Biharko oroitzapenak
Mayi Pelot

Maiatz, Uhargi 4, 1985eko urria

 

Plist plast

 

Katryl guzieri

 

        Katrylek Deunargitik Xuripira ihes egin zuen goizean, Eguzki urdunetan diz diz eta zipli zapla zegoen espazioportu-aintzira. Mutilaren begi Eguzki urdinek, begi-zilo beltzetan sukarraz ñir ñir, eramaiten zuen zubi lerrakorretik hiriko etxe urdinak, azuritezko ezpondetan zilatuak, somatu zituztela, sudurrera igan zitzaion urbidetako usain sarkorra ezki lore gazituena. Katrylek gibelean zituen jadanik, espazioportuko kaian harat eta hunat ttuku ttuku zebiltzaten roboguardiak, soineko berezi gorriez jantzirik, bakotxaren bekokiko ximur fina, hirugarren begi eletronika, zirt zart idekitzen eta hesten.

        «Haiek nere potreta balute, aspaldi harrapatuko ninduten... Garondoko zenbaki larrantzatua fitxik erran gabe ikertu didate... uraireko pribatu batetik jautsi nintzelakotz behar ba...»

        Batbatean txoratu egin zen Katrylen gorputz mindua... txoratu ez, haren oinenpean egiazki ikaratu baitzen Turioi planetako lur epela.

        «Richter 2koa, nik uste; gaurko lehena» berreuseraz erran zion ondoan zuen gizon xaharrak. «Guk Xuripitarrek lur ikara ttiki bezainbat diru bagenu hobe... Ba! Herri bakotxak bere arazoak... «Gizonak HITZ egin ziolakotz harrituta, Katryl, ez entzunarena egin arren, bazter so batez bestea gizon kalakaria besterik ez zela segurtatu zen. «Ez. Bekokian ximur xutikakorik ez. Hau ezin da robopola izan, xaharra delakotz ttuku ttuku ibiltzen da. Nik ez dut paranoiara erori behar. Hemen ere Ekuador aldean, Berreusen, herritarren artean biziko naiz. Basik eta Kobol planetakoek baduela zortzi mende hunat, Rurioi planetara lurreratu eta Ekuador aldea —Berreus gure herria— zatikatuz planetako alderdi bana hartu bazuten ere bai!»

        Egia erran, espazioportua atzerritarrez betea zen eta nihork ez zion kasurik emaiten: denak, ixilik, mikromahetoiak belarrietan, gidatzeko ala lanerako kasetak entzuten ari ziren, non Katryl, belarri hutsik zelakotz, errexki hauteman zuen haren zai zegoen lagunak.

        Anartean, Deunargiko bulego ixil batean, terminaleko bantailan,ageri zen fitxa:

 

IZENA: Jonle Ondor A odoltaldekoa Rh-

1m 80 Ile beltzak Begi: iguzki urdinak

Marka bereziak: 0

Deunargin 3505 10 12an sortua,23 urtekoa

Familia: Aita 44gn Zentro Medikopolirikan 3 urte ezin sendaturik egon eta 3520 03 08an hila

Anaia «Aire» mikromizila lantegiaren kontrako ekintzan 3525an tirokatua.

Oharrak: 3528an 9 egun 41gn Zentro Medikopolitikan egona

Kondenatua: ez

MARKATUA: bai, liluralez

Berreusduna: bai

Kaltegarri gai: bai

 

        Xuripin, aintzirako kaian, hogoi bat urteko mutil ttiki beltxaranak, Katrylen gana laister egin eta, sorbaldatik ixilki hartu zuenenan, Katrylek irriño goxo herabe bat eskaini zion. «Kaixo Azir!» Azirek ezponda urdin leiho-atez xilokatuak eskuz erakutsi zizkion: «Bizilekua hor duk. Iber urbidearen gainean. Goazen txalupara!»

        Plist plast untzira jaustean oinaze zimiko batek Katryli aurpegia makurtu zion.

        «Katryl... erradioez ote?»

        — Bai.

        — Bizilekua goian duk... Bai, bazekiat. Igaitea gogorra izanen zaik... Lagun batek mikroxirringa batepean eman digu. Nik artatuko haut.»

        Katrylek buruz baieztu. Ez batek ez besteak ez zuen Katrylek jasan zuena gehiago aipatu. Aintziratik urbidetan gaindi zeraman hyper-latexezko untziaren klunkak, ureko lohium usainak, talapastak, jendearen bozek Katryl xoratzen eta kulunkatzen zuten, haren baitan Xuripi bere ihesleku hiri hortara itsaso ttiki bero batera bezala plist plast pulunpatzeko gogoa sorreraziz.

 

* * *

 

        Katrylek lana atxeman zuen egunean, Xuripi bere ihes lekua zokomokoetaraino ikertu zuen jadanik. Xuripik gogotik eskaini zizkion bere urbidezko ileak untziez orraztatuak, bere harpeko etxe urdinak, iguzkia baino urdinagoak, ate leiho biribilez zilokatuak, eta bere ezki lore gazi usain sarkor hori. Gau hartan, Xuripik gauera bezala urzalapasta —hasieran izitu zuen txakur urrats malgu hartaz— kulunkatu zuen, Iber urbideko beste bost mutilekin bizi zen bizitegi ilun epel hartan.

        Xuripik goiz guziz bezala merkatuko edo merkaturako hetsez goizik iratzarri zuen, untzietako erreakteren hasperenak, jendearen oihu eta kantuak eta haren lagun Aziren marmarrak nahas mahas belarrietara heldu baitzitzaizkion:

        Plast! plist! «Eskuin! Nola da zuen alabatxoa?» Plast! «Pentsa! Gau guzia hortzengatik nigar egin din eta...» «Kaiara itzuli eta...  lailala...» Palast! «Kasu Karramarrora ari zaiztel»

        «Hiri madarikatua! Begirik itazkatzen ari zen, besapean lauki informatiko perdea (Galaxien arteko iheslarien marka ofiziala) agereraziz.

        Kanpotik beti merkatuko harramantza: «To! Angura, hunat, plaka mañetikoa hemen duk!... Kaixo Luxi! Aspaldi...» Palast. Krrraurrr! «Ezin huen kasurik eman, asto hori! Azpa polliki perekatu didak! Untziari izerdia dario!» Hau! Hau! «Lasai, Bipil. Zangoa emak...eee?»

        Dil dil. Kilixtikitiklik.

        «Ooi! Berriz ere lur ikara zikin hoietarik! Richter 4koa daiteke!»

        — Ez, Azir... 10koa gutienez

        Katryl, begirak pixkat, trufatu orde! Nora lerratu zait bizarnabal pito hori?

        — Azir! ez al duk oraino ulertu bizarrik gabe ERE ezin itsusiagoa haizela? To hemen duk.»

        Kaltzitaren ezkil soinu eztiak ixilerazi zituen norbaitek ateko itsas zaldi zizelkatua jo zuen. Lor idekitzera polliki joaitean, Katryl leiho borobila bultzatu eta zabaltzera iragan zen. Alferrikako beldurra, bisitalaria —Mik «Telepata»— berreusduna baitzuten, eta auzoa, gainera. «Katryl, erdi lan bat bilatzen ari zarela erran didate. Nere ostatuan lan egin nahi duzuia?»

        — Bai, gogotik; Deltarako aireontzian sartu nahi badut, dirua bildu behar!» Azir kexu zen. «Hobe duk. Arl eta Kepi gertatu zaiena badakik, e?»

        Katrylek sobera ezagutzen zituen bai, Xuripi zelata usaintsu hori, gorde ala erahil lekuak zitezketen urbide arteko karrika labur hertsiak, hango horma zaharrak, lohium gatzezko nigar gogortuez beteak. Ezagutzen zuen bai, Basikeko robopol espioiek Arl gaztea mikrorratzez hil zuten karrika, handik pasatzean ikusten baitzuen haren izena, hidroglifa beltzez idatzia, sumendi botakin ihiztatuz lur epelean betikotz berinatua. Bai eta ere Kep bere lagunaren untziska zarterazi zuten Obero kaiako karramarro belztu berinatua. Hidroglifa miresgarri haiek... Turioi planetako hitz idatzi bakarrak, Kobol eta Basikarrek zenbaki eta gurutzez besteri k ez baitzuten idazten. Hidroglifak... hatza ezin kenduak. «Neri ere Basikeko robopolek hunaraino jarraiki baiin badidate... Izigarria da, hil eta ere hatzak utzi behar! Hobe nuke Deltara lehen bai lehen airatzea.

        Deunargiko bulego ixil batean, atzol urdina hunkitu zuen telidazkariak, Jonle Ondoren fitxan izar gorria marratzeko. Katryl, Deunargitik, Basi ketik ixilki joan zela seinale.

 

* * *

 

        Katrylek gizon burusoila nabaritu zuen egunean, Urbide Handiko zubi-lorategian zegoen. Gizona, jeroihalxuriz jantzia, espantilla-belarretako hari izurtsuen artetik hauternan eta, bestea ttuku ttuku ondotik zebilela iduritu zitzaion. Mutila kaiara, eskuinera batbatean jo zuen; bestea ttuku ttuku beti bere ondotik. Katryl litxiardo denda batera sartu zen; une baten buruan, ateratu zenean, bestea ez ageri... baietz, han zegoen, untzizka baten ondoan, makurtua, norbaiten zai iduri. Katrylek lur ikara ezti bat —Richter 2koa gehienez— doi doia senditu zuen. Gizon burusoila erortzera egin eta kaiara erori. Katryl ondoko etxera sartu, eskailera igan, etxez tronpatu zela ohartu; itzultzeko berantegi. Mutilak laugarren estaian lagun baten atea ezagutu, eta erdiko kalzitazko itsaszaldia polliki jo.

        «Kaixo Katryl! Zer gert...

        — Utz nazak pasatzera ez nauk ikusi, e?

        — Hemendik.» (Xuripin, (augarren estaietan ziren «zabaltzak», hobeki erran balkoiak edo azuritan zilatuak.) Katryl leihora laister egin eta gero zabaltzatik zabaltzara, Xuripiko haur guziak ttiki ttikitik ohi diren bezala, bere bizilekuko leihora joan zen , leiho borobila erakusleaz polliki karrakatu, Azirek ideki arte: «Atxeman haute ala zer?»

        Biek behera behatu zuten: kaian gizon burusoil bat ttuku ttuku urruntzen ari zen... Haren bekokian, ximur fin bat: robopolen «3gn begia», fototresna ala harma zitekeen xiloa. «Katryl, robopol batek Raf bere etxearen aintzinean goizean hil dik.. Etxez aldatu behar haiz!»

        «Lasai. Galdu nau. Ostatura itzuli behar diat. Atxemaiten balin banau, nere burua defendituko diat. Izitu nahi gaituzte, dena onhar dezagun, Berreus gure herria utz dezagun, gure sumendietako kemena mikromiziletan alferrik zartaerazteko. Berreus gure herria nahi diate, Koboldarrek mikromizigeltoko alimale bat eraikitzeko, Basikarrek sumendietako kemena mikromizilen lantegietan xahutzeko. Kalakez aski. Gero arte!»

        Pasagitik iragaitean, Katrylek bere sudur ahoaren gainean jastatu zuen haizeran gorputz epela, ezki gazituaren usaina zuen gorputz ikusgaitza. Xuripiren izana.

 

* * *

 

        Katryl nor zen igarri zuten gauean, Xuripiko euri epelaren oin arinek urbidetako palasta farrastan hedatzen zuten. «Jos» ostatuan zegoen Katryl, lagunen erdian, Basikeko lendakariaren buru higitze urduriak eta erranaldi birilikatuak imitatzen (isekatzen) ari:

        «Ulertu bai, ulertu behar lukete Ekuadortar, Berreustar direlako atzerakoi kalakari haiek, berentzat zer ona den: eskaintzen dieguna, hots, hitzez mintzatuz astia galdu orde, hitzak politika —gizoneri uztea, gure 200 keinu— soinuzko kodigoari esker mezuak pasaeraztea, basikerazko kaseten entzunez lan egitea, Berreus bazterrera utziz lana kanpoan atxemaitea. Guk zentralak altxatuz ur beroa ekarriko diegu. (Katrylek burua higitu zuen). Bai, badakit, zentralik gabe ere Berreustarrek beren uretako lohiuma, minaurkakoa eta gaizkondura aurkakoa izanez gero, Turioitarrei sal liezaieketela, baina beste planetetako sendagailuak karioagoak izanikan ere, ezin ditugu haiekiko tratuak hautsi! Merkatu-arazoa da hau!»

        Irri karkailek Katrylen boza ito zuten. Harek burua hartz xuriaren gisan higitu zuen.

        «Bihotza, bai, planeta huntako bihotza bilaka liteke Berreus hori. Sumendi botakinezko mugaz bestaldean, Koboldarrek beren laguntza eskaintzean nola uko egin? Haiek, daukaten Berreuseko aldean mikromizilen geltoki bat altxatu nahi dute. Hortarako dena egiten ari dira: langabezia sorrerazteko lantegiak Berreusetik kanpoan plantatzen dituzte. Zertarako hori? Hori zertarako? (Daldalaz mintzo zen Katryl.) Planeta batzu jadanik kiskaldu dituen galaxien arteko gerla pollit batek Berreuseraino, hots Turioi gure planetaraino etor dadin! Azkenean suntsituak izaiteko eskubidea lortuko dugu! Hori baita nere —barka— Turioiko herri nausien lehia. Galaxien arteko legeen arauera, ezin ditugu Berreustarrak kanpora bota, ez eta beste egitura militarrik Berreusen planta, 5 milioi bizilagun baino gehiago Berreusen bizi den artean. Legea errespetatzen dugu, ez dugu falta, mizila lantegi bat gordeka eraikitzen denean, eta gure gobernuak hartaz berantegi ohartzen denean. Haiek dute falta, lantegietara sumendi botakina, subideak gauaz bihurtzen dituzten Berreustar gogonekedun edo psikopata haiek! Haiek ari dira legetik kanpo! Horregatik, harrapatzen ditugunak Zentro Medikopolitikoetara igortzen ditugu, haiek berheziketari esker beren haurkeriak utzi eta Basikar zintzo eta ixilak bilaka daitezen, ala kalte gehiagorik ez dezaten egin bederen...»

        Katryl, begiak diz diz, erraiten ari zenaz mozkortuta, ateari buruz gibelka ohargabeki ari zela, norbait sorbaldaz jo zuen. Ate idekitik haize euritsu epelak matela bustitu zion. Urbidean euri xortak urruntzen ari ziren ttuku ttuku.

        «Barka...» Katrylek ostatuan jadanik nabaritu zuen neska atarian zegoen. Sare dirdiratsu berdezko galtzatorra batez jantzia. Beltxarana zen, handia; gorputza, kirolariarena. Haren begi beltxak irrizko nigarrez beteak ziren. Bazihoan halere... zertarako? Katrylek bekoki beltzatuari herabeki so egin zion, ximur xutikako baten beldurrez... leun leuna zuen bekokia. Egiazko emakumea zela, ez robota-fotografa, segur zen orai. Neskak, Katrylen soa somatuz eta haren aieruak asmatuz, hasarrez gorritua ondoan zuen alkian jarri eta mutilaren besoari Galaxiko iheslarien markaren bila agertuki so egin zion... Alferrik: Lauki berde larrantzaturik ez, Katrylek ez baitzuen hatzarik onhartu nahi. Haien begiek elkar topatu zituzten. Katrylek bekokitik ileak altxatuz itsaszaldia, Berreuseko gizonen ohizko larrantza, erakutsi zion, eta lotsak neskari zintzurra korapilatu zion. «Gaixoa! hunat ihes egin du eta ni muturra egiten ari...»

        Mik, «Telepata», ostatuko jabea, bere dohainari esker Katrylen gogoan duda/gutizia eta neskarenean lotsa/urrikaria irakurri zituelakotz, gibeletik hurbildu zitzaien. Gogoetak bildu zituen. Deunargitar gaztearen gogoan zera izan zen: barneko irriñoa, bi giza silueta buruz buru, eskuak mordoka zabalik: neska ezin zela kaltegarria izan. Mik «Agur, Zerune!» erranez taulara itzultzean, neskak zerbait erran behar zuela ulertu. Biek batera elkarri hitz egin zioten: «Irri eginerazi didazu/Ezin al zara luzekiago egon?» Katrylen hasarrea berehala urtu eta lagunek ongi ezagutzen zuten irriño argitsua zabaldu. «Baietz». Neskak, Katrylen irriño goxoari jadanik amore eman zion; lagunek Katrylen hitzaldiari txaloka ari zitzaizkiolarik, litxiardo baso bat onhartu zuen. Batbatean, lur ikara arin batek Zerune eta Katrylek aintzinean zituzten basoak lerraerazi zituen. Mutilaren eskuak haiek harrapatu nahian, Zerunerena hunkitu zuen. Richter 3etan.

        Mutilak «ni Katryl naiz» zioen bitartean, Deunargian, 321gn zirkuitak 430 robopolari lotu zitzaion

 

321

Ondor Jonle

1 m80

ile beltzak

begi iguzki urdinak

250510an Deunargin sortua

ihes egina

kaltegarri gai

liluralez markatua

 

430

Katryl deritzana

1 m80

ile beltzak

begi iguzki urdinak

22 bat urtekoa

berriki etorria

etxe ofizialik ez

 

        Deunargiko argazkiak (Katryl, bizarduna) Xuripiko potretari (Katryl, bizarrik gabe) zirkuitoetan gaindi ihardetsi zion, bantailan esarera bat klixketan agererazi arte:

        KATRYL= JONGLE ONDOR

 

* * *

 

        Katryl Zeruneren ohean iratzarri zen egunsentian, Xuripiri bere izena eman zion Xuribe auzo xaharrean , zeru perdearen pean lo zeuden aintzin denborako sorgin kebide xuriak — lemazainen etxe ohiak. Zerunek Katrylekin bakean topo egiteko asmoz itsas bazterrreko dorre natural haietatik batean bizileku bat alokairuz berriki hartu zuen. Leiho borobil idekitik heldu zitzaien uhain epelen hasperen eztia, bai eta ere noiztenka beste soinu mehe bat, urbide urrutiko talapasta behar ba.

        Katryl, begiak hetsirik, izerdiz betea, intzirka, atxikitzen zuten besoetatik libratu nahiz zalapartaka luzaz egon zen, «Pat, Pat, itoko naute» etengabe errepikatuz. Mintzo zitzaion ernazte boz amultsua azkenean entzun zuen: «Katryl, maitetxo! Esna! Ni nauk, Zerune nauk...» Katryl, izena ezagutu gabe, bere gorputz biluziaren kontra beste gorputza beroa somatuz lasaitu zen.

        «Nun da Pat?

        — Pat? Nork duk, Katryl?»

        Txoradura. Leize leizera erortzen ari zen Katryl. Ez, leizerik ez, hau inguma dut, begiak ideki behar, eta ezin, itoa naiz, itotzen ari naute, ez dut Begiak nekez ideki zituen, Ekuadoreko gau beroan hotzi karaz. Norbaitek —nork?— mihiseaz kokotxeraino estali zuen.

        Haren begi urdin nahasiek aurpegi kexua hauteman zuten: «Zerune?»

        — Katryl...a! Azkenean ezagutzen nauk. Nola haiz, neretxo?

        — Gaiz..ki...hotz...»

        Zerunek, izerdia baldokietatik zeriola ohartu eta eztiaren bila laister egin zuen; sukaldetik pasatzean sumendi botakin dutxulua ideki eta ardihuntz esne gatilu bat berogailuaren gainean ezarri zuen. «Zerune? Nun haiz?»

        Katryl hil hotza bezain xuria zen. «Azukrea odolean falta zaiala iduri... Beldurra eman didak. Aments izigarrietan hengoen...» Katrylen eskuak Zeruneri ukarea harrapatu zion: «Hori dun... lilural zikin hori xirringatu zidaten... Ai... txoratzen naiz... ez deitu nihori!»

        Zerunek zalixka betea ezpainetara eraman zion: «To hemen duk itsasbelar ezti pixkat. Ahoa ideki!» Katrylek nekez irentsi zuen. «Gehiago jan behar duk». Bekokia perekatu zion. «Sukaldera nihoak. Pausa hadi!»

        Katrylek ixil ixilik igurikatu zuen. Baina Zerunek jarrerazi nahiz besoez altxatu zuenean, zinkurinaka makurtu egin eta galtzarrean etzan zen, ahurrak sabel behera eramanik. «Atx... aspaldi... Zerune, lohium sulfata... laister...»

        Zerunek miñaurkakoa edo antalgikoa pixtola eletronikara ixuri zuen. Mikroxirringako orratz ttikiak bere sabelari hurbiltzen ikusiz nahigabeki gibelera egin zuen Katrylek.

        «Lasai... ingumengatik giharreak gogortu zaizkik. Zertaz jo hinduten?»

        — Erradio bulkagarriez... noraino joan zitezkeen eskanneraz frogatuz. «—Prest?—» Bai, ez beldur geldia egonen naun.»

        Ordu laurden baten buruan, Katrylek, arrainondo osto batzu eta ardihuntz esne gatilu bat gosearen gosez irentsi zituen. Garondoa Zeruneren besoan ezarri zuen aharrosinka.

        — Logale?

        — Liluralarengatik loaren beldur oraino.

        — Lilural hori, zer duk?

        — Koboleko robopolek, harrapatu dituzten Berreustarrak hobendatu ezinean, besteak izitzeko liluralez xertatzen ditinate. Lilural hori Lur planetatik etorri omen dun. Han garbitze irina huen. Haur batzuek ixtripuz jan eta zera atxeman zinaten medikuek; jendeari azukrea odolean gutitzen zaienean, —hots, hipoglizemian— jendea barurik izaiten denean bereziki, lilurala onirotropa edo amentseragiiea bilakatzen dela.»

        — Ingumaeragilea bai... Behar ba oroitzapen faltsuak gogoan hipnosiez sartuz Jos eta Barbi bezala «antolatu» hinduten... Aipatu huen Pat hori... «-Bdaiteke.» Zerunek Pati buruz galderarik behar ez zela ulertu zuen.

        Katryl nihoiz ez zelakotz zinkurinatsua izan, bera Zerune konsolatzera entseatu zen: «Miñaldia bukatua zait orai... milesker... ez tristea izan... Kasu eginez, behar denean janez, ez dinat miñaldirik ukanen. Aspaldi ez ninan amentsgaitzik jasan. Nere falta dun.»

        — Ez, gaixoa.

        — Baietz. Barda berant etorri naun, egun guzia eskuin eta ezker ttarapataka laister egin, ogitarteko xume bat irensteko astia doi doia eduki.

        — Eta ezin hidan janaririk galdatu?

        — Beranta huen... ez nindunan gose... nahi hindudan... azken aste hauetan ezin elkar ikusi eta...» Zeruneri bazter so urdin bat botatu zion: «Zerune... erran nahi ninan... Ez naun Deltara joanen. Hemen, Xuripin bizi nahiago dinat». Begiak hetsi zituen. «Musu bat...»

        Eta Katrylek lokartzean ez zekien gehiago, Zeruneren musu amultsuak eta Xuripiko euri xorta epelak aurpegira erortzen ari zitzaizkionez.

        Xuripin, Urbide Handiko kaian, gizon burusoil bat, jeroihal xuriz jauntzia, nora ezean hara eta hunat ttuku ttuku zebilen; haren bekokian idekitzen eta hesten zela ximur xutikakoa, hirugarren begikamera eletronika. Deunargian, bi idazlariek hasarrez elkarri so egin zioten: «Lur ikarak robopol madarikatu horri zirkuitu batzu erre bide dizkio. Harek gure gizonaren hatzak galdu ditu!»

 

* * *

 

        Katryl Xuripiko ur-kiroletan xapelduna bilakatu zen arratsaldean, sukar alai bat hiriko urbide gorrixketan gaindi zebilen di dil. Ezponda urdinetako leiho borobiletatik xingola zilharreztatuak zintzilik haizean dantzatzen ari ziren. Katryl bere lagun xuripitarrekin arropategitik irri-karkailaz ateratu zenean, ekipakide bat kaian zegoen Zeruneri hurbil du zitzaion.

        «Hi ekipan, Kol? Hire lagunak urrikari ditiat!»

        — Eta ez dun ezagutzen gure zorigaitzetarik dorpeena. Huna, harek Katryl du izena. Katryl? Nere lehenkusia, Zerune».

        Katryl «pozten naiz» zioen bitartean, Zerune, atsegin zitzaiolakotz ez ezagunaren komedia ttiki hori, begiak irriz hari so egon zen.

        — Nungoa? Zu ez zara Xuripitarra, ezta?

        — Askotan etortzen zaren «Jos» ostatuan nabaritu ninduzula itxaro nuen... badakit itsusia naizela, baina... nungoa? Deunargiarra.

        — Kol! Katryl! Neskak noiztenka utzi!

        Zerunek Koli musu bat eman zionean, Katrylek nigarrez denarena egin zion. Gero, mutilak dena batbatean somatu zuen: bere matelan Zeruneren ezpain epelak, bekokiaren barnean hutsunea, oinenpean lurra klunka, ura plist plast, ukarean bere maitearen erhi xifrituak; haren boza:

        «OI ene! Ur kirolak baino lehen hobe! Hau Richter 4koa gutienez.

        Ongi, Katryl? Deunargin ez ote duzue holako lurikararik senditzen».

        Katrylengan bihotzeko ziztada zera izan zen: itsaso zabal ubela, bi menditxo larros kolorekoen artean portu ttikia, etxetako paldo zehargi urdinak, ttirritta-gorbelen kantua itsas-apalean... uharte-ostatu mugikorrak... ez... gogortu egin ziren mutilaren begi urdinak. Zozoentzat, urrikiak! Itsaszaldia zirudien hyperlatxezko kayakera laister egin zuen, bere zango sangar ginartsu beroez, bere gorputz gazte gotorraz arre arroa. Kayaken barnera lerratu eta eskunarru-arrauak sorbaldetaraino jantzi zituen. Zilinduz dei egiten zioten jadanik, urbideko ur usaintsu gorrixkak, untziska beltx zaluak. Eta ureko bide ihesikorretan gaindi dantzatu zen Katryl, bide hatza gabekoetatik harri-geldozko pilota guziak bilduz, uzkaili gabe, kayakeko hyperlatexa zauritu gabe makurtuz eta makurtuz, irabazi arte airatuz.

        Basaltazko zubitik, Urbide Handiko kaiara ttuku ttuku jautsi zen gizon burusoilaren bekokian, zimur mehe bat zabaldu, hirugarren begi eletronika ideki, kamerako diafragma ximixt beltz batez klix kaeraziz.

 

* * *

 

        Katryl ostatuan bakarrik egon zen arratsean, zerua berde berdea zen jadanik. Karrikako kaiola-argixumeetan, doi bat distiratzen hasi ziren Turioiko argi biziak, ipurtargi horiak, haurtxo buruak bezain handiak. Katrylek, Lor eta Azir atalondoraino —ur hegiraino— lagundu eta etxeko ipurtagiaren kantu ito berezia aditzeko itsasbelar pixkat eman zion. Xistu entzunagaitzei Katrylen oinenpean ihardesten zien urak lapa lapa. Mutilak hatsartzean, bularretako azken zokoraino igan zitzaion aire zapore biziduna, Deunargiko sumendietatik haizeak ekarria. Ur zimurtuaren firfirarekin batera igan zitzaizkion gazte batzuen irriak; eskuz agurtu zituen.

        «Gora gure Katryl! Xuripitar xaharrek bezain aise sumendietako haizea irtzintzik gabe irensten!»

        Ez zekien mutil gazteak, bere agurrak Katryl salatu zuenik. Ez zuen hauteman Katryl irrikoiaké urbidearen erdian gelditua zen untziska, erreakorak ufaka. Ostatuara itzultzean bakarrik, gibelera begiratuz ezagutu zuen untziska batetik bestera ttuku ttuku iragaiten ari zen gizon burusoilaren ximur xutikakoa. Eskua gerrira eraman zuen artean, mikrorratze berzartakorrak buruan eta sabelean zituen jadanik.

        Mik, ostatuko jabe telepata, etxeko zabaltza batean zegoen ukondokatua, haize freskoa jastatzen ari. Haren gogoan zera izan zen: urean islada ximixt hortzadar errea, miñaren izarra, gogo baten orroa... Hurbildik zetorren. Etxetik. Bere ezerezerako dohain xumea madarikatuz zalukara jautsi zen. Behean, ostatuan, Katryli agur erran ziotenak lurrera so zeuden, ikusfonatzen ari zen Azir salbu. Han zetzan Katryl, kopeta odoletan, haur begi harrituak, iguzkia bezain urdinak, zabalduz, ezpain xurituez «Pat, Pat» etengabe ahoskatzen. Nihork ez zekien Pat haren berri, eta emaztea, gizona, kodigoa ala robopolek emanikako oroitzapen faltsua zenez. Katryl konorte gaberik eraman zutenean, robopol burusoila Deunargirako urairekoan jarria zen.

 

* * *

 

        Zerune eritegira etorri zen egunean, Katryl lau egun haietan ez zela esnatu ez eta mugitu, hiru eletroenzefalo apal (hits) ateratu zitzaizkiola, —hots, hilgai zela— erran zion medikuak. «Zer na'uzu! Ezin dugu hil!» ohizko hitzak entzunez, neskak, logelara sartu baino lehen «milesker, jauna» bere baitako gorrotoa doi doia gaindituz ihardetsi zion. Sendagilea urruntzean «sastarra» marmarikatzen ari zelarik, «ixilik» ahapeka erran zion Katrylen logelatik ateratu zen erizain mehe ilegorriak. Harek eskuan zuen tresna (frogeta okil antzeko bat, baina metalezko buru batekin) sakelara sartu aintzin erakutsi zion. «Zerune? Kitto!» Xamar eta buneta xuriak zalu kendu eta Zeruneri zakura nola nahi sartu zizkion. «Banihoan; hobe! Hemengo egiazko erizain batek ikusiko banindu... Botikan atxemanen naun... aditzen?» Buruz baieztu zuen Zerunek. «Nahi balin badun, Zerune... Agur.»

        Ohean zetzan gorputz arroztuarekin bakar bakarrik egon zen Zerune. Bakar gorria bai, batzuetan sudur tinkatutik dilindan zegoen oxigena-hoditxoaren marra xuriari so, bestetan bekoki eta kalpar beltz plastexez erdi gordetueri. Lur ikar arin batek (Richter 3koa zitekeen) hoditxoa Katryl higitu gabe dil dil lerraerazi zuenean, haren ezpain urdinduak musu minduna bilakatu zirela ohartu zen Zerune. Orduan neskak mihisea kendu zuen, gorputz gaixo hura, zauri eta hodiez xixtakatua, osoki agererazi arte. Baldoki batean, papoan eta sabelean pilpiratzen ziren telemonitoringetako disko argitsuak, Katrylek beste barneko odol galtze edo bihotz gelditzerik gabe beti irauten zuela seinale.

        Katryli bularra sorbaldetaraino altxatzen zion sagaio arin arinegia, Xuripiko urbidetakoa bezain ahul eta ozena zen... Zerunek bular hori perekatu zuen. Alferrik. Itsuski, zuzenki, ixilki bezain polliki baitzihoan Katryl bere heriotzarako bidetik. Ikararik gabe. Hasperenik gabe. Auhenik gabe. Agian miñik gabe!

        Hipaka ixil batek Zeruneri eztarria korapilatu zion. Berriz xutitu zen. Gogordurarik ezak bere xedea betetzeko nahia elkhi ziolakotz, hodien kentzeko luzatu zuen esku herabeak gorputz gazte geldia mihiseaz berriz estali zuen. Neska harrizko aurpegi horri musu bat emaiteko kemena galdu eta ohoin baten gisan joan zen.

 

* * *

 

        Lagunek Katrylen gorputza eraman zuten goizean, markats urdin hetsia bilakatu zen Xuripi, ate ohol ixilak doluz, untzi hutsak kaien hegiz lerroka lo. Xuripiko untzi guziak, Katrylen gorpua eramaiten edo segitzen zutenak, eta Iber urbidera neska goibel bat gidatzen ari zen untzi ubel ttikia salbu.

        Katrylen gainera plexihotza ixuri zuten eta izar zehargi gogortu hartan, zetzan, haren begi harrituak, Turioiko eguzkia bezain urdinak, zabalik, mugaruntz eramaiten zuen urkirol-kayakean kulunka. Haren anaia Basiketik, hots, Deunargitik etorri zen eta haren eskuak telegidatzen zuen urkirolkayak —hilkutxa, xingola zilarreztatuez apaindua.

        Xuripiren erdian, Zerunek Iber urbideko 18gn ateari hurbildu, talapasta hurritu, bekaina iduri zuen (aintzin-aldia— branka ateko ezker aldera, ezkiña bereziraino bultzatu zuen, angura mañetika hormako plaka jo arte. 18gn ateari —botikakoari— so egin eta ataria iragaiteko beldurrak sabela xifritzen ziola loriopeko karramarrora kordoka igan zen kantu bat (Katrylen lagunena?) urrundik entzun zuela iduritu zitzaion eta berehala, neska ilegorri mehea haren zai zegoen botika bazterrera utzi eta eta 20gn ate ttikitik pasagi uztaitu ilunera nigarrez ihes egin zuen. Eskaileretako erdi itzal urdinak laugarren estaiatik goiti «pentzera» —hots, bizilekuak zilatuak zeuden ezpondaren gainera-ingurubilka eraman zuen. Hango belar xurietan kokoriko, ez zuena ikusi nahi nahitaez ikusi zuen: urrun, espazioportu-aintziraren ondoko urbidean, itsaszaldi batzu igerika bezala, Kobol eta Basik arteko mugaraino Katryl laguntzen zioten untziak. Haizeak ez zekarren sumendietako, Deunargiko usain garratza, Xuripiko lohium usaina, eski gaziarena baizik. Urbidetako talapastarekin batera, Zeruneri igan zitzaion bere hiriaren hats goxo epel hura. Katrylik sekulan izan ez balitz bezala...

        Orduan, Zerunek ezin ziolakotz Katrylekiko oroitzapena ez gorpu mutu bati, ez eta gorpu hori zeraman untziari lotu, neskari agortu zitzaizkion nigarrak. Zertarako etorri zen orroitu eta, bidean hertsatu zuen ezbaia haize-urbidetan urtu zela ohartu eta, luzaz pausatu zen, Berreus bereixten zuen marra urruti gorriari. Kobol eta Basiken arteko mugari so. Gero, azpizolara, Begoña andere botikarioaren bizilekuraino emeki jautsi zen eta atean zegoen kalzitazko itsaszaldia bi aldiz jo. Ate biribila bere hatxean biratu, neska ilegorriaren aurpegi kexua ageri.

        «Zerune? Aintzina!

        Egongelako sofaetan zeuden emazteek agurtu zuten. Haietarik bat zutitu.

        — Zerune? Jadanik?

        — Ez naun ehorzketara joan. Zertarako etorri naizen badakizue, al'ez?

        — Adizan! Begiak oraino gorriak zaizkin. Jar hadi. Hola. Hau benetan nahi dunala eta hire nahiez galdatu dunala segur ote haiz? Gu Berreuseko emakumeok arbasoen rito xaharrak gaurtaratuz askatasuna lortu genuen. Ezetz erran eta ere gutarra egonen haiz».

        — Nik baietz jadanik erran dizuet! Haur hori bakarrik hezi behar badut ere, ez dut mirakuilurik eginen. Nola konpontzen dira ba, Kep eta Arlen alargunak? Buruhauste bakotxak bere aterabidea».

        Begoñak bere ile gorriak astindu zituen: «Zerune, Arlen emazteak bi haur jadanik zitinan. Kepena, haurduna huen. Izarnek onhartu zinan, beste batzuek uko egin; desberdintasuna ez ahantz! Seme hori ezin baitliteke zu biena. Katryli kendu diodan eta xitagailuz salbatu dudan zerula hori osoa dun. Eraitzen badinat, klona bat, kopia bat sortuko zain! Hogoi urten buruan Katrylen bezalakoa izanen dun! Ahalge edo beldur pixkat senditzen badun, ezetz erran! Beste bati erainen diogu eta kitto!

        — Zeren ahalgea? Ahaidekeriarena? Tira, Lur planeta xaharreko Erdi Arora ez itzuli eta Preuden ipuiak haurreri utzi! Ahizpak, Berreuseko emazteek zera erabaki dute: Katrylek bai gogoz, bai gorputzez bizia merezi duela eta klonatzea balio duela. Bi mende hauetan, erori direnean baliotsuenak klonatu ditugu. Batto erortzean bestea sortu behar. Hau dugu Berreuseko legea!»

        — Ederki... zein izen emanen dion?

        — Ez, gogoan dunana ez erran! Hura ez baitun Katryl izanen. Gorputzez bai. Sortzez, aldiz, Xuripitarra. Hemengo urbideen erdian, gure harpeko etxetan hezia; legez Koboldarra, izanez Katryl bezainbat Berreustarra. Baina gure kondairaren gerokoa. Agian zoriontsuagoa!

        — Eta hi?

        — Neretzat, klona hori semea izanen dun. Katryl eta Berreusendako, bigarren xantza. Berreusek kloneri esker 6 milioi bat bizilagun din, jendea abiatzen edo erortzen denean ere bai. Eta Galaxien arteko legeek 5 milioi bizilagun baino gehiago duten herriak zaintzen dituzte. Ez Kobolek ez eta Basikek ez gaituzte nihoiz kanpora botatuko. (Zerunek nahigabeki irri egin zuen.) Hemengo gizonek balekite...»

        — Ez erran haurkeriarik: Haiek ez dinate jakin behar, Bestela erotuko lirateke».

        Zerune xutitu zen. «Hitzez aski. Noizkoa dun?»

        Begoñak ateraino lagundu zion: «Nerekin hator, laborategira. Apailatuko haut».

 

* * *

 

        Anartean, Katrylen lagunak Urbideko burura, itsas bazterrera iritsi ziren. Han zegoen Subidea, Berreuseko zibilizazioaren teknika lanetan harek zituela Sumendi Zaharretako botakinak itsasora bidatzen. Nahiz eta Basik eta Kobolen arteko muga ofiziala —Ekuadorea— hortik bost kilometrora izan, feku hartan bururatzen zen Koboldarren erresuma, sugeldozko ibaia erresumetarik kanpoan utziz.

 

                «Suzkoa da

                gure lurra

                sutan dago

                gure erresuma

                suan da

                gure lurra

                suzko ura...»

 

zioen Berreuseko kantu xahar batek. Hots, subidea zela lur berreus ofizial

        Katrylen anaiak telelemako atzol bat hunkitu zuen. Kayaka plist plast uretik airatu, subide gorri nabarrera jautsi, nagiki lerratzen hasi. Azirek argibotagailuz berehala tirokatu zuen.

        Zera izan zen: ximixt hortzadarra iheska, kurubilka, gizasilueta zitekeen sugar lirain horia zeru berdearen pean makurtu, eta kitto, dena lanoa zen jadanik, itsasora sartzean iguzki urdinaruntz igan zen ke urdin argia.

        Orduan, Xuripitik Deunargiraino dil dil, Katryl ala ez Katryl zitekeen itxaropen pindarra Zeruneren sabelean astinduz, lurrak ikara labur bat eman zuen, erdialdiondoko bildura, azken gogordura.

 

Richter 3etan.

1984ko Urtarrilan.

 

 

Biharko oroitzapenak
Mayi Pelot

Maiatz, Uhargi 4, 1985eko urria