www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Haur besoetakoa
Jon Mirande
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haur besoetakoa, Jon Mirande. Kriselu-Lur, 1970

 

 

aurrekoa  

AZKEN

 

        Ez zuen ihes egin. Polizien ateraino lagundu eta aske utzi zutenean —ez ordea etsearen zuzenbidea arretaz ikasi gabe— lo-gelara igan zen berehala. Lurrean belaunikatuta, burua ohe-zuraren kontra joka, Theresari oihu egiten zion: «Oi! Theresa, ziotsan, jadanik hire deia badantzut, baina hain ahula, hain ezagun-gaitza... Gaua aski luze izanen dun, ordea, eta hire botzak indar hartuko din, geroago eta areago, hire izate berriari ohitzen zatzaizkion araura... Baina engoiti dakin... otoi esaidan ba dakinala hire ondotikan natorrela, ez haudala utzi! Berriz ere jende gaiztoek ninate hiregandik berezi nahi ukan... baina aldi honetan ere ez dinate bere nahia iritxiko! Hori entzuten dun, Theresa, ene maitea, ene andregaia, ala hire belarriek ez ditinate oraindik mundu honetako hotsak harrapatzen? Oihu eginen daunat entzun nazanantzat, oihu eginen dinat hala nola pareta, eta lano, eta itsaso, eta mundu oso baten artetik entzunen bainaun eta nigan sinetsiko!...» eta bere orroez betatzen zuen etse hutsa, begitartea eskuekin estalirik, soa tapaturik arimaren begiak zabal zekizkiontzat. Horrela egon zen gautu artean... Horrela egon zen gaua jin ondoren ere, ilunpean, konorterik gabe lurrera erori arteraino... itsasotik zetorren haizeak, etsearen inguruko zuhaitzak astinduz, Izadiaren erostaka eztia entzun-erazten zuelarik gau-ilean. Eta gauaren erdian atzarri bazen gizona, zuhaitz anaiok ez zuten geroan zer ikusi zuten salatuko, gelako leihoaren aldera bere kima gorak makurtzen zituztelarik hobeki behatzekotz.

        Biharamomean goizean goizik joan zen komisariara. Ba zekien inkesta bat izanen zela bezperako gertakizunagatik, eta egun hartan bertan haren galdekatzera etorriko zirela. Inola ez zezakeen egun hartan bere askatasuna gal! Horrengatik aurrea hartu zien eta berez esan zien... jakiteko zuzena zuten guztia. Ez besterik... Atzera-galderarik gabe behatu zitzaizkion «ez-beharra» nola gertatu zen jaulkitzen zielarik. Baina, nahiz lekuko batek ikusi zuen haurra salbatu nahirik ahaleginka, ba zekien mesfida zirela. Nola ez ziratekeen... Aisa ohartuko ziren urez bezainbat alkoholez blai eginik zegoela salbatzaile ergel haiek leihorrera ekarri zutenean... eta bestalde, xede oneko jende moralzale batzuek eman zioketen, noski, Theresaren eta haren bizieraren berri... Inkesta jarrai bezate gura duten bezainbat, pentsatzen zuen amaitu zuenean, gure ezkutapenak oro ager bitzate, bai, atsegin badute, eta haien irakaskintzarako eta eraikidurarako izan bedi ikasiko duten guztia! Joatera uzten zuten ezkero... Polizi-buruzagiak eskatu bezala, zin egin zuen herrian egonen zela, haien eskumenean, gauza dena garbi arteraino. Eta ilkitzera utzi zuten.

        Ez zen bere etserantz abiatu. Ez itsasoari buruz ere. «Theresa, itxo egin, ekuru-gaitz ez izan!» esaten zion neskatoari, «Ez dadila hire botza hain hozen izan, jendeek entzunen dinate bestela, eta berriz ere gure bereztera saiatuko ditun... Theresa, barka, gure maitasunaren ezkutapenik salatu badiet ergel horiei nahi-gabetatik... Gure mendekantza duken haien jakite hori! Ala erdeinuz barkatu dien jadanik? Ala mendekuaz eta erdeinuaz bestaldean izan behar gara oraindanik?... Hiriko kaleetan gaindi ibilki horrela gora mintzo zela —bere buruarekin, uste zuen zoro bati bezala errukiz so egiten zioten pasaiariek... zoroak, hek ziren zoroak!— pintorearen etsera heldu zen. Sartu zen. Han zegoen antzelaria, haiduru noski. Ez zion hitzik esan — ez zuen esan izan beharrik: behingoan gizona hasi zen mintzatzen, eta jaulki zion beren maitasunaren historia guztia, deus isildu gabe... bere duda, eta gezur, eta ahulkerietatik batxo ere ezkutatzeke... baina bai eta Theresak nola barkatu zion ere, ez bazuen jakin besoetan gordetzen, eta nola haren begira zegoen orain Sartaldeko ur-jauregi irrikatuetan, beti haur, beti urre, beti elur izanen zen printzesa bat, loreen eta kristalezko abardun sagar-ondoen artean... Pintoreak liluraturik bezala entzuten zuen, eta azkenean, bere bien zoriona oro azaldurik joatekotz jaiki zenean, ez zion hitzegin ez deus besterik galdegin. Ba zekien orain. Etse-ateraino lagundu zuen; ez zuen besarkatu, ez zion bosteko bat ere eman, baina luzaro jarraiki zitzaizkion haren begiak, bestea itsasoaren aldera zoalarik.

        Aldi hartan ez zuten gizonaren gorputza aurkitu, Theresa ito zen gunean luzaz bilaturik ere. Ergelak! engoiti urrutira ba zeraman Theresa eraman zuen uhin gora hark berak... urrutira, haien helmenaz bestaldera, haien munduaz bestaldean dagoen Gazteen Lurrera, han, undina eta itsas-nesken artean, igurikitzen baitzuen haurrak, bere gorputz eta arima berriz bateginen eskeintza hari egitera gerturik. Beti iraunen zuen eskaintza bat... Eta barregarri iruditzen zitzaizkion xalupa horiek pintoreari itsas-bazterrean zegoelarik, zur eta metalezko ontzi horiek iratxo-antzeko gizonez kargaturik, haren bi lagun betikotz elkartuen bila zebiltzanak... Eta xalupek bere bilaketa alferrari amaia eman ziotenean azkenekotz, kostan egon zen oraindik, ez goibel, baina etsiturik, eta gogoetatzen: «Nago ulertu duten, haien etsean ibiltzen nintzelarik, zenbatetaraino begietsi izan ditudan! Lehenago ezagutu banitu, hobeki lagunduko nituen, hobeki lagunduko genion elkarri... Nago ikusten nautenetz orain, bere uharte dohatsu haietatik, eta ene bihotzean irakurtzen dutenetz...». Baina haizeak eta uhinek baizik ez zioten erantzun... ez zen haur edo gizon zoriontsu baten botza ezagun haien artetik... urrunegi ziren jadanik. Beranduegi esnatu zen... ez zuen balio itsas-bazter huts hartan luzaroago egon zedin, pentsatu zuen hats-behera batekin; hirira itzuli baino lehen, orea, azken begirada bat eman zion, isilik, iluntzen ari zen ur berdeari eta, behingoan, uretara jaurti zuen eskuinean zekarren urrezko zaldun-eraztun bat, itsasoko jainkoari oferenda. Ez zen ankerra izan biontzat.

        Hirian sartu zenean pintorea, bere bakartasunaren azta jasan-ezina zedukan. Ez zuen lagunik, ez zuen gerorik — amets bat baizik ez, gerorako laguntzat, eta amets alferra... Zer egin beahr zuen? Gizona eta haurra — eta Isabela, neskamea, gusua... ordaintz-erazi behar ahal zien oraindikbizi zirenei haien ankerkeria bi maitarien aldera? Baina nola?... Erdeinuak gehiago balio zuela ikasi zuen... Gizona eta haurra pintatuko zituen elkarren besoetan, bere oroimen amultsua gidari; haien elkar-maitatzea izan zen mirariaren historia kontatuko zuen, bere bizi guztirako gomutagarri. Huts eta hutsune bat izanen zen haren enparantzako bizi guztirako... Miraririk ez zen berriz izanen, jainkoek ez zioten hari Theresa bat emanen... beranduegi otoiztu zituen, Inolaz ere ezin sar zitekeen gaur bere etsean, bere etseko jende zintzo eta zuzenen artean! Paseianten ajolarik gabe negarrez ari zela, karrikako lehengo ostatuan sartu zen, bere amets etsigarria alkoholean itotzeko.

 

aurrekoa