www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen Bihotzaren Debozioa
Sebastian Mendiburu
1747, 1751

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea.

Iturria: Jesusen Bihotzaren devocioa, Sebastian Mendiburu. Pedro Joseph Ezquerro, 1751

 

 

aurrekoa hurrengoa

LENBIZIKO BURUA

 

Zer den, ta zeiñ ona Jesusen Bihotzaren debozioa.

 

 

§. I.

ADITZERA EMATEN DA
ZER GAUZA DEN DEBOZIOA

 

        1. Jakin gabez zer den debozioa, anitz arkitzen dira, birtutez beterik Zeruan sarzeko daudela uste dutenean, bekatuaren loihean sartuak. Ezta debozioa, debozioa dela anitzek uste dutena. Zenbaitek uste dute debozioa dela noizean beiñ barutzea. Anitzen ustea da, bere orduetan ezpada, ezer ez arzea, eta orduan ere jan-edanean labur gelditzea debozio andia dela. Maiz konfesatzen diranak, egunean Meza bat entzuten dutenak, zenbait hitzezko otoitz edo orazio erran oi dituztenak edo egunoroko Errosarioa uzten ez dutenak, debozioz urtzen daudela uste dute. Orobat uste du marabedi zenbait, bizi deño edo ill ondoan, beharrean dagoenari ematen diozkanak.

        2. Onelako gauzak egiten dituztenak arki ditezke debozioz beterik eta bizitza on batean sartuak, baita bizitza gaixtoan ere, ta deboziorik gabe; bada debozioaren estalki ta azalak dira, askotan, onak diruditen gauzak; eta azal ta estalki utsak badira, Zerurako ez dira onak edo ez dira Zeruan sartuko diran gauzetatik.

        3. Barren beroa edo aserrea dadukanaren baruak birtutearen estalki edo azalak dira; baña azal edo estalki utsak. Lagunaren bizitza ta lanak hitzez ta murmurazioz zikintzen ari denaren jan-edan laburrak iduri oneko gauzak dira, baña debozio garbiarekin ekustekorik ez duten gauzak. Diran Ave Mari, Meza enzute ta konfesioak, bihotz zikiñean arkitzen diran konfesio, Meza ta Ave Mariak dira, utzi artean bekatuak eta bekatuaren bideak. Nai adiña gauz on zuk egiña gatik, oharturik bizi ezpazera oroitzapen lizunen, begiratze arin, behar eztiran sartu-ateratze, danza, jostatze ta onelako gauzen artean, bekatuaren katez lotua dadukazu bihotza, edo kate horien billa zabiltza. Zer nai emana gatik beharrean dagoenari, ematen ezpadiozu berea bakoitzari, ta Jainkoari zor diozun amorea, bizi beharko dezu beti, dezun debozioa gatik, erre ta urraturik Infernuaren erdian.

        4. Ezta, bada, ez, behar den debozioa itxura edo arpegi oneko edozein gauza egitea. Arpegiko larru edo prinz ederra erakusten duten anitzek barren ustel edo galdua iduki oi dute; ta debotoak diruditen edo iduri oneko gauzak egiten dituzten zenbait, deboziorik ez duen bihotzarekin arkitzen dira; ta Ebanjelioko Fariseoa bezain utsak.

        5. Sartu zen beiñ ausardi andiarekin Elizan Fariseoa; ta asi zen Jainkoari esaten: «eskerrak zuri, nere Jaun ta Jabe andia; bada ez naz ni beste asko ta bazter artan dagoen gizon hura bezalakoa: ez dut nik seigarren mandamentua urratzen; ez diot niori berea kenzen; ta ez dut zuzen ez dabillen gauzarik egiten: egiten ditut, behar bezala, nere amarrenak, eta bitan barutzen naz haste-oro». Debototzat zedukan bere burua, baña deboziorik gabeko gizatzar, arro bat zen Fariseoa. Aski zela uste zuen, deboto ta Jainkoaren adiskide izateko, seigarren mandamentuaren kontrako loihetik urrun ibiltzea, nori berea uztea, amarrenak egitea ta barutzea; baña bere baru-amarren, bere garbiro ta niori gaitzik egin gabe bizitzeak, etzuten bere antuste ta soberbiatik atera. Bere debozio guziarekin galdu zen azkenean, zeren haren debozio guzia debozio-azala zen.

        6. Hura bezala galdu ez ditezen gauz onak egiten dituztenak eta Jesusen Bihotzaren debozioa artu duten edo artzeko daudenak, adirazi nai diet zer den egiazko debozioa. Egiazko debozioa da Jainkoak nai duena egiteko ziñezko gogoarekin bizitzea. Ala diote Santu ta Doktore debozioaren gañean hitz egiten dutenak.

        7. Bi gauza eskatzen ditu egiazko debozioak: lenbizikoa, bihotzaren garbitasuna; bigarrena, gauz onak gogotik eta maiz egitea, edo egin behar diraneko prest egotea.

        8. Egiazko debozioa duenak behar du barren edo bihotz garbia: Bihotza bekatuz zikindua dadukanak ezin iduki dezake, Jainkoak nai duen guzia egiteko, benazko edo ziñezko gogoa; bada onelako gogoa duenak ez daduka Jainkoa aserre; ta aserre daduka bekatutik atera gabe bizi denak. Behar du, bada, lenbiziko lekuan, deboto izateko, bekatu mortalik gabe egon; ta egon behar du bekatu berrien bide edo okasiotik iges egiteko asmoan.

        9. Bekaturik gabe arkitzea zu ez da aski, deboto izateko; bada bekaturik gabe arkitzen da bataiaturik dagoen aurra; baita, bizitza gaixto baten buruan ongi konfesatu dena, ta gauza onetarako alfer-nagi arkitzen den edozein ere; ta ez hau, ta ez aur hura dira debotoak; bada onek eztu gauza onik egiten; ta hark, egiten badu zerbait, egiten du neke andiarekin; ta, debozioa duenak, egiten ditu gauza onak maiz eta orrenbat neke gabe.

        10. Ez dut orregatik erran nai deboto denak egiten dituela gauza guziak gogotik eta nekerik gabe; ez; nori nai adiña kostatzen zaio, zenbait aldiz beintzat, deboto denari hau edo hura edo gauzaren batzuek egitea. Baña onen ta bizitza gaixto baten ondoan, Jainkoa gana itzuli den, edo modu erdi otz erdi epel batean bizi denaren artean arkitzen da, ollo ta miruaren artean arkitzen den diferenzia.

        11. Olloa ezin bestez egatzen da; ta egatzen denean ere, bereala nekatzen da, ta lurrera dator: baña mirua geienean egaan dabill, ta aizez aize. Olloa, egaan asia gatik, guti goratzen da. Mirua, lurra uzten duenean, goratzen da Zeruaren edo aizearen erdiraño. Olloak, egaan dabilleño, erabilliz, urratu nai dituela dirudi dituen luma ta ezurrak; eta soñuz urratzen ditu bazterrak. Miruari joan oi zaizka aize gañean ordu osoak, noizean bein luma bat edo berze baizik erabilli gabe; ta dirudi, neka ez dedin, aizeak artzen duela bere besoetan, ta daramala nai duen alde ta bazterretara. Egia da ez dela beti onen aisa ibilzen egaan edo egaka Mirua ere; bada aize gogor edo biziren bat urratu behar duenean nai duen lekura joateko, ongi nekatzen da. Onelako aldietan aizeak zenbait bider garaitzen du mirua; ta azkenean, ezpada beiñ saieska edo zearka, beiñ inguruka, ta beti lepoa ulzatuz, ta dituen luma ta gorputz guziarekin al egiña aizearen kontra egiñez, ez da nai duen lekuratzen.

        12. Orobat gertatzen zaie graziaren Zeruan edo aizean dabiltzanei; batzuek nekez goratzen dira lurretik, eta laster edo fite lurreratzen dira; goratzen diranetan agitz nekatzen dira; ta gelditzen dira lanerako gogorik gabe. Nekatzen diranetan, ez dira bakarrik nekatzen; nekatzen dituzte dituzten lagunak. Beste batzuek maiz uzten dute, edo sarritan lurra; ta dirudi ez dutela onik non ta Zeruan ez dabilzan; ta dabilzan geienetan, ezpalebilza bezain aisa ta erraz ibilli oi dira; baña ez beti; bada badituzte oek ere noizean beiñ beren neke-lanak.

        13. Erran dezagun, nork nai adi dezakean bezala. Meza bat entzuteak, Errosario batek, baruak edo konfesioak asko nekatzen ditu batzuek. Orietatik edozeiñ egiten dutenean, arkitzen dira egur igar bat bezaiñ idorrak edo leorrak; eta gelditzen dira orrelako gauzarik egiteko gogorik gabe. Egiten badituzte, berriz, izaten da ezin bestez ta debozioaren intzik bihotzean ez dutela; edo egiten dituzte erranaren utsez, ta konfesoreari edo norbaiti burua autsi ezkero.

        14. Badira ongi bizi diranetatik zenbait, kasi nekerik gabe, orrelako ta beste gauz anitz egiten dituztenak; gauz onetarako jaioak diruditenak; orietan daudenean baizik onik ez dutela diruditenak; eta beren atsegin ta gusto guzia birtutean arkitzen dutenak. Onelakoak egiten dute deboziozko bizitza. Baña izan oi dituzte oek ere beren aldiak eta ordu illunak; eta askotan nola ez dakitela. Batzuetan gordetzen zaie Jainkoa, ta gelditzen dira gauza onerako batere gogorik gabe; ta, egiten dutenean bortxaz gauzaren bat, gelditzen zaie bihotza igartua bezala. Ez da hau daramaten nekerik andiena; andiagoa da, ekusi oi duten bezala, beren bihotza ekustea asmo ta tentazio gaixtoz betea. Orduan daude, Jainkoak bere eskutik utzi ta etsaiak garaitu dituelako beldur andi batekin; ta, edozein gauz on egiña gatik, ez dute arkitzen negar ta nekea baizik; eta ura egitean, aitzen zaizte dituzten indarrak.

        14. Baña zori oneko nekea da onelako nekea. Zenbat geiago nekatzen diran gauza onetan ongi bizi diranak, anbat geiago irabazten dute; ta dute debozio obea! Jainkoak graziaren eztian bustitzen dituenean, artu behar diran lan-nekeak nork nai artzen ditu gogotik; baña orduan Jainkoak egiten du geiena, ta ez guri orrenbat esker. Esker guri, bakarrik bezala uzten gaituenean nekearen azpian, ta bihotz eta barren guzia igartua bezala, ta graziaren ezti gutirekin dadukagula egiten ditugunean, egin behar ditugun gauzak.

        15. Emen lurrean ere edozeñek artzen ditu gogotik, eta egiten, Erregen etxeetako egiteko ohorezkoak edo andiak: baña Soldaduz beterik dagoen Erri bat artu edo su-gar-ezpaten artean sartu behar denean, ez da edozein sartzen gogotik; eta edozeñek ezagutzen du geiago irabazten duela Erregerekiko, bere biziaz etsirik, su-burnien artean ta perill andietan dabillenak, dabillenak baño guziak nai dituzten Palazioko egitekoetan. Atsegin ta gustoz beterik egiten dituenean batek Jainkoaren gauzak, egiten ditu nork-nai gogotik Errege andi baten etxeko egitekoak egiñen litukean bezala; orrelako atsegiñik bihotzean ez duela egiten dituena, etsaien artean dabil, neke andietan arkitzen da, ta egiten du bere Errege andiak geiago estimatzen duen gauza bat. Onek ez du, zenbaitek bezala, eztizko edo atsegin utsezko deboziorik; baña badu asko ta anitz irabazteko bidea ematen dion debozioa.

 

 

§. II.

ZER DEN
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOA

 

        1. Jesusen amore-nekeen izenean Jainkoak nai duena guk egitea, edo egiteko prest egotea da Jesusen Bihotzaren debozioa. Jakiteko zer den Jesus ona gatik egin behar duguna, lenik jakin behar da zenbat zor zaion Jesusi; bada zor onen alde da debozio onek erakusten duena.

        2. Jesusi zor diogu erran ala ta anitz geiago. Gu gatik egin zen gizon; il zen gu gatik; eta gu gatik dago Jesus Aldareko Sakramentuan. Ezin neurri ditekeana da Jesusek digun nai edo amorea; ta, onen andia ez izatera, ezin egin zezakean Jesusek gu gatik egin duenaren laurdenik ere.

        3. Gu gatik gizon egitea, gu gatik iltzea ta Aldarean gelditzea ez da bakarrik guk Jesusi zor dioguna. Aldarean ekusten dituen bidebage ta txarkeriak, gu gatik daramatzien gauzak dira. Aldarean Jesusek ekusten duen eskergabetasun oni damuz, ta digun ongi nai edo amoreari amorez erantzutea da beraren Bihotzaren debozioa, edo Jesusen izenean egin behar duguna.

        4. Ezagutzen ezpadezu edo ohartzen ezpazera nor den Jesus, ezin ezagutuko dezu zenbat amore zor diozun Jesusi, zenbat zu gatik eraman duen ta daraman orain ere. Jesus da Aita Eternoaren Semea; ta da, Aita bera bezala, Jainkoa; baña Jainko, zu galdu etzindezen, gizon egin zena. Bizi izandu zen ogei ta amairu urtez; ta beti neke-izerdiz betea. Ezta, bere biziko azken egunetan beintzat, egin etzitzaion txarkeririk, edo eraman etzuen nekerik. Lapur gaixto edo gaizkigille andi bat bailiz bezala erabilli zuten Jerusalenen etxez etxe edo Juezez Juez, eman zekion eriotz modu gogorren bat. Hau eman artean zenbat ille-tiraka, zenbat ostiko, zenbat bearrondoko edo masalleko etzituen Jesus onak artu? Askotan bete zioten listuz arpegia, aranzez urratu zioten burua, ta azotez gorputza. Zituen indarrak baño Gurutze andiago batekin atera zuten erritik Judu gogorrak. Hura ezin eramanez, jaiki-erori zebillela ekusirik, bidean ill zekien beldurrez, eman zioten lagun bat. Igan zen nol-ere-bait Galbarioko mendira. Han eman zituen bere azkeneko asnaseak: nola uste dezu? Lumazko koltxoien gañean ta olandazko maindireen artean? Bai; orretarako zeuden haren etsaiak. Ez, ez; ill zen Jesus Gurutzean iltzez josirik; eta iltzeak urratu zituzten bere esku-oñetatik odola zeriola.

        5. Zertako onenbat Jesusen neke? Zu ta ni sekulako neke ta sutik libre geldi gindezen. Zu ta ni biok sar gindezen neke oriekin irabazi zigun Zeruko glorian. Etzuen Jesusek gure beharrik; gure onaren billa zebillen, egin zuen ta zeraman guzian. Ongi nai zigun, ta guri ongi naiez egin zen Gizon, ta eraman zituen ekusten dituzun neke gogorrak. Ezagutzen dezu orain zein andia den Jesusi zor diozun amorea? Baña adizazu oraindik.

        6. Bazekien Jesusek, bere nekezko eriotzarekin Zerua guri irabazi ondoan, gurekin gelditzen bazen, ekusi beharko zituela nai etzituen anitz gauza. Bazekien Hereje gaixtoak itsatsiko zerizkala, aldarera iganik, zakur amurratuak bezala. Bazekien, erreko zituztela hostia santuak, josiko zituztela ezpata puntaz ta iltzez, sartuko zituztela irakiten zegoen urean ta emain zieztela zaldaletzat beren zaldiai, baita ezin esan ditekeen bezain gauza zikiñetan nastuko zituztela ere.

        7. Bazekien Jesusek Hereje ez diranak ere milla ta milletan zikinduko zutela beren sakrilejio gaixtoekin komunioko Maia. Bazekien geienak ezin bestez sartuko zirala Elizan. Bazekien, Elizan sartzen ziranetan ere, han ezpalego adiña kaso egiñen zutela Sakramentuan dagoen Jesusez. Bazekien an izain zituztela behar eztiran berriketa ta bazterretara begira egoteak; eta, non zeuden oartua gatik, egoin zirala Jauna ganako oztasun andi batekin, ta geldituko zirala fite gogoa andik urruti zedukatela. Bazekizkien, gauz oiek ez ezik, gurekin gelditu ezkeroz ekusi beharko zituen txarkeri ta laburtasun guziak; ta ala ere nai izandu zuen gelditu azken Juizioko eguneraño.

        8. Zergatik uste duzu? Zeren geiegi nai digun ta maiteegi gaituen. Beinik-bein gelditu da Jesus gure zai bezala, ta guri eskua ematea gatik geren behar ta estutasun guzietan. Gure zorren alde agertzen zaio egunoro bere Aitari; ta agertzen zaio egunean zenbat Meza mundu guzian ematen diran, anbat aldiz. Agertzen zaion guzietan ari da gu ganako duen aserrea edo oztasuna kenzen.

        9. Aldarean gelditu da Jesus, onetarako ez ezik, gure animen janari ta indar izateko. Bazter guziak betetzen dituen Jainkoa da Jesus; baña Jainko, indarrak guri ematera etorzea gatik, bokadu batean bilzen dena. Bokadu egiñik Elizan dago Jesus gau ta egun, noiz agertuko garan, gure begira; ta artean ekusten ditu erran ditugun hiroi edo irain, injuria arrigarri, bidegabe ta txarkeriak. Guzia gatik ere, gure amorez urtzen dago beti.

        10. Ekusten dezu orain zenbat zor diozun Jesus onari? Ah zein gaizki eranzuten diogun digun amoreari! Gure amorez beterik beti Jesus; ta geienean Jesusez oroitu ere gabe gu! Gure billa, gure deiez Aldarean Jesus; ta Jesusen igesi bezala gu! Hume onak bezala arganatzen diranak ondasunez betetzen Jesus! ta arganatzen diran geienak, esker gabeko hume gaixtoak bezala, otztasunez beterik errespetua galtzera, edo egiten dituzten sakrilejio belz, itsusi-lizunekin Eliza ta Aldarea zikinduak uztera!

        11. Adimentu gabekoa behar du batek izan ez maitatzeko, onenbat bera maitatu duen Jesus. Arrizkoa da gure bihotza damuz beterik gelditzen ezpagara, Jesusek gu gatik ekusi dituen gauzak ekusi ezkero. Adimentu gabeko ta bihotz gogordunetatik ezpazera zu, edo zu bazera maite gaituen Jesus maitatzen dutenetatik, eta damutzen bazaitzu, nekez len, ta gero txarkeriz ta sakrilejioz betea Jesus ekusteaz, Jesusen Biotzaren debozioarekin arkitzen zera: [bada] Jesusek ekusi duenari damuz, ta digun amoreari amorez eranzutea da Jesusen Bihotzaren debozioa.

        12. Jesusen izenean egiten dituzun gauzetan ageriko da zure arganako debozioa, edo zure damua ta amorea. Bat maite duenak egiten du, hari atsegin egitea gatik, al duena; eta hura neketan ekusten badu, kentzen dio al egiñean edo arintzen dio bere nekea. Ongi bizi diran ta elizan maiz billatzen dutenak dira Jesusen nekeen arinzalleak: orregatik oriekin ditu Jesusek bere atsegin ta gustoak: deliciae mea esse cum filijs hominum. Ezpadakizu, Jesusen nekeak dira, lenen gañ, maiz ekustera loazkeenak agertu gabez, Elizan daraman bakartasuna, ta joaten diranen moteltasun ta baldankeria; bada zenbait, nekez ta bakan baizik, ez dira Elizaratzen; ta Elizaratzen diranak, edo hitz bat Jesusi esan gabe Elizatik ateratzen dira, edo hitz egiten diote, bazterretara begira daudela, gogoa berzetan dadukatela, ta zer ari diran ez dakitela. Onelako nekeak neke andiak dire; ta, guziak baño andiagoa da Aldarean ekusten dituen bidegabe, komunio gaixto ta sakrilejioak dakartena. Bada Jesus maite duenak eztu aldegin behar Jesusen ondotik Jesusekin dagokean orduan; ta arekin dagoenean, egon behar du, maitatzen ez dutenak ez bezala, edo ark ekusten dituen txarkeri ta sakrilejioen damuz beterik. Ori da Jesusen nekeak arinzea, ori Jesus maitatzea.

        13. Damu ta maitatze onekin arkitzen diranak artzen dute maiz Jaun andia; ta, hura artzeko, garbitzen dituzte, alik ongiena, beren bihotzak konfesioko iturrian. Berekin dadukaten Jesusi eskatzen diote barka ditzala orduraño berak eta gañerakoak egin dituzten komunio gaixto ta txarkeri guziak; eta ar dezala guzien alde, alik ongiena egin duten aldi artako komunioa. Ematen diozkate eman al adiña esker, beti zor izandu dioten ta Aldarean erakusten digun amore andia gatik.

        14. Jesus maite dutenak sarri dijoaz, beren ta handik igesi dabiltzanen izenean, Jesus Elizan ekustera. Nai lituzkee orduan munduan diran guzien bihotzak; guziekin Jesusi agur egiteko, edo adoratu ta maitatzeko. Egiten du nork berearekin al duena; ta bere onenen damua guti iritzirik, erakusten dio Jesusi naigabe ta damu andia, gañerako maitatu behar lukeenen txarkeri ta esker gabetasunez: eskatzen dio erakutsi dakiela ez dakitenei, zein maitagarria den Jesus; ta diela guziai, bera maitatzeko, behar duten grazia. Elizara ezin badoake, arkitzen den toki edo lekutik esaten dio maiz ta askotan, Elizan dagoen Jesusi, Elizan errain likeon guzia.

        15. Jesus maite duena ezta, al badu, geldituko Meza enzun gabe: badaki alabaña zer den ta zenbat balio duen Mezak. Meza batek badu diran zorrak ateratzeko diña: ta, Mezaren presenta Jainkoari egiten dionak galzen badu, eskatu gabez galduko du behar duena; bada ar dezakeanak baño geiago ta geiago balio du Mezan ematen duenak; eta eztaki Jaunak orrelako orduetan eskatzen zaion gauzarik ukatzen.

        16. Ekusirik Jesusek gu gatik daramana, ontzat artzen ditu haren maitatzalleak, egiten zaizkan txarkeri ta bidegabeak; eta anbat gu gatik nekatu zen Jesusen izenean artzen ditu berez neke ta mortifikazio berriak: eta egiten duen ta daraman guzia, Jesusi zor dion amoreari eranzun naiez da.

        17. Jesusen nekeaz edo Jesusi egiten zaizkan bidegabeko gauzez damu ta sentimentu artzen dutenak, eta Jesusek digun amore andiari amorez erantzuten diotenak, damu-amore onek eskatzen dituen gauzak egiteko prest arkitzen dira. Onelako gauzak gogotikago ta geiagotan egiten dituztenak dira Bihotz onen debozio andiagoa dutenak.

        18. Jesusen Bihotza Jainkoaren Bihotza da; ta da edozein errespetu ta adorazio zor zaion Bihotza. Orregatik ere Jesusen Bihotzaren debozioko damu ta amoreak, eta damu-amore onek eragiten dituen gauzak ez diote Jesusen aragizko Bihotz utsari begiratzen; begiratzen diote Jesus guziari. Baña begiratzen diote, bere Bihotzeko estutasun ta digun amorea gatik: eta asko da hau, bide onetatik datorren Jesusen debozioari Jesusen Bihotzaren debozioa deitzeko edo izen hori emateko. Gurutze Santuan zegoela egin ta eraman zuena gatik Jesus maitatzeari, edo Jesus maiteari zaion debozioari deitzen zaio gurutze santuaren debozioa. Eta, bost llagen debozioa, llaga, zulo edo zauri orietatik eman zuen odolarekin erosi ziguna gatik, eta iltzez eskuak urratzen asi zitzaizkanetik ill artean eraman zituen oñaze ta doloreak gatik Jesus maitatzeari, ta maitatze onek eskatzen dituen gauzak egiteari.

        19. Ez dute gure arpegiko begiak ekusten Jesusek guri digun amorea; ez dituzte ekusten leneko Jesusen estutasun ta nekeak; ez eta Aldarean egiten zaizkan txarkeri ta bidegabeen erdiak ere. Orobat gertatzen zaie gure gorputzeko begi berai llagekin ta gurutzean Jesusek egin ta eraman zuenarekin. Bada llaga Santuak eta gurutzea artzen diran bezala, guri gogora ekartzeko Jesusen gurutzeko Redenzioa, Jesusen odol-ixurtzea ta neke arrigarria: ikuskari ta oroikarritzat artzen, ta ipinten degu Jesusen Bihotza; onetaz oroitzearekin, gogora dakigun Jesusi beti zor izandu zaion ta Aldarean egunoro zor diogun amorea. Baña gauz ebetaz oroitzea ez da oroitze utserako; lan onak guri eragiteko da. Redenzioaren ta odol-ixurtzearen oroitzapena da, eraman gaitzan, orretan zor diogunaren alde, Jesus maitatzera ta aren izenean gauz on zenbait egitera: ta Jesusen Bihotzaz edo aren neke amoreaz oroitzea da guri Jesus maiterazteko, ta maitatze onek eskatzen dituen gauz onak, munduan garan artean, eragiteko.

        20. Llaga Santuen ta Gurutzearen debozioak diran bezala beste bi debozioak, Jesusen Bihotzaren debozioa da orain erakusten duguna. Bihotzaren debozioa da izena; baña Jesus guziarena da debozioa. Llaga Santuen debozioa ta Gurutze Santuaren debozioa da beste bi debozioen izena: baña gu gatik iltzez ta burniz urratu zuten ta gurutzean gu gatik il zen Jesusenak dira debozioak. Orregatik bada, Jesusen Bihotzaren debozioa da Jesus maitatzea bere Bihotzeko amore andia gatik ta egin ditugun utsegite edo kulpen ta Aldareko Sakramentuaren kontrako txarkeri ta sakrilejio guzien damuz bihotza betetzea; ta, damu ta amore onen ondotik, egin zaizkan bidegabezko gauzen ta Aldarean erakusten digun amorearen alde al deguna egiteko ziñezko asmo bat artzea: edo Jesusen Bihotzaren debozioa da Jesusek gu gatik Aldarean daramanaz damu ta sentimentu andi bat artzea, Aldarean guri digun amoreari amorez erantzutea; ta daramanaren ta digun amorearen alde al deguna egitea.

        21. Españiako bazterretara etorri berria bada ere, ezta berria Jesusen Bihotzaren debozioa. Debozio onekin bizitu ziran, geroago ekusiko degun bezala, anitz ta asko Santu ta Santa. Egia da izen onekin gutxik ezagutzen zutela, azken alde onetaraño. Egunoro dijoa munduan banatuaz debozio Santu au. Non-nai arkitzen ditu Jesusek bere Bihotzeko neke-amoreak gatik ziñez maitatzen dutenak. Badira Italian, badira Españian, badira Alemanian, badira Frantzian, badira Polonian, Turkoaren Errietan, badira Franzesaren ta gure Indietan, baita Persiako, Mogolko ta Txinako Inperioetan ere Jesusen Bihotzaren debozioa gogotik artu duten anitz eta asko. Debozio au artu dutenen artean arkitzen dira asko Relijioso ta Monja, anitz Apaiz jaun, Obispo ta Arzobispo; baita zenbait Errege ta Gizon andi ere. Orain bizi denak, eta beste bost Aita Santuk eman diote debozio oni beren bendizioa; bada zortzi-eun ta geiago dira, orietatik batak edo besteak emanikako Buldarekin arkitzen diran Jesusen Bihotzaren Kongregazioak. Jesus maiteari nai dakiola, ez ditezela izan Euskaldunak haren maitatzallerik txikienak, edo Jesusek diela bere Bihotzaren debozioa gogotik artzeko behar duten grazia.

 

 

§. III.

NOIZ TA NOLA AGERTU DEN
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOA

 

        1. Adirazi zuenetik bost eun urteren buruan egin du Jesusek egin gogo zuen gauza bat: anbeste da erran ziola Gertrudes deritzan Santari, egin behar zuela, egiñik guk ekusten duguna. Erran zion bada, oztuaz joain zela azken aldera Kristioen arganako amorea; ta amore hau, edo Kristauen bihotza berotzeko, agertu ta erakutsiko zuela bere Bihotzaren debozioa: ta au da guk egiñik ekusten duguna. Munduari gutiena zor zitzaionean egin dio Jesusek onenbat fabore. Zori onekoak gu, baldin hau galtzen ezpadegu. Gure eskuan dago zabaldua dagoen Jesusen Bihotzean sartzea ta berotzea; edo Bihotz onetatik, onak izateko ta Jauna maitatzeko, behar degun guzia ateratzea.

        2. Erran degu, zenbat dituen bere alde edo fabore Jesusen Bihotzaren debozio onek. Erran behar degu orain, noiz agertu den, nola ta nori. Badira irur-ogei ta zenbait urte lenbiziko aldian Jesusek bere Bihotzaren debozioa agertu zuela; ta agertu zion Maria Margarita de Alacoque zeritzan Serore edo Monja bati. Monja edo Serore hau bizi zen orduan Paray deritzan Autungo Obispaduko Erri txikian, Bisitazioko andre Monjak an duten Konbentuan. Oni erakutsi zion zer zen debozio hau; ta agindu zion, zegoela, beraren berria zuen Jesusen Konpañiako gizon andi Aita Colombierekin, ta erran zegiola zer gertatu zitzaion, ta zegiela al egiña haren Bihotzaren debozioa erakusteko edo erakustea gatik.

        3. Onetara baño len, nai izandu zuen Aita Colombierek ekusi nolakoa zen debozio hau, ta zenbat ziran andik atera zitezkeen ondasunak. Artu zuen beretzat; asi zen, eskatzen dituen gauz onak egiten; ta arkitu zuen, zela, denbora gutian zeruko ondasun ta birtute asko irabazteko bide labur erraza. Ezagutu zuen bezala, artu zuen asmo ta gogoa bide labur, edo Jesusen Bihotzaren debozio hau alik geienai erakusteko. Ala dio berak, Londresen egin zituen Exerzizioetako Libruan.

        4. «Egin ditudan Exerzizioetatik behartua —dio, kasi onelako hitzekin—, atera naz, edo obligatua Jesusen aldetik adirazi zaidana egiteko, edo Jesusen Bihotz maitearen debozioa al dudanai erakusteko. Aldarean dagoen Jesusen Bihotzeko ondasunak ezin adirazi ditezkeenak dira. Jesusek nai du dagidala nik al egiña ondasun oriek dakartzien bere Bihotzaren debozioa erakustea gatik. Orretan nago ni ere. Al dudanai erakutsi diet emen Inglaterran; ta beste bazterretan ere artu dezaten, eskribitu dut onen gañean Franziara, ta eskatu diot, egin dezakean nere adiskide bati, dagiela ark ere al egiña egiteko onetan. Ah nor lebilkean mundu guzian, guziei erakusten guzien onerako agertu den Jesusen Bihotzaren debozioa! Guziak ikas dezaten, ona Jesusek debozio onen gañean, ongi nai zion ta faborez bete oi zuen Serore edo Monjari erran ziona».

        5. «Korpus Kristiko egunetatik batean Elizan arkitzen ninzan —dio Monjak—, Jesusi Aldarean zor nionaren alde zer egin ez nekiela; baña laster erakutsi zidan Jesusek berak zer egin behar nuen. Ezin dagikezu —esan zidan— zere zorren alde, anbatetan eskatu dizudanak adiña atsegin emain didan gauzarik. Ona —erran zidan, bularra agertzen zidala—, ona, mundukoai ongi naiez, amorez urtzen dagoen Bihotza; ta ona, haurkeria, oztasuna, hista, injuria ta sakrilejioa beste eskerrik munduko geienetatik ez duen Bihotza. Artu bedi bada, oraingo zorzi egunen ondotik datorren hortzirala; komulga bitez maite nautenak, eta egin bitzate egun onetan, Aldarean egondu nazanetan nere Bihotzari egin zaizkan bidegaben alde, al dituzten obsekio ta gauz onak. Ori egiten dutenak ez dute, ez, ezer galduko: oriendako izain dira Bihotz onen amorezko ondasunak».

        6. «Zer diozu Jesus? —esan zion Monjak—; nori ematen diozu egiteko ori? nik bezalako txarkeririk ez duenen bati eman behar diozu, nai badezu ongi atera dedin. Ez orrelakorik —eranzun zion Jaunak—, ez orrelakorik; indarsuak lotsaturik uzteko, eragin oi dieztet nik nere egiteko edo lanik andienak indar guti dutenai; onetan ageri da zein andia den nere besoko indarra; bada ezin legike orren indar gabekoak edo onenbat indar ez duenak onen lan andirik».

        7. «Asko da Jauna —erran zion Monjak— zuk esatea: baña erran behar didazu zuk ere zer dagikedan nik. Ongi da —erran zion—: zoaz ezagutzen dezun nere maitatzalle Aita Colombiere gana, ta erraiozu egin dezala al egiña debozio hau erakutsi ta banatua uztea gatik: uste duen baño atsegin geiago emain diola orretan nere Bihotzari, ta ez dedilla, ezin egiñen duelako beldurrarekin, izutu: bada bere indarrez etsirik, nereak uste andi ta onarekin eskatzen dituenak edozein gauza egin dezake».

        8. Adirazi zion Aita Colombieri Jauna gandik ikasi zuena. Ekusirik onek, erran degun bezala, debozio onen onak eta ondasunak, eta ekusirik Aldarean Jesusi zor diogun amorea ta gu gatik han ekusten dituen txarkeri ta bidegabezko gauzak, daramanaren ta digun amorearen alde utzi zion Jesusen Bihotzari bere bihotza, egin uste zituen gauz on guziekin: ta egin zuen orretarako, askotan esaten zuen ta azken aldean arkituko den otoitz edo orazio bat. Asi zen gero Jesusen Bihotzaren debozioa erakusten; ta erakutsi zien anitzi; ta, ill zen bezain fite ill ezpaliz, utzi zituen baño Bihotz onen maitatzalle geiago lurrean utzirik, joain zen zerura, obeki an Jesus maitatzera. Ark asi zuena egiñaz doaz beste anitz: eta, Jesusek Zerutik laguntzen diela, eraman dute Lurreko bazter geienetara onen Bihotzaren debozioa.

 

 

§. IV.

NONDIK DEN TA ZERTARAKO

JESUS ON MAITAGARRIAREN DEBOZIOA

 

        1. Ez da erraz Jesus maitatzera garamazten bideak edo gauzak kontatzea. Guk ezagu-al baño maitagarriago da Jesus. Egia da nai duenak arkituko duela nai adiña zer gatik Jesus maitatu. Baña nola maitatzalle guziak ez dabiltzan bide batez, on izain da, Jesus maitatzeko diran zenbait bide, edo maitagarri egiten duten gauzaren batzuek erakustea, bakoitzak ar dezan obeki dagokiona edo onena deritzana.

        2. Iduriko zaitzu, agian, zein ona den Jesus ikastea besterik ez dela bear hura maitatzen asitzeko. Ez dut ukatzen. Baña zuk ere ezin uka dezakezu ez dela, Jesusen izena aditzearekin, zein ona den ta zein maitagarria Jesus ezagutzen. Jesusen maitagarritasuna ta ontasuna ezagutzeko, beraren Bihotzeraño sartu bear degu. Ezin maita dezakegu bere Bihotzeko amore-nekeak gatik Jesus, Jesusen Bihotzeko berriak ikasi artean. Agertu uste ditut maitatze onetara geien lagunduko duten Jesusen Bihotzeko berriak.

        3. Iru gauza dira gure bihotzak bere gana eraman oi dituztenak: gauzaren zuzentasuna, gauzan arkitzen den ondasuna, ta gauzak dakarren atsegin edo gustoa. Irurak arkitzen dira, ekusiko degun bezala, Jesusen Bihotzean, edo Bihotz onetako debozioan. Eta itsutu nai ez badegu ez ezagutzea gatik egia edo argia ez ekustea gatik, beartuko gaitu Jesusek, Bihotz aberats hau erakustearekin, bera ziñez maitatzera. Goazen bada irurak banaka ekustera.

 

 

§. V.

GAUZA ZUZENA DA
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOA

 

        1. Ezin erran diteke zein ona ta Santua den Jesusen Bihotza; bada Santua da bazterrik ez duen Jainkoaren Santidadez. Ez da Bihotz onetan arkitzen neurri ditekean lan edo gogorik, guziak dira Jainko Gizonaren gauzak edo bazterrik gabeko gauza ta merezimentuak. Eta nork ez daki, onenbat balio duten gauzak edo merezimentuak dituen Bihotzarekin arkitzen den Jesusek, bai-duela zer gatik hura Gizonak maitatu? Non ez dakien, onelako Bihotza duen Jainko-Gizona dela den gauzarik maitagarriena?

        2. Ongi nai edo debozioa diegun Zeruko Santuen edozein kutsu ta relikia anitz estimatzen dugu lurrean bizi garanak; eta orietatik baten bihotza gatik emain genuke eztakit zer. Bada zer eztegu eman bear, ain ongi nai digun Jesusen Bihotza gatik? Santu guzien bihotzei ez diegu Jesusen Bihotzari zor diogunaren laurdenik zor: non arkituko da bada, Santuen bihotzak noiz nai maitatzeko prest dagoela, Jesusen Bihotza maitatu bear ez duela usteko duenik?

        3. Mundu guziak daki zer egin zuen ta zenbat eraman gu gatik Jesus onak: bada, begiak garbiturik, sartzen bagara haren Bihotzeraño, ekusiko degu Bihotz onek hartara zuela. Bai: Bihotz onek arkitu zituen gu gaizetik atera ta Zeruan sartzeko bideak. Urzen zegoen bere Bihotzeko amorea gatik artu zituen Jesusek gu gatik eraman zituen neke gogorrak. Bai, Jesusen Bihotza da, oni ongi nai zion batek dion bezala, birtute guzien tokia, Zerutik datozkidan ondasunen iturria, ta atsegin ta kontentu baizik eztuen lekua. Santuen bihotzak, Santuen ezurrak, eta askotan Santuak noizbait soñean ekarri zuten oial zatia estimatzen dutenak, ohartzen badira, arkituko dute Jesusen Bihotz onetan zer obeki adoratu ta maitatu.

        4. Bihotz hau onen maitagarri egiten duten gauzen edo birtuteen artean arkitzen dira lenbiziko lekua duten hiru. Lenbizikoa, bere Aitari dion bazterrik gabeko amorea ta oraindik ekusi den errespetu ta humiltasunik andiena. Bigarrena, eraman zituen lan ta nekeak artu-erazi zioten pazienzia. Bere gain artu zituen gure oben edo kulpak ematen zioten lotsa; ta, lotsa guzia gatik ere, Aita gan zuen Semearen konfianza. Hirugarrena, gure nekeaz izandu zuen urrikaltasuna, ta guri, txarkeriz beteak ekusirik ere, digun amorea.

        5. Gerta zedilla edozein gauza, estu zekiola ezin geiagoraño bere Bihotza, ta bete zekiola, Itsasoa ur gaziz bañon oñaze ta tormentu geiagoz bere barrena, etzen igitzen Jesus bere tokitik; prest zegoen beti geiago ta geiago ta Aitak nai zuen guzia eramateko. Beti zen Jesus gure urrikari, neke eramalle, ta Aitaren ta gure maitatzalle.

        6. Egun ere ez dirudi duela gu maitatzea beste egitekorik. Urrikari gaitu beti. Beti dago guri bear edo nai adiña grazia, doai ta ondasun emateko. Eta, besoak zabaldurik, gure begira egotea guti baliz bezala, dena guri eman naiez, edo gurea izan naiez dago.

        7. Baña —nork siñistuko luke?—, hau guzia onela izanik ere, zer arkitzen du Jesusen Bihotzak Gizonen bihotzetan, ezpada gogortasuna, esker gaixtoa, ta gogoan ere, zenbat Jesusi zor dioten ez artu naia? Non arkitu uste dute munduko bihotz gogorrak Jesusen Bihotza bezain gauza maitagarririk? Onek digun amoreak, gu gatik onek eraman zituen nekeak, asko lirake damuz erdiratu ta amorez urtzeko, gureak bezain arrizkoak ez lirakeen bihotzak. Gureak ere, zerbait bad-ere, beratzeko, agertu bearko degu oraindik geiago, zein maitatzekoa den Jesusen Bihotza.

 

 

§. VI.

GUZTIZ MAITAGARRIA DA
ONDASUNEZ BETEA DAGOEN JESUS

 

        1. Mundu guzian banaturik arkitzen den maitagarritasunak eztu zer ekusi Jesusek duenarekin. Ezin dagoke nior, San Agustinek dionaz, zerbait maitatu gabe; baña ez dabil bide batez guzien maitatzea. Batak maitatuko du gauza bat, artan arkitzen duen edertasuna gatik; besteak zeren den humore on edo kondizio leunezkoa; geienak maitatzen dute emalle den aberatsa; nork nai onesten du bera bezalakoa; nork-nai gauza guziak haren gogora ta ongi egiten dituena. Norbaitek hau ukatu naia gatik, ezin uka dezake ederra den, ondasunez beterik dagoen, guziai ongi egiten ari den, eta gañerako partida onez betea dagoen bat nork nai maitatzekoa dela. Eta nork uka dezake guk dakizkigun partida on ta asko geiagorekin arkitzen dela gure JESUS?

        2. Edertasunik andienak, Jesusen edertasunaren aldean, lore igartua dirudi, dio Profetak. Illunbea ta belztasuna eguzkiari dariola deritzat, dio Santa Theresak, bein Jesusen edertasuna ekusi nuenetik. Ez da lurrean edertasun osoa duen gauzarik; alde batetik ezpada, bestetik itsusiak dira, diranak edo guziak. Edertasun utsa duena ta alde edo saiets guzietatik maitagarria, Jesus da bakarrik. Jesus arkitzen da naturalezaren edertasun, Graziaren doai, Zeruko ondasun ta Jainkoaren izate edo perfekzio guziekin. Ezta Zeruan atsegin utsez arritu ta liluratua, edo amorez urtua gelditu gabe, Jesusi begira dezokeanik. Lurrekoak gara hartaz oroitu ere gabe bizi garanak.

        3. Bere eskuan daduzka Jesusek Naturalezaren gauza ta graziaren ondasunak. Keñu bat aski du mundu guzia gain bera erabiltzeko. Ezta gauzarik, ezta etsairik, nai duenean bere oin pera ez dakarrenik. Aingeru ta Gizonen kontuak artzeko dago: ta onen eskutik artu bear dute Zerurako daudenak, ango atsegin, kontentu ta gloria. Non arkituko da, bada, onenbat esku duen Jaunaren beldur izain ez denik? Non, gure amorez urtzen ta guri ongi egin naiez dagoela jakinik, Jesus maitatu gabe, otz geldituko denik?

        4. Bazter guziak betetzen dituena, nai duen guzia egin dezakeana ta jakinsua izana gatik Jainkoa, urrikari gaituen Bihotza daduka bere barrenean. Ilzera daramaten ardiak edo illea kentzen hari zaizkan bildotsak baño geiago bere ezpañak idiki etzituela, dio Profetak, bere nekerik gogorren ta gure obenik andienen artean.

        5. Zein Bihotz bera duen guri adiraztea gatik, gure Artzai egiten da batzuetan Jesus; ta besteetan gure Guraso edo Aita. Non zebillen etzekien, ta agertu zaion Seme maiteari, badakizu, zein begitarte ona egiten dion haren billa zebillen Aitak; obea egiten dio Jesusek bekatuaren bide galdutik etorzen zaionari. Aserretu lekuan Artzaia, atsegin ta gustoz beterik gelditzen da, arkitzen duenean galdu zitzaion ardia. Baña onen atsegin ta gustoak eztu zer ekusi Jesusek anima galdu bat bere graziara dakarrenean arzen duenarekin.

        6. Eskriba ta Fariseoak eraman zioten bein aragizko loiean arkitu zuten Andre bat. Bazuten berak onelakoak arrika ilzeko eskua ta legea. Eraman zioten, ekusi naiez zer zion Jesusek edo zer sentenzia ematen zion. Baña, bere Bihotzaren beratasuna erakustea gatik, etzion Jesusek ea, zoaz, ez berriz orrelakorik egin esatea beste sentenzia edo kastigurik eman.

        7. Orduan baño gogorragoa ezta egun Jesus. Ezta Jesus lurreko adiskideak bezalakoa. Askotan adiskiderik andienak, nai eztuten hitz bat aditu orduko, aserretzen dira, galtzen dute zuten adiskidetasuna; ez diote geroz elkarri arpegirik eman nai; ta gelditzen dira elkar ezagutu ezpalute baño elkar ganako oztasun geiagorekin. Ezta Jesus adiskide oietatik: ekusten du gure ar ganako aurkeria; ekusten du gure eskergabetasuna; ekusten ditu gure txarkeriak, eta gure oben edo kulpak; eta orrelakorik ekusten ezpalu baño geiago etzaiku aserretzen; edo ekusten ezpalitu bezala dago: ta dago guri lagundu naiez geren neke ta estutasunetan, ta gu geren uts-egite txarren artetik ateratzen. Urrikari gaitu beti: illuntasun ta penaz beterik argana bagoaz, ematen digu behar degun atsegin ta argia; ta bidaltzen gaitu maite duen seme bat Aitak bidaltzen duen bezala. Eztuela dirudi, gau ta egun, ta urte guzian, guri ongi egitea ta gu ondasunez betetzea beste egitekorik.

        8. Jesusi zor diogunaren laurdenik zor bagenio nori-nai, emain geniotzake milla ta geiago esker; guztiz maite izain genuke; ta, hari atsegin egitea gatik, egiñen genuke al genuen guzia. Nori berea ematen diola, ez dituela gaixtoak ekusi nai, onentzat duela, duen guzia, ta gauza guzietan dabillela zuzen Errege bat aditzen degunean, nai ta ez hura maitatzera doakigu bihotza: ta orrenbeste ta anitz geiago Jesusen gauza aditua gatik, ez gara Jesus maitatzeko! Asko bidez zor zaio Jesusi gure bihotza: eman bekio bada, beste gatik ezpad-ere, argandik Aldarean artzen ditugun ondasun ta zor diogun amorea gatik.

 

 

§. VII.

EMATEN DITUEN ONDASUNAK GATIK,

JESUS GUZIZ DA MAITAGARRI

 

        1. Ondasun zalea da Gizona, ta orregatik ondasunak dira lenen hura eskura dakarten gauzak. Esaiozu bati maite dezula: zure errana besterik ekusten ezpadu, hitz alferrak dituzula usteko du, ta etzaitu siñistuko; baña nai dituen gauza zenbait ematen badiozkatzu, maite duzulako jolasik atera gabea gatik, maite dezula siñistuko du. Hau da Jesusek daraman bidea, gure berri duenak bezala: maite gaituela guri adirazteko, betetzen gaitu ongiz ta ondasunez. Haren eskutik artzen ditugun gauzekin neurritzen badegu digun amorea, amore hau guk ezagutu al baño andiagoa dela aisa ta erraz aitortuko degu. Eman digun gauzarik txikiena ezin irabazi genezakeana da: ta da artu uste genuen ta eskatu behar genion baño andiagoa. Onenbat zor diogun Jesus nai-ta ez maitagarria da guretzat. Baña maitatzen degu guziok Jesus? Nik beintzat, ez behar bezala.

        2. Ez dakit ezagutu ere dezun Jesusi zor diozuna. Zer zor diozun ezagutzen ezpadezu, nekez emain diozu Jesusi zor diozun amorea. Oraindaño bezain eskergabekoa izan etzaitezen, idikitzatzu zere begiak, zer zor diozun ezagutzeko, ta emaiozu ezaguera onek eskatzen duena. Nor gandik dezu dezun izatea? Nork eman zizun dezun anima? Nork egin zuen zure gorputza? Etzaitu Jaunak ezer-ezetik atera, ezer-ez orretan uzten dituela beste konta al baño asko ta asko geiago? Etzuen Jaunak ekusten zu ez bezalakoak izain zirala ta ongi maitatuko zutenak orietatik geienak, edo beintzat anitz eta asko? Guzia gatik ere ez ditu oriek egin, ta egin zaitu zu; ta eman dizu orietatik bati ere eman ez dion izatea. Bada zer ez diozu zor eman dizun izate orregatik?

        3. Badakit etzarala zu, duen izatea Jainkoari zor dion bakarra; edo badakit Jainkoak egin dituela, zu bezala, besteak ere. Hala da; baña ez diozu orregatik gutiago zuk Jainkoari zor: bada dezun izatetik eztizute zatirik kentzen Jainkoak egin dituen zure lagunak; ta egin ezpalitu, bakarrik bizi beharra ziñan; ta, zeren besteak ere egin dituen, eman dizun izatearen gain, Jaunari zor diozu lagunak izatea.

        4. Egin ditu Jainkoak besteak ere: egia da; baña ez guziak zu egin zaituen leku ta orduan. Zu egin zaitu Jaunak bera gizon egin ezkero; ta egin zaitu Kristauen artean. Mundua egin zuenetik Jainkoa gizon egin arteko laur milla urteetan izandu ziran Gizon ta Andre kasi guziak illunbean bezala bizitu ziran, edo lege gogor batean. Israelitak ez besteak, zenbaitek ezpazen, Jainkoaren berri guti zuten; ta, beren buruak betiko galdu artean etziran gelditzen. Jainkoak Moisesi eman zion legean bizi ziran Israelitak; baña nekezko bizia zen lege onetakoak zeramaten bizia: bada anitz gauza gogor egitera behartzen zituen Moisesen Legeak; eta orietatik zenbaitetan uts-egiten zutenak arrika, zakur amurratuak ill oi diran bezala, iltzen zituzten beren erritarrak. Etzinduen zu Jainkoak sartu Lege gogor onen azpian, ez eta bera gizon egin artean izandu zen illunbean ere. Egin zaitu Jesusek berekin ekarri zuen argiz ta beratasunez betea dagoen legea etorri ezkero.

        5. Badira orain ere leneko illunbea bezain gaixtoan bizi diran Jentil, Turko ta Herejeak. Baña guzien artetik atera zaitu Jesusek. Ekarri zaitu bere Lege garbiaren argira, ta utzi zaitu behar dezun guzia arki dezakezun lekuan.

        6. Zer gatik uste dezu egin duela hori guzia zure Jainkoak? zuri ongi naiez edo zeren maite zaituen; bada ez zu ta ez besterik egin ezpalu ere, ta bera gizon egin eza gatik, orain bezain Jainko izain zen, izain zen orain bezain Santua, ta izain zuen orain duen esku ta gloria. Egin zen bera gizon zure ona gatik; eta, zu galdu etzindezen, egin ta eraman zituen arritzeko diran gauzak.

        7. Odol txorta edo tanta bat ixurtzea, edo beste edozein gauza Jesusek gu gatik egitea asko zen gure zorren alde, ta guri behar genuen guzia irabazteko. Baña zenbat nai zigun erakustea gatik eta behartzea gatik bera ziñez maitatzera, egin ta eraman zuen gu gatik eraman ta egin zezakean guzia. Ogei ta amairu urtez nekearen azpian bizitu zen Jesus. Ar zezakeala zen aberatsena, Donzella pobre bat artu zuen bere Amatzat. Neguaren erdian jaio zen, jaio zitekeala udaberrian, udan edo nai zuen orduan. Bere lagun egin zituen neke-izerdiak eta gose ta egarria. Etzion niori gaitzik egiten; ta ongigille gutxi arkitzen zituen. Itsuari ematen ziozkan begiak, oñen gañean ezin egon zenari belaunetako indarrak, gorrari belarriak, mutuari mingaña edo hitza, illari bizia ta osasuna: ta guzia gatik ere, ezin ekusi zuten etsaiez ingurutua zebillen. Etsai oriek bein arrika ill nai izandu zuten; ta, etziran gelditu gurutze batean iltzez josia ta illa ekusi zuten artean.

        8. Baña orretara baño len, zer etzuen Jesusek eraman? Eraman zituen illetirak, ostikoak, bearrondokoak; eraman zituen buruan dena urratu ta odoldu zioten arantzak, arpegian listu zikiñak, eta gorputzean milla ta millaka azoteak. Juez gaixto, Eskriba ta Fariseo, ta orien alde zeuden guziak ingurutu zuten Pasioko denbora guzian, adar zorrotzak dituzten ta odola irakiten dadukaten Zezenak bezala; ta utzi zien Jesusek, zegitela nai zuten guzia. Etzioten orduan neke gutiago Bihotzean ematen gogoan zedukatzien zure ta nere bekatuak. Gure bekatuak eta eskergabetasunak, itsaso gaziaren erdian itotzen dagoena bezala, zedukaten Jesusen Bihotza; ta itotze edo estutasun onetatik etzen atera Jesus, milla tormenturen azpian bere odola ta bizia utzi artean.

        9. Ona zenbat zor diogun Jesusi. Den gauzarik txikiena egin balu ere, zorko genion degun bihotza ta amorea. Bada zer zor eztiogu, gu gatik egin dituen onenbat gauza gatik? Galduak geunden ta etsaiaren eskuan guziok, guziak gatik Jauna Gizon egin artean; ta, nola nai gu erostea, ta Etsaiaren eskutik ateratzea aski ez paliz bezala, erosi ginduen ta atera, eraman al nekeren buruan. Nola nai erosteak behartuak uzten ginduen al egiñean Jesus maitatzera: bada zer maitatze ez diogu Jesusi zor, erosi ginduen bezala erostea gatik?

        10. Ditugun zorrak ateratzeko behar deguna baizik eman ezpaligu ere, asko zorko genion Jesusi: ta zer eztiogu zor gañerako gu gatik egin duena gatik? Bere neke izerdiarekin irabazirik utzi digu Jesusek egin ditezkeen zorrak ateratzeko asko dena ta geiago; ta, zorrak atera gabe iltzen diranak zordun iltzen dira, Jesusen irabaziaz baliatu gabez. Zerutik ditugun lagunderak edo graziaren indarrak Jesusek guretako irabaziak dira; ta, nai adiña Lurrekoak artua gatik, artuak baño artzeko geldituko diranak anitz aldiz geiago dira. Esan dudan guzia zor diogu Jesusi, zeren digun ongi nai edo amoreak eragin zion gu gatik egin duen guzia. Nola bada onenbat nai digun ta gu gatik onenbeste egin duen Jesusek ez du guretzat izan behar guztiz maitagarria?

        11. Aski da, ekusi degun bezala, Jesus guztiz maitagarria izateko, ill artean gu gatik egin zuena; baña ezta egin zuen guzia. Zenbat maite ginduen erakustea gatik, gelditu zen Jesus gurekin, gurekin egoteko, munduak irauten zueño edo azken Juizioko eguna etorri artean; ta egin zuen orretarako, egin duen gauzarik edo milagrorik andiena: bada sarturik gelditu zen ta janari egiñik Aldareko Sakramentuan. Bazekien Jesusek askok eta geienak, gu gatik egin ta eraman zuenaren ondoan, ta guri ongi naiez aldarean gelditua gatik, ezpaliz baño geiago etziotela begiratuko; zenbaitek ekusten edo ezagutzen ezpalute bezala begiratuko ziotela; ta begiratuko ziotela beste askok beren etsaiari bezala. Bazekien Jesusek zein esker guti artuko zuen gu gatik egiten zuenaren alde; bazekien eskerrak artu lekuan, artuko zituela askoren eskutik milla gaixtakeri, laburtasun ta sakrilejio; ta guzia gatik ere, digun amorearekin ezin burutuz bezala, ta amore hau guri erakustea gatik, nai izandu zuen gurekin gelditu.

        12. «Nik eztakit hau nola den! —dio Jesusen maitatzalle andi batek—. Nik eztakit nola digun Jesusek aldarean erakusten digun adiña amore. Galdetzen badidazu nola egin ditekean ogia aragi, ogiaren iduria galdu gabe, ta nola aragi hau, edo Jesusen gorputz guzia, bildu ditekean hostia txiki batera ta hostiaren edozein zatitara, aisa eranzunen dizut: bada aski da ori ta geiago Jainkoak egin dezakela esatea. Baña galdetzen bazenit nola edo zer gatik maitatzen dituen Jesusek, maite dituen adiña, gu bezain gauza txar, errebes gaixtoak? ezin eranzun nezake, ezpada, bazterrik gabekoa dela, ezin ezagu ditekeana, ta mundu guzia arritu behar lukeana Jesusen gu ganako amorea».

        13. Gauza oietatik zenbait aditzen dituztenean orrelako berririk ez duten Indietako Jendeak, ah! zein ona den, esan oi dute, Kristauen Jainkoa! zein ongigillea den ta zein maitagarria! ta nork eztu maitatuko onen maite gaituen Jainkoa! Zuk ezpadezu beste ain beste esaten, izain da ezagutu gabez Jesusi zor diozuna. Jesusi zor diotenari erantzutea gatik uzten dute mundua Relijioren batean sartzen diranak, eta munduan, emen ezpaleude bezala, ta Jesus ziñez maitatzen dutela bizi diranak. Orrelako zerbait egiten ez dutenak zenbat Jesusi zor dioten ezagutzen ez dutela aditzera ematen dute.

        14. Etzaitezela izan zu orietatik bat. Relijiora ezpazoaz, ta egiten ezpadezu ere ongi bizi diranak adiña, maita zazu Jesus, oraindaraño ez bezala: erakutsi zagozu Jesusi zure ta mundukoen txarkeri, uts-egite ta bekatuak Aldarean erakutsi diotenaren damu ta urriki andi bat: eta, nai zenuen gauza egiten dizunari eskerrak ematera joan oi zeran bezala, zoaz noizean bein Elizan Jesusi bai dakizula zenbat zor diozun adiraztera; ta egiten dituzun otoitz, orazio ta gauzak egizkitzu zor onen alde, ta maite zaituen Jesus maitatzea gatik. Ori da Jesusen Bihotzaren debozioa; ori da Jesusek eskatzen duena, Jesusi zor zaiona, ta gutik egin oi dutena, ekusiko degun bezala.

 

 

§. VIII.

GURE JESUS GANAKO
ESKERGABETASUNA

 

        1. Esan ditekean baño andiagoa da, Jesusi Aldarean zor diogun amorea: ta esan ditekean baño txarragoa guk Jesusi dioguna. Arrituak geldituko giñake, ezagutzen bagenu, batere zor ez digula, maite gaituela ezin geiago Jesusek. Ez giñake gutxiago arrituko, onenbat Jesusi zor diogula, ta onen guti maitatzen degula Jesus ezagutu ezkero. Bazterrik gabekoa da Jesusen Bihotzean arkitzen den guganako amorea: ta, oni eranzuteko gure bihotzak artzen duena, amorearen izenik ere kasi merezi ez duen amorea da. Guri ongi naiez dago, ta gu ganako amorez urtzen bezala Jesusen Bihotza: ta ezer Jesusi zor ezpaliote bezain otzak daude geienen bihotzak. Nondik dator —esazu arren— onenbat eskergabetasun? Naigaberen bat erakutsi dizu Jesusek? Zuk hura maitatzeko diña ez du oraindik egin Jesusek? Oraindaraño haren eskutik artu dituzun ondasunak gatik ezpada ere, etzara noizbait Jesus maitatzen asiko, Aldarean beti dizun bazter gabeko amorea gatik?

        2. Begira zazu ongi zer ari den Jesus Aldarean, zeren billa dabillen ta nola; nai ezpadezu oraindaño bezain eskergabekoa izan. Nori begiratu ezpalu bezala, gau ta egun zu maitatzen ari da edo dago Jesus. Bere maitatze guziarekin nai zinduzke irabazi zu, nai zinduzke beretu edo bere maitatzalle egin, ta orretarako egiten du Aldarean bestetan egin eztuena.

        3. Zu gatik oraindaño Jesusek egin dituen gauzetan eztu, orain bezala, alde batera utzi bere honra ta gloria. Jaio zen ezkaratz edo leku txar batean; baña laster edo fite etorri ziran Zerutik Aingeruak, menditik Artzaiak, baita urrutiko Erregeak ere, an bertan hari agur egitera, ta beren Rege ta Jainkotzat ezagutzera. Kendu zioten Judu gogorrak, Gurutze batean lapurra bezala josirik, bere bizia: baña orduan bertan erakutsi zuten bidegabe onez zuten damua ezaguerarik eztuten gauzak ere, edo lurreko arriak berak eta Zeruko Illargi ta Eguzkiak; ta aditzera eman zioten mundu guziari Jainkoa zela Juduak gaixtotzat iltzen zedukatena. Onela begiratzen zion Jesusek gu gatik zeramatzien edo egiten zituen gauzetan bere honrari. Aldarean uzten du alde batera Jesusek honra guzia. Gañerako gauzetan, guri bezala, begiratzen zion bere honrari; baña Aldarean, beste egitekorik ezpalu bezala, guri begira dago; ta dago ezin geiagoraño gu maitatzen.

        4. Orra zer zor diogun Aldarean Jesusi. Nioiz ere baño obeki adirazten digu emen, maite gaituela Jesusek. Baña nola eranzuten diogu Jesusen amore oni? Siñetsiko zenuke? Esan ditekean baño txarkiago. Gureak bezain otzak ez diran bihotzak amorez urtzeko, geiegi lizake Jesusek digun amorearen milla zatietatik bat; eta digun amore guziaren sua ez da aski gureak zerbait berotzeko. Balizake, nai digun adiña ezpaligu nai, beste gisaz begiratuko genikeon Jesusi. Balizake, gutxiago maitatzen bagindu Jesusek, maitatzen degun baño geiago maitatuko genukeala. Digun amorea gatik hitzik atera gabe dago, Aldareko Sakramentuan egiten zaizkan txarkeri guzien artean: txarkerigilleai ematen balie zor zaiena, ohartuagoak biziko giñake; begiratzen diogun baño obeki begiratuko genioke Jesusi zor zaionari; ta zor onen ezaguerak eramain ginduzke nai-ta-ez bezala, Jesus ziñez maitatzera. Ez ekusi egiten du Jesusek, egin dakiola Aldarean edozein txarkeri; bada bakan arkitzen dira orrelakoak gatik emen egin dituen kastiguak; eta guk ere, illari egiñaz baño, anitz damu geiago artzen ez degu Jesusek daramatzien txarkeriez. Ez diogu begiratzen Jesusek digun onginai andiari. Ez gara oartzen egiten zaizkan Aldareko txarkeriak emengo kastigurik gabe utzerazten diozkan amorera, ta orregatik ez gara seiatzen amore oni amorez erantzutera.

        5. Begiak zabaldu nai bagenitu, ekusiko genuke zein arrigarriak diran Aldarean Jesusek ekusten dituen txarkeri, oztasun, bidegabe ta sakrilejioak. Zer eztiote Aldarean Jesusi erakusten, Herejeak ez ezik, Kristau epel, Kristau otz eta Kristio gaixtoak ere! Elizan bakarrik dago Jesus geienean. Noizean bein agertzen zaizka maite duten zenbait. Geienak zertako dagoen Elizan, ta Elizan dagoenik ere oroitu gabe, daramazte hasteko egunak. Sartzen dira Jai-igandetan Meza bat enzutera: Mezan daude non eta zertan dauden ez dakitenak bezala; ta, Meza eman orduko Elizatik atera dira. Egun andi zenbaitez igotzen dira, konfesaturik, Aldarera: baña zertara? egunen batean ekusiko duten bezala, komunio txar, epel edo gaixto bat egitera. Ah! ta zein kontatuak diran, amorez beterik, amorezko Jesus komunio santuan artzen dutenak! Ah! ez ekusteko obeak dira Elizan sartze ta komunio Jesusek ekusten dituen anitz eta asko!

        6. Jesus beti gu maitatzen; beti guri ongi naiez Jesus; Jesus gure urrikariz beti; ta beti Jesus nondik ondasunez beteko gaituen. Itsutuak bizi behar dute, edo nor den ezagutzen ez dutela, onen Jainko ona maitatzen ez dutenak; edo behar dute izan Genobako Santa Katalinari agertu zitzaion deabruaren gisakoak. Onek esan zion Santari infernuko su ta garrak baño geiago erretzen zuela amorerik ez izateak edo Jainkoa ezin maitatuak. Jesusen Bihotzari zor diogun amoreaz oroitzea ta amore hau ezagutzea asko lizake gure bihotzak Jesusen amorez urtuak gelditzeko. Baña ez degu aditu nai Jesusek erakutsi nai digunik: ez degu ezagutu nai zenbat Jesusi zor diogun, ta orre gatik ez degu maitatzen Jesus behar bezala. Nai bagenu zer zor diogun Jesusi ezagutu, ikasi nai bagenu Jesusek erakutsi nai diguna, billatzen degun baño maizago billatuko genuke Jesus; joan oi garan baño geiagotan Elizan sartuko giñake Jesus ekustera ta haren hitzak aditzera. Jesusen igesi bezala gabilzaño, digun amorearen berri laburra izain degu, ta ez degu izain arganako amore andirik.

        7. Anbat gaizkigilleren artean anbat oztasun, txarkeri ta sakrilejio gugatik Aldarean ekusten dituen ezkero, ez ote ditu Jesusek oraindaño baño bere maitatzalle geiago Elizan ekusiko? Ez ote dituzte zenbaitek begiak idikiko, ekusteko Jesusek gu gatik daramana ta guganako duen amorea; amoreari amorez ta damuz daramanari eranzuteko? Izan zaitez harren zu orietatik bat; eta zoaz egiñaz azkeneko bi Libru onen Buruetan erakusten diran gauzak edo gauza aetatik al dituzunak: ori da Zerurako asko lagunduko dizun Jesusen Bihotzaren debozioa.

 

 

§. IX.

BIZITZA ON BATERA
DARAMAN BIDEA DA
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOA

 

        1. Ongi bizi nai duenak maitatu behar du Jesus; ta Jesus maitatzeko, behar du Jesusen laguntza, esku ta grazia. Hau guzia irabazteko ta ongi bizitzeko, bide zuzen laburra da Jesusen Bihotzaren debozioa. Behartzea gatik gu Jesusek bera maitatzera egin ditu nor-nai arritzeko diran adiña gauza ta milagro: bada zer eztu egiñen bera maitatzen asi garala ekus dezanetik? Maitatu ginduen Jesusek, dio San Bernardok, eta bete ginduen ondasunez, Jesus maitatzeko asmorik guk artu baño len: bada zer uka dezake asitzen garanetik ziñez maitatzen Jesus? Jesusen Bihotzaren debozioak erakusten du maitatze hau: ta orre gatik nai-ta-ez izan behar du bizitza onera daraman bide zuzena. Nola alabaña uka dezake bere Bihotza gatik eskatzen zaion gauzarik, Gurutze, lanza ta edozein Pasioko gauza gatik eskatzen zaiona ukatzen ez dakien Jesusek? Eta, ukatzen ezpadio, badu Jesusen maitatzalleak ona izateko behar duena.

        2. «Agertu zitzaidan bein —esaten du Santa Metildek— Jesus maitagarria, eguzkia baño ederrago zegoen ta bazter guzietara argia zerion bere Bihotza eskuz arturik; eta esan zidan, emendik ateratzen dira Zerutik datozen ta mundukoak artzen dituzten ondasun guziak». Iltzeko zegoela, eskatu zion onek berak Jesusi gauza bat besterentzat; eta eskatu zioneko, esan bear diozu —erran zion Jesusek— gauza ori nai duenari: ori, ta behar duen guzia, billa dezala nere Bihotzean; maita dezala Bihotz hau; ta eska diezadala Bihotz onetan, maliziarik ez duen aurrak Aitari nai duena eskatu oi dion bezala.

        3. Margarita Alacoqueri, erakustera zijoala, esan zion Jesusek, bere amorearen azken indarrak, eta agertzera bere Bihotzean daduzkan ondasunak, Bihotz onen debozioa artzen dutenei emateko. Bana bedi, esan zion, ta erakus bekie debozio hau jende modu guziai; bada edozeiñek arkituko du emen behar duena. Debozio onetan arkitzen da Jauna maitatzeko, egun oro gauzak obeki egiteko, ta bihotz gogorrak beratzeko bidea. Debozio onetan ikasten da, nola etsaiak, nola oitura ta pasio gaixtoak garaitu. Debozio hau artzen dutenak elkar ongi artzen dute, aisa barkatzen dituzte egiten zaizten txarkeri ta bidebageak, eta obeak dira berak egun oro.

        4. Hau bera erakusten du S. Bernardok. «Ai Jesus! —dio— ta zein andiak diran zure Bihotzean arkitzen diran ondasunak! Aldarean dago zure Bihotza bere ondasunekin; ta nai badegu, aisa aberastuko gara, orretan arkitzen dugunarekin».

        5. «Jesusen Bihotzean arkitzen dira —dio Kardenal Pedro Damianek— behar ditugun armak eta gure gaitz edo eritasunak eskatzen dituzten belarrak. Bihotz onetatik datoz gu gana datozen etsaiak garaitzeko behar diran indarrak. Bihotz onetan ditugu barreneko neke ta laztasun guziak leuntzeko diran atsegin ta gustoak. Estu bazaude, etsaien beldur bazera, izutzen bazaituzte egin dituzun bekatu ta txarkeriak, edo barrena asaldatua badadukazu, zoaz Elizara: billazkitzu Jesusen besoak eta sar zaitez onen Bihotzeraño; ezta Bihotz onetan dagoenari gaitzik egin dezakeon etsairik».

        6. «Jesusen Bihotzean arkitzen dira —dio Lanspergiok— gure bihotzetan aldatu behar diran birtuteen belarrak; baita belarrak azitzeko ta lore ederrak emateko behar duten graziaren ura ta beroa ere. Begira zagozu Bihotz oni begi onekin. Eska zazu, hau bitarteko arturik, behar dezun guzia: bada bere eskuan ditu graziaren ondasunak. Bihotz hau da Jainkoa gana garamatzien ta Jainkoa gu gana dakarren bidea. Ase zaitez Bihotz onek dakarren birtutezko ta graziaren urez: ezta berdin aituko zuk eta gañerakoak nai adiña edana gatik. Artu zazu Bihotz onekin ziñezko debozioa: ta, egiten badituzu debozio onek eskatzen dituen gauzak, aberastuko zera Zeruko ondasunez, zuk uste baño len».

        7. Jesus agertu zitzaion bein Santa Metilderi ta eskatu zion maita zezala Aldarean erakusten duen bere Bihotzeko amorea gatik; eta esan zion atseden zezala Bihotz onetan, bizi zen artean ta eriotzeko orduan. Ordutik artu zuela, dio Santak, ziñezko debozioa Jesusen Bihotzarekin: ta ez dela, geroz artu zituen Zeruko ondasun ta faboreak ar litzakean librurik. Orrenbat ezpada ere, aski dira debozio hau artu dutenak artzen dituzten Zeruko fabore ta ondasunak.

        8. Santuak diotenaren berririk ezpagenu ere, aski lizake, zenbat ondasun dakarren, ta bizitza on baterako, zenbat Jesusen Bihotzaren debozioak balio duen jakiteko, zer den debozio hau ikastea. Debozio hau, len esan degun bezala, Jesus, Aldarean erakusten digun amorea gatik, ziñez maitatzea da: ta han daramatzien, ikusten dituen edo egiten zaizkan bidegabe ta txarkerien damuz beterik bizitzea. Eta nola ukatuko die, onelako damu ta amorez beterik bizi diranei, eskatzen zaiona emateko dagoen Jesusek, onak izateko behar duten gauzarik? Uzten die gaixtoai Elizan sartzen; sartzen da bera komulgatzera doazenen barren zikiñean: baita ezin bestez baizik Elizara ez diranen etxe ta barrenean ere; ta ezta gogotik etorriko maite dutenen bihotzetara, bihotzak Zeruko ondasunez beterik uztera? Ezin siñistu diteke orrelakorik. Aitor bedi, bada, Jesusen Bihotzaren debozioa dela bizitza on batera daraman bide zuzen erraza.

 

 

§. X.

ANDIA DA,
JESUSEN BIHOTZAREN DEBOZIOAK

DAKARREN ATSEGIN TA KONTENTUA

 

        1. Jainkoaren izenean egiten diran gauza on guziak dakarte beren atsegin ta kontentua: baña ez kontentu ta atsegin berdiña. Atsegin edo kontenturik andiena ekarri oi dutenak dira Jesusi Aldarean dagozkan lan, obra edo gauzak: ala aditzera ematen digute Santuen bizitza ta historiak: bada S. Franziskok, Loiolako San Ignaziok, Santa Theresa, S. Luis Gonzaga ta beste anitzek etzuten Jesusekin Elizan zeudenean adiña atsegin beren bihotzetan izan oi. Atsegin utsez bizia galdu beharrak zirala ziruditen Meza ematen edo enzuten zuten zenbait aldiz, edo komulgatzen ziranean. Onelako orduetan ta beste Elizan zeuden zenbaitetan bezain atsegin andizko suspiriorik ematen etzuten Santuen bihotzak; ez eta negar beroagorik ere orien begiak. Gañerako leku ta misterioetan artzen dira graziaren zenbait bokadu; baña Komunio Santuan artzen degu, graziarekin batean, graziaren Jaun ta Jabe Jesus guzia. Gañerako grazia artzeak egun oroko barazkariak dira: barazkari andia edo atsegin ta kontentuz betea dagoen barazkaria komunioko barazkari ta grazia artzea da. Aldarea da bere eskuz ondasunak emateko edo faboreak egiteko, Jesusek berezi ta artu duen lekua; ta orregatik atsegin ta gustoz beterik dagoen lekua.

        2. Jesusen Bihotzaren debozioa da, eskutik artu ta bezala, Aldarera ta Aldareko atsegin ta gustoetara garamatzien debozioa. Aldarera garamatzi Bihotz onen debozioak: bada debozio onen egitekoa da Aldarean Jesusek ekusten dituen bide gabeko gauzen damuz gure bihotzak betetzea ta maite gaituen Jesusen amorez berotzea. Hau ezin dagike Elizara ezpagaramatzi edo Aldarerontz zuzenzen ezpagaitu. Ote garamatzi Aldareko atsegin ta gustoetara Jesusi diogun debozioak? Zori onekoak orien billa dabilzanak, billatzen badituzte behar bezala; bada ez diotza Jesusek ukatuko daramatzien txarkeri ta injurien damuz beterik eta haren amorez bihotza urtzen dadukala bere aldean maiz Elizan ekusten duenari.

        3. Maiz Elizaratzen diranak onelako atsegin ta kontenturik gabe arkitzen badira, ez dute erakusten hari garanaren berririk, edo gogotik artu ez dute Jesusen Bihotzaren debozioa; bada gogotik artu balute, maiz edo askotan oroituko ziran Jesusen Bihotzak ekusi dituen estutasunez ta digun amore andiaz; ta amore ta estutasun oriez oroitu ezkero, izain zuten beren bihotzetan atsegin ta gusto dakarten damu ta amorea. Egia da damu ta amore onek eskatzen dutela, gero adiraziko degun bezala, bihotz garbia: ta, lenik garbitzen ezten bihotzak eztu Jesusen Bihotzaren debozioak dakarren atsegin edo gustorik; ez eta Bihotz onen deboziorik ere. Baña debozio hau duenak izain ditu lenagoko Jesusen maitatzalleak artu zituzten bezalako atsegin ta gustoak.

        4. «Ah! zein gauza ona den, zenbat atsegin ta kontentuz betea dagoen Jesusen Bihotzaren debozioa edo Bihotz onetan bizitzea!», erraten du debozio onen berria zuen S. Bernardok: O quam bonum, quam iucundum habitare in corde hoc: exultabimus, & laetabimur in te memores cordis tui. Eztut nik, dio, zure Bihotzaz oroitzea baizik bear, atsegin ta gustoz beterik gelditzeko. Debozio oni zor ziozkala, esan oi zuen Santa Klarak, Aldarean dagoen Jesusen begietaratzen zenean, artzen zituen atsegin ta faboreak. Jesusen Bihotzaz oroi zediñeko, Senako Santa Katalinak Jesusen amorez urtzen zedukan bere Bihotza.

        5. Nai badezu —esan zion bein Jesusek Santa Metilderi— barka ditzadan zure utsegiteak, artu zazu nere Bihotzaren debozioa. Bihotz onetatik ateratzen dira artzen dituzun graziak. Nere Bihotza da grazi ta atsegin guzien iturria: maite nautenai ematen dieztet arkitzen diran atsegin ta gustorik andienak.

        6. Debozio hau artu zuen artean Aita Colombierek, birtute andizko gizona izanik ere, atsegin ta gusto guti izan oi zuen: baña besterik gertatu zitzaion, debozio hau artu zuenetik. «Ar ditzaket —dio— Jesus onaren eskutik, ematen dizkidan atsegin ta gustoak; baña ezin adirazi dezaket zein andiak diran gusto ta atsegin oiek. Ez arren Jesus; ez onenbat atsegin ta gusto niri eman: gorde zazkitzu nik baño obeki irabazi dituztenak zugana ditezen artean. Oituko naz bestela atsegin ta gustoetara; ta egin nitzake behar ez diran zenbait lan, izatea gatik onelakoren bat. Aginzen zaidana egin behar ezpanu, eztakit zer egiñen nukean atsegin edo gusto oietatik edozein irabaztea gatik. Baña nola irabazi zure atsegin ta gustoak? Eroak bezala hitz egin dut oraingo aldian. Barka zazu, Jesus, nere atrebienzia, zure fabore ta gustoak nastu didate burua; ta eztakit zer diodan. Nola irabazi nik zure atsegin ta faboreak? Ez, Jesus maitea, zuk zerorrek neke andi ta izerdiarekin irabaziak dira ni ganatzen diran fabore ta atsegin guziak. Esker milla guziak gatik, Jesus ona: ta betoz, egin nadin ni zure lagun, zenbait neke ta izerdi. Ongi ta luzaro nekatua nere burua ekusi artean, eztut maite nazula siñistuko».

        7. Orra zenbat atsegin ta gusto dakartzien Jesusen Bihotzaren debozioak. Aldarean ekusten dituen txarkeriz neurritzen dituela dirudi damuz daudenai Jesusek ematen diezten atsegin ta gustoak. Nola nai, andienak dira Aldarean maite dutenai edo bere Bihotzaren debozioa artu dutenai Jesusek egiten diezten faboreak ta eman oi dituen atsegin ta gustoak.

 

 

§. XI.

ANDIA ZEN SANTUAK
JESUSEN BIHOTZARI
IZANDU ZIOTEN DEBOZIOA

 

        1. Erakusle edo Maisurik onenak Santuak dira: bada, hitzez erakusten dutena erakusten dute eskuz, obraz ta lanez. Santuak, beste asko gauzaren artean, nola Jesusen Bihotza maitatu behar den, berak egin zutenarekin, erakutsi digute. Santa Klara batek etzuen arkitu, Jesusi zor zion amore andiari eranzuteko, beraren Bihotzaren debozioa bezain bide labur ta errazik. Sartzen zen egunean anitz aldiz edo maiz Elizan, Jesusen Bihotza Sakramentuan adoratu ta maitatzera; ta ateratzen zen Elizatik bere anima atsegin ta faborez betea zekarrela.

        2. Azkeneko Libruaren Buruan arkituko den otoiz edo orazioak aditzera ematen du zeiñ andia zen Santa Getrudesek Jesusen Bihotzari zion debozioa. Santa onen bizitza agertu edo eskribitu zuenak dio, iltzeko zegoenean, bidaldu zuela bere anima berak amorez idiki zion Jesusen Bihotz maitagarrira.

        3. Etzuela, zirudien, Santa Metildek Jesusen Bihotzaren gañean hitz egiten etzuen egun ta orduan on edo ondasunik. Beti zuen zer kontatu Jesusen Bihotzaren deboziozko bidez artu zuen on edo fabore berriren bat. Izan zezan, bizi zen artean, non atseden, ta, etsaien eskuetatik iges egiten zuenean non gorde, eman zion beiñ Jesus onak bere Bihotza.

        4. Senako Santa Katalinak ere, zeren Jesusen Bihotza gogotik maitatzen zuen, ta Bihotz oni zor zionaren alde, bere bihotza eman zion, izandu zuen beretzat Jesusen Bihotza. Geroztik ez bizi nai zuela zion, ta ez egin gauzarik, ezpazen Bihotz onek nai zuen bezala.

        5. San Eleazarok gaztigatu zion bein Santa Delfina bere emazteari: «Nai badituzu jakin nere gauzen ta osasunaren berriak, zoaz maiz Jesus maitea, Aldareko Sakramentuan, ekustera: sar zaitez haren Bihotz ederrean, ta an izain dituzu nai dituzun berriak; an arkituko nazu egun guzietan, ta egunaren ordurik geienetan».

        6. «Ai nere Jesus —esaten du San Bernardok—, eta zein aberats dagoen zure Bihotza! Ah! zenbat galtzen duten zure Bihotzeko amoreaz azturik bizi diranak! Nik beintzat nai dut egin egin-ala zure Bihotza ta ondasunak irabaztea gatik. Zureak izain dira gaurgero nere asmo, lan ta gogo guziak; eta guziak izain dira gauza guti orrenbat balio duen Bihotza erosi ta nere egiteko. Baña zer? nerea Jesusen Bihotza? Bai: bada nere buruarena da, ta buruarena den gauza gorputzaren gauza da».

        7. «Gaur gero Bihotz hau izain da nere Eliza; Eliza onetan egoin naz nere Jauna maitatzen. Bihotz onetan, Aldare batean bezala, utziko dut nere bihotza, bertako suarekin errea ta auts egiña geldi dedin Aitaren begietan ta izenean. Bihotz onetan ikasiko dut nola bizi; arkituko dut zerekin nere zorrak atera; ta arkituko dut munduko itsasoaren aserre ta itotzeetatik nora iges egin. Emen nagoenean esain dut, Dabidek bezala, idiro dut nere Jaunari otoitz edo orazio egiteko nere Bihotza; bada Aldarean dadukat nere Jaun, nere Adiskide ta nere Anai Jesus onaren Bihotza; eta, eztut uste Bihotz onekin eskatzen diodan gauzarik ukatuko didala nere Jaun andi Jesus beraren Aitak. Ekus dezagun bada, ta sar gaitezen, beñere andik ez ateratzeko, Bihotz onetan. Bihotz onez oroitze utsak atsegin ta gustoz urturik bezala uzten du bihotza: nola utziko du hura maitatzeak? Nola an sartu, ta atera gabe bizitzeak? Ar nazazu Jesus, ar nazazu, nazan guzia zere Bihotz maitagarrian. Edo uztazu, nerau sartuko naz bereala; bada idiki ta zabaldua dagoen Bihotzak berak sar nadilla bertarik erraten didala deritzat».

        8. Lanspergio deritzan Gizon jakinsu ta birtutezko batek dakar, nai duena, Jaunaren amorez betea laster gelditzeko, labur ta erraza dela dion bide edo modu hau. «Begira —dio—; zoaz maiz gure amorez ta guri ongi egin naiez urtzen dagoen Jesusen Bihotzari, bai dakizula zenbat zor diozun ta maite dezula adiraztera. Bihotz onegatik eska zagozu Aita Zerukoari eskatu nai diozuna; ta biotz onen izenean edo onekin batean eramain diozu eman uste diozuna. Bihotz onetan daude grazia ta Zeruko ondasunak. Bihotz hau da Jaunarekin bat egiten gaituen ta Jaunaren ondasunak dakarzkigun bide zuzena. Ibilli oi zaran bazterretan paratu behar dezu Bihotz onen estanpa, imajen edo pinturaren bat, hau ekusten dezunean oroi zaitezen, maitatu behar dezun Jesusen Bihotzaz. Maitatze onetara zere burua aisago eramateko, ezpañez ukizazu zenbait aldiz edo muñ egiozu, muñ egiten bazenio bezala Jesusen Bihotzari. Egizu al egiña Bihotz onekin bat zerea egitea gatik. Ez dezazula nai izan, ez ta billatu ere, Bihotz onek nai duena besterik; eta egizu kontu zerea kendu ta utzi zaitzula Jesusen Bihotza zere barrenean».

        9. «Ustuko delako beldurrik gabe, ar dezakezu nai adiña, ondasunez beterik dagoen Jesusen Bihotzetik. Utzi zaitzake mundu guziak, uste ez dezunean; baña, lenik uzten ezpadezu, etzaitu utziko beñ ere Jesus maiteak. Askotan Gizonak barrenean berena gorde, ta besterik esain dizute; baña Jesus, Bihotzean duena baizik, ezin esan dezakeana da. Utzi behar dituzu, egin alean, Lurreko guziak; Jesus onarekin hastiro egoteko. Eztezu Jesusen Bihotza baño atseden-toki oberik arkituko. Jesus da ziñezko Adiskidea; ta Adiskide nondik nai bera maite dutenak ateratzen dituena. Sar zaitez bada Jesusen Bihotzean, ta, eskatzen badiozu, behar bezala, ez dizu ukatuko, emen ta sekulan, Jauna maitatzeko behar dezun gauzarik».

        10. San Franziskoren, Santo Thomas, Santa Theresa, S. Buenabentura, San Ignazio, San Franzisko Xabier, San Phelipe Neri, S. Franzisko de Sales ta S. Luis Gonzagaren bizitza ta libruak ekusi edo irakurri dituztenak edo orien berria dutenak badakite zein andia zen Jesusen Bihotzarekin zuten debozioa. Gañerakoak utzirik, nai ditut agertu Santa otsarekin il den, Armilla Nikolasaren hitz batzuek. «Lurrekoen aldetik zerbait gerta zekidaneko, Jesus ona billatzen nuen: ar gana nendiñeko, banuen nere neke ta illuntasunak garaitzeko behar nuen atsegin guzia: eta iduritzen zitzaidan Jesus nai ez nukean lan edo nekeren bat gerta zekidan beldurrez zegoela. Ar ganatzen ninzan guzietan, an gorde nendin, agertzen zidan bere Bihotza; ta agertzen zidaneko, barrenean nengoen. An sartu ezkero, etziran ezer infernuko al egiñak. Denbora luzean ez nekien non negoen, ezpanengoen Bihotz onetan; ta esan oi nien nere lagunai; billatzen banazue, Jesus maitearen Bihotzean arkituko nazue; ez gau eta ez egun Bihotz onetatik atera uste det: emen ez naz igesi nabillen etsaien beldur».

 

aurrekoa hurrengoa