zen azkenengo helikopteroak aldegin zuenean. Somaz horditurik eta hain frenesi sensual luzez leherturik, Basatia lo zegoen, larrean etzana. Eguzkia oso goi zegoen itzarri zenerako. Apur batean etzanik segitu zuen, argitan keinuka, mozolo bat bezala, ezer konprenitzeke; gero bat batean, denaz oroitu zen. Begiak esku batez estali zituen.

         Arratsalde hartan Hog's Back-tik honantz furrundaka zetorren helikoptero bolada hamar kilometro luzeko hodei trinkoa zen.

         — Basati! —hots egin zuten lehenengo iritsi zirenek—. Mr. Basati!

         Ez zen erantzunik izan

         Faroko atea zabalik zegoen. Sakatu eta sartu ziren barruko erdi itzalean. Salako beste ertzeko arku batetik ikus zitekeen goiko pisuetara zeraman eskailera-hasiera. Eta arkuaren giltzarripean, hain zuzen, bi hanka zeuden dilindan.

         —  Mr. Basati!

         Geldiro geldiro, txit geldiro, bi brujula orratz bezala, hankak eskuinerantz biratzen ziren; Ifar, Ifarrekialde, Ekialde, Hego, Hegohegomendebalde; gero geratu egin ziren, eta segundo gutiren buruan, berriro hasi ziren biraka, lehen bezain bare eta geldiro, ezkerrerantz oraingoan: Hegohegomendebalde, Hego, Hegoekialde, Ekialde...

 

[1] A good kissing carrion (Hamlet, II, 2)

[2] As flies to wantom boys are we to gods:

     They kill us for thier sport (errege Lear, IV, 1)

[3] Thy beste of rest is sleep.

     And that thou of povok'st; yet grossly fear'st.

     Thy death wich is no more (Neurritan Neurri, III, 1)

[4] To sleep: perchance to dream. (Hamlet, III, 1)

[5] For in that sleep of death, what dreams may come? Hamlet, III, 1)

[6] Fry, lechery, fry! (Troilo eta Kresida, V, 2)

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971