www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen Bihotzaren Debozioa
Sebastian Mendiburu
1747, 1751

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea.

Iturria: Jesusen Bihotzaren devocioa, Sebastian Mendiburu. Pedro Joseph Ezquerro, 1751

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN BURUA

 

Zer gatik eta nola egin behar diran Jesusen Bihotzaren debozioak eskatzen dituen gauzak.

 

 

§. I.

JESUS EKUSTEA GATIK
ELIZAN SARZEAK

EDO SANTISIMOAREN BISITAK
DAKAZTEN ONDASUNAK

 

        1. Jainkoa gizon egin ta lurrean agertu arteko denborak denbora gogorrak ziran. Orduraño benganzetako ta exerzitoetako Jainkoaren izena artzen zuen gure Jaunak. Hitz egin behar zuenean, sua ta trumoia zerion odeiez jaunzirik agerzen zen. Beretzat artzen zuen leku edo tokian etzuen nai Erregerik ere sar zekion: ta sartzen ziranak ongi pagatzen zuten beren ausardia edo atrebienzia.

        2. Orregatik ere ekusi zezaneko Israelgo jendeak Jaunak bidaldurikako odei batez inguratua toki hau, belaunak lurrean zedukatzien, ta eskuak eta hitza goraturik; «ah! ta zein ona den —zion—, ta zein maitagarria gure Jainkoa! Odei orrek aditzera ematen digu or arkitzen dela, gure artean artu duen toki edo Eliza orretan! Ongi behartuak arkitzen gara gogoan beti ta ezpañetan egiten digun honra ekartzera!».

        3. Hau zioten Israelitak; zer errain etzuten, ekusi balute guk gure artean ekusten duguna? Aientzat ain aserre ta gogorra zirudien Jauna gu gatik egin da Gizon, ill da gu gatik; eta gu gatik egiten dago, ta egoin da azken eguneraño, egin duen gauzarik andiena; bada orduraño egoin da gure onginaiez ta gure amorez urtzen Aldareko Sakramentuan. Ez dakit, adirazi balitzaie gertakizuna zela hau, siñetsiko zuten Israelitak.

        4. Eta nola siñistuko zuten onen gañean gertatzen dena? Bazterrik gabeko gure Jainkoa egin da azkenean janari mundukoen ona gatik; eta mundukoak ez maitatu nai dute Jaun on andi hau ta ez ekustera doazkio, ezpada ezin bestez. Galde dezake gaur, len galdetu zuen bezala, Jesus maiteak: «zer? Uste dezue, Jainko Gizon egiazkoa etortzen denean, arkituko duela fedea edo siñistea duenik?». Luc.18.8.

        5. Siñisten badute, geiago da oriek egitea egiten dutena. Siñisten ezpazenu edo aztutzat bazeneduka Jainkoari zor diozuna, egiten dezun baño kaso geiago hartaz ez egitea ez lizake orren gauza arrigarria: baña siñistu zu gatik illzeko egin zela Gizon; ta, ori guti iduriturik, zure amorez loturik dadukala bere burua Sagrarioko presondegi edo karzelan, ta orregatik ere, egiten dezun baño kaso geiago hartaz ez egitea burua galerazi dezakean gauza da!

        6. Ez da hau, ez, mundukoak erakusten digutena. Betor nondik nai erri batera Gizon jakinsu, aberats edo esku andia duenen bat; an izain ditu laster, ongi-etorri egitera joanak, Errian diran puntuzko guziak. Etorri bekio bati urrutitik Adiskide bat: etorri berria adi dezaneko, an da hura den lekuan: nekez ta ezin bestez kenduko da haren bazterretik edo aldamenetik; eta al duen guzietan harekin egoin da. Ongigilleari nork-nai eskerrak ematen diozka; ta maiz aski ekustera joain zaizka zerbait geiago artu uste badute har gandik.

        7. Jesusen humeak, zer egin da zuen siñistea edo fedea? Non arkituko dezue jakintasunean, ondasunetan, esku ta gañerako gauzetan Jainkoaren parerik? Ta, hau ain zuen aldean idukirik, ez diozute kasorik egiten? Orren bakarrik utziko dezue? [8] Non arkituko dezue, onek zuek adiña, bere adiskidea maitatu duen Gizonik? Eta, zuen amoreak katibo dadukala jakiñik ere, ez dezute noizean bein badere hura ekustera joan behar? [9] Zer ez dezue Jaunaren eskutik artu? Zer etzaudezte artzeko, nor bazerate? Ez dakizue bera dela diran ondasunen Jauna ta Jabea? Ez dakizue behar bezala eskatzen zaion gauzarik ez dakiela ukatzen? Ez dakizue onek baizik ezin eman dezakeala Zeruko gloria; eta ematen diela beraz kasorik egiten ez duten gaixtoai betiko sua ta nekea? Eta ezer zor ezpazeniote edo ezer ezin balegike bezain aztua dadukazue?

        10. Zerura igotzeko zegoenean arkitu bagiña Jesusen oñetan, eta esan baligu eska geniozala nai genuena, izain genuen arpegirik eskatzeko azken eguneraño geldi zedilla gurekin? Edo, zeren eskatu genion, egin baligu anbeste, ez giñan pozez zoratuak geldituko eta nola eskerrak eman ez genikiela? Guk alkez ta lotsaz eskatuko ez geniona eman digu Jainkoak: zein maite gaituen aditzera ematea gatik gelditu da gurekin juizioko eguneraño. Baña zer irabazi du azkenean, gure eskergabea, gure epeltasuna, edo gure oztasuna besterik?

        11. Jauna ekusten dezun baño geiagotan ta obeki ekusten ezpazenu zuri ongi naiez ta zu ondasunez betetzea gatik zure auzora etorriko lizakean Españiako Errege edo Erromako Enperadorea, nork-nai errain luke ez dezula bururik, ajola gabea zarala edo animalien artean jaioa ta azia dirudizula.

        12. Bere Aitagana igan ezkero, zertako gelditu ote da gurekin Jesus? Zertara ote dator egunoro Zerutik lurrera? Zertan dago gau ta egun, ogi puska baliz bezala, Aldarean sarturik? Gelditu zen, dator ta dago gu gandik ezin alde egiñez, ta zeren gurekin egotea den haren atsegiñ ta gustoa.

        13. «Ez nere Semeak, ez; etzaituztet emazurtzak utziko —dio Jesus on maitagarriak—. Zerura noa, baña lurra utzi gabe. Badakit indar gutikoak zaratela zuek eta eriak: badakit askotan arkituko zaratela nekez ta kezkaz beteak, askotan egon behar dezuela nere ta nere Aitaren beldurrez ikara. Ez da zer izutu: Gordea bai; baña zuekin gelditzen naz, mundua mundu den arteko. Billa nazazue Aldarean: emen nago, Aitak bezala, zuen bihotzetako illuntasunak kentzeko. Diran animako eritasunak nola kendu dakidan Medikoa naz. Bide guziak dakizkidan Gidaria naz. Duda ta illuntasunak garaitzeko, badakit jakin ditekean guzia. Gose ta egarri daudenen janaria ta edaria naz, ta naz mundu guzia Zerura eramatea gatik ill ninzan Redentorea».

        14. Orra zer dion Aldaretik Jesus maiteak. Orra zertako gelditu zen gurekin gure Jesus. Nork nai egin baligu Jesusek gu gatik egin duenaren laurdenik, nola eskerrak eman ez genekiela, galduak ibilliko giñan; ta onenbat Jesusi zor diogula, ezer zor ezpagenio bezala bizi gara geienak.

        15. Ezagutzen dutenak ere zenbat zor dioten Aldarean Jainkoari, aitzaki billa dabilza argana ez urranzeko edo urbiltzeko. Ongi edo ondasunekin bizi diranak betarik asko badute beren jostatze ta alferkerietarako; ta hastirik gabe daude Jesus ekusteko. Hitzonzikerian egoin dira goizetik arratseraño; baña, Jesusekin Elizan hitz egiteko, mututzen dira: ta, hara ez agertzea gatik, ezer balio ez duten egitekoetan pozik sartzen dira ta egoten egun guzian. Beste guziak lanerako jaioak dirudite; bada daramazte, Elizarik denik ere gogoan artu gabe, egunak eta hasteak.

        16. Egin behar lizakean gauza da Jesus Elizan noizean bein ekustea. Neke guti dakarren gauza da hara, orretarako, agertzea: orregatik ere hau da gauza bat gutik baizik egiten ez dutena. Batzuek Elizaren ondoan bizi dira: besteak haren aldetik dabilza, ta guziak dirudite dabilzala Jainkoaren igesi.

        17. Japondarrak eta Kanada deritzan Indietako bazter artako tristeak askotan berreun legua bide zebilzan Elizaren batean Jesus ekusi ta adoratzea gatik. Eta, onen bide luzerako indarrik gabe arkitzen ziranak eun aldiz beintzat belaunikatzen ziran, Eliza zegoen aldera begira zeudela, bertan bere Jauna ikusten ta maitatzen egon nai zutela aditzera ematea gatik. Horien aldamenean zere burua juizioko egunean ekusten dezunean, egunean anitz aldiz bi pausuz Elizara zoazkeala, egunak eta hasteak an sartu gabe daramazkitzuna, zer errain dezu zere ajola gabe ta alferkeriaz? Ez dira nitaz oroitzen ere, dio Jesusek, asko zor didaten nere Errietako jendeak: Populus vero meus oblitus est mei. Jer. 2. 32.

        18. Ikusirik San Juan Bautistak gure egunetan gertatuko zena munduan, begira, ots-egiten digu, begira ongi; zuen artean dago ezagutzen ez dezuten zuen Jainkoa: Medius autem vestrum stetit, quem vos nescitis. (Ioan, 1. 26). Gau ta egun Elizan dago, beharrean edo estu arkitzen diranei eskua emateko, nekatzen diranai laguntzeko ta ez dakienari erakusteko, illunbean dabiltzanei argi egiteko, indar gabez erortzeko daudenak indarsu egiteko, eta loiean erori diranak andik ateratzeko. Behar degun guzia emain digu uste edo konfianza osoarekin eskatu ezkero. Lenbiziko edo bigarren aldian ez emana gatik, ukatzen ez daki, esperanza galdu gabe, eskatzen zaionik.

        18. Askotan ukatzen du zenbait denboraz eskatzen zaiona, geiagotan bere aldean gu ekustea gatik, edo gero berriro eskatuko diotzagun beste askorekin, nai degun gauza ematea gatik. Geiago kostatzen ezpaliz munduko gauzak irabaztea, beharsu guti arkituko lirake munduan. Aitor dezagun noizbait, ez dugula oraindik ezagutu gurekin bizi den Jesus Sakramentatua: eta nai ezpadegu oraindaño adiña behar ekusi, goazkion maiz edo askotan ekustera bere Aldarean; ta eskatzera nai genukean guzia: bada guzia daduka bere eskuan, eta eman naiez dago nai dugun guzi guzia.

        19. Esaten zaikuna siñisten ezpadugu, galde bekie orretara maiz Elizan sartzen diranai nola arkitzen diran Jesus onarekin; ez dut uste arkituko dela bat, milla ta geiago Zeruko ondasun bide onez irabazi dituela errain ez duenik. Askotan Jesus Sakramentuan ekusten dutenak erraz edo aisa irabazten dute bera maitatzeko behar duten sua ta grazia. Su onetan erretzen dituzte egiten zaizten bidegabe ta txarkerien egurrak: eta, zenbat eta neke geiagoren azpian arkitzen diran, anbat atsegin geiagorekin aditzen dute Jesus bera gandik: Venite ad me omnes, qui laboratis, & onerati estis, & ego reficiam vos; atozte nigana: nik emain dizuet zuen neke lanak eskatzen duten atsegin ta indarra.

        20. Nekezko nekez beterik bizi diranak eta mundu onetatik galduak diralako beldurrarekin ateratzen diranak dira emen Jesusek digun Bihotzeko amoreaz azturik bezala bizi diranak. An onelakoak ekusiko dute zenbat galzen duten, ezin bestez baizik, Elizaratzen ez diranak; edo Elizaratzen diranetan, gogoa kanpoan dutela, bazterretara begira ta modurik gabe, Aingeruak ikara dadukatzien Jaunaren begietan daudenak.

 

 

§. II.

NOLA EGIN BEHAR DIRAN
JAUNAREN SANTISIMOKO
IKUSTAMENAK EDO BISITAK

 

        1. Zoaz maiz edo askotan bere Elizan Jauna ekustera: baña zoaz, nora zoazen ongi ezaguturik. Etzaitezela beñere begi ariñekin Elizan sartu: itsi behar dituzu animaren leioak edo zere sentiduak; eta eramazu bihotza amorez ta esperanzaz beterik. Jainkoaren etxe bedeikatua da Eliza. Elizan, beldurrak bezala, sartzen dira Aingeruak berak: eta hau ekustea aski dute Infernukoak, ikara gelditzeko. Ekusi zazu beste edozein lekutan bezala sartu behar dezun, Jainkotasunak betea dadukan eta Kristo Jaunak beretzat artu duen Jauregi edo Palazio onetan.

        2. Negarrez urturik sartu oi dira, hara doazenak, Jesus jaio zen Belengo Etxola edo Portalean: orobat belaunikatzen dira haren odolak busti zuen Kalbarioko lurrean. Beste anbeste gertatzen ezpazaitzu Elizan sartzean, edo beldur santu batekin arkitzen ezpazara Jainkoaren Aldarera begiak goratzen dituzunean, izain da zeren erdi itzalia edo illa dagoen zure siñistea edo fedea: bada, hau bizia balego, ezagutuko zenuke edozein lekuk bezain errespetu andiarekin tratatzea merezi duela Elizak.

        3. Elizan sartu baño len, oroi zaitez, Elizan dagoen Errege guzien Errege-Jainko andiaz. Oroi zaitez Aingeruz betea dagoela Eliza; eta Aingeruak lotsatuak bezala dadukatziela Errege onen izate ta edertasunak. Sar zaitez, zere bekatuak gogoan arturik, arpegitik lotsa dariezuela ta begiak lurrean dituzula, Aingeruen lagun izatera. Bere Andiz ta Zaldunez ingurutua dagoen Españiako Errege ekustera ta oni hitz egitera sartu behar balu beraren kontra zenbait txarkeri egin dituenen batek, belaunak ikara eramain lituke; ez lizake begiak lurretik goratzeko indarrarekin arkituko ta ezpañak lotuak idukiko lituke.

        4. Eta zer? Lotsarik gabe sartuko zara zu Zeruko Andiz ta Zaldunez, Aingeru ta Serafinez ingurutua dagoen Jainkoaren Palazio edo Elizan? Ez dakizu beraren kontra egin dituzun bekatuekin ezin geiagoraño aserratua dadukazula Errege andi hau? Gisa orretan zoaz onekin hitz egitera? Ez daki zertara sartzen den orrela Elizan sartzen denak.

        5. Ez da aski Elizan ongi sartzea. Sar zaitez an egin behar dena behar bezala egitera; ta zaude an, an egon behar den bezala. Elizan sartzen zaranetan Jesus ona ekustera, obe izain da ezpañekin guti ta bihotzarekin al dezuna hitz egitea. Nai badezu bihotza bero dakizun, ar zazu gogoan zein ona den Jesus maitea; zenbat nai digun; zenbat zor diogun eta zenbat gu gatik eraman duen. Oroitzapen oriek behartuko zaitue berari eskerrak ematera ta bera maitatzera: ta zure eskerrak emate ta maitatzeak behartuko du bera ere hura berriz ez uzteko behar dezun guzia zuri ematera.

        6. Zoaz batzuetan Artzaiak, jaio zenean, joan ziran bezala, borondate onarekin, Elizan Jesus ekustera ta adoratzera. Beste aldian joan zaitezke, urrutiko Erregeak bezala, al dezun presenta egitera. Egizu zuk ere zere presenta edo emaitza. Eskeñi behar diozu egun hartako otoitzen ta obra onen inzensoa; zere hilduren edo mortifikazioen ta bekatuen damua, ta proposituaren mirra, bihotz garbi baten urrearekin. Urrengo aldian bazoazke Apostoloekin, zer erakusten duen aditzera, erakusten dizun guzia egiteko nai-gogo sendo batekin. Edo zoaz, Magdalena bezala, Jesusen oñetara, eta egizu negar zere bekatu ta txarkerien gañean; edo eska zagozu behar dezuna.

        7. Zoazen guzietan idiki zazu, Profeta Santuak dion bezala, zere bularra, ta, ixuri zazu edo bota Jesusen oñetan zere bihotza: Effundite coram illo corda vestra [(Ps. 16.9.)]: nai dezun guzia adirazi zagozu ongi nai dizun Jesus onari. Eri bazaude edo bekatuan eror zaitezen beldur bazera, esan behar diozu Lazaroren Arrebak bezala: Eccè, quem amas, infirmatur [(Ioan. 11.3.)]: zuk maite dezun anima triste hau eri dago, ta bekatuaren ortzetan illik gelditzeko zorian; lagun egiozu arren, ta eman behar duen kemena, osasuna eta grazia.

        8. Bekatuaren loiera bazera, esan behar diozu lepraz josia zegoenarekin: Domine, si vis, potest me mundare: Jauna, nai badezu, garbi nazakezu; nai ezpazenu, etziñake ni gatik Sagrario orretan sarturik geldituko. Indazu bada nere bekatuen ziñezko damu andi bat; indazu guziak ongi konfesatzeko grazia: egizu gero nizaz nai dezuna: badakit ez dezula nere onerako ez den gauzarik egiñen.

        9. Barreneko kezka edo nekeren batekin arkitzen bazera, Elizara zaitezeneko, erran behar diozu Kananeak bezain uste ta konfianza andiarekin: Jesu, Fili David, miserere mei [(Luc.18.38.)]: urrikari behar nazu izan, Jesus nere Errege ona. Ekusten zaude zer tranzetan nagoen; maite nazula siñistuko det, estutasun onetatik ateratzen banazu; ta aterako nazulako uste osoarekin arkitzen naz ni. Luza dezakezu niri eskua ematea; baña badakit, beranduago bad-ere, emain didazula. Badakit ez dela eder humeen ogia zakurrai ematea; baña badira zakurrentzat ere apurrak. Zure graziaren apur edo zatitxo bat aski da niri nere gosea kentzeko. Eta nola niri zuk, ori beintzat, ukatu?

        10. Idorra dadukazunean zere barrena, edo gauza onetarako gogorik gabe arkitzen zaranean, esain diozu, Soldaduen Nagusiak bezala: Credo, Domine; adiuva incredulitatem meam [(Math.9.24.)]. Ezagutzen dut, Jauna, ta siñisten zuk erakutsi didazun guzia; baña ez, nai nukean ezaguera ta siñiste andiarekin; ezin berotu dut, zu benaz maitatzeko behar adiña, nere bihotza: indazu orretarako behar dudan sua ta argia. Aisa egin dezakezu; zu zara alabaña gauza guzien ta nere Jabe ta Jainkoa: Dominus meus, & Deus meus [(Ioan. 20. 28.)].

        11. Zure izenean eskatzen dugun gauzarik ez ukatzeko hitza emana dadukazu zere Ebanjelio Santuan. Bada nik, zere izen santua gatik eskatzen dizut leneko nere bizitza utzi, ta berri on bat egiteko behar dudan guzia. Lagun egidazu bada nere aztura txarrak garaitzen; estutzen nauten pasio gaixtoak oinpera edo eskura ekartzen; baita dakizun adiña falta egiten didan onelako birtutea irabazten ere.

        12. Zure izenean eskatzen dizut onelakoren osasuna, alakoren zu gana biurtzea edo konbersioa, egiteko onen bukaera edo akaballa ona. Eskatzen dizut behar nukean ta zuk dakizun pazienzia ta beste birtute hura; ta guzien gañean, zu ziñez maitatzeko, zure graziaren lagunza ta indar bizia: Amorem tuum solum cum gratia tua mihi dones, & dives sum satìs.

        13. Beste batzuetan artuzazu gogoan Jesusek gogoan darabillena, ekusirik zein kaso guti egiten duten geienak haren bihotzeko amoreaz ta Aldarean egoteaz: ta azkenean esaten dizula: Numquid, & vos vultis abire? Zer? ta zuk ere nai nazu utzi bakarrik? Eranzun behar diozu, San Pedrok bezala: Domine ad quem ibimus? Verba vitae aeternae habes: norako naz, Jesus maitea, zu utzi ta? Emen nai dut egon, sekulako bizitza dakarten zure hitzak aditzen. Ezin bestez aterako naz emendik; eta orduan ere, nere bihotza emen zurekin utzirik.

        14. Batzuetan kontu egizu galdetzen dizula, San Pedrori bezala: Simon Joannis, diligis me? [(Joan.c.21.v.15.)] Maite ote nazu, maite zaitudan nere bihotzeko anima? Ta eranzuten diozula: ez noski behar bezala: baña badakusazu nai zinduzkedala, ta gogotik alere, ta gauza guzien gañean maitatu.

        15. Quid mihi est in Colo, & à te quid volui super terram, Deus cordis mei, & pars mea Deus in aeternum! Ez lurrean arkitzen da ta ez Zeruan, nere bihotzeko Jesus ona, zu baizik, nere bihotza ase edo bete dezakeanik. Zu bazaitut, badut behar dudan guzia; ta, gañerako guzia faltatua gatik, etzait ezer faltako. Baña zu ezpazaitut, beste gauza guziak izana gatik, ezer gabe arkitzen naz, ta galduko naz azkenean: Quia eccè, qui elongant se à te, peribunt.

        16. Gaurgero zurea nai dut izan, nazana: nai nituke nere egunak zurekin igaro leku on onetatik oñik atera gabe! Mihi autem adhaerere Deo bonum est. Ezin utzi ditzakedan egitekoak naramate emendik: baña ez didate zurekin beti egoteko gogoa kenduko. Ordurik beintzat ez dut uste joain zaidala zutaz oroitu gabe; ta arkitzen nazan tokitik bidalduko dut zugana nere bihotza, zure ganako nere borondate ona erakustera, ta zure bendizioa artzera: edo emen bertan utziko dizut, zuri zere bakartasunean lagun egiteko: gogoz beintzat emen geldituko da. Geldi diteke bai; zeren ez du hau bezalako atsegin lekurik bestetan idiroko: haec requies mea: hic habitabo.

        17. Noizean beiñ, Jainkoaren ontasunak ematen duen eskuarekin hitz egin dakioke onela: nola bada, Jesus ona, etzera gelditu zauden leku santu orretan ni ondasunez aberasteko? Zer hari zara bada? Betoz ondasun oriek. Eragozten dizute nere zenbait uts-egitek? Ken zakidatzu oiek, eta betor neretzat dadukazuna. Etzaitut oraindik behar bezala maitatu: baña zu maitatu naiez edo maitatzeko deseoz beterik nago: ta ala ezpaliz, ez ninzake onen maiz zu ekustera onara etorriko. Besterik orain artu behar ezpadut ere, betor zu ziñez ta gogotik gaurgero maitatzea; Diligam te, domine, fortitudo mea... & refugium meum [(Ps. 17. 1.)].

        18. Beste gauzen artean, onelako etor aldietan esan diteke: siñisten dut or zaudela, Jesus ona, Sagrario orretan; ta, zeren hau siñisten dudan, nago nagoen bezala, beldur ta ikaraz beterik. Eman ala esker, Jesus maitea, zor dizudan amorea gatik: ez dakit zer egin nezakean zu or anbat aldiz egondu zaran bezala, azturik eta gizonen txarkeriz beterik, ez ekustea gatik. Ez dut uste utziko nazula beñere bakarrik; laguntzat uste zaitut artu dudan Zeruko bidean. Idiki zazu bular ori, sar nadin nere amorez beterik dagoen zure Bihotzean: or ikasiko dut nola zu maitatu; ta, emen maitatzen zaitudala, irabaziko dut Zeruan zu beti maitatzea.

        19. Bakoitzak artuko ditu emen gelditzen diran hitzetatik obekien derizkanak edo orien lekuan erran bitza bere bihotzak idarokitzen diozkanak. Aurrari erakusten zaio ibiltzen; baña ibiltzen ikasi ezkero, berak artzen du nai duen bidea. Erakutsi dugu nola hitz egin Jainkoari Elizan ta Elizaz kanpoan: hari hitz egiten dakienak hitz egin biezago obekien deritzan bidez edo moduz.

 

 

§. III.

EGUN ORO HORDU LAURDEN BAT
JAUNAREKIN ELIZAN
EGOTEKO BIDEA EDO MODUA

 

        1. Belaunikatu zaitezeneko Elizan, ekarzu gogora zertan ote daraman Jesus maiteak egun guzia Aldareko karzelan edo Sagrarioan. Egun guzia darama bere Aitari begira: beti dago Aitaren laudario-alabantzetan, ta Aita, mundu guziaren ordez, ezin geiagoraño maitatzen. Palazio eder ta leku zabalak utzirik, Sagrarioko baztertxoan dago. Hitz bi Apaizak esan orduko, an dago preso bezala bere amorez. Bakarrik dago kasi beti: ez dirurik eskatzen du ta ez ondasunik. Bihotz bera-humil batekin erakusten digu zer egin behar dugun onak izateko ta bihotz guzitik Jauna maitatzeko.

        2. Mundu guzia Zeruan sar ledin naiez dago. Guk hartaz kasi kasorik ez dugula egiten ekusten du: ta ala ere beti guri ongi naiez arkitzen da ta gure amorez urturik. Gauak, egunak, hasteak, illak eta urteak daramazki gure begira, gu ondasunez bete naiez. Haren itzuri, ta gure gogo txarren ondotik erotuak ekusia gatik, etzaio aitzen pazienzia: hordu onen baten begira dago, bere gana gu artu, bereak egin ta doaiez beterik uzteko.

        3. Noizbait gure itsutasuna ezaguturik, eskatu behar diogu ar dezala bere gana gure bihotza; ta lagun dakigula oraindaño galdu duguna biltzen, ta, leneko txarkerien ondoan, milla gauza on egiten.

        4. Hordurañoko gure gaixtakerien ta bekatuen damuz beterik joan behar dugu Aita Eternoaren oñetara an hari erratera: respice in faciem Christi tui [(Ps.83.10.)]. Seme gaixtoa naz ni, Aita maitea; ala da: baña orra non dezun Aldare orretan, nere zorren alde, zuk nai zenuen guzia beti egin zuen zure Seme ona. Ez niri bakarrik begiratu: begira zaguzu bioi batean, orri ta niri: badugu bien artean zerekin nere zorrai eranzun. Nik nerez ez dut ezer balio; orra nere lekuan gauza guziak balio dituena. Orren ondoan ez naiz zure aserrearen anbat beldur.

        5. Ez dut nik nerez nondik nere oben gaixto ta kulpen barkazioa erosi edo zerekin irabazi: baña munduko bekatuen zorrak baño geiago balio dute Jesusen irabaziak edo merezimentuak. Geldi bedi, bada, irabazi orietatik, nere obenak zor duten guzia: badakit ontzat artuko duela hori nere Jesus maite ta zuk maiteago dezun zure Semeak.

        6. Eskatuko diozu gero Jesus maiteari zaramatziela berak bere Aitaren oñetara, ta eskeñi dezola bera gogotik maitatu nai lukean zure bihotza, zere bizi ta egin uste dituzun gauza on guziekin; ta bereziko dezu egun hartan egiteko artu dezuna.

        7. Azkenean eska zagozu ar zaitzala berak bere gana; egin zaitzala berekin bat, dizula bere Bihotzeko asmo galantetatik zerbait, ta utzi zaitzala bere Bihotzean sartzen; an ikasteko nola ona izan edo nola ongi bizi.

        8. Gu gara Jesusen gorputzeko zati edo ezurrak bezala, edo Jesusen senideak gara. Bere neke, lan, izerdi ta eriotz gogorrarekin irabazi zuena guri utzia daduka. Jesusen senideak bezanbatean bagoazke haren ta gure Aita Zerukoa gana eskatzera digula onak izateko, ta bera ta Semea Espiritu Santuarekin maitatzeko behar dugun guzi guzia. Ez da erraz izain bide onetatik eskatzen diogun gauzarik guri ukatzea.

        9. Biurtuko zera gero edo itzuliko zara, Aitak eman dizuna zere bihotzean sarturik idukitzeko nai andi batekin, Jesus ona gana. Emain diozkatzu eun milla esker ta geiago zu gatik egin duen ta Aldarean egiten dagoenaz; eta orrenbat zorren alde utziko diozu zere burua, bere asmo ta gauza on guziekin.

        10. Sakramentu Santuan dagoen Jesus onarekin geren buruak bat egitea edo unitzea da emen izan dezakegun gauzarik andiena, ta egin alean billatu behar duguna. Hori egiten da erakutsi den otoitz edo orazio modu onetan. Ez dezatela beta dutenak egunean bein egin gabe utzi; ta, al badagite, egin behar dute Jesus bakarrena dagoen horduan.

        11. Neka etzaitezen beti bide batez ibilliaz, erakustera noa beste bat. Begira zazu Aldarera; eta, an dagoela siñisturik zure Jesus, Bihotz eta anima guziarekin, eskazazu dizula gero baño gero gogotikago bera maitatzeko behar dezuna, bere Bihotzeko su ta gar andi hartatik.

        12. Sar zaitez gero zere barrenean nola arkitzen den ekusteko. Arkitzen dituzun oben, txarkeri ta eritasunak agertu behar zaizka Jesus onari; eskatuko diozu damuz beterik, uts-egiñen barkazioa, animako osasuna ta gauza on anitz egiteko grazia.

        13. Barrena garbitu ezkero, sartuko zara Jesusen Bihotzean. An ekusiko dezu nola kasorik egiten ez duen lurreko atsegin ta ondasunez; ta haren atsegin ta gustoa dela bizitza gorde, humil ta estali batean bere Aita ta gu maitatzen egotea. Ez da hau munduak erakusten duena: munduak agertu nai du bere burua; ta nai du lurreko gauzen artean atsegin artu ta gusto txarrez beterik bizi. Nor gana nai dezu zuk urbildu edo arrimatu? Nork deritzazu ezagutzen dituela gauzak obeki? Munduak ote, edo Jainkoak? Artu zazu noizbait aspaldian artu behar zenuen Zeruko bidea.

        14. Otoitz edo orazio modu hau noizko-nai ona da; baña uste gabeko nekeren batekin zaudeneko, egitekoren bat gaizki irten edo atera zaitzuneko; estu arkitzen zaraneko; edo nai etzenuen gauzaren bat aditu, ta barrena irakiten dadukazuneko, guztizkoa. Hori gerta dediñeko, zaude artara oitua; ta ekusiko dezu nola arintzen duen den gurutzerik astunen ta sendorrena.

        15. Nai badezu jakin nola Jainkoari hitz-egin, harekin Elizan zaudenean, zoaz maiz berarekin hitz-egitera; ta ikasiko dezu. Ezta Jesus ona bezain gauza maitagarririk. Haren hitzak ez dakar nekerik. Harekin hitz-egiten ez dakienak ez bere burua ezagutzen du ta ez Jainkoa zer den daki; ta onetan dago gure lan ta nekerik andiena. Ezagutzen bagenu gurekin dagoen Jesus ona, maitatuko genuke, ta hura maitatzearekin izain genuke lurrean izan ditekean atsegin ta gloria.

 

 

§. IV.

JESUSEN ELIZAKO
EKUSTAMENAK ONGI EGITEKO,
JAKIN BEHAR DIRAN ZENBAIT GAUZA

 

        1. Lenbizikoa. Nora zoazen ta norekin hitz-egitera begiratuko dezu Elizara zoazenean. Ohartzen bazera edo ezagutzen badezu zein Santua den gure Jaunaren Eliza ta zein andia, zein arrigarria Elizan dagoen Jauna, etzara sartuko begi ariñarekin ta beldurrik gabe. Zenbat bilduagoa zoazen, anbat obeki artuko zaitu maite zaituen Jesus onak: eta bidalduko zaitu doai ta ondasun geiagorekin.

        2. Bigarrena. Zure hitzak, ezpañez erraten badiozu zerbait, izan bitez laburrak; baña beroak; ekus dezan zure Jaunak ezpañak baño bihotzak zati andiagoa duela zure hitzetan.

        3. Irugarrena. Edozeiñ orduz ongi artuko du Jesus maiteak bera ekustera doana; baña jaiki bezain laster arganatzea geiago estimatzen du. Nai badezu guztiz maita zaitzan Jesus onak, eta dizun eguna ongi igarotzeko bear dezuna, zoazkio eskatzera jaiki zaitezeneko. Ori egiten dutenak beti erran dezatela nola doakien Jesus onarekin; ta ekusiko dezu egia den edo ez orain dioguna.

        4. Laugarrena. Eguerditik arratseraño bakartasun andiagoan arkitu oi da Jesus ona. Bakarren dagoen orduetan egiozu ekustamen edo bisita bat. Orduan ekusiko du zoazkiola, ez ekusi zaitzaten edo ekustea gatik Elizan edo Eliza bidean daudenak, baizik hari atsegin egitea gatik eta zeren maite dezun: orrekin behartuko dezu begi onez zuri begiratzera, ta nekez ukatuko dizu orduan eskatzen diozuna.

        5. Bostgarrena. Jai-Igandeak dira Jaunarekin guziak igaro behar lituzkeen egunak. Egun orietan maizago joan behar dezu Jesus ekustera; ta ekuste bakotxean, zaude harekin len baño luzaroago.

        6. Seigarrena. Iñoteriak edo yoteak eta munduak bere atsegin ta jostatzeetarako artuak daduzkan egunak dira bakartasun geiago Jesusi erakusten dioten, ta mundukoak galzen edo galzeko bidean ezartzen dituzten egunak. Al badagizu, zoaz orduan maiz bere bakartasunean lagun egitera. Zeren ori egin duten zenbaitek artu dituzte Jauna gandik artuko zituzten baño milla aldiz grazia ta ondasun geiago. Nork erran dizu etzaizula zuri orobat gertatuko, berzeak egin zutena egin ezkero?

        7. Zazpigarrena. Etzaitezela Elizatik atera Jakob Patriarkak esan zuena esan gabe: Non dimittam te, nisi benedixeris mihi [(Gen. 32. 26.)]. Ez naz, Jesus maitea, ez naz nagoen tokitik goratuko zure bendizio santua artu artean: indazu arren; ta ez bakarrik: betoz bendizioarekin batean milla ta milla grazia.. Zure grazia ta bendizioa zu maitatzeko nai ditut; eta maitatzeko, ala emen nola sekula guzian.

        8. Zorzigarrena. Ezpazoazke oñez Elizara, zoaz alik maizena gogoz ta bihotzez. Nondik nai hitz-egin dezazula, hitz-egizu beti Jesus maitearekin hitz-egiten duenak bezala; edo begi ta barren bilduarekin, siñisten duenak bezala, errespetu guzia zor zaion Jaun batekin diarduela: baña eskatzen zaionik ukatuko ez duelako uste ta konfianza andiarekin. Hitz-egiten diozun guzietan, eskatu behar diozu bereaz ta zure bihotzaz dagiala bat, obeki dagizun zerearekin egin behar dezuna.

 

 

§. V.

MEZA SANTUA.

ZER DEN TA ZENBAT
BALIO DUEN MEZA SANTUAK

 

        1. Jainkoaren honran egiten diran gauza guzien artean ez da bat ere Mezak adiña balio duenik. Mezako gauzak arrigarriak dira, ta misterioz beteak. Mezak eskatzen du indar guziak dituen Jaunaren eskua. Honek Mezan erakusten duen onetsmendua ta amorea ezin neurri ditekeana da; ta parerik gabekoa beraren pazienzia. Begira bekio nondik nai Mezari, non nai ta edozein aldetatik erakusten dio zerbait dakusenari arritzeko diña ta geiago.

        2. Meza da presenta bat Jaunaren eskutik artu ditugun ondasun ta fabore guziak baño geiago balio duena; ta gure bekatuen zorrak ateratzeko aski ta sobera dena. Ongi ezagutua zedukan Mezaren balio hau Colombiere len erran degun Jesusen Konpañiako Gizon andi hark: orregatik zion: «beldur naz nere baruak, nere otoitzak eta nere limosnak edo penitenziak atsegin beharrean, atsekabe eman diozaten nere Jaunari, edo garbitu beharrean, zikiñagoa utzi dezaten nere barrena: bada nere barren txarrak edo barreneko asmo ta intenzio galduak gaixta ditzake oriek eta beste edozein gauza on. Baña Meza ematen, edo enzuten dudanean, ez dut lotsarik Zeruko guziai deitu ta galdetzeko non arkituko duten Jainkoari dakarkiodan presentak adiña, balio duenik. [3] Orduan, dio, lotsarik gabe, ta, emain didalako uste osoarekin, eskatzen diot nere obenen edo egin ditudan bekatu guzien barkamentua; eskatzen diozkat neretzat, nere adiskide ta gaizkigilleendako gogora al adiña ondasun; ta guzia deritzat guti, egiten diodan presentaren alde, ta guti estimatzea edo gutitan idukitzea dela deritzat presentak balio duen baño gutiago Jainkoari eskatzea».

        4. Zori onekoak eta doatsuak bataiaturik gaudenak, ezagutzen baditugu Mezan ditugun ondasunak! Onetarako ta beste Mundurako behar diran gauzak Mezan arkitzen dira. Emendik datoz eriaren osasuna ta bekatuen barkazioa; emendik gorputz-animen gose-egarriak ilzeko behar den janaria ta edaria: emendik datoz artzen ditugun gauza guziak: eta, geiago artzen ezpaditugu, ez da zer aitzaki billa ibilli: gurea da kulpa: aski da emen gogotik billatzea nai duguna arkitzeko.

        5. Mezakoan Kristo Jaunak, bitarteko onak bezala, eskatzen dio bere Aitari behar degun guzia; ta, eskatzen duenaren alde, egiten dio eriotzeko horduan egin zion presenta, edo orduan ixuri zuen odola ta eman zuen bizia ematen diotza Mezan Aitari, guri digun guretzat eskatzen diona. Nola ukatuko dio Aitak Semeari onela eskatzen dion gauzarik?

        6. Zer gatik uste dezu daudela asko gaitzez, desgraziaz ta nekez beteak? Zer gatik bekatuen azpitik beñere irten edo atera gabe? Zer gatik aztura edo kostunbre gaixtoen katez lotuak? Zer gatik dabilza illun ta triste? Emazteak ezin burutu du senarrarekin, Gurasoa ezin zuzenduz dabil duen semea edo alaba. Elkar ezin ekusiz daude etxe bitako Nagusiak. Dituen diru ta ondasunak ez diote uzten aberatsari hordu bateko atsegiñik. Gutxi dira eske dagokien barrena ixiltzeko diña arkitzen dutenak. Ez da kasi bat, duenarekin, asetzen. Nondik uste dezu, galdetzen dizut berriz ere; nondik datoz onenbat lan ta neke? Nondik; ezpada behar den lekuan ondasunak ez billatzetik? Eskatzen balitzaio, behar bezala Mezakoan, Jainkoak emango luke gure zorrak estaltzeko, neke izerdiak kentzeko ta ongi bizitzeko behar den guzia.

        7. Errazu ezperen, etzigun Jainko onak guziak baño geiago ta geiago balio duen bere Semea eman? Nola bada, ukatuko digu, Apostoloak dion bezala, beste onetatik edozeiñ? Ez du Jainkoak txarkeririk egiten, ain labur, maite dituen humeekin ibilzeko. Nai ezpadezu besteak bezain estu zere burua ekusi, oitu zaitez Meza enzutera; ta Mezan egiten zaion bere Semearen presentarekin zoaz gure Zeruko Aita gana, ta eska zagozu behar dezuna, ukatuko ez dizulako uste ta konfianza andiarekin. Nola egin dezakezun erakutsi nai dizut orain.

 

 

§. VI.

NOLA ENZUN DITEKEAN ONGI
MEZA SANTUA

 

        1. Meza da, ekusi degun bezala, lurrean Jainkoaren honrarako egin ditekean gauzarik andiena; orregatik da alik ongiena egin behar den gauza. Egondu bagiña, ill zenean, berekin josirik Jesus ona iduki zuen gurutzearen ondoan, askoko zen ura urratua, nekez betea ta odola zeriola ekustea gure bihotzak erdiratuak gelditzeko; ta begiak eta barrena argandik ezin kendu genituela. Egon behar dugu Mezan an egoin giñan bezala; bada Meza, odolik ixuri gabe, orduko gauzen berritzea da eta gauzez oroitzea.

        2. Egon behar da bada Mezakoan, bazterretara begiratu gabe ta Jesusen Pasio Santuko neke-izerdiak, Bihotzaren estualdiak eta eriotz gogorra gogoan arturik. Orduan irabazi zuen guziarekin agertzen zaio Mezakoan Jesus bere Aitari; ta guzia eskeintzen dio gure zorren alde, eman dakigun guri beraren izenean eskatzen dioguna. Siñisten badugu hau egia den bezala, aisa utziko ditugu alde batera Mezakoan, orduan gogoratzen diran kanpoko gauzak; eta gogo ta bihotz osoarekin egoin gara Mezako gauzetan. Orretarako oroi gaitezke Jesusen Amak eta onekin zegoen San Juan Ebanjelistak zer izan zuten gogoan, edo zertan zeuden gurutzeko Meza enzun zutenean, edo gurutzean nekez beterik zegoen Jesus onari begira zeuden denbora guzian: ta, egin halean, egoin gara Mezan gisa berean.

        3. Ezin bestez egon behar dezu Mezatan Ave Maria ta ezpañezko orazioak esaten, zeren ez den erraz orrela dagoenak izatea ixillik dagoela izan lezakean ta orduan behar lukean arreta ta atenzio guzia. Otoitz horietan bazaude, utzi behar dituzu noizean bein; ta, ezpañak geldirik daudeño, adizazu zer zere Jainkoak aditzera ematen dizun; ta naiko duela ezagutzen dezun guzia egiteko asmoa arturik, hitz egiozu bihotzez eta eska zagozu behar dezuna.

        4. Ohar zaitez edo zaude begira zer egiten duen Mezakoan Apaizak. Egiten dituen gauzak misterioz beteak daude; ta guziak dira zure onerako. Misterio oriek zer aditzera ematen duten ezagutzea, ta ezaguera onek dakartzien asmo, gogo ta propositu onak artzea izan oi da Meza enzuteko biderik onena. Orretarako balia zaitezke ori erakusten duen Libruren batez.

        5. Meza behar bezala enzuteko, asko da Meza zer den ezagutzea. Meza dela bizitzeko, eriotzerako ta eternidade guziko ondasunen iturria ezagutzen duena ezin dagoke hura enzuten, ezpada beldur, ikara ta oharkera andi batekin. Gogoa Mezakoan banaturik dadukanak ez daki non dagoen ta zer ari den; edo noizbait aditu badu ere, aztu zaio zer den Meza.

        6. Mezaz anzirik bizi diranak edo zer den Meza bere bizian ikasi ez dutenak Mezara doaz zeren egiñak dauden hartara edo erran bidea kentzea gatik; edo datoz beste lurreko gauzaren bategatik. Orrela datozenak ez dakite zertan egon Mezakoan; eta egoin dira Elizan daudenai edo Elizako gauza ta bazterrai begira.

        7. Nai ezpadezu gerta dakizun orrelakorik, eraman behar dituzu gogoan Jainkoa gandik artu dituzun fabore ta mesedeak; eta egon zaitez guzien eskerrak ematen. Eskerrak eman gabez artu dituzunaz, artzeko daudenak galdu zenitzake, ta, zuretzat zedukatzienak eman ditzake Jainkoak artzen duenaren ezaguera erakutsiko dionari. Gauza arrigarria! Egin ginduen puntutik ongi ta ongi egiten ari zaiku Jainkoa, maite gaitu, besoetan bezala gakarzi; ta ez gara gu, eskerrak bad-ere, bein ongi emateko!

        8. Artu izkitzu bada gogoan Mezan zauden denboran, Jainkoak egin derezkitzun onak eta faboreak; oroi zaitez zenbat aldiz hura utzi ta zere burua galtzeko zeunden bidetik atera zaituen. Ekusi zazu zenbat gaixtakeri, zenbat oben ta kulpa barkatu diezkitzun. Bateo gabe utzirik, zu bezain onak izain ziran anitz milla Jentil ta Turko, bataia zindezen nai izandu zuen. Doktrina Erakusle, Predikari ta Konfesore onak diran errian edo errialdean egin zinduen. Zure onerako grazia dariola dago: ta beretu naiez zure bizi guzian ibilli da. Egun oro har gandik artzen dituzun ondasunen eskerrak emateko, ez da aski Mezako denbora. Ekusi zazu bada, bizi guzikoak gogoan artzen badituzu, izain dezun edo ez zertan egon Mezakoan.

        9. Guziak gogoan artu, ta ondoan ausardiarekin edo lotsa ta alkerik gabe erran behar diozu Aita Zerukoari: «anitz da, Jauna, nik zuri zor dizudana. Esain diozu gero Semeari ere: zer emain dizut nere zor andien azpitik ateratzeko behar nuena ta geiago eman didazun Jesus on maitagarria? Ori, orra milla eskerekin batean, nere bihotza. Guzia gatik barkatu arren, Jesus maitea; bada ekusten dezu eman ala ematen dizudala».

        10. Gogoan ar ditzakezu Mezakoan zere txarkeri ta uts-egite guziak. Ez da noaski egunik, ez eta egunean ordurik ere, zure uts-egiteren bat edo geiago ekusten ez duenik; eta Jainkoak ez pazenduzka bere eskutik, egiten dituzunak baño, eginen zenituen uts-egite ta kulpak geiago lirake. Eska zagozu egin dituzunen barkazioa; ta, berriz ez uts-egiteko behar dezun laguntza ta grazia.

        11. Zerbaiten beharrean arkitzen zara? Ezin burutu dezu zere Gurasoekin edo humearekin, zere adiskide, auzokide edo beste norbaitekin? Zoaz Meza enzutera; ta, enzuten zauden artean, eska zagozu Jainkoari eskura dakarrela zure etsaia; ken dezola zure alabari bere arinkeria; molda dezala zure senarra; zabal ditzala andrearen errai estuak; ondu dezala gaizki dabillen zure Semea edo Senidea, eraman ez dezazun orren nekezko bizia. Balizake, alferkeriz edo geiegi naiez gaizki azi dituzun zere itxekoak. Eska zagozu Jaunari zuzen ditzala zure utsak eta bera dezala gogortuaz doan zure humearen bihotza. Ez ditzan uka eskatzen diozkazun gauzak, eskatu behar diozkatzu zure gatik Aldarean arkitzen den bere Semearen izenean.

        12. Nekeren batekin arkitzen zara? Ezin garaituz zabilza zere ekarrai edo natural txarra ta aztura gaixtoa? Nai etzenukean oroitzapen edo gogoratze ark estutzen zaitu edo inguruan zarabilza? Orrenbat nekeren artetik atera ta Zeruko bidean zuzen ibiltzeko, zer egin dezu? Eskatu diozu Jainkoari lagun dakizula ta dizula bere eskua? Zenbat Meza enzun dituzu orretarako? Etzaitzu orretarako behar dezun gauzarik ukatuko, eskatzen badezu Jesus, Jainko ta Gizon egiazkoaren odol Santu ta bizia gatik.

        13. Meza gatik ezpaliz, ez lizake, dio Doktore batek, gaurgero mundurik. Aserre dagoen Jainkoaren ezpata Mezak daduka magian. Lenbaitlen gu galduak ekustea gatik, galdu nai luke Meza gure etsaiak: orretarako, Hereje gaixtoak biribillaturik, egin du egin ala: baña ez du nai duenik osoro eginen, Ante Kristo galdua etorri artean; bada Ante-Kristok izain du Mezaren kontra onen figuraren kontra Antiocho gaixtoak izandu zuen eskua: & robur datum est ei contra juge Sacrificium propter peccata. Orduan Elizak lutuarekin egoin dira, dio S. Hipolito Kristoren Martire Santuak. Ez da Mezarik izain Elizetan; Elizetatik faltatuko da Jesus onaren Gorputz ta Odol Santua; ta etorriko da azkeneko eguna.

        14. Gauza arrigarria! Geienak aditzera ematen dute naiago lukeela Mezarik ezpaliz Elizetan; bada sartzen ez dira hura enzutera ezin bestez baizik eta mandamentuaren kateak tiraka bezala dakartziela. Ezer ez paliz baño, kaso geiago ez dute egiten ondasun guziak dakartzien Mezaz. Mezan arkitzen da zorrak ateratzeko bidea, anima eriaren osasuna, beharrean dagoenaren janari ta edaria. Aski lizake Meza bat ongi enzutea Purgatorioko surik ez ekusteko. Baña geienak orrelakoren berririk ez dute; Mezan daude zertan dauden ez dakitela: lenbait len Elizatik atera naiez daude; ta, an dauden artean, zor zarrak atera beharrean, berriak egiten dituzte; ta, ondasunak ez artu naiez, aberastu nai zituen Jainkoaren itzuri doaz.

        15. Meza zer den dakitenak eta Jesus ona maite dutenak, enzuten daudenean, egoin dira, Jainkoarekin daudenak bezala, beldurtasun ta atenzio andi batekin. Konsagrazioko hitzak Apaizak erran orduko, milla ongi-etorri egiñ behar diote Jesus maiteari. Guri egitera datorren ongia gatik eman behar zaizka beste anbeste esker. Erakutsi behar zaio al den damu ta sentimenturik andiena gure amoreak arrerazi diozkan bidegabe ta txarkeriak gatik. Eranzun behar diogu ziñezko nai ta amore andi batekin berak digun Bihotzeko onginai ta amore bazterrik gabekoari. Azkenean eskatuko zaio erakus dezagula Bihotzez berak egiten duen guzia; ta digula ori egiteko behar dugun grazia.

 

 

§. VII.

NOLA JAUN ANDIA
KOMUNIOAN ARTU BEHAR DEN

 

        1. Aldareko Sakramentua da Sakramenturik andiena; ta gure egitekorik andiena da Sakramentu onetan dagoen Jaun andia artzea. Jaun hau artzea edo komunioa da, San Juan Krisostomok dionaz, Jainkoa berriz gizon egite bat bezala. Ekusi zazu zer egitekoa den komulgatzea; ta zein garbia egon behar duen Jauna artu behar duenaren barrenak. Lenbiziko aldian artu zuena Birjina zen; ta Birjina, len ta gero, argia bezain garbia. Zertara zoazen ezagutzen bazenu, etziñake noski komuniora urbilduko; ta, urbilzen baziña, joain ziñake joan oi zeran baño obeki prestatua.

        2. Munduko guzietatik batek baizik Jaun hau artu behar ezpalu, urte bat balu ere komuniora prestatzeko, guti dela iduriko litzaioke; Jainkoa artu behar duen mihian ez luke zillegi ez den gauzarik artuko: aterako lituke bere baruak; duenetik emain lioke beharrean dagoenari; penitenziaz nekatuko luke bere burua: ta guziaren ondoan, negar anitz ixuria gatik, ez luke usteko behar duenaren erdirik egin duela komuniorako. Anitzek Jauna komunioan artua gatik, ez du bakoitzak artzen gutiago. Nork-nai behar du bakarra baliz adiña kuidadoarekin bere burua prestatu komuniorako.

        3. Komulgatzeko asmoa artzen dezunetik egin behar dezu kontu erraten zaitzula len denbora luzean komulgatzeko zeudenai Diakonoak erran oi ziena. Sancta Sanctis: begira: Santuentzat gauza Santak; edo, San Juan Krisostomok dionaz, Santuak ez diranak ez datozela komunio Santura. «Ez du esaten Elizak, dio Santuak, ez dakarrela komuniora datorrenak bekatuaren loirik eta itsustasunik; datorrela, esaten du, Santu egiñik». Betor bada graziaz betea, obra on anitzekin, ta birtutez anima edertua ta apaindua dadukala.

        4. Ez du gutiago San Anbrosiok eskatzen komunio on baterako. «Bizi guzian, dio Santuak, gogoan idukazu nor artzeko zauden, ta zaude beti orretarako egiñ ala egiten». Bein baizik artu behar ezpazenu ere, egunoro artzeko bazeunde bezala bizi behar zenuke; bada ez luke beiñ ere Jaun hura artu behar, egunoro ar lezakean bezala, ezpadu urtea eraman: sic vive, ut quotidiè merearis accipere: qui non meretur quotidiè accipere, non meretur post annum accipere.

        5. «Orrela —esain dezu—; obe izain da ezin bestez, urtean bein, edo berandutik berandura Jaun andia artzea». Hitz-egiten dezu ez dakizunak bezala. Zuk diozuna egiten dutenak izan oi dira gaizkiena bizi diranak. Askotan edo maiz Jaun hau artzen dutenai galdegiezu nola doakien artu duten bidean; ta adituko dezu oitura ta kostunbre gaixtoak garaitzeko, etsaiaren eskutik iges egiteko, ta egunoro zuzenago Zeruko bidean ibiltzeko, ez dutela maiz komulgatzea bezalako biderik arkitu. Orietatik zenbait gaixtatzen badira, asi oi dira gaixtatzen bakanago komulgatzen asi ziranetik.

        6. Ohartzen bazera maiz edo askotan Jauna artua gatik len bezala, gaizki ta ondu gabe bizi zarala, ondu nai ba dezu, ez dezazula utzi maiz Jaun hau artzea; utzizatzu ongi konfesatzea eragozten dizuten gauzak eta garbi zagozu zere barrena or artzen dezun Jaun andiari. Gaixtoa bazera, ondu zaitez askotan komulgatzeko, edo behar bezain ona ezpazera, ar zazu maiz gauza guzien Jabe den Jauna; dizun zere burua on-ona egiteko behar dezuna.

        7. Askotan elkar ekusten duten adiskideak maite dute elkar; ta aisa elkar anzten dute elkar gandik urrun dabilzanak edo gutitan elkarganatzen diranak. Ona izatea Jainkoa maitatzea da: Jainkoa maitatu nai duenak ez du onen igesi ibilli behar: ta, al egiñean, ibilli behar luke gogotik ere Jauna utzi gabe. Ken bitza Jainkoak ezin ekusi dituen txarkeriak; apain beza, alik ongiena, bere barreneko hostatua; ar beza alik usuen edo maizena; eta ekusiko du nola bera maitatzen erakutsiko dion eta zenbat ondasunekin utziko duen.

        8. Janari onak ez du barren garbian gaitzik egiten: edo egiten du zeren estudio geiegirekin hura egosteko behar den beroa edo sua estomagotik kentzen den. Ez dio kenduko Medikuak gaitz egiten dionari bere janari ona gaitzik ez dagion: garbituko dio loitu zaion barrena: edo kenduko dio behar duen sua barrendik kentzen dion estudioa; ta aginduko dio ar dezala berriz ere bere otorduetan. Komunio Santua da animaren janari ona: on egiten ez dionari aginduko dio bere Mediku Konfesoreak garbi dedilla, loitu bada, konfesioko iturrian; edo utz ditzala behar bezala bere hostatua Jainkoari apaintzera uzten ez dioten egitekoak; eta egin dezala, alik maizen ta ongiena, Komunio Santuko otordua edo barazkaria; nai badu on dagion ar ditekean janaririk onenak.

        9. Aski da Komunio bat nornai Santu egiña uzteko: Komulga zaitez bada maiz, orren laster ezpad-ere, azkenean Santu egiña edo ondua beinzat geldi zaitezen. On egiten dien gauza artzen duten eriak, artuaz badoaz, beranduago bad-ere, sendatzen dira: Komunio Santua animaren eritasuna kendu ta betiko osasuna ematen duen gauza ta erremedioa da pharmacum immortalitatis. Zoaz bada maiz artuaz orrenbat on dakarren gauza; ta ez dezazula kasorik egin bakan baizik ez artzeko esaten dizun etsaiaz.

        10. Baña begira: ez arren janari ta erremedio on hau askotan artu len bezain eri gero gelditzeko. Jesus onak sendatzen ez dituenak nork sendatuko ditu? Maiz Komulgatu ondoan, Jainkoa ziñez maitatu beharrean, gaizki edo epel gelditzen diranak; eta gelditzen diranak leneko kondizio galdu, aztura txar ta uts-egite gaixtoekin sendatuko ez diralako beldurrarekin geldi ditezke. Nola alabaña sendatuko dira Mediku ta erremediorik onenak ezin sendatu dituztenak?

        11. Zuzen etzebilzanean Israelitak, etzien lurrak ematen eman oi zuenaren laurdenik; eta ematen zuena edo zekarrena, geiena beintzat, etsaien eskuetan gelditzen zen. Bidaltzen zien gose gogorrarekin erakusten zien Jainkoak bere pausu makurrakin irabazten zutena; edo lurraren laburtasunarekin kastigatzen zituen gaizki bizi ziran, Isrraelitak. Baña lurraren laburtasuna ta gosea ez da Jainkoaren kastigurik andiena: andiena da lurrak ematen dienaz ez baliatzea. Lurrak emain dizue, esaten die Jaunaren izenean Profeta Santuak, matsa ta garia: baña matsak, dolareko ardatzarekin estutua gatik, ez du emain, beintzat indarrezko ardorik; eta gariarekin egiten den ogiak, jaten ezpazenue bezain indar gutirekin utziko zaitue: auseret robur panis.

        12. Hau da gertatzen zaiena Komulgatzen diranetatik askori. Kristo Jaunaren Gorpuz ta Odol Santua artu ondoan, indarrik gabeko janari ta edaria artu balute bezain gose ta egarri andiarekin gelditzen dira. Jaten dute ta edaten berriz ta askotan Komunioko maiean; baña maiera dirala ere ezagun etzaie: len bezain indar gutirekin arkitzen dira. Mai onetan bokadu bat artzen dutenak leoiak bezain indarsuak gelditu behar lukee, San Juan Krisostomok dion bezala, infernuko etsaiak garaitzeko: tanquam Leones ignem spirantes ab illa mensa recedamus, facti, diabolo terribiles; eta gelditzen dira otsoak ortzekin erraz urratzen dituzten bildotsak bezala: bada leneko aztura ta kostunbreak garaitzen ez dituzte; ta edozein tentaziok garaitzen ditu berak. Ekusi dezagun, kentzeko, nondik datorren gaitz edo kalte hau.

        13. Askotan Komulgatzen diran zenbaitek ez dute komuniotik indarrik ateratzen, zeren Jauna artzen duten, barrena garbitu, moldatu ta apaindu gabe. Behar ez bezala barrena betea dadukanari ez dio onik egiten den janaririk onenak; eta, indar berriak eman lekuan, kentzen diozka zituenak ere. Behar dezu, bada, Komunio Santuak on dagizun, lenik begiratu zertara zoazen ta nor artzera, ta oni zor zaion bezala zere barrena prestatua eramateko. Orretarako den libruren batean nola ori egin ikasiko dezu.

        14. Librurik ezpadezu, siñistu zazu ta ikusi nor datorren zu gana, ta egizu zure Fedeak eragiten dizuna: crede, & fac quod vis. Siñisten dezu ogiaren estalkiaren edo espezien azpian datorkizuna dela jaio zenean oialez estali ta loturik Amaren besoetan egondu zen Jainko ta gizon egiazkoa? Siñisten dezu ori dela Aingeruz, bere Jainkotzat ezagu zezaten, Artzaiak billerazi zituena? Ori dela, Jainkoak bidaldurikako izarraren ondoren zebilzala, iru Erregeak bere Erregetzat ezagutu, adoratu ta ondasunez beterik utzi zutena? Siñisten dezu ori dela hitzketa batean Samaritana mudatu zuena; ta begiratze batekin San Pedroz, Magdalenaz ta bertze edozeñez nai zuen guzia egiten zuen Jesus maitagarria? Siñesten dezu ori dela aizeaz, etsaiaz, eritasunaz ta elementu guziaz nai duena egiteko eskua duen Jainkoa? Siñisten dezu zuri datorkizula, ongi naiez, txarkeriak kentzera, osasuna ematera, ondasunez betetzera ta azkenean berekin bat egitera? Egizu bada siñiste orrek eskatzen duena: Crede, & fac quod vis.

        15. Siñisten dezu ori dela Zeruak eta lurra egin zituen Jainkoa: ta ori dela Zeruan Aingeruak, lurrean Errege, Obispo ta diran Gizonik andienak, baita berak infernuan erretzen daduzkatzien etsaiak ere, gauza guzien Jabetzat eta bere Jainkotzat ezagutzen dutena? Siñisten dezu Errege andi zure Jainko hau, Aldarea ta Aldareko Aingeruak utzirik, datorkizula, komulgatzen zeranean, zere bihotzera; ta datorkizula zu ondasunez betetzera ta zurekin egoteaz atsegin artzera? Ez dut uste orrenbat gauz andi siñistea besterik behar dezula egiñ ala zuk egiteko, oraindañokoetan baño, egiñen dituzun komunioetan obeki zure barrena garbitu ta prestatzeko: crede, & fac quod vis.

        16. Baña ala ere gogor arkitzen bazera Jauna artzeko zaudenean, ekartzu gogora ori bera dela Mundu guziaren kontuak artu behar dituena; ta agian egun gutiren buruan zureak artuko dituena, eternidade bateko atsegin andia zere lan onen alde emain dizuna, edo, gaixtoak egin badituzu, ta orien azpitik zere burua atera gabe atera bazera mundutik, sekulako sua ta nekea eman behar dizuna. Jaun hau da, bokadu egiñik otamen batean, zure barreneko gelan sartu nai duena; ez ondasun eske, baizik nai dituzun guziak zuri eskeintzera, bere adiskidetasun ta Zeruko gloriarekin. Ezaguera galdu ezpadezu edo sinistea, ez da erraz egin oi dituzun baño gauz on geiago zuk ez egitea, zere Jaun hau artu behar dezunean: egiten ezpadituzu, izain da zeren onelako gauzak gogoko ortzekin austen ez dituzun, edo hastiro erabilli gabez.

        17. Munduan zebillenean, zenbait etxetara, Apostoloz inguruturik, joan zen bezala, Aingeruz inguruturik zure etxera datorrela Jesus ona bazeneki, zer etzenuke egiñen etxe bazterrak garbitzeko eta hark artu behar duen gela apaintzeko? Ezpazenitu apaintze onek eskatzen dituen gauzak, billatuko zenituke Adiskideen artean: ta egin ala egiña gatik, behar denaren laurdenik egin etzenuela iduriko litzaikezu. Orduan artuko zenuena datorkizu; ta Aingeruz ingurutua. Begiz ekusten ezpadezu ere, komulgatzen zaranean, zure begiak ekusten dutela sartzen baliz baño, geiago zor diozu estalirik zere barrenean sartzen zaitzunean. Garbi zazu bada barren guzia; ta ezpadezu zerekin apaindu, zoaz beraren Amagana; zoaz zere adiskideetara edo Zerukoetara, ta eska zaiezu dizutela bere Jauna artzeko dagoen zere bihotza apaintzeko behar dezuna: ta eska zaiezu erakus dezazutela nola lan ori egin; bada zure txarkeriaren ta Jaunaren anditasunaren jakintsun dira; ta badakite zer egin ditekean alik ongiena Jesusi hostatua prestatzeko.

        18. San Buenabenturak dakartzi komunio santura Kristauak eraman oi dituzten edo eraman ditzakeen zortzi gauza edo motibo. Batzuek artzen dute, dio Santuak, Jauna komunio santuan, sendatzea gatik. Eri dagoenak nai du sendatzen dakien Medikua; ta al badu, billatzen du sendatze onenak egiten dituena. Aztura gaixtoz ta kostunbrez eri zauden anima, ez da komunioan arkitzen den Medikua bezain sendatzalle onik. Baditu eritasun guzien erremedioak; eta sendatu nai duenik ez du uzten sendatu gabe. Zoazkio ona izateko gogoz beterik: erakutsi behar diozkatzu beren arinkeriak gatik uts-egite anitz egiten dituzten ta eri dauden begiak. Eska zagozu oriek bilduak erabiltzeko behar dezun erremedioa. Ager zagozu hitzketa geiegi egiten duen edo behar bezala hitz egiten ez dakien zere mihia. Ager zagozu behar ez litukeen gauzen ondoren dabillen zure bihotza. Eska zagozu labur dezala ta zuzendu zure mihia; ta, behar ez diran naikunde txarrak kendurik, dizula bera maitatzeko behar dezun gogo bizi ta amore andi bat. Siñis nazazu, ez daki ziñez ta gogotik eskatzen zaion gauzarik ukatzen. Baña begira; nai badezu senda zaitzan, ez utzi egin gabe esaten edo aditzera ematen dizun gauzarik.

        19. Bertze zenbait komunioratzen dira beren burua zor artetik ateratzeko asmoan. Zorrez beterik dagoenak baleki bere errian duela, eskatu ezkero, behar duen guzia emain diona, estutzen dutenak ixiltzea gatik, laster billatuko luke: Bekatuen zor andiarekin arkitzen zara? Aitaren Justizia artzekoen ondotik dabil? Ez dezu nondik eman zor diozuna? Zoaz Komulgatzera; zoaz Jesus ona gana. Ondasun guzien Jabea da. Behar duena nori nai emateko, ez du eskatzea besterik nai. Eun aldiz eskatua gatik etzaitzu aserretuko. Bera bere Aitari zere zorren alde ematen badiozu ere, onzat artuko dizu.

        20. Beste batzuek komulgatzen dira, dio Santuak, behar dutena izatea gatik. Emen bizi garan artean izain ez gara nekerik gabe. Nekeak garaitzeko behar dugun guzia Jainkoaren eskutik datorkigu. Etorri dakigun, goazen maiz berari Komunio Santuan eskatzera. Animak Infernu guzia, mundu eroa ta bere gorputza bere kontra ditu. Irurak dabilza nondik galduko duten. Batean tentazioaren suan erretzen dago; bestean gauz onak egiteko gogo ta indarrik gabe: askotan illuntasunez ta tristuraz beterik arkitzen da; ta zenbait aldiz bere buruarekin ezin burutu duela. Galdu nai ezpadu, bijoa ongi prestaturik Aldarean dadukan Jesus ona gana. Atozte, dio onek; atozte ni gana nekatuak arkitzen zarazten guziok; atozte atsedetera ta indarrak artzera. Komunioko ogia jaten duenak ar ditzake sekulako indarrak: qui manducat hunc panem, vivet in aeternum, eta garai ditzake diran tentazio ta nekeak. Emen artzen den nere Odol Santua ardo ta edaria da Adanek zikindu zuen odolaren su-gar guziak iraungitzen ta itzalzen dituena, ta Aingeruena dirudien garbitasun ederrarekin animak uzten dituena: vinum germinans virgines.

        21. Besteak Jauna artzen dute, bitarteko on bat izatea gatik. Errege ta Gizon andietara ez dira agertzen, beintzat bakarrik, fabore baten ondoan dabiltzan guziak. Billatu oi dute hitztun eder edo bitarteko onen bat: eta, berez izain etzutena, erdisten dute arekin batean. Beldur bazera edo lotsa Zeruko Aitari nai zenukeana bakarrik eskatzeko, Aldarean dadukazun haren Seme Jesus ona nori-nai laguntzeko dago. Ez dezu Aitarentzat hiztun ederragorik, ez eta bera bezalako bitartekorik ere arkituko. Onen izenean eskatzen zaion gauzarik ez duela, dio, beraren Aitak ukatuko. Eska zaiozu bada Jesusen izenean noiz-nai nai dezuna; baña nioiz ere baño uste edo esperanza geiagorekin eska dezakezu bera Komunio on batean artzen dezun aldian.

        22. Beste zenbait komuniora doaz eskerrak ematea gatik. Ongilleak nai oi ditu egin dituen on edo faboreen eskerrak. Eman oi diozkate artu dituztenak; beinzat uste badute bera gandik berriren bat. Ezpadakite berak, billatzen dute nork hari hitz egin. Gizonen faboreak ez dute zer ikusi gutatik edozeñek Jainkoari zor dionarekin. Izatea bera berari zor diogu geroztik egin digun guziarekin. Zenbat den hau, ezin erran genezake. Oraindik asko geiago artu uste dugu bera gandik. Ez da erraz guk hari eskerrak ongi ematea. Esker oiek emateko billa dezagun Komunioan Jesus, gure bitarteko ona. Eskatu ezkero eginen digu onenbeste: ta, egiten duen denboran, utziko du bere Aita beste anitz gauz on guri egitera behartua.

        23. Zenbait komulgatzen dira Jesusen Aitari present on bat egitea gatik. Ongi gillearen begietaratzen ez dira gizonak hitz eta esku utsekin: al duten presentarekin agertzen zaizka. Zenbat present andiagoa, anbat obeki artzen ditu presentaren artzalleak. Asko zor diogu guk gure ta Jesusen Aitari. Onen begietan agertzera ta artu ditugun gauzen ezaguera erakustera behartuak gaude. Orduan nai badiogu zerbait eraman, komunio santuan arkituko dugu nai dugun guzia. Gu gatik edo gure onerako Aldarera datorren Jesus ona da Aitak ongiena artzen duen ta geiena estimatzen duen presenta. Onekin bagoaz, ongi artuak izain gara. Egunoro ezpad-ere, zoaz Komunio maiera maiz; eta, egun oro haren eskutik artzen dituzunen alde, eramaiozu bere Seme guztiz maitagarria: ta eska zaiozu zure izenekoari ta zure bitarteko izandu diran Santuei diela egin dizuten lan ona gatik atsegin edo gloria zati berri bat, eta ez dezala geldirik iduki anbat aldiz zure onerako zabaldu duen eskua.

        24. Besteak beharrean daudenai laguntzea gatik komulgatu oi dira. Bekatu larririk gabe baña zenbait zorrekin ill ziranak, zorrak atera artean, Purgatorioan suz erretzen ta agitz nekatuak daude. Nai badugu, arin ditzakegu orien nekeak, eta zorrak atera. Gure nekez ta hilduraz irabazten duguna balia dakieke guk nai dugunai. Nekatzen ta erretzen daudenak Jesus onaren humeak dira ta gure senideak. Senide bat lurreko suan erretzen ikusi ezkero, asaldatuko giñake ta ez giñake geldituko andik libratu artean. Ango sua eun aldiz ta geiagotan emengoa baño gogorragoa da. Zer bihotzek orrela nekatuak ekusi ditzake luzaroago nekatzen aisa dagikean zerbait ez egitea gatik? Egizu al egiña orien onerako; ta komulgatzen zaranean, eskaiozu Jaunari, artu dezun Jesusen irabazi-merezimentuak gatik, atera ditzala lenbaitlen beren zorrak gatik Purgatorioan erretzen dauden guziak; eta lenbiziko lekuan oroi dedilla zuk geiena zor diezunez.

        25. Badira guzien artean batzuek, maitatzen duten baño, geiago Jauna maitatu naiez komulgatzen diranak. Oiek dira noski zuzenen dabilzanak. Jesusen Gorputza artzen dugunean, bien bihotzak bat egiñak gelditu behar dute, dio Santo Thomasek: datur ad omnimodam unionem. Ala egiñen dira elkar maitatzen badute; Jesusek maite gaitu, eta guk hura maitatzeko, ez da ongi komuniatzea bezalako biderik; bada guk hura maitatzea Zeruko suan berotzea da; ta Jesus, Komulgatzen garanean, Zeruko su guziarekin sartzen zaiku barreneraño. Arria baño gogorragoak gara, orrenbat su barrenean dadukagula, berotzen ezpagara.

        26. Zenbat nai digun adirazteko, bularra idikirik erakusten digu gure amorez beterik dadukan bere Bihotza; ta eskatzen digu guk hari ez ukatzea gurea: praebe cor tuum, fili mi [(Prov. 23.)]. Gure bihotza izatea gatik, Aldarera etorririk dago; ta, gu beratzeko, ori aski ez dela ikusirik, egin da bokadu ta sartzen zaiku bihotzeraño. Ah! Zenbat zor diogun Jesus onari! Berarenak gara garan guzia. Ez dugu zor ez diogun gauzarik. Duguna ta geran guzia emana gatik, etzaiku artzekorik geldituko. Non da bada arpegia, eskatzen digun bihotz txar gurea ukatzeko? Zerutik eskatzearekin, edo berak eskatu gabe, gerok ematen geniola, artzen baligu, geiegi egiñen liguke: zer izain lizake bada, lurrera etorri, gure barrenean sartu ta eskatu ondoan ukatzen bagenio?

        27. Jesusen Bihotzaren debozioa dutenak komunio santuan dute anitz gauz on egiteko mugon ta deretxa. Ikusi zazu hastiro, zer ari den zerekin dadukazun Jesusen Bihotza. Egizu kontu begiratu ondoan erraten dizula: ken ezazu onelako uts-egite, halako falta, ta beste begietan ematen didan gauz ori. Emaiozu baiezkoa ta erraiozu lenago ez kenduaz dezula damu: barka dagizula oraindañokoa ta beraren lagunzarekin biziko zerala, berriz orretara gabe.

        28. Ekusi zazu zein beraa, zein manso ta humilla den. Egiten zaizka anitz txarkeri; ta ixillik dago. Zure bekatuak eta mundukoen komunio gaixtoak dira urratzen duten lantza ta arantzak: eta urratze guziarekin ere, ez du ai! bat ematen. Premiatua daduka bere Bihotza Mundu guziaren eskutik artu dituen bidegabe, dongekeri ta sakrilejioen gurutze pean; ta al-ere ez da aserretzen. Aita maitatzen dago; ta guri ongi naiez, zer egin ez dakiena bezala. Lotsaz arrituak bezala daude onekin dauden Aingeruak. Aingeruetatik ikasi zazu nola egon Jesusen begietan ta Jesus zere barrenean daukazun artean: ikasi zazu Jesusen Bihotzean Jainkoa maitatzeko eta ona izateko jakin behar dezuna.

        29. Jesus artu ondoan ezpadezu zer hari erran, edo ixillik bazaude, ez dezu anitz maite Jesus: bada ziñez onesten ta maite diranak, elkar gana ezkero, badute zer elkarri esan. Onetsia baduzu, artu orduko, erraiozu: inveni quem diligit anima mea, tenui eum, nec dimittam: arkitu du nere animak billatzen zuen Jainko Gizon Jesus maitea. Lotu natzaio; besoen artean bezala dadukat: ez diot largatuko, ez dut, ez, beiñere utziko: Jesus maitatzea izain da gaurgero nere egitekoa: ez dut ez, oraindaño bezala, ezer ez bategatik azturik idukiko.

        30. Deus meus, & omnia: ezin bestez ibilliko naz lurreko gauzen ondoan; ta, utzi al ditzakedanak aisa utziko ditut Jesus ona gatik. Jesus da nere Jabe ta Jainko; Jesus da nere atsegin ta gusto. Jesusen Bihotzean nai nuke sartu ta bizi. Jesus badut, badut behar dudan guzia. Jesus izain da gaurgero, nik artuko dudan bidea. Onen ondotik nai dut ibilli berak bidalzen didan nekezko gurutzearekin. Jesus izain da bide onetako argia. Jesusek esaten didan aldetik artu nai dut; ez dut utzi behar Jesus onak adirazten didan gauzarik. Jesus izain da nere bizitza. Artuko dut maiz Komunio Santuan; ta, uzten didan graziaren indarrarekin, egin behar dut egin ala etsaiak garaitzeko, bekatuaren eritasuna aienatzeko, ta bizirik edo grazia galdu gabe Zeruan sartzeko. Hitz batean; Jesus izain da, ni gatik eraman dituen neke ta bere Bihotzeko amorea gatik, nik beti maitatuko dudana ta behar dudan guzirako billatuko dudan Jainkoa.

        31. Dilectus meus mihi, & ego illi [(Cant. 2.)]. Nere onetsia neretzat eta ni arentzat. Jesus, nik maite dudana, neretzat, eta ni, hark maite nauena, arentzat. Anitz nai diot ezin geiago nai didan ta ni gana etorri den Jesus onari. Nere bihotza nai nuke nere naiez urtzen dadukan Jesusen Bihotzeko suan auts egiña ekusi. Nere bihotzeko Jainkoa, nik, aberats izateko, ez dut bertze ondasunen beharrik; zu bazaitut, Jesus maitea, nerekin ditut ondasun guziak; zu beste zatirik ez dut nai sekula guzian: Quid mihi est in Colo, & à te quid volui super terram, Deus cordis mei, & pars mea Deus in aeternum!

        32. Onelako edo bertze al dituzun guziak errain diozkatzu Jesus onari Komulgatzen zaranean: baña errain diozkatzu ziñez ta bihotzez. Nola nai errana gatik etzaio deus bihotz onez erraten bazaio. Ez hitzetara, bihotzera begiratzen du Jesusek. Baña ez du zure bihotzak ixildu behar Jesus joaten zaitzunetik. Maite dutenak elkar elkarrez oroitu oi dira, elkarrekin ez egona gatik; eta, oroitzearekin, berritzen zaie elkar ganako naia ta amorea. Izan zaitez Magdalena bezala. Maite zuen Jesus; il ta ere gogoan zedukan beti; ta, besterik ezin zuenean, haren Gorputz Santuaren billa zebillen. Komunioa bukatu ta Jesus joana gatik, ez dezazula, egiñ alean, gogotik utzi; billa zazu, alik lasterrena, haren Gorputz Santua ta bera guzia Komunio berri batean.

 

 

§. VIII.

ZER DEN ZIÑEZ JESUS MAITATZEA,

TA NORK ONELA MAITATZEN DUEN

 

        1. Ez du benaz maitatzen Jesus ziñezko birtuterik ez duenak: eta Jesusek erakusten duena egiten ez duenak ez du benazko birtuterik. Birtutetsuen izena dutenen uts-egiteak edo faltak izen ori ez dutenen falta ta uts-egiteak baño, kalte geiago egiten diote birtuteari. Izen utsarekin arkitzen diranak asko nai diote beren buruari; billatuak nai dute izan: nai dute etorri edo gerta dakien guzia beren gogara edo erara; eta ez dute nai egin dakien irririk beñ ere. Hitz egiten badaude, nai dute siñestu dezaten guziak orien errana: siñisten ezpazaie, edo sumintzen dira edo gelditzen illun ta belz. Ez dute nioren behartasunik ta uts-egiterik ikusi nai; ta, dakustenean, badute zer eraman oriekin bizi diranak edo oriek behartzen dituztenak.

        2. Birtutedunen izen utsa dutenak ezpadira osasuntsuak, nagitzen dira, alferkerian daude zenbait aldiz, ta ongi egiñen diela uste dutenaren ondoan ibilli oi dira. Beren gaitzak baizik ezertan ez daduzkate; eta beren buruari ongi begiratzen diote, baña besteekin gogorrak dira. Geiegi iduritzen zaie bertzeren edozein gauza. Batzuetan ez dute iñorekin hitz-egin nai: gelan sartuak daude; ta, etxetik ateratzen badira, arpegi illun batekin dabilza ta bakarrik; eta aski da orduan nor-naigana urbilzea, bera bezain illun edozein uzteko.

        3. Zer den ziñezko edo egiazko birtutea ez dakien batek, ikusten baditu birtutedunen izena duten oietatik zenbait, bazuen ere, utziko du laster birtutea beretzat billatzeko gogoa: bada usteko du, birtutearen bidea artu ezkero, beharko duela bakartasuna artu bere laguntzat; ibilli beharko duela beti kopeta edo bekoki belz, eta bihotz illun batekin; usteko du berekin ere ezin burutuz ibilliko dela, ta, harekin bizi diranai eraman ala ta zeregin geiago eman bearko diela. Arkitzen ezpadu dena den bezala erakusten dionen bat, ez du naiko oñik sartu birtutearen bidean.

        4. Onelakoen utsegiteak alde batera utzirik, begira zaiezu behar bezala bizi diranai. Bizitza galduaren estalki gaixtoa da gaixtoen bizitza; ez da aski hau edo hura behar bezalakoa ez izatea zu gaixtoa izateko. Zu ona ezpazera, izan dedilla bestea nai bezalakoa, galduko zera. Galdu nai ezpadezu, egizu behar bezala bizi diranak eta birtute egiazkoa dutenak egin oi dutena. Jakin nai badezu zein diran oriek, atoz nerekin.

        5. Jainkoa maite ez duenak ez du Zeruko birtuterik. Beharrean daudenai dezun guzia emana gatik, esaten du San Paulo Apostoluak; emana gatik gero sutan erretzeko zere gorputza, ez dezu ezer egiten, maitatzen ezpadezu zere Jainkoa. Jainkoa maite duenak ez du, dio berak, natural gogorra edo ez da natural gogorraren gogara bizi: egiten zaizkan txarkeriak ixillik daramatzi; ez du besteren onaz atsekaberik; ez da behar ez den lekuan sartzen; ongi oharturik oña ezartzen du sartzen den lekuan: ez du edozein gauzak izutzen, ez dabil atsegin ta gusto billa; ez dabil errea bezala; aserretzen ez da, ez du uste haren ondotik dabillela nior; gaizkirik egiten ezpalitzaio baño, geiago ez du burua agertzen; esaten zaiona bereala siñisten du; behar duen guzia Jauna gandik izan uste du; egiten zaion edozein bidegabe edo dongekeri, ezpaliz bezala darama. Hau da ziñez Jesus maitatzea: hau da egiazko birtutearekin bat idirotzea.

        6. Gizon birtutetsua edo Jesus maite duena ez dabil behar ez dituen lurreko gauza txarren ondotik; ez du kolkorik; ez du tolesturik, ez eta makurrik ere: bihotzean dadukana baizik ez du agertzen ezpañez: errai onak ditu guzientzat; baña beretzat beti da gogorra; ez dio bat ere bere buruari barkatzen: bere uts-egite, oker-ibilliak agerzen ditu; baña ez ditu besterenak agertu nai. Ez dio iñori zor zaion begirunerik ukatzen: guziekin dator ongi; nori nai al duen ona egiten dio; ta, egiten duena gatik, ez du nai ezer, edo saririk artu nai ez du. Ongi bizi da; baña estutzerik gabe, ta bihotz zabal batekin: bere Jainkoarekin ditu bere egitekoak: ezin bestez sartzen da gañerakoetan; ta, oietan sartua gatik, oroitzen da, beti ezpad-ere, maiz edo sarri bere Jaunaz. Ezin utzi ditzakeen gauzak egiten ditu beste egitekorik ezpalu bezala; baña estutasunik gabe. Alferkeriari ez dio lekurik ematen. Eskuak beste gauzetan darabiltzienean, bere bihotza bidaltzen du Jainkoa gana, galdu ez dezan bere salbazioko egiteko andia.

        7. Birtutetsuak edo Jainkoa maite duenak bera dela uste du den txarrena: bera ez besteak ontzat daduzka: guziak uste du birtutez beteak daudela; beregan ez du ekusten oben, uts-egite ta kulpa besterik; bada arkitzen badu gauza onik, Jainkoarena dela dio. Ezertan hura ez dadukatenak bidegaberen bat egiten dutenak dira harentzat adituenak, eta hura nor den ezagutzen dutenak; bada ez du uste edo ez deritza iñork ongirik egin behar diola.

        8. Birtutezkoa edo Jainkoa maite duena nai duen guziarekin arkitzen da; bada, duena baizik ez du nai. Ongi ateratzen zaizkan gauzak ez arrotzen dute ta ez goratzen. Uste etzuen bezala gauzak aterea gatik, len zena gelditzen da, edo damu ta illuntasunik gabe. Bere Bihotzaren Jabe da beti; ta edozein gauza gertatua gatik, ez du len zuen atsegin ta bakea galzen: badaki alabaña, ez dela gertatuko Jainkoak gure onerako eragiten edo uzten ez duen gauzarik. Egiten dituen gauzetan Jainkoaren borondatea billatzen du. Jainkoak nai duena egiten du beti; ta beti nai du Jainkoak egiten duena.

        9. Ez du begiratzen, egin behar duenean bat, zein den egin dezakean gauzarik andiena; begiratzen duena da zein ote den egin dezan Jainkoak nai duena: badaki alabaña, Jainkoak nai duena egiten denean, andiena ez izana gatik, irabazten dela geiena, egiten bada berak nai duen bezala. Egin nai litukean guziak utziko ditu, egin behar duen gauzarik txikiena egitea gatik. Ezin egin baditzake beste zenbaitek egiten dituzten zenbait gauza on, etzaio ezer; zeren dakien nai izan balu Jainkoak egin zitzan, emain ziola orretarako behar zuen eskua ta indarra. Nai lukeana da eman diozkan indarrak ez galtzea, eta egin ditzala agintzen diozkan gauza guziak ongi egitea.

        10. Birtutezkoari guziak, edo geienak beintzat, ongi nai diote; zeren beti arkitzen duten bere-batekoa ta modu onekoa. Maite duela Jesus, Jesusen Amari asko nai diola, ta nai ta maitatze hau birtutez beterikako bihotzetik datozkiola ongi ageri zaio, begi bilduetan, ongi ibiltze ta egiten dituen gauz onetan. Jauna maiz ta ongi prestaturik artzen duela komunio Santuan erakusten du bere egunoroko bizitza obean. Zenbat geiagotan Jauna ganatzen den, berriz ta berriz bera ganatzeko naiez ta eresiaz gelditzen da. Egun oro non dagoen obeki begiratzen du, Elizan dagoenean. Ez dabill inguruka Jainkoaren billa: zuzen doa bera gana; ta, beretzat ezer gelditu gabe, ematen dio bere bihotza ta den guzia.

        11. Birtutezkoaren asmo ta gogoa da Jainkoari atsegin egitea. Jainkoari begira dago: ta dagoka beti galdez zer nai duen egin dezan hordu artan, egunean, urtean ta bizi guzian. Jainkoaren ontasunaz oroitzea aski du haren amorez irazekia gelditzeko: ta ez du onik, Jaunarekin hitz egiten ezpadago. Oroitzen denean Jesus gureak gu gatik pairatu edo eraman zituen neke, izerdi, odolezko Pasio ta eriotzaz, damuz estutzen zaio Bihotza; ta ez daki zer egin artara zuten gure bekatu gaixtoak desegitea gatik. Erasotzen dio bere buruari ta ez dio barkatzen Jesusen kontra egin duen gaixtakeririk. Egin dituenak gatik, eta berririk ez dagien, jana ta edana urri ta kontuz ematen diozka; ta nekez ta mortifikazioz beterik edo hildurazo-mendean darabil bere gorputza.

        12. Onela bizi dira Jesus maitatzen ta egiazko birtutea dutenak. Onelakoa da Jesus maiteak erakusten duen birtutea. Ez da, askok uste duten bezala, arpegi aserre illuna birtutearen arpegia. Ez dutenak ere, nai-ta-ez ongi nai diote birtuteari: onesgarria da alabaña. Ez du onesgarri hau galtzen, haren jabeak utsegite txar edo falta zenbaitekin zikindu dezan artean. Hitz egin bezate nai dutenak utsegite ta falta orien kontra; baña birtutearen kontra ez du iñork zer hitzik atera; bada berez birtutea beti da maitagarria.

        13. Birtutearen jabetzea nekezko lana da: baña, gogotik artzen ez dutenentzat baizik, ez lan gogorra. Birtuteaz jabetu ziran Santuak noiz nai esan oi zuten munduko atsegin guziak gatik emain etzutela hordu laurden bateko birtutearen atsegiña. Lan ta nekerik gogorrenetan arkitzen ziranean ere, izan oi zuten barreneko ez dakit zer atsegin; ondoren beintzat bazuten; ta anbat andiagoa, zenbat estutasun andiagoan ekusi zuten beren burua. Orregatik onelako neke ta lanen igesi ibilli ez ezen, berriak eskatu oi zituzten ta andiagoak. Siñisten ez duenak ar beza egiazko birtutearen bidea, ta ikusiko du zer gertatzen zaion.

        14. Baña artzen badezu birtutearen bide hau, etzaitezela, erdira zaitezeneko, nekatu ta geldi. Bide hau artu duten asko esan dugun bezalako atsegin ta gustorik gabe bizi oi dira. Zer gatik uste dezu? Zeren nagiak diran, ta dabilzan epel ta erdizka bezala. Asitzen diranean bero dira, ta gelditu behar ez dutela dirudie akabatu artean; dirudie atseden gabe igoko dirala birtutearen mendiko erpiñeraño: baña nekatzen dira laster; itzulzen dituzte begiak utzi dituzten azpiko edo lurreko atsegin ta gauza txarretara; artzen dituzte, beera jaitsirik, guziak ezpad-ere, zenbait: abiatzen dira berriz birtutearen aldapara: badoaz zearka mendi gañera: baña erdira baño len nekatzen dira berriz ere; beera berriz begiak; begien ondotik gogoa; gogoarekin batean oñak; eta azkenean, len bezala, lurreko gauza txarren artean arkitzen dira, iraun balue, bidearen azkenean arkituko ziranak. Onela birtutearen mendiko egalean gelditzen diranak ez dute ezpañez ere ukitzen, gañean baizik arkitzen ez den atsegin ta kontenturik. Igotzen balira gañeraño, izain lukee hara artean gelditu etziran birtutezkoak izandu zuten atsegin ta kontentu guzia.

        15. Guti dirala uste dezu, birtutearen bidea artua gatik, birtutearen atsegin ta gustoetatik bat ere artzen ez dutenak? Ez bada, esaten dizu S. Franzisko Sales-ek: geienak dira. Geienak nai dute beren gogarako ta beren moduko birtutea; ta onen ondoan dabilzaño, galtzen dute egiazkoa. Berez illun edo tristea denak uste du ez dela birtuterik eremuan ta bakartasunean baizik, eta arpegi argi edo humore ona duenak ezin dukeala birtuterik. Anitzek uste dute baruak ateratzea ta gorputza zilizioz edo edozein bidez hilduratzea dela egiazko birtutea. Mezak enzutera, zenbait hitzezko otoitz edo orazio esatera, edo maiz konfesatzera egiñak daudenak birtute andikoak dirala deritzate. Baña oriek guziak eta beste gorputzez egiñ oi diranak birtutetik datozkean edo birtuteen bidean lagun dezakeen gauzak dira; ez dira birtutea.

        16. Birtutea, lenbizian erakutsi den bezala, barreneko gauza da. Birtutea da makurrak zuzendu nai bat, gure naiai uko egin ta Jainkoak nai duena egitea. Birtutea da geren buruai gaitz-iriztea, ta Jainkoa bera, dena gatik, eta Jainkoa gatik gure lagunak eta urkoak maitatzea. Birtutearen mendi gañera igoko denak utzi behar du bere antustea, ta bere guzien gañean ibilli naia; ukatu behar diotza bere ekarrai edo natural gaixtoari, eskatzen diozkan izakari txatarrak, eta ez du uzkur geratu behar Jainkoari dagozkan gauzetan: eta egiten dituen gauza onak egin behar ditu Jainkoaren naia edo borondatea egitea gatik, eta beraren izenean. Hau da, Jainkoak eskatzen duen bezala, bere gogoa autsi ta gurutzearekin Jesusen ondotik birtutearen bidean barrena Zerura igotzea. Hau da Jainkoaren uztarrian lepoa sartzea; ta hau da egiazko birtutea.

        17. «Jauna, Jauna deitzen dioten guziak ez dira, dio Jesus onak, Zeruan sartuko: Zeruan sartuko dira Zeruan dagoen nere Aitak nai duena egiten dutenak. Anitz eta askok, dio berriz, errain didate: Jauna, ez ditugu zure izenean etorkizunak agertu? Ez ditugu bidaldu zeduzkaten gorpuzetatik gaizkigiñak eta Infernuko etsaiak? Egin ez ditugu zure izenean Jainkoaren eskua zuenak baizik ezin egin zitzakean gauzak? Eta orregatik ere, "ken ortik" eranzunen diet nik: ken zaitezte ortik; etzaituzten ezagutzen». Nola obeki adirazi zezakean ez dagoela birtutea, begiz ekusten diran gauzetan; ta, andienak diruditenak ere ez dirala ezertako, barren onaren mentikak ezpadira, ta ezpadatoz barrengo ta egiazko birtutetik?

        18. Ezertan batek bere burua ez idukitzea; gogo gaixtoak eskatzen dion gauzarik ez egitea; ta egitea Jainkoak nai duen guzia da ziñezko ta egiazko birtutea. Hiru gauza oitatik edozein ezpadu, egiña gatik Gizonak egin ditzakean gauzarik arrigarrienak, ez du birtuterik. Birtutez beteak egoteko, ez dugu zer gauza andien ondoan ibilli; asko da den txarrena egitea, ori nai badu Jainkoak egin dezagun.

        19. Biz bada gaurgero zure egiteko guzia zu gandik Jaunak zer nai duen ikastea, ta nai duela ezagutzen dezun guzia egitea. Ez dezazula bat ere egin gabe utzi. Asko zor diozu; agitz maite zaitu; eman dizu dezun ta galdu dezun guzia; ta zuri emateko dago eskatzen diozuna. Ez hau gogotik utzi; ta, eroa ezpazera, etzara Jainkoarekin labur ibilliko. Eskatzen dizun gauzaren bat egiteko arkitzen zeranean, ekarzu gogora zenbat nekerekin irabazi zuen eman dizuna ta emateko dagoena; ta, amorez ezpada, lotsaz bad-ere egiñen dezu. Begira; zuk Jainkoa gatik egin dezakezun guzia, Jainkoak zu gatik egin duenaren aldean, ezin ager ditekean aurkeria da.

        20. Ez da orregatik zer izitu: badaki Jesus maiteak noraño luzatzen diran gure besoak: al egiñak guk egin ezkero, ezer egin eza gatik, etzaiku aserretuko; ta, aserretu lekuan, gure alde egoin da behar dugun guzirako. Egin ala egiten duen humearekin, maite duen Gurasoa, ez da aserretzen guti egin duelako damuarekin ekusten duenean; hitz onakin laguntzen dio, ta arintzen, astun dadukan bihotza. Gurasorik onenak humeari nai dion baño, anitz eta asko geiago nai digu Jesus maiteak. Egin ala baizik ez digu eskatzen: ori egin ezkero, ongi artuko gaitu. Ezin gaudezke beti batean emen gauden artean: berak nai duena egitea gatik ekusten bagaitu nekatuak, lagunduko digu, bere burua ez agertua gatik; eta emain dio illun dagoen gure bihotzari behar duen atsegin ta argia.

        21. Bide hau artu ez dutenak edo onetan arrastaka dabilzanak ez dute Jesusen esku-emate ta Zeruko atsegin andien berririk: ez dakite maite dutenentzat zein ona den Jesus: Quàm bonus est Deus diligentibus se! Ez dira saiatzen birtuterako behar den guzia egitera: egiten dituzte gogoak ematen diezten zenbait gauza: zenbait egunez ez dirudite diranak; ez dira aserretzen edozein gauza gertatua gatik; gauza onetan daramate egun guzia; ta, Jainkoaren gauzak baizik aditu nai ez dituzte: baña laster artzen dute leneko pausoa; bideak eman ezkero, ez dakite ukatzen beren buruari eman oi dioten atsegin edo gauzarik; begiak zabalduak darabilzate beti, al dutena ekusteko; ez dira arkitzen, ezpada berriketan edo jolasean; ezer ez bat asko dute barren guzia erretzen zaiela gelditzeko; ta zer gertatzen zaien ikasi gabe gelditu oi dira azkenean.

        22. Onela bizi diranak, egiña gatik egin oi diran zenbait gauz on, ez dute birtutearen biderik, edo birtutearen mendiko egalean inguruka dabilza. Badute birtutearen azala edo larrua; baña larru ta azal utsa. Orrela bizi diraño, esan dezakee bere Bihotzeko amore andia gatik maite dutela Jesus: esan dezakee damuz betetzen zaiela barren guzia, bekatuen arantzaz inguratua ekusten dutenean Jesusen Bihotza; baña orien maitetasun ta damuak atsegin guti emain dioe estu arkitzen den Jesusen Bihotzari. Egiten duten baño geiago egin beharko dute, izain badute Jesus gogotik maitatzeko behar den birtutea.

 

 

§. IX.

JESUS MAITATZEAK
DAKARTZIEN ONDASUNAK

 

        1. Jesusen Bihotzeko nai edo amoreari eranzutetik atera oi den ondasunik andiena da Jesus berak ekarri zuena dirudien bizitza egitea. Moldaturik uzten badezu zere bihotza ta Jesusen Bihotzaren iduri ta antzarekin; maitatzen badezu haren Bihotzak maite zuena; egiten badezu, egin alean, Jesus onak nai duena, berak bere Aitak nai zuena egin zuen bezala: kanpotik egiten dituzun gauzak badira Jesusek egin zituenen idurikoak, maite dezula Jesus adirazten dezu; ta arkitzen zara Jesusen Bihotzaren deboziotik ateratzen den ondasun andiarekin.

        2. Jesusek du Bihotz beratx, humilla. Jainkoaren Bihotz eder hau beti zegoen prest bere Aitak agintzen zion eta nai zuen guzia egiteko; bizi guzian egondu zen Jesusen Bihotza gure oben ta txarkerien aranzaz pitsatua; ta ala ere, Pasioko nekeak eta gurutzeko eriotza zetozkion naiez ta egarriz. Uzten badezu zere bihotzaren gogortasuna ta burua goratu naia; arkitzen bazera prest agintzen zaitzun ta Jainkoak nai duena egiteko; maite badezu gurutzea; edo zu gatik anbat nekatu zen Jesusen izenean artzen badituzu gogo gaixtoak nai ez litukean neke-izerdiak, maitetasunak dakarren elkarren iduri ta antzarekin daude zure ta Jesusen Bihotza.

        3. Jesusek bezala, bihotz bera humilla du Jesus ona maitatzen duenak. Jesus mundura baño len, onen berria zuten Profetak esaten zituzten ta banatzen haren egokiak; eta lenbiziko lekuan, zioten, izain zuela Jesusek Bihotz bera, ixil-humilla. Lege zarreko guzietatik Moises ta Dabid izandu ziran Jesusen antza ta irudi geienekoak: eta biak ziran humiltasun ta mansotasunik andiena zutenak: bada Moises gatik dio Eskriturak etzela arkitzen hura baño gizon beratx eta mansoagorik: Vir mitissimus super omnes, qui morabantur in terra: eta Dabidek Jainkoa gandik zerbait nai edo uste zuenean, bere beratxtasuna agertzen zion: Memento, Domine, David, & omnis mansuetidinis ejus. Jesusek berak esaten digu ikas dezagula haren Bihotzeko beratxtasun ta humiltasuna; oriek dirala nolakoa den ongiena adirazten duten birtuteak: discite à me, quia mitis sum, & humilis corde.

        4. Jesus maitatzeko, izan behar dezu norgana nai bihotz onekoa: bestela ez da izain zure bihotza Jesusen Bihotza bezalakoa; ta, elkarren gisako bihotzak ez dituztenak ez dute maitatzen elkar. Bihotz onbera duenak fite birtuteak beretuko ditu. Orretara bihotza ekartzeko, nai etzenitukean gauz anitz eraman beharko dituzu, Jainkoaren izenean eramanaz, oituko zara gaizkiak asaldatu gabe aditzera, bidegabeak ixillik ekustera eta txarkeriai, txarkeriekin ez, baizik al dezun ongiarekin erantzutera. Onelako aldietan arpegi aserre, kopet illun eta begi urduri-zorrotzekin gelditzen diranak ez dute oraindik Jesusen onetsiak duten bihotz beratx-humilla.

        5. Zertarako nai dago Jesus maite duena. Etzenuke zuk maite zaituztela siñistuko, hori diotenak egin nai ezpalute zuk nai zenukean gauzarik. Adiskide mamiak eta maite diranen bihotzak bihotz bat bezala dira: batak nai duena nai du besteak; eta ezpadu nai, ez da bat harekin, ez eta adiskide ere. Maite gaitu gu Jesus maitagarriak; guk hura maite badugu, behar dugu nai hark nai duena. Jesus bat da maite duen bere Aitarekin; ta orregatik nai du Aitak nai duen guzia; naiez izain lizake bat Aitarekin, ta ez nai ezpalu, ez izain lizake bat Aitarekin ta ez Aita maitatuko luke. Maite badezu Jesus, bihotzez biok bat izan behar dezue; eta biok bat izateko, nai beharko dezu beti Jesus onak nai duena. Jesus maite duenak aisa uzten ditu lurreko naikundeak; eta naikunde txar oiek utzi dituenak ez du nai Jainkoak nai duena besterik. Geroz agin dakiola den gauzarik gogorrena; al badu, ez du egin gabe utziko. Jainkoak nai duela ikasi ezkero, anbat zaio egitea gauza bat nola bestea. Gerta bekio edozein gauza, nola dakien guzia gertatzen zaiola Jesusen naiez, onzat artzen du. Gertatzen zaio beti nai duena; bada beti nai du Jainkoak nai duena; ta onek nai duena baizik gertatzen etzaio.

        6. Lekuren bat, egitekoren bat edo beste edozein gauza zere aukeraz gogoan sarturik badadukazu, ez dezu naiko Jainkoak nai duen guzia; zuk nai dezun egiteko, gauz edo leku hori izain da, beintzat zure Jainko erdia, edo zure bigarren Nagusia; ta ezin egin diteke, dio Kristo Jaunak, Nagusi onek eta Jainkoak agintzen dutena. Ziñez Jesus maitatzeko, galdu behar da beste gauzetarako jaiera ta amodioa; Jesus amatzen duenak Jesusen eskutik datorrenaren begira egon behar du. Gauza guziak utzi artean Jesusen eskuetan, ez dezu izain atsegiñ osorik. Ezta hori lenbiziko ta bigarren seiatu aldian egin oi den gauza: baña egin ditekeana da; ta egiten dutenak arkitzen dute munduko ondasunak eta atsegiñak baño geiago balio duen atsegin ta ondasun bat. Zori onekoak orretaratzen diranak.

        7. Jesus maite dutenak gogoan dute beti Jesusen nekezko bizia. Irakurtzen dituzte ta ekusten ongi haren egikari santuak. Beren eginkizun guzia egiten dute, al egiñean, Jesusek egin zuena bezala. Oneta[ra]ko begiratu behar zaio maiz Jesus maitagarriari. Maiz Jesusi begiratze hau ondasunak ugari dakartzien begiratzea da. Ezagutu ezkero anbat zor zaion Jesusek ezin ekusi dituela bera maitatzea eragozten diguten lurreko gauzak, seiatu behar dugu guziak uztera, izan nai ezpadugu esker gabe txar gaixtoak.

        8. Jesus maite duenak Jesusek egin zituenen gisara bere gauzak egiten ditu, ta hark maitatu zuen gurutzea maitatzen du. Maite diranak, agertzearekin elkarri barreneko estutasun ta nekeak, nekatzen dira ta estutzen. Ezin ekusi du Adiskideak damuz ta illuntasunez beterik dagoen bere adiskidea, illuntasuna ta damua bere bihotzera gabe. Jesus maite duenak neketan itoa bezala ekusiko du Jesusen Bihotza; baña itoa, berak nai dituen nekeetan. Ekuste onek emain dio bihotzeko estutasun ta damua; ta aski da Jesus neke ta gurutze naiez dagoela ekustea, berak ere nai izateko gurutzea ta nekea.

        9. Usteko duzu onelako Jesusen Adiskide eta onesle guti arkitzen dirala munduan. Besterik iduriko leki[ke]zu, bazeneki nola bizi diran zu ez besteak, edo bazeneki zein asko ta anitz diran atsegin ta gustoz beteak daudenak, zu izutzen zaituzten neke-gurutzeen artean. Nekerik ez izatea eriotza baño gauza gogorragoa zeritzan Santa Theresak. Santa Magdalena Pazisek eriotzean izan uste zuen gauzarik gogorrena zen, eriotzarekin batean, Jainkoa gatik nekatzeak ematen zion atsegin ta gustoa galtzea. «Jesus gogo guzia gurutzean dadukana ekusteak egiten dit, zion beraren maitatzalle batek, gurutzea guztiz maitagarri; ta deritzat, gurutze gabe, ezin izan naitekeala dohatsua, zori onekoa edo ditxaz betea. Ez dut nai Jesus maitatzea beste atsegiñik eta gustorik, bizi nazan artean». Arkitzen ez dutenak atsegin ta gustorik daramazten gurutze-nekeetan ez dute maite andiagoak eraman zituen Jesus.

        10. Gurutze ta nekeen igesi dabilzanetatik zenbaitek uste dute atsegin geiago artuko duela Jainkoak, haren izenean ta lagunak gatik egiten badituzte, berenak utzi, ta beste zenbait gauza; baña ohartzen ez dira egiten dituztela ez Jainkoa gatik, baizik beren buruari geiegi naiez. Jesus maitatzeko, egin behar dugu, ez gogoak ematen diguna, baizik hark egin zuena ta erakusten diguna. Jesus maite duenak maitatu behar du hark maitatu zuen gurutzea. Maiteago izain du gurutzea geiago Jesus maitatzen duenak.

        11. Bada oraindik Jesus maitatzen delako beste señale bat ere. Hau da, Jesusen gauza guziai, Jainkoarenai bezala, nai ta estimazio andi batekin begiratzea. Jesus maite dutenai, ekusi orduko beraren edozein imajiña, lasterka ta egaka doakie bihotza hura maitatzera ta haren neke ta Bihotzeko estutasunaren damu andi bat artzera. Jesus erran orduko, eztiz beteak bezala gelditzen zaizte ezpañak eta bihotza.

        12. Jesus maite dutenak Jesus ekusten dutela derizte, beharrean edozein ekus dezateneko; zeren dakiten haren izenean dabiltzala, eta egiten zaien ongia berari egiña bezala dela. Emen Gizon andiai atsegin egitea gatik halakoen etxean bizi diranai nork-nai egiten die begitarte ta agur. Beharrean daudenak eta eskean dabilzanak Jesusen etxekoak dira: orregatik zor zaie begitarte ona ta eman dakikeena.

        13. Jesus maite dutenak ez dira beharrean daudenai al dutena eman ta begitarte ona egiña gatik asetzen; askotan egiten die Jesus berari egiñen likeena. Andiak eta Erregeak izana gatik, badakite beharrean daudenen ta eskean dabilzanen maiera artu behar duten janaria ta edaria eramaten; badakite beharsu gaixoen oñak garbitzen ta oriei, loiez beterik egona gatik, muñ egiten. Nork ez daki hori guzia egiten dutela beharsuen Jabe ta nagusi den Jesus maitea gatik eta zeren asko nai dioten Jesusi?

        14. Zein maite duen Jesus ezagutu nai duenak ekustea baizik ez du behar nola arkitzen den agertu ditugun lau gauzetan. Zenbat andiagoa den egur pillako sua, anbat luzeago da Zerura bidaltzen duen kea ta garra. Zenbat andiagoa zure bihotzeko Jesusen amorearen sua, anbat usuago egiñak, obeak eta andiagoak zure su orrek eragiñen dituen gauzak. Su andi onekin arkitzen diranak ekusten ez dute lurrean maita ditekeala derizten gauzarik. Itsusia iduritzen zaie lurreko edertasunik andiena Zeruko edertasunen aldean. Nondik lurra utziko duten dabiltza gogo guzia Zeruan dadukatenak. Zeruko suak urtuaz darama onelakoen gorputza; ta amorez zoratuak bezala dabiltza maite duten Jainkoaren ondoan. Jan edanak, egon-ibilze ta dituzten egitekoak ez dira aski onelakoai sarturik dadukaten Jainkoa gogotik kentzeko. Non-nai ta beti dabiltza nola maitatuko duten ta egiñen bere Jainko maiteak nai duena.

        15. Egia da onara baño len igaro behar dirala asko lan ta neke; askotan autsi behar du nork bere gogoa Jaunarena egitea gatik: garbitu behar du bihotza; ta utzi behar ditu Jesus maitatzea kenzen dioten gauza guziak. Gañ onetara igan nai duenak ar beza erakutsi zaion Jesusen Bihotz maitearen debozioko bidea. Bide onetako gogortasunak leuntzen ditu nai duenari laguntzeko dagoen Jesusen graziak. Aldapan igatean erortzen bazaio infernuko odei belza, tentazioaren ura, garra ta sua dariola, zabaldua arkituko du igan artean barrenean gordeko duen Jesusen Bihotza.

 

aurrekoa hurrengoa