Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971

 

Bederatzigarren kapitulua

 

         Egun absurdo eta nazkagarri haren ondoren, Leninak ba zuela uste zuen oporraldi on bat hartzeko eskubide. Ostatura bihurtuaz batera, gramo erdiko sei soma garau hartu zituen, etzan zen ohean, eta handik hamar minutura ilargiko betierera bidean zen. Hamazortzi ordu beharko zituen gutienez errealitatera itzultzeko.

         Bitartean Bernard pentsakor eta begiak zabalik zetzan ilunetan. Gauerdia baino askozaz geroago hartu zuen loak. Baina logaldu hura ez zitzaion alferreko izan: plan bat zeukan.

         Biharamun goizean, hamarrak puntu puntuan, uniforme berdedun mestizoa jautsi zen helikopterotik. Bernard zain zegokion pistan.

         — Miss Crowne soma oporretan duk —azaldu zuen—. Bostak aurretik ez dik bueltan etortzerik. Zazpi ordu ditugu, beraz, libre.

         Ba zuten astia Santa Fe-ra hegatu, egitekoak egin eta berriro Malpaisen egoteko, Lenina iratzar baino askozaz lehenago

         — Segur al dago gero hemen bera bakarrik?— galdetu zuen.

         — Helikopteroan bezain segur —lasarazi zuen mestizoak.

         Igo ziren aparatura eta berehalaxe gora. Hamarrak eta hogei eta hamalauean lurrartu zuten Santa Fe-ko Posta Ofizinako azotean. Hamarrak eta hogei eta hamazazpirako Bernardek lortua zuen komunikatzea Inspektore Mundialaren Despatxuaz, Wbitehall-en. Hamarrak eta hogei eta emeretzian laugarren idazkari partikularrarekin hizketan zegoen. Hamarrak eta berrogei eta lauean istorio berdina bir-ziotsan lehenego idazkariari, eta hamarrak eta berrogei eta zazpi eta erdian Mustafa Mond ber beraren ahots astun ozena zetorkion belarrietara.

         — Berorren Fordtasunak —hitz totelka Bernardek— interes zientifikorik aski duen zertzat joko duela pentsatzen ausartu naiz

         — Hala duk, bai, interes zientifikorik aski duen zertzat jotzen diat, noski —esan zuen ahots sakonak—. Ekartzat heurekin Londresera bi indibiduo hoik.

         — Berorren Fordtasunak jakinen al du aparteko baimena behar dudala...

         — Oraintxe berton —esan zuen Mustafa Mondek— helduko ziaizkiok beharreko ordenak Erreserbazainari. Hoa agudo Erreserbazainaren despatxura. Egunon Mr. Marx.

         Ixilune bat ondoren. Bernardek aurikularra esegi eta azoteara igo zen korrika.

         Gaztea ostatu aurrean zegoen.

         — Bernard! —dei egin zion— Bernard!

          Ez zuen erantzunik hartu.

         Orein larruzko bere abarkekin ixil ixilik ibiliez, eskaileran gora korrika igo eta atea zabaltzen saiatu zen. Baina itxita zegoen.

         Aldegina zen! Bizitza guztian gertatu zitzaionik ikaragarriena zen hura. Neskatxak ikustera etortzeko inbitazioa egin zion, eta hara han joanak zirela. Johnek maila batean jesarri eta negarrari eman zion.

         Ordu erdi geroago leihotik begiradatxo bat botatzea bururatu zitzaion. Maleta berde bat ikusi zuen lehenengo, L. C. inizialak tapan pintaturik zituena. Sua bezala piztu zitzaion poza barruan. Hartu zuen harri bat. Kristal hautsia zalapartaka erori zen lurrera. Gerotxoago gela barruan zen John. Ireki zuen maleta berdea; eta berehalaxe aurkitu zuen usnan Leninaren lurrina, haren esentziaz biriak betetzen zitzaizkiola. Bihotza taupaka eta taupaka ari zitzaion. Memento batez kordea ere gal zorian egon zen. Gero kutxa bitxi haren gainera makurturik, ikutu, argitara jaso eta aztertu zuen. Buruhauste gehitxoago zemaioten lehenengotan lika panazko beste galtza motx haietako kremailerek. Baina laster erabaki zuen, eta hura zoramena orduan. Blist! eta blast! blist! eta blast! Zorabiaturik zebilen. Haren zapatila berdeak bizitza guztian ikusitako gauzarik ederrena ziren. Barruko galtzatxo pare bat zabaldu zuen, baina gorri gorri jarririk, berehalaxe gorde zuen berriro. Hala ere azetato lurrintsuzko painelu bati mun eman eta bufanda bat ifini zuen lepobueltan. Kutxa bat irekirik, lurrin hautsezko laino bat jaso zuen. Eskuak irineztaturik geratu zitzaizkion. Bularrean, bizkarrean eta beso biluzietan astindu eta garbitu zituen. Bai lurrin zoragarria! Begiak itxi eta papoei igortzi bat eman zien bere beso hautsestatuaz. Axal fina sentitzen zuen aurpegiaren kontrara, hauts goxoen usaina sudurrean... bertan zen bera!

         — Lenina! —hots egin zuen kontuz kontuz—. Lenina!

         Zarata batek ikaraturik, buelta eman zuen errudun airez. Gorde zuen azkar asko maletan handik aterata zeukan guztia eta itxi zion tapa. Jarri zen adi berriro, begiak zabal zabalik begira. Inoren arrastorik ere ez; hotsik ere ez. Eta, hala ere, segur zegoen zerbait entzun zuela, hasperen moduko zerbait, edo ohol kirrizkada lako zerbait. Behatz puntetan hurreratu zen aterantz, eta kontuz kontuz irekirik, pasilu luxe baten aurrez aurkitu zen. Pasiluaren beste ertzean beste ate bat erdi zabalik. Hurreratu bertara, sakatu eta burua agertu zuen.

         Han, ohe zabal batean, ohazala ohinetara kendua, pieza bakarreko pijama laburrez jantzia, han zetzan Lenina, lo gogorrean. Hain eder bere ile kizkurren artean, hain haur eta hunkigarri bere arrosazko behaztxoez eta loak bilduriko bere aurpegimazalez, hain fido bere eskutxo gurien eta gorpuzki laxoen ahultasunez. Begiak malkoztu zitzaizkion Johni.

         Katua txorien zelatan baino kontuzago —baina hainbeste kontu ez zen batere beharrezko, zeren pistola danbadaz izan ezik ez zegoen Lenina bere soma oporretatik itzularazterik izendaturiko ordu aurretik—, sartu zen John gelan, belaunikatu lurrean, ohe alboan, begiratu, eskuak batu eta ezpainak mugitu zitzaizkion.

         — Haren begiak— marmartu zuen.

         — Haren begiak, haren ilea, haren matraila, haren ibilkera,

                 haren ahotsa zuk manaiatzen dituzu zeure mintzoan.

                 O!, esku hori, zeinen ondoan zuriak ez baitira bere tatxak

                 idazten ari den tinta baizik; zeinen ikutze leunaren

                 ondoan latz baitirudi zisnekumeen lumatxak. [1]

         Euli bat zebilen furrundaka Leninaren inguruan; Johnek uxatu zuen.

         — Euliak —oroitu zen,

                 Gel zaitezte ene Julietaren eskuko mirakuilu zurian,

                 xurga ezazue grazia hilezkorra haren ezpainetarik,

                 haren bestal modestia garbiaren garbiz,

                 elkarri pa ematen ere lotsa diren ezpainetarik. [2]

         Kontuz kontuz, txori ikarati eta agian badaezpadakoa lausengatzen doanaren jesto zalantzakorrez, esku bata luzatu zuen Johnek. Zintzilik eduki zuen, dardar, Leninaren hatzamar geldietatik bi zentimetrora, ia ikutuez. Ausartuko ote zen? Ausartuko ote zen hain esku doilorrez profanatzera hain...? [3] Ez, ez zen ausartu. Txori arriskutsuegia zen noski. Atzeratu eta bertan behera erori zitzaion eskua. Bai ederra zela Lenina! Bai ederra!

         Honetan, bat batean, zer pentsatuko eta kremailerari lepo parean oratu eta kolpe batez goitik beheraino tiratzekotan egon zen. Begiak itxi eta burua indartsu astindu zuen, zakurrak uretatik ateratzean, beharriak astintzen dituen bezala. Zer pentsamentu zakarra! Bere buruaz lotsaturik geratu zen John. «Bestal modestia garbiaren garbiz.»

         Furrundara bat entzun zuen airean. Beste euliren bat ote zetorren, bada, grazia hilezkorra xurgatzera? Liztorren bat akaso? Johnek ingurura begiratu, baina ez zuen ezer ikusi. Furrundara gorantz zihoan, eta lasten konturatu zen kanpotik zetorrela. Helikopteroa! Beldur ikaraz, Johnek ijuti egin, beste gelara korrika abiatu, zabalik zegoen leihotik saltatu eta pita arteko bide zidorrean gora, garaiz iritsi zen Bernard Marx errezibitzera, han helikopterotik jausten ari zenean.

 

[1] Her eyes, her hair, her cheek, her gait, her voice,

     Handlest in thy discourse, O, that her hand,

     In whose comparison all whites are ink,

     Writing their own reproach, to whose soft seizure

     The cygnet's down is harsh (Troilo eta Kresida, I, 1)

[2] On the white wonder of dear Juliet's hand

     And steal immortal blessing from her lips,

     Who even in pure and vestal modesty,

     Still blush, as thinking their own kisses sin; (Romeo eta Julieta, III, 3)

     This holy shrine, (Romeo eta Julieta, I, 5)

[3] If I profane with my unworthiest hand

 

Bai mundu berria
Aldous Huxley

euskaratzailea: Xabier Amuriza
Lur, 1971