Biharko oroitzapenak Harremana KRIKRIri Oraindik ez dut atxeman nahi nituzkeen haurren ama maite dudan emazte hori salbu: maite baitzaitut zu, Eternitatea! Nietzsche-k I. NOLA GOGOA KAMELUA Izigarri hotz zen. Daleth planetako eguratsa lodian, azken egun hartan, Wotan arratsalde guzia oihanetan gaindi ibili zen. Beroa errainetatik sorbaldetaraino igan zitzaion, oinak astundu, hatsa pixkat laburtu. Haren begi urdinek pago baten ondoan arroka ñabar ttiki bat nabaritu. Pausatu edo... amentsetan sartu behar. Wotanen sorbalda sendoak enborraren kontrara ezarri. Haren arpegi zabalduak haize freskoa jastatu. Egarri zen. Hain urrunera... noraino? Norengana? Oroitzen zen: haren gogoan, hameka planeta ezberdinetako bide eta xendrak zebiltzaten: gomazko zuhaitzak, sasietan, lore-usoak, emazte ainitzen begi urdinak, berdeak, beltxak... haien esku luzeak pereketan lerratzen... Wotani bihotza zauri bat ideki zitzaion bezala jautzikaratu. Fricka bere andereaz oroitzen zen. Frickaren kuxkul xuri-horailez. Frickaren perekez. Frickaren erasiez: «Ez bazina hain ñapurra hobe!). Ez, ez zuen berehala ingariatu... beste emazte batekin bederen. Lehen. menturaz goserik, makina baten bila Fricka utzi zuen, Baruna planetako hyperlogizial zaharra, Galaxietan hoberena, «eskuratu) edo ebatsi nahiz. Orduan, lehenengo aldiz etorri zitzaion Erdaren deia. Terminal bat berez piztu zen eta mezu bat pantailan agertu. «hyperlogizila gizakumeendako kaltegarria da). Eta berdintza edo ekuazio ixtoriko segida bat mezuaren azpian bazen: dudarik ez hyperlogozialaren uztea hobe! Bainan nork deitu? Wotanek hori tekladiaz galdegin: nor? nundik? «Daleth planetako lurpetik. Erda dut izena, «Eta zuk geroa somatzen ahal, beraz?) Pantailan ihardespenak laister agertzen... «Nere gogo-dohaineri esker, geroa, eta iragana batzuetan, oraina kasik beti asmatzen ahal ditut». Eta pantaila betbetan hil egin zen. Wotan Frickarengana berriz ere itzuli haren erasiak jasan behar! «Zuk emazte guziak abandonatzen dituzu eta, nik zure haurrak haziko! Zuri ahalgea emaiteko!» Erran eta egin: Walhall jauregi-satellitoan, Wotanek utzi zituen zortzi sasi-alabak onhartu zituen. Berak Wotani semeak baizik ez zizkiolakotz eman? Wotanek bere ernazte hori batzuetan maitale, bestetan etsaia, aldizka; baina Erda, terminaletik deitzen zion izaki misteriozko hori, laguna bilakatzen. Lagun fidel harek bakan deitzen zion halere, batzuetan aholku bat emaiteko, bestetan berriak galdatzeko berriak haren saria balira bezala. Solasaldiek etzuten luzaz irauten Erdaren ihardespenak oso laburrak izaiten ziren. Wotanek xehetasun batzu elki zikion ahatik. «Ezin dut ikus». Erda itsua zen beraz. Eta biziduna. «Ama-Memoria deitzen naute». Emakumea beraz... Azkenean, arrats batean, Frickaren erasiek haren senarra errabiaren errabian ezarri zuten eta, hura Erda ere erasten entseatu: «Nihork ezin nau konpreni.. Zuk zergatik ez didazu ihardespen zehatzik eman nahi?». Eta Wotanek Erdaren hasarrea alferrik igurikatu zuen. «Ezin dudalakotz mezu luzerik makinen bidez bidal». Wotanek Frickaren oihuak belarrietan oraino: harek Erda ere bekaitzen zuen! Erda Wotanek ezagutzen zuen emakume bat zela uste baitzuen! Zergatik? Halere... Ea...». Erda, ezin ote diogu buruz buru elgarri hitz egin?». Terminalako pantailan mapa segida bat agertu; gero eta zehatzagoa: Daleth planeta... kontinente bat... sumendi lerro bat... zelai bat... bidexka bat, hiru iturri, lizar baten lekua... Eta Wotan, Fricka bekaitza zelakotz, Dalethera airatu zen eta planeta ttiki sumendiz betera nekez lurreratu. Orai, Daletheko oihanetan etzan zuen bere gorputz horaila eta pago baten azpian lotan zegoen. Zerbaitek arpegia doi doia hunkitu ziolakotz jauzian iratzarri zen, eskua laser-fusilako zizpan jadanik. Haren inguruan nihor ez! Zerk hunkitu zuen? Xori baten hegalak ala... Brast jeiki zen. Lurrean, atzik ez. Izaki ttiki bat belar puxtuka bat mugitzen ari zen. Euli bat? Ez. Baina zerbait bidexkan xendran herrestan ari zen. Erro mehe bat. Ez. Ez erroa. Xurda xuri bat. Zelata ote? Wotan tiroa emaiteko prest... Lurrean, xurda xuria elastiko bat bezala luzatzen eta laxatzen. ZERBAITI LOTUA BALITZAIO BEZALA. Xurda lurrean landatua zen. Hobe ez hunkitzea! Noraino «zihoan»? Wotanek segitu zuen: pagoaren gibeleraino, zirudienez. Pagora hurbiltzen boza entzun zuen. Boz hits beti berdina. «Erdaren-bila?» Orduan, Wotanek pagoaren gibelean ikusi zuen. Lañotik, sahats-lerro batetik (errekario baten seinala) ateratzen ari zen. Airatuz. Ez zuelakotz hegalik, baina haren oinek ez zuten lurra hunkitzen. Zango luze meheek urratsak airean egiten, izaki hura planetako eguratsarendako arinegia balitz bezala. Haren aho ezpain gabekoak, hitz bakotxa aparte ahoskatuz, berriz galdegin: «Erdaren-bila? Bai. Wotan? Bai. Zu Erda zaitut? Ez. Ama- Erdak- ni- igorri. Zuk- harmak- utzi- behar. Zaude». Emazte burusoila ezki gazte bateko adarrari esku batez eratxiki zitzaion. Wotanek, hura kasu eginez ikustatuz, emakumea zela pentsaerazi zion xehetasuna hauteman: izakia bularduna iduritu zitzaion. Haiek ez ziren bularrak, bi giharre-mordo baizik; haiek hirukantoinetakoak ziren eta izakiak ahoskatzen zuen silaba bakotxean zinbalen gisan goititzen: hatsa hatzekoak ziren beraz... Izakia bi zangoduna zen; haren larrua, urdinska, turkes urdina. Harek belarriak normalak zituen, sudurra, haurtxo batena, begiak, itsu batenak bezain hetsiak. Wotanen soa gorputzara lerratu: jaka luze xuri batez jauntzia zen. Izakia Wotan bezain handia, 2mokoa. Beso-zangoek mehe eta maguak iduri. Esku luze luzeak, bana hiru erhidunak, azazkalik gabekoak. Izakia geldi-geldirik Wotanen zai zegoen. « Nor zara? Ni-Norn 1. Ama- Erdak- lurpean- egon behar. Preso? Erdak- ez- ulertzen. Nola entzun gaitu ba? Ni- Erdari- lotua. Hemendik» erranez, izakiak, bizkarra eman eta, bere xoriatzapar urdinxkaz belarriaren azpia Wotani erakutsi? Wotanek lurrean atxeman zuen xurda xuria han sartzen zen. Norn 1-k xurda eskuan hartu eta Wotani luzatu. Wotanek gerrikoan zuen hunkigailua hurbildu eta hasperen bat eman; argi gorririk ez, xurda hunki zezakeen beraz. Baina gizonaren erhiak xurda hunkitzean indar eletriko ahul baten kilika ezagutu eta jautzikaratu. Xurda beroa zen, gainera. Biziduna: azkenean ulertu zuen. Xurda zain bat zela, lurpeko Ama-Erdaren burumuinetik heldua. Ordu erdi baten buruan, Wotanek bazekien zer pentsa: hots, Norn 1 Erdaren mezulari harek, nahiz eta hitz egiten ahal izan, guttiegi ulertzen ziola. Norn 1 k ere bai: «Nik- ezin- hitz- guziak- uler- ez-eta -Erdara- itzul. Zuk- Erdarengana- joan- behar. Zuk harmak- hemen- utz». Wotanek harengan fida ote zitekeen? Halere ez zirudien kaltegarria ez, aditzik ez zuen ezagutzen izaki erdi emakume bitxiak... EKINTZATIK KANPO bizi balitz bezala. «Eta Erdak nahi dudan guzia ikasiko dit? Bai». Izaki harek bihotz zimikorik ez zuela ezagutzen dudarik ez. Wotanek bere gerrikoa lurrean laister ezarri zuen, erhi urdinen hunkitzeko beldurrez. Bainan eskumuturrean zuen «eskutel»-a, mikro-irrati tresna, ez zuen kendu! Norn 1k bidea erhiz erakutsi. Wotan bidezkara itzuli eta, handik so egin zion: Norn 1 pagoarenpean zetzan kurubildurik, Wotanen gerriko eta laser fusila altsoan, bekokia belaunetan, lotan. Iguzkiak lañoak zilatu. Bidexka, errekañoaren hegiz hegi. Ura, xuria zen. Urrunago, gauza xuri bat hegal-hots ezti batekin airatu: Wotanek zisne bat izitu zuen. Bidexka bihurgune batean errekatik urruntzen. Bihurgunearen erdian, Wotan Norn 1 lizar bateko adarretan kokatua ikusi eta hasarretu. «Eta nik nere harmak zuri utzi? Zer nahi didazu ba?». Baina hura ez zen Wotan bezain surninkorra: ÐZu-Wotan?» Zer, nor naizen? Ez nauzu ezagutzen? Ez. Zu- Urderrekatik- heldu. Zuk- nere- ahizpa- ikusi. Ni- Norn 2» Ixilgune bat, Norn 2 norbait entzuten ari zen bezala. Harek belarritik dilindan zuen zain xuria dardaratu ote zen? Wotan ez zen segur. «Ama- Erdak- eta- zuk- elgar- senditu- behar. Zu- iturrira- joan». Wotanek bidexkan gora Norn 2 nekez segitu. Ostoak marmarka; ura ere bai... Iturria? Beste bihurgune baten buruan, lizar alimale bat agertu. Lizarretik 10m-ra iturburu bat ixurtzen, ur xirrista mehe garbia... Wotan hara laister egin, zanga zanga edaten hasi, eta batbatean xutitu, lazdura gaitz bat hesteak hozten ari zitziola. Gorputz guzia gogortu, eta hotzari laister ohitu. Lizar handiari buruz itzultzean beste buru urdin soil bat agertu zitzaion: beste Norn batena, naski. Norn 1, Norn 2, Norn 3... Wotanek lehenengo aldiz hurbildik ikusten zuen. Iguzki argizpi batean, kasko urdina haurtxo batena bezain leuna. Betazal hetsiek arrain-zakatzak iduri... ez. Wotanek hobeki ikusten orai. Haiek ez ziren betazalak. Larruak betazal baten makurdura osatzen, zuen, baina azpian, ximur mehe bat besterik ez zen: hura ezin ideki; izakiak ez zuen begirik. Hiru Nornak Wotanengana zalantzatu gabe etorri ziren halere; behar ba saguxarren gisan erradar barneko bat bazutelakotz. «-Zenbat zarete?» Hirugarren Norna, adar batetik esku batez, dilindan, ixilik egon. «-Mutua zarea?.» Norn 2-k fitxik ez balu entzun bezala erran «Erda- lizarretik- zuri- heldu. Ahizpak- zu- lotuko). Wotan hotzikaratu. «Lotuko? Nik ez dut nahi». Bi Nornak ixil ixil eta geldi geldiak egon ziren. Wotanek haien «bular» bitxiei so eginez haiek hitz egiteko bakarrik hatsa hartzen zutela nabaritu zuen. Asea zen. Bizkarra eman eta bidexkara itzuli zen. Nornak beti mutu; berdin bide zitzaien... Beherago, oihanetako bakean, Norn 1 lurrean kokoriko atxeman zuen, bere harmak altzoan. Wotan hurbiltzean, zaintzaleak xutitu eta Wotani gerrikoa eta fusila ihardoki gabe itzuli zizkion. Wotan gerrikoa lotzean ulertzen entseatu... «-Joan naiteke?» Aho hortz gabekoa polliki ideki, lepoaren azpiko giharreak polliki goititu: ÐBai». «Erdak ezin nau beste era batez konpreni?» Ez. Ez duzu gezurrik erraiten?». Ixilgune bat. «Gez... Ge-zur-ra? Ge-zurrra zer?». Wotanek, irriño herabe bat ezpainetan, gezurra ere zer den ez zekien izaki urrutiari amor eman. Mentura betidanik izan zitzaiolakotz tentaldirik ederrena... Haren erhi sendo horailak polliki makurtu, gerrikoa polliki deslotu eta Norn 1-i polliki luzatu. Esku palmatuek zalantzarik gabe gerrikoa hartu... Eta Wotan-ek, lehen bezala, Norn 1 kurubildurik, gerriko-fusila ixterretan eta burua belaunetan belarrean utzi, berriz ere enbor zilartsuen artetik aldapan gora joaiteko... Haren oinak lehen baino ozenkiago igaiten. Norn 3 lizar handiko adarretan zegoen beti, esku batez zintzilik. Wotanek, harengana zuzenki igan eta hutsik zitzaion eskua deplauki hartu. Landare lasto bat bezain hotx eta leuna zen. Erhi lau hexurdunak gizonarenekin pixkanaka gurutzatu. Norn 3-k burua higitu eta, belarritik zintzilik zuen zain xuria lerratu, Wotanen eskumuturrera erori, berotu, besoa ukaldi eletriko ahul batez kilikatuz. Bero goxoa Wotanen gorputz guzira hedatu: Erdaren agurra edo ongi etorriko musua. Zaineko dardara goititzen, gutitzen, beroa aldiz beti berdin; hori ezin zen pereka hutsa izan. Agian kodigo bat. Norn 2-ren boza ozendu: «Zuk- zergatik- Erdari- ez-ihardetsi?» Zer erran dit?» Nornaren bekainen lekuan, ximur sakon batek, V bat osatuz, bekokia bereixten zion, non kaskoak kakamarro bizkar bat iduri baitzuen. Wotanen besoan, dardara eztia. «Nik- ezin- erran... zuk- ezin- konpreni. Erdak- gu- zu- bezalakoak...» Wotanek egia azkenean asmatu, hots, Erdak harekin elkar hizketan sartzeko Nornak moldatu zituela BAINA GIZAKUMEEZ BAZAKIENA ERABILIZ. Erda itsua zelakotz gauza ainitz Norneri falta... Egia mingarria tximistaren gisa gogoratu zitzaion: Erda beste arrazakoa zitekeen. «-Zuk- Erdari- lotu- behar. Ama- Erda- lizarretik- heldu...» «Zein bitxia naizen!, pentsatu zuen Wotanek. Emazte minkor baina fidel bat utzi eta, hemen nago zozo hori, nihoiz ez dudan ikusi izaki batengan fidatzeko prest... Halere... harek kontseilu onak beti eman dizkit. Harek bederen joaiteko libro utzi nau. Pil pil bero bat besora hedatu zen. Erdaren deia. Norn 2 lizarraren kontra jarria zen, Wotani begira; erro sendo bat oinen artean airatzeko beldurrez tinko zeukan. Wotanen besoan, ikara beroa bihotz baten erritmoaren arauera goititzen eta gutitzen: Erda adixkidea zuen, baina harek, gizakumeak gaizki ezagutzen eta, nahigabeki kalte egin ziezaiokeen. Wotanek erabaki behar... «Norn 2, Erdak ba al daki gizakumeek bizitzeko behar dutena?» Ihardespena berehala heldu: «Bai. Amak- haien- bizi- legeak- jakin». Wotan, fitxik erran gabe, Norn 3-ren eskua utzi eta lizarraren kontra bizkarrez eman zen. Fitxik ez zen gertatu. Wotanek inguruetara so egin; Norn 3 beste lizar bateko adarretan kokatua hauteman. Haren esku-atzapar urdinak zerua erakutsi zion. Wotanek, burua altxatu eta, adar lodi batean ikusi zuen; hura ixilki herrestan ari. Zain xuri bat zen, Nornenen bezalakoa. Bai, Ama-Erda lizarretik zainaren medioz heldu zitzaion. Zainari lotu behar baina nundik? Anartean zaina emeki jausten ari zen. Gero eta emekiago, Wotanengana. Wotanek besoa altxatu. Zaina gero eta nekezago jausten, urrunago joaiteko indarra ez balu bezala. Wotan jauzi egin eta adarrari bi eskuz dilindatu zen, esku barna zainaren gainean ezarriz. Zaina, bero eta pil pil. Wotanen bihotza ere bai... Zain xuriak eskumuturra inguratu zion... mahanga hunkitu... eta hura epeldu eta gelditu. Wotanek Norn 2-ren boza entzun zuen: «Nere- ahizpak- zu- apailatuko. Gero- gogoetak- bildu- zuk. Eta- gogoan- izan- zu-... nor... nortzu... zuk.... nun kausitu... zein... xedeak Erdak- zu- irakurtuko). Norn 2k bere beso luze luzez Wotanen zangoak sustengatu. Wotan haize arin bat sendituz Norn 3 jauntziak polliki eta lasaiki kentzen ari zitzaiola ohartu esku hotzenpean ikaratu egin zen. Nornek bizkarra enborraren kontra berriz eman zioten, zain xuriek besoetatik lizarrari lotzen ziotela, esku bana adar batean. Une baten buruan, zain xuriek, huntza bezala haziz, gorputza sare batez inguratu zioten; Wotan zain sare beroan lasaitu egin zen. Gogoetak bildu behar zituela oroitu eta, begiak hetsi zituen. Nundik has? Lehenik, Erda gogoratu zitzaion. Azken urte haietan harneka aldiz nolakoa zen asmatu zuen: emazte zahar ile xuridun bat, gorputza xut eta begiak ñir ñir? Ez, itsua zelakotz. Ala neska gazte gogo dohaindun, bular ttikidun mehe bat, esku zalu ederrekin, arpegi hetsi batekin Begiak perde urdin handi handiak... begi berde manetiko itsuak diz diz? Ala ama bat, emazte lodi bat, ile beltzekin... Dena den, nihoiz ez zen Erda itsusia zela pentsatzera ausartu. Orai nola asma... bihotza ilundu zitzaion . «Zein bakarrik naizen!», pentsatu eta berehala, uhain bero bat gorputz guzira batbatean hedatu zitzaion: Erdak gogoetak harrapatzen zizkiola seinale. Berekoia izanikan ere, Wotanek ez zuen bere burua gogoan ukaiteko ahala izan; orai aldiz, astia bazuen. «Ni nor naizen erran behar... besteendako nor naizen asmatzea errexagoa. Zeta planetako Wotan, Hiru Iguzkitako Nausia. Gure teknologiari esker, ezin hilezkoa (bortizkeriaz salbu). Beste Ezin- Hilezkoentzat- Zetako jauntxoentzat- Programaegile Handia dut titulua. Sonne sistematarrentzat, Walhall jauregi satellitako jabea, lehendakaria. Teknologo eta gerla aireontzi pilotu koordinatzaile trebea. Nere Galaxian etsai baliotsu bat! Nere andretzat (irriño samin bat ezpainetan zuen) senar desiragarri ñapur bat... Ez, ez dut ingañatu, sekulan ez diot gezurrik erran, ihes egin diot bakarrik, ihes eta itzuli, eta ihes, behin eta berriz. Zenbat aldiz nere nahiez itzuli natzaio? Beste emazteak bai, ingañatu ditut, izen faltsuak eta abar emanez... Haientzat zer izan naiz? (OI, eta hila banintz bezala mintzo naiz ). Mirailak errana: 2 mko gizon lirain gotor bat, sorbaldak zabal, gorputz sendo zalu horail bat, arpegia ongi moldatu eta arro, begiak zorrotz eta urdin; irria goxoa omen. Nere seme alabentzat aldiz... ESPAZIOKO NAUSIETARIK BAT, alaaita hasarrekor bat?Halere denek elgar maite...» Wotanek bere baitan huts bat senditu. «Haiei zer eman diet Bizia besterik ez. Hortan da dena. Ez dira nere bezalakoak... ongi hazitakoak... ongi hezitakoak... baina bereziak». Oroitzen zen. Baruna planetan. Jokogopoilaren bamean. Alabak ur-begi handietan irriz itzulika. Haien beso zango beltxaranak, begiak ñir ñir. Oroitzen zen. Kaitzeko oihanetan ihizin. Sasietako lore-urtsoak, hegaldaka. Thor ttikiaren irri karkaila. Mutikoaren eskuek gas-mailu eletronikoa apailatzen bazekiten jadanik. Haren ile gorriak iguzkitan diz diz aBegira aita!! Gizon batek bezain ongi begistatzen dut!» Thoren begi urdina tximista. Thor... bere semerik maitena. Wotan bere baitaratu: haurrak aspaldi utzi zituen eta Daleth planetan zegoen, lizarrari zain-sare batez estekatua; zainek dar dar ahul bero bat, pereka antzeko bat hedatzen. Erdak atsegabetik elkhi nahi balu bezala, edo beste gogoeta bat harrapatu nahi balio bezala. «Nola bizi naizen erran behar...» Metal berotuaren usainean hodiak txistuka. Hyperoilaren usainak zintzurra agortzen. Terminaletako pantaila ttikietan agur eta deien dantza, hori/urdin, hori/urdin. Motur sortu berri bat dilin dilin. Pausa... ikara... lehen hasperena: aireontzia aire eta erdizka... gora... zerura... izarrak dantzan... gora... erdizka... eta JO! JO! Laserkanoi ixiletatik, ortzadarrak kurutzatu... galdu... Aire eta jo, nere hyperaltzairuzko arrano pizkorra, nere aireontzi zalu hori... JO kanoiek... behera! Lurraren musua: beste planeta batek metal berri batzu eskeiniko... metalezko ibaiak, aireontzi berriak, erdi biziak, arin arin airatzen... Mezutik mezura, terminaletako begi berdeak klixketan. Galdera-ihardespenen xingolak heda eta heda... Oihu-oihartzunak. Txanda! Zuri! Hela! Hel! Teleberriezko amarrauna beti dar dar. Berriezko sarea beti bete. Mundufonoaren burrunba... Amarrauna... Ama... Erda. Wotan ezpainetan gauza hotz bat sendituz iratzarri: Norn 3 ur pixkat eradaten ari zitzaion. Ostoen artean iguzki izpi bat, laranja kolorekoa. Wotanek noiztik lotua zen jadanik ahantzi. Zain sarea maindira bat bezain beroa zelakotz, ez zuen hotzik. Gehienetan begiak hetsirik egoiten zen, Norn 3k eradan eta gorputza ihiztatzen zionean salbu. Orduan, bidexkako beste aldean, bigarren iturria ikusten ahal zuen: putzu bat zen, sakon sakona iduri, pika harri beltzezko hegi batez inguratua. Gero, ingurumena ere ahantzi zitzaion. Barurak gogoa lehenik ahuldu zion eta laister xorroxtu. Gosea itzali. Wotan gizon pizkorra zelakotz, haren gorputza tresna xuxen egonkoi bat, makina ongi olioztatu bat zelakotz, ez zen aise ahultzen. Mugitu gabe bertan egonez bereziki. Bere indarrak atsegin bitxi batekin ematzen senditzen zituen. Oroitzapenetatik amentsetara, amentsetatik lotara, itsasuntzi luze leun leun baten gisan lerratzen eta lerratzen zen... Hatsa eta taupadak gero eta geihago nabaritzen zituen. Bere hatsaren haizeaz... Haizearen hatsaz. Haizeak azala doi doia hunkitzen zion... ez, Erdaren zainek. Bere baitan, taupadak... bere bihotzarenak edo zainenak. Taupadak laisterrago, emekiago... Wotanek pil pil bero haren erritmoa ezin uler... Zer adierazi nahi zioten ba, hitzpereka bitxi haiek? Erregin baten eskaintza zirela bazekien. Berinezko liburu bat, apaindua... Baina erdaraz. Mintzaira amultsu zehatz batez... Amultsua baitzen bai, Erda. Wotani oroitzapen mingarri bat gogoratzen zitzaion bakotxean, garondoan pereka ezti luze bat senditzen zuela ohartu baitzen. Baina nola ihardetsi? Erdarengana zertarako etorri zen? Zergatik galaxi-erresuma egile indartsu eta izigarri bat bilakatu zen? Emazte-haurrengatik. Bai eta ere mundu eta izakien bermoldatzeko ahalaren bila. Bai, handi-nahiak eraman zuen Erdarengana. Haren ahalak harrapatzeko Daleth planetara lurreratu zen. Eta han zen, lizar batetik dilindan. Wotanek besoa pixkat mugitu eta gauza gogor bat eskumuturrean senditu: Nornak biluztu zuen, baina eskutela utzi zion. Eskutela, galaxien arteko telefono miresgarri hori. Eskutela, bere herritarrekiko lokarria, planeta arrotzetan Wotanek maitasunean ere eskumuturrean zuen dei egiteko makina. Baina besoak loturik ezin erabilia. Berdin zitzaion; lokartu zen. Bele baten oihuak betbetan izatzarri zuen. Egunsentian. Sonne iguzkia gorria oraino. Harek odol-laranja iduri. Wotan jautzikaratu, beldurraren orratzek lehenengo aldiz eskuak sistatzen zizkiotela: lotua, biluzi gorria, baruraz ahuldua eta bakarrik! Zeru urdinean belerik ez, oihuak beti. Begiak beheitituz xoratu zen. Gorputza astundurik eta xinaurriez betea zuen. Aldi hartan, Nornak heltzean atsegin zuen! Haiek besarkatu zuten, eta haien besoetara berehala erori zen, lerratzea senditu gabe. Orduan Erdak «deslotu» edo utzi zuela ohartu zen. Aske zen... Boz herabe batek: «hotz dut» zioen: bere bozak. Bere boz, gorputz, oroitzapen eta biziaz asea zen. Lizarraren azpian dorpeki jarri zen. Norn 3k bere espazio-jauntzia ekarri eta, erhi kukulduengatik nekez jauntzi zuen. Norn 2 harri nabarrezko gatilu batekin hurbildu zitzaion. Dudarik ez! Edariak ardihuntz esnearen usain goxoa bazuen! Hura, Galaxietan edari indargarrienetarik bat. Aireontzi guzietako pilotuek eramaiten ohi zutena. Erdak Wotanen metabolismoaren legeak ikasi zituela froga. Wotan zanga zanga edan eta laister pizkortu. Norn 2 haren aintzinean, sasi baten barnean atzaparkatua zegoen, hitz egiteko prest iduri: Wotan adi adi. «Erdak- zu- hunkituz- gizakumeen- propietateak- ikasi». Wotan samurtu zen: Erdarentzat memoria baten osatzeko gauza izan zen. Besterik ez. «Atsegin dut. Agur beraz». Samintasunez betea eta abiatzeko prest jadanik zutik zela, «Wotan» lasai bat entzun zuen. Hasperen bat emanez jarri zen. F.skuteli begiratu eta harritu 9 egun zintzilik egon zen! «Amak- gu- zu- bezalakoak... » Wotan kexu: «Zer, nere bezalakoak? Ezin zarete normalki ibili, begirik gabekoak zarete...» «Erdak- begiak- zertarako? Zuek begien lekuetan zer duzue?» Ixulgune bat; Norn 2 adi adi iduri. «Zain-korapikoak?. Zain-korapiloak? Bai, plexuen gizan... «Zertarako? Erdari- lotuak- izateko. Zuk- lotzeko- begi- bat- kendu- behar». Wotan, harriduraren harriduran, hatsik gabe gelditu, beldurtu, sumindu, bere baitaratu: «Eta gero zuek bezain ongi ulertuko diot? Guk- baino- hobeki. Gu- artekoak. Zu- izaki- osoa. Erdak errana? Bai». Norn 2k egia erran al zion? Wotanek nahigabeki begietara begiratu zion. («Zoin zozoa naizen! Harek begirik ez du!». Gero, buru soil urdina eskuen artean hartu zuen, ezkerreko matelan zain xuria haunkitzeko. «Gezurrik ez? Ge... zurrr... a...? Zer? Zera d....AAA!» Erdaren ihardespenak ukaldi batek bezain bortizki hezurretaraino kilikatu zuen. Zin bat ote? Wotanen eskuek Norn 3ren burua polliki utzi... Une bat (luzaz?) ebakitze-bestelakatzearen (mozte-metamorfosisaren) zorian egon zen, zalantzan. Arrantzalea izan eta, arraina bilakatzeko tentaldiari nora ihes egin? Walhallera? Hori ez! Gammako psimatematikalariek, beren gogo-urbegietan kokoriko, edo Deltako ermitauek beste helbururako bidea erakuts ziezaioketen... Ez. Wotan ez zelakotz urpeko harpe batean ez eta Deltako elur berdetan bakar bakarra egoiteko egina. Bere bizi guzia bakar hizketan aritu zela segur zen orai. Bide berria, ihardesleak emanen... Eta Erdak proposatu ziona, argi eta garbi: harreman bat. Azkenean zergatik erabaki zuen? Goxatu zituen bozkario-atseginak gazigezak iduritzen zitzaizkiolakotz, eta haren xede handiak, haurkeriak? Deus hartu gabe itzultzeko ahalgez? Ez zakien. Zoriona ez zion eman gorputz eder haren kontra hasarrez behar ba. «Ederki (nahigebeki irri egin zuen). Begia ken; prest nauzu». Jadanik Erdari, ez Norneri, hitz egiten zion. «Zein? Ezkerrekoa. (Wotan eskuina baitzen) «Segi!» Norn 2 erran eta airatu. Norn 3k eskutik hartu zuen. Wotan larru hotza sendituz hotzikaratu... II. NOLA KAMELUA LEHOIA BILAKATZEN DEN «Visita interiora terrae Biak, lizarra utzi eta aldaparen gora eskuz esku ibili ziren. Norn 3 airean igerika, Wotan kinkili kankala eta erhautsa airearaziz. Zuhaitzen artetik, ur xurruta baten kantua. Wotan, pago erori baten enbor nabarra ixtapekatu eta, behaztopatu, lerratu, tarapataka ipurdiz narrasta, bidexka kasik hikea (ikhea) bilakatu baitzen. Behean, laño urdinean, arroka alimale biribil mordo bat orrazez agertu. Gainean, ur xurruta urdin urdin mehe bat ixurtzen... Ura ote? Ezin. Hura urdinegia baitzen! Wotanek hurbilduz uraren beroa nabaritu: laño urdina, kea zen. Norn 3k kaosean gaindi ur ertzeraino lagundu zion. Ura xurrutatik arroken artera ixurtzen, galtzen... Biak gelditu ziren. Norn 3 gezia bezain laister itzali; baina Wotan ez zen hain errexki balditzen. Haren begi zorrotzek harroka handien artean xilua hauteman zuten. Norn 3 handik laister ateratu, harri nabarrezko katilu bat urera murgildu, eta Wotani luzatu. Dudarik ez: edan behar. Ur hori zer zen? Usaina, planplemusarena. Zintzurra agorra zitzaiolakotz behar ba, Wotanek katilua hustu zuen. Edaria, beroa. Gozorik gabekoa. Bero ohizko bat zintzurretik paporaino jautsi zitzaion; ezpainetan, xinaurriak. Ura bezain gozagabea bai, baina alkoolaren ondorioak... Wotan ke epelaren erdian goxoki zen. Bere bekokiko izerdia eskuz xukatu zuen. Norn 3 itsuari irriño egin zion. Norn 3-ren beso arina nekez beheratu, ura erakusteko. Wotan, zalantzatu gabe biluztu eta ur urdinera sartu. Han, labradoritazko kristal zabalak miretsiz (arrokak, Lur planeta bezain urdinak) berehala lasaitu egin zen. Norn 3k eskua, luzatu eta uretik ateraerazi zuen. Gero, panpiña erdi airakorrari xiluraino kordoka jarraitu zion. Xilua, harpeko sarbidea zela ageri: harek ur xurruta ingura zezakeen... Hara sartzean, Wotanek Norn 3k bere jauntziak bildu, artoski tolestatu eta sarbideko xoko batean jadanik ezarri zituela nabaritu. Potots lau hexurdun haiek errota bezain laister mugitzen! Biak gelditu ziren. Norn 3 paretaren kontra ezabatu zen. Wotan, zainak airean, erhiak ikertzen ari zitzaion, begia kenduko zion laser aiztoaren alferrik bila. Batbatean, Wotanek eskutela bere eskumuturretik elkhi eta jauntzien gainera botatu: handik goiti, Wotanentzat mezurik ez! Esku hotx arin batek Wotan aintzinerazteko bultzatu zuen. Harpea, pasagia hertsi bat zen. Urruntxago, argi urdinxko bat; nundik? Ibiliz xurruta gero eta gehiago entzuten zen: kanpotik, mutzika; harpetik, durrunda! Pasagia zabaldu. Lurra goxoago eta beroago. «Gela» biribil ttiki batean sartu ziren. Argi urdina zilo batetik heldu; ur xurrutaren gibelean ziren. Wotanek, kilikak senditu eta, lurrari so egin zion: lurra, xuri xuria... Erdaren zainez estalia! Norn 3k esku hutsik beti geldierazi zuen. Gero, hurbildu eta eskua ezkerreko betazalan emeki pasatu zion. Wotanek ulertu... Pereka, ez zen amarena ez eta maitearena, barberarena baizik. Tenorea heldu... Beldurrak setsuraino akulatu zuen. Bere sorbaldetan, Norn 3ren esku hotzak: jarri behar zuela. Wotan, bihotza pil pil, xurrutako durrundaz eta edan zuenaz moskortuta, lur xuri berora etzan zen. Begiak hetsi zituen. Gauza epel bat ezkerreko matelan herrestu zitzaion. Batbatean, ximixt gorria. Buruan ukaldi eletrikoa. Begiko sumiña! Wotan bortizki dardarikatu, lurra atzaparkatu, eta berehala lasaitu, hats bahiturik, nigarrak zeriotela. Haren esku xifrituak Erdaren zain epelen kontra polliki ideki. Han egon zen, lurrera jota, ondar-ekaitz baten erdian bezala. Begietan ximixt eta sugar gorriak jautzika. Miñik ez jadanik, baina gogordurak matela eta baldokia hanpatzen zitzaizkion oraino. Miñaren beldurrez, begiak tinko hetsiak zeuzkan. Egina zen. Betikotz okerra bizi behar; zertarako? Zeren truke? Orduan hasi egin zen «hura». Zenbat aldiz etsaien oste baten aintzinean edo etsai bilkura baten erdian egon zen? Zenbat aldiz, buru apal, ele xuri eta ixilgune ausarten erdian, besteen begietatik gorrotoa karrask egiteko zorian hauteman zuen? Mehatxurik ez-hitzez bederen-baina haien gorrotoak gogoa erretzen zion... Berdin berdina zen orai; baina gogoa itotzen ari zitzaion uhain erre hori ez zen gorrotoa. Maitasuna zen. Ez gizakumeena. Hutsik gabea. Ez-aditzerik gabea. Mugarik gabea. Osoa. Miresgarria zen. Arpegian Apirileko haize xuria bezain arin eta epela. Amaren besoak barne zituen. Bai ete ere lehenengo neskaren lehenengo irriñoa, adixkidearen irria, maitearen ezpainak... Eta izigarria zen. Erdaren gogoa Wotanenean zelakotz, Erdari fitxik ezin gorde... Wotanek, bere bakardadetik betikotz askatua, ez zekien nora ihes egin, nora jo. Hipaka hasi zen... Bekoki sukardunean esku samur baten pereka. Ostoen hasperenak. Maitearen urrats arinak hulbiltzen ari, boz ezti batek «Hirekin nauk» errepikatzen ziola. Wotanek urratsak azkenean ezagutu: maiterik ez, bere bihotzaren taupadak baitziren. Hitzak, aldiz, ez amentsezkoak. Boz ezti ixil hori, barnekoa: Erdarena. Wotan ihardesten entseatu. «Zer nahi didazu zuzen?» (Erdari hika ezin mintza). «Hi bilakatu... Zer duk?» Wotan batbatean nahigabeki lasaitu. Bakea nahi zuen eta, Erdak bakea berehala eman zion. Haren emaztearen besoetan loarena. Planeta hartu-berri bateko ilunnabarrarena. Gau urdin-beltzetako izarrena. Deltako arraio-brodatzaleen obrena. Erdak oroitzapen guzi haiek ehundu eta Wotan haietaz estali zuen. Haren azken ixilkeriak zarta-erazteraino. Wotanek harpe urdun batean gizon horail bat, biluzi gorria, lurrean etzana, ikusi zuen. Bere burua. Lotan. Bakeko urgeldi epelean. Musuak sorbaldetan sendituz iratzarri zen. Musuak, barnekoak Erdarenak. Bakarrik zen. Kanpotik xirula... Xistua... hatsa... ura. Xurrutako ura. Wotan polliki bere baitaratu. Bere gorputzaratu. Bere gorputz begi oker hori lehen aldikotz onhartzeraino. Eskuin aldean, harpeko horma. Ezker aldea, betikotz iluna. Burua itzuli eta xurruta zilota ikusi zuen: handik argi urdina. Esku ikarati eta herabe batez, ezkerreko betazala hunkitu zuen. Miñik ez; erhien azpian, arana ximeldu baten azala idorra. Hain hutsik eta hain agor. Beherago, zerbait; zer? Zakarra? Ez, ez eta orbaina. Hura beroa zen, eta kemen gailu baten gisan dar dar: zain xuri bat. Erdari handik lotua zitzaion. Lotua! Jautzian jeiki zen. Bere baitan berriz ere loratu egin zen uhain beroa, Erdaren agurra. Inguruari so egin zion: Nornik ez. Hobe. Haurkeriak utzi behar. Wotan ez zen gehiago mozkorra ez eta zalantzan. Gizakumetasunari uko eginez ere, bilakatu zena bururaino izan behar! Jakin behar! Bidea jarraitu zuen. Pasagia jaustea bilakatzen. Urrun, (buruan?) argi bat, laranja kolorekoa edo horia ageri; iguzkiarena ote? Urrun. Uste baino urrunago. Jausbidea luze luze. Wotani oinak arinak. Oinenpean, Erdaren zainek luroihal bero bat ehuntzen. Zainetako dar dar eztia errainetaraino igaiten. Jausbidea gero eta argitsuagoa. Wotanen gogoan, xori bat xitan bezala, gogo-hegal dar dar epela. Deia. Irriñoa. Elkar-aditzea. Jausbidea gero eta beroagoa. Wotani bihotza pil pil. Argia, arratsalde eder batena. Wotanen gogoan xingla bat, gorputzean hotzaldi bortitz bat. Bertan gelditu eta gogoetak bilduz Erdaren mezu hori ulertu. «Wotan... kasu... ingurua mia.. mia...» (Erdak ez baitzekien «ikusi» hitza erabiltzen). Wotani begi okerra zela ahantzi zitzaiolakotz, harpeko tronadura ezker aldean beherago zuela ez zen ohartu. Kaskoa kraskatzeko zorian, Erdak aintzinetik abisatu zuen. Erda, haren baitako lagun miña... Jadanik Erdak, beldurra eta bihotz zimikoa ematu nahiz, zainetara uhain bero bat hedatu zion, non Wotani bortizki jeiki baitzitzaion haragia. Wotan bere desioaz harritua. NOR desiratzen zuen ba? NORBAIT desiratzen zuela dudarik gabe baitzekien. Nola zekien? DENA JADANIK GERTATU BALITZ BEZALA Zein denboretan? Baina denbora ez da ibaia. Maelström da. Halere Erda nolakoa zen ezin oroit. Agian Norn antzeko bat, baina osoa, disdiratsua, beroa. Laranja-kolorekoa. Desiragarria. Haren ganatzea, nundik? Zeren eta Wotan pertol bide batean zegoen! Argia ñikatu. Haren gogoan boz ezti batek «Hemen nauk» errepikatzen? Azkenean Wotanek burua makurtu eta argia nundik heldu zen ikusi: harpeko gizonek «gatu zilo» deitzen duten batetik. Handik ahuspez pasatzea, Wotanentzat joko bat; hainbeste planetetan gaindi, egurats-aldatzeek dantzariaren malgutasuna eman baitzioten. Gorputz luze gihartsu zalua aise herrestu, aise iragan... Gogorrena, burua altxatzeko kemena. Wotan burua altxatu eta oihuka xutitu: «Zu!» Wotanen gorputz gogoetan daldar baketsu amultsua: «Ni». Erda pixkat beherago zegoen. Wotan hari so eta so. Erda ñir ñir zen. Arbeletxeko kolorekoa, zehargia. Gela ttiki bat bezain haundia. Molde gabekoa? Ez. Marmuka edo onddo buru handi bat iduri. Zain xuriak lurretik haragi jelatinezkoan sartzen, barnean izar okil batzu (plexuak) osatzeko. Izakia ez zela mugitzeko egina, bixtan zen! Zangorik ez, begirik ez, burumuinik ez... Baina zain korapilo edo plexu bakotxak burumuin oso baten lana egiten ahal; zain bakotxak janaria kanpoko landaretatik. ateratzen ahal. Oroitzapen eta gogoeta labirinto bat. Besorik ez, setsurik ez, bihotzik ez, baina uhain bero samurra Wotanengan beti oldartzen ari, gogoan boz eztiak «Zer duk nahi?» errepikatzen ziola. Eta behar ba hala, bestela ezin ziolakotz ihardetsi, Wotan, jautsi eta, gorputza sutan, jelatinazko haragi sagailoaren kontrara babestu. Axal beroa, muxerka bezain leuna, haren ezpainenpean mugitu zen. Wotanek nahigabeki besarkatzearen jestua hasi. Entzun zuen azken hotsa, bere boza: auhena? Deia? Dena berehala ixkuli eta atseginera bortizki murgildu zen. III. NOLA LEHOIA HAURRA BILAKATZEN DEN Wotan arin, zoriontsu eta akitua zen. Besoak nagiki zabaldu zituen. Betazal eta saihetsetan musuak senditu eta, begi bat ideki zuen... Gaua zen. Begi okerra zela saminki oroitu eta oihu egin nahi... ezin. Ahoan, basaranaren gozoa. Beste begia ideki nahi zuen: alferrik. Beldurrez gogortu zen. Pereka baten uhainak inguratu zuen. Azkenean begia ideki, burua higitu eta Wotan mugitu nahian itzulikatu. Urpean zegoen, ur epel arbeletxeko kolorekoan. Hatsik gabe! Hiltzen ari? Ez; ongi zen. Ura izar zegoela. Erdak irentsi zuelakotz ote? Pereka baten uhainak berriz ere atseginera erarnan zuen. Iratzartzean kezka guziak pikotara joan zitzaizkion, hazten ahal zuela baitzekien. Hazten, bai eta ere oxigena emaiten. «Mintza gaiten orai» erran zion boz barneko ezti ixilak. Erdari gogoa zabalik... Wotan Erdaren gogoan oroitzapen- mezu- gogoeta- laberinto hartan igerika... * * * Zein planetan daude? Olharro-zuhaitz adarren hegiz hegi, polliki ixurtzen ari. Haiek, xixtuka aintzina. Erresina edo lerda iduri. Iphurtargiak bezain perde eta dirdiratsuak. Zuhaitz huntako izerdi metaliko guzia jadanik erre dute... tximist bat. Ez dira gehiago erresina; espaziora pindarretan, milioika ahatu dira! Milioi bat pindar guttienez. Gogodunak? Haiek orai asteroidatik asteroidara airatzen ari dira. Kemena edo energia galdu eta, lurrera eroriko dira, erresina berriz bilakatzeko, metalen bila berriz ixurtzeko. Wotan Erdaren oroitzapen labirintoan igerika... Itsasoa, zeru berdearen pean, urdin Itsas-bazterreko hondarra, larrosa kolorekoa, epela, balusa bezain goxoa. Oihan ttikiko «zuhaitzek» enborrik ez. Adar latexkorrek zubiak edo korapiloak moldatzen. Haiek oihanpean kokoriko egoiten dira gehienetan, haiek ez baitute ez eguzkirik ez eta jauntzirik onhartzen. Halere, gutiziatzen baduzu, zurekin eguzkian hil arteraino egonen dira. solasean. Bizia giza-landarei berdin baitzaie. Lagun artea, aldiz, dute balio bakarra. Batzu berdeak, beste batzu liligorri kolorekoak. Denek larrua diz diz. Ileak, berdeak ala xanpaña kolorekoak. Haien begi zabal berdeak zuri so, irriñoz. Gizalandareak ttikiak, lirainak eta xugunak izaiten dira beti. Haien jestuak, dantza Zure soak emazteen bular ttiki gotorretatik poxeluz baztertzen, kexarazten baitzaituzte bular geldi geldi haiek. Gizalandareek ez dutelakotz hatsik hartzen. Behar duten gasa larruz hartzen dute. Mutu eta telepatoak dira. Xoko hartan, bi haur berde-anai arrebak behar ba. Haiek zure soa kausitu eta berehala heldu zaizkizu. Jadanik, bozak gogoan dituzu «Gu telepatoak gara, bai; ez beldur! Nahi duzunean bakarrik. Zer uste zinuen ba, telepatook besten gogoetan bortxaz sartzen ahal dugula»ð. Neskatoaren begi berdeak pentsatiak bilakatu. Wotanek alaba balu... Telepatoa balitz... Neskatoak irriño egin: «Zu ezin zara telepatoa bilaka. Baina jendeen jestu eta mugimendu ttiki nahi gabekoak ikertuz ere, ainitz asmatzen ahal! Hala nola...» Haren esku berde luzeak ostoak haizean bezala dantzatzen, tolesten, airatzen. itzulikatzen... Eta Wotan ikasten ari... Begi berdetako bakean ito nahiz. Begi-itsasoan. Begi... berde... ber... de... Er... da. «Erda... zugan naiz beti! Baina planeta haiek? Nere memoria batean atxeman dituk. Baina itsua izanik nola erakutsi dizkidazu? Ez nauk itsua. Begiez somatzen dituan dardarrak, nik beste era batez somatzen ditiat. Urrundik ere bai. Noraino nahi? «Noiz nahiraino» ere bai.» Wotan Erdaren oroitzapen-labirintoan igerika. Airean, metal urtuaren usaina. Nun? Ezker aldean, jauregi suntsitu hori, suaz berinatua, aise ezagutu du Wotanek: Barunako Jauregi Beltza. A! bai, egia. Azken hiru urte hauetan, Baruna planetan borrokatuz ibili da. Lano eta zurdan. Basamortu hormatu hori Baruna izan dela ezin sinetsia... Sonne eguzkia lodi eta gorria da orai: hozten eta hozten ari... Eguzki zahar bat. Sonnen zahartzeak ez duen egin kaltea, Fenrir erregeren armadak laser eta hypernitroz egin: Baruna planetako lurra, mikroseismoez arraildua, meteoritez xilokatua, zauria bilakatu da. Lehenengo itsas bazterra, leku ainitzetan ukolpez itoa da. Eta Fenrir, Wotanen etsaiak, Baruna hartzeko beti gose! Wotanek borrokaren erdian dela badaki, baina noiz? Berantago. Berantegi... Geroegi. Haizean, zartatzeak eta ke horixka. Wotan laserfusilen ortzadarren erdian ibiltzen eta ibiltzen. Haren ondoan, gizandi bizardun gorri bat: Thor, bere seme ederra, besoa altxatzen ari, gasmailu eletronikoa eskuan, etsaiei begiak kiskaltzeko eta gorputzak tetanisatzeko. «Kasu, aita!» Erhauts laño beltza Wotanengana airatzen ari! Fenrinen «otsopotamo» famatuak! Haiek, zangoen lekuan lurrin-xirrixtak. Thor oihuka. Wotan lerratu eta erori. Lurretik, otsopotamoa hurbiltzen ikusten du. Makinaren burua ideki da... Wotan kurubilkatu eta lurrean herrestan ari... ea... alde batera joan behar... bertzela otsopotamo hunen «ahora» hurrupatua izanen da, eta barnean desintegratua (ala hormatua, Fenrirek bizirik nahi badu!) Wotan herrestan ari... her... res... tan... her... Erda. Wotan uhain bero batean dago. Uhaina, arbeletxeko kolorekoa. «Erda? Zer erakutsi didazu ba? Geroa, al'ez? Neure heriotza ote?» Baina Erdak atsegineraino jadanik eraman du. Wotan Erdaren oroitzapen-laberintoan igerika. Gauean. Barunako oihanetan, ilargi ttikiek izeiak doi doia argitzen. Wotan ilunpean gogotik gorde. Zai. Krask. Adarren artean, bi izar hori hurbiltzen ari. Bi begi hori, diz diz, luze... emaotso batenak. Wotan pozik. Gauerdiko ilargi xurietan, soil tokian, gizaotsoen dantza, ingurutxo erotu hau... Nesken ileak, haizean. Neska batek Wotani begiratu... haren belarri luzeak ilargi betetan xuri xuriak... Egunsentian. Egunsentiko lano xurian, Wotanen urratsek bidexka beltxa lehertzen eta lehertzen... Haur-irri bat. Haur-irri bi... irri bikoitz bat. Wotan bidexkan behera. Ez bakarrik. Haren eskuetan, bi haurren esku leun leun pottolo epelak... semearena eta alabarena: lau begi urdinek begirada biritxi bakar bat. Mutiko-neskatoek Wotanen begiak badituzte. Begi... bakar... Begi urdinen erdian irria... begien... erdian... erdi... Erda'n. «Erda... une bat kanpoan nintzela uste izan dut. Ez al haiz oroitzen? Zertaz? Hori behin batean gertatuko zaikala?» Wotan Erdaren oroitzapen-laberintoan igerika. Neska beltxaran lerdenak begiak zeharkien gisa baditu. Nabarrak. Diz diz. Zilarbizizkoak iduri. beltz beltz eta lodiak. Aurpegiak, finak, sorbaldak sendo, bular eta ezpainak gogor. Azazkalak, xuri. Theta Centaurikoek ez dakitelakotz sentimenduen berririk, zure besoetan ere ez du irriñorik egiten. Hura, maitasun-gorroto-bekaizkeririk gabekoa. Betikotz. Hargatik (omen) haren arrazakoek atsegin/miñaren sindroma artoski ikertu dute. Jakintza haren nausiak izan arte. Gizona (nungoa? Gizakumea da dena den) neskari ekarri diote; ohera etzan dutenean, auhenka ari zen. Ixilik dago orai, baina matrailak tinko dauzka, gogordurak ezin garaituz. Gorputza zauri eta ubeldurez betea du, ixtripuz zauritua, ala borrokan edo, jota izan balitz bezala. Neskaren erhiek gorputzeko pundu batzu doi doia hunkitu dizkiote. Pundu hoiek zer dute berezirik? Haiek ez baitira zain zentroak, ez eta organoen lekuak; neskak oihartzun batzu senditu nahi duela badirudi. Gizon zauritua doi doia hunkitu du eta hura berehala lasaitu. Theta planetakoek gogo-eritasunak zer diren ere aspaldi ahantzi dute; haiek botikario eta barberak behar dituzte; medikurik, ez. Leihoko berina arbeletxeko kolorekoa da. Wotanek bekokia berinaren gainean ezarri du. Sorbaldan musu bat senditu du... Ahoan, basaranaren gozoa... Ez... berinik ez. Wotan Erdaren uretan zirimolatu; hotzikaratu. Zein hotz duen! Gogoan, Erdaren bozak: «Wotan... emakume bat nahi duk. Erda... zuretzat zer naiz? Maitale ala umegai?» Erdak beste galdera batez ihardetsi «Wotan... haur bat nahi duk, al'ez?» Eta Wotanek, harriturik, Erda eta bere buruari baietz aitortu behar... bai, haur bat lehenengo aldiz nahi zuen. Besteak (hiru semeak eta zortzi sasi alabak) nahigabeki egin zituen. Sortzen zirenean urus, handitzen zirenean arro-arro, beregandik iritzi edo sentimenduez bereixten zirenean trixtea bilakatzen zen beti. Bai, haur bat desiratzen zuen! Baina Erdarengandik! Zer amentsa! Erda munstro harek setsu gozamena emaiten zion, bai, baina harek haur bat nola erdituko? «Errex duk, Wotan». Errex! Irri-karkail mutu batek Wotani sabela astindu. «Ea, Wotan... Zera nahi duk: hi bezalako izaki bat, baina bi begiduna, eta nere oroitzapenean gogodohainduna pixkat. Al'ez? Bbbbaietz. Ederki; nik klonatuko haut, baina burumuina hobetuz. Zuk... zer Klonatuko hautala. Hire zerula oso batez kopiatuko hautala. Hire bikoitz bat semea emanen diadala». Wotan txoratu: seme bat, beste Wotan bat, haurra gizondu eta bere buruarekin burz buru... Araiz! Beldurrez itoa zen. Bere buruaz asea zen. «Erda! Hori ez! Eta bestalde, alaba bat nahi nuke! Ederki; hire hazitik eginen diat beraz». Wotan, zerulako beste alderdia Erdarena izanen zela pentsatu eta berriz ere izitu, munstro erdi emakume erdi jelatinezko bat asmatzen ari zela. Eta Nornak gogoan ukanez ahalgetu zen. Haiek, amari zainezko kate batez lotuak; gogo berezi gabeko morroinak. Hori ez! Haleta, Erdak Norneri egin ziena, berak ber seme-alaberi beste era batez egiten entseatu zitzaiela ulertu zuen orai... Gogo-pereka batek ematu zuen: «Ez, Wotan, ez beldur. Alaba emakume eder bat sortuko zaigu. Begi urdinduna: hirea Ez... ez nerea... libro!» Wotanek ez zuen sekulan haur batendako askatasuna nahi. Baina Erdarenganako bidean, zer ez zuen lortu eta ikasi? Uhain amultsu batek atsegineko leizera amildu zuen. Min pixkat sendituz laister iratzarri zen. Zerbaitek setsua eta ezkerreko betazala tirabiratzen ari balitzaio bezala. Haren inguruan, Erda gorritu eta kasik okildu. Ahoan, basaranaren gozoa gero eta bortitzagoa. Gogoan, mezu ulerkor bat: Wotanek Erdaren atsegiña lehenengo aldiko senditu zuen. Beren umearentzat askatasuna eskatuz goxoaeraziko balu bezala, Erda atsegiñez erditzen ari zen. Eta Erdak amentsetatik atseginera, atseginetik geroko oroitzapenetara ala amentsetara luzaz kulunkatu zuen, nun-noiz-nor zen ahaztuerazteraino. Egunsenti arbeletxeko kolorekoan iratzarri zen. Ahoan basaranaren gozoa, ezkerreko begi-ziloan kilikak. Burua makurtuz, jelatinan zerbait zirimolaka ikusi zuen: hura begi zilotik lotua zitzaion. Handik goiti, Wotan ohargabeki iratzartzen eta lokartzen, denborako maelströmen igerika. Boz berria haren gogoan sortu arte. Boza, kristala bezain garbia. Glockenspiel edo ezkil-joko bat bezain alaia, firfiratzen. Dena galde, dena irri. Wotani xori bihotz bat bere bihotzaren kontra pilpiratzen zela iduri zitzaion. Xori bihotz arin bat, luma beroaren azpian ezti eztia. Haur bat lehenengo aldiz hezten ari zen ala alderantziz? Sekulako zorionean sartu zen. Aita-alaben gogoak Erdaren memorietako laberintoan ibiltzen eta galtzen ziren. Joko ainitz asmatu zuten, hala nola planetarik handiena planetarik beroena abererik eztiena, lodiena, urdinena... zuhaitzetarik kantariena... Erdaren oroitzapenetako pasagi hunkigaitzetan zein lasterragoka, hiruek, atzo edo biharko oroitzapenak elkarri lapurtuz... Wotanek adixkide zuen, Erdaren uretan zehar ezin zuen besarka ere eta nekez ikusten zuen alaba dohain dun hori. Begiak batzuetan ikusi zizkion: zerua bezain urdinak. Wotanenak. Wotan Erdaren memoria laberintoan igerika. Harek arroka iduri. Zein munduan dago ba? Hurbildik, piromorfita mokor bat edo belogi bat. Hura ez da arroka ez eta belogia. Biziduna da. Hauntzen eta husten da; harengaineko (azaleko ote??) nota berdeak; horitzen eta berriz berdetzen, erritmo baten arabera: berde/hori, berde/hori; berde/hori... Wotanengan, Erdaren boz eztiak: «Erritmoa, formula-moldea duk, Wotan. Nun-nahiko, edozein bizidunen gogoeta-erritmoa. Ezin aldakorra. Nun nahi berdina. Eta kodigo galaxienarteko baten oinarria. Solas-lagunak belogi edo otsoa badirudi ere, hari esker konprenitzen ahal». ... «Wotan... ez diok ulertzen?» Pausa bat; Wotanek kilika bat garondoan senditu. Boz eztiak: «A bai. Hire burumuinak ezin dik. Gauza ainitz ikas lezakek halere. Adibidez...» Eta Wotanek ikasten... * * * «Haurra, garbitasuna eta ahaztutzea da, berriz hastea eta jokoa, lehen mugimendua, baietz sakratu Nietzsche Eta behin batean gertatzekoa gertatu zen. Wotan eta haren alabak Erdaren memoria bati esker planeta urruti bateko berriak ikasi zituzten. Hango bizilagunek, bana beste, giza-akerrak edo satiroak iduri; haiek, zangoetako behatz krsitalezkoez, dantzatzean musika jotzen zuten. Neskatxoak gauza bera oinez egin nahi eta ezin. Wotani dei egin zion «Oinak baditut halere! Bai neretxo, baina planeta hura kanpoan dago. Zer da kanpoan?» Wotani ilundu zitzaion barnea. Harek ere dantzariak ikusiz mugitu nahi zuela ezin uka! Erdak artoski perekatu zuen eta atsegihetik lotara pixkanaka lerratu zen. Kanpoan iratzarri zen. Begi ziloan min pixkatekin. Harpeko lurrean etzana. Haren ondoan, Erda mordo jelatinazkoaren kontra, neskatxo bat lotan, haren esku ttiki pottoloak Erdari atzaparkatuak. Wotani bihotza jautzikaratu: haien alaba hori, lau urtekoa guttienez! Erdaren bamean hain luzaz egon! Beldurra emaiten zion bere arpegia mirailan ikusteak. Ezkerreko betazala ñir ñir haztakatu zuen: zainik ez; Erdarekiko lokarria galdua zuen. Begi oker, bakarrik eta libro... Neskatxoarengana itzuli eta makurtu egin zen. Miretsiz. Haurraren hatsa, haize xuria zitzaion... Haren ezpain freskoek larros ostoak iduri. Wotanek ile horail kizkolak perekatu eta matel ttiki zetatsua haurra iratzarri arte musukatu zuen. Bi begi urdin ideki, zabaldu, hari so egon, bustitu. Neskatxoa hipaka hasi: ez baitzen aitaren gogoari gehiago lotua. Bi beso ttikiek lepoa inguratu ziotenean, Wotanek ere nigar egin. Bere haurraren umeuntzia izan ondoan, zer bilakatu behar? Wotanek lehenik hitzaz eta jestuaz, alabari bere izena ikasi: «Hi, Brünhilde». Neskatxoa, boz baten soinua entzunez, irri egin eta aitaren kontrara babestu. Gero, esku ttikiak Wotani papoa polliki xartakatu zion. Wotanek galdera begi urdinetan irakurtu eta Brünhilderi bigarren hitza ikasi: «Aitað. Wotan Erdari so egitera ausartu gabe bizkarra eman zion eta, bere alaba besoetan, pasagiara itzuli. Gatu ziloa, lau urte haietan ate naturala (edo Erdak idekia) bilakatu zen. Wotani sensazio ahantziak banaka itzultzen: zer bitxia, hezur mamizko gorputz haren pisua! Bularrak hanpatzen eta husten, bien hatsak pasagiako oihartzun guziak kitzikatzen... Sorbaldaren kontra, haurraren buru beroa... Pasagiaren erdian, hiru Nomek Wotani bere jauntziak; Brünhilderi jaka xuri bat eta bieri sagar batzu eta ardihuntz esne gatilu bana ekarri zizkieten. Brünhildek itoka edaten zuela ikusi lasaitu egin zen haren aita. Ateratu behar. Wotanentzat, sortze berri baten griña. Berriz ere gizakumea izaitea hautatu behar. Sonne iguzkiak Wotan liluratu zuen. Brünhildek, gatu ttiki baten gisan kurubilkatu eta, eguzkiari buruz besoak luzatu, harrigarria zelarik non Wotanek ez baitzuen eskuetarik utzi. Haurra aitaren bizarra tirabiratzean ttuttaka ari zen; aita, irrifarraz. Bien begi hain berdinetan, margoak kantuz; iguzkia hain gorri; ostoak hain berde, zerua hain urdin! Zuhaitzetako besoak dantza eta dantza... Wotan xendran lerratzean ere Brünhilderen irria ezin geldi; Wotan alaba beldurgabeko hartaz arro arroa. Errekañoaren ondoan, Wotanek, gelditu eta, Brünhilde belarrean ezarri zuen. Haurra, erortzera egin eta, hiru zangoka lehen, laister normalki kurritzen hasi, joko berri hartaz xoraturik. Haren aitak lauazka begiratzen zuen. Brünhildek ahuntx batek bezain aise jauzten eta laister egiten ikasi. Hiru orduen buruan, aita-alabak, seriostasuna Galaxietako zilo beltz guzietara igorriz, elkar laisterkatuz belarrean amildu ziren. AZKEN HITZA Gauean, Barunako oihanetan, ilargi ttikiek izeiak doi doia argitzen. Wotan, ilunpean gogotik gorde. Zai. Krask. Adarren artean bi izar hori hurbiltzen. Bi begi hori, diz diz, luze: emaotso batenak, Signyrenak. Wotan pozik. Signy haren besoetan dago jadanik. Irriz, Wotan alferrik gordetzen entseatu baita. Zeren eta giza otso ilunpean eta urrundik ere ikusten ahal dute. Wotanek Signy gerritik hartu eta zurrezko etxola berrira eraman. Signy miretsi: « Nork altxatu? Nihaurrek. Guretzat». Egina da. Signyk bere herritarrak utzi eta Wotanekin biziko da. Biak etxolan sartu dira. «Zaude». Neskak sorbaldatik zintzilik zuen zaku ttikia mahainean ezarri eta handik fruitu bat ateratu. Fruitua irri ezti batekin Wotani ahora eman dio. Wotanek bihotza pil pil, basaranaren Erdaren gozoa ezagutu. Ahalgez, trixteziaz ala itxaropenez? Ez da Signy hunkitzera berehala ausartu, sutondoko aulkian jarrerazi du. Suak neska-otsoaren begi urretsuak argitzen. Arpegi beltxarenean, hortz ttiki zorrotz urdinskoak diz diz. Wotanekin betikotz bizi nahi duela errepikatzen ari da, eta Wotanek, hari amultsuki ihardestean, Erdaren memorian ikusi zituen seme-alaba biritxiak gogoan baditu. Haiek Signyren sabeletik sortuko zaizkiola badaki. Neskaren ile kizkurrak nahigabeki perekatzen ari da. Signyren ahoak Wotanena bilatu... Ez, denbora ez da maelström. Urgeldia da... Argia da jadanik; hegal hots batek Wotan iratzarri du. Beletel eta Zilobeltz, Dalethetik ekarri zituen bele heziak, logelara sartu eta xoko batean kokatu. Signy, Wotanen ondoan, larruzko ohean lo dago oraino. Wotan polliki jarri da, bere maiteari so. Haren atzoko jestuez txoratu arte oroitzen da, eta bereziki nola bi begi eta matelak perekatu dizkion. Bi begiak sanoak balitu bezala. Fricka bere andrearen jestuaz ere oroitzen da. Baruna planetaraino, giza otsoen zibilizazio primitiboaraino, Signyrenganaraino ihes eginerazi zuen jestuaz. Jestu hargatik, Wotanek Brünhilde bere alaba maitea Frickari utzi dio Fricka eta Erdari, Brünhilde bere amari telepatikoki lotua baitzaio. Wotanek ezin zuen Walhall jauregi-satellitatik urrun hezi. Bere alaba delakotz, zibilizazio aintzinatu baten teknikak ikasi behar ditu. Bai, Hiru Iguzkitako Nausiaren alabak egon behar; aitak, joan... Wotan Frickaren jestuaz oroitzen da. Walhallera itzuli zen eguna zen. Walhalleratzean, Wotanek bere semeak aireportuan igurikatzen ari zitzaizkiola irratiaz jakin zuen. Hara lurreratu eta, mutilen lekuan bi gizon atxeman zuen; lau urte iragan! Biak azkar eta ederrak. Ile gorriz, Thor ezagutu zuen; irriño eztiaz, Baldur. Vidar bere amarekin egon zen; hura betidanik amaren alde, aitaren aurka agertu zen hura. Brünhilde aireontzitik ateratu eta, Thor ilundu, Baldur haurrari besoak zabaltzeko kokorikatu. Nestatxoa zalantzatu gabe harengana laister egin eta harekin eskuz esku jauregira joan. Thorek aitarekin, baina ixilik jarraiki zien. Wotanek bere emaztearekin jauregian topo egin zuen; Vidar haren ondoan zen. «Aitak beste arreba bat ekarri diat» erran zion Thorek Vidari beren amari so egin gabe. Hori Wotanentzat zaflako bat. Thorek, bere Thorek Brünhilde beste alaben bezalakoa zela uste! Eta egia samiña tximista bezala gogora erori zion: besteek ez zekitela, berak bezala, enpatikoki elkar-aditzea zer den. Baldurrek Brünhilde ttikia besarkatu zuen eta gelatik eraman. Besteak ere ateratu, Wotan eta Fricka buruz buru uzteko. Fricka erasten hasi; Wotan ixilik egoiten. Batbatean, menturaz, Frickak Wotani begietara so egin zion. Xuritu egin zen. Ixilgune luze baten ondoan, Frickak Wotanek sekulan ez dion barkatuko jestua egin: begi okertua eskuz perekatu zion. Wotanek urrikaria ezin onhar. Alabainan, Frickak fitxik ez balio galdegin, ez ikusiarena egin balio, hori ahantz zezakeen behar ba. Eta ahanzten entseatu egin zen, hori bai: jestua eta galdera Frickaren besoetan ahanzten entseatu zen, eta hori lortu egunsentia arte bederen. Egunsentian, iratzarri zen. Iratzarri eta oroitu. Orduan, nihorri agur erran gabe aireontzira itzuli zen, eta aizatu, atseginak ere ezin zuen kendu galdera gogoz errepikatzen... Ez, ezin kendua. Zeren eta Frickak «Zer gertatu zaik?» galdegin zionean, lilurazko mundu bat Wotanengan lehertu zen. Handik aintzina bere buruari gezurrik ezin erran. Orduan ulertu zuen bai, Erdarengandik Frickarengana zuzenki itzuli nolako zozkeria egin zuen! Bere emaztea ingañatu zuela segur! Ez harengandik joanez, harengana itzuliz baizik! Gertatu zena nola erran? Zer erran? Berriz ere gizakumeen arteko mintzaira hitseri itzuli behar, berriz ere hautsi mautsika, hitz edo gogo erdizka elkar aditu elkar ez aditu! behar! Gizakumeen elkar hizketako gezurrak ahantzi zitzaizkion. Gertatu zena? Nola adierazi? Frickak, ernekiago baina deplauki berriz galdegin: « Wotan... zer gertatu zaik?» Ihardetsi behar... Wotanek ihardetsi zion: «Ixtripu bat!».
Biharko oroitzapenak |