Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Hamaikagarren kapitulua

 

         Ernalmenduko Salan gertatua gertatu ondoren, goi kastetako Londrestar guztiak irrikitzen zeuden Inkubamendu eta Egokimenduko zuzendariaren aurrean belaunikatu zen mutil bikain hura ikusteko —zuzendari baino hobeto exzuzendari, zeren berehalaxe dimititu baitzuen gizagaixoak eta harez gero ez zen sekula gehiago Zentroan agertu— Haundiena, berriz, zen mutil hark «Aita deitu ziola (txiste politegia, noski, egia izateko).

         Lindak, ordea, ez zuen batere estimaziorik. Inork ez zeukan Linda ikusteko gogorik txikienik. Ama zela esatea txistea baino askoz okerragoa zen: lizunkeria garbia. Gainera Linda ez zen basati jatorra. Frasko batean inkubatua eta egokitua izan zen beste guztien moduan; ez zezakeen, beraz, ideia xelebreegirik eduki. Azkenez —eta hauxe zen jendeak Linda gaixoa ikusi ez nahi izateko arrazoirik gogorrena—, bere gorpuzkeraren kontua zegoen. Lodi lodia zen. Gaztetasuna galdua zeukan. Hortzak alferrik galdurik zituen eta aurpegia puzturik. Hura tankera modua! O Ford! Ez zegoen hari begiratzerik, mareoak, benetako mareoak sentitzeke. Pertsona zentzudunek erabaki sendoa zeukaten Linda ez ikusteko. Lindak ere bere aldetik, ez zeukan inor ikusteko gogorik. Zibilizaziora bihurtzea somara bihurtzea izan zen harentzat, ohean etzanda egon ahal izatea, eta nahi haina bakazio hartzea, baina buruko minik edo goragalerik gabe; peyotl hartu ondoren sentitzen zuenik senti gabe, sekula bururik ez jasotzeko moduko zerbait lotsagarri eta antisozialik egin izan balu bezala. Somak ez zuen halako oste txarrik uzten.

         Somazko oporrak bete beteak ziren. Eta inoiz biharamun goizak gozagaitz gertatzen baziren ere, bezperako gozoaren konparazioagatik zen bakarrik. Honek, ordea, erremedio ona zeukan: oporraldia luzatu. Egundo ase ezinez, gero eta dosi gehiago eta sarriago eskatzen zuen Lindak. Lehenengotan Shaw doktorak eragozpenak jartzen zizkion. Baina gero berak nahi haina soma eman zion. Egunean hogeiraino gramo hartzen zuen inoiz Lindak.

         — Martxa honetan hilabete edo bi barru, harenak egin dik —agertu zion doktorak Bernardi—. Usterik gutienean arnasa zentroa paralizatuko ziaiok: ez dik gehiago arnasarik hartuko. Kitto. Eta ez dieritzoat hain gaizki ere. Gaztetu ahal baldin bagenu, beste kontu bat lukek. Baina ez zezakeagu.

         Harritzeko zena denen ustez (zeren somaren mende zegoen bitartean ez baitzuen Lindak arazorik ematen) Johnek objekzioak jartzen zituela.

         — Baina ez ote diozu bizialdia laburtzen gero horrenbeste soma emanez?

         — Alde batetik bai —aitortu zuen Shaw doktorak—. Baina bestetik luzatu ere egiten zioagu. Gaztea begira begira zegokion ezer konprenitzeke.

         — Somak bizitza tenporaleko urte batzuk ken zitzakeguk —azaldu zuen doktorak—. Baina pentsa ezak zer iraupen luze eta amai gabea eman dezakeen denboratik kanpo. Somazko oporraldi bakoitza gure arbasoek «betikotasun» zeritzatena bezalatsu duk.

         John ba zihoan zerbait konprenituez.

         —«Betikotasuna geure ezpain eta begietan genuen» [1] —marmattu zuen.

         — Zer?

         —  Ezer ez.

         — Nola nahi ere, jakina —jarraiki zen Shaw doktora—, ez zezakeagu permiti jendeak noiz nahi betikotasunera aldegin denean, hemen lan inportanterik egiteko duen bitartean. Baina Lindak lan inportanterik egiteko ez duenez gero...

         — Hala ere —ekin zion Johnek— ez zait bidezko iruditzen.

         Doktorak bizkarrak uzkurtu zituen.

         — Beno, egun osoa eroak bezala txilioka pasa dezan nahiago baldin baduk...

         Azkenerako Johnek amore eman behar izan zuen. Lindak eskatu haina soma izan zuen. Aurrerantzean Bernarden apartamentu etxeko hogei eta hamazazpi garren pisuko gelatxo batean eduki zuten, ohean, irratia eta telebista martxan etengabe, patxuli grifoa tantaka eta soma garauak eskumende zituela. Han zegoen, eta, hala ere, ez zegoen guztiz han. Kanpoan zegoen beti, oso urrun, oporretan. Oporretan beste mundu batean; mundu hura irratiko musika kolore ozenezko laberintoa zen, laberinto irristakor, pilpiragarri, zeinek (derrigorrezko bihurgune ederretan zehar) segurtasun osoko leku dirdaitsura baitzeraman. Mundu hartan telebistako irudi dantzariak sensorama kantatu eta ezin bikainagoko aktore ziren. Mundu hartan lurrin huts baino gehiago zen tantaka zegoen patxuli: eguzkia, miloi bat sexufoi, Popé amodioa eginez; eta askoz gehiago oraindik, askoz eta askoz gehiago, neurri gabe gehiago...

         — Ez, ez zeukaagu birgaztetzerik. Baina txit pozgarri ziaidak aukera hau edukitzea, gizakume baten zahartza nolakoa den ikusteko —bukatu zuen Shaw doktotak—. Eskerrik asko deitu naualako.

         Eta gogor estutu zuen Bernerden eskua.

         John zen, beraz, denek ikusi nahi zutena. Eta John ikusteko, Bernard bere zaintzaile ofizialaz beste biderik ez baitzegoen, hara non, lehenengoz bere bizitza guztian, Bernard normalki ez ezik, inportantzia haundiko pertsonatzat tratatzen zuten.

         Inork ez zuen ia haren odol artifizialeko alkoholik aipatzen, inork ez zion txantxarik eta burlarik egiten haren tankera fisikoari.

         — Datorren asteazkenean Basatia ikustera joateko inbitatu niaun Bernardek —esan zuen harro Fannyk.

         — Poztutzen natzain —esan zuen Leninak—. Eta orain aitor ezan oker hengoela Bernardi buruz. Ez al zain txit sinpatiko iruditzen?

         Fannyk baietz buruaz.

         — Eta aitortu beharra dinat —gaineratu zuen— oso sorpresa atsegina hartu nuela.

         Enbasatzaile Nagusia, Predestinamenduko zuzendaria, Ernalmenduko hiru Legadu Laguntzaile, Emozio Injinerutzako Kolejioko Sensorama-Profesorea, Bokanowskymenduko Inspektorea... Amai gabea zen Bernardengana maiz jotzen zuten jaunen zerrenda.

         — Eta joan den astean sei neskatxa erabili ditiat —agertu zion Bernardek Helmholtz Watsoni—. Bat astelenean, bi asteartean, beste bi ostiralean eta bat larunbatean. Eta astirik edo gogorik izan baldin banu, beste dozena bat ere ba zuan gutienez desiratzen zegoena

         Helmholtzek hain ixiltasun lehorrez eta gaitzeslez entzun zizkion harrokeria hauek, non Bernard mindu egin baitzen.

         — Inbidia dautak hik —esan zuen.

         Helmholtzek ukatu egin zion buruaz.

         — Ez, baina oso triste niagok; horixe duk guztia —erantzun zuen.

         Bernardek haserreturik alde egin zion.

         — Helmholtzi ez zioat gehiago inoiz hitzik eginen —esan zuen berekiko.

         Egunak aurrera zihoazen. Bururaino igoa zeukan bere garaitza. Eta garaitza honek (beste edozein intoxikantek eginen zukeen bezala) ia zeharo adiskidetu zuen ordurarte hain latz zeritzan mundu harekin. Bera gizon inportantetzat jotzen zutenez geroztik, gauzen ordenua bapo zegoen. Baina garaitzak mundu harekin adiskidetu zuelarik ere, Bernardek ez zuen nahi ordenu hura kritikatzeko pribilejioa galtzerik. Zeren kritika hau egiteak bere buruaren inportantzia bizikiago sentiarazten baitzion, haundiago zela sentiarazten baitzion. Gainera benetan uste zuen ba zegoela egon ere zer kritikaturik. (Era batera, galtzak betean zebilen bere garaitzaz eta desira haina neskatxa lortu ahal izateaz) Basatiarenganako gogoagatik lausenguka zebilzkionen aurrean, Bernardek heterodoxia nazkagarria azaltzen zuen. Kortesiaz aditzen zioten denek. Baina ostean buruari eragiten zioten, esanez: «Gazte honek gaizki behar dik». Eta segurantza haundiz jaurtikitzen zuten profezia hau, zeren beren aldetik ahal guztiak egitekotan baitzeuden, bete zedin. «Nekez aurkituko dik bigarrenez salba dezan Basatirik» —esaten zuten. Baina oraingoz han zegoen lehenengo Basatia eta merezi zuen Bernard kortesiaz tratatzea.

         — Airea bera baino xumeago —esan zuen Bernardek gorantz seinalaturik. Perla bat zeruan zintzilik bezala, han zegoen goian, oso goian, Departamendu Metereologikoko globo gatibua, eguzkiaren argipean dizdizka.

         «... Bizimodu zibilizatuko alderdi guztiak erakutsi behar zaizkio Basatiari» zioten Bernarden instrukzioek.

         Memento hartan begirada panoramiko bat erakusten ari zitzaion Charing T Dorreko plataformatik. Estazioko nagusia eta txandako metereologoa ziztuzten gidari. Baina Bernardek egiten zuen ia hitzik gehien. Horditurik bezala, Inspektore Mundiala zela ematen zuen gutienez... Airea bera baino xumeago.

         Bonbay-tiko Kohete Berdea erori zen zerutik behera. Pasajeruak jautsi ziren. Zortzi drabidiar biki ide, kaki kolorez jantziak, kabinako zortzi leihoskatan agertu ziren: kamareroak.

         — Mila berrehun eta berrogei eta hamar kilometro orduko —esan zuen haundikiro Estazioko Nagusiak—. Zer deritzak, Mr. Basati?

         Johnek ederki zeritzan.

         — Hala ere —esan zuen— Puck-ek berrogei minutuan bakarrik jar ziezakeon gerriko bat lurrari [2].

         «Harritzekoa da —idatzi zuen Bernardek Mustafa Mondentzako informean— harridurarik edo ikararik guti agertzen duela Basatiak Zibilizazioko aurrerapenen aurrez. Dudarik gabe honen arrazoi zati bat da gauza guzti hauen berri maiz entzun ziola Linda deritzan emakume horri, bere am......

         Mustafak bekosko latza jarri zuen. «Hitz hau osorik idatzita ezin ikusteko bezain geldotzat jotzen al nau tenteltzar horrek?».

         «Eta bestetik berak "anima" deritzan zer horretan daukalako bere axola guztia. "Anima" hori inguru fisikotik arras independente omen da. Heugatik jakinarazi izan nionean...»

         Hurrengo esaldiak gainetik pasa zituen Inspektoreak, eta zerbait interesgarriagorik eta konkretuagorik bilatu nahiez, orria bueltatzera zihoanean, haren begiek honako esaldi sorta txit nabarmenarekin topo egin zuten: «... nahiz eta aitortu beharra dudan —irakurri zuen— Basatiarekin ados nagoela haurkeria zibilizatu hau errazegitzat edo, berak dioenez, ez hain nekezkotzat jotzean; eta aukera hau probetxaturik, oharrarazten dut Berorren Fordtasuna...».

         Honekin Mustafa Mond haserretik umore onera pasa zen ia kolpera. Izan ere farragarri zen gizagaixo hura nori eta berari lezio haundiak ematen hastea ordenu sozialari buruz. Burutik egina zegoen nonbait. «Eskarmentu on bat eman behar zioat», esan zuen bere baitan. Gero burua atzerantz bota eta parre algara galanta jaurtiki zuen. Nola nahi ere, ordukoz behintzat, eskarmentuak ez zeukan presa haundirik

         Helikopteroentzako argiola txikitxo bat zen, Ekipo Elektrikoen Konpainiako sukursala. Azotean bertan errezibitu zituzten (Inspektorearen gomendiozko kartak eragin magikoa baitzuen) Nagusi Teknikoak eta Giza Elementuko Zuzendariak. Jautsi ziren argiolara.

         — Fabrikaldi bakoitza —azaldu zuen Giza Elementuko Zuzendariak—, ahal dela behintzat, Bokanowsky sail bakar bati eginarazten zaio.

         Han ari ziren laurogei eta hiru Delta buru zapal, beltz eta ia sudurmotz, hotzean inprimatzen. Jengibre koloreko berrogei eta hamasei Gamma sudur makok manaiatzen zituzten mandrildun eta launa taratuludun berrogei eta hamasei tornuak. Fundizioan ehun eta zazpi Epsilon Senegaldar ari ziren lanean, beroari eusteko apropos egokiturik zeudenak. Tornilu mozketan ari ziren hogei eta hamairu Delta eme, buru luzenga, beilegi, pelbis estu, eta denak metro eta hirurogei eta bederatzi zentimetro luze, hogei milimetroko aldea zutela gehienaz. Montaje salan Gamma-Gehiago ipotxen bi sail dinamo montatzen ari ziren. Lanerako bi mahai luzeak elkarren aurrez aurre zeuden. Bien artetik arrastatzen zen pieza soltez kargaturiko zinta amai gabea. Berrogei eta zazpi buru beilegi errezkan beste berrogei eta zazpi buru beltzaranen aurrez aurre... Berrogei eta zazpi sudurmotz beste berrogei eta zazpi sudur luzeren aurrez aurre. Berrogei eta zazpi kokots zapal beste berrogei eta zazpi kokots zorrotzen aurrez aurre... Aparatuak, montatuak izan ondoren, hamazortzi neskatxa idek aztertzen zituzten, denak ile gaztaina kizkurdunak eta Gammen kolore berdez jantziak, Berrogei eta lau Delta-Gutiago hanka labur eta ezkertik sortatzen zituzten otzaretan, eta hirurogei eta hiru Epsilon erdi ipotx, beturdin, ilegorri eta pekaztok kargatzen kamioi eta gurdietan.

         — O, mundu berri eta bikain...!

         Bere oroimenaren txantxa batez, Mirandaren hitzak esaten hasi zen Basatia:

         — O, mundu berri eta bikain:!, halako gizakumeak dituena!

         — Eta zaude segur —bukatu zuen Giza Elementuko Zuzendariak, lantegietatik irtetzean— apenas daukagula problemarik gure langileekin, Beti dago...

         Baina honetan, Basatia kolpera aldendu zen bese lagunengandik eta okadaka zebilen ereinotz hesi baten ostean, lur firmea helikoptero bat balitz bezala airezko batxe batean.

         «Basatiak —idazten zuen Bernardek— ez du somarik hartu nahi, eta ba dirudi oso atsekabeturik dagoela Linda, haren am..., eten gabeko oporretan dagoelako. Ohargarria da, bestetik, haren am ... ren zahartza eta itxura higuingarria gora behera, Basatia sarritan doala ikustera eta harekin oso lotuta agertzen dela — oso exenplo interesgarria berau, egokimendu goiztiar batek joera naturalak nola alda eta bestetara eraz ditzakeen ikusteko (kasu partikular honetan gauza atsekabe batengandik aldentzeko joera).

         Eton-en [3] Goimailako Eskolako azotean lurrartu zuten. Eskolako Patioaz bestaldean, Lupton Dorreko berrogei eta hamabi pisuak dizdizka zeuden eguzkipean, Ezker eskuinetan Unibertsitatea eta Eskolako Kantoria Komunala zeuden, beren zementu harmatuzko eta «vita-kristalezko» multzo galantak gorantz jasotzen zituztelarik. Lau anguludun barrutiaren erdian Gure Forden altzairu kromatuzko aintzinako estatua kurioso bat zegoen.

         Gaffney doktorak, Prebosteak eta Miss Keate Maistra Nagusiak errezibitu zituzten aparatutik jaustean.

         — Biki asko al daukazue hemen? —galdetu zuen Basatiak, inspekzio jira hastean, lehen ere eskarmentaturik baitzegoen.

         — O, ez! —erantzun zuen Prebosteak—. Klaserik gorenetako neska mutilentzat bakarrik da Eton. Obulu bat, adulto bat. Honela, jakina, irakaskintza zail gertatzen da. Baina ikasle hauek ardura haundiak hartzera eta ezusteko gorabeherei aurrea ematera destinaturik daudenez gero, ez dago beste erremediorik.

         — Eta arnasa hartu zuen.

         Bernard, bitartean, ba zebilen Miss Keate konkista nahiez.

         — Astelehen, asteazken edo ostirale gauren batez libre baldin bazaude —ziotsan— etor zintezke ene etxera. —Eta erpuruaz Basatia seinalaturik, gaineratu zuen: Morrosko xelebrea duzu oso. Txit nabarmena.

         Miss Keatek irriparre egin zuen (eta irriparre hura ezin xarmangarriago iruditu zitzaion Bernardi).

         — Eskerrik asko —esan zuen—. Bai pozik ere joanen naizela zure jaialdi batera.

         Prebosteak atea ireki zuen. Alfa-Bikoitz-Gehiagoen gelan egindako bost minutuek erdi tontoturik utzi zuten John.

         — Zer da erlatibitate elementala?— galdetu zion ahapetik Johnek.

         Bernard saiatu zitzaion esplikatzen, baina, eritzia aldaturik, beste aula batera joatea proposatu zuen.

         Beta-Gutiagoen Geografia aulara zeraman pasiluko ate ostetik, soprano ahots ozen batek honela zioen:

         — Bat, bi, hiru, lau —Eta gero nekez eta haserrez—: Berriro lehen bezala.

         — Ariketa Malthustarrak —azaldu zuen Maistra Nagusiak—. Neskatxarik gehienak neutroak ditugu. Neu ere hala naiz —Bernardi irriparre egin zion—. Baina ba ditugu zortzirehun bat neskatxa agorgabe ere, eta hauek eten gabeko ariketak behar dituzte.

         Beta-Gutiagoen Geografia aulan, hara zer entzun zuen Johnek: «Basatien Erreserba —hango kondizio klimatiko eta geologiko txarrengatik edo berezko ondasunik ezagatik— zibilizatzerik merezi izan ez duen lekua dela». Klaskadatxo bat eta aula ilunetan geratu zen. Profesorearen buru gaineko pantailan, Acomako Penitenteak ageri ziren Ama Birjinaren aurrean belauniko, intzirika, Johnek lehenago entzunak zituen bezala, beren bekatuak aitortuez, Jesus gurutzatuaten edo Pukong-en arranoaren irudiaren aurrean. Eton-go gazteak farraka ari ziren. Intzirika oraindik, Penitenteak zutitu, gerriraino biluztu eta korapilozko zartailuez beren buruak azotatzen hasi ziren. Parre karkara haundiagorik jaurtiki zuten orduan, Penitenteen intziriak itotzeraino.

         — Baina zergatik egiten dute farra? —galdetu zuen Basatiak mindurik eta harriturik era batera.

         — Zergatik? —Prebosteak bihurtu zuen aurpegide bereganantz, oraindik parre lasaia zeriola—. Zergatik? Ba... guztiz farragarria delako.

         Erdi itzal zinematografiko hura probetxatuz, Bernard zirri bat egitera menturatu zen, lehenago ilunik ilunenean ere, sekula ausartuko ez zena. Bere oraingo inportantziaz fidaturik, Maistra Nagusiari gerri bueltatik pasa zion besoa, Gerriak amore eman zuen, ihia bezala tolesturik. Bernard ba zihoakion muxu bat edo bi ematera, edo agian, ximiko bat egitera, baina berriro piztu ziren argiak.

         — Hobe dugu behar bada, aurrera egitea —esan zuen Miss Keatek. Eta aterantz jo zuen.

         Geroxeago Prebosteak esan zuen:

         — Hona hemen kontrol hipnopedikoko sala.

          Ehundaka musika sintetikoko tresna, logela bakoitzerako bana, errezkan zeuden alasatan jarriak salako hiru hormatan. Laugarren horman pista ozeneko erroiluak sartzeko zuloak zeuden, eta erroilu haietantxe inprimatzen ziren lezio hipnopedikoak.

         — Aski da erroilua hementxe sartzea —Gaffney doktorari hitza kendurik— botoi honexeri eman...

         — Horri ez, beste honi baino— zuzendu zuen Prebosteak ernegaturik.

         — Edo beste honi, berdin da. Erroilua deserroilatu egiten da, Selenio zelulek onda ozen bihurtzen dituzte argi zirradak eta...

         — Eta kitto —bukatu zuen Gaffney doktorak.

         — Shakespeare irakurtzen al dute? —galdetu zuen Basatiak, laborategi kimikoetarantz zihoazela Eskolako Liburutegi aurretik pasatzean.

         — Ez, ba —esan zuen lotsaz Maistra Nagusiak.

         —  Gure Liburutegian —azaldu zuen Gaffney doktorak— kontsulta liburuak besterik ez dago. Gure gazteek dibertsiorik nahi baldin badute, sensoramara joatea daukate. Ez ditugu inola ere animatzen bakarreko dibertsioei ekitera.

         Bost autobuskada neska mutil, kantaka denak edo ixilki besarkatuak, albotik pasa zitzaizkien berinezko pistan zehar.

         — Slough-ko Erretegitik bueltan datoz —azaldu zuen Gaffney doktorak. Bitartean Bernard Maistra Nagusiarekin gauerako zita jartzen ari zen ixil mixilka—. Heriotzarako egokimendua hamazortzigarren hilean hasten da. Haur guztiek astean bi goiz ematen dituzte Hilurranen Ospitalean. Ospitale hauetan jostailurik onenak dituzte, eta inor hil egunetan txokolate izotza ematen zaie. Honela heriotza zerik arruntena bezala hartzen ikasten dute.

         — Beste edozein prozedura fisiologiko bezala —esan zuen Maistra Nagusiak profesio airez.

         Konforme geratu ziren: zortziretan «Savoy-n».

         Londrestik bueltan Brentford-eko Telebista Konpainiako fabrikan geratu ziren.

         — Nahi al duk hementxe zain egon telefonora noan bitartean? —galdetu zuen Bernardek. Basatia zain egon zen inguru guztira so eta so. Memento hartantxe uzten zuen bere lanaldia Eguneko Txanda Printzipalak. Behe kastako langile pila bat txanda zaintzen zegoen errailbakarraren estazioan: zazpirehun edo zortzirehun Gamma, Delta eta Epsilon, andre eta gizon, denen artean dozena bat aurpegi eta estatura diferente zutela bakarrik. Bakoitzari bileteaz batera pildora kutxato bana ematen zion kobratzaileak. Gizonezko eta andrezko ehunzango luzea aurreraka zihoan geldiro geldiro.

         «Veneziako Merkataria»z oroiturik, Basatiak hau galdetu zion Bernardi, berriro etorri zenean:

         — Zer dago kutxato horietan?

         — Eguneroko soma errazioa —erantzun zuen Bernardek erdi nahasirik, zeren memento hartantxe baitzegoen Benito Hooverrek emandako gomazko pastila bat mastikatzen—. Eguneroko lanaldia bukatzean ematen zaie. Gramo erdiko launa garau. Eta seina larunbatetan.

         Johnni besotik oratu zion amultsuki eta honela, biak batera, helikopterorantz abiatu ziren.

         Lenina kantuka sartu zen Janztegian.

         — Poz eztitan hagoela zirudin —esan zion Fannyk.

         — Egongo ez naun, ba? —erantzun zuen Leninak. Dzast!—. Bernardek deitu diautan duela ordu erdi. —Dzast! Dzast! Erauntzi zituen galtza motxak. Dzast!—. Ez usteko konpromiso bat zeukan. —Dzast!—. Ea gau honetan Basatia sensoramara eramanen nukeen galdetu diautan. Azkar ibili beharra dinat.

         Eta bainurantz joan zen korrika

         «Suertedun neskatxa» esan zuen Fannyk urruntzen ikusiez.

         Ez zegoen bat ere inbidiarik aipamen hartan; Fannyk, bere arima onez, egite bat ez beste konstatatzen zuen. Leninak suertea zuen; suertea, bai, Bernardekin batera Basatiaren ospe apart hura erdi banatua zuelako; suertea bere garrantzi gabeko pertsonan eguneko moda nagusia errepresentatzen zuelako. Ez ote zuen gonbitatu Fordtar Gazteen Elkarteko sekretarisak bere inpresioez hitzaldi bat ematera bada? Ez ote zen gonbitatua izan Aphroditoeum Club-eko urteroko bazkarira? Ez ote zen jadanik berbera irten azken berripaper sensibleetako batetan (modu ikusgarri, entzungarri eta ikugarriz) planeta guztitik zabalduriko eta konta ezinezko espektadore milioien aurrean?

         Inspektore Mundialaren Bigarren Idazkariak afaltzera eta gosaltzera inbitatu zuen. Leninak Bere Fordtasun Juje Gorenarekin pasa zuen asteburu bat eta Canterbury-ko Artxitxantrearekin beste bat. Barruko eta Kanpoko Sekrezio Konpainiako Buruzagiak etengabe deitzen zion telefonoz, eta Lenina Deauvillera ere joana zen Europako Bankuko Gobernari Diputatuarekin.

         — Ederra dun hau benetan —Hala eta guztiz ere— aitortu zion Leninak Fannyri zer guzti hau tranpaz lortzen nabilalakoa ematen diautan barruak. Zeren denek aurren jakin nahi dutena baita nolako den Basati baten amodiogintza. Eta nik ez dakidala esan behar,—Leninak buruari eragin zion—. Gehienek, jakina, ez diautanate sinesten. Baina egia egia dun. Ez ailedi! —gaineratu zuen tristerik eta hasperenka—. Mutil ederragorik! Ez al da egia?

         — Baina, ez al hatzaio gustatzen, bada?— galdetu zuen Fannyk.

         — Inoiz baietzean egoten naun. Iheska diabilkidan beti. Ni gelara sartzen banatzaio, bera kanpora ateratzen ziaidan. Ez niaun ikutu ere nahi; ez diautan begiratu ere nahi. Batzuetan brasta itzultzen natziaion eta neuri begira begira harrapatzen dinat, eta orduan... beno, ba dakin gizonek nola begiratzen duten gustatzen hatzaienean.

         Fannyk ba zekien, bai.

         — Ez dinat konprenitzen —esan zuen Leninak. Ez zuen, ez, konprenitzen, eta horrek larri ez ezik, zeharo endredatua zerabilan.

         — Ba dakin, bada Fanny: asko eta asko gustatzen ziaidan.

         Gero eta gustatzenago zitzaion. «Ea, hada, gaur don aukera aparta» ziotsan bere buruari, bainu ondoren lurrinketan ziharduen bitartean. «Aukera aparta».

         Pozaren pozez kantuari eman zion:

                          Besarka nazazu amodioz horditxeraino,

                          muxuka nazazu hiltzear uzteraino.

                          Besarka nazazu, maite, arrima zakizkit

                          Soma bezain ona baita amodioa.

 

         Lurrin organoak belar usaintsuzko kapritxo zoragarriki fresko bat jotzen zuen, erlabelarrezko eta ispilikuzko, erromerozko eta albasakazko, mirtozko, estragonezko zena; modulazio ausart multzo bat, matiz guztietatik, espezietatik anbar griseraino iragaten zirenak, gero, berriz ere sandalo, alkanfor, zedro eta belar ebaki berrien usainez (uste gabeko diskorde ikutu arin eta leun batzuez: giltzurrun saltsazkoak eta zerri-korotzezko ia sugestio batez), pieza hasi zeneko lurrin xume haietara bihurtzeko. Erlebelarrezko azken lehertzea ezereztu egin zen; txaloak entzun ziren eta argiak piztu. Musika sintetikorako makinan soinu inprimatuzko erroilua bueltaka hasi zen. Hiperbiolin, superbiolontzelo eta sedo-oboerako hirukote batek airea bere ahultasun atseginez bete zuen. Hogei eta amar edo berrogei konpas, eta gero, hondo instrumental horren gainean are gizatiar bainoagoa zen ahots bat txioka hasi zen; batzuetan eztarriz, batzuetan buruz, beste batzuetan xirula baten gisara, eta besteetan desiraz beteriko harmoniez kargatuta, Gaspar Foster-ek bajuz egindako markatik erraxki iragaten zen musikazko soinuen muga bereraino, sagu zaharraren txilioa bezalako xio batetaraino, behin (1770.ean Parmako Opera Dukalean, Mozart-en harritasunaren aurrean) Lucrezia Ajugari-k, Historiak halakoaz gogoratzen duen kantari bakarrak, jaurtiki zuen do altuena baino altuago zeneraino.

         Beren butaka pneumatikoetan patxadan jesarririk, Lenina eta Basatia usnatzen eta entzuten zeuden. Laster iritsi zen ikusteko eta ikutzeko mementoa ere.

         Argiak itzali ziren. Eta ilunetan suzko letrak agertu ziren, airean zintzilik ziruditela. «Hiru aste helikopteroan», Filme sentitzekoa, superkantatua, sintetikoz mintzatua, kolorezkoa eta estereoskopikoa lurrin organoaren laguntza sinkroniatu eta guzti.

         — Atxiki zakizkie butaka besoetako madari metalezko horiei —marmartu zuen Leninak—. Ez duzu bestela ikumen efektorik nabaituko.

         Basatiak obeditu zion.

         Bien bitartean suzko letrak aldendu ziren; ondoren hamar minutu egin zuten ilunpe osoan. Gero, kolpe kolpera, itsugarri eta haragiz eta hezurrez agertu balira baino askozaz «errealago», errealitatea bera ere baino errealago, han agertu ziren besarkatuak beltz haunditzar baten eta Neskatxa Beta-Gehiago beilegi eta buru biribil baten irudi estereoskopikoak.

         Basatia ikarak hartu zuen. Hura zirrara ezpainetan sentitzen zuena! Esku bata ahora eraman zuen; kili-kiliak bukatu ziren. Ezkerra jarri zuen berriro metalezko madarian eta lehengo zirrara bera nabari berriro ere. Bitartean lurrin organoak amizkle hutsaren usaina hedatzen zuen. Ia azkenetan bezala, usotxo bat kurrunkaz ari zen pista ozenean: O..., ooo...! Eta segundoko hogei eta hamabi bibrazioan bakarrik, afrikar bajua baino ahots astunago batek erantzuten zuen: «A... Aaaaa! O, oooo! A... Aaaaa!» Ezpain estereoskopikoak berriro elkartu ziren, eta «Alhambra»ren sei mila ikusleen aurpegiko alderdi erogenoak dardar jarri ziren ia jasan ezineko atsegin galbanikoz. «Oooo...!»

         Pelikularen argumentua guzti xinplea zen. Lehenengo «Oooo-Aaaa!»ketak bukatu eta minutu gutira, duo bat entzun eta amodio ezena bat ikusi zen hartz larru famatu baten gainean, zeinen ileak (Predestinatzaile Laguntzaileak arrazoi osoa zuen) bana banaka iku zitezkeen. Beltzak helikopteroko akzidente bat izan zuen eta buruz behera zetorren Plast! Hura bekokikoa! Aienerik franko jaurtiki zuen publikoak.

         Plastada hark pikutara bota zituen beltzaren egokimendu guztiak. Memento harez gero itsurik eta erorik irrikatzen zegoen neskatxa Beta harenganako. Neskatxak atzera egiten zion. Berak, ordea, ekin eta ekin. Burrukak, korriketak, etsai bati atakeak, eta azkenez epaskoa ikusgarri bat. Neskatxa Beta beilegia arrapatu eta airez aire zeramaten. Hiru aste pasa behar zuen zeruan zintzilik, —beltz ero harekin «tête-a-tête» guztiz antisozialean. Azkenez anitz menturen eta aireko akrobazien ondoren, hiru mutil gazte Alfa lerdenek askatzea lortu zuten. Adultoen Berregokitegi batera bidali zuten beltza eta pelikula ederki eta garbiro bukatu zen, neskatxa Beta Beilegia bere hiru salbatzaileen maitale bihurtzen zelarik. Gero hartz larruzko alfonbra agertu zen azkenengoz eta sexufoien zalaparta hotsean, azkenengo muxu estereoskopikoa ilunetan galdu zen eta azkenengo dardara elektrikoa ezpainetan hil zen, azkenetan dagoen ximeleta baten azken dardarak bezala, gero eta ahultzenago, azkenez, behin betiko, ximeleta geldi geratu arte.

         Leninarengan, ordea, ximeleta ez zegoen guztiz hila. Argiak piztu eta gero ere, jendetzaren artean, hankak arrastaka, aszentsorerantz zihoazela, ximeletaren irudiak kili-kilika zerraion Leninari, larritasunezko eta atseginezko hildoak eginez zerraion bere barruan. Leninak Basatiari besotik oratu eta bularren kontrara estutu zion. Basatia begira egon zitzaion apur batean, zurbil, minbera, deshaz beterik eta era batera desira hartaz lotsaturik. Ez, bera ez zen duin, bera ez zen...

         Leninaren eta Basatiaren begiek elkar jo zuten memento batean. Zenbat ondasun prometitzen zuten Leninaren begiek! Basatiak apartatu zituen bereak eta soltatu zuen Leninak oraturik zeukakion besoa.

         — Uste dut ez zenukeela honelako gauzarik ikusi behar —esan zuen noizbait mutilak, inguruko zirkunstantziei ezartzen saiatuez Leninaren perfekzioaren lehengo edo geroko edozein hutsaren edozein akats.

         — Nolako zertzuk, Johnn?

         — Pelikula nazkagarri hori bezalakoak.

         — Nazkagarria? —Lenina bihotzez harriturik zegoen—. Nik sekulakoa eritzi baitiot.

         — Zatar hutsa —esan zuen Basatiak haserre sutan—. Lotsagabea.

         — Ez dautzut konprenitzen —erantzun zuen Leninak.

         Zergatik ote zen hain arraroa? Zergatik saiatzen ote zen dena hankaz gota botatzen?

         Taxikopteroan ia begiraturik ere ez zion egin Basatiak. Inoiz azaldu gabeko boto indartsuek loturik, aspaldi preskribituak zeuden legeak obeditzen zituelarik, jesarrita zirauen, ixil ixilik, aurpegia alborantz bueltatua. Noizik noizera, hatzamar batek eten zorian dagoen kordel tentso bat pultsaturik bezala, gorputz osoa dardartzen zitzaion bat bateko ikarra larrian.

         Taxikopteroak Leninaren etxeko azotean lurrartu Zuen. «Noizbait —pentsatu zuen pozez gainezka, jautsi zirenean—. Noizbait». Nahiz eta Basatia ordurarte txit aldrebes portatu zen. Farol baten azpian zutik, Lenina esku ispilu batean begiratu zen. «Noizbait». Bai, sudurrak dizdiztxoa egiten zion. Borlatik eroritako hautsak astindu zituen. Basatiak taxia ordaindu bitartean, izanen zuen dotore jartzeko denbora. Leninak sudurra hautseztu zuen, berekiko zioelarik: «Bai lerdena dela gero. Ez luke hain lotsor izan behar Bernardek bezala. Eta hala ere, ... Beste edozeinek aspaldi egina zuen ia. Baina orain, noizbait...». Ispiluto biribilean zekusan bere aurpegi zatiak iriparre egiten zion.

         — Gabon —esan zion atzetik ahots ito batek.

         Leninak buelta osoa eman zuen. Basatia zutik zegoen taxiko atean, berari adi adi. Bistakoa zen so eta so egon zitzaiola bera hautseztatzen ari zen denbora guztian, zain —baina, zeren zain?— edo dudan, erabaki nahiez eta ezinez, pentsaketan, pentsaketan... Leninak ez ziezakeon antzik ere eman zer pentsamentu ote zerabilan.

         — Gabon, Lenina —berriro ere Basatiak.

         — Baina, Johnn... Nik uste nuen... Nahi dut esan, ez al zatoz...?

         Basatiak atea itxi eta aurrerantz makurtu zen pilotuari zerbait esateko. Taxikopteroak gorantz egin zuen. Aparatuaren azpiko leihoskatik beherantz begiraturik, Basatiak Leninaren aurpegia ikusi zuen, gorantz begira, zurbilik farolen argi urdinera. Ahoa zabalik, deika zegokion. Haren irudia, perspektibak mendratua, urrunean galdu zitzaion. Azotea koadratuak, gero eta txikiago, ilunbezko ozeano batean hondatzen zela zirudien.

         Bost minutugarrenean, Basatia bere gelan zegoen. Arratoiek jandako liburua bere zokotik atera, erlijiozko arretaz haren orri lohi ximelak bueltatu eta Otelo irakurtzen hasi zen. Otelo ere beltza zen «Hiru aste helikopteroan:» pelikulako protagonista bezala.

         Begiak xukatuaz, Leninak azotea zeharkatu zuen aszentsoreroino. Hogei eta seigarren pisuraino jausten zen artean, soma tubo bat atera zuen, Ez zion gramo bakar bati asko eritzi halako pena haundia ordaintzeko. Baina bi har bazezan biharamunean garaiz ez altxatzeko arriskua zukeen. Diferentzia partiturik, ezkerreko eskuaren ahurrean, berau katilu gisa jarrita, gramo erdiko hiru pastila ezarri zuen.

 

[1] Eternity was in our lips and eyes (Antonio eta Kleopatra, I, 3)

[2] I'll put a girdle round about the earth

     In forty minutes (Uda-gauerdi batean Amets, II, !)

[3] Eton (Windsor ondoan) orain mutil aristokratentzako «public school» bat da, hots, bigarren estudioetarako eskola dotore bat.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971