www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Haur besoetakoa
Jon Mirande
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haur besoetakoa, Jon Mirande. Kriselu-Lur, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN

 

        Biharamon goizean; salan zeuden, Theresa gosaltzen ari zen. Berak ez zekaeen jan deusik, korapilo bat zedukan zintzurrean haurrari begira zegoelarik. Ez zen deliberatzen mintzatzera. Behar zuen, bai... Goizalde hartan bertan biek behar zituzten, boik gogaide izaki, bideak apaindu ihes egiteko kalte egin nahi zieten gaiztoei... Hamar egun baizik ez zitzaizkien emanik izan, baina hamar egun hoek bere hurren beldurgarriraino iritxi baino lehen, biok ihes eginik ziratekeen, betikotz, etsai guztien helmenetik — aski bihoztoi izanen baziren behintzat. Damu bat samin baino saminagoak osk egiten zion bihotzean oraindik naiko osoki ezagutu ez zuen gorputxo zuri horri so zegokiolarik. Oraintxe ezagutu behar ote zuen, ala bi gorputzen elkarrekilakoa bere betegintzarrera heldu gaberik utziz, hobeki eta gozokiago loak hartuko zituzten, bata bestearen besoetan errendaturik izanen zirenean? Gorputza ez-behar bat omen; edo eragozpen bat — baina bai eta arimara daraman bide bat ere, Goizerriko mistikoek erakutsi zioten araura. Ondikotz! Theresaren arima haren haragia biano gaizkiago eta azalezkiago ezagutzen zuen oraindik... Ai, nonbaiteko ahalmen batek nahi izanen balu, gaur biziko zituzten ordu apur horietan, arima bien egiazko elkargoa lor ahal zezaten, mirari baten bidez!... Ala gero izanen ote zen elkargoa hura, begitasun bat bakarrik edo gerorako gertabide bat izaki orain artean egin zuten guztia?

        Behar zitzaion haurrari mintzatu. Ez zuen bihotzik. Edatera joan zen sukaldera — eta hogendun nabaitzen zuen bere burua, ez gaur mozkorti batek bezala edanen zuelako lotsarengantik noski, bai baitzekien Rusia guztietako vodka guztiak ez zizkiola zentzuak sorgortuko, ez bihotza lasaituko... baina haurrak deus ez zuelako izanen, hark, bere bidean lagungarri, aita besoetakoaren laguntzaz, besterik. Agian oraindanik konfidantza emanen zion Theresari... Iguriki zuen edaria has zekion gogoan su egiten eta esan zuen: «Hator hona, enetxoa!» Magalean hartu zuen, eta biloak amultsuki ferekatzen zizkiolarik begiak negarrez betatzen zitzaizkion ezin bestez. Theresak harriturik eta izuturik so egin zion. «Theresa, asi zen berriz, nahi haute enegandik urrundu, nahi gaitinate biok elkarrengandik berezi!...».

        —«Ez nauk joanen!» oihu egin zuen Theresak bere bihotzaren barrutik, «Ez nauk utziko, ez da?» eta tinko tinko estutzen zen haurra haren bularraren kontra, negarrez hasten zelarik bera ere. Beldur ote zen joatera utziko zuela hark?... Ez, Theresa, ba dakin nonbait, hire arimak ba zekin ezin utz hazakedala inoiz! pentsatzen zuen sendoki, hitzik esan gabe jo zezan ezaguera horrek Theresaren oharmena, hitzak ilaunegi ziren-eta.

        —«Ez, Theresa, esan zion, ez haut utziko joaten... baina hamar egunen buruan hona etorriko ditun jende gaiztoak, eta eraman nahi izanen haute urruti, betikotz... indarrarekin etorriko ditun, eta neuk ez dudala zuzenik hire gordetzeko zionate... O Theresa, zer eginen dugu?».

        Theresa bere hartan zegoen, «Ez nauk joanen, ez itzak utz eraman nazaten!» berriro eta berriro esanaz. Gizonak so egiten zion erantzun gabe, ezpainak isilik higituz bihotzaren elkar-izketari Theresaren arimarekin jarraikitzen zitzaiolarik. Bet-betan haurrak oihu zuen: «Ez nauk joango! Nahiago diat hil!».

        Zurbildu zen gizona; begiak jasan zituen neskatoarengandik, leihotik zeihar urruti so egiten zuela, urrutira. Atzera haren aldera inguraturik, azkenean, esan zion geldiro: «Baina, Theresa, ez dakin zer dionan, heriotzea zer den ez dakin gaixo horrek». Haurrak burua astinduz «Bai ba zekiat!» erantzun zion berehala.

        —«Eta nondik dakin, Theresa xikia?» galdegin zuen, haurraren seriostasunak gogo-garaitik irribarre argal eragiten ziola.

        —«Ba zekiat hire esanetik, eta hire liburuetan irakurririk». Ba zitekeen, bai... ba zitekeen haurrak hark bezainbat zekiela — edo hark bezain guti... Zer garraintsia zuen hori egia ala irudipen bat izateak, batak edo besteak laguntzen bazituen biak bide itzal, itzultzerik gabeko hartan gaindi, ordua etorria lizaikeenean? Neskatoaren aurpegiari begiratzera menturatzeke, mintzatu zitzaion berriro: «Eta ez haiz bildur, Theresa?»

        —«Ez, enekin izanen haizen ezkero?» ihardetsi zion, bihotza urratzen zuen sukar batekin. So egin zion: haren begitartetik, ordea, agiri zen beldur zela... Luzaro ez zuten arreagi hitzik izan... minutak eta orduak uzten zituzten hiltzera, bata besteari estuka heldurik, bata bestearen gogoetak iragarriz noski. Gizonak aldia iritxi arteraino gaia aipatu gaberik lagatuko zuen hobekienik, baina, isiltasun horren erdian, neskatoak galdetu zion behingoan: «Hil ondoren ere elkarrekin izanen gara, ez da?» Ene Theresa! neronek baneki! pentsatzen zuen etsiturik, nik zorioneko horrek ene liburuetan eta ene eleetan ediren dunan zihurtasun hori neronek baneduka!... Beti saiatu zen zindo eta egiati izatera haurraren edozein galderari buruz; baina orain beraren zalantza, beraren ezagueraren mugak hari agertzea ankerkeria bat baizik ez lizateke, eta azkenekotz esan zion: «Bai, Theresa, elkarrekin izanen gaitun orduan ere». «Beti elkarrekin, gu biok bakarrik?» jakin nahi izan zuen neskato kezkatuak — eta segurtatu zion hark: «Bai, betikoz biok elkarrekin, eta gaizto guztiengandik urruti!».

        Biak elkarrekin betikotz? Biak bat eginik betikotasunean? Batzuek hala diote, eta bestetzuek bestela... izugarriena da neronek ez baitakit, zion bere baitan... Beharbada Theresak ba daki, ordea, adimen elkor alferraren urguiluak ez baitio hari ber-jaiozko ezagutza lausotu eta itzal erazi, eni zoritxarreko honi bezalaxe... Denborari gehiago utzirik izan balitzait, dena ikasiko nuen atzera, haren arima erneak eni irakatsiz... baina beranduegi da, eta orain beldur naiz, ezin-gehiagoko beldurraz, ordua da delakotz heldu gure bien batasuna zulo beltz batean agian ondatuko baita, gure bien izana eta izanerekin batean-betikotz. Berdin izugarria, edo areago, osorik itzaltzen ez bagara ere baldin bi iratxo bezala egotekoak bagara betikotasunean, elkarrengandik betiko berezirik edo, sordeis, gehiago ez jakinik elkarren berri... Baina batak bestea areago ez ezaguturik ere, bata bestearenganako irrika lauso bat, orduan ere inork ez ulertua, geldituko zaigu beti, ez da, Theresa, ez da?... Baina oi! egia ba da bi iretxo berezi ez garela ere izanen, arima-molekula barregarri bi baizik, bi arima-zati arimaz gabeturik geuri ez doakigun batasun alfer eta anker batean galduko direnak?... Ene jainko zaharren aldareak zutik balira oraindik ez nuke beldurrikan, aspaldion pozik joana nintzateke Theresarekin batean gaiztoek eta xarrek ahatz-erazi, gezurtatu nahi daukuten Gazteen Lur irrikatu hartara...

        Ezina zen... ez ziezakeon ezerk, ez Oro zen Ezerk ez eta ezer-ezak ere, Theresa ken betikotz, jainko zaharren arnegatzaile zirn gizon eta emakumezkoek hori ezin lortu bazuten. Zer zen haren adimen ergel hori, zer ziren bihotza ausikitzen zioten duda ergelok?... Guztiaren azalpena izan behar zen nonbait, zorion guztizkoaren giltzekin batean Theresak eta elkarrekin edirenen zituztenak! Bestela deus ezin izan zitekeen, deus ez zen sekula izan: ez Theresarekikorik, ez haren hori-izaterik itsas-bazterreko herrialde zahar hortan, ez itsasorik, ez herririk, ez mundurik; inon, inoiz, inor, ezer ez zen izan. Malkoek ez ahal dute, ordea, ez-izatea ukatzen? «Oi! Theresa», deiadar egin zion nigarrez zoroturik, «ez ezan kezkarik ukan batere, beti elkarrekin izanen gaitun bai biok, beti!».

        Eguerdiko hamabiak ziren, baina ez zuten bazkaldu. Ez zuten elkar utzi nahi, ez minuta bat, ez sekonta batxo ere, arrats-alde eguzkitsu hartan etsetik azkenengo aldikotz elkarrekin aterako ziren ordura artean. Uste zuen Theresa konbentziturik —ailitz bera hala!— ezen, nahiz beldur lotsakor bat salatzen zuen oraindik haren soak, ez zirudien areago kezkaturik. Zentzu-bikotasun gabeko haurtasunaren zoriona eta saria!... Zihur-zihur zegoen neskatoa gaua erori baino lehen bata bestearekin egonen zirela, betikotz betikotasunerako, eragozpenik eta areriorik izanen ez zen atseden-leku loredun batean. Gizona beldur zen bai, beldur latzetan, harentzat egintza azkenean ametsaren senide izan zen mundu zahar honetatik alde egin beharrez. Otoi egin behar ote zuen? Zein jainkoari ordea?... Alferretan ez ahal ziren izanen balizkako jainkotasun bati zuzenduko zizkion otoitz erdi sinetsiak?... Hobe zuen Zoriaren meneko utz zezan bere burua — zoriona ala zorigaiztoa zatekeenetz ez zekien, Theresaren gidaritzapean izanen zela baizik. Bai, agintzen zion bere bihotzari, azkenengo egun horretan, neguko irribarre bat zerakuskion uda-egun horretan, Theresa izanen zuen gidari, zihurtasun baten jabe zirudien ezkero, lehen eta azken aldikotz —ala betikotz?— elkarrekin ibiliko ziren bide berrian gaindi. Lehenik, ordea, egiaztatu behar zion haur emeari osoro eta hura bakarrik nahi izan zuela, irudien ez-beharreko mundu honetarako ere. Zailena izanen zen hori geratzen zitzaizkien eginkizunetan — zailena eta premiazkoena... Haurra ez zekion ohar ahaleginduz — barka, Theresa, sekonta batentzat, minuta batentzat, esan gaberiko hitz emanagatik ere uzten bahaut, eskatu zion, ahalge, bere bihotzaren isilean — mozkortzera joan zen, bere koldarkeria madarikatzen zuelarik etsituta. Barkamendua emango ahal zion Theresak, bestela zailegi eta ezin egina baitzukeen... itotzear den batek haize salbagarria xurrupatzen zuen legez, edan zuen irents zezakeen alkohol guztia, eta orain — nevermore. Dena hurrendu artean iraungo ahal zion mozkorrak.

        Abaguneari isiltasuna zegokion. Ez zuten beharrenerik beren sentimenduak bata besteari erakustekotz: elkarrekin bizi izan ziren hilabete horietan, paradisu bat berekin zekarten egun bete horietan, guztia esan zioten elkarri. Gogoan zerabilzkien gizonak arte labur horretan izan zirenak oro, haurrari gauaz isilean egiten zizkion ikustaldietatik hasita; denbora batean ahalge bat ematen zioten orain poesiaz jantzirik agiri zitzaizkion ikustaldiok — zergatik ahalge izan, Theresaren gorputzarenganako irrits bat ukan zuelakotz? Lotsatzen ahal dira edozein laztantzez senar-emazte zintzo, zuzenak?... Bai, beharbada, eta horrengatik idealismoz estaltzen dituzte bere irrits eta grina harakoiak, lotsak atsegina eragotz ez diezentzat... Theresak eta hark, ordea, ez zuten estalgiren beharrik, gizonen idealismo ergela baino mila aldiz idealezkoago izan baitzen, eta baitzen oraindik, haien elkarrenganako erakarmen zoratua!... Eta hain aurki Theresaren haurtasun oso egonaz egingo zuen sakrifikatzeak ere ez zion lotsarik ematen: haur garbia garbiago baizik ez zen aterako laztan bortitz hartatik eta bera ere irriki makur guztietatik ikuzirik, biok orban-gabeturik betikotasunean edo ezer-ezean sartzekotz...

        Gogoetan egoten zen Theresa... ere bai, ausaz — ala poz igurikor, susmorik gabeko baten egoetan eramana zen jadanik haurra, irudimenez, geroko zorion-leku ustekizunezko hauetara? Hala antz ematen zuen haren irribarre zerutarrak... Haren erru-gabetasunaren jabe izan ahal balitz gizona ere, ordu hartan! Pattarrak barrua erretzen zion, adimena garretan ezartzen... baina ez zen mozkor; ez zuen utzi nahi mozkorra haren buruaz jabetzera — bere ezaguera osoa azkeneraino gorde zezan eskatzen zuen haren Zindotasunak. Joan beharko zuten laster... Seinale bezala, aspaldiko goizaldi hartan biek elkarrekin entzun zuten Schuberten sinfonia disko-inguratzailean iragan erazi zuen berriro; musika isildu zenean jaiki ziren biak elkarrekin eta, bata besteari eskutik helduta, kanpora joan ziren.

        Itsasoaren aldera zebiltzan, isilik, urrats lasterrean. Udako egun eder bat zen eta alde orotatik, hiritik, baserrietatik, ba zekusten jendea ondartzarantz abioan. Eguzkia zilar-koloreko zen eta errukirik gabe isurtzen zuen bazter guztietara bere argi itsugarria; uhin berde-urdinak eztiki hausten ziren, ordea ondoartzaren hegian... Baina zinaurri beltz, higuingarria batzu bezala agir zitzaizkien ondarrean jendeak — urrutirago behar zuten... Eta itsas-bazterrean ba zioazen, aurrera — zelatan, haien zoriona gal-erazi nahi zuten gaiztoak ondotik jarrian izan bailituztekeen... Udazalerik ez zen leku baztertu eta egoki batera heldu ahal izan ziren, beren ezagunetatik inor gurutzatu gabe. Ikusmena hel bazainbatean zabaltzen zen haien aitzinean ondar zuri mehea. Itsas-enarak baizik ez zituzten jakile izanen... iherilaririk ez ontzirik ez zen ikusten haien oinetaraino atseden hartzera zetorren itsaso bortitz eta ezti, bazterrik eta ondorik gabeko hartan; eta haren beteak izuz eta herriminez batera jotzen zuen aita besoetakoa... baina Theresa aurrera zoan lehena; eta beldurrez ez zuelakotz erakusten haurrak, ahalgez eta urguiluz bihotza gainezka zedukan gizonak, atzetik zerraiolarik. Theresa orain gidari, bai... Haren nahi gurena egin zedila.

        Plaia hartako gunerik baztertuen, ezkutatuen, itsaso zabalari hurbilenera iritxi zirenean ere, haurrak zituen lehenik udako jantzi arinak kendu; eta gorputz zuria biluzik erakutsi zionean, bere ahultasunean hain hukigarria, bere ahaltasunean hain jauretsia, gizonak areago ez zekien etsipenez negar-garraisiaka hasi, ala zorionaren onaz belaunikatu eta Izatea benedikatu behar zuenetz... Baina Theresa haiduru zen — orain, lehengo aldikotz beharbada, den mendren lotsarik gabe haren soari eta haren irritsari eskainirik izanaz... Theresa haiduru zen, begi nabarrak samurtasunez beteak hari buruz jasorik, bera ere desbeztitzen zelarik —haur-beldurriz ez— ironiarik agertu gabe haren gizontasun anker eta arrontarengatik. Itsasoak eta zeruak esmaltezko zola bat egiten zioten neskatoaren gorputzeko urreari. Soa bazkatzen eta asetzen zuen aita besoetakoak hainbat edertasunez, hainbat urrezkotasunez... Ez zen deliberatzen urrats bakar batez ere haren gana hurbiltzera, eta horrela egonen zen munduaren azkeneraino... edo itsaso zabala bere oguz haien harrapatzera etorriko zen arteraino... Bere elkar-jaurespideko azkenengo eginkizuna egitekoa zen, ordea, ez zuen atzeratzerik! Joan zen haurrarenganaino, eta berari kontra hartzen zuelarik esaten zion eztiki: «Deusik ez esan. Theresa, beldurrik ez izan... sinbolo bat baizik ez dun, eta gerorako agintza bat... deus ez ezan esan ez pentsa ene kontra min egin behar badaunat, Theresa xiki horri!».

        Ba zekien Theresa xikiak... eta gizonak itsasoaren aurrez aurre hartu zuenean, urratzen zuen zauriaren sakonaz eta erratzen zuen suaren garraz ezpainak tinkat eta begiak bustitzen bazitzaizkion ere, haren gorputza oro ikara jartzen zelarik, ez zuen ez intzirina bat, ez hats-behera bakar bat ere itzurtzera utzi. Aitzitik, biak bateginik uhin marrumakarien aitzinean hor zeudelarik sekula amaitu behar izan ez balu bezala eretiak, bere irribarre gozo liluratua gorde zuenaita besoetakoak lagatu ez zuen artean. Orduantxe bakarrik erori zen ondartza epelean, ezindurik; eta gizonak, haren ondoan belaunikatuta, urraduraren mina musuka sendatu nahi ziolarik, berriz eta berriz berresaten zuen mozkorturik, eroturik: «Orain elkarrekin izanen gaitun beti, elkarrentzat elkarrekin beti!», bere bihotzeko egarria haurraren odol berriaz hautsi arterainokoan...

        ...Gero, deusetan gehiago pentsatu nahi ez balute bezala, itsasoan sartu ziren eta uhinek bertan garbitu zituzten bekatu guztietatik. Oraindik ez zekien ongi iherikan Theresak, baina gizonak gerritik atxikitzen zuen uraren gainean. Apur bat egon zen berdetasun hartan haurrarekin itzulika; geroago eta astunago, ordea, egiten zitzaion alaba besoetakoaren gorputz arina, edan izan zuen alkoholak sorgortzen baitzizkion lohadarrak eta eguzki gorak zilar urtuz betatzen bur-muinak... Alegintzen zen haurra joatera ez uztekotz, eta haren beso zurrunduak estuki eusten zion oraindik, etsituki, Theresaren gerriari... Ezer ez zuen areago gogoan zilarrezko irraida hura baizik; halarik ere, olde lauso bati jarraikiz, gogor egiten zuen, besoak eta ankak nekez zerabilzkiela, kostari hurbil egotekotz; baina haurrak zabalerarantz ba zeraman, geroago eta urrutirago... Ez zen ontzi bat agiri zabalera horretan guztian, ez argi-dorre bat, ez arkai batxo ere... Noraino joan beharko ote zuten, eta noiz arteraino? Oi! Theresa, pentsatzen zuen, ez haren gogoak, haren gorputz nekatu osoak baizik, oraindik minuta bat bizi haizen enekin, oraindik sekonta zenbait soilki, eta hire tirriari amore emanen zionat gero... Zer zain momento kaskar bat betikotasun guztiaren aldean?... Baina ez zitzaion deus esatera ausart... Nekaduraren haundiegiaz nahi-eta-nahi-ez haren besoak itzurtzera utzi zuenean, undina bat bezala abiatu zen Theresa, olatuen oldarrak eramana, itsas-beteari buruz. Moldegaizki saiatzen zen aita besoetakoak irakatsi zion antzora soin-adarrak higitzen, eta denbora apur batean itsasoak atxiki zuen bere gainean, ur-lili zuri zabaldu bat izan bailitzakeen. Gizonari so egiten zion, hain urrundik jadanik! eta haren begitarteak beldur-antzik ez zekarren... Haurra begira zitzaiola, haren alderantz lehiatzen zen iherika... Zer gogortasuna, ordea, haren gorputz guztiarena!... Laster neke ororen atsedena irabaziko zuen gorputz makal horrek, otoi! Theresaren ganaino eraman ahal leza, biak lekarren besoetan ondatzekotz uhinen peko egoitza misteriosetara... Oraindik lau besokada... oraindik bia... harren, haren besoen indarrak iraun lezan hartara... harren, itsasoko jainko haundiak esker hori egin liezon... ez zuen Theresa hura baino lehen, hura gabe joatera utzi behar, otoi!...

        Theresa uretan hamildu zen. Olatuek haren ikusmenetik kendu zuten baikoz, orroa bat egotzi zuen gizonak... ez horrelakorik, harren itsasoko jainkoa, jainko anker hori!... hainbat dituk heure azalean ontziak, eta marinelak, eta gal-zorian dauden bizi alferrak... horiek jo itzak, arren, baldin hil-opariak nahi ba dituk, ez ene Theresa!... Eta bihotzaren oinaze izugarriaz, bet-betan, alkoholak eta eguzkiak sorturiko mozkortasunak alde egin zion... Gizagaindiko indarka egiten zuen Theresa hondatu zen gunera heltzekotz... ez zen gehiago mozkor, baina beranduegi zen... Ez! olatu haundiek atzera egin zuten, eta neskatoa berriz ere agertu zen itsasoaren azalean; oraindik begiratzen zion aita besoetakoari irribarre batekin, baina ez zituen lohadarrak areago mugitzen, haren gorputxoa ezindurik. Azkenekotz, pozezko negarrak zerizkiola, harenganaino iritxi zen gizona, beso bat ezarri zuen estuki haren gerriaren inguruan, eta doi-doi ur-gainean egoteko mugimenduak egiten zituela, egon zen horrela-harnasa hartzn deus esateko edo pentsatzeko ez gai. Mintzatzeko ahalmena itzuli zitzaionean oihu egun zion, kostaren aldera atzera zeramalarik: «Ez, Theresa, ez gaitezen horrela hil gizatzarren gatik! Ez dinat nahi hil hadin, neurekin gorde nahi haut jende guztiengatik ere... Ihes eginen zienagu, gaur bertan ihes eginen dinagu norabait hala non herri honetatik inork ez baitu jakinen non izanen garen, inor ez baita etorri ahal izanen elkarrengandik gure bereztera... O Theresa, dei egin zion belarrira, harnasa berriz ere hartu ondoren, maite haut! Beste gizonek beren emaztea maite duten bezala, eta gehiago, eta hobekiago maite haut, Theresa, eta be zekinat hik ere maite naunala, ez dinagu beraz hil beharrik, ez dinagu hil behar... Theresa, hunkiduraren indarragatik, alditxarturik zegoen haren besoetan, begiak itxita, sudur-zuloak zabaldurik, aurpegitxoa zuri-zuria. Ez zuen muntarik! Entzun zuen, bai... eta bizi zen... bere eskuaren pean haren bihotza joka nabaitzen zuen. Ez zen hilen, ez zuten batak ez besteak hil beharrik elkar maite zuten ezkero... Ihes joanen ziren gaur bertan atzerrira, itsasoaz bestaldeko atzerri urrun batera... Eta itsaso maitean hiltzeko sartu ez balira biak, inoiz ez zuen beraz ulertuko zenbatetaraino maite zuen, eta nola ez haur bat zelakotz bakarrik, ez garbi eta zuri eta horaila zelakotz emakume ezainen aldean, baina Theresa zelakotz!... Bizi behar zen, bai, haren bizia izatekotz! Eta beste jendeek harengandik erauziko balute? Bizi behar zen halaz ere... Kentzen bazioten besteek, itxo egingo zion, igurikiko zituen behar ziratekeen hilabeteak eta urteak, eta harekin ezkonduko zen, jendearen gaiztakeriak indarrik ez lezan ukan haien kontra, beste maitarien antzora beren zoriona goza ahal lezaten elkarrekin, biak elkarrentzat bizi izanaz, Zoriak nahi izanen zukeen bezain luzaro!

        Nekez zoan aitzina, alde batetik haurraren gorputz gonorte-gabetuak eragozten ziolakotz eta bestaldetik edan zuen vodka guztiaren pisuak... Baina kostara helduko zen, ez zen urruti, ez zen hain urruti... itsasoko jainko onak bizia barkatu bazion Theresari, segurki helduko zen itsas-bazter salbagarri hartara... Pentsamendu hori baizik ez zitzaion gogoan geratzen, eta tai gabe hitzok berresaten zituen hortz tinkatuen artetik: «Helduko gara, helduko gara», leihorrari buruz geroago eta nekezago, eta ahulkiago, indarka egiten zuelarik. Bai eta uhin eskerge batek, itsasoko jainkoak igorri izan balio bezala, jo eta uzkaili zuenean ere, Theresari uko egitera bortxatzen zuela, oraindik esaten zituen zoratuki, etsituko. Gero deus ez gogoaren gaua baizik...

        ...Leihorretik ikusi zituen pasaiari bakarzale batek ez-beharra berehala seinalatu zuen. Haien salbatzera lehiatu ziren xalupak eta iherilaliak beranduegi heldu ziren, ordea. Haurraen gorputza hondatua zen; uraren oldarrak engoiti ba zeraman hainbat gutiziatu zuen zabalarantz, Gazteen Lur hainbeste amestu hartaraino... Gizona bakarrik zuten eriden, eta leihorrera eraman. Ez zen hilik... Hiri-zainen etseko gaixotegian, nekearen nekez izan bazen ere, bere baitara erazi ahal izan zuten; eta begiek ireki zituen orduko aditu zuen Theresa joana zela — betikotz. Hiri-zainek egiten zizkioten galderei ez zien deus erantzun nahi. Zertarako jakin nahi zuten?... Zergatik ez zuten bakean uzten?... Theresarik ez zen gehiago mundu honetan — eta uste zuten ergel horiek bera mundu honetako zela oraindik, haien galde zoroei ihardesteko nekea hartuko zuela? Utz zezaten bakarrik... ez zen mintzatuko.

        Ondorio gabeko galdekatzeaz asperturik, azkenekotz amore eman zuten. Ezagutua zen gizona, etse on bateko seme zen... ez zezaketen bortxa. Haien jakin-gurak biharamon artera itxo eginen zuen, baina orduan mintzatu beharko zuen nahi ala ez! Bitartean, ez zuen noski ihes eginen... Eta polizien buruzagiak agindu zuen beraren etsera lagun zezaten.

 

aurrekoa hurrengoa