Biharko oroitzapenak
Mayi Pelot

Maiatz, Uhargi 4, 1985eko urria

 

 

 

Txomin PEILLEN'i

bai eta ere

armiama dohaindun bati

(maltzurkeriaz)

 

 

 

 

Miren

 

        Miren 17 orenetan etxeratu zen. Akitua zen, bainan etzuen astirik galtzeko Bere atearen aintzinean gelditu zen. Begi elektronikoak ezagutu zuen; atea ixilki ideki zen Bainugelan krabelin usaineko bainu bat hartuta, zaia perde bat hautatu eta jauntzi; bere ile aztun gorriak luzaz orraztatu zituen, bai ta ere bere aurpegia kasu emanez tindatu, arrats hartan ederra ta dotorea izan nahi baitzuen.

        Bere langelako mahainean zegoen mezu iraunkorra (hyperezkozko hosto bat; beste mezuak, kutxatik kanpoan baziren, bost minuten buruan suntsitzen ziren) polliki berrirakurri zuen; gero bere zakuan sartu. Mahainaren gainean, Gorkaren potreta, hiru neurritan emana, une bat behatu zuen.

        Bizileku ta beriganeko ate-begiek bidea ideki zioten. Karrikan, espaloi mugikor urdinak geltokira eraman zuen. Han, arroltzmatiko batean sartu. Ibilgailu horrek gurpilgabeko auto bat zirudien. Lurretik 50 cmra airatzen zen. Karrika nagusi ta bide bakotxak bere arroltzmatikoak zituen, jendea karrikaz aldatuz ibilgalluz ere aldatzen zen. Bidaiak zergen medioz ordaintzen ziren. Arroltzmatiko guziak Signa-renak ziren. Miren abiatu zen.

        Etxea hiritik 20 kmrat zen. Esferiko ta urdina. Hall ubelduna. Miren ezkerreko bulegoan sartu zen. Han ile urdindun androido batek paperak luzatu zizkion. Bost minutuz bete zituen, fitxa hoietan deus ez zutela ahantzi pentsatzean.

        Gero, kafeteriara iragan zen. Hango mahain ta jarleku apalak xuriak ta era guzitakoak. Moketak urratsen abotsa itotzen, argia urdina, ta doinu ezti bat entzuten zen. Mirenek dute bat galdatu ta emeki-emeki edan zuen. Biziki ona.

        Berantago, androido arrosa-kolorezko batek bere gelara lagundu zuen, eta Mirenek ekarri zinta «girogilea» ezarri.

        Ohea eskuineko hormaren kontra zegoen. Perdea, zangogabea, biskosezkoa. Etzan zen. Logale zen. Atzol bat hunkitu zuen.

        Bat batean, logelaren lekuan, mendi perde bat agertu zen; kaiolar baten ondoan, mutiko bat txistua jotzen ari. Ardiak ere ikusten ziren. Mirenek begiak hetsi zituen.

        Urrunago, erreka baten ondoan, zakur bat jostatzen ari. Zeruetan, zeru urdinetan, arrano bat.

        Mireni bihotza, pixkanaka, gelditu zitzaion.

        Berehala ta ixilki, logela berragertu zen, eskuineko horma ideki, ohea uzkaili, gorputza erretzekora igortzeko.

 

        Egina zen Mirenen nahia.

 

        Sarreren Bulegoan, 11.gelako aroitxo gorria piztu zen. Androidak fitxak bidalgailuan sartu zituen.

        IZENA Etxegorri'tar Miren 0600536779

        BURUTIK SANOA bai ez

        HERIOTZAREN KAUSA euthanasia

        EUTHANASIAREN BAIMENA

        Dr Mello-k emanda

        EUTHANASIAREN MOTIBOA

        eritasun ezin sendatuzkoa

        ERITASUNA bularretako leproa

        ERITASUNAREN KAUSAK

        itsas bazterreko Kutsaduraren Aurkako Hormaren ondoan lan egiten zuen

        BERRIA IGOR

        662236711 Lasa'tar Gorka-ri

        EUTHANASIA legeak agindu baino lehen galdatzen dut

        HAU da nere egiazko nahia

        2040/07/26a

 

 

Biharko oroitzapenak
Mayi Pelot

Maiatz, Uhargi 4, 1985eko urria