www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Haur besoetakoa
Jon Mirande
1970

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Haur besoetakoa, Jon Mirande. Kriselu-Lur, 1970

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN

 

        Egunak eta asteak, eta hilabeteak, joan zitzaizkien horrela aitzina; eta gizonaren laztanen eraginduraz Theresaren larruak sekula izan ez zituen eztitasun bat eta malgutasun bat hartu zituen. Uda etorri zen, eta beroagatik, biluzik lo egiten zuten orain elkarrekin... Baina beti herabe zen Theresa, eta aita besoetakoak zion pijama kendu behar ohean sartu ondoren. Egun-sentiko oskirrian esnatzen zirenean, gizonak begiak itxirik gordetzen zituen Theresak, ustez lo zela, ahal bezain emeki eta higitu gabe bere pijama berriro janzten zuelarik, lotsazko begiradak epaixka hari emanaz.

        Uda etorri zen, eta eguzkia, eta Theresaren gorputz osoa erne-eraziko zuen uda hartako beroak... Oraindik ez zion gizonak hukiturik egiten egunaz haurrari, ezpainetan ugari ematen zizkion musuetatik kanpo. Baina ondartzara joaten hasi ziren Theresak eskolarik ez zuen egunetan. Jenderik ez zegoen leku bat bilatzen zuten eta, ondarrean jarririk, biak eskutik helduta, itsasoari begira egoten ziren. Esmeralt-argiz eta zilar-zurizkoz apainduak, itsas-jainko haundi baten beztimendu izanik ziren ausaz hain eder haien ooinetara zetozen uhin gorak... Isilik zeuden gizona eta haurra uraren zabaldura amets-eragile horren aurrean. Noizik behin, itsas-ontzi bat begiekin segitzen zuten, ostertzari buruz zoalarik, beren bien gogoen nahikari bakarraz zamatu ahal izan balute bezala. Gizonak kontatzen zion gero Theresari itsaso ezti eta hasarrekor horren epopeia, ezagut-erazten zizkion lehenagoko itsasketak, haien odoleko ziren marinel zangarrak beste mundu bateraino eraman zituztenak Lurra eta gizonak gazteago ziren aspaldiko adin horietan ailira bizi izan biok! Theresa zegokion bezainbatean ohoratzeagatik, bera ere joanen zer lur berri bila; Theresaren apaingarritzat, urre eta harbitxizko altxorrak bilduko zizkioten mehatzetan esklabo larru beltzek; haien gainean izanen zen haur zuri eta horaila agintari, ezin hurranduzko printzesa bat bezala. Theresak zoraturik entzuten zituen aita besoetakoaren bihotz-irudimendunak asmatzen zekien ipuin ederrok... Urrutiko Amerikak baino urrutiago, Indianoen lur urretsuak baino urrezkoago diren uharte dohatsuak, ordea, ez zizkion oraindik aipatzen, han, arimaren sorterri den Gazteen Lur mirarizko hartan, baitzatekeen Theresa printzesa eta agintari zor zitzaion araura...

        Iherika irakasten zion haurrari. Udazalerik heltzen ez zen itsas-golko txiki bat eriden zuen horretarako, eta hor zen Theresa berez desbeztitzen hasi haren begi liluratuen aurrean. Lehengo aldietan aski heraberik egiten zuen; gerorago eta ausartuago bilakatzen zen hala ere, baina berehala janzten zuen iherikako jantzia... Azkenekotz eguna etorri zen non Theresak ekandua hartu baitzuen haren aitzinean biluzik egoteko, berriz jantz zedin agintzen ez zion artean. Galdegiten zion beti lotsa zenetz... eta haren larru elurtsua estaltzen zuen gorridurak salatzen zion hala zela, baina ez zituen areago begiak saihesten ez eta bere gorputzaren edozein gune eskuekin ezkutatzen gizona so zegokiolarik, luzaro, uhin marrumakarien musika gehiago ez entzunaz, gezalaren gazia gehiago ez nabaituz. Aitzitik, bere begiak harenetan landaturik egoten zen Theresa, irribarrerik gabe, hitzik gabe, kezkaturik, aita besoetakoaren soak haren haragi guztia ikuskatzen eta ikertzen zuelarik. Ba zekien gizonak zer kezka zuen haurrak, eta harengana hurbildurik laztantzen zuen, lehenago gauaz baizik egin ez ohi zuen bezala, eta sinesten zuen orduan Theresak haren gorputz xiki zuria beti ere garaile zegoela. Uretan sartzen zirelarik biak, uhin berdeak haien bi gorputzak estalgi bakar batean tapatzen zituenean, gizonak esaten zion haurrari: «Ikus, Theresa, itsaso maiteak Isabelaren zikinkeriatik garbitzen nin!» Haurraren gorputz biluza hainbat aldiz haren so zorrotzari eskainirik izanda, berriz ere galdetu zion behin eia ez zuenetz orain den gutien lotsarik senditzen, eta Theresak baietz aitortu zion; baina, hark agindurik bere gogoa oro ager ziezon, zergatik eta nolako zen haren lotsa azalduz, adi-erazi zion neskatoak atsegin bat zitzaiola orain betiko lotsa hori, aita besoetakoari agradatzearren bere haur-herabea hilduratu behar zuelarik.

        Bere haragiaren atzartze geldi horrengatik ere zintzo eta garbi zirauen Theresak. Egunero ikasten zuen gizonaren zuzendaritza-pean eta trebe zen orain honi gustatzen zitzaion edozein gaiaz mintzatzeko eta galdera egiteko. Biblioteka iluntsuan haurrari latin edo literaturako lezio bat eman ondoren, lanpara prezios baten argi isilean Katulo edo beste poeta baten neurtitz gartsuak irakurtzen zizkiolarik, pozkario bat zen harentzat eta sari bat Theresaren seriostasuna, eta haren ulertu-nahia aita besoetakoaren botz beroari beha zelarik. Ikasi zuen hizkuntza orotan, hark ere behin, hozen eta samurrak, neurtitzak onduko zituen haurrarentzat! Ez, nahiz inor ez zetorkion areago ikustera, sekula ez zen aspertuko, inoiz ez zuen jendeekilakoaren beharrik izanen itsas-bazterreko etse zahar hartan: Theresa zen premiazko gizarte bakarra. Etseko andrearen papera ere zintzoki egiten zuen haurrak. Neskamea ba zuten oraindik, baina gizona ez zitzaion gehiago mintzatzen; alaba besoetakoaren bitartez zizkion behar ziren manuak ematen. Eguerdi batean, solas bezala, bazkaria berak zerbitzatu nahi izan zion Theresak eta, irribarrez, ahapeka kantatu zion neskatoari: «Zure eskutik nahi nikezu bizi nizano ogia...»; geroztik haurra izan zuen zerbitzari otordu guztietan. Azkenekotz, bere jaunaren otsein bakarra izan nahi zen Theresa; kozina egiten ikasi zuen — gogo-kontra sukaldearen usantza utzi behar izan zion neskame zaharrak, etsean zegoen espiritu berriak beldurretan zedukan ordea, ez zen lehen bezala zapuzkeriarik erakustera ausartzen eta arazo horretan eta besteetan orotan amore eman behar izan zuen; Theresak zuen orain gizonaren soinekoen ardura, hark zizkion lo-gela eta biblioteka ordenan atxikitzen... Neskameak ez zuen gehiago eskuriketseko jaunaren zerbitzuari zoakion edozein gauzatan.

        Behin bazkaltzeko orduan salan sartu zenean, mahaian jarri zelarik Theresak janari ekar ziezon haiduru, zeta-paperaz inguraturiko paket bat aurkitu zuen bere platerean. Jakin-guraz eskutan hartu zuenean, ikusi zuen hitz hoek zekarzkiela, Theresaren haur-eskribuan markaturik: «Besta on» — eta orduantxe bakarrik zen oroitu haren jaioteguna zela... hain aspaldi ba zen inork ez ziola urte-muga hori opatu, maite izan zituen gizakietatik... Eskuak pitin bat ikara, paketa ireki zuen: barruan, lauki eder batean ezarririk, irri polit batekin hari so, Theresaren portreta zegoen. Berehala ezagutu zuen haurraren foto bati jarraikiz eginik izan zela, berak baitzuen hartu, ondartzan egon ziren batean. Baina pintoreak trebeki jakin zuen neskatoaren begitartearen berezitasuna foto isil, kaskar hartatik bere pintzelaz aldatzen... Walkiria xiki baten urrezko bi trentzen artean elurtsu eta garbi agiri zen aurpegitxoan, haurraren begi nabarrek erakusten zuten samurtasun isil, iritsu hura, aita besoetakoaren bihotz-erdiragarria. Nor baitzen ere portretaren egilea, ezagutzen zuen haurra... eta bere pozaren erditik susmo xar batek zimiko egin zion gizonari bihotzean. Baina ezin zitekeen, Theresak ez zuen beste gizonik ikusi! Galdegin behar zion, antzezki, denborarik galdu gabe... Bitartean ber esker ona baizik ez zion erakutsi izan nahi — haurrak hobekien ulertuko zuen gisan. Eta eztidura mingar batek jo zion arima ohartu zelarik Theresak, haren besoetan errendaturik, portretean zituen begi misterios, irritsu hek berak eskaintzen zizkiola musuari. Bazkaria ohi bezala iragan zitzaien, baina jan-ondoan, itsasoari buruz abiatu zirelarik inguru bat ematera, besotik lotuta zebiltzalarik bide-berrian eguzki saminaren galdan, galdetu zion: «Esaidan, Theresa, nori egin-erazio dion portreta?» Haurrak irriz burua iharrausi zuen, ileak harrotzen zitzaizkiola: «Segeretu bat duk». «Baina, Theresa, jarraitu zuen, gogora hadi enetzat ez dunala segereturik izan behar... Jakin nahi dinat». Berriz ere Theresak burua astindu zuen, eta segeretu bat zela berresan. Zurbildu zen gizona; eskumuturrak tinkatu zituen — hasarretu ez zen nahi, ordea, haurra ezin jo zezakeen. Oraindik ezin zezakeen, egia ikasi behar zuen Theresaren ezkutapen horren gainean! Baina, Theresa xikia, zion bere baitan, bahenki bihotza nola erdibitzen dautaten hire emakumekeriazko antz horiek... Horrela ez zekaeen iraun... Gelditu zen bet-betan eta haurrari buruz inguraturik, ohartu gabe besoa min eragiteraino tinkatzen ziolarik, berriz ere galdegin zion: «Jakin nahi dinat nor izan den!» Haurrak oinazeagatik oihu xiki bat egotzi zuen eta, besoa haren tinkatik ateraturik, negarrak begira zetozkiola esan zion: «Nor den ez zekiat, ez diat ezagutzen». Emeki eta zatika, historia guztia jaulki zion: Theresaren eskoliersa-lagun baten anaiak egin omen zun portreta; aita besoetakoak zer adin zuen galdegin zionean, haurrak berriro erantzun zion ez zuela ezagutzen, behin ere ez zuela ikusi. Baina zihur zen hura portreta-egileak Theresa ikusi behar izan zuela nonbait, bestela ez baitzion hainbat bizirik, hainbat egiantzik emanen bere laneginari. Beharbada eskolatik ateratzen behin, bere alaba besoetakoarekin zegoelarik... hala zatekeen, bai. Hala izan behar zuen! Halarik ere, gogoa susmoz beterik zedukan oraindik, eta azkenekotz agindu zion Theresari: «Esaion heure lagun horri lehen baino lehen ikusi nahi dudala haren anaia». Ondartzara heldu gabe itzuli ziren etsera egun hartan...

        Biharamon arratsean bertan etorri zitzaion pintorea ikustera. Estonatu zen, mutil gazte bat igurikitzen zuelarik, antzelaria bere adintsuko gizon bat zela konturatzean. Gurbila eta gizalandua zirudien. Bihotzean haren aldera alatzen zituen mesfidantza eta susmoak ez zizkion hasieratik agertu nahi. Portreta zegokion bezala goraipatu ondoren, nahi izan zion diruz ordaindu; baina irri batekin ukatu zuen besteak, jadanik ordaindurik zegoela esanaz. Aita besoetakoak apaingarri edo liburu erosteko ematen zizkion xanponak baztertu eta, haiekin pintorearen lanegina pagatu zuen Theresak... Haurrak antzelaria ordaindu, eta honek lan-saria onartu zuela jakinik, barruko kezka arinduxe zitzaion gizonari. Neskameari dei egin zion —agindu zion Theresari lo-gelan egon zedin pintorea hor izanen zen artean— eta edariak ekar zietzen esan zion. Arrotzari edatera zerbitzatzen ziolarik, galdegin zion: «Ene alaba besoetakoa ezagutzen ahal duzu?».

        —«Zurekin ikusi izan dizut bizpairu aldiz, eskolatik ilkitzean, arrebaren bila izan naizelarik».

        —«Ederki pintatzen ikasi duzu, foto bakun bati jarraikiz holako lan bat egitekotan...».

        —«Eskerrik asko. Zoritxarrez, antzelari baino antze-zale adituago nauzu... Neronek ikasi dizut piska bat, ez ogibide baina solas bezala bakarrik, eta gogoak hala ematen dautanean baizik ez dizut pintatzen. Baina...», eskaini zuen isilune labur baten ondotik, «nahi baduzu, zeu eta zure alaba besoetakoa elkarrekin pintatuko zaituet».

        Gizonak luzaro so egin zion, forogatuz, eta azkenean esan zion, geldiro: «Asmo bikaina duzu... Zenbat hartuko zenuke lan-saritzat?».

        —«Oh! ez dizut dirurik nahi, sekula ez ditizut ene tabolak saltzen. Zure alaba besoetakoari dirua hartu niozun, bai bainekien atsegin ziola ordaintzeak, baina zuri itzuliko dautzut orain... Biak pintatzen bazaituet, edozein gauza xiki aski dateke ordaintzekotz, liburu bat, edo apaidu bat jatetseren batean, edo...». Gelditu zen, eta gizonak begiratu zion, artega. «Edo nahiago baduzu, zuen bien historia konta diezakedazu lanaren sari», amaitu zuen, botza apalduz. Elkarri so egin zioten, isilik, eta gizonak, bere gogoaren asalduragatik eta guztiz ere, ikusi zuen bestearen begiak zindo zirela, eta zoargi. Halarik ere, ez zion behingoan deus erantzun nahi izan. Bere godaleta hustuta, esan zuen: «Barka iezadazu utzi behar bazaitut orain. Berandu duzu, eta Theresarengana behar dizut. Berriz ikusiko dizugu elkar». Eta agurtu ondoren, joan zen antzelaria.

        Gelan sartu zenean gogoa oraindik urduri eta nora-ezean zedukan, baina bihotza baketu zitzaion. Theresa idaz-mahaian eserita zegoen; mahai-gaineko lanpara xikiak ozta argitzen zuen gela haren baranoan. Ezer egin edo esan gabe atean zegoelarik, hura baizik ez zekusan gizonak. Uste zuen negar eginen zuela haurrak gelan bakarrik gelditu zen artean... Baina ez; begiak ez zituen umi ez gorri... aitzitik, dirdai alai batek argiturik ziruditen. Aita besoetakoa hurbildu zitzaion eta berari kontra estutu zuen, hitz hau bakarrik belarrira ziotsalarik: «Barka!» Ba ote zuen haurrarengandik barkamendu beharrik ordea? Ezetz erakusten zuen Theresaren begietako irrino maltzur eta maitekorrak aita besoetakoari galdegiten ziolarik: «Ohera bear dut?» Ordu zuten bai oherako... Neskatoak, lotsa gaizto izpirik batere gabe orain, egunazko soinekoak erantzi zituen eta pijama jantzera zoalakoa egin zuen; baina geldituta, haiduru bezala egon zen hari buruz inguraturik. Berehala joan zen harengana eta besoetan hartu zuen ohera eramatekotz. Desbeztitu zen, eta ohean etzan haur biluzaren kontra tinkaturik. Intzirika zegoen Theresa haren gorputza laztantzen eta musukatzen zuelarik bere eskuez, eta ahoaz, eta gorputz guztiaz. Intzirika ari zen... baina bera ere tinkatzenago zen haren kontra, begiak zorabio batean jasanik haren aurpegiaren aldera, arimaren itsaso berdea ekaitz batek jorik zerakuskiola haietan... Handik askoz, askoz beranduago, laztantze hori amaitu zuenean haurra lo egitera uztekotz, besoak gorde zituen haren gorputxo minberegiaren inguruan. Arima eta haragi, besoetan zedukan... Noiz irarriko zuen haragi eta arima horietan bere jabetasunaren azkenengo ikurra, burdin goriak bere marka ezko malguan erretzen duen antzora? Oinazearen beldur izanen bide zen Theresa samurra — bera ere haren minaren beldur zen, ezinagorakoan. Baina bere elkar-jaurespideko aldare jasanetan epedotusia anker hori egiteke uzten bazuen, irudi zitzaion traditze bat izanen zela hori haurraren kaltetan — Isabela eta haren aurreneko beste emeen onetan... Inoiz ere horiek ezagutu ez balitu... Theresaren haurtasuna hain mingarriki, hain osokiro urratzeko preminarik orain ez izatekotz! Gerorako errukiz beterik so egiten zion aldamenean lo zuen neskatoari, haren loaren gainean beilatzen zuelarik. Sinbolo bat baizik ez zela ulertuko ahal zuen Theresak.

        Udako egunak aurrera zoazkien. Zenbat aldiz ez ziren egon itsaso adiskidearen ikusmenean, biak isilik eguzkiaren galdan, biek bata besteari oro salatu ondoren — eta nahiz betiko eleak zerabilzkiten elkarrekin, zentzu bat egunero beteago eta osoagoa hartzen zuten eleok. Laster eskolak bukatuko ziren eta bakantzaz joanen ziren biak udazkeneraino. Ez zekiten oraindik nora. Nahi zuen Theresa berarekin eraman atzerriko lurralde urruti, harentzat berri eta ezagun-gaberik izanen zen batera... Hegoaldeko herri eguzkitsu eta koloredun batera? — eta jadanik haurra ba zekusan berarekin itsasoko ur epeletan iherika, edo, Aitzinateko hiriak eta herriak ikuskatzen zituztelarik, museoetan edo harri zaharren artean Theresa seriosa, oroitzapen eta antze-lanei begira, hark ematen zizkion azalpenei beha... Ala ametsaren iratzartzaile den Ifarralderantz ziren ote joanen, bere urratsak oihan sakonetan barrura ezkutatzera, edo-ta, itsas-nesken dantza-leku izandako arkaitzetan eserita, uhinen eta bere bihotzen musika uzuari entzutera? Theresak berak zuen aukeratu behar... Egunero turismo-liburuxkak irakurtzen zituen, haren irudimena atzerriko lur misterios horietara zeramatenak — baina egunero gogoz aldatzen zen: Ifarraldean, eta Hegoaldean, eta munduko gune guztietan izan nahi baitzatekeen harekin. Udazkenerako bere herri eta etsera itzuli ziratekeenean, haurra ez zen areago eskolara ibiliko; berarekin etsean edukiko zuen beti aita besoetakoak, arima, gorputz eta gogo beti eskumenean; eta Theresak ez zuen orduan bere lagun gazteetatik inor ikusteko baimenik izanen... aldendu behar zen haunditzen ari ziren beste haurrengandik. Hori eskatu zion aita besoetakoak, eta Theresak zin egin zuen hala eginen zuela.

        Astean bi edo hiru bider ateratzen zen haurrarekin. Jatetseetan afaltzen zuten, eta handik landa, zinemara edo teatrora eramaten zuen, haren ezagunetatik batek edo bestek elkarrekin ikusiko zituelakotan. Ikuskizuna jendeen eraikigarri izanen ahal zen... Edo-ta zenbait aldiz arratsa iragaten zuten parkeren batean, aulki batean jarririk, elkar maite omen duten neska-mutil eta eztkongai-bikoen artean. Besteen presentzia higuingarriegi egiten zitzaionean gizonari, Theresa estutzen zuen bularraren kontra zoratu batek bezala, laztantzen zuen inor ohar lekien ajolarik gabe, eta berehala joaten ziren biak, giza-saldotik urruti, bien bakartasunera.

        Gizonaren adiskide ohikoetatik batxok ere ez zuen orain haren etserako bidea hartzen; eta haiekin buruz buru egiten zuenean, gauaz Theresarekin zebilelarik, berak deus agitu ez balitz bezala agurtzen bazituen ere, haiek ez ikusiarena egiten zuten orain. Baina Theresaren portreta egin zuen pintorea lauzpabost aldiz izan zitzaien etsean, afal-ondoetan. Lehengo aldian, zalantzan zegoen oraindik gizona, eta ez zuten antzeaz eta literaturaz beste hizketarik izan. Halarik ere, iker eta iker, konfidantza hartu zuen besteak ez zuela gibel-asmorik eta hurrengo aldian lasaiago egon ziren elkarrekin. Hitz hartu zuten udako bakantzetatik landa haien bien portreta pintatuko zuela antzelariak... Behin afaritara ere gomitatu zuen etseko jaunak — egun hartan, ordea, neskame zaharrak zuen otordua zerbitzatu, ez Theresak... Gizonak ez zion orain artean bere eta haurraren historia kontatu; baina haren aurrean ohi zuten bezala egoten ziren biak bederen, bere elkarrekiko bizieratik deus ezkutatu gabe, ezer epeldu gabe... Emeki emeki, gizona hasi zen lagun berri horren ikustaldiak atseginekin itxaroten. Theresa betikoa egoten zen arrotzaren aitzinean, hitz eta aieru urriko, baina alaia bere gisa isilean. Gizona pozik konturatu zen ordea beti malguago eta emanago zela haren besoetan haurraren gorputz xikia pintorearen ikustaldi baten ondoan. Alde horretatik behintzat, ez zuen beldur izaterik... eta azkenekotz, haren duda ondarrak aienatu ziran.

        Beste alde batetik etorri zitzaion beldurraren gaia... batere igurikitzen ez zuelarik, uste-gabetako ekaitz lazgarri bat ordura artean garbi egondako zeruan agertzen den bezala. Theresa eskolan zen — zorionez. Bibliotekan zegoen, ametsetan; bet-betan entzun zituen norbaiten urratsak etse-aitzineko atera eramaten zuen bide-zigorrean zihar. Estonatu zen, inoren begira ez baitzen. Xilin-ots bat. Laster neskamea hor izan zuen, batek ikusi nahi zuela hotsez. Bihotza joka hasi zitzaion ikusliarren izena jakin zuenean, eta gazigar bat nahasi zen haren aho-gozoari. Senitartekoa zen, beraren eta Theresaren ahaide bat... «Sar eraz ezazu», agindu zion laburzki otseinari, bere aulkian jarrita egonik. Lehengusuaren ager haiduru zegoelarik, gogor egiten zion bere buruari, barruko bakea eta lasaitasuna atzera irabazi beharrez... ergel eta oinarri-gabeko zen noski haren beldurkundea... Baina etorri berriaren aurpegiari begiratu ondoren, lehengo sotik ezagutu zuen ez zela ez ergel ez oinarri-gabeko! Elkar agurtzen zutelarik, besteak ez zion irribarre baten itzala ere egin, eta ezetz esan zuen hark edatera eskaini zionean. Gizona eseri zen berriz, gusuari galdeka begira, indar eginaz besteak haren eskuen ikaratzea ikus ez zezan. Jadanik iragandako filme bat izan bailitzakeen, esanen zukeen zer entzun behar zuen harengandik, eta zer hitzetan... «Barka gaitzitzen ba zaizu, hasi zen, zure onetan etorri nauzu...» eta nazka ezin esanezko batez beterik estanda egiteraino okaztaturik so egiten zion etseko jaunak, horrela itzul-inguruka eta haren aldera begiratu gabe mintzo zitzaiolarik. Urde zikintsua, burjes xiki estu zikina, merezi huke leher henzadan Theresaren izena heure aho likitsaz aipatzera ausartu haizelakotz! oihu egiten zion isilki... Jabaldu behar zen ordea, eta bere buruaren jabe egon; bere higuina ezkutatu behar zuen, bere burua apaldu, bere ohorearen minberatasuna hilduratu... errautsetan ere narrastuko zen, gizartearen indarraz eta ankerkeriaz harmaturik zetorren gizon hura maltzurkeriaz agaraitu beherraz. Ez ledila ibil Isabelarekin egin zen bezala, haren bizia zena galtzeko zorian ez ifintzeko! Isabela... hark zion noski gusu horri haren eta Theresaren berri eman... Pentsatu behar zukeen bide oroz baliatuko zela emakumea bere burua mendekatzekotz, zer eroa izan zen bera sekula uste izateko jasan zuen laidoa —nahiz merezitu izan— ahaztuko zuela emeak edo lotsak isil-eraziko ziola!

        «Haurrarentzat hobe izango duzu...» jarraitzen zuen besteak, «hazieragatik... kolejio batean... hala erabaki dizugu etsekoek...». Ez, jainkoarren, ez horrelakorik! Ez zuen Theresa joaten utziko, zoroturik zeuden, etseko ala etxekoetatik kanpo, hori uste zutenek orok... Baina zer kalte egin zien hark sekula, hain gogorki eta hain ankerki jokatu nahi baitzuten haren kontra? Bere atsegin xikietarako askatasuna beti utzi zien hark jende zintzo eta ohoragarri horiei, zer ziren haren epaile izatera ausartzekotz? Gorrotz gorrotatzen zituen, bai, zintzo eta zuzen zikintsuok! Eta aurrean zedukan bertutearen zalduna, gizon behar-bezelako, ez-deus, gatz-il hori, itzul-inguruka etahitz-estalika mintzo zen hipokrita hori, ez ahal zekien egiazki nolakoa zen, ez ahal zuen haren gogo —eta bihotz— xikikeriaren berri, bere bizi guztian egin, egiten eta eginen zituen xikikerien berri? Lapurra, salerostari bat zen aldetik gezurtia, gizarteko gizon bat izaki; satsua, lehenago emaztearekin, gizartearen on-nahiaz eta legearen baimenaz hartu baitzituen ere. Eta gizelikoak oro irin bereko ziren — zer bekoki zuten, bai, haren irriki gurenari oldartzekotz ergelok?

        «Ez dizut uste Theresa kolejio batean hemen baino hogekiago izango lizatekeenik, ez irakaskintzari dagokionaz, ez eta hazikerari dagokionaz ere», erantzun zion, ikusiz besteak momentoko hurrendu zuela hitzaldia. Irakaskintzaz zer zekien delako salerosketari kultura-gabekoak... eta hazieraz nola mintza ziteken gizarteko ihakinak baizik ezagutzen ez zituen pertsona funts-gabeko, gogo arront hura!... «Haurra umezurtz gertatu denean eta neure etsean hartu dudanean, guztiok laudatu nauzue —bai, elorri bat haragitik kentzen zien diruzale berekoi haiei...— eta ez dizut ikusten zergatik orain zuen gogoa aldatu duzuen... Gauzek orain artean bezala iraun bezate, Theresa hemen egon bedi — atsegin duen artean bederen...» jarraitu zuen ausartki. Lehen gusua bere onetik ilkitzera zoan; ekurugaitz agiri zen, eta ez batere bere aisean areago, azkenean beharko garbiro hitzegin. «Bai, atsegin duen artean», hasi zen, hasarreturik, «ez dizut, ez, dudatzen emanen diozula... Hainbat gaizto zure minberatasunarentzat nahi ba duzu argi mintza nakizun... Ala uste zenuen ezkutaturik gordeko zenuela zeure jokabidea haur gaixoaren aldera? Baina guztiek ba zekizute!... Ezin iraun dezake horrela gehiago, gure etsearen izen ona galtzera ez zaitugu utziko... lehen aldikotz duzu hori gertatzen gure senitartean... lehen aldikotz bai herri honetan orotan...». Theresaren aita besoetakoa beha zitzaion, deus ihardetsi ezin, liluraturik bezala. Egia zen beraz guztiek ba zekitela Theresaren eta haren berri; gauaz elkarrekin ateratzen zirelarik ba ziren zelatan zeudenak, heien bien ezkutapena salatu baitzioten faimiliari, ba zen Isabela urdanga lotsa galdutakoa, familiari dei egin ziona noski... Baina gusuak horiek guztiek eman zitzaioketen baino berri zeheagoak ba zekizkien eta, nazkatuarena eginaz mintzo, hitz-erdika adi erazten zion etsean iragan zen orotik ezer ez zitzaiola isilean egon. Neskamea baizik ez zitekeen salatari izan... edozer heldurik ere, hark behintzat bere irabazia eraikiko zuela erabaki zuen gizonak bere bihotzean. Gusuak amaitzen zuen: «Ikusten duzu beraz hobe duzula bihurtu gabe amore eman, guztiontzat laketago izanen da-eta...».

        «Ez, oh! ez», oihu egin zion gehiago lasai ezin egonaz mehatxu izugarriaren aurrean. «Ez dizut Theresa joatera utziko, berak ere ez nizu utziko zuk eta zu bezalakoek nahi duzuena eginik ere gure kontra». Arrotza jaiki zen, zurbildurik. «Damu dizut, zion delako azal-utsak, damu dizut ikusiz ez zarela zentzatu nahi. Hauxe baizik ez dautzut esanen: Theresa eskolatik aske izanen duzu hemendik hamar egunen buruan, orduan etorriko nauzu haren bila eta udako oporrak gurekin iraganen ditizu, besteak bezalako etse batean, besteak bezalako jendeen artean; eta datorren udazkenean kolejio serios batean ezarriko dizugu; han, agian, zurekin ikasiak eta eginak ahaztuko ditizu, eta besteak bezalako neskato bat izatera helduko duzu — beranduegi ez bada...».

        «Baina ez duzu aditzen, ez ahal dautzut esan ez dudala joaten utziko?» berriz ere oihu egin zion, hamorraturik, eskumuturrak borobiltzen zituela, eta aulkitik jaikita bestearen gainera jauzi egitera prest. Etenik gabe aurpegira botatzen zion: «Ez! Ez! Ez!» gusua beldurtu zen egiaz; behingoan zutitu eta, hasi zen ateari buruz ihes. Baina gizona ez zerraiola oharturik, atean geratu zen, hatsa labur eta begitartea zuri. Nola ere baitzen, aski bihotz izan zuen azkenengo mehatxu hau egoztekotz: «Zuk nahi ala ez, gaurtik hamar egunen barru hemen izanen nauzu berriro, Theresa etxe madarikatu honetatik urruti eramatekotz; ene damu bakarra duzu oraindik hamar egun zurekin utzi behar baitut... Eta gogoan har ezazu, edozertan eragozten banauzu haren bila etorriko naizelarik, ez dudala den gutien lotsarik izanen hiri-zaintzari dei egiteko!». Gizona, ukaldi bat buruan hartu izan balu bezala zurturik, bere aulkian atzera jar eta mugitu gabe egon baitzen arte guztian, gaineratu zuen, ate-barruan zegoelarik oraindik baina kanporako bidea bet-betan hartzeko gertu: «Zuretzat, zoritxarreko horrentzat, aholku hau baizik ez dikezut: Hobe zenuke sendakin bat ikustera joan...» eta kanpoan itzali zen.

        Ez zen mugitzen, begira zegoen inguruko paret, eta muble, eta altzariei; paretetako tabola eta liburuei mublen gainean zeuden irudi eta antze-lanei, eta leihotik kanpoan agiri ziren parkeko zuhaitz hostodunei — azkenekotz urkabe baizik ez baitziren. So egiten zion denbora neurtzen, denbora zauritzen ari zen ximinia-gaineko herlojuari — eta deus ez zuen ikusten. Deus ez zuen somatzen. Bere ohiko egoitzan zegoenik ez zekien areago, ohiko mundua eta izarrak eta izarbelak, gizon eltxo bati gertatuaz ez-ajolaturik, beren betiko ibilbidetik zebiltzala ahazturik zedukan. Gau eskerge bat baizik ez — ez beltz ez izarniatua, baina irungia eta uger-kolore... Bere baitaratu zenean, eta gogamena etorri zitzaionean ostera, konturatu zen gorputza oro kordoka zedukala. Gorputz guztitik dei egiten zion barruko etsipenak... Ailitz betiko sorgor egon! Moldegaizki jaiki zen, eta ozta-ozta zutik egonaz errestatu zen liburutegi-sail berezi batera, oroit baitzen vodka-botila oso bat han ezkutan utzirik. Isabela joan zen eguna ezkero ez zuen edaria dastatu — baina gaur, gaur zoratuko zen ez bazen berehala horditzen! Esker onezko malkoak isuri zituen, eta otoitz bat murmurikatu zuen edozein jainkoaren aldera, azkenekotz, bere behatz enbaldituekin, tapoia kendu ahal izan zuenean. Alkohol maitea edan zuen, irentsi zuen,erdia soinekoetara erortzen zitzaiolarik, burutik eginda irudi barrez ari zela... Berriz edan, harnasa hartzeko ahal bezain denbora guti galduz... Orain pentsa eta asma, vodkak adimena argitzen dion araura. Botila erditara hustua zuen, baina ba zedukan besterik etsean, demonio guztiei esker! Edan ahal izanen zuen, mozkortasun argitzaileak zer egin behar zuen iragarriko zien arteraino. Problemaren edozein askapen ongi-etorri izanen da, Theresa beste jendeetara joatera uzten ez duen ber... Urdeok indartsu ziren ondikotz! bihotza ahul, gogoa ahul — ulermena ahul, hura baino askoz, askoz indartsuago ordea! Legearen indarra eskuetan zedukaten, eta ez zuen dudatzen harma horretaz baliatuko zirela, mehatxatu zuten araura. Haren izate ororen jabe egiten ari zen mozkorrarengatik ere, hotz-ikara bat nabaitu zuen bere burua hauzitegi batean zekusalarik... eta presondegian — edo gaixotegian... busuaren aholkua gogoratu zitzaion, eta irri egin zuen kiraski. Lehenago bizi izan balira, apaiz aitor-entzule batengana joan zedin esanan bide zion... Baina mendearekin batera «aurrera» zoazen jendeok... Jakintza ezagutzen zuten orain haren ingurukoek ere, «Maitasun haundiaren gabeagatik gaixotasuna» den jakintza! Irri-egingarria benetan... gogoan ikusten zuen gusua Krafft-Ebing edo Freuden liburuen itzulpenak irakurtzen, estudiatzen... bur-muin lodiak nekatzen, ohitu gabeko terminak ulertu nahiz —metodikoa baitzen gizontxoa— eta azkenekotz, haren kasua azaltzen eta argitzen aho-zabalik zeuden familiako beste kideei. Esan gabe zoan gaitzesten baino gupitestenago zutela orain, Freud eta Krafft-Ebingi esker... Halarik ere, ekanduaren indarraz edo, haren epaile izan ziren, heriotzerako epaia esan zuten haren gainean. Gauzak ez ziren haiek uste bezala gertatuko, ordea, deabru guztiak arren! Hamar egunen epea utzi zioten bihotz-zabalok — eta aldakuntzarik asko agi ditezke hamar egunen artean. Baina ez zuen oraindik naikoa edan itxaropen-izpi bat bezela agertu zitzaion burutasunari abegi ematera ausartzekotz; lehen baino lehen behar zuen beste botila bat aurkitu, beldurrez eta asmo kontsolagarria hegan joan lekion, sekula atzera ez bihurtzekotz. Non zen neskamea? Ez! bera joanen zen edariaren bila... baina atso zantarra ez zuen ahaztuko. Oraintxe zen haren aldi izanen.

        Lo-gelara iganda, botila bat hasi-gabea hartu zuen eta, apur bat gogoetan egon ondoren, larruzko zihor bat, zaldiketan ari zen bere gazte-denborako oroitzapena. Su basa bat begietan zuela jautsi zen etse-azpiko salara. Atsegin igurikor batez gainezka zedukan bihotza, edariak emanik zion, senditzen zuenaz, edozer eragozpenetatik, edozein eragozlerengandik, Theresa eta bere burua askatzeko boterea. Gehiago edan behar zuen, ordea, begietako eta bihotzeko su hori ez zekiontzat itzal, etsipenaren hatzamar izoztuen harrapakin herriz ere haren bihotz zoroa utziz. Godalet bat pattarrez bete eta zurrut batez hustu zuen... gero, lasai-lasaia, ukaldi batekin lurrera aurdiki zuen. Kristal hautsiaren hatsak erakarririk, berehala etorri zen neskamea; godalet-apurrak eta edari isuria lurrean ikusi zituenean, sukaldera joan zen atzera zapi baten bila, ez ordea etseko jaunari so galdekor bat, erdi-beldurtua, egin gaberik... Soa itzuli zion gizonak, baina deusik ez agertuz bere aurpegian, arrotz bat edo ez-ezagun bat ikusi izan balu bezala, eta berak jakin ez balu bezala non zegoen eta zer gertatu zen. Baina neskamea hauskinak biltzen ari zelarik lurrean belaunikaturik, zihorra hartuta, behingoan bat, bia, hiru, lau ukaldi eman zizkion burutik behera begitartean zeihar... Orroa batekin eta guztiz latz-ikaraturik ukaldiei utziri ahal izan zienean atsoak, nagusiak irkaitzez galdegin zion: «Hau ere salatuko ote diozu jendeari?» eta gaineratu zuen, zihorra mehatxuz astinduz otseinaren buruaren gainetik: «Eginahala egizu hala non hemendik ordubete batera ez zaitezen gehiago ene etsean izan, eta ez zaitzadan berriz sekulan hemen ikus! Postaz igorriko dautazu zenbat zor dautzudan — ordaindurik nahi izateko aski bekokirik baldin baduzu bederen...». Negar-zotinka hasi zen neskame zaharra... hainbat urte ba ziren etse hartan zegoela.

        Indar-erakusketa horrek on egin zion gizonari. Baina vodkaren eragina ahulduz zoan araura bihotzeko kezka berriz ere nagusitzen zitzaion — inoiz baino izugarriagoa. Egia esan zuen gusuak: bene-benetan nahi zioten, hark eta beste guztiek, alaba besoetakoa kendu, betiko — edo beranduegi lizaketeneko. Gorrotoz eta izotzez beteriko mundu batean galdurik zeuden biak; oro etsai zituzten, inoren aldera ezin ingura zitezkeen kontsolamendu bila, salbakuntzaren bila... Inoren aldera ezin ingura, inorengandik ez zitzaien lagunzarik helduko; ez ele adiskidetsu baten hotsa edo begi ulertzaile baten soa lizatekeen laguntza ere... Ala norbaitengandik ote?... azkeneko asteotan haien etseko ikustzaila bakarra izan zen pintorearen gogorapenak jo zuen... ez zen adiskide bat ordea, oztan ezagun bat — zergatik harengana joan behar zuen? Eta zertara? Ba zekien bestea ez zatekeela gai den gutien laguntzarik haie emateko, hek bezain ahalmen-gabea baitzen jende zuzenen indarkeriaren aurrean; eta ba zekien antzelaria ez zela erruki ergelik erakusteko gizon bat — bera ere errukirik onartzeko gizona ez zen bezala. Ez zuen balio...

        Etsipena nagusitzenago zitzaion memento oroz. Mozkorra joanik zuen, baina ez zuen balio gehiago edan zezan. Ez orain behintzat. Orasteango mozkorraldiaren erdian etorri zitzaion asmo hark erroak hartu zituen haren gogoan, ordea. Beldurgarria zen bai, baina ez zen beste ihesbiderik... Ez zen! ziotsan adimenak, alde orotara bilatu eta ikertu ondoren. Izugarrizko erantzupena Theresaren aldera! Ba zekien haurra edonora jarraikiko zitzaiola, eta lotsa zen hala ere holako eskaera bat hari egiteko. Ezin uler zezakeen Theresak... Ala bai? «besteak bezalako» neskato bat ez zen ezkero bere etseko andretzat hartu zuen egunetik... Zindoki azalduko zion guztia; bere zalantzarik, eta lotsatik, eta damutik, bere beldurretik deus ez zion ezkutatuko. Ulertuko ahal zuen. Baina ez oraindik, zeruarren, ez gaur! Biharko utziko zuen, errukiz aurrenekoak bezalako gau bat izan zedintzat gaurkoa...

        Theresa eskolatik etorri zenean, gogor egin zion bere buruari betiko aurpegia haurrari erakustekotz; nola ere baitzen, barruko urduritasuna ezkutatu zion, usatu sukarrarekin jai egiten ziolarik. Zerbait gertatu zela susmatu ote zukeen neskatoak ematen zizkion musuen zorotasun etsituagatik? Jakinen zuen edan zuela, eta kezkaturik egonen zen. Zerbait susmatzen zuenik ez zuen deus irudi-erazi ordea... Neskameari kanpoa eman ziola esan zionean, haurrak ez zuen horren zioa galdegin, eta agiri zen otseinaren joateak atsegiten ziola; gaisoak uste zukeen hura bere neskametxo bakartzat edukitzekotz bidali zuela atsoa! eta negarrak zetozkion begietara ba zekusalarik nola serioski, nola grazioski haurrak janariak zerbitzatzen zizkion afariaren artean. Ba ahal zitekeen handik hamar egunen bururako ez zirela areago sala horretan izanen, biak elkarrekin elkarren bizirako? Baina ez zen ihesbiderik.

        Errukiagatik biharamonera artean isildu nahi izan zizkion Theresari haien zorion hauskor, zentzuaz lekorekoa, galzorian jartzen zituzten mehatxuek, baina ez zuen bihotzik, ez-ajolatuarena eginik, beste gaietaz mintzatzekotz. Afaldu eta handik laster, bera nekaturik zelakoan, ohera eraman zuen alaba besoetakoa — «neke-sendalari, buru-argitzailea» izan behar zatekeen ohera, poeta hizpidean ba zegoen... Gaur ordea, elkarren aldamenean etzanik eta bi gorputzak bata besteari estuturik egoteak ere ez zion bihotzeko neke izugarria sendatzen, ez iluntasuna kentzen; Theresaren haragiaren azal-pean irraida bat bezala forogatzen zuen su eztia ez zen gai geroaren beldurrak gorputzean ezarri zion izotza urt-eraztekotz... Theresa ohartu zen aita besoetakoa mugitu gaberik egoten zela eta begiak itzal, eskuaz emeki, haurrak maite zuen gisara, gorputza lantantzen bazion ere. Kezkaturik jarri zen neskatoa. Baina zer galdegitera, zer eskatzera ausartuko zen... Lotsa-izpi bat zuen beti, horrela elkarrekin zeuntzalarik, eta sekula ez zuen orduan hitz egiten. Gaixoak jakin balu gizonaren gogoak zerabilzkien asmo kiratsen berri, beti eta beti barruko begiez zekusala Zoriak utzi zien ihesbide bakar hura!... Theresa ez zen ausartzen mintzatzera, baina poliki so herabeti bat hari eman ondoren ziharka, eta matrailak pizka bat gorritzen zitzaizkiola, hasi zen bera aita besoetakoa laztantzen, moldegaizki baina geroago eta amultsuago zen esku batekin. Lehen aldikotz zen hori egitera menturatzen besteak agindu gaberik, eta halako eztitasuna zedukan haur gozoaren eskutxoak hala non gizonak, bere gogoari bortxa eginik, ohildu nahi izan zituen beregandik gogapen beltzak oro senditzen zuen esker-on hitzez ezin esanezkoa Theresari ager-eraz ahal ziezontzat. Ahaztu nekeak, bai, ereti bakar batentzat baizik izanen ez bada ere — betikotasunaren zati bat izanen den ereti batentzat... Bere izate guztia eskeintzen zion Theresari, aurpegia otoitz isil batekin hari buruz jasorik; bera zen guztia ematen zion haren esku samurraren laztanari, haren aho freskoaren musuari bere zoart-intzaz eztitzen zuelarik haurrak gizonaren agortasun sukartsua; eta Theresari esker, aita besoetakoaren kezkaren berri ez zekien Theresa xikiari esker, bakea etorri zitzaion azkenekotz... Haurra haiduru zatekeen zerbait esanen ziola, baina, haren samurtasunak bentzuturik, ezin hitzegin zezakeen; eta neskatoak irribarre lotsatu batekin begiratzen ziolarik isilik, sentitzen zuen bere soa bustitzen, bihotz — eta gorputz-hukidura kausa zela, ezin bestez. Beldura agertu zan Theresaren aurpegian; «Zer dun?» galdegin zion, ahapeka; eta berriro, hura mintzatu gabe egoten zelakotz, botza ikaratan: «Zer da?» Ene gaixoa, aski laster jakingo dun! pentsatu zuen, bihar artean behintzat kezkarik gabe nagoke... eta erantzun zion: «Ezer ez dun, Theresa, ezer ez... Lo egin...». Noski ez zuen eginen, aita besoetakoaren egoerak sor-erazi zion kezkagatik honek ez balu bere aldiz haurraren gorputz xiki malgu hura oro luzaro eta sakonki gerekatu, hala non azkenean nekadura hutsaz loak hartu baitzuen neskatoa.

 

aurrekoa hurrengoa