Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Laugarren kapitulua

 

 

—1—

 

         Aszentsorea Alfa Janztegitik zetozen gizonez beterik zegoen, eta Lenina sartzean, ondo etorrika eta irribarre atseginez hartu zuten. Neskatxa txit popularra zen, izan ere, Lenina, eta behin edo behin, ia guztiekin zuen gauren bat edo beste iragana.

         «Bai mutil bikainak» —zioen bere baitan Leninak Crownek, haien agurrei erantzunez—. «Bai mutil maitagarriak!». Hala ere, nahiago zukeen George Edzel hain belarri haundi ez balitz. 328garren metroan paratiroides tantaren bat gehiago eman ote zioten, bada? Eta Benito Hoover-i begiratzean, ez zezakeen burutik ken nolako iletza zuen arropak eranztean, Benitoren ile beltz kizkur haien oroipenez triste xamarrik zituela begiak, buelta eman zuen eta han, zoko batean, Bernard Marxen gorpuzño kaxkarra eta begitarte melankolikoa ikusi zituen.

         — Bernard! —hots egin zuen, beregana hurbildurik—. Bila nenbilkizun. —Haren ahotsa argi argi entzun zen aszentsoreko zurrungaren gainetik. Besteek ere buelta eman zuten zer ikusiko.

         — Mexiko Berrirako dugun planaz hitz egin nahi neutzun.

         Betertzetik ikusi zuen nola Benito Hoover aho zabal geratzen zen harriduraz. «Eginen nuke beste behin berakin joateko eska niezon zain zegoela» esan zuen Leninak bere baitan. Gero ahots ozenez eta are ausartagoz jarraiki zen: «Zer pozik emanen nukeen aste oso bat zurekin uztailean». Nolanahi ere, publikoan erakutsi nahi zuen Henryrekikoak eginak zituela. Fannyk ere ontzat jo beharko, nahiz eta Bernardekin izan —Ene desirarik baldin baduzu oraindik behintzat— bukatu zuen Leninak, irriparrerik xamurrenez eta adierazkorrenez begiratzen ziolarik.

         Bernard gorri gorri jarri zen. «Zergatik ote?» —zioen Leninak harriturik, baina bai bihozbera ere, hainbesterainoko ahalmena zuela ikustean.

         — Ez al litzaikegu hobe beste nonbait hitz egitea honetaz?— esan zuen hitz totelka Bernardek, estu eta larri zegoela, «Itsuskeriaren bat esan al diot, ba da?» —pentsatu zuen Leninak—. Nekez jar zitekeen gizona larriago lizunkeriaren bat jaurtiki baino ere, edo ama nor duen edo horrelako zerbaitsu galdetu baino ere.

         — Nahi dut esan, zera... hemen dugun jendetzaz...

         Ez zuen Leninak parre algara makala jaurtiki, sanoa eta maliziarik gabea noski.

         — Xelebrea zaitugu gero! —esan zuen; eta benetan ere xelebre zeritzan—. Inolaz ere, abisatuko al dautazu aste bete aurretik bederen —jarraiki zen beste tono batez—. Pazifikoko Kohete urdina hartuko dugu, ezta? Charing-T dorretik ala Hampsteadetik ateratzen da?

         Bernardek erantzun ahal baino lehen, aszentsorea geratu egin zen.

         — Azotea! —oihukatu zuen ahots zorrotz batek.

         Aszentsorlaria tximino antzeko gizontxo bat zen, eta Epsilon-Gutiago erdi ipotxen tunika beltzez jantzirik zegoen.

         — Azotea!

         Aszentsorlariak zabaldu zituen ateak eta arrats erdiko eguzki sargoriaren argi biziak atzerantz eragin zion, begiak keinuka ari zitzizkiola.

         — Hona azotea! —berresan zuen konkorturik bezala. Kolpera eta bozkarioz, lozorro itzaltsu eta sorkor batetik iratzar berri zela ematen zuen—. Azotea!

         Jaso zuen burua halako zakur begirune urduriz eta irribarre egin zien bere pasajeruei.

         Honetan tinbre batek jo zuen, eta aszentsorearen sabaitik altaboz bat hasi zen leunki, baina bai gogorki ere, ordenak ematen.

         — Behera —esan zuen—. Behera. Hamazortzigarren pisua. Behera. Hamazortzigarren pisua, Behera, behe...

         Aszentsorlariak brasta itxi zituen ateak, botoi bati eman zion eta berehalaxe mnurgildu zen berriro aszentsoreko argi nabarrean, bere ohiko harriduraren argi nabarrean.

         Azotean argi eta bero egiten zuen. Udako arratsalde hura bibraka ari zen, airerik aire zebiltzan helikopteroen joan etorriaz. Zeru dirdaitsuan zehar ikusgaitz eta tximistaka zihoazen aire-koheteak; haien ronronketa aztuna lausengu bat bezalatsu zen aire leunean.

         Bernard Marxek hasgorapen sakon bat egin zuen. Jaso zituen begiak gorantz, horizonte urdinerantz begiratu zuen ondoren eta Leninaren aurpegira azkenez.

         — Bai ederra ere!

         Ahotsak dardartxoa egiten zion.

         — Sekulako eguraldia Oztopo Golferako —erantzun zuen Leninak—. Eta orain agudo joan beharra dut, Bernard. Henry haserretu egiten zait, zain egonarazten badut. Abisa iezadazu garaiz eguna.

         Eta, eskuari eraginik, Leninak alderik alde pasa zuen azotea zabala, aterpeetarantz. Bernard begira begira geratu zitzaion; haren galtzerdi zurien keinuketa iheskorra, haren belaun beltxaranak, behin eta berriz toleskatzen zirenak arineketan, eta baten panazko galtza labur estuen ondulazio fina, jake berde botilaren azpian. Bernarden aurpegiari samin airea zerion.

         — Neskatxa polita beneten!— esan zuen bere atzean ahots sendo alai batek.

         Bernard ikaraturik bihurtu zen. Benito Hoover-en aurpegi potolo gordinak irriparrez begiratzen zion goitik, txera haundiko irriparrez. Mundu guztiak zekien Benito ainurri txit onekoa zela. Jendeak zioenez, bizitza osoa pasa omen zezakeen somarik ezertarako hartzeke. Beste guztiek bakazioak hartu beharra zuten maliziatik eta umore txarretik apartatzeko. Hari, ordea, ez zion horrek buruhausterik ematen. Benitok errealitatea alai eta irripartsu zekusan beti.

         — Pneumatikoa gainera! Eta nola gero!— Ondoren beste tonu batez jarraiki zen: baina, aizak, melankoliko xamar hagoela esanen nikek. Soma gramotxo bat behar duk hik. Galtzetako poltsiko ezkerra arakaturik, fraskotxo bat ateza zuen Benitok. Zentimetro kubiko batek hamar tristura ken... Baina, hiii!

         Bernard, kolpera buelta erdi emanik, korrika aldendu zitzaion.

         Benito ere begira geratu zitzaion. «Zer deabru gertatzen ote zaio tipo horri?» —galdetu zuen berekiko, eta buruari eraginik, mutilari odol artifizialean alkohola sartu ote zioten esan mesanak egiatzat hartzea erabaki zuen. «Zerebrora joko zioan nonbait.» Gorde zuen berriro soma fraskoa, eta gomazko pakete mastikatzeko bat atera zuen, hormona sexualezkoa. Ahoratu zuen pastila bat eta, hura mastikatuez, aterpeetarantz abiatu zen.

         Henry Fosterrek aterpetik aterea zeukan ia bere aparatua, eta, Lenina iristean, piloto kabinan jesarrita zegoen, zain.

         — Lau minutu beranduago —ez zuen besterik esan.

         Motorrak martxan jarri zituen eta helikopteroaren mandoei eragin zien. Aparatua bertikal igo zen airean gora. Henryk azeleratu zuen; helizearen zurrunga mehetu zen, kakalardotik erlera, eta erletik eltxora pasaturik. Belozimetroak markatzen zuenetik, minutuko ia bi kilometroan zihoazen gorantz. Londres igoago eta txikiago geratzen zitzaien oinpean. Segundo gutian, teilatu laudun edifizio larriak onyodi geometriko bat ematen zuten parke eta jardin berdeetan. Erdi erdian zurten luzeko onyo eder bat ageri zen, Charing-T-ko Dorrea, zementu harmatuzko disko dirdaitsu bat jasotzen zuelarik zerurantz.

         Atleta izugarrien bizkar lanbroen antzo, hodeitzar gizenak zeuden zeru urdinean kulunka, beren buruen gainean. Honetan eltxo gorri bat atera zen haietariko batetik, zurrun-zurrunga eroriez.

         — Horra Kohete Gorria —esan zuen Henryk—, New Yorketik datorrena. Zazpi minutuko atzerapena darama —gaineratu zuen—. Lotsagarria da zerbitzu atlantiko horien ordurik eza.

         Kendu zuen oina azeleradoretik. Buru gainean zituzten palen zurrunga jautsi zen zortziko eta erdi, erletik erlaminora pasatuz, eta hurrenez hurren, mandeulira eta kakalardora. Gelarazi zuten aparatuaren goranzkoa. Mementotxo bat geroago, geldi geldi zeuden, airean zintzilik. Henryk mugitu zuen balanka bat eta klaskada bat entzun zen. Geldiro lehenengo, bizkortxoago gero, aurrekaldean zuten helizea jiraka hasi zen, laino biribil bat formatu arte beren begien aurrean. Abiadura horizontalak ateratako haizeak geroago eta txistu zorrotzagoa egiten zuen estayetan. Henryk ez zion begirik kentzen erreboluzio kontailuari. Orratzak mila eta berrehun seinalatzean, gelarazi zuen helikopteroaren helizea. Aparatuak aurrerantz zeraman abiadura nahikoa zen, hego hutsez sostendurik hegatzeko.

         Leninak beherantz begiratu zuen, lurrean, bere oinetan zeukan leihoskatik. Londres Erditik lehenengo suburbio eraztunera bitartean zeuden sei kilometroko parkeen parean zihoazen hegan. Hango berdetasunak txingurrika zirudien bizitasunez, goitik begiratuta, kamusturik ematen zuen bizitasunez. Pelota Zentrifugoko dorre pilak dizdizka zeuden zuhaitz artean. Shepherd's Bush ondoan bi mila Beta-Gutiago, bikote bikoitzetan, tenisean ari ziren Riemann-eko zelaietan. Notting Hill-etik Willesden-erako kaminoaren hegaletan pelotaleku mugikor zerrenda bikoitz bat hedatzen zen. Earling-eko Estadioan Delten gimnasi eta koru-jaialdi bat ospatzen zen

         — Bai nazkagarria kaki kolorea!— esan zuen Leninak, bere kastako aurreritzi hipnopedikoak altu azaldurik.

         Hounslow-ko Sensorama-Estadioan edifizioek zazpi hektarea eta erdi hartzen zituzten. Handik hurrean langile armada beltz eta kaki bat lan eta lan ari zen, Mendebaleko Kamino Nagusiari berinaldi berri bat emanez. Haien gainetik hegan iragatean, arrago erabilkor izugarri bat husten ari ziren. Harri urtua uholka hedatzen zen, goritasun itsugarriz, kamino azalean zehar. Amiantozko zapalgailuak joan etorrian zebiltzan. Ureztatzeko kamioi ondo aislatu baten atzetik, baporezko laino zuriak gorantz zihoazen.

         Brentford-en, Telebista Gorporazioaren faktoriak hiri txiki bat ematen zuen.

         — Txanda errelebatzen ari bide dira —esan zuen Leninak—. Afido eta txingurri antzo, hosto berde koloreko Gamma neskatxak eta eta mutil Erdi-ipotx beltzak atari inguruetan zebiltzan, edo txanda zaintzen zuten nork bere jesarlekua hartzeko tranbia errail-bakarretan. Mazusta koloreko Beta-Gutiagoek joan etorrika ziharduten jendarterik jendarte.

         Handik hamar minutura, Stoke Poges-en zeuden, eta hasia zeukaten lehenengo Oztopo Golfaldia.

 

 

—2—

 

         Bernardek begi-makur gurutzatu zuen azotea, edo alborantz begira deskuidoz inorekin topo egiten baldin bazuen bidean. Gizon pertsegitu bat zirudien, baina berak ikusi ere nahi ez zituen etsaiek pertsegitua, zeren ikustean, ondo baitzekien berak uste baino are etsaiago aurkituko zituela, Eta honek errudunago eta ezinbestean bakarrago ikusaraziko zion bere burua.

         «Benito Hoover higuingarri hori!» Mutilak, ordea, ez zion asmo txarrik izan. Baina honek nolabait okerrago jartzen zituen gauzak. Maite zutenak, gorroto zutenak alaxe portatzen zitzaizkion. Leninak berak ere sufriarazten zuen. Bernard lotsaz oroitzen zen ez-mezean pasaturiko aste haietaz, zeinetan espero, desira eta etsi baitzuen ez zuela inoiz deklaratzeko haina kemen ukanen. Ausartuko al zen arbuiozko ezetz batek apaldua utz zezan arriskuan sartzera? Leninak baietz esan baliezo, ordea, hura zoramena! Horra, bada, Leninak emana ziola baietza, eta hala ere dohakabe sentitzen zen, dohakabe zeren Leninak uste izan baitzuen arratsalde hura sekulakoa zela Oztopo Golfera jokatzeko, dohakabe zeren korrika aldendu baitzitzaion Henry Fosterrekin batzeko, dohakabe zeren bera xelebretzat jo baitzuen ez zuelako nahi izan izkutuko gauzak agirian eztabaidatzerik.

         Hitz batez dohakabe zeren Lenina portatu baitzitzaion beste edozein neskatxa ingeles zindo eta bertutetsuk portatu behar zuen bezala, eta ez beste nolabait anormalki.

         Bernardek ireki zuen bere aterpeko atea eta han egoten zeuden bi Delta-Gutiagoei dei egin zien, aparatua azoteatik atera ziezoten. Aterpeetako pertsonala Bokanowsky sail berekoa zen, eta gizonak bikiak ziren, denak kaxkarrak, beltzaranak eta itsusiak. Bernardek aire latz, gailen eta gordinez eman zizkien aginduak, bere nagusitasunaz segurantza haundirik ez duen batek bezala. Bernardi txit gogor egiten zitzaion kasta beheragoko jendearekin tratatzea. Zena zela (eta odol artifizialean alkohola nahastu ziotelako marmarioak egiak zitezkeen beharbada, zeren akzidente bat litekeena baita noiznahi) Bernarden fisikoa ez zen Gamma batena baino askoz hobea. Alfa Patroia baino zortzi zentimetro txikiagoa zen, bai eta argalago ere proportzio berdinez. Kasta beheragoko jendearekin tratatzeak bere kazkartasun fisikoa oroitarazten zion beti saminki, «Ni naiz ni, eta nahiago ez banitz». Kontzientzia txit zorrotza eta mingarria zuen bere buruaz. De1ta bati aoitik behera gabe bekoz beko zuzen begiratu behar ziola kargutzen zen bakoitzen, lur jota geratzen zen. Tratatuko ote zuen izaki hark bere kastari zegokion errespetoz? Hura koska larria! Eta arrazoiz gainera. Zeren Gammak, Deltak eta Epsilonak egokituak izan baitziren apropos, nagusitasun soziala gorputzaren haundi-xikian dagoela uste izateko. Denek zeukaten aurreritzi hipnopedikoa gorputz haundikoen alde. Hortik zetozkion Bernardi, berak proposamendu egiten zien emakumeen irriak, hortik bere ideko lagunen adar iotzeak. Burla haiek arrotz sentiarazten zuten; eta arrotz sentiturik, halaxe portatzen ere zen; eta horra gero eta okerrago zihoala, zeren hala portatuez, gehitu egiten baitzitzaizkion bere akats fisikoek sorturiko arbuio eta etsaigoa. Eta honek, halaber, bakarrago eta arrotzago sentiarazten zuen, Beldurrez zegoen beti farra eginen ote zioten. Horigatik ihes egiten zien bere ideei, eta bere dintasunaren jabeegi ageri zen apalagoen aurrean. Zer inbidia garratza zien Henry Foster eta Benito Hoover bezalako gizonei!

         Nagikeriaz eta gogogaitzez —edo hala zeritzan berak behintzat—, bikiek ba zeramaten noizbait abioia azoteara.

         — Agudo! —esan zuen Bernardek amorrazioz. Bi gizonetarik batek begirada bat jaurtiki zion. Zer burla zakar ote zen haren begi gris moteletan ageri zena?

         — Agudo diotsuet! —hots egin zuen gogorrago.

         Garrazpera higuingarria azaldu zitzaion ahotsean.

         Igo zen abioira eta minutu batgarrenera, hegan zihoan Hegoalderantz, Ibai alderantz. Propaganda Ofizinak eta Emozio Injinerutzako Eskola hirurogei pisuko edifizio berean zeuden, Fleet Street-en. Sotoetan eta beheko pisuetan, Londresko hiru egunkari nagusien lantegi ofizinak zeuden: «Orduoroko irratia», kasta goikoen izparringia, «Kazeta Gamma» , berde zurbila, eta «Delten Ispilua», papel kakiz inprimatua eta silaba bakarreko hitzez. Gero Propaganda Ofizinak zetozen, Telebistaz, Sensoramaz eta Ahots Sintetikoz eta Musika Sintetikoz: hogei eta bi pisu guztira. Hauen gainean azterkuntzarako laborategiak eta sala koltxatuak zeuden, non egiten baitzituzten beren lan bitxiak Hots Etrejistratzaileek eta Musikagile Sintetikoek. Emozio Injenerutzako Eskolak betetzen zituen goragoko hamazortzi pisuak.

         Bernardek Propaganda Etxeko azotean lurrartu zuen eta jautsi zen bere aparatutik.

         — Telefona iezok Mr.Helmholtz Watson-i-agindu zion Gamma-Gehiago atezainari—, eta esaiok Mr. Bernard zain dagokiola azotean.

         Jesarri zen eta zigarrotxo bat piztu zuen.

         Helmholtz Watson idazten ari zen, abisua hartu zuenean.

         — Esaiok berehalaxe noakiola —erantzun zuen—. Eta esegi zuen entzutailua. Gero bere idazkari andereñoarenganantz itzulirik, ahots ofizial eta inpertsonal berdinez, jarraiki zuen: zeure kontu nire gauzak erretiratzea.

         Eta neskatxaren irriparreari ez-ikusi eginik, zutitu eta azkar abiatu zen aterantz.

         Gizon zati galanta zen, bular eta bizkar zabala, sendoa, eta hala ere, azkarra, bizkorra eta zaulia mugimenduz. Burua ederki tajutua zeukan, bere lepo habe gogor eta ondo biribilduak eusten ziolarik. Ile beltz kizkurra zuen, aurpegikera txit markatua, gorpuzkera bortitza eta gailena. Lerdena zen oso, eta bere idazkariak esaten eta esaten zuenez, burutik beherainoko Alfa-Gehiago egin egina. Emozio Injinerutza Eskolako irakasle izanik (Idazguan), Emozio Injineru bezala betetzen zituen irakaskintzak uzten zizkion hutsarteak. «Orduoroko Irratia»rako idazten zuen aldizka, eta Sensoramarako gioiak egiten. Aparteko sena zeukan slogan eta alleluya hipnopedikoetarako.

         «Dakiena», horra bere nagusien eritzia. Eta buruari eraginka eta erdi ahapeka gaineratzen zuten: «Dakienegia behar bada».

         Gehiegitxo, noski. Arrazoia zuten. Gaindidura mental batek antz antzeko ondorioak zekatzkion Helmholtz Watson-i, nola gorputz eskasak Bernard-i. Hezur eta muskulo eskaseko izateak apartatu zuen Bernard bere lagunetarik, eta «aparte» sentitze hura —standard arruntei buruz gaindidura mentala zena— gehiago apartatzeko bide zitzaion.

         Buru argiegiko izateak eman zion Helmholtz-i bere buruaren eta bere bakardadearen kontzientzia latza. Eta horixe zeukaten bi gizonek elkarrekin, alegia, indibiduoak zirela konturatzea. Baina eskastasun fisikoak bizitza guztian zehar sentiarazi bazion Bernardi «aparteko» izatearen kontzientzia, Helmholtz Watson, ordea, ez zen oraintsu oraintsu arte konturatu bere nagusitasun mentalaz eta, beraz, diferente zela besteengandik. Pista mugikorreko pelota xapeldun hura, maitale porrokatu hura (seirehun eta berrogei maite diferente eduki omen zituen lau urteren barruan), mundu guztiaz ederki konpontzen zekien komite-gizon harrigarri hura, hara non kolpe kolpera kargutzen zen deportea, emakumeak eta aginpidea bigarren mailako zerak zirela beretzat. Beste zerbaitek ematen zion kezka, Zerk, ordea? Horixe zen, hain zuzen, Bernardek berakin eztabaidatzeko zekarren prolema. Hobeki esateko —zeren Helmholtzek baitzeraman beti solasaren pisua—, Bernard entzutera zetorkion nola berak, beste behin ere, ekiten zion gaiari.

         Ahots Sintetikozko Propaganda Ofizinako hiru neskatxa xarmangarri bidera ateta zitzaizkion aszentsoretik irtetzean.

         — Aizu, gure Helmholtz, zatoz gurekin Exmoor-ko landan afaltzera

         Hiruren erdian harturik zeukaten erreguka. Baina Helmholtz-ek buruari eragin eta hanka egin zien.

         — Ez, inola ere ez.

         — Zeu ez beste gizonik ez daramakegu.

         Helmholtz-ek, ordea, ez zuen amore eman, hain promes tentagarria izanik ere.

         — Ez —berresan zuen—. Lana daukat.

         Eta aurrera jo zuen zirti zarta. Neskatxak atzetik zerraizkion, eta ez zuten Bernarden abioira igo arte utzi. Eta nolakoak esanda gainera.

         — Hauek lako emakumerik! —hots egin zuen, aparatua gorantz zihoala—. Hauek lako emakumerik! —buruari eraginez eta kopeta zimurtuez—. Beldurgarriak dituk!

         Bernard, itxuraz, konforme zegoen honetaz, nahiz eta barrutik zer besterik nahiago Helmholtz-ek haina neska lagun eta hain erraz eduki ahal izatea baino. Eta harrokeriatxo hau jaurti zuen:

         — Lenina Crownerekin Mexiko Berrira joatekotan nauk— esan zuen ezaxol airerik haundienez.

         — Bai? —esan zuen Helmholtz-ek, haintzat ere hartzeke. Eta ixilunetxo baten ondoren, jarraiki zen: aste bat edo bi dituk komite eta neskatxak bertan behera utzi ditudala. Ez dezakek asma ere nolako nahaspila atera duen honek Eskolan. Hala ere, merezi zuela uste diat. Ondorioak —Dudan jarri zen—. Beno, xelebreak dituk, oso xelebreak.

         Eskastasun fisikoak halako gaindidura mental bat sortaraz dezake. Agi denez prozedura hau alderantziz ere gerta daiteke. Gaindidura mental batek ere sortaraz ditzake bere xedeen onerako, bakardade deliberatuaren borondatezko itsutasun-gortasunak asketismoaren ezintasun artifiziala.

         Falta zitzaien hegaldia ixilik egin zuten. Iritsi eta Bernarden gelako sofa pneumatikoetan jesarri zirenean, Helmholtz-ek bere autuari ekin zion berriro.

         Geldiro hitz eginez, galdetu zuen:

         — Ez al duk Inoiz sentitu ba zela hire baitan zerbait kanpora irteteko aukera noiz emanen hion zain? Inoiz erabiltzen ez duan halako indar-goiti bat, turbinatik ez baina haitzartean behera etortzen den uraren antzekoa?

         Eta galdezka begiratu zion Bernardi.

         — Zeri buruz ari haiz? Gauzak bestela balira, batek senti litzakeen emozioei buruz?

         Helmholtz-ek buruari eragin zion.

         — Ez duk, bada, hori ere. Noizik noizera sentitzen dudan zer batez ari nauk, esateko inportanterik ba dudala eta esateko kapaz ere ba naizela sentitzen dudan zerbaitez. Baina neuk ere ez baitakit zer den, ez zezakeat ene kapazidaderik enplega. Beste idazmodurik balego! Edo beste zertaz idatzirik... —Pixkatxo batean ixilik egon zen, gero honela jarraikiaz: fraseak asmatzen oso habila nauk; orratz gainean jesarri balitz bezala, bati salto eragiteko moduko hitzak aurkitzen ditiat, hitz berriak eta ernagarriak, nahiz eta hipnopediaz argi dagoen zerbaiti ezarri. Baino hau ez ziaidak aski. Ez duk aski frase onak izan daitezela. Frase haiekin egiten denak ere ona izan behar dik.

         — Baina hik idazten duana ona baituk, Helmholtz.

         — Destinatua dagoenerako bai, noski. —Bizkarrak jaso zituen—. Baina baten destinua, hain duk hutsa! Ez dituk gauza inportanteak. Eta nik zerbait inportanteagorik ba dezakedala somatzen diat. Bai, eta zerbait biziagorik, zerbait bortitzagorik. Baina, zer? Zer inportanteagorik esan daiteke hemen? Eta nola arraio daiteke bortizki hitz egin edozeinek ezagun dituen gaiez? Hitzak, tajuz erabiliz gero, X izpiak bezala izan diaitezkek: edozer zula zezakeate. Irakurtzen dituk eta zulatu egiten haute: Hauxe duk ene ikasleei irakatsi nahiez nabilana: zorrotz eta sarkor idatz dezatela. Baina zer balio du artikulu bat sar dakiala Elkarte-kanta bati buruz, edo lurrin-organoen azken aurrerapenari buruz? Gainera ba al duk posible hitzak X izpiak bezain sarkorrak eta bortitzak izan daitezela, huskeria hauetaz idazten denean? Ba al daiteke ezer ezertaz esan? Kontuak kontu, hortxe diagok koska.

         — Ixi! —esan zuen Bernardek—. Norbait atean dela uste diat, —marmartu zuen.

         Helmholtz zutitu zen, gurutzatu zuen gela oinen puntetan eta mugimendu azkar eta latzez, atea den dena zabaldu zuen. Baina ez zegoen inor.

         — Arraioa! -esan zuen Bernard-ek, farragarri geratu zela konturaturik—. Artega xamar niagok. Jendeak errezeluz begiratzen dionean bati, nork berak ere errezeluz begiratzen ziek denei.

         Begiak igortzi zituen, hatsartu zuen eta ahoskera tristea ageri zitzaion. Justifikatzen ari zen.

         — Baheki zenbat agoantatu behar izan dudan aspaldion!— esan zuen ia negarrez. Eta haren autourrikiaren uhola enbaltse bateko presa apurtu balitz bezalakoa zen—. Baheki!

         Helmholtz-ek pixka bat gogoaz kontra aditzen zion. «Bernard gizagaixoa!» zioen berekiko. Baina era berean lotsaturik zegoen bere lagunaren jokaeraz. Bernandek urguilu gehitxoago agertu behar luke.

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971