www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Haur besoetakoa
Jon Mirande
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haur besoetakoa, Jon Mirande. Kriselu-Lur, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN

 

        Biharamon goizean Theresa jaiki zen usatu bezala, eskolara joateko. Susmatzen zukeen haurrak besteak ez bezalako egun bat izanen zela hura, haren geroaren erabakitzaile... Baina, zer itxaron zuen ere, aita besoetakoak agurtu zuen ohi zuenaz, musu arin bat bekokian emanaz, eta ezer ez zion esan biak gosaltzen ari ziren artean. Eta gero, gosaria janik izan zuenean, eskolara utzi zuen joatera beste egunetan bezala, nahiz harako gogorik guti zedukan ausaz neskatoak. Damu zuen joatera utzi zuelakotz — arrats-aldean ordea...

        Bakarrik egon zenean hasi zen sakonki pentsamendukatzen eia zer neurriak hartu behar zituen ordutik aurrera Theresak eta elkarrekin eramanen zuten bizitzaldi berria ondore oneko izan zekientzat ikusgune orotatik. Oraindik ez zuen erabaki haurra eskolan utziko zuenetz, ala beti etsean berarekin gordeko zuenetz, bera izaki haren irakasle, haren maisu, haren agintari bakarra. Hala eginaz, neskamearengandik ere askatu ahal izanen zen, Theresa xikia bailuke zerbitzaritzat — eta neskatoaren laguntzarekin ezagutu nahi zituen poz bakan guztiez merezi zuten bezala gozatzekotz, eragozpenik eta gibel-asmorik ezean, askatasun oso bat behar zuen inor jakile gabe, inor so egile gabe... Beharbada, herritik kanpora joan beharko zuten ere. Baina Isabela izan zen elorria bere haragitik kendu ahal izan zuen ezkero, beste zer guztiak errezak izanen ziren, astia ba zuen erabakitzekotz. Dena dela, pentsatzen zuen, haurra eskolara joatera uzten bazuen hasieran, bizitza berriarekiko problema behinenak zuzendu artean, bere eskumenean edukiko zuen beti; eskolatik kanpo ez zuen Theresak aita besoetakoaz beste inor ikusiko, ez bere adineko lagunik, are gutiago jende adinekorik, irakasle ala ahaide ala beste nor-nahi... Isabelaren gogorapenak bezperako gertakizunak berpiztu zizkion: eme gaitzetsi haren hasarre-aldia ba zekusan berriz, haren humilazioa, haren oinazea biluzik eta odoldurik ohe-gainean zetzalarik — eta atsegin gozo batek betatzen zion bihotza oroitzen ari zelarik. Gero Theresa ikusten zuen, ihes, negarra zeriola, bere haur-etsipen ezin kontsolatuari osoki emana, parke iluneko bide-zigorretan zeihar — eta orduan ezagutu zuen bildur izugarria gogoratuz, berriz ere latz bat bizkar-ezurrean iragaten zitzaion — eta azkenekotz bere poza parkeko etxolan haurra atzeman zuelarik, bere poz ero bazterrik gabekoa... Baina Theresa, oihu egiten zion bere bihotzean, ez al hekien, itsasoari buruz hindoalarik, hire eta emakumearen artean hi hindudala hautetsiko? Berak ere ordea sinetsiko al zuen, aurreko goizean bertan, horretarako aski bihoztoi izanen zenik? Eta azkenaz beste, hain errazki jazo zen guztia non beldur berri bat hasten baitzitzaion bihotzari ausikika... Lortu zuen zorionak ezin iraun zezakeela, egin zuen ametsa ezin bihur zitekeela egia. Besteek ez zioten zorion hauskor hori hautsi gaberik utziko, edozein bidez eragotziko zioten — ahal ba zuten behintzat. Eta bera baino askoz indartsuago ziren besteok, askoz trebeago, askoz erruki-gabekoago bere nahia lortzekotz! Bai bera baino askoz ankerrago ziren, on eta zuzen horiek, lagun hurkoari min egiteko jakintzan, Ontasunaren eta Zuzentzaren izenean. Bere moralkeria buztinezko oinak dituena zutik gordetzearren, gudu eginen zieten noski Theresari eta berari. Baina ez zuen amore emanen. Ez zuten amore emanen. Legeak estudiatuko zituen, jakiteko zer ziren haurraren gainean uzten zizkioten eskubideak. Hobeki, lege-gizon baten aholkua eskatuko zuen — baina zeini ausartuko zen bere ezkutapena salatzera? Zer nahi izanik, gogor eginen zuen azkeneraino. Bezperan, Isabela hiltzera gertu izan zen; eta hala-beharrez, bera ere errukirik gabe oldartuko zitzaion bere zorionaren edozein etsaiari.

        Gogoeta horiek zerabilzkien sutondoko zitzailuan eserita, kontu eman gabe begiratzen ziolarik mahaia eraikitzen ari zen neskame zaharrari. Baina horrekin ere mintzatuko zen egoki zen eran...

        Isabelak ez zion areago bidea eragozten... hala ere, perilgarri baita beti emakume iraindu bat, lehen baino lehen neurriak hartu behar zituen andregai izandakok ez lezan denborarik ez aldirik izan nahaspilen bat sortzekotz. Beharbada, egun hartan bertan ikustera etorriko zitzaion berriz ere lotsa gabeko hura, haren erabakiak nola ere baita galerazi beharrez. Ez zuen ikusi nahi! Eskutitz bat egin zion, motza, haientzat bientzat atzera joaterik ezin zitekeela izan azalduz; beste azalpenik ez zion ematen, ez eta jo zuelako desenkusarik egiten. Eskutitza bukatzerakoan, hitz iraingarri zerbait ezartzera zen, bezperan bezain bizi baitziren oraindik anderearen eretzean nabaitzen zituen gorrotoa eta erdeinua, baina hobeki pentsatu eta, deus ez zion esan: ez zuen balio lo zen hura iratzar zezan — lo bazen bederen... Gero, bere ahaide eta ezagun batzuei idatzi zien —ondikotz ez zuen sekretari bat lan aspergarri hori haren gain uztekotz— laburzki esanaz ezkontza-xedea hautsi zuela; ez zuen ziorik ematen, baina gaineratzen zuen hobe zela momentoko inork ez lekion jin ikustera, bakantzaz joatekotan baitzegoen. Ez zuen oraindik joateko asmorik —zertarako bada, bakantzetan zegoen jadanik Theresa berarekin zuen ezkero— baina bakea ba zukeen horrela besterengandik. Azkenean, neskamearen aldi... Bakan egin ohi zuena, xilinaz dei egin zion sukaldera, eta agertu zenean salan, mutiri, eskerra gaizto, hala ere estonamendu piska bat erakutsiz, agindu zion: «Edonor baldin badator —edonor, zionat— esaion ez naizela etsean, edo gaixorik naizela eta ezin ikus dezakedala, edo hil naizela, nahi dunana...» eta otseina, sorbaldak den mendren eraikiz alde egitera zoalarik, gaineratu zuen: «Eta aizan! hemendik aurrera ez dinat hire erasiarik entzun ez hire mukertasunik nabaitu gogo, ez ene, ez Theresaren aldera... eta orain danik hobe dun gogoan hartu Theresa hire ugazabandre dela, ni hire ugazaba naizen bezelaxe: ikas ezan harren haren esana egiten enea eginen dunan bezain artoski. Orain joan haiteke» eta hari begiratu gabe liburu bat hartu zuen eta irakurtzen zuelakoa egin. Harridurarekin mututurik, neskamea itzuli zen bere sukaldera.

        Hura itzali baiko liburua utzi zuen eta hasi zen berriz ere gogoetatzen. Theresaren etorreraren erpai haiduru zegoen. Arrats-aldean, ez zen haurra eskolara joanen... berarekin gordeko zuen. Oraindik ez zen ausartzen eguna eta arratsa nola igaroko zituzten erabakitzera. Bere bizitza berriaren seinale eta zigilutzat, arimazko komunio batean haurrarekin gelditzeko ba zuen nahikundea, baina oi! egun bat eta erdi ba ziren dagoneko alaba besoetakoari gauazko ikustaldirik ez ziola egin, hogei eta hamasei ordubete haren gorputxoa ikusi gaberik zegoela, eta herriminaren antzora, ziztatzen zion bihotza gabetasun horrek. Errazki ikasiko ote zuen Theresak bere haur-haragi freskoaren tesoroak hari aurkezten eta eskeintzen? Ez ahal zen gizonaren beldur izanen? Alabaina, ergelek eta gogo zikinek barre egin zezatela! sekula inoren eretzean senditu ez zuen begirune bat nabaitzen zuen haur aratzaren aldera; beti, egun hartatik hasita, aske utziko zuen, bere oguz zedin ibil berak erakutsiko zion edozein bidetatik. Theresak zuen aukera izanen — ez hark. Haren zorionerako aukeratuko al zuen.

        Paretako herlojuaren orratzak eguerdiko hamabietara hurbiltzen ari ziren, emeki bazen emeki. Laster goizeko eskola-aldia amaituko zen; ordu-laurden bat eskolatik etsera; baina gaur, Theresak urrats haundiak eginen zituen, lehen baino lehen heldu nahi izanen zen... Garbai zedukan gizonak deusik salatu gabe joatera utzi zuelakotz goizean. Luze izanen zitzaizkion gaixoari goizaldiko orduak arrotzen artean galdua zelarik, luze eta etsigarri — eta goiz guztia hura gogoan zuela iragan bazuen ere aita besoetakoak, barkamendu eskatu behar zion horrengatik.

        Itzuli zen Theresa. Begitartea gorrituxerik zedukan, ez kanpoko hotzagatik, lasterregi ibili zelakotz baizik. Zer izan ziren ere haren goizeango kezkak eta nahigabea, berehala ulertu zuen hura ez zela besteak bezalako egun bat, eta urrengoak ere ez zirela aurrenekoak bezala izanen. Ezin igurikiz haurra hurbil zekion, gizona jaiki zen eta besoetan hartu zuen, musu zorabiatu bat ahoan ematen ziola — lehengo aldikotz. Neskameak ikus ahal zitzan ala ez, ez zuen ajolarik. Hilik zegoen bientzat inguruko mundua oro, biok baizik ez ziren gelditzen xori-kantaz eta lore-usainez gonburu beteriko atseden-baratz batean beste Eden guztiak gutiesgarri egiten baitzituen. Mundu bat zen berez sekula amaitu nahi ez zen musu hura, orain artinoko grina xarrak, kezka urragarriak eta irriki ilortuak behin eta betiko itzal-erazten zituena. Eta Theresak, begiak bustirik, bere ahotxo hain adoragarri zena bere trebe-gabean uzten zuen urtzen aita besoetakoaren ezpainetako su horretan. Azkenekotz, nekadura hutsaz elkar utzi behar izan zuten eta gizona eseri zen, altzoan hartzen zuela haurra, ilea harroturik, soa oraindik zoraturik, ezpain umelduak oraindik erdi-zabalik. Besoa gerrian ezarri zion eta Theresaren burua haren sorbaldari kontra erori zen; eta eskua haurraren bularrean pausatu zuenean, senditzen zituen haren bihotzaren taupadak... Ezin esan ziezakeon behingoan deus ere, haren izena etenik gabe belarrira berresaten zion soilki — sinfoniak oro baino entzungarriago, jainko guztien izenak baino jauregarriago zen haren izena.

        Azkenean mintzoa itzuli zitzaion — ez zekien ordea bere bihotzean bakarrik zenetz mintzo, ala haurraren belarrietara. Ez zuen muntarik, Theresak nola ere baitzen entzunen zuen eta. «O hire ezpainak, zion arimaren Ifar-aldeko elurretan erne diren bi gorosti-aleak, hire begiak, Theresa, hire begiok dire bi ifartar aintziretako ur gardenaren ondotik so zaidan irrikia, noiz bete ahal izateko gai izanen ote naiz? Hainbat egun, hainbat urte itxaron egin dudan hire freskura elurtsu hau... Baina elur horren pean dazagudan su isilak noiz behar nau erre, enetxoa, piztu behar ote dut gaur?»

        «Nahi nikek beti horrela atxiki nenzaan», esan zion Theresak sumur batean, «nahi nikek hire belaunetan beti egon horrela...». Agiri zen hura ere mozkorturik zegoela, eta lehengo gurenda hori hain osoro eraman izan zuelakotz, bihotza pozez gainezka zedukan gizonak. «Ez haiz ene beldur, Theresa?» galdetu zion bere usatu botzarekin, baina haurrak burua erabakiro astindu zuen.

        «Eta barkatzen dautan Isabela ezagutu dudalakotz, eta hemen izan delakotz?». Theresak ordea galdera horri. «Ez oraindik...» erantzun zion, baina haren irrinoak salatzen zion gizonari jadanik barkaturik zegoela... Zoritxarrez ez zituen Theresak orain ikusten, biak elkarren besoetan! Bazkaria zerbitzatzera neskamea etorri zenean, horrela atzeman zituen, bata besteari lotuak biak, eta ez zioten kasu egiten hor izan ez balitz baino gehiago. Nekez berezi ziren elkarrengandik bazkaltzera joateko, eta nardatuarena egiten zuen atsoak haien aurretik iragaten zen bakoitzean. Zoritxarrez, bai, Isabelak ere ez zituen ikusten — baina haien bizitza berriaren jakinean ezarriko ahal zuen neskameak...

        Bazkaldu arteraino itxaron zuen Theresari gaztegatzekotz arrats-aldean ez zela eskolara joanen. Pozik neskatoa... eta erpai aita besoetakoak zer erabaki zuen haren aldera jakitekotz. Baina ez zuen lehiaka iharduki nahi, nahi zion egun hartako gertakizun bakoitzari solemnitate bat erantsi hala non haurraren oroimenean betiko irarrita egon zedin. Otseinak mahaia eraiki eta salan bakarrik utzi zituenean, radioa entzuten egon ziren, haurra bere kadiran deus egin edo esan gabe, gizona salaren bestaldean, leiho-aitzinean zutik. Hartatik landa, bai baitzekien neskatoak musika-zati hori ezagutzen zuela, joan zen disko-inguratzailearen bila eta Beethoven'en «A Thérèsse» sonata iragan erazi zuen — ironia pitin batekin beraren sentimentalitatearen aldera... Baina ez zuen lotsarik. Haurrak adituko zuen orain eginen zituenak oro bene-benetan zirela haien bien bizitza guztirako asmatu zituela.

        Goganbeharturik zegoen, jokabide bat ediren beharrez haurrari beldurrik ez lotsarik ez emateko. Adituko zuen ordea... Behingoan hurbildu zitzaion eta, eskutik hartuta, salatik kanpora eraman zuen. Ezer galdegin gabe jarraiki zitzaion Theresa. Haurraren gelera igan ziren. Botza ikara, korapilo bat baitzuen eztarrian, esan zion: «Gaurgero, Theresa, ene gelan egonen haiz, enekin lo eginen dun gauero. Nahi dun?» Ia entzun ez zitekeen botz xiki batekin «Bai» ihardetsi zion haurrak, baina gorritu zen. Orduan agindu zien bere jantzi, liburu eta maiteen zituen gauzak oro bil zitzan, beraren gelara eramatekotz.

        Kadira batean eserita, mugitzeke begiratzen zion haurrari, bere gauzak bilatzen eta biltzen ari zelarik. Ikusgarririk hukigarriena!... Serioski, osoro bere aukera-lanari emana, Theresak gabinet eta gau-mahaiko ateak zabaltzen zituen, tiraderak irekitzen, bazter guztiak zokokatzen deus ez ahazteko. Eta ezin egon zen geldirik haurraren bizi ezkutua horrela begien aurrean agertzen zitzaiolarik; zutitu zen eta hurbildu zitzaion: nahi zuen Theresaren soineko zen jantzi oro eskutan hartu, Theresaren larrua hukitu zuen oihal oro aztatu, Theresak irakurri zuen liburu oro ezagutu, eta haurrak baztertzen zuen bitxi edo jostagailu orori so bat eman, gogoan ikertzen zuelarik zergatik neskatoa holako edo halako gauzari atxikia ote zitzaion. Pentsatzen zuen: «Hemendik aurrera, nik aukeratuko dizkiodan jantziak jantziko ditu Theresak, nik aukeratuko dizkiodan liburuak irakurriko ditu».

        Haurrak berarekin gorde nahi zituenak oro bildu izan zituenean, gizonaren gelara jautsi ziren. Zer solasa, eta zer erru-gabeko poza harena orduan, Theresaren ondasun xikioi bere gelan leku bat bilatzen zielarik, haurraren eskola-liburu eta lankeiak bere liburutegian edo idaz-mahaian kokatzen zituelarik!... Baina bukatu izan zutenean, bera piska bat nekatuta eseritzen zelarik, haurra zutik egon zen, isilik, ez jakin areago zer egin, ez ausart higitzera. Beldur zatekeen gaixoa... Poliki agindu zion: «Orain, Theresa, nai dinat biluz hadin, osorik ikusi nahi haut». Orain ordea gauak ez zuen bere itzal errukiorrez estaltzen; egun betea zen, eta haurra beldur zen, ezin esanezko beldur batekin. Ez zen mugitu. «Lotsa haiz, Theresa?» galdetu zion irrino batekin. «Bai» entzun zuen ahapeka ihardesten. «Baina ez dun enetzako lotsa izan behar, ezertan ere...». Hala ere, ikusiz Theresa ezin zitekeela delibera biluztera, ez zion gogor egin nahi izan. «Gaur neronek eginen haut, esan zion, baina gogora haiteke min ematen daukedanala enetzat lotsarik erakusten dukenan bakoitzean», eta hasi zen Theresaren soinekoak eranzten. Haurraren sentierari begirune emanaz, ahal bezain guti ukitzen zion larrua, bere irrikiari bihurtuz, ez zion behatz-puntarekin ere laztan batxo egin, eta Theresa, gorri gorria jarririk, biluzik aurkitu zenean, ez zion begiratzen ohera eraman zuelarik, han luze luzean eratzan baitzuen. Haurra ikaratzen zela oharturik, hurrenik gabeko errukitasun batek jo zion bihotza; eztiki esan zion: «Ez hadi harren ene beldur izan, enetxoa, ezer ez daunat eginen» eta harengandik urrutiraturik, begiratu baizik ez zion egin. Theresak bi eskuez bere sabeltxoa ezkutatzen zuen, eta aurpegia erdi inguratzen zuen paretari buruz — baina aita besoetakoaren soak haragia erretzen zion gar bat izan balitz bezala. Negarrak hurbil zituen gaixoak. Azkenekotz, harengana joan eta, matraila gorrituak behatzaz ferekatzen zizkiola, agindu zion: «Jantzi hadi orain, Theresa, eta hator enekin kanpora».

        Parkeko bide-zigorretan gaindi zoazelarik, eskutik bata besteari helduta, poliki poliki. Theresa jabaldu zen. Neska-mutil bi irudi, horrela zebiltzalarik, gizonak kontatu zizkion haurrari haren geroari buruz erabaki zituenak: «Oraindik denbora labur batentzat eskolan utzi behar bahaut ere —ez luzaz ordea— oraindanik ni neuken hire irakasle bakarra; nik daunat irakatsiko ikasi behar dunan guztia, eta eskolan besteengandik ikasiak oro ahaztu beharko ditun... Eta gaurgero, Theresa, ni izanen naun hire aita eta ama, hire senide eta ahaide, hire lagun bakarra. Nahi dinat enekin baizik ez hadila ibil, ez dinat nahi nitzaz kanpo beste ezagunik izan dezanan... Zin egiten dautan enekin bakarrik egonen haizela beti?». «Bai, zin egiten dauat», erantzun zion haurrak bere bihoztxo guztia agintza horretan ezarriz, eta gizonak musu bat eman zion ezpainetan, saritzat gerorako agintza bat zen musu hori bera. Gautu arteraino egon ziren parkeko etxola barruan paseatzen — Theresaren zorigabe eskergari bezperan aterbe eman zion etxola hartan... Eta etsera itzuli zirenean azkenekotz, ba zekiten elkarren berri sekula aurretik jakin zuten baino areago.

        Afal-ostean, hamarrak irian zirela, Theresa artegaturik agiri zen. Noizetik noizera gizonari so egiten zion, galdekor, eta lotsa batekin begietan. Theresa xikia, ez lotsarik izan, ez beldur izan, ez al dinat erabaki hi izanen haizela ene nagusi, ez ni hirea, aukera hik beti izanen dunala?... eta gora esan zion: «Ohera joan haiteke, Theresa, nik oraindik ba dinat lan egiteko» eta haurrak esker onezko begirada bat egin zion salatik ateratzean. Atera baino lehen, eskatu zion baimena ohean irakurtzeko hura etorri artean, eta irribarre batekin eman zion.

        Baina handik ordubete baten buruko gelara igan zenean, argia itzalirik zegoen eta Theresak lokarturik zirudien. Hotsik egin gabe erantzi zituen soinekoak eta ohean sartu zen haurraren ondoan. Ohe-buruko argia pizturik utzi zuen; Theresa ez zen lo: beldurti eta amultsu batean zen so bat eman zion, baina hark «Gau on, Theresa», esan zion «lo egin, nik irakurri behar dinat apur bat» eta besoa haurraren lepo-inguruan ezartzen zuela, liburu bat hartu zuen. Bera lo egitera gertu izan zenean, ez zion musu bat ezpainetan baino beste laztanik egin, eskuaz ez zuen hukitu; hala ere haurraren gorputzaren kontra-kontra estutu zen, gauerako. Horrela loak hartu zituen biak.

        Biharamonean bertan, arrats-aldean eskolatik etorri zenean, hasi zen Theresari lezio ematen bibliotekako baketasunean. Esan gabe doa ez zituela eskolako programak kontuan hartzen, berak nahi zuena baizik ez baitzion erakutsiko, eta nahi zuen erara, hala non Theresaren adimenak ere harengandik baizik ez zezan ezaguerarik ukan, harenganako baizik ez zedin moldaturik izan. Jakina, hamaika urteko neskato baten endeleguak ulertu ohi duena baino askoz sakonago, askoz ulergaitzago zen irakasten zion jakintza... Behar zuen haur-endelegu malgu hori emeki poliki bere galgara eraiki haren nortasunekikoak oro ezagutzeko gai izan zedin Theresa. Baina hasieratik erakutsi zuen honek, orain artean hain eskolersa alfer eta zabarra izanarren, bere gogo guztia ematen zuela aita besoetakoak gura zuen legez ikasteko eta ulertzeko.

        Egunero, eskola-ondoko irakaskintza-ordu horietan, aberastun berriak edireten zituen gizonak Theresaren nortasunean. Haurrak esaten zion guztian, egiten zizkion galdeeretan orotan, ezer ez zitzaion kontu gabeko. Itaune egiten zion eskolako maisu eta neska-lagunen gainen, eta harriturik uzten zuen Theresa isil, herabeti horrek jendeen ezagutzeko eta epaitzeko zedukan zihurtasunak. Agindu zion egunean jazo zitzaizkionak oro, pentsatu, esan edo egin zituen guztiak, kontatu zietzon zeheki, deus ere ezkutatu gabe; zenbait aldiz, Theresak susmatzen zukeen haurkeria bat zela esatera zoan gertakizuna eta hasitako esakuna amaitzeke uztera zen; orduan aita besoetakoak manatzen zuen lotsarik gabe mintza zekion eta haurrak, bere baitango konfidantza berriz bildurik, dena agertzen zion, ez hura baino hiru aldiz zaharrago zen gizon bati bezala, baina haren gogoa uler zezakeen adiskide bakarrari bezala. Emeki lortuko zuen Theresarengandik hasieratik irrikatzen zuena: haien elkarrekilakoa adinaz eta aldiaz lekoreko izatera hel zedin.

        Baina haur bat baizik ez zen oraindik Theresa, hamaika urteko haur eme bat, eta askotan ba zirudien gelditu nahi zela biek elkarrekin segitzen zuten bide horretan, beldur edo nekaturik izan baliz bezala, aurreratzeko herabe, aurrera zeraman urrats bakoitzak haren haurtasunaren tesoroak urrutiago uzten zituelakoan. Harnasa hartzeko baizik ez zen gelditzen ordea; eta duda-mudazko aldi horietatik landa sekula baino samurrago eta malguago izaten zen, bere buruari barka-erazi beharrez. Ez zuen barkatu beharrik, aita besoetakoari xarmagarriago baizik ez zitzaion, Bergsonen araura, haurtasunaren liluretatiko bat den «agintzaz beteriko zalantza» horren gatik. Eta ez zuen beldur izan beharrik... haur izatetik eramanen zuen hark, ez emakumetasunera, baina urteak ukatzen zituen izatasun bakoitz batera, tesoro berriak eta inork inoiz ez ezagutuak eskainiko baitzizkion.

        Egun oroz eskolara joan beharrak haurra haren agerretik kentzen zuelako atsekabea geroago eta nekezago jasaten zuen gizonak. Erabaki zuen lehen baino lehen neurriak hartuko zituela beti berarekin, etsean egon-eraztekotz... Bitartean, hura gabe ahal bezain denbora guti iragateagatik, hartu zuen ohitura egunero haren bila joateko eskolaraino. Goizikegi heldu ohi zen ikas-etsera, eta ekurugaitz igurikitzen zuen sei orduak artean, hura bezala haiduru ziren guraso eta neskameen saldotik bazter. Theresa eskolako atarian agertu orduko, hurbiltzen zitzaion berehala eta, besoa neskatoaren gerrian emanik, arin eramaten zuen jende horietatik ihes. Behin baino gehiagotan, halarik ere, konturatu ahal izan zen begirada bitxiak egozten zizkiela gurasoetatik batek edo bestek, biak horrela joaten zirelarik, bata besteari lotuta. Ez zitzaion ajola. Eskolako maisuetariko batek zerbait ikasiko ote zuen behin, eta Theresari zer-edo-zer esanen edo irudi-eraziko ote zion? Gogorapen horrek ere ez zuen artegatzen; izatekotz, bera-gisako atsegin bat zemakion... Zer nahi zela, jakinen zuen nola erantzun hori gertatuko balitz.

        Alabaina, Theresarekin iragaten zituen egunak aurrera zoazela, gogoz aldatu zen. Alaba besoetakoa etseko andretzat hartu zuenean, nahi izan zituen ordura arteinoko ezagunak oro ahaztu, bere zorion berria eragozpenik gabe gozatu ahal izatekotz. Orain aldiz, nabaitzen zuen ezin garaituzko nahikari bat, bazedukan beharrune bat zorion ozar hori delako ezagunei —ahaide, adiskide edo edozein laguni— erakustekotz, begien aurrean jartzekotz. Mendeka-egarria zen ote, eta ergelak eskandalizatzeko irrikia? Ba zitekeen, baina bai eta beste sentimendu lausoago bat, berak ere oraindik garbi ulertzen ez zuena. Mundu orok behar zuen haren eta Theresaren zorionaren berri jakin... beharbada mundu hain ikol horretan, ba zen norbait berri horren haiduru... Eskolatik landa etsera itzuli baino lehen, hasi zen Theresa te-etxe edo ostaturen batera eramaten, edo-ta, zenbait aldiz, afaria jatetse batean egiten zuten, gizonak han bere ohikoezagunetatik bat edo beste aurkituko zuelakotan. Hala egitzen zenean, lehen bezain gizabidetsukiro agurtzen zuen — ez zion elerik esaten ordea, eta berehala Theresarekin jartzen zen mahai baztertu batean. Irri gozorik egiten zuen bere baitan bestearen aurpegi bitxiari eta jenadurari ohartuz, agurra bihurtzen ziolarik; baina laster, Theresarekiko elkar-izketak, edo gehienetan elkarrekin isil egoteak, kanpoko mundu hori ahatz-erazten zion, eta berriz ere biak baizik ez ziren gelditzen, arrotz batzuren artean.

        Arrats batean, horrela biok jatetse batera afaltzera joan zirelarik, Isabelarekin gertatu ziren. Neska ez zegoen bakarrik; bizpairu mutil gazte ba zituen laguntzaile, gizonak ezagutzen ez zituenak. Isabelak berehala ikusi zituen — eta iruditu zitzaion haren aurpegi gorritua zurbildu zela behingoan; baina bere fleitera itzuli zen arin. Agurrik ez zion egin senargai izandakoari; irrino ironiko bat ezpainetan zuela, makurtu zen haren eskuinean eserita zegoen mutilaren aldera eta zerbait esan zion belarrira. Mutilak burua eraiki zuen, eta ozarki so egin zien Theresari eta gizonari. Honek ez zituen begiak inguratu... ez zen eskandalo baten beldur. Isabela eta haren zaldun-laguntzaile berria ziren lehenik nekatu, eta bere mahaikideon hizketaldiari lotu zitzaizkion berriro. Haurra ez zen andere gaztearen hor izateaz konturatu eta deus ez zion esan nahi izan aita besoetakoak. Emaztegaiaz askatu zen garaia ezkero sekula ez zuen harekin izana, ez haren izenik ere Theresarekin aipatu. Behin ordea aipatu beharko zion... haurrak haren bizi guztiaren berri jakin behar zuen barkamendu eman ziezon Isabela eta emakumeekin ibiliz egin zuen bekatuagatik. Theresaren barkamenduaren gai izanen ahal zen behin.

        Oraindik ez zuen haurrak haren aitzinean biluzten ikasi. Orain artean, isileko hitz-armen bati jarraikiz, gizona baino lehen joaten zen lotara; eta hau lo-gelan sartzen zeneko, ohean zegoen jadanik, estalgi-petan ezkutaturik. Berak ordea ez zuen gehiago ardurarik hartzen bere gorputza alaba besoetakoari ez erakustekotz, soinekoak oherako eranzten zituelarik. Lotsa gaiztoa galdu behar zuen Theresak... Baina haurra ez bazen ere gizonaren agerrean biluztera ausartzen, bihurtu gabe uzten zuen laztan zezan, ohean haren ondoan sartzen zenean. Hasten zen pijama-samarraren gainetik eskua iragaten, eta nabaitzen zuen Theresaren haragi gaztea uhin epel batek erabilia haren haur-emetasunaren gune minberak hukitzen zituenean. Hurrengoan, bortizkeriarik gabe baina, uste zuenaz, beti garbi zirauen irrikiaren sukarrak zoraturik, pijama-samarreko botoiak laxatzen zizkion; luzaro musukatzen zuen haren bularreko larrua... Azkenean, eztiki, geldiki, pijama-galtzak ere eror erazten zituen, eta haren azpietan edo sabel-gainean eskua pausatzen uzten zuen, mugitu gabe, laztandu gabe, haurra lokartu arteraino. Bera ere lokartzen zen... Baina gauaren erdian esnatzen zenean, eskua Theresaren sabeltxoaren gainean zedukala oraindik, ausartzen zen orduan laztantzera, musukatzera, geroago eta boritzkiago, geroago eta sakonkiago —hala non haurra bere lotan intzirika aritzen baitzen eta atzartzen baitzen azkenekotz, ikara, izutua, haren gorputxoxaren urrea su laztangarri hartan urturik... Hori gertatzen zenean, gizonak ez zion gero gau guztian ferekurik egin nahi, baina berriz ere lokartzera zoala nabaitzen zuenean, haren aurpegia berearen kontra jasaten zuen eta haren ahoa bere ezpainetan hartzen, goizerainoko. Gau batean, garaita bat irabazi zuela jakin zuen, lehen aldikotz Theresak —nahiz haren aurrean biluztera ez zen oraindik ausartzen— pijama botoiatu gaberik utzi zuela konturatu baitzen ohean sartzean. Gau hartatik hasita, hartu zuen ohitura haurrari buruz-buru etzateko lo egitera zoala nabaitzen zuenean, besoetan tinkatzen eta atxikitzen zuela haren gorputz samur ezindua bere gorputzaren kontra.

 

aurrekoa hurrengoa