Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996

 

IV

 

        Charlie pozik esnatu zen. Munduko atea irekita zegoen berriro. Antolatu zituen planak, ikuskizunak, etorkizunak, Honoria eta beretzat, baina bat-batean goibeldu egin zen, gogoratu baitzituen Helenek eta berak egindako plan guztiak. Helenek ez zuen hiltzea planeatu. Orainaldia zen kontua, lan egitea eta norbait maitatzea. Gehiegi maitatu gabe, ordea, zeren Charliek bai baitzekien zer kalte egin diezaiokeen aitak alabari nahiz amak semeari hurbilegi atxikiz gero; bihar edo etzi, mundura irtenda, haurrak ezkontidearengan bilatuko du samurtasun itsu berbera eta, inolaz ere huts eginda hura bilatzean, maitasun eta bizitzaren aurka bihurtuko da.

        Beste egun argi, suspergarri bat izan zen. Charliek Lincoln Petersi hots egin zion lan egiten zuen banketxera, eta galdetu zion ea berma ziezaiokeen Honoria berekin eramango zuela Pragara joatean. Lincolnek baietsi zion ez zegoela inolako arrazoirik gerotik gerora ibiltzeko. Kontu bat, haurraren zaintza. Marionek denboraldi batez atxiki nahi zuen. Emakumea asaldaturik zegoen kontu harengatik, eta dena errazagoa izango zen iruditzen bazitzaion egoera bere mende zeukala beste urtebetez. Charlie ados zegoen horrekin, umea besterik ez baitzuen nahi, ukitzeko eta ikusteko menean.

        Gero, umezainaren kontua. Charlie agentzia goibeltsu hartan eseri, eta hizketan ibili zen biarnes haserre batekin eta bular handiko nekazari bretoi batekin: ez zuen jasan bietariko inor. Biharamunean ikusiko zituen beste batzuk.

        Lincoln Petersekin bazkaldu zuen Griffonsen, bozkarioari eusteko ahaleginak eginez.

        «Ez dago ezer norberaren umea bezalakorik» esan zuen Lincolnek. «Baina ulertu behar duzu zer sentitzen duen Marionek».

        «Ahaztuta dauka zein gogor lan egin nuen han zazpi urtez» esan zuen Charliek. «Gau batez baino ez da oroitzen».

        «Beste zerbait badago.» Lincoln duda-mudatan zegoen. «Zu eta Helen Europan barrena dirua parra-parra xahutzen ibiltzen zineten bitartean, guk juxtu-juxtu aurrera egiten genuen. Nik ez nion oparotasunari behin ere heldu, inoiz ez nuelako behar beste dirurik irabazi aseguruaz beste ordaintzeko. Nire ustez, Marionek pentsatzen zuen nolabait ere egoera hura ez zela bidezkoa, azkenera arte lan egin barik ere, gero eta aberatsago bihurtzen ari baitzinen.

        «Etorri bezain arin joan zen» esan zuen Charliek.

        «Bai, zati handi bat chasseur, saxojole eta maître d'hôtelen eskuetan geratu zen; tira, dagoeneko, bukatu da jaialdia. Horrekin azaldu nahi dizut nolako sentimenduak dituen Marionek urte zoro haiek direla eta. Etxetik igarotzen bazara gaueko seiak aldera, Marion nekatuegi egon baino lehen, orduantxe erabakiko ditugu xehetasunak».

        Hotelera itzulita, Charliek mezu pneumatique bat aurkitu zuen: Ritzetik igorria zuten, han utzi baitzuen Charliek bere helbidea harako gizona aurkitzeko asmoz.

 

        CHARLIE MAITEA: Oso arraro ibili zinen joan zen egunean ikusi zintugunean, eta neure buruari galdetu nion ezer egin ote nuen zu mintzeko. Hala bada, ustekabean izan zen. Egia esan, azken urteon askotan gogoratu naiz zutaz, eta beti izan dut irudipen hori buru-txoko batean sartuta, alegia, berriro ikusiko zintudala, hona etortzen banintzen. Bai momentu onak izan genituela udaberri zoro hartan; adibidez, gau hura guk biok harakinaren bizikleta lapurtu genuenekoa, eta presidenteari bisita egiten saiatu ginenekoa, zuk kapela beltz zaharra eta makila hura aldean hartuta. Azken aldi honetan, oso zahar dirudite denek, baina ni ez naiz batere zahar sentitzen. Bilduko zinateke gaur aldi batez nirekin lehengo sasoien ederragatik? Une honetan biharamon nazkagarria daukat, baina hobeto egongo naiz arratsalderako: zure bila egongo naiz bostak aldera Ritzeko «lantegia»n.

        Bihotz-bihotzez

LORRAINE.

 

        Lehenengo momentuan, Charlieri bihotza estutu zitzaion, gogoan zuelarik nola bere helduaroan trizikloa ebatsi eta Lorraine aldean eraman zuen Etoile osoan zehar ordu txikiak eta egunsentia bitartean. Atzera begiratuta, amesgaiztoa zen. Atea itxi eta Helen kanpoan uztea ez zitzaion ondo egokitzen Charlieren bizitzako beste edozein gertakizuni, baina trizikloaren pasadizoa bai, askotariko bat zen. Zenbat aste edo hilabete ibili zen etxekalte, halako egoeraraino iritsi artean, guztiz arduragabe bilakaturik?

        Charlie gogoan hartzen saiatu zen nola begitantzen zitzaion Lorraine garai hartan: oso erakargarri; hori zela eta, Helen nahigabeturik zegoen, ezer esaten ez bazuen ere. Aurreko egunean, jatetxean, Lorraine arrunt, hits, higatua iruditu zitzaion. Charliek ez zuen inolaz ere Lorraine ikusi nahi eta pozten zen Alixek emakumeari hoteleko helbidea eman ez izanaz. Kontsolagarria zen, bestalde, Honoriaz pentsatzea, eta halaber gogoan izatea berarekin igaro behar zituen igandeak, berari egun on esanez, jakinik gauez etxean edukiko zuela, arnasa hartuz ilunbetan.

        Bostetan taxia hartu, eta opariak erosi zizkien Peterstar guztiei: trapuzko panpin panpoxa, kutxa bete soldadu erromatar, Marionentzako loreak, Lincolnentzako musuzapi handi eta harizkoak.

        Apartamentura heltzean, Charlie konturatu zen Marionek halabeharrezkoa onartua zuela. Senitarteko bihurri bat balitz bezala agurtu zuen Charlie, eta ez kanpotar mehatxugarri gisa. Honoria jakinaren gainean zegoen aitarekin joango zela; Charlie pozik zegoen Honoriaren zuhurtziaz, neskatoak ondo ezkutatu baitzuen bere poz larregizkoa. Charlieren altzoan baizik ez zuen murmuriatu bere atsegina honako galdera eginez, «Noiz?» beste haurrekin alde egin baino lehen.

        Une batez Charlie eta Marion bakarrik gelditu ziren gelan, eta bertatik bertara gizona artez mintzatu zitzaion:

        «Famili liskarrak kontu garratzak dira. Inolako araurik gabe suertatzen dira. Ez dira min edo zaurien antzekoak; antz handiagoa daukate azal erdibituarekin, hau ez baita sendatzen behar beste materialik ez dagoélako. Nahi nuke zu eta biok hobeto moldatzea elkarrekin.»

        «Gauza batzuk zailak dira ahazten» esan zion Marionek. «Konfiantza kontua da.» Ez zuen erantzunik izan, eta honenbestez Marionek hauxe galdetu zion:

        «Noiz proposatzen duzu Honoria hartzea?»

        «Umezaina lortu bezain laster. Etzirako espero dut».

        «Hori ezinezkoa da. Honoriaren gauzak txukun atondu behar ditut. Larunbata baino lehenago, ez».

        Charliek amore eman zuen. Gelara itzulita, Lincolnek kopa eskaini zion.

        «Eguneroko whiskya hartuko dut» esan zuen Charliek.

        Giro epela zegoen, hura etxea baitzen, jendea elkarrekin bilduta sutondoan. Haurrak oso seguru eta estimatuak sentitzen ziren; aita-amak serio eta zuhurrak ziren. Charlieren bisitaldia baino munta handiagoko gauzak egin behar zituzten haurrak zaintzearren. Goilarakada bat botika, nolanahi ere, garrantzizkoagoa zen Marionen eta Charlieren arteko harreman atezuak baino. Marion eta Lincoln ez ziren ergelak; aitzitik, bazekiten bizitzari eta gertakizunei aurre egiten. Charliek gogoan zerabilen ea zerbait egin zezakeen Lincoln banketxearen egunerokotasunetik ateratzeko.

        Txirrinaren dei luzea; bonne à tout fairea agertu eta korridorean barrena joan zen. Atea beste joaldi luze baten ondoren ireki zuten, eta gero ahotsak aditu ziren, egongelako hirurak begira zeudela zerbaiten aiduru; Richard alde batera aldatua korridorea begiz jotzeko, eta Marion altxaturik. Orduan neskamea korridorean zehar etorri zen, atzetik ahotsak orpoz-orpo zerraikiotela, eta gelaren argitan Duncan Schaeffer eta Lorraine Quarries agertu ziren.

        Alai, umoretsu, barre zantzoka zebiltzan. Une batez Charlie txundituta paratu zen; ezin zuen ulertu nola inguratu zuten Peterstarren helbidea.

        «Ah-h-h!» Duncanek gora eta behera eragin zion hatzari pikaro antzean Charlie seinalatuz. «Ah-h-h!»

        Duncanek eta Lorrainek beste barre karkaila bat irristatzen utzi zuten. Larri eta aztoraturik, Charliek bostekoa eman zien presaka eta Lincoln eta Marioni aurkeztu zizkien. Marionek burua makurtu zuen, apenas hitzik esan gabe. Urrats bat atzera egin zuen su aldera; alabatxoa ondoan zeukan, eta besoa ezarri zion sorbalda gainean.

        Sarkeriaren kariaz gero eta haserreago zegoela, Charlie itxaroten zebilen Duncan eta Lorrainek beren jokaera azaldu arte. Alditxo batez kontzentratu ondoren, Duncanek honela esan zuen:

        «Afaltzera gonbidatu nahi zaitugu. Lorraine eta biok berriz esan behar dizugu aski dela zure helbidearen inguruan dagoen sekretuzko kontu lelo horretaz».

        Charlie bisitariei hurbildu zitzaien, atzera bultzatu nahi izango balitu bezala korridorean barrena.

        «Sentitzen dut, baina ezin dut. Esaidazue non egongo zareten eta telefonoz hots egingo dizuet ordu erdi barru».

        Horrek ez zien inolako zirrararik sortu. Halako batean, Lorraine aulki baten alboan eseri zen, eta begiak Richardengana batuz, oihu egin zuen: «O, hauxe mutikotxo polita! Zatoz hona, mutikotxo!» Richardek begirada arina egin zion amari, baina ez zen mugitu. Sorbaldak nabarmen goratuz, Lorraine Charlierengana itzuli zen:

        «Zatoz afaltzera. Ziur nago zure lehengusu-lehengusinei ez diela axola. Gutxitan ikusten zaitut. Edota oso serio».

        «Ezin dut» esan zuen Charliek zakar. «Zoazte zuek biok afaltzera eta geroago hots egingo dizuet».

        Bat-batean Lorraineren ahotsa gozakaitz bihurtu zen. «Ongi da, joango gara. Baina gogoan dut nola behin etorri zintzaizkidan ate joka goizeko lauetan. Orduan adiskide ona izan nintzen eta trago bat eman nizun. Goazen, Dunc».

        Artean ere astiro zebiltzala, aurpegi lauso, haserretuak, oinak kolokan, korridorean barrena erretiratu ziren.

        «Gabon» esan zuen Charliek.

        «Gabon!» erantzun zion Lorrainek harro-harro.

        Charlie egongelara itzuli zenean, Marionek geldi zirauen, baina beste besoak inguratuta zeukan semea. Lincolnek batetik bestera kulunkatzen zuen Honoria pendulu gisa.

        «Hau lotsagabekeria!» ekin zion Charliek. «Benetan lotsagarria!»

        Ez zioten erantzun. Charlie besaulkian jarri, basoa hartu, berriz ere mahaian utzi, eta esan zuen:

        «Duela bi urte ikusten ez dudan jendeak ausarkeria ikaragarri hau izatea ere...»

        Eten egin zen. Izan ere, Marionek arnasaldi arin eta suminduaz «O!» soinua egin zuen, itsumustuan Charlieri bizkarra emanez, gelatik irten aurretik.

        Lincolnek lurrean utzi zuen Honoria kontu handiz.

        «Ea ba, lagunok, zoazte zopa hartzera» esan zien Lincolnek haurrei, eta hala egin zutenean, hauxe esan zion Charlieri:

        «Marion ez dabil ondo, eta ezin du inolako zarrastarik eraman. Honelako jendeak fisikoki ere gaixotzen du».

        «Nik ez diet esan hona etortzeko. Zure izena norbaitengandik lortu dute. Haiek nahita...»

        «Bada, pena handia da. Horrek dena okertzen du. Barka iezadazu, behingoan etorriko naiz.

        Bakarrik utzi zutela, Charlie estu eta larri zegoen aulkian. Entzun zituen ondoko gelan umeak jaten, hitz erdika mintzatzen, jadanik ahaztuta nagusien arteko iskanbila. Solasaldi marmarrak aditu zituen haranzko gelatik etorriak, bai eta txilinaren hotsa ere, norbaitek telefonoaren aurikularra jasotzean, eta izularrian mugitu zen gelaren bestaldera entzumenetik kanpo egoteko.

        Lincoln berehala itzuli zen. «Begira, Charlie. Uste dut hobe dela gaurko afaria bertan behera uztea. Marion ondoezik dago eta».

        «Haserre dago nirekin?»

        «Halako zerbait» esan zuen Lincolnek, zakar antzean. «Marion ez da oso sendoa eta...»

        «Esan nahi duzu bere asmoa aldatu duela Honoriari dagokionez?»

        «Orain nahiko saminduta dago. Ez dakit. Dei iezadazu telefonoz bihar banketxera».

        «Esplikatuko zenioke Marioni ez zitzaidala inoiz bururatu halako jendea hona etorriko zenik? Zu bezain minduta nago».

        «Une honetan ezingo nioke ezer esplikatu Marioni».

        Charlie jaiki egin zen. Berokia eta kapela hartu eta korridorean barrena abiatu zen. Ondoren jangelako atea ireki eta ahots estrainioaz honela esan zuen: «Gabon, neska-mutikook».

        Honoriak aulkitik jaiki eta korrika inguratu zuen mahaia, aita besarkatzeko.

        «Gabon, laztana» hala-hola esan zuen Charliek, eta gero ahotsa samurrago egin nahian, nolabait bakea ezarri nahian, «Gabon, maiteok».

 

Babiloniara itzultzea
Francis Scott Fitzgerald

euskaratzailea: Javi Cillero
Milabidai, Erein, 1996