www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azti-begia eta beste izkribu zenbait
Agosti Xaho
1834-1852

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azti-begia eta beste izkribu zenbait, Agosti Chaho (Patri Urkizuren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX

Nekazale baten kontseilua

Lapurtar laborarier, ofixialer eta langileer

 

        Nere estatuak hanitz permetitzen ez luken arren, okupatu izan naiz populu xehearen estatuaren iztudiatzeaz, izan nahiz gero ondoan gai konseilu on zonbaiten emateko, eta partikularki kanpainetako populazionea kausitzen den leze eta ilhunbe hortarik atheratzeko argien emateko. Uste izan dut orai mementoa ethorria dela.

        Badire bi gobernamendu suerte: bat, aberatsak xoilki faboratzen dituena, bertzea berriz pobreak eta aberatsak bardin begiratzen dituena.

        Gan den urtheraino aberatsek egin izan dituzte legeak, ordutik hunat populua soberano edo nausi ezarri baitu Errepublikak edo guzien bozak kondatzeak, populu guzia da deitua legeak ezartzerat, berak hautatzen dituen gizon batzuen medioz, zoinak deitzen baitire deputatuak.

        Maiatzen hamahirurean behar ditugu izendatu hamar deputatu gure departimendukotzat. Hameka egorri ginituen ganden urthean; ez dute gauza handirik egin populu xehearen alde; xoilki konserbatu dauzute gutarik bakoitxaren botza, ala aberats, ala pobre, higual kondatzeko dretxua; gainerakoan, gure alde proposatu diren legeten, hameketarik zortzi edo bederatzi kontra izan dire.

        Errepublikaren izena ikusten dugu beraz oraino, bainan hitz horrek eran nahi duenetik eta promes ematen duenetik deus ez dugu oraino ikusten Hori da plat urrezko eder bat deusik jateko barnean ez duena. Guri zaiku plat hori janari onez bethetzea, egorriz deputatutzat populu xehearen alde lege guziak ereberrituko dituzten gizonak.

        Bainan oroit ungi ez ditutzuela aberatsetan atzemanen hortako gizonak, ez hekien partetik uste izan ethorriko dela gure ona.

        Erranen dautzue bai nausiek edo burjesek aberatsetan behar ditutzuela hautatu, ontasunen konserbatzeko: bainan emazue ungi gardia gehienak kapitalistak edo dirudunak direla, eta ez dutela diruen faboretan diren legeak mudatuko. Zer abantail ethor litzaiokete, emagun Ipotekaren legea erreberriturik? Sobera da heientzat ona ipoteka, leze ikharagari hori zoinetan hainitzak baitire sartzen, guthiak atheratzen. Eta nola daiteke bertzela? Aparte uzten dugularik kontrolako, paper markatuko eta notarioko gastuak, behar du etxeko jaun ipotekan sartu batek ehuneko bortz hartzedunari pagatu, eta antzinat gobernamenduari legarak edo kontribuzioneak; eta gastu eta despendio horiek guzientzat, bere ontasun malurusak ez dio, nahi bezin bat izerdi eta nekheen ondoan, ehuneko bia eta erdi edo gorena hirur baino gehiago emanen. Segur da beraz kapitalista oraiko legekin laster beretzia ipotekaren aztaparretan sartua den ontasuna. Bai, nahi dute handiek ontasunak konserbatzea, bainan bereak, eta bethi emendatuz.

        Eta ez uste izan xoilki ipoteka dela heien faboretan; aberats gehienak intresatuak dire gauzak orai diren estatuan gelditzea.

        Ez dute nahi legarrak edo kontribuzioneak guthitzea, zeren, ezagutua den bezala jende xeheak, araberan, hainitz gehiago pagatzen baitu, eta kanbiamendu bat egitearekin, hekiek ere izanaren arabera behar bailukete pagatu.

        Ez dute nahi haurrei eskola gobernamenduak ur irik eman dezan ez eta pobrearen haurra eskolatua izan dadin aberatsena bezin ungi, zeren pretenitzen baitute nekazaleak ez duela sobera artigua izan behar. Zertako? Berek nahi duten bezala aferak egiteko, azken elekzionetan gisa, zeinetan, hirriz zaudelarik, nahi zituzten gizonak baitzaituzte sakatu; bertze aldetik, ez baitute nahi urguiluz eta abarizius horiek pobrearen semea bere semeen pare egin dadin, zeren pobren haurra eskola gabe gelditzearekin gobernamenduko eta administrazionetako plaza handizki pagatu guziak familia beretan baitire gelditzen, gure eskutan phala eta haintzurra bezala.

        Beraz, horiek guziak, eta hogoietan bat ez dut erran, ungi gogoan erabilirik, erna zaizte, eta oroit zuen zortea zuen ethorkizuna bozaren ungi emateti heldu dela. Zuen eskuetan duzue bothere guzia, elkarri juntatzen balin bazarete: Franziako populazionearen zazpitarik sei nekazalea da, zazpigarren bat baizik ez da beraz buriez aberatsa. Baina abilak dire, amarruz eta zizana txarrez betheak, ez gezur, ez kalumnia, ez mehatsu falso, deus ez zaiote ipokrit zahar horieri gostako zuen tronpatziagatik, sobra dire ungi ikhasiak Filipe azeri zahar kasatu dugun harekin.

        Presentatuko dauzkitzue zuen nausiek, hartzedunek, adixkhidek eta men baitan zerbait autoritate dutenek lizta suerte hanitz; guzieri har izkhitzue, bainan konsulta zaizte nekhazale argituekhin, zoin den hoberena jakiteko, eta ez ergel, bere intresa, bere ona ere konprenitzen ez duten batzuekin, zeinak, aberats batzuei atsegin egiteagatik, uzten baitute beren buruak erabiltzerat heiek nahi duten bezala.

        Lizta hainitz hartuagatik, nihork ez dugu jakin behar zein ematen duzuen kaxan; ez zazuela uste izan asenbladako edo bilkuiako buruzagiak bileta eskuz miratuagatik izenen irakurtzeko dretxua baduela; bakharrik miratu behar du eia bat baino gehiago ematen den, baldin frogatzen balitzaio biletak irakurtzen dituela gohorki legeaz punitua liteke.

        Baxenabarreko, Xuberoako, Baionako eta Bearnoko nekazale guziek ekhartzen dituzte bere liztetan Michel Renaud Donibane Garazikoa, Augustin Chaho Atarrazkoa, Saint-Gaudens Orteskoa, eta Saint-Guilhem Tarnoskoa, zeren horiek baitire populu xehearen ona egin behar duten gizonak.

        Esperanza dut Lapurdik ere horien exenplua segituko duela. Bainan diote hainitzek, eta partikularki zenbeit emazteki xinplek, ez ginduke egorri nahi Parisko asenbladarat gizon erlijione gaberik, eta zure konseilua segituz, bildur gintazke malhur hortan erortzea.

        Tronpatzen zaizte, nik errekomendatzen ditudan gizonek ez dute erlijionea falta bainan heien erlijionea da zuena baino argituagoa, ezen erlijionea, bertze gauzetan gisa, abusu franko bada. Hortaz kanpo, zertarat egortzen ditugu hautuko gizon horiek? Garizumaren predikatzerat, othe! Ez, nekazaleak; egortzen ditugu lege populu xeheaz intresatzen direnen egiterat, sekulako miseriarat ez gaiten izan kondenatuak.

        Eri zaiztenean gaizki, eta proposatzen dautzutenean Miriku baten ekartzea, galdetzen duzu eta miriku harrek erlijionerik baduen? Ez, zuen galdea da, eta arrazoin duzue, eia Miriku hura jakina den, eia eginen tuen bere egin ahal guziak zuen eritasunetik altxatzeko.

        Arrazoin beraz kasu huntan xoilki okupatu behar zaizte zuen deputatuen jakintasunaz eta borondateaz, bertze kestione guziak utzirik bazterrerat.

 

Ariel, 1849-IV-20

 

aurrekoa hurrengoa