www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Haur besoetakoa
Jon Mirande
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haur besoetakoa, Jon Mirande. Kriselu-Lur, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN

 

        Gau hartan ez zuen begirik itxi. Nola galduko zituen lotan haurraren irudiaz oraituz iragan zitzakeen ordu prezios hek? Hura lo zegoen noski dagoneko —hain zen gaztea eta...— baina ez zuen dudarik leku bat gorde ziola bere haur-amets garbietan. Gau-erdiko isiltasun hiztunean, gauko ilunpe izarniatuan, gogoratzen zituen gizonak alaba besoetakoaren gorputz xikiaren atal guztiak, ikusten zituen berriz ere haren aurpegi-marra finak, haren ile-motots leporaino eroria, ezti bat ahorako, urre dirdaitsu bero bat eskurako, eta haren larru malgu epela hain laztangarria; berriz ere entzuten zituen belarrietan besoetan zedukalarik neskatoak esan zizkionak oro, bere botz ikara, hukigarrian. Eta nahia oro tinkaturik hartara ematen zuen Theresak ere hura ikus zezan bere lotan, eta entzun zezan bere ametsetan hark esatera ausartu ez zitzaiona.

        Bihotza dantzan zedukan, biharamon goizean jaiki zenean. Kantatzez jantzi zen eta salara jautsi.Theresak ez zuen eskolarik egun hartan; bere aulkion eseri zen, haren haiduru. Laster etorriko ahal zen. Gosaria ekarri zion neskameari agurra otzanki bihurtu zion; edonori barkatzeko gertu zen halako arrats bati zerraikion egunean. Egia zen itzal batek iluntzen zuela haren poza, oroitzen zelarik egun hartako arrats-aldean emaztegaiarekin izan behar zuten elkar-ikustaldiaz — baina ez zituen susmo xarrak utzi nahi bihotzeko oskarbia nahastera. Jakinen zuen Isabela konbentzitzen haurra betikotz harekin egoteko zela, ezkontzak ezin alda zezakeela ezer ez. Men egin beharko zion Isabelak opariñari, berak egin zion bezela! Hasi zen tea edaten, gogoa urduri alaba besoetakoaren etorreraren begira — urduritasun alaia zen ordea... Zer izanen ziren Theresaren lehengo eleak, zer esanen zion bezperako gertatutakoaz? Esanen, deusik ez noski, baina asko adi-eraziko zion bere isilean. Ezagutzen zuen haur isila... oraindik ez gura zuen bezainbat, eiki, baina ezagutza hori gehituz joanen zen egunero, ezkutapen berriak argitara-eraziko zituen egun orok Theresaren haur-nortasunarekikoak... Irrikiz zegoen ikerkuntza hori lehen-bai-lehen hastekotz.

        Azkenekotz Theresa agertu zen. Beste goizetan bezala etorri zitzaion bekokia eskeintzera, musu bat eman ziezon aita besoetakoak. Honek susmatu zuen bezela, deus ez zion esan ohiko agurraz kanpo, baina gizona ohartu zen, haurra salan sartu zen orduko, matrailak gorrituxe zitzaizkiola eserita eta haren haiduru ikusi zuenean. Galdegin zion, begietara so eginaz: «Ongi lo egin dun, Theresa?» Orduan ere isilik egon zen haurra, baina irribarre bat egin zion epaixka aita besoetakoari, eta irribarre isil, itzurkor horrek edozein ihardespen balio zuen. Gizonak jarraitu zuen bere tea xurrupatzen neskameak gosaria zerbitzatzen ziolarik Theresari. Laster, biok gosaria hartu ondoren eta berak mahaia eraiki eta garbitu ezkero, merkatura aterako ahal zen neskamea eguneko erospenak egitera, kanpora joanen ahal zen, edonora, biok bakarrik etxean utzirik goizalde guztirako. Nork zekien noiz gertatuko zitzaien horrelako beste goiz bat, elkarrekin izateko jakile baten gabean... Geroarekiko kezkak gerorako lagatuz, betegintzarre bat izan dadila oraingo goiz hau bederen! murmurikatzen zuen gizonak, otoitz-antzean, Theresari so zegoelarik.

        Azkenean, eta ez goizikegi, atera zen neskamea. Kanpora joanik zela segurtatu ahal izan zenean, jaiki zen gizona, eta salatik ilki. Theresaren aulkiaren atzetik iragatean, haurrari ilea ferekatu zion, eztiki eta amultsuki; deus ez zion ordea esan. Bibliotekan sartu zen baina ez zuen libururik ez aldizkaririk irakurtzeko gogorik. Bere besodun jargian exeri zen, eta radioa pizturik, musikako emisio bat bilatu zuen. Musika goibel bat entzun nahi zuen, ez latin-errietakoa inola ere, Alemania edo Rusiakoa baizik; samur eta hotzena, barrurakor eta oroz-gainekoa batean, halako bat soilki zen gai haren atseginaren laguntzaile izateko. Ezer ez baitzuen bere gusturako aurkitu, radio itzali eta Schubert'en «Amaitu-gabea» ezarri zuen disko-inguratzailean. Egokiagorik ezin asma...

        Eta berehala, Theresa etorri zitzaion aldamenera, itunbe baten ondotik izan bailitzakeen — baina ez zuten ezer hitz-artu... Haren oinetara jarri zen haurra, aulki apal batean; liburu bat zedukan eskuan, eskolako liburu bat tindaz orbanduxea... Ez zuen zabaldu; isil isila entzuten zion sinfoniari — zorionez, hain gazte izaki, musikatzailea zen eta biok, gizona eta haurra, mugitzeke egoten ziren, ez zioten elkarri begiratzen ere, Franz gizajoaren doinu hits, bihotz-erdiragarriak hots egiten ziolarik arimari. Diskoa azkenekotz bukatu zenean, ez zuen beste bat ezarri. Begiak erdi itxita, uzten zuen musika jainkozko hori haren baitan are durundatzera, Theresaren hor izteaz ederrago, joriago, zentzuz zamaturikago zen musika hori. Eta haurrak, ikusirik oraindik ez zuela hitz egiteko gogorik, bere liburua iriki zuen eta hasi zen irakurtzen, ezpainak higituz zerbait ahapeka esan balu bezala — lezioren bat ikasten ari zatekeen, eta gizonak irribarre egin zuen, bere pentsamendukari jarraitzen ziolarik.

        Apur baten ondoren, galdegin zion: «Zer ikasten ari haiz, Theresa?» Haurrak, hizketarako gertu zela konturaturik, laster itxi zuen liburua eta erakutsi zion. Bihotz-mugida batekin so egin zien haur-liburuko textu eta apaingarri lau heiei... Theresaren espiritu berria, Theresaren nortasun xiki, preziosa, kulturaren ezagutza egiten ari... ikugarri eta zoragarri zitzaion asmo hori. Baina bekaizkeriak osk egin zion bihotzean, bet-betan otu zitzaiolarik arrotzak izanen zirela haurraren irakasle. Zer eskubide zedukaten heiek haren adimena formatzeko? Zergatik heiengandik ikasi behar zuen Theresak? Damu zuen sekula eskolan ezarri izan zuelakotz, berarekin gordetzeko ordez, bera egoteko ordez haren irakasle bakarra. Egiazki, ez ote lizateke solas atsegingarri bat izanen, bene-benetan bere eskuetan hartuko balu alaba besoetakoaren eskolatzeko kargu hori, haren pentsaeraren errainu bat izan ledin haurrarena. Zihurrik zegoen Theresak, —nahiz ez zen orain artean eskoliersa ona izan— bere ahaleginak oro eginen zituela hark irakatsitakoak ikasteko. Eta berak zekien guztia irakatsiko zion, eta guztia ulertzera ekarriko zuen, eskoletako programak moldatzen dituzten asto jakintsuak eskandaliza-erazterainokoan. Theresa filosofia ikasten... Theresa latin eta grekoa ikasten... Theresa hark moralari eta gizarteari buruz zituen dotrina garratzak ikasten, ulertzen, onartzen... Oro har, ez zen burutasun zoroa... Erabakitzen bazuen jakintza-gairen bat edo beste alaba besoetakoari handik aurrera berak irakatsiko ziola, aitzakia bat ba zukeen harekin bakar bakarrik egoteko, bibliotekan edo haren gelan, Isabelarekin ezkondu ondoren ere; ez zuen uste andregaiak behaztoparik ezarriko zionik, kontuz ibiltzen baziren behintzat. Aspergarri izanen zitzaizkion irakats-aldi horiek eta trankil-trankilak utziko zituen biak. Maltzurkeria xiki horrek alaiturik, irri egin zuen, eta Theresak burua eraiki zuen, igurika. Baina liburua itzuli zion gizonak, eta galdegin: «Heure lezioa ikasi al dun?». Haurra beste zerbait entzun haiduru zatekeen eta haren aurpegian agertu zen poz galdekorrak alde egin zuen, botz xiki batekin erantzuten ziolarik: «Bai, ba zekiat». Ez zekien, ordea — liburua aitzakia bezala baizik ez zukeen hartu; eta gizonak esetsi zion zorrotz samar: Ez haiz langile, Theresa, deus ez dun ikasten, deusik! baina haren begietako barreak gezurtatzen zuen zorroztasun hori. Jarraitu zuen hala ere: «Bai, Theresa, merezi huke zigor henzadan, haur alfer bat baizik ez baihaiz, baina...». Theresa zigortuko? Inoiz ez zuen egin, inoiz ez zitzaion gogoratu ere egitea! Gaixo Theresa, pentsatzen zuen, ni baitan irakur ahal baheza ez hintzateke ene beldur, hire begiek ez lieukedanate ene bihotz-min gozoa den haur-izu urragarri hori erakutsiko... Ez zuen joko, ez, edo-ta, sekula egiten bazuen, haren negar gazien eztitasuna dastatzeagatik izanen zen bakarrik, bera izan zekiontzat gero kontsolagarria! Eta amaitu zuen bere esana: «baina ba dakin: ez haudala eginen, ez da?» eta Theresaren begiak, hezerik agiri zirenak, idortu ziren behingoan, gizonak zutit-erazten eta beso bat gerri-inguruan ezartzen ziolarik. Bere gorputzari kontra estuturik, eta musuak ereinaz haren ile argietan, esan zion: «Lan egin dezanan nahi dinat ordea, andere bat oso eskolatua izan hadin nahi dinat, enekin egon behar bahaiz». Bai, hala izanen zela, hala eginen zuela zin egiten zion Theresak — zernahi eginen zuen etsean egoteagatik! «Eta hemendik aurrera, jarraitu zuen, neronek eskolatuko haut. Nahi dun?». Nola ez zuen nahi izanen... «Baina zer nahi dun irakats diezanadan? Esaidan». Haurrak ez zekien, baina irriz esan zion: «Nik ba zekinat zer irakatsiko daunadan: latina...» eta gaineratu zuen, Theresaren belarrira ahapeka: «Latinak ba din alde on bat: Isabelak higuin din, nahiz ez duen hik baino gehiago susmatzen zen den ere. Eta biok bakarrik utziko gaitin noski, hartan ihardukiko dugularik!» Haurrak ere irri egin zuen, pozarren — zihur zen latina horrengatik ikasi nahi izanen zuela.

        Ez zuten beste eskola aipurik izan. Minutak eta orduak aurrera zihoazkien, laster neskamea merkatutik itzuliko zen, bazkaltzeko tenorea izanen zuten sarri, eta bazkal-ondoan... Gizonaren gogoa goibeltzen hasten zen, pentsatzen zuelarik orduan andregaia etorriko zitzaiola eta beharko zuela arrats-aldea harekin iragan, haurra utzirik. Zergatik emakumearen oroipenak behar izan zuen hain betegina, hain akats-gabekoa zen ereti hori ilundu eta eragabetu, ziotsan bihotzak erasiaka, begiratzen ziolarik alaba besoetakoari haren aldamenean zutik, aurpegi polita oro alai, gerri meharra haren besoan malgurturik landare gazte bat izan bailitzakeen.

        Baina Theresa ere Isabelaren etorri-beharraz gogoratzen zen, eta eguerdiko hamabiak hurbiltzen ari ziren araura, haren alaitasuna itzaliz zoan, begiak seriotzen zitzaizkion, eta noizetik noizera so egiten zion luzaro gizonari, eia bere hitza gordeko zuenetz galdegiteko bezala. Isilik egon ziren biak bazkal-artean, neskameak merkatuko berriak kondatzen zizkiolarik etseko jaunari. Zer ajola zitzaizkion... Zertarako bakezko azken minuta horiek nahastu nahi zizkien atso zantarrak... Baina, haren isiltasun mutiriari kasi eman gabe, eta atsegin sadiko batekin bezala, hitz-jarioa sekula baino haundiago zuen hitz-ontzi gaizkindu hark! Oro pozkario eta irribarre zen, beste bien goibeltasuna gehituz zoalarik. Ba zekien gizonak Isabelaren etorrerak ziola bihotza alaitzen emakume zaharrari. Ezkontzari buruzko antolamendu batzu egitera zetorren noski, eta bere biziko gertakizun bati bezala begiratzen zion neskameak ezkontza zoritxarreko horri. Haur-danik ezagutu eta zerbitzatu zuen ugazaba bere-gisako hura, azkenekotz beste gizonak bezala egitera gertu zela, gogoa betatzen zion otsein zindoari — beharbada, uste zukeen bere otoitzei esker izanen zirela ezteiok... «Bere gisara atxikia zait, bai, esan zuen leialki gizonak bere baitan, irudi zaio noski seme bat bezela maite nauela, eta hala ere, haren maitakeria horrek ez du nire ardurarik; nigan ezarri dituen itxaropenak betatzearren, onartuko du betiko zorigaitzean bizi nadin, eta ene zorionerako bidean sartzeko aski bihoztoi banintz, lehengoa lizateke ene gaitzesteko, enekin egon den urte guztiak-gatik, enetzat egin dituenak orogatik eta guztiz ere. Zer ergelkeria samina jendeekilakoa».

        Hiru orduak irian Isabela etorri zenean, gizona bere zoriari amore emanik zegoen. Hala-beharrak eskatzen zuen ezkero... Isabela itzur ez zitekeen gaitza zen ezkero... Gaitz hori gaitz-erdi baizik gerta ez zedintzat ordea, bederen behar zituen aleginak oro egin Theresa heiekin bizitzea onar ziezola andregaiak. Ahal bezain laster mintzatuko zitzaion hauzi horretaz, eta ez zuen horretan amore emanen, zer nahi esanik ere Isabelak.

        Anderea agertu orduko, bere gelara joan zen Theresa laburzki agurtu ondoren, biak utzirik sala haundian. Isabela ez zen noski haurraren esker gaiztoaz konturatu? Gizonak begiratzen zion emaztegaiari, ezpainetara zetorkion nazka ezin ezkutatuz. Hala ere, bere buruari aitortu behar zion emakume polita zela... Esku ona izan zuela aukeratu zuelarik esaten zuketen haren adiskideek — adiskiderik baldin bazuen oraindik. Hori zitzaion mingarrien. Berak eta bere oguz zuen aukeratu, orain urtebete edo zela — Theresa haren etsean sartu baino askoz, askoz lehenago. Ohaidetzat izan nahi zuen —oi! sensualitatearen ergela... Baina polita zen, naiko aberatsa, eta senitarte onekoa; eta behin, zoritxarreko gau batean, ezkontzeko hitza eman zioten elkarri... Berak hala nahi zuen, berak zituen lehengo urratsak egin bere zoritxarrerako bidean— eta zaldun batek ezin dezake bere hitza atzera har, emakume bati badio ere eman. Ala bai?

        Ilea harro, begien ñirñira dirdaitsuegi, bularra jori, Isabela ez zen noski etorri ezkontzarako azken antolamenduez hitz egiteko soilki... Begiratzen ziolarik, zakur-eme bat orkara gogora-erazten zion senargaiari eta, nardaz beterik, soa inguratu zuen haren aldetik. Baina inondik ere ezin ziezakeon bere higuina erakuts irrikatzen zuena lortu nahi bazuen; zenbat kosta ere, sekula baino amultsuago agertu behar zitzaion gaur andregaiari, eta horrengatik, ahal zuen bezain otzanki erantzuten zion, Isabelak herriko esa-mesak kontatzen zizkiolarik, edo ajola-gabeturik uzten zuen baten edo besteren berri ematen ziolarik, edo-ta ezteietarako egin erazi zuen jantziarekiko albiristea jaulkitzen... Hain pairu haundikoa izan zitekeenik ez zuen esperantza, baina, zion bere baitan, ez-jakin noiz artera iraunen dautan, horrela luzaz jarraitzen badu eme ergel horrek!... Eta beraren hipokrisia hasten zitzaion barruan ausiki egiten ere... Beste biderik ez zegoen ordea.

        Madarikatzen zuen Isabela ezagutu zuen aspaldiko egun hura, orain urtebete zela. Urtea ezagutzen zuela, bai, baina lehenbiziko gaua goizera heldu gabe ba zekien ez zuela harekin egon behar, ezin zitekeela neska apain dotore, adimen huts eta modari jarraitzaile harekin bizi izan. Susmo bat baizik ez zen, haren arimak zuen irriki bakarra, irriki mingarri, gozo eta herriminezko hura oraindik oharkabean baitzedukan... Baina arimari jakin izan balu nola galdegin, bere zorionerako, inoiz ez zen noski abiatu izan zen bidetik hasiko. Inoiz ez zen Isabelarik izanen. Bere gurasoak galdu ondoren itsas-bazterreko etxe zahar hartan hasi zenean bakarrik bizitzen, uko egin behar zion ordura artean ezagutu zuen mundu irudikor, azal-utsezko eta aspergarriari; jendeekilakoa utzita, bere bakartasunean iguriki behar zuen zeruak edo zoriak eskainiko zion abagunea —eta delako abagunerik sekula ez ba litzaio gertatu, hobe izanen zen bere heriotzaraino, edo bere buruaz beste eginen zuen eguneraino, bere amets gurenarekin bizi izan balitz, santutasunaren bila dabilen eremutar bat irudi. Koldar izan zen ordea, ez baitzion munduari uko egin nahi izan, bide erreza aukeratu zuen— zergatik, harren, zertarako? nahimenaren xarraz ala bihotzaren onegiaz, besteak-gatik ala bere buruaren bakerako? —eta abagunea etorri zenean, beranduegi zen; lotua zegoen dagoneko. Ez! beranduegi ez zen oraindik... andregaiari kanpoa eman behar zion Theresa haren etsean sartu zen egunetik, lehen sotik susmatu baitzuen gerorakoa, lehen alditik esan baitzion bihotzak... Baina oi! aste bat baino gehiago, lehengo gaua baino gehiago, zergatik egon ote zen Isabelarekin? Sensualitate izendun or-eme higuingarria izan zen kausa... Alabaina, oraindik agrada zitzaion orduan emakumearen gorputza, ez zituen haren gogoa eta bihotza baizik erdeinatzen... Edo bederen, uste zuen oraindik Isabela baten haragi mardul eta beroak emanen ziola haren etsipen isilak eskatzen zuen mozkorraldia. Ustekeriaren huskeria! ez al zekien vodkak, oro har, hobeki lausotuko ziola arimaren min sendatu ezina— eta beste sorgor-emaleak ere baziren, orain artean dastatu gaberik utzi izan zituenak. Edozer onargarriago izanen zen Isabela bat baino.

        Orain emaztegaiari begira zegoelarik, errukirik gabe ohartuz haren larruaren zimurtxo bakoitzari, haren begi-petako beltzari, haren irri-egite inozoari, gehiago ez zuen ulertzen zergatik gau bakar bat ere galdu zuen sekulan, gorputz ikol horretatik atsegin apur bat atera nahirik; haren haragiak ahazturik zuen inoiz beste haragi horrek eman zion ikara, eta harekiko solas higuingarria berriz ere hasi beharrak izotzez betatzen zituen haren zainak oro. Baina ez zuen itzurbiderik... eta Isabela deus esatera ausartu gabe lotu zitzaionean, utzi zuen ahoa berean har ziezon, nahiz haren izate guztia bihurtzen zen laztan horren pean. Zorionez anderea ez zen konturatu atzekaldera hasi zuen higikundeaz...

        Inor besterik ez zen ezagun etse guztian. Nora joanik ote zen haurra? Karrikara agian, eskolako lagun batzuengana, edo parkeko zuhaitzen artean zegoen bakarrik paseiatzen gaixoa... Neskamea ere ilkia zen. Halaz ere, ez zen egon nahi izan andregaiarekin goizaldea Theresarekin iragan zuen lekuan, ez inork atzemanen zituelakoan noski, baina profanatze bat izanen zelako; eta Isabelaren musuak ausartuago eta gosetuago egin zirenean, isilik bere lo-gelara eraman zuen. Andereak ez zukeen horrelakorik itxaroten eta esker onezko begirada heze bat eman zion — zakur batena irudi norbaitek otapur bat botatzen dionean, pentsatu zuen sorbaldak eraikiz.

        Isabelak ba zekikeen edanari emana zela, sekula ez baitzuen nekerik hartu bere joera «makurrak» inori ezkutatzekotz — bat ezik... Halarik ere begitartea zapuztu zitzaion senargaiak, atea itxi ta giltzatu ondoren, beste edozer baino lehen liburutegi baten barrutik pattar-botila bat hartu eta botilatik bertatik xurrut egin zuenean. Zergatik manerarik egin eme horren aurrean bere neskamearen aurrean egiten ez bazuen, ez ziren bata bestea baino ohoragarriago noski! Aski esker haundia egiten zion Isabelari bere burua salduz; amaiturik zeuden harekiko zaldunkeriak oro. Baina Isabelak ez zuen hitzik esan — nahiz iruditu zitzaion gizonari erdeinu bezalako zerbait erakutsi zuela haren aurpegiak; ala oker ote zegoen? Erdeinua erdeinuaren truk, kito gara... pentsatu zuen irribarre batekin, alkoholaren su ona haren gorputz guztian zabaltzen hasten zelarik. Su horrek, ordea, ezin urteraz zezakeen haren izotza. Beharrik Isabela ez da ezertzaz konturako, eskatzen zion Zoriari, amore eman diezadan Theresaren geroaren gainean. Edatetik landa, zigarrillo bat piztu zuen, lasaiki, andregaiari agintzen ziolarik soinekoak erantz zitzan. Pozik men egin zion emakumeak.

        Ba zekien Isabelaren gorputz osoa biluzik ikusteak haren erdeinua, haren narda gehituko, ugarituko zituela ezinagoan, eta horixe zuen nahi. Begiak higuinez bazkatzen zituen andre gazteari begira bere larrugorrian, higuinez eta gorrotoz. Eta pentsatzea behin Theresa ere horrela bihurtuko zela, haur baten gorpu mendre, bere ahultasunean hain hunkigarria zenaren ordez, neska baten gorputz betegina eskainiko zuela haren soari, maitari basati eta arronten atseginetarako baizik egoki ez lizatekeena!... Are gorrotagarriago zitzaion Isabela, haurra geroan zer bilakatuko zen irudimenera zekarkiolako, eta eme-gorputz hori zigorrez eta ugalez zehatzeko nahikari bat ezin garaituzkoa senditzen zuen bere zainetan, zilar-bizizko uhin hotz bat bezala. Behin eginen al zuen. Orain aldiz, berak zuen gorputz ezain horren men-peko izan behar... Bere jantzia soinean gorde zuen, bainan zigarrilloa patxadan itzali eta punta hauts-ontzian lehertu ondoren, joan zen ohean etzatera, Isabelaren ondoan.

        Alkoholaren gain Isabelak ezarriko al zuen haren gorputzaren sorgortasuna... Begiak selauara jasorik, uzten zuen emakume irritsua haragi zainildua laztan ziezon, bere buruari gogor eginaz andregaia saietsera ez bultzatzekotz. Goragale bat zuen. Isabelari zerion usain okaztagarria ahora zetorkion, haren biloetatik, haren besapetik, haren sabeletik gorpu hil baten usaina izan bailitzakeen. Eta egian zen hilik zegoela eme-gorputz hori, harentzat bederen, besteen artasun epelak desiragarri aurkitzen bazuten ere. Gogoratzen zitzaion nonbait irakurri izan zuen izu-ipuin bat... nola senar jeloskor batek bere emaztea hil eta honen ohaidea zurrunari bizirik esegi zuen, bekatuzki maite izan zuen haragiaren ustelduraz asebetetzeraino goza zedintzat. Hura ere epaiturik zegoen halako zurrun bati loturik bizi izatera handik aurrera. Baina ez gaur, harren, ez gaur! oihutzen zuen haren etsipenak... Ba zekusan Isabelak ez zela beste aldietan bezala; apur baten buruan utzi zuen eta, besoa haren lepoan emanaz, haren eskua bere sabelari kontra atxikiz, so egin zion zerbait galdetu nahi izan balio bezela. Eskerrik asko emeari, azkenekotz utzi baitzuen! Aske zuen eskuaz xukatu zuen bekokitik isurtzen zitzaion izerdia. Ikara zen. Egar-su zuen. Jaikitzera zoan garbitokira joateko godalet bat ur bila, baina Isabelak, aginduki, ez zedin mugi esan zion ahapeka. «Zer da?» galdegin zuen estonaturik. Isilik egoteko keinu bat eginaz, ohetik jautsi zen andere gaztea, gelako jantzi bat —gizonarena— soinean ezarri zuen berehala eta atera joan zen oin-puntetan. Beha egon zen hor, hotsik egiteke. Gizona ere jaiki zen, kezkaturik, eta Isabelaren ondora joan. Behingoan andereak giltza ingura eta atea ireki zuen: xiki, zurbil, goibelik, hor zegoen Theresa, kordoka jarririk atea ustekabean ireki ziotelako. «Zer ari haiz?» galdetu zion Isabelak, hasarreturik, besotik garrazki astintzen zuelarik — eta andregaia hiltzeko gogoa etorri zitzaion gizonari, hori egin zuelakotz. «Hoa hemendik hoa kanpora!» jarraitzen zuen Isabelak, eta bultzakada bat eman zion haurrari eskallerari buruz. Negarra begian zuela korrika joan zen Theresa, Isabelak bortizki atea ixten zuelarik. Ez zen berriz ohean etzan baina, haren ertzean jarririk, zigarrillo bat piztu zuen hasarrez oraindik ikara zituen eskuekin. Gizona haren erasiaren haiduru zen, itxaropen oro galdurik sekula bere nahira erakarri ahal izanen zuela orain. Ez zuen luzaro iguriki. «Zergatik alaba besoetako hori heure etxean hartu duk?» hasten zen Isabela, «haur ergel, muker eta biziotsu bat baizik ez duk... pentsatzea gure zelatan egon dela hor, ate-atzean, gelan sartzen ikusi gaituenetik... Zergatik ez duk ezer esaten, ala barkatzen dizkiok bere manera horiek?».

        —«Zer nahi dun esan diezanadan?» erantzun zion, bere buruari oraindik gogor eginaz egonarria gordetzearren.

        —«Deus ere, deus ere, hain barkaor haizen ezkero; baina bihur izan nahi nauk gaurdanik neurriak hartuko dituala gu ezkondu eta ahal bezain denbora gutiren barru hemendik joan dadin».

        —«Eta non ezarriko dut?».

        —«Nahi duan lekuan, eni berdin ziaidak nigandik urruti dagoen ber. Ba dituk etse bereziak Theresa bezalako umezurtzentzat; ez duk han gaizkiago izanen, eta ni, askoz hobeki izanen nauk hura gabe!».

        Eskerrik aunitz, eskerrik aunitz ene balizkako jainkoari! pentsatzen zuen gizonak Isabelaren hasarre-aldi horren aurrean. Azkenekotz, azkenekotz hark berak ematen zizkion bere burua askatzeko zio bat eta bide bat. Ahal zuen bezain lasaiki galdegin zion: «Eta ez badut nahi Theresa joan dadin?».

        Harriturik begiratu zion Isabelak, itxaroten ez zuen ukatzen horri ez-jakin zer erantzun. Baina laster bere baitaratuz, botatu zion aurpegira: «Nahi izan beharko duk. Edo Theresak etse honetatik alde eginen dik ahalik eta lasterren, edo ni nauk hemen ez sartuko! Heurorrek aukera ezak».

        Eskerrik aunitz, bai edonori edo edozeri, azkenean mendekantzaren momentoa etorri zitzaiolakotz. Emakumearengana senditzen zuen gorroto eta erdeinu guztia bere mintzoan jarriz, esan zion, ez-ajolatuarena eginaz: «Aukera aisa dinat: Theresa hemen egonen dun, eta hi, joan haiteke berehala». Ezti bat izan balitz bezala jakitzen zituen Isabelaren begitartean agiri ziren harridura, gorroto indargea, lotsa, bai eta bihotz-mina ere. Bakoitzak bere aldi bihotz-min izateko! Theresa gaixoaren aurpegia negarrez eragabeturik bere begien aurrean berriro zekusanean, ez zuen batere errukirik nabaitzen haren ohean eserita zegoen emakume hasarretu eta lotsatu harentzat... Bitartean Isabelak bere espiritua bildu zuen ordea, eta egotzi zion: «Zorotua hago ala? Uste al duk hori onartuko dudanik, ezkontzeko hitza emana dautaanean? Jendeek zer esanen lukete orain ezteiak autsiko balira?» Bai, beti jendearen esana garrantzikoena Isabela bezelakoentzako... Poz gaizto batekin haren mintzoaren ihakina egin zuen: Jendeek zer esanen lukete?» eta jarraitu zuen ankerki: «Irri ederrik eginen dinate noski hire lepotik, gaixoa, batez ere ezkontza zergatik hautsi den egiazko zioa jakiten badute! Hi bezalako eme eder bat bere alorrean hamaika urteko neskato batek garaiturik izatea... ez dun paper ona jokatu komedia horretan!».

        Isabelak ez zuen gudua oraindik galdutzat eman nahi. Gizona atzera irabazi beharrez, beste bide batetik saiatu zen. Negar beroak zerizkiola murmurikatu zion: «Baina hire andregaia nauk, maite haut! Hik ere maite ninduala hion... Ezin egotz nazakek horrela, otoi ez dezaala egin! Barka iezadak esan dauadana gaitzitu bazaik. Nahi baduk, Theresa gurekin egonen duk orobat ziaidak hirekin ezkontzen naizen ezkero...».

        «Jainko onak makurretik zain nazala! hi bezalako emazte bat izatetik alegia» ihardetsi zion Isabelaren otoitzari. Gehiegi zatekeen... Odol-otz guztia galdurik, eskumuturrak borobilduz, andregai izandakoak garraisia egin zion: «Urdea!» baina barrez hartu zuen orain hori.

        —«Bai, urde bat haiz hi, eta hire alaba besoetako bikaina...».

        —«Isabela, kontuz!» esan zion mehatxuz, eseri zen kadiratik zutitzen zelarik. Bainan besteak, zuhurtzia oro utzirik, jarraitu zuen:

        —«Bai, ba duk aspaldi ohartu natzaiola zuen elkarrekilakoari... hala ere ez nien sinetsiko horretara helduko hintzela, jende guztien irri-gai eta hire etsekoen lotsa-gai izatera, urdanga xiki hori dela kausa!».

        Jauzi batez haren gainean izan zen. Hitz batxo emakume hamorratuari esan gabe, belar-ondoko bat eman zion matrailatik behera, hala ukaldiaren indarraz haren buruak paretari kontra eman zuen; eta orroaka hasi zen Isabela mina, lotsa eta hasarreagatik. Baina ez zion kasu egiten haren zaratari... berriz ere beste belar-ondoko bat eman zion, eta oraindik beste bat... Isabela hasi zen sudurretik odol isurtzen. Zurratuz hilen zuen gizonak, bet-betan gogorapen izugarri bat otu ez balitzaio. Non zegoen Theresa, nora joan zen ihes Isabelak hain garrazki ezetsi zionean? Etsiturik, lotsaz hilik, pentsa zertara gertu zatekeen neskato gaixoa... eta barruko kezka hilgarriak zeragiola, gelatik atera zen lasterka so bakar bat emateke ohe-gainean intzirika, gorputza umeldurik eta aurpegia odoletan zetzan emakumeari. Eskalleran gurutzatu zen iskanbilak izuturik goiti zetorren neskamearekin — ez zuen uste kanpotik sartua zenik eta haien liskarra entzun behar zuenik, baina ez zuen ardurarik... Haren aldamenetik iragatean, galdegin zion mokorki: «Ba al dakin non den Theresa?». Neskameak bihotz-gainean zedukana esatera zoan, baina gizonaren begietan erretzen zuen su basaren beldur izan zen noski, eta erantzun zion: «Parkean barrura ikusi dizut joaten...». Parkeak itsasorako bidera ematen zuen. Zoro bat bezala lasterka abiatu zen alde hartara. Bidera heldu baino lehentxeago, ordea, ezinagoko poz bat hartu zuen haren bihotzak ezen, ez urruti, haur baten negarrak ezagun ziren. Parkearen azkenean, bideari hurbil, oholezko etxola bat zegoen, han, eguraldi xarretan, egoten baitziren sarri bera eta alaba besoetakoa, amets egiten edo irakurtzen, edo bazterrei so. Aterik ez zedukan delako etxolak, eta aitzinera heltzean ikusi zuen Theresa barruan, lurrean eserita, aurpegitxoa eskuekin estalirik, negar-zotinka. Hurbildu zitzaion eta haren ondoan jarri zen, amultsuki ziotsalarik: «Theresa! ni naun, ez negarrik egin...» eta nahi zion begitartea estalgabetu eta besoa lepo-inguruan ezarri. Baina haurra bihurtu zen eta esan zion mutiri: «Utzi nazak!» Bortxaz kendu zizkion eskuak aurpegiaren gainetik eta begietara so egiten ziola mintzatu zitzaion berriz ere: «Ni naun, Theresa barka iezadan pena egin badaunat» eta haurra beti ere etsai zitzaiolako bihotza erdibiturik eta haren aldera inguratu nahi ez zela ikusirik, belarrira murmurikatu zion: «Isabela joana dun, inoiz ez dun itzuliko!» Aldi honetan Theresak burua eraiki zuen, haren begiak oraindik mesfidakor ziren, baina itxaropen-leinuru bat hasi zen haietan argitzen — argi hori eguzkia baino berogarriago izan zitzaion gizonaren bihotzari. Jarraitu zuen: «Bai Isabela gaiztoa joan dun betiko, eta hi beti enekin egonen haiz, biok bakarrik beti» eta bezperan bezala musu bat eman zion begietara. Orduan Theresak sinetsi zuen; haren negarra ez zen atertu, baina zorioneko malkoak isurtzen zituen orain, bihotz beteegia laxatzen zutenak, eta gizonak besoetan hartu zuenean etsera eramateko, burua tinkatu zuen harenaren kontra eta azkenekotz, gau ilunean agiri den artizarra, irribarren bat egin zion bere negarren artetik, eta eskua iragan zion laztanduz biloetan, aita besoeteakoak berari egin ohi zion antzera.

        Isabela egiaz joanik zen. Neskamea baizik ez zuten aurkitu etsean; oraindik nagusiaren hasarrearen beldur baitzatekeen, ezer ez zien esan, baina begirada gaizto bat eman zien biei eta sukaldean sartu zen berehala, haiekin agitu nahi izan ez balitz bezala... izurrite batek joak izan balira bezala. Hainbat hobe, pentsatzen zuen etseko jaunak, erasiak biharko uzten baditu, orduko ba duket ihardespen bat gerturik! Theresa besoetan ohera eraman zuen. Ohean eratzan eta, amultsuki laztandu zizkion oraindik gorri eta bero zeduzkan matrailak, eta hitz kontsolagarriak esaten zizkion ahapetik. Baina kontsolaturik zegoen jadanik... Ereti baten buruan, gorputz eta gogoaren nekadura, edo aita besoetakoaren laztan arinak zio zirela, lokartu zen Theresa. Gizona oin-puntetan atera zen gelatik... gau hartan ez zen itzuliko, lo egin bear baitzuen Theresa gaixoak. Baina orain ba zekien segurtasunekin gau guztian haurraren ametsetan egonen zela, haren amets erneetan haurra zegoen bezala. Gau hartan ere ez zuen lorik egin.

 

aurrekoa hurrengoa