www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen Bihotzaren Debozioa
Sebastian Mendiburu
1747, 1751

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea.

Iturria: Jesusen Bihotzaren devocioa, Sebastian Mendiburu. Pedro Joseph Ezquerro, 1751

 

 

aurrekoa  

LAUGARREN BURUA

 

Jesusen Bihotzaren maitazalleak
urte guzian egin behar dituzten gauzak.

 

 

§. I.

LENIK ADIRAZTEN DA
NOLA TA ZER GATIK
EGIN BEHAR DIRAN,
EGITEN DIRAN GAUZAK

 

        1. Jesusen Bihotzaren debozioa da, len esan dugun bezala, zor diogun amorea gatik Jauna gogotik maitatzea, ta maitatze onek dakazkien gauz onen presentak egitea, ta denbora berean, gu ez uztea gatik, Aldarean egin zaizkan bidegabeen damu andi bat artzea. Zor diozun amorea gatik bada, ta zu gatik daramanaren alde, egin behar dezu egin gogo dezuna. Ezagu dezazun zu gatik egin zuena, egiten duena ta daramana Jesus onak, hitz bian bildurik emain dizut len luzaroago erakutsi nizuna.

        2. Ekus dezagun onetarako, bein gu gatik Jesusek Aldarean egiten duena; ta gero guk Jesusi egin oi dioguna. Borondate osoarekin edo nai guziarekin eskeintzen digu Jesusek Aldarean bere gorputzaren janari andia; baña edo nekez artzeratzen gara edo artzen dugunean izan oi da ezin bestez edo nai gabe bezala. Marrik eztuen naiarekin maitatzen gaitu Jesusek; eta, ezer zor ezpagenio baño, geiago ez gara gu Jesusez oroitzen ere. Maite gaituelako señale bat eskatu bagenio, eskatu gabe eman diguna baño, andiagorik ezin eman zezakean. Gu gatik eraman dituen neke, izerdi ta eriotz gogorra, maite gaituela erakusteko diña ezpalira bezala, gelditu zaiku lurrean, dituen ondasun ta izate guziarekin, gu gana etorri ta gure bihotzean sartzea gatik: eta, sar-aldietan, arzeko estaduan bageunde, ematen diguna baño, geiago emain liguke. Non nai edo edozein erritan ta horduz arkitzen du Jesus, billatzen duenak. Ongi egiteko, ez dio begiratzen eskallearen anditasunari: den errumesena edo niork ez ekusi naiez dabillena, artzen du Jesusek, billatzen badu bihotz onarekin, ta beste edozein bezain ongi.

        3. Baña nola eranzuten diogu Jesusen fabore ezin geiagoko oni? Agitz gaizki. Gizonen eskutik artzen du Jesusek konta ala ta geiago txarkeri. Lenbiziko artu aldian, zikindurik utzi zuen Judasek bere komunio gaixtoarekin aldareko maia: ta zenbat onelako zikinkeria ez ditu Jesus onak ekusten geroztik? Anitz dira munduan arpegi onarekin Jesus, Judasek bezala, saltzen dutenak. Asko dira konfesioko iturrian garbiketa iduri bat egin, ta bihotz loi ta galduarekin komunioko maiera igaten diranak. Onelakoak faboretzat saldu nai diezte Jesusi Herejeen sakrilejioak adiña sentitzekoak diran beren komunio gaixtoak: bada Herejeen Sakrilejioak negarrez betetzen ditu Jesus maite dutenen begiak, eta damuz ta urrikiz bihotzak: eta onelako urrikiak, damuak eta negarrak atsegin egiten diote Jesusi, egiten zaizkan txarkerien artean; baña komunio gaixtoen txarkeria ez da ekusten; ta ekusten ez den bidegabeak edo txarkeriak ez du negarrik eragiten. Beste alde, guti dira komunio gaixtoen orrenbat berri dutenak; eta gutiago, horiek gatik daramazkien miñetan, beren damuz, Jesusi lagun egiten diotenak. Egia da bietatik edozein dela txarkeri arrigarria.

        4. Jakikerazko edo txanzazko Jainkoa baliz baño gaizkiago erabilli dute askotan Jesus Hereje gaixtoak. Kendu dute Elizetatik Elizetan arkitu dutena. Urratu ta erre dituzte anitz lekutan Elizetako Aldare ta Sagrarioak. Autsi ta desegin dituzte Mezako Kalizak ta Komunioko Kopoiak. Erabilli dituzte oin pean, eman diezte zakurrai bazkatzat eta zaldaletzat mandoai Kopoietan arkitzen zituzten Forma konsagratuak: eta hau guti iritzirik, onelako zenbait Forma Holandako Herejeak iltzez josirik utzi zituzten gaixtoak urkatu oi zituzten tokian. Bruxelas, Borgoña ta beste anitz bazter edo aldetan ekusi zituzten Herejeak, berak ezpata puntekin egin ziezten zuloetatik odola zeriela, forma santuak: baña zakur amurratuak balira bezala, geiago berotzen ziran Jesusen kontra, edozein onelako gauza edo milagro ekustearekin; ta egiten zituzten Jesus onarekin infernukoak berak izutzeko aski ziran gauzak. Sartu oi zituzten zenbait aldiz irakiten zegoen urean. Batzuetan surtara botatzen zituzten; ta saldu ere bazituzten zenbait aldiz: baita artu ere ezin esan ditezkean gauzetarako. Ai Jesus! ta zein ona zaran, orrenbat gu gatik daramazunean! Orra zer eskerrak, zor zaitzun amorea gatik!

        5. Ezta izandu zuri egin zaitzunaren laurdenik ere ekusi duen Gizonik. Milla lapurkeri ta beste anbeste eriotzen ondoan arrastaka urka-bera doan Gizonak urrikariz erdiratzen ditu neke hartan ekusten dutenen bihotzak. Jesusen nekeak Jesusi egiten zaizkan bidegabe ta txarkeriak dira —diran andienak izanik ere—, ezpalira bezala ekusi oi diranak. Arrizkoak dirudite geienen bihotzak; bada ez ditu beratzen Jesusek dien amoreak: ez eta berak gatik eraman dituen neke izugarriak ere.

        6. Jesusen amore hau ta onegatik Aldarean ekusi dituen txarkeriak gogotik utzi gabe egon behar genuke, Elizan gauden guzian. Baña anitzek onelako gauzarik gogoan artu ere gabe egiten dituzte ango aldiak. Zenbait berriketara joan oi dira Elizara. Batzuek, Jesus dagoen Aldarera baño, geiagotan daramazte begiak Elizan sartzen ta ateratzen diranetara edo bazterren batera. Besteak hitzketan ta galdeka daude; ta ez die uzten gauz onik egiten Aldamenean daudenei. Anitz, hume txikiekin doaz Elizara, Elizako guziak nastera: ta ez da faltako ezin esan ditezkeen gauzak esaten edo egiten dituen bat edo beste.

        7. Onelakorik egiten ez dutenak errespetuzko edozeñekin egoin lirakean baño lasaiago egon oi dira Elizan. Mezakoan ere, zezenetan arkitzen balira edo jostatzen dabilzan aurrai begira baleude bezala egon oi dira. Zer den Meza edo zertako den oroitzen ere ez dira geienak. Mezan arkitzen den Jainkoaz ezpaliz baño kaso geiago ez dute egiten. Askotan belaun bat baizik lurrean ez dutela, edo jarririk, edo eseririk daude, an dauden Aingeruak arrituak dadukatzien Jaunaren begietan.

        8. Jauna artu behar dutenean, zertara doazen ez dakitela dirudite geienak. Errege edo Gizon andiren bati, ikara daudela baizik, begiratuko ez liekeenak ere ez dira izutzen, komulgatzera igotzen diranean; ogi zati bat artzera bezala doaz Errege guzien Errege, Jainko ta Gizon egiazko Jesus artzera. Ar dezateneko, Elizatik atera naiez daude: ta, an daudeño ere, zenbait Ave Maria esaten ari dira, berekin ez balute baño, geiago Jesusez oroitu gabe. Elizatik atera orduko, Jesus artu duen aoarekin asitzen dira berriketan bear ez diran gauzak agertzen, ta gaizki moldatua, ezi gabea dadukaten barrenak dakazkien gauzak agertzen.

        9. Badira maiz edo askotan komulgatzen diranak, baña, egiten dutela agitz guti ezagun zaienak. Zer gatik uste dezu? Zeren oituraz bezala komulgatzen diran. Behar bezala edo al egiñean barrena birtutez apaindurik artzen balute Jesus, Jesusek utziko lieke utzi oi dien baño ondasun ta grazia geiago. Ez dute nekatu nai beren barrenak ustutzen, graziari onzi andi bana egiteko; ta, non utzi arkitu gabez, utziko litukeen grazia anitz utzi gabe doakie berekin iduki duten Jesus. Atoz ea; ta ez da sentitzekoa Jesus maiz artzen dutenak, eta orregatik egunoro gogotikago maitatu behar lukeenak, onen guti Jesus maitatzea? Berandutik berandura baizik komulgatzen ez diranak maitatze onetan otzak edo epelak izatea berez datorren gauza da; bada neguko izotz eta elur artean bizi diranen gorputzak bezain otzak dira Zeruko graziak berotzen ez dituen bihotzak; eta negu otzean bein edo berriz baizik suaren ondoratzen ez diranak otzak oi daude. Arritzeko den gauza da su andiaren ondoratzea bat askotan, ta orregatik ere beti otz egotea. Hau da maiz edo sarritan komulgatzen diran askori gertatzen zaiena; bada amorez su ta gar egiña dagoen Jesusen Bihotzeko labean sartua gatik zenbait ez dira erretzen ez eta berotzen ere.

        10. Otzago gelditzen dira, ala oriek, nola bakan su hau artzen dutenak, su onen ondoratzea baizik egiten ez dutenean, edo noizean bein baizik Elizan sartzen ez diranak. Ezin bestez bezala joan oi dira oriek Elizara. Dioazenean ere izan oi da nora doazen, norekin hitz egitera edo zertara begiratu gabe. Sartzen dira Elizan adiskide baten etxean bezala. Adiskidearekin baleude bezain ajola gutirekin daude beren Jaunarekin. Begien arinkerian, errespetu gutiko egotean, gogoa non nai erabiltzean, ta egiten dituzten beste asko uts-egitetan aditzera ematen dute ez dituztela beren barrenak berotu, ta etzituela Jesus maitatu naiak ekarri Elizara.

        11. Aldarean balego Jainkoa Lege zarrean erakutsi oi zuen majestade ta gogortasunarekin, obeki begiratuko genuke nora goazen Elizan sartzen garenean; beldur geiagorekin artuko genuke, komulgatzen garanean, ta ez giñake ibilliko gabilzan bezain lasai. Utzirazi diozka leneko gauza izugarri guziak guri ongi naiak: orregatik maitatu behar genuke anitz geiago Jesus: baña gutiago maitatzen dugu. Ah! zein andia den gure, Jesusi zor diogunaren, ezaguera-gabea! Ah! zein gaizki eranzuten diogun Jesusek digun amoreari!

        12. Korpus Kristiko egunetan ateratzen du Elizak Jesus, apainduak dauden kaleetan barrena, Elizan bezala kale ta bazter guzietan ezagu dezaten guziak beren Erregetzat, Erregeri zor zaion bezala agur dagioten, ta maita dezaten diranak. Baña zer gertatzen da? Herejeen eskutik artu dituen bidegabeak, injuriak, gaixtoen komunioak eta Elizako txarkeriak aski ezpalira bezala, txarkeri berriak egiten zaizka, honra ta amore utserako Elizak berezi dion egun onetan ere. Hala berak aditzera eman zion Doña Sancha Carrillo zeritzan bere maitatzalle andiari.

        13. Ezijako Errian Korpus Kristiko prozesioa zebillen batean nola uste dezu agertu zela Jesus Doña Sancharen begietan? Gurutzean jostera Jerusalengo Kaleetan barrena eraman zuten gisan, arantzez burua beterik, eta gurutze sendor bat bere soñean zekarrela. Arritu zen Jesus ala ekusi zuenean, ta, nola Jauna, galdetu zion, ekusten zaitudan itxuran zu, egun bezalako egunean? Bai, Sancha, eranzun zion Jesus maiteak; eta begiak estaltzen ziozkan ta odolez betea zegoen buruko illea aldaratu, ta erakutsi zion arpegi guzia odol egiña, ta esan zion; ona nola uzten nauten egun oietan Herejerik ez den bazter oitako jendeak ere. Orra zer egunak neretzat Korpus Kristi egunak.

        14. Egun onetan bada, ta urte guziko egunetan Aldareko Sakramentuan egiten zaizkan bidegabeen alde egin dakion atsegin baizik emain ez dion zerbait, berezi du Jesus onak bere Bihotzarentzat urtean egun bat. Egun hura ta urrengo zazpiak Jesusen gorputz Santuaren egunak dira, ta beste hau Bihotzaren eguna da. Egun aietan ta urte guzian erakusten ari da digun amorea. Egun onetan guk hari erakustea nai du berearen alde dioguna; ta erakustea Zeruko guziak eta lurrean diranak ezagu dezakeen bidez ta moduz.

        15. Ziñez ta bihotzez maite dutenak Jesus egun onetan egin behar dute maitatze onek eskatzen duena edo al dagiten guzia. Nai badezu izan maitatzalle oitatik bat, damuz ta urrikimentuz beterik egon behar dezu egun onetan, oraindaño egin zaizkan txarkeri ta bidegabeak gatik; eta bidegabe ta txarkeri guziak ezin ito dioten zure amoreari amorez eranzuten. Hori bera gogoan dadukazula, egin behar dituzu egiten dituzun komunio ta gañerako gauz onak. Egun hau ongi igarotzea izan bedi gisa berean gero urte guziko gauz onak egiteko. Ez dakizula gogotik erori Jesusek zu gatik egin ta eraman duena; ez eta bihotzetik ere egin zaizkan txarkerien damua ta zor diozun amorea; nai ezpadituzu ortik datozen ondasun andiak galdu.

 

 

§. II.

JESUS MAITE DUTENAK
URTE ORO EGIN BEHAR DUTENA

 

        1. Ongi izateko, Jainkoaren izenean eta gure Jauna gatik egin behar dugu egiten dugun guzia; ez da halabaña Jaunari zor ez diogun gauzarik. Gauzak bezala egunak ere Jainkoarenak dira: ez da bat ongi igaro behar ez denik. Badira orregatik ere urtean zenbait egun besteak ez bezala igaro behar diranak: badira igandeak, badira jaiak; eta jaien artean ere zenbait besteak baño andiagoak. Onelakoetan nai du besteetan egiten ez ditugun zenbait gauza guk egitea, edo, gutienean, egiten ditugunak len baño obeki egitea. Lenaz gañera berezi digu bat; hau da Jesusen Bihotzarena: ta hau da gañerakoak baño obekiago igaro behar lizakeana, lenagokoetan egin ditugun utsak ateratzen ditugula.

        2. Korpus Kristiko egunetatik batean Aldareko Sakramentua begietan zedukala zegoen len esan dugun Serore edo Monja Alacoque oni Kristo Jauna agerturik erran zion zor zion amoreari eranzuteko etzela anbat aldiz eskatu zion gauza egitea bezalakorik. Agertu zion gero bere Bihotza; «ta ona, esan zion, ezin geiago gizonak maitatu dituen Bihotza; ez die ezer gorde; ustu ta aitu bezala da, dien amorea erakustea gatik; eta zer uste dezu zor diela? geienai eskerrik asko batere ez; ta eskerrak eman ta zor didatenari eranzun beharrean, txarkeriz, esker gaixtoz ta sakrilejioz betetzen naute: ta damurik geiena ematen didana da oitatik zenbait anitz geiago zor didatenak dirala, ta niganako obligazioz loturik daudenak. Orain nai dudana da egun bat Bihotz onen honrarako; ta izan bedi Korpus Kristiko zortzi egunen ondotik datorren hostirala. Egun onetan egin behar da, Aldarean dagoenetik egin zaizkan bidegabe ta injuriekin kendu zaion honraren alde, komunio bat. Nere kontu zabalduko dela Bihotz hau, eskatzen dudana egiten dutenak ondasunez betetzeko».

        3. Ondasun oek, bada, egun hartan irabazi nai badituzu, egin behar dituzu orain erakustera noan gauza guziak, edo al dituzunak. Asi zaitez lenagoko arratsaldetik bigaramuneko behar dituzun gauzak prestatzen, edo Jaun andia artzeko dagoen zere barrena apaintzen. Ez dezazula irakurri gabe utzi zer den Jesusen Bihotzaren debozioa adirazten duen libru onetako leku bat edo beste. Arratsalde berean zoaz Elizara; ta zaude an, al dezun horduraño, Jesus onarekin; ta, etzin baño len irakurri zazu irakurtzen zaudena baño len arkitzen den §.

        4. Egun hau ongi igarotzeko, behar da barren bildua. Barrena bilzeko, utzi behar dituzu lenagoko egunetik utzi ditezkeen ibillera, dibersio ta hitzketak; eta arratsean zaude hordu laurden bat, bigaramuneko gauzen neurriak artzen. Etziterakoan eskatuko diozu zurekin dabillen Aingeruari dagoela goizeraño Elizan Jaunarekin zure oñorde ta partez; ta erraiozu Jaunari loo beharrik ezpazenu, ta al bazenu, egoin ziñakeala zu ere, Aingeruai lagun egiten, ta berarekin gau guzian. Egizu VI. §. arkituko dezun bostgarren otoitza. Belaunak lurrean dituzula ta burua beititurik, eskatuko diozu Jesus onari dizula bere bendizioa ta gaua ongi igarotzeko behar dezuna. Lotatik esnatzen bazara, egiozu agur Jesus onari; ta adora zazu haren Bihotz maitagarria.

        5. Alik osoena eman behar zaio Jesus onari urrengo bere eguna. Ez dezazula egun onetan artu utzi ditekean lan edo egitekorik; ez eta alferkerian ere galdu egun onen hordu edo zatirik. Jaiki zaitezeneko, zoaz gogo guziarekin Jesusen oñetara; egiozu agur edo adora zazu. Zor diozun guziaren alde ta dizun amore andia gatik eskeñi edo ofrezituko diozu egun hartan egin behar dezun guzia; ta eskatuko diozu lagun diezazula dena ongi egiten.

        6. Prestatuko zara Konfesio on baterako. Artuko dituzu al dituzun bideak egun hartaraño eraman dezun baño, damu ta urrikimentu geiago eramateko Konfesorearen oñetara; ta ez da zer utzi konfesatu gabe Elizan egin dezun uts-egiterik, txikia izana gatik ere.

        7. Egun hartako Komunioan atera behar dituzu lenekoetan egin dituzun utsak. Ori egin lekuan, izain zenituke uts-egite berriak, lenekoetan baño begiratze geiago ezpazenerama. Ongi komulgatzeko, egizu maiz komulgatzearen gañean irugarren Buruaren VII. §. erakusten dena. Bere uts-egite andiak lotsatua dadukatena bezala joan behar dezu Jauna artzera; ta joain zara Komunio hartan atsegin andi bat Jesusi emateko naiez beterik. Oroiturik gero gu maitatzea gatik Aldarean ekusi dituen bidegabezko gauzez, egin behar dezu kontu aserre dagoela Jaun andi hau ta gozatzera zoazela zere komunioarekin; baita zere Redentore ona ateratzera bezala ere, behar ez bezala darabilten Hereje ta Kristau gaixtoen eskuetatik. Zoaz denbora berean zere kontra dadukazun Jainkoarekin bakeak egitera, ta berriz aserre dezakean gauzarik ez egiteko asmoarekin. Artuko dezu Jesus nor artzen dezun dakizunak bezala, erran nai dut, beldur ta humiltasunez beterik; eta, artu ondoan, esain diozu maite duen bihotzak erakusten duen guzia.

        8. Egizu gero al egiña ezagutzea gatik zerekin dadukazun Jesusek digun amorea, ta gure harganako oztasuna. Ezaguera onek dakarren damuz bihotza beterik, eskatu behar diozu dizula digun amoreari eranzuten ez diotenen izenean egin ala egiteko grazia. Daramatzien eskergabe ta txarkeriak bihotza erdiratzen dizutela berari adirazteko, esazu gero VI. §ko lenbiziko otoitza; txarkeri ta eskergabetasun horien alde, emaiozu zere bihotza, zere anima ta zaran guzia, ango bigarren orazioan erakusten den bezala.

        9. Goiz hartan geienean edo al dezun guzian egon behar dezu Elizan: ta, zauden lekuan, egon zaitez Jesus maitatzen ta gogotik utzi gabe; ta egiten dituzula al dituzun gauza on guziak.

        10. Arratsaldean irakurri behar dezu, Jesus maitatzeko, zure bihotza bero dezakean zerbait edo dakizkitzun gauzak gogoan arturik, egoin zara Elizan, zure amoreak hara ekarri duen Jesus onari al dezun guzia bihotzez esaten ta bihotzera Jesusek esain derezkitzunak aditzen. Baña ez da zer utzi orregatik egin oi dituzun beste egunetako debozio ta gauza onak.

        11. Zoaz gutienean bost aldiz egun onetan Elizara. Lenbiziko joan aldia izain da Aldarean gelditzearekin erakutsi zigun ongi nai edo amorearen eskerrak ematera. Bigarrena, egin ditugun komunioetako faboreen ta orduko ondasunen eskerrak ematera. Hirugarrena, ezagutzen ez dutenen eskutik artu dituen ta Hereje gaixtoak egin diozkaten bidegabe ta injurien damu andi bat erakustera. Laugarrena, gaizki komulgatzen diranak eta gañerakoak Elizan egin dituzten sakrilejio ta gauza gaixtoen alde, guziak urratzeko nai ta deseo baten presenta egitera. Bostgarren aldian joain zara Elizan ekusten dituen bakartasunetan Jesusi laguntzeko naiez beterik; bada geienetan ezpaliz bezala utzirik dadukate jendeak; eta ezin bestez Elizaratzen dira.

        12. Egun onetan, zenbaitek ekusi oi dute Jesus Erriko Eliza guzietan; guzietan artu dituen bidegabe ta injurien damua guzietan Jesusi erakustea gatik. Badira beharrean dauden zenbaiti Komunio Santua egun onetan arrerazten dienak, nola egin behar duten lenago erakutsirik; komulgatu ondoan bidaltzen dituzte bere beharra arintzeko zerbait emanik. Beste anitz prestatzen dira zenbait baru, zilizio edo gorputzaren nekerekin. Geiena egiten dutenak ere egun hau ongi igarotzea gatik, ez dute egiñen geiegi: bada egun hau, ekusi degun bezala, beste egunetan beste guziak egin dituzten ta guk egin ditugun utsak ateratzeko eguna da; ta gure ta guzien utsak uts asko ta andiak dira.

 

 

§. III.

ILLORO EGIN BEHAR DIRAN GAUZAK

 

        1. Illaren lenbiziko hostirala ere Jesusen Bihotzaren eguna da. Egun onetan egin behar dituzu beraren egunerako berezi ditugun gauzak edo gauzetatik egin ditzakezunak. Ostegun arratsaldean irakurri zazu lenbiziko §. ta zoaz denbora zati batez Jesusekin Elizan egotera. Hostiral goizean, jaiki horduko, egin behar diozu maite zaituen Jesusen Aitari, bere Semearen honran ta izenean, egun hartako zure gauza guzien presenta. Zoaz al bait lasterrena Aldarean egiten zaizkan txarkerien damua erakustera ta dizun amore andiari al dezun bidez eranzutera.

        2. Konfesa zaitez Elizan egin dituzun ta gañerako uts-egite ta kulpaz. Artu zazu Jauna lenagoko zure ta besteen komunioetan egin diran uts-egiñen alde; ta eska zagozu, zerekin dadukazunean, bekatu berririk ez egiteko ta ziñez bera maitatzeko grazia. Erraitzu gero bihotz osoarekin VI. garren §an. arkitzen diran lenbiziko ta bigarren orazioa.

        3. Hordu bat, edo beintzat erdia, egizu arratsaldean Jesus onarekin Elizan. Ez da zer utzi Jesus ekustea gatik bost aldiz Elizaratzea: ta zoaz lenagoko §. erakutsi dena gatik.

        4. Egin oi dituzun gañerako gauz onetatik ez da zer bat ere utzi; ta al badezu, emaiozu zerbait beharrean dagoenen bati.

        5. Zabiltza egun guzian egiten zaizkan txarkerien artean Jesus onak Bihotzean dadukana gogotik utzi gabe. Amorez betea dagoen Jesusen Bihotza gogoan artu ezkero, arrizkoa ezpada, berotuko da zurea bera maitatzeko. Zenbat geiago maitatzen dezun, anbat geiago zorko diozu; bada, aziaz badoa zure ar ganako maitatzea, emanaz joain zaitzu Jesus ondasun berri andiagoak.

        6. Zuk bezala bera maitatzen dutenak gatik eskatu behar diozu Jesus onari: maitatu behar dute halabaña elkar Jesus maite dutenak; elkar maite dutenak lagundu behar diote elkarri; ta ez da Jauna gandik elkarrenzat Zeruko grazia ta ondasunak ateratzea bezalako laguntzerik. Mezakoan, bada, ta Komunio santuan, eska zagozu Jesusi egun oro maita dezatela geiago ta geiago bein maitatzen asi diranak; eta ar ditzala millaka egun oro bere maitatzalle berriak. Artzen dituen guziak eskatuko diote gero zuretzat; eta geiena maitatzen dutenak gogotikago. Orregatik zeretako ari zara beste gatik eskatzen diozunean Jesusi. Oro bat irabaziko dezu, egun onetan ta beste edozeiñetan, eskatzen badiozu Purgatorioko suan erretzen daudenak gatik: bada berak ere beren aldetik egiñen dute zu gatik al dutena, ta eskatuko diote behar dezuna; ta zuk baño gogotikago, ala suan dauden artean, nola gero Zeruan; ta lagunduko dizute, bizi zaraño ez ezik, Purgatorioratzen bazara, han zauden artean.

        7. Lenbiziko ostiralean ezin dagikeanak erakutsi duguna, egin dezake urrengoan edo beste edozein egunetan; ta, bein baño, geiagotan egiten dutenak illean, maiteago dutela Jesus aditzera ematen diote, ta egunoro doaz, Jesusen Bihotzean barrenago sartzeko, beren bihotzak prestatuaz. Egunoro egiten bazenu ere, zor dezun baño, geiago eginen etzenuke; bada zor diozu zure Jesusi egun, ordu ta instante-oro dizun amorea. Geiagotan ezpada, ez da, erakutsi zaitzuna, illean bein bad-ere, egin gabe zer utzi.

 

 

§. IV.

HASTE ORO EGIN BEHAR DENA

 

        1. Hasteko egun guziak dira onak Jesusi zor diogunaren alde zerbait egiteko; baña guzien artean ez da orretarako ostirala bezalakorik. Ostiralean gu gatik asko egin ta eraman zuen Jesus maiteak; eta egin ta eraman zuenari eranzun geniozan damuz ta amorez, berezia bezala utzi zigun orretarako ostirala. Egizu bada ostiraletan zor onen alde zerbait geiago: ta, egiten dituzun gauzak egiñen dituzu gañerako egunetakoak baño obeki begiraturik.

        2. Komulgatzen ezpazara, zaude Mezakoan beste egunetan baño atenzio ta arreta geiagorekin. Eska zagozu Jaunari lenagoko uts-egite ta bidegabe guzien barkazioa; ta utzaiozu Meza guzia Aldarean Jesusi egin zaizkan txarkeri ta injurien alde. Apaizak Jauna artzean, gogoz ta deseoz artu zazu zuk ere: ta eska zagozu dizula hark bezala artzen bazenu, irabaziko zenuen guzia.

        3. Egun guzian oroi zaitez Aldarean Jesusi zor diogun amoreaz. Ez gaitu berak gogotik uzten beiñere; ta gure artean badira haste guzian bein Jesusez oroitzen eztiranak. Oroitzen diranetatik guti dira behar bezala edo egin alean maitatzen dutenak; eta geienak gaixtakeriz eranzuten die Jesusen eskutik artu dituzten ondasunei. Oroitze onek emain dizu, batetik Jesusek daramatzien penen miña, ta bestetik bera maitatzeko gogoa.

        4. Zoaz, joan zaitezkean guzietan, Jesus Elizan ekustera edo bisitatzera: ta zure bisitak eta ekusteak izan bitez, Jesusek eraman dituen naigabeen alde zor diozun amore andiari eranzutea gatik, eta bere bakartasunean laguntzeko. Nai adiñetan ezin bazoazke Elizara, bidaldu behar dezu gogoz, zauden tokitik, zere bihotza, Aldarean dagoen Jesusen Bihotzeraño, begira diezagon ongi ta ikas dezan nola egon, nekez ta nai gabez beterik dagoenean. Noiz-nai hau egiteko aski da, zere bihotzaz, behar ez diran gauzen ondotik ez dabillen, kontu idukitzea: bada, banaturik ez dabillen bihotzak laster ikasiko du, noizean bein Jesusen Bihotzari begiratzen badio, nola nekeak, asaldatu gabe, eraman ta nola gaizkigilleai amorez eranzun.

        5. Ez doakizula egun hau, besteetan egin oi dituzun gauzez gañera, egin gabe bat edo beste. Artu zazu zu gatik nekatu den Jesusen izenean zerbait hildura edo mortifikazio, edo emaiezu beharrean daudenai al dezuna. Jesusen Bihotzaren debozioak eskatzen duen damu ta amorearekin egun hau igarotzeko. Irakurri zazu orretan lagunduko dizun ta emen arkitzen diran gauzetatik bat edo beste. Zaude gero hordu erdi, edo beintzat hordu laurden bat, Jesusen amore-nekeak gogotik utzi gabe.

 

 

§. V.

EGUNOROKO GAUZAK

 

        1. Jesusen eskutik egunoro artzen ditugun ongite andiai, ongi izateko, egunoro nolere bait eranzun behar diegu. Jaiki zaitezeneko, asko Santuk egin oi zuten bezala, jarri zaitez belauniko, Jesus Sakramentatua dagoela dakizun Elizaren alderat arpegia itzulirik. Han bazeunde bezala, adora zazu, buru ta bihotz guziarekin; emaizkatzu alik ongiena, beste bera gandik artu dituzun ta Sakramentu onetan egin derezkitzun faboreak gatik milla esker. Zuri ongi egitea gatik ekusi dituen naigabe ta txarkeriak gatik erakutsiko diozu damu andi bat; eta eskatuko diozu erakutsi ta lagun diezazula bera maitatzen. Guziak ongi egiteko gogo andi batekin utziko diozkatzu Jesusi bere eskuetan, egun hartan egin behar dituzun gauza guziak; eta eskatuko diozu ezertan uts egin gabe eguna igarotzeko grazia.

        2. Mezan egoin zera zer den ta zertarako dakiena bezala. Gauza oiek eta nola enzun behar den Meza arkituko dituzu Libru onen Irugarren Buruko pag. 209. Ikara bezala dauden Aingeruz ingurutua dagoen Jesus Zeru ta lurraren Jabearekin zaudela gogoan artzea asko da zu Mezakoan behar bezala idukitzeko.

        3. Arratsaldeetan bakarrik egon oi da Jesus. Egitekoen artetik atera al bazaitez, etzaitezela Elizara gabe geldi beñere; ta egizu han Jesusekin al dezun denbora: ta eska zagozu, artu dezunaren eskerrak eman ondoan, behar dezun guzia. Ez dizu ukatuko, ez, ongi dagokizun ta gogotik eskatzen diozun gauzarik.

        4. Etziterakoan ekusiko dezu zer egin dezun egun guzian; lagundu dizuna gatik emain diozkatzu eskerrak Jaunari: ta, urrengo aldian erneago ibiltzeko asmoarekin, eskatuko diozu barka ditzala zure uts-egite guziak. Hau egin ondoan hiru Ave Maria esan oi ziozkan Jesusen Amari San Luis Gonzagak; eta eskatzen zion, bere Bihotzeko amoreak gatik Sakramentuan dagoen Jesus onari, ar zitzala bere kontura Elizako guziak eta guzien artean geiena bera maite zutenak. Etzukeala nai, zion, Jesusen Bihotzean baizik lorik ere egin: in pace id ipsum dormiam, & requiescam; id est in te uno summo bono.

        5. Jesusekin egotea gatik Elizara joateko gogoarekin arkitzen bazera, ta Jesusi egiten zaitzan txarkeriak zeretzat artzen badituzu, adirazten dezu nai zenikeola zor diozun amoreari amorez eranzun. Zure Jesus ganako nai ori aziaz doan bezala, aziaz ta andituaz joain da haren Bihotzarekiko zure debozioa. Debozio onekin arkitzen zarala ezagu dezan mundu guziak, zoaz alik geienetan Jesus Elizan ekustera; zaude han norekin zauden dakizuna bezala, edo begiak lurrean daduzkatzula ta Bihotza Jesus maitatzen. Eraman behar dituzu al dituzunak oro bat egitera: bada Jesus maite duenak nai du ezagu dezaten guziak, eta maitatu bera bezala.

 

 

§. VI.
JESUS MAITE DUENAK
EGIN DITZAKEAN ZENBAIT ERREGU,
OTOITZ EDO ORAZIO

 

LENBIZIKOA.

JESUSEN BIHOTZAREN EGUNEAN TA ILLAREN
LENBIZIKO OSTIRALETAN EGIN BEHAR DENA

        1. Gure amorez urtzen zauden, urrikari gaituzun, gu ondasunez bete naiez zabilzan ta zaran guzia ar zaitzagun nai zenukean Jesus maitagarria! Eun milla bider ta geiagotan egun oro gure zorren alde, Mezatan zere Aitaren begietaratzen zaran Jesus gure Jaun ta Jabe maitea! Zer deritzazu zutaz azturik bizi diranen bihotzeko gogortasunaz? Etzen aski diguzun naia ta amore andia bein guri erakustea? Zertako da, Jesus, gu bezain esker gaixtozko batzuek gatik odolezko nekez ta izerdiz beterik bizitzea? Etzenekien zenbat injuria, zenbat txarkeri ekusi beharra ziñan, Aldarean gurekin gelditu ezgero? Ori guzia zenekiela, gelditu ziñan, ta zaude gurekin. Ah! ta zenbat zor dizugun, Jesus ona!

        2. Ona ni beintzat, Jesus, Herejeen ta Kristau gaixtoen eskuz egin zaizkitzun txarkeri ta sakrilejioen damuz beterik zure oñetan! Ai Jesus! orren gaizki erabilli zaitudalako damuz erdira balekit bihotza! Negarrez edo nere odolarekin garbi al banitza egin zaizkitzun bidebageak zikindu dituzten bazterrak, pozik emain nuke dudan guzia. Geldi bitez arren barkatuak Aldarean gelditu ziñanetik oraindaño ekusi dituzun txarkeri ta uts-egite guziak! Munduko bihotzen Jabe banintz, diranak ekarriko nituke zure oñetara, uts-egin dutelako damuz urratuak.

        3. Baña ai! Zertan nabil ni besteren utsak edo txarkeriak ekusten? Ez naz ni gaizkigille gaixtoetatik bat? Ez naz ni beste anitz bezala bizitu, Jesusi Aldarean zor diodanaren berririk ez banu bezala? Askok baño geiago zor diodala, ez naz ni besteak bezain labur Jesus onarekin ibilli? Ala da Jesus, ala da: ta ori da, odei beltzez estalia dagoen gaua bezain illun nere bihotza dadukana. Ez dakit zer egin nezakean onen labur ta gaixtoa zurekin nazala oroitzeak ematen didan neke petik nere burua ateratzea gatik. Erre nazazu Jesus; urra nazazu edo egizu nitaz nai dezuna; ta barkatuak geldi bitez oraindañoko nere uts-egiñak.

        4. Aserretua iduki zaitudan Jesusen Aita, zere Seme maitearen Bihotzeko amoreak gatik, eta Seme onen Amak hura Gurutzean josirik ekusi zuenean eraman zuen bihotzeko estutasun ta nekea gatik, eskatzen dizut utzi dezazula betiko zere aserretasuna ta lagun zakizkidala orain dudan asmoan nere egunak igarotzen edo bukatzen. Asmoarekin nago, bizi nazan artean, zuri egin zaizkitzun injurien ta zure Semeak Aldarean ekusi dituen txarkerien damuz beterik ibiltzeko. Asmoarekin nago zor diodan amorea gatik Jesus maitatzen dudala beti bizitzeko. Ni joain naz, alik maizena, Elizan Jesus ekustera. Oraindaño baño erneago ibilliko naz nere Konfesio ta Komunioetan, Meza enzuten, edo beste edozein gauza on egiten dudanean; arki ez dedin batean ere, lenekoetan bezalako uts-egite ta txarkeririk. Nere gogoz ezta bat arkituko Jesus nik bezala ta nik baño gogotikago maitatuko ez duenik; eta al ditudanak orretara zuzenduko ditut. Indazu arren zuk, zere Seme ta Espiritu Santuarekin batean, nere asmo onetan beti irauteko grazia.

 

BIGARRENA.

JESUSI BATEK, BERE BIHOTZA TA GAUZAK
UZTEKO, EGIN DEZAKEAN OTOITZA

        5. Aitzen ez den Iturria ta birtute guzien Jabe Jesus maitagarria, zer gatik onen ongi nai diozu gaixtakeriz betea egondu den ta zu ganako dakizun adiña oztasun izandu duen nere bihotzari? Arriturik naduka onetan zor dizudanaren ezaguerak: eta zor oni eranzun naiez nago. Nai bazenu, gaurdanik emain nikezu zor onen alde nere bihotza, bihotz onetan arki ditezkeen asmo ta gauz on guziekin. Badakit ezer ez bat bezala dela zuretzat hau guzia: baña ekusten dezu ez dudala geiago balio duen gauzarik, ez eta zuk ditudan guzien artean naiago dezunik ere.

        6. Orra bada, Jesus ona; gaur gero izan bedi zurea, bere gauza guziekin, nere bihotz osoa. Gaurgero begira zagozu zereari bezala. Erakutsi zagozu nola bizi ta nola zu maitatu. Zeretzat egin zenuen; izan bedi bada, ongi bizi dela, dena zurea. Ni gatik bizia gurutzean eman artean, ta geroz Aldarean egin dezunaz oroitu ezkero, ez dut lotsarik edozein gauza zuri eskatzekoa. Eskatzen dizut bada, begira dagidazula Aitak, Adiskideak eta Maisuak bezala. Aitak bezala, barkatzeko nere utsak. Adiskideak bezala, beharrean arkitzen nazanean eskua eman ta laguntzeko; ta Maisuak bezala, egin behar dudan guzia niri erakusteko.

        7. Ez diot gaurgero nai nere buruari begiratu; begiratu nai diot zure Bihotzari. Nere buruaz azturik bizi nai dut, zure Bihotza astiroago maitatzea gatik. Zureak dira, Jesus, gaurgero nik egin behar ditudan gauzak; izan bitez bada guziak zure begietan ager ditezkeanak. Nai nuke jakin nola nik zu maitatu; sekulako zu maitatzen bertatik asitzeko. Erakutsi zadazu arren maitatze hau, ta indazu maitatze onek eskatzen duen grazia guzia. Hala gerta dedilla.

 

IRUGARRENA.

OROBAT ERAKUSTEN DUEN AITA COLOMBIEREREN
BESTE OTOITZ EDO ORAZIO BAT

        8. Ezagutzeko zenbat zor zaion Jesusi, ekusi behar da zer ari den Jesus Aldareko Sakramentuan. Maitatzen dago ezin geiago bere Aita, ta begira dagoka, begira dakikeon errespeturik andienarekin. Hitz bat atera gabe daramatzi ekusten dituen sakrilejio ta egiten zaizkan bidegaberik andienak. Jesus bera lotsatzekoak dira bere gain artu zituen gure obenak eta kulpa gaixtoak. Gure beharren, nekeen ta estutasunen urrikariz dago; ta dago guri ongi naiez edo gu maitatzen. Mundu guzia nastua ekusten balu ere, ta bere kontra, ez lizake Jesusen Bihotza asaldatuko. Beti bat da Jesus; beti berdin. Baña geienei zer zor die Jesusek? Eskergabea baizik ez, eta asma al diña txarkeri ta injuria. Onen eranzute gaixtoaren damuz beterik, eta bere zorrari al egiñean eranzun naiez, zuzendu zuen Jesusen Konpañiako gizon andi Aita Colombierek emen arkituko dezun ta berak askotan ill oro esan oi zuen

 

OTOITZA

        9. Eskergabez, txarkeriz ta sakrilejioz zure amoreari ta Aldarean zor dizugunari eranzuten diotenen lagun ez izatea gatik, ematen dizut bein, berriz ta askotan nere bihotz osoa, egin ditzakean gauza on guziekin. Ni barrenean artzeko zabaldu dezun zure Bihotzean sartzea gatik, ez diot begiratu nai nere buruari; nitaz azturik nai dut bizi, zutaz oroitzen nazala ta zu beti maitatzen zaitudala bizitzea gatik. Ez nuke nai Bihotz orretatik atera, atera dediño gorputzetik nere anima, obeki zu maitatuko zaituen tokian sartzeko. Komunio, Meza, Otoitz ta gauza on guziekin irabazten dudan guzia izan bedi, Jesus, zor dizudan zure Bihotzeko amorearen izenean ta ekusten dituzun bidegabeen alde. Obekiena deritzazuna egin dezakezu denaz: dena, dakizun bezala, utzia dago, Purgatorioan daudenentzat; izan bedi, bada, dakizunen onerako.

        10. Onzat artu behar didazu bestela zor ditudan edo karidadeak eskatzen dituen Meza edo beste zenbait gauza emendik aldaratzea. Baña orduan ere zorrak atera edo karidadeak eskatzen duena eman, ta gelditzen den guzia izan bedi zuk nai dezunerako.

        11. Zurekin orain egiten dudan guzia gatik nai nukeana da garbi balekit, zu maitatzeko behar bezala, nere bihotza. Zuk nai dezuna nai nuke egin; baña ezin dagiket, erakusten ezpadidazu nola egin; ta, ikasten dudana egiten laguntzen ez didazula. Erraz da zuretzat ori guzia; egizu bada, dagidan nik ere zuk nai dezuna. Zurea izain da egiten dudanaren honra; hau da nik arkitu nai nukeana. Lagun zakizkit onetarako artu dudan bidean. Ala maita zaitzatela nerekin batean munduan bizi diranak. Amen.

 

LAUGARRENA.

JESUS EKUSTERA ZOAZEN ZENBAIT ALDIZ,
ELIZAN EGIN DEZAKEZUN OTOITZA

        12. Gu ganako urrikaltasunez ta maitatzez beterik zaudena, ta ni gandik beintzat oztasuna ta eskergabea baizik ekusten ez dezun Jesus; zerk gelditu zaitu zauden Aldare orretan? Gurea bezain erantzute txarrentzat, etzen asko ta geiegi eriotzeko horduraño gu gatik egin zenuena? Obenik gabe obendun tristeak galdu ez gindezen, utzi zenuen urra zitzatela arantzak zure loak eta burua, azoteak bizkarra ta lantz-hiltzeak zure eskuak, oñak eta Bihotza; ta azkenean gelditu ziñan odola ta bizitza galdurik: eta neke ta eriotz orren gogorra asko ezpalira bezala, maite gaituzula guri adirazteko, gelditu nai izandu dezu Aldareko Sakramentuan; zenekiela or gelditu ezkero, ekusi beharko zenituela millaka txarkeriak egunoro! Eranzun ez ezen, noiz ezagutuko ere dut nik zuri zor dizudan amorea! Orrelako zorrik ezpanu bezala bizitu naz oraindañokoan, ta nere eskergabetasun ta txarkeriekin zor berriak egiten ditudala! Ai ene! Ez al dut berriz, onelako utsik egiñen! Indazu arren, Jesus, bihotza erdira lezakean oraindañoko nere utsen urriki ta damu bat. Eskatzen dizut damu hau, nere uts-egiteak gogoratzearekin, odolezko izerdia zeriezula gelditu ziñanean izandu zenuen Bihotzeko estutasuna gatik. Indazu halaber, orrez gaiñ, zu ziñez maitatzeko behar dudan grazia. Maitatzen etzindudanean ere nai zenuen maita zintzadan: ona bada non zu maitatu naiez arkitzen nazan. Nola bada uka zenezake orretarako eskatzen dizudan gauzarik? Ez, nere Jesus, ez arren ukatu, zu maitatzeko ta gaurgero zurea izateko behar dudanik.

 

BOSTGARRENA.

GOIZ-ARRATSETAN TA NOIZEAN BEIN EGIN DITEKEAN
JESUSI ZOR DIOGUNAREN AITORMENA

        13. Badakit, Jesus ona, ta aitortzen dut Aldarean arkitzen zerala Zeruan bezala. Badakit zenbat or zuri zor dizudan: badakit ni maitatzen zaudela beti ta ni ondasunez bete naiez. Zure maitatze ta ondasunen alde ez dakit zer egin; bada nik egin nezakean guzia ezer-ez bezala da nere zorrentzat. Artu zazu horien alde maitatze ori bera; baita lurrean bizi ziñanean ta geroz zure Bihotzak egin duen ta sekulan eginen duena ere: ta artu zazu orrekin batean nere aitormena edo zor dizudanaren ezaguera, ta ezaguera edo aitormen onek dakarren maitatzea: ta, obeki maita zaitzadan, ar nazazu ta gorde zure Bihotzean. Hala gerta dedilla, nere Jesus.

 

SEIGARRENA.

DAMUZKO OTOITZA EDO ORAZIOA

        14. Jesus, zere gain gure pekatuak artu zenituena ta Bihotza damuz bete zizutena, indazu arren, edozein bihotz erdira lezakean zure miñ-nekeen ta nere kulpen damu andi bat: garbi beza zure penak nere bihotzean nere damuak ezin garbitu duena. Lagun zakizkit zikindu gabe gordetzen bein garbitzen didazun bihotza; begitan arturik, ala zuk artua dadukazun edozein uts eta falta, maitatzen dezuna zuk maita dezadan gaurgero nik ere. Ez Jesus Ona, ez hau niri ukatu.

 

ZAZPIGARRENA.

KONSAGRAZIO ONDOAN EGIN DITEKEANA

        15. Jesusen ta nere Aita Zerukoa, ematen dizut, zor dizudanaren alde, zure ta nere amorez urtzen dagoen ta zuk nai dezun ondasun utsa besterik ez duen zure Semearen Bihotza. Ar dezakezu, bai; nerea da; bada ni gatik dator Aldarera: ta zor dizudanak adiña ta geiago balio du. Baña ez naz asetzen nere zorrak ateratze utsarekin: zorren gain, ematen dizudana gatik, indazu zu ziñez maitatzeko ta maitatze onetan nere egunak bukatzeko behar dudan guzia. Alere ez didazu emain ematen dizudan Jesusen Bihotzean artzen dezuna baño geiago.

 

ZORZIGARRENA.

SANTA GERTRUDES-EK
JESUSEN BIHOTZARI ESAN OI ZIONA

        16. AGUR, maite zaitudan Jesusen Bihotza. Zu zara aitzen etzeran ta bizia ematen duen ura dakartzun Iturria. Zuk dituzu Jainkotasunaren ondasunak. Zu zara Jainkoak digun amoreak berotzen duen sutegia: ta zuk izan behar dezu nere gaztelu ta atsedeteko tokia. Urtu zazu, Jesus, zurea urtzen duen suan nere bihotza. Bete zazu zureari dariezkan graziez ta ondasunez nere bihotza, emen ta beti maita ez dezan zuk nai dezuna besterik.

 

BEDERATZIGARRENA.

AMODIOZKO OTOITZA

        17. Ez dut zer zuri eman, Jesus maitagarria. Ezer-ez bat dira nere gauzak. Nik dudana da zuk emanikako bihotza; ta bihotza, niork kenduko ez didana. Egin dezakedana da bihotz onekin zu maitatzea. Ongi da Jesus: nik maitatuko zaitut: ta nere maitatze onegatik ez det nai eman dakidan, sekula guzian, zu maitatzea besterik.

 

aurrekoa