Babiloniara itzultzea III Marion eta Lincoln itxaroten zeuden. Marion kafe ontzien atzean eserita zegoen, ozta-ozta dolua iradokitzen zuen gaueko jantzi beltz duin batekin. Lincoln harat honat zebilen, jadanik hizketan ibili denaren berotasunaz. Charlie bezain irritsu zeuden biak aferari heltzeko. Charliek ia berehala ekin zion: «Agi danez, badakizue zergatik ikusi nahi zintuztedan, hau da, zergatik etorri naizen Parisa benetan». Marion jolasean zebilen lepokoaren izar beltzekin, eta kopeta zimurtu zuen. «Irrika bizian nago etxea edukitzeko» segitu zuen Charliek. «Eta irrika bizian nago etxe horretan Honoria edukitzeko. Estimatzen dizuet Honoria jaso zenutelako amaren kariaz, baina orain kontuak aldatu egin dira.» Charlie zalantzatan geratu zen, eta aurrera egin zuen premia handiagoz: «...errotik aldatu dira nire kontuak, eta nire eskaria berriz ere gogoan hartzeko eskatu nahi dizuet. Tontakeria litzateke ukatzea duela hiru urte gaizki jokatzen ari nintzela...» Marionek begi gogorrak jarri zizkion Charlieri. «...baina hori guztia amaituta dago. Esan dizuedanez, urtebetea da trago bat baizik ez dudala hartzen egunero, nahita hartu ere, alkoholaren ideia handiegi bihur ez dakidan. Ulertzen duzue zergatik?» «Ez» esan zuen Marionek laburki. «Nolabaiteko amarrua da, neure buruari egiten diodana. Neurriak gordetzeko eta». «Ulertzen dizut» esan zuen Lincolnek. «Kontua da erakustea tira egiten ez dizula». «Halako zerbait. Batzuetan ahaztu egiten zait eta ez dut bat ere hartzen. Baina saiatzen naiz trago hori hartzen. Dena den, lanpostuan ez nuke edaterik izango. Ordezkatzen dudan jendea pozik baino pozikago dago orain arte egin dudan lanarekin; orain arreba ekarriko dut Burlingtondik etxea zain diezadan, eta irrikan nago Honoria ere neurekin izateko. Badakizue Honoriaren ama eta biok ondo moldatzen ez ginenean ere inoiz ez genuela utzi ezein gertakizunek umeari eragin ziezaion. Badakit Honoriak maite nauela, badakit alabaz arduratzeko gauza naizela, eta... bada, horixe da dena. Zer deritzozue?» Charliek bazekien orduan zafraldi ederra jaso beharko zuela. Ordubete edo bi ordu iraungo zuen, eta latza izango zen, baina barneko erresumin saihestezina egokitzeko gauza bazen, bekatari bihozberrituaren jokaera damutua bailitzan azaltzeko, azkenean berea egingo zuen. Eutsiok zima gaizto horri, esan zuen berekiko. Ez duk justifikaziorik nahi. Honoria nahi duk. Lincolnek ekin zion lehenik: «Behin eta berriro ibili gara hizketan horri buruz, joan den hilean zure eskutitza jaso genuenetik. Pozik gaude Honoria hemen edukita. Oso neskato maitagarria da, eta pozten gara berari lagundu ahal izateaz, baina jakina, hori ez da kontua...» Bat-batean Marionek eten zion. «Zenbat denboraz egongo zara mozkortu gabe, Charlie?» galdetu zion. «Beti, espero dut». «Nola fidatuko gara horretaz?» «Badakizue inoiz ez nuela asko edan negozioak utzi eta hona etorri nintzen arte, zer egin ez nuela. Orduan Helen eta biok zerarekin elkartzen hasi ginen...» «Mesedez, utzi Helen bakean. Jasanezina egiten zait zuk Helen hizpidean erabiltzea.» Charliek bekosko iluna jarri zion; ordura arte ez zen konturatu zenbateraino maitatu zuten elkar bi ahizpek, biak bizirik zeudela. «Urtebete eta erdiz soilik ibili nintzen edaten, hona etorri ginenetik zera egin nuen arte, hondoa jo nuen arte. »Nahikoa izan zen». «Nahikoa izan zen». Charlie ados zegoen. «Heleni zor natzaio, ez beste inori» esan zuen Marionek. «Ahaleginak egiten ditut jakiteko zer egin beharko nukeen Helenen gogoa betetzeko. Egia esan, gauza ikaragarri hura egin zenuen gauaz geroztik, ez zaitut aintzakotzat hartu ere egin. Ezin dut bestela pentsatu. Helen ahizpa nuen eta». «Bai». «Hilzorian zegoela, Honoriaz arduratzeko eskatu zidan. Garai hartan sanatorioan izan ez bazina, agian hobea izango zen kontua.» Charliek ez zeukan erantzunik. «Neure bizitza osoan ez dut ahaztuko goiz hura, Helen ate joka etorri zitzaidala, hezurretaraino blai, dardarka, esanez atea itxi eta kanpoan laga zenuela». Charliek aulkiaren alboei heldu zien. Espero zuen baino zailagoa zen; arrapostuzko azalpen luze bati heldu nahi izan zion, baina hauxe besterik ez zuen esan: «Atea itxi eta kanpoan laga nueneko gaua...» eta Marionek eten zion, «Ez daukat gogorik berriz ere horretaz iharduteko.» Isilune baten ondoren Lincolnek hitz egin zuen: «Gatozen harira. Marionek haurraren zaintza alde batera utzi eta Honoria eman diezazun nahi duzu. Nire ustez, Marionentzat kontu nagusia da ea zuregan konfiantzarik daukan ala ez». «Ez diot ezer leporatzen Marioni» esan zuen Charliek astiro, «baina uste dut konfiantza osoa eduki dezakeela niregan. Izen onari eutsi diot duela hiru urtetik hona. Jakina, gizakiok garen aldetik, litekeena da nik edozein momentutan okerrera egitea. Baina askoz gehiago itxaroten badugu, Honoriaren haurtzaroa galduko dut eta etxea edukitzeko aukera ere bai.» Charliek buruari eragin zion. «Argi esanda: Honoria galduko dut. Ez zarete konturatzen? «Bai, konturatzen naiz» esan zuen Lincolnek. «Zergatik ez zenuen lehenago pentsatu horretaz?» galdetu zion Marionek. «Uste dut gogoan izaten nuela, noiz edo noiz, baina garai hartan Helen eta biok gaizki moldatzen ginen elkarrekin. Haurraren zaintza zuei uztea onartu nuenean, sanatorioan nentzan, burtsak lumaturik utzi ninduela. Banekien gaizki jokatu nuela, eta iruditu zitzaidan ados egongo nintzela edozerekin, Heleni bakea ematekotan. Baina orain bestelakoa da. Orain, lanean nabil. Jokabide ona daukat, kristorena, eta orain arte...» «Mesedez, ez egin biraorik nire aurrean» esan zion Marionek. Charlie emakumeari begira gelditu zen, harri eta zur. Ateraldi bakoitzarekin Marionen desplazerraren indarra gero eta nabarmenagoa zen. Bizitzari zion beldur osoa hartu eta hesia eraikia zuen Charlieren aurrean paratzeko. Errieta zirtzil hura ordu batzuk lehenago sukaldariarekin izandako arazoren baten ondorioa zatekeen, menturaz. Charlie gero eta alarmatuago zegoen Honoria aurkako giro hartan uzteaz; lehen edo gero azalera irtengo zen, hitz bat hemen, buru astindu bat hor, eta mesfidantzaren poxi bat Honoriarengan landatuko zen, ezin kenduzko moduan. Baina Charliek zima gaiztoa menderatu eta aurpegitik egotzi zuen bere baitan gordetzeko; puntu bat irabazia zuen, zeren Lincoln konturatu baitzen Marionen ateraldia zentzugabea izan zela eta samurkiro galdetu zion ea noiztik jartzen zion erreparorik «kristoren» hitzari. «Beste kontu bat» esan zuen Charliek. «Orain zerbait egiteko moduan nago Honoriaren alde. Umezain frantziarra hartuko dut Pragara neurekin eramateko. Apartamentu berria errentatu dut...» Charlie isildu egin zen, oker zebilela ohartuta. Marion eta Lincolnek ezin zuten besterik gabe onartu Charlieren diru sarrerak berriz ere haienak baino bi bider handiagoak zirela jakitea. «Dirudienez, Honoriari luxuzko opari gehiago emateko aukera daukazu, guk baino» esan zuen Marionek. «Dirua parra-parra xahutzen zenbiltzatenean, gu estu-estu bizi ginen libera bakoitzari begira... Antza denez, berriz hasiko zara hori egiten». «O, ez» esan zuen Charliek. «Ikasita nago. Gogor lan egin nuen hamar urtez, badakizue, burtsan zorte ona izan nuen arte, beste jende askok bezala. Ikaragarri zorte ona. Bazirudien ez zuela merezi berriro lan egitea, eta lanari utzi nion. Ez da berriz gertatuko». Isilaldi luzea izan zen. Zainak aidean zeuden denak, eta lehenengo aldiz urtebetean Charliek trago bat nahi zuen. Dagoeneko, ziur zegoen Lincoln Petersek berari utzi nahi ziola haurra. Bat-batean Marioni hotzikara sartu zitzaion; izan ere, Marionen alde batek Charliek oinak lurrean finkaturik zeuzkala ikusten zuen, eta, amatasun-sentimenduei esker, bazekien Charlieren nahia naturala zela; baina aspaldidanik bizi zen aurriritzi batekin, ahizpa zoriontsua ez zelako sineskeria bitxian oinarritutako aurriritziarekin, hain zuzen ere, eta hura, gau izugarri hartan jasotako zarrastan, gorroto bilakatu zitzaion. Dena gertatu zitzaion bere bizitzaren aldi batean, non osasun kaxkarrak eta aurkako gorabeherek eragindako etsipena zela eta, ezinbestekoa egin baitzitzaion sinestea bilaukeria ukigarri batean nahiz bilau ukigarri batean. «Ezin dut bestela pentsatu!» oihu egin zuen Marionek halako batean. «Zenbaterainoko ardura izan zenuen Helenen heriotzean, ez dakit. Hori zeure kontzientziaren aurrean garbitu beharko duzu». Oinazezko korronte elektrikoak goitik behera zeharkatu zuen Charlie; une batez zutitzeko zorian egon zen, eta soinuren batek oihartzun egin zion eztarrian, ahoskatu gabe. Une batez, beste une batez, bere buruari eutsi zion. «Geldi hor» esan zuen Lincolnek ezeroso. «Nik ez dut inoiz pentsatu horren erantzule zinenik». «Helen bihotz arazoak zirela eta hil zen» esan zuen Charliek astiro. «Bai, bihotz arazoak» beretzat esaldiak bestelako esanahia bailuen hitz egin zuen Marionek. Orduan, Marionen suminaldiaren ostean gertatu zen moteltasunean, emakumeak argi ikusi zuen Charlie, eta konturatu zen gizona nolabait iritsia zela egoera kontrolatzera. Senarrari begirada arina eginda, ez zuen laguntzarik aurkitu, eta ustekabean oihala bota zuen, muntarik gabeko kontua izango balitz bezala. «Egin nahi duzuna!» oihu egin zuen Marionek, aulkitik jauzi eginez. «Zeure umea da. Ni ez naiz inor zuri bidea galarazteko. Neure umea balitz, nik uste, nahiago nuke ikustea...» Bere buruari eustea lortu zuen. «Zuek biok erabaki hori. Ez dut jasaten hau. Gaixorik nago. Ohera noa». Marion korrika joan zen gelatik; une baten ondoren, Lincolnek honela esan zuen: «Egun latza izan du. Badakizu nolako sentimendu biziak dituen...» Lincoln barkamen eske ariko balitz bezala mintzo zen: «Emakumeei ideiaren bat buruan sartzen zaienean...» «Jakina». «Ondo irtengo da kontua. Uste dut orain Marion ohartu dela zu... haurrari behar duena emateko moduan zaudela, eta hortaz, ez dela oso itxurosoa zuri, ezta Honoriari ere, bidea galaraztea». «Eskerrik asko, Lincoln». «Marionengana joango naiz, ea zer moduz dagoen». «Ni banoa». Artean ere Charlie dardarka zebilen kalea jo zuenean, baina Rue Bonaparten behera quaietara egindako ibilaldiak sendotu egin zuen, eta Sena zeharkatzean, gordin eta sasoal quaiko argitan, bozkarioz gainezka zegoen. Hala ere, bere gelara itzuli zenean, ezin izan zuen lorik egin. Helenen irudiak gatibaturik zeukan. Helen, maite-maite izan zuena, harik eta burugabe elkarren maitasuna gaizki erabiltzen hasi ziren arte, txiki-txiki egiteraino. Marionek hain biziro gogoratzen zuen otsaileko gau izugarri hartan, zenbait ordu joan zitzaizkien liskar luzakor batean. Zarataka ibili ziren Floridan, eta jarraian Charlie Helen etxera eramaten saiatu zen, baina orduan Helenek Webb gazteari musu eman zion mahai ondoan zegoela; handik aurrera, Helenek histerikoki esandakoa gertatu zen. Bakarrik etxeratu zenean, Charliek giltza eman zion sarrailari haserre bizian. Nola jakin zezakeen ordubete geroago Helen bakar bakarrik helduko zela, elur erauntsia joko zuela, eta Helen alderrai ibiliko zela zapatilatan, durduzatuegi taxirik aurkitzeko? Honenbestez, ondorengoak, Helenek mirariz ihes egin baitzion pneumoniari, eta honi lotutako laztura guztia. «Berradiskidetu» egin ziren, baina hura amaieraren hasiera izan zen, eta Marionek, hura guztia bere begiez ikusiz eta ahizparen martirioaren hainbat eszenetariko bat izan zela imajinatuz, ez zuen inoiz ahaztu. Gertatutakoa berraztertzean Helen hurbilago agertu zitzaion Charlieri, eta goiz aldeko erdiloaren gainetik isilka mugitzen den argi zuri eta ezti hartan, berriro aurkitu zuen bere burua emaztearekin solasean. Helenek esan zion guztiz zuzen zebilela Honoriaren kontuan, eta berak nahi zuela Honoria aitarekin egotea. Esan zion pozten zela orain zintzo zebilelako eta gainera gauzak hobeto zihoazkiolako. Beste gauza piloa esan zion, oso atseginak, baina harat-honat zebilen jantzi zuriaz, gero eta arinago mugitzen denbora osoan, halako moduan non azkenean Charliek ezin izan baitzuen entzun oso argi emakumeak esandako guztia. Babiloniara itzultzea |