Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996

 

II

 

        Udazkeneko egun ederra zegoen esnatu zenean: rugbyan egiteko eguraldi aproposa. Aurreko eguneko depresioa aienatua zitzaion, eta kaleko jendea atsegin zuen. Eguerdian Honoriaren aurrean eseri zen Le Grand Vatelen, huraxe baitzuen champagne afariak eta ordu bietan hasi eta ilunabar lausoetan amaitzen ziren bazkari luzeak gogorarazten ez zizkion jatetxe bakarra.

        «Eta barazkiak, zer? Ez duzu barazkirik hartu behar?»

        «Bai, horixe».

        «Hona hemen epinardsak eta chou-fleura, azenarioak eta haricotsak».

        «Niri chou-fleura gustatzen zait».

        «Ez duzu beste barazkirik nahi?»

        «Gehienetan bat besterik ez dut hartzen bazkaltzeko».

        Zerbitzaria umeak izugarri maite zituen itxurak egiten ari zen. «Qu'elle est mignonne la petite! Elle parle exactement comme une fiançaise».

        «Eta postrea, zer? Itxarongo dugu ea zer dagoen?»

        Zerbitzaria itzali egin zen. Honoria aitari begira zegoen adi-adi.

        «Orain zer egingo dugu?»

        «Lehenik, Rue Saint-Honoréko jostailu denda horretara joango gara gustuko duzun edozein gauza erostera. Eta gero Empireko vaudevillea ikustera joango gara.

        Neskatoa ezbaian zegoen. «Vaudevillearena gustatzen zait, baina jostailu dendarena ez».

        «Zergatik?»

        «Tira, panpina ekarri didazu.» Aldean zeukan panpina. «Eta nik gauza piloa daukat. Gainera, orain ez gara aberatsak, ezta?»

        «Inoiz ez ginen aberatsak izan. Baina gaur nahi duzuna edukiko duzu».

        «Bale.» Neskatoak amore eman zuen etsipenez.

        Behinola, Honoriaren ama eta umezain frantziarra zeuden garaian, Charliek zorrotz izateko joera zeukan; orain irekiagoa zen, eskua zabaltzen zuen eroapen berriari heldu nahian; aita-amena egin behar zuen neskatoarentzat, eta ez zuen alde bietariko bat ere komunikaziotik kanpo utzi behar.

        «Ezagutu nahi zaitut» esan zuen Charliek serio. «Lehenik eta behin, utz iezadazu neure burua aurkezten. Charles J. Wales dut izena, Pragakoa».

        «O, aitatxo!» haurra barrez lehertu zen.

        «Eta nor zara zu, mesedez?» ekin zion Charliek, eta neskatoak berehala hartu zuen honelako rola: «Honoria Wales, Rue Palatine, Paris».

        «Ezkonduta ala ezkongai?»

        «Ez, ezkonduta ez. Ezkongai».

        Charliek panpina seinalatu zuen. «Baina ikusten dudanez, umetxoa daukazu, madame».

        Panpina umezurtz uztekotan ez zegoela, Honoriak bihotz ondoan ezarri eta berehala erantzun zuen: Bai, ezkonduta egon naiz, baina orain ez nago ezkonduta. Nire senarra hilda dago».

        Charliek arin egin zuen aurrera: «Eta umetxoaren izena?»

        «Simone. Eskolako lagunik onenaren izena ezarri diot».

        «Oso pozten naiz zu eskolan hain ondo ibiltzeaz».

        «Hilabete honetan hirugarrena naiz» harrotu zen neskatoa. «Elsie» —lehengusina zuen hura— «hemezortzigarrena edo besterik ez da, eta Richard azkenaren inguruan dabil».

        «Atsegin dituzu Richard eta Elsie, ezta?»

        «O, bai. Richard oso jatorra da, eta ondo moldatzen naiz Elsierekin».

        Kontu handiz eta iragaitzaz Charliek hauxe galdetu zion: «Eta izeba Marion eta osaba Lincolnen artean, nor duzu maiteago?»

        «A, osaba Lincoln, nik uste».

        Charlie gero eta jabetuago zegoen haurraren presentziaz. Jatetxera sartzerakoan, «...zoragarri» edo delako murmurioa jarraiki zitzaien, eta afaltzean ondoko mahaiko jendeak neskatoarengana bihurtzen zituen isilune guztiak, adi-adi Honoriari begira, neskatoa lorea baino ezaguera gutxiagokoa bailitzan.

        «Zergatik ez naiz zurekin bizi?» galdetu zion Honoriak bat-batean. «Amatxo hilda dagoelako?»

        «Hemen egon behar duzu frantses gehixeago ikasteko. Oso zaila izango zen aitatxorentzat zutaz behar bezala arduratzea».

        «Egia esan, orain ez dut hainbeste arduraren beharrik. Neuk egiten dut dena».

        Jatetxetik irtenda, gizon bat eta emakume batek tupustean agurtu zuten.

        «Hara, gure Wales!»

        «Kaixo, Lorraine... Dunc».

        Ustekabeko mamuak, iraganetik etorriak: Duncan Schaeffer, unibertsitateko laguna. Lorraine Quarries, hogeita hamar urteko ilehori zurbil eta maitagarria; duela hiru urteko garai jorietan hilabeteak egun bihurtzen lagundu zion jendetzaren arteko bat.

        «Aurten nire senarrak ez du etortzerik izan» esan zuen Lorrainek, Charliereri galderari erantzuteko. «Goian zerua eta behean lurra, horrela gaude. Beraz, hileko berrehun dolar eman, eta diru horrekin nahi dudana egin dezakedala esan dit... Hauxe da zure alabatxoa?»

        «Zergatik ez gara berriro sartzen jatetxera? Eseriko gara?» proposatu zuen Duncanek.

        «Ezin dut.» Charlie poztu egin zen aitzakia edukitzeaz. Betiko moduan, Lorraineren erakargarritasun suhar eta kitzikagarria sentitu zuen, baina ordurako oso bestelakoa zuen gogoa.

        «Tira, zer moduz afaltzera bagoaz?» galdetu zion Lorrainek.

        «Lanpetuta nago. Emaidazue zuen helbidea eta dei egingo dizuet».

        «Charlie, uste dut zeure onean zaudela, mozkortu gabe» esan zuen Lorrainek aierukor. «Benetan uste dut mozkortu gabe dagoela, Dunc. Imurtxi egiozu ea mozkortu gabe dagoen».

        Charliek buruari eragin zion Honoria seinalatuz. Aita-alabek barre egin zuten.

        «Zein da zure helbidea?» esan zuen Duncanek mesfidati.

        Charlie dudatan gelditu zen, hotelaren izena emateko gogorik ez zuela.

        «Oraindik ez daukat bizileku finkorik. Hobe dut zuei deitzea. Empireko vaudevillea ikustera goaz».

        «Horixe! Horixe egin nahi dut nik!» esan zuen Lorrainek. «Pailazoak ikusi nahi ditut, akrobatak eta malabaristak. Horixe egingo dugu, Dunc».

        «Lehenago mandatu bat egin behar dugu» esan zuen Charliek. «Agian hantxe ikusiko zaituztegu».

        «Konforme, esnob halakoa... Agur, neskatxa polita».

        «Agur».

        Honoriak burua makurtu zuen adeitasunez.

        Zoritxarreko elkarraldia, inolaz ere. Lorraine eta Duncanek Charlie atsegin zuten lan egiten zuelako, benatsua zelako; ikusi egin nahi zuten, orain haiek baino indartsuago zelako, Charlieren indarretik halako sustengua inguratu nahi zutelako.

        Empiren, Honoriak uko egin zion harrotasunez aitaren beroki bilduaren gainean esertzeari. Dagoeneko, berezko kodea zuen gizabanakoa zen, eta Charlie gero eta arduratuago zegoen bere buruaren apurtxo bat Honoriarengan uzteaz neskatoa erabat mamitu baino lehen. Ezinezkoa zen hain denbora gutxitan alabatxoa ezagutzen saiatzea.

        Ekitaldien artean Duncan eta Lorrainekin topo egin zuten hallean, non musika taldea jotzen ari baitzen.

        «Edatekorik nahi?»

        «Konforme, baina ez barran. Mahaia hartuko dugu».

        «Hauxe aita bikaina».

        Lorraineren kontuak adigabe entzuten ari zela, Charliek Honoriaren begiak mahaia uzten ikusi zituen, eta pentsakor eta triste jarraitu zien gelan zehar: zer ikusi ote zuten? Charliek alabaren begirada topatu, eta neskatoak irribarre egin zion.

        «Gustatzen zait limonada hori» esan zuen Honoriak.

        Zer esan zuen alabak? Zer espero izan zuen Charliek? Geroago, taxiz etxera joatean, beregana erakarri zuen Honoria, harik eta haurraren burua bere bular gainean egokitu zuen arte.

        «Laztana, inoiz izaten duzu ama gogoan?»

        «Bai, batzuetan» erantzun zion Honoriak ote-otean.

        «Ez dut nahi zuk ama ahazterik. Baduzu amaren argazkirik?»

        «Bai, hala uste dut. Dena den, izeba Marionek badauka. Zergatik ez duzu nahi nik ama ahazterik?»

        «Amak oso maite zintuen».

        «Neuk ere maite nuen».

        Une batez isildu egin ziren.

        «Aitatxo, zurekin bizitzera joan nahi dut» esan zuen Honoriak bat-batean.

        Charlieren bihotzak jauzi egin zuen; hala gertatzea desiratu izan baitzuen.

        «Ez zaude poz-pozik, ala?»

        «Bai, baina zu beste inor baino gehiago maite zaitut. Eta zuk beste inor baino gehiago maite nauzu, ezta, orain amatxo hilda dagoela?»

        «Jakina. Baina zuk ez nauzu beti maite izango beste inor baino gehiago, laztana. Hazi egingo zara, zure adineko norbait ezagutuko duzu, berarekin ezkonduko zara eta ahaztuko duzu inoiz aitatxoa izan duzula».

        «Bai, egia da» esan zuen Honoriak patxadaz.

        Charlie ez zen etxera sartu. Bederatzietan zuzen itzuliko zen, eta gordin eta sasoal gorde nahi zuen bere burua orduan esan beharko zuena esatearren.

        «Barruan seguru zaudenean, irten zaitez leiho horretara, konforme?».

        «Bale. Agur, aitta, aitta, aitta, aitta».

        Charlie zain gelditu zen kale ilunean, harik eta Honoria goiko leihoan agertu zen arte, dena txeratsu eta pozarren, eskuaz musu bat bidaltzeko gau aldera.

 

Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996