Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996

 

V

 

        Charlie Ritzera joan zen zuzen-zuzenean Lorraine eta Duncan topatzeko ideia suminkorra zuela, baina ez zeuden han, eta konturatu zen edozein modutan ere ezin zezakeela ezer egin. Ez zuen kopa ukitu Peterstarrenean, eta hortaz whisky eta soda eskatu zuen. Paul kaixo esatera etorri zitzaion.

        «Aldaketa handia da» esan zuen Paulek tristeziaz. «Egin ohi genuen negozioaren erdia egiten dugu. Entzun dut lagun piloak Estatu Batuetara itzuli eta dena galdu zuela, agian ez lehen porrotaldian, baina bai bigarrenean. George Hardt zure lagunak azken xentimoraino galdu du, entzun dudanez. Estatu Batuetan zabiltza berriro?»

        «Ez, Pragan nabil negozioetan».

        «Entzun dut asko galdu zenuela porrotaldian».

        «Hala da,» eta serio gaineratu zuen «baina boomean galdu nuen maite nuen guztia».

        «Merke antzean salduz?»

        «Gutxi gora behera».

        Berriz ere egun haietako oroitzapenak arin igaro ziren Charlieren gainetik amesgaiztoa irudi: bidaldietan ezagututako jendea; batuketa xume bat edo esaldi koherenteren bat egiteko gauza ez zen jendea. Untziko jaian Helenek berekin dantzatzeko baimena eman zion gizontxoa, mahaitik hiru metrora Helen iraindu zuena; leku publikoetatik garrasika aterarazitako emakume eta neskak, edaria nahiz drogak zirela eta...

        ...Emaztea elurretan etxetik kanpo uzten zuten gizonak, hogeita bederatziko elurra benetako elurra ez zelako. Elurra ez izatea nahi izanez gero, diru pixka bat ordaindu besterik ez zen egin behar.

        Charlie telefonora joan zen Peterstarren apartamentura deitzera; Lincolnek erantzun zuen.

        «Dei egin dut kontu hau buruan sartuta daukadalako. Esan du Marionek erabateko gauzarik?»

        «Marion gaixorik dago» erantzun zion laburki Lincolnek. Badakit kontu hau ez dela guztiz zure erruagatik izan, baina ezin dut Marion txiki-txiki egiten utzi hori dela eta. Uste dut sei hilabetez atzeratu beharko dugula kontua. Ezin naiz arriskatu, bada, Marion berriro eror daiteke egoera horretan».

        «Ulertzen dut».

        «Damu dut, Charlie».

        Charlie mahaira itzuli zen. Edalontzia hutsik zeukan, baina buruari eragin zion, Alixek galdetzeko keinuz begiratu zionean. Dagoeneko, ezin zezakeen gauza handirik egin, Honoriari zenbait gauza bidaltzea izan ezik; biharamunean gauza piloa bidaliko zion. Charlieri haserre samar bururatu zitzaion hura dirua baizik ez zela. Hainbat jenderi eman zion dirua...

        «Ez, gehiago ez» esan zion beste zerbitzari bati. «Zenbat zor dizut?»

        Egunen batean atzera itzuliko zen; ezin izango zuten betiko ordaintzera behartu. Alabaina, alabatxoa nahi zuen, eta dagoeneko ezer ez zen behar bezain ona, kontu hura alde batera utzita. Jadanik ez zen gaztea, ez zuen bere gisako asmo eta amets urdin piloa bere baitan. Uste osoa zeukan Helenek ez zukeela nahi izango bera hain bakarrik egotea.

 

Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996