Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Frantses ediziorako hitzaurrea

 

         Liburu guztia idazlearen eta beronen irakurleen arteko lan elkartuaren fruitua da. Elkarrekiko lan honetan fidaturik, idazleak bere irakurleen espirituan halako ezaguera multzo bat, zenbait libururekiko familiartasuna, pentsatze- sentitze- eta hizkuntza-ohitura batzuk suposatzen ditu aldez aurretik. Behar diren ezaguera hauek gabe, irakurlea ez dateke gauza izanen liburuaren mamia aditzeko (jeneralki haurrekin gertatzen dena, berau). Hizkuntza- eta pentsatze-ohiturak gabe, literatura klasiko batekiko familiartasunik gabe, irakurleak ezin dituzke nik idaztearen harmonikoak deituko nituzkeenak ulertu, zeren musikazko soinu batek harmonikozko hodei oso bat gogorarazten dituen bezalaxe, literatur esaldia ere bere asoziazioen bidez aurreratzen baita. Baina musikazko soinu baten harmonikoak automatikoki sortarazten diren eta guztiek adi ditzaketen artean, literatur esaldi baten inguruko asoziazio multzoa idaztearen borondatearen arabera eratzen da, eta horretarako kultura egokia duten irakurleek ez bestek entelega dezakete.

         Itzulpen batetan soinuak aditzen dira soilki, eta ez haien harmonikoak —orijinalaren harmonikoak ez, bederen; zeren ez baita esan beharrik itzultzaile on bat beti saiatuko dela orijinal hori irakurle berriarentzat harmoniko baliokideak dituzketen hitzetan ematen.

         Hala ere ba dira zenbait gauza inongo itzultzailek ezin eman dezakeenik, beronen eta orijinalaren egilearen artean batetik, eta itzulpenaren irakurleen artean bestetik, elkarrekin lan egiteko oinarririk bat ere ez dagoelako. Liburu honetako zati batzuk itzulezinezko gauzen kategorian daude. Berauek Shakespeare-ren obrekin halako familiartasun luze bat duten ingeles irakurleei ez besteri zaizkie osorik konprenigarri, hots, Shakespearetar poesiaren hizkuntzaren eta ingeles prosa modernoaren arteko kontrastasunaren indarra sentitzen dakitenei. Holako zatiok azaltzen diren leku guztietan neronek, orrialdearen beheko partean, ohar gisa, Shakespeare-ren testua gehitu dut.

         — Oharrak nobela batetan, hau bai jasan ezinezko pedantekeria! Baina neronek ez dakusat, pentsatzeko eta sentitzeko modu tradizionalen eta neronek deskribatu nahi nukeen Ā«mundu posibleĀ» horren arteko kontrastasunak markarazteko ingelesez era literario bortitz bat denari buruz, frantses irakurlearen atentzioa deitzeko beste modurik.

 

Aldous Huxley

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971