www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen Bihotzaren Debozioa
Sebastian Mendiburu
1747, 1751

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ales Bengoetxea.

Iturria: Jesusen Bihotzaren devocioa, Sebastian Mendiburu. Pedro Joseph Ezquerro, 1751

 

 

aurrekoa hurrengoa

AITA MANUEL
DE LARRAMENDIREN KARTA,
LIBRU ONEN EGILLEARI BIDALDUA

 

        Aita nerea, badakit, eta hori aspalditxo da, arazo andietan zabiltzala, argitaratzeko libru bat, Jesusen biotzarekiko debozioari dagokana. Jakiñ ez ezen, irakurri ere badet oarrez, ta arretaz zure eskuskribatua: eta ikusiaz ta erabilliaz, are geiago ezagutu det lan onen anditasuna. Gaiari banagoka batetik, eta bestetik hizkuntzari, baderitzat, gezurtatzen dituzula Erdaldunen, ta Euskaldunen usteketa txarrak, ta desegiten, ta aienatzen guzien lausoak, ta llilluramenduak.

        Ona non dezun gaia, munduan dan kontuzena izatez, ta egokiz erabilli behar dana: baña zeiñ ere dan goi, mee, ondatsu, ala oi darabilzu, aiñ aisa, ta itobagez, beste esku-arteko beargai errazen bat baliz bezala. Ez alzaitu antusteak amilduko. Eztezu hau zerez: Jainkoaren doaia dezu, noiz, ta nori nai duen ematen diona. Etzinioke aiñ argi ta, garbi saill oni ekingo, Jainkoak eman ezpazizun Jesusen biotzarekiko dezun jaiera hori, ain bizia, ta sutua. Ark erakusten dizkitzu gai aundi onen saiets guztiak, ark egoki santuak, ark ekarrai ezti ezti, gozo gozoak, ark gizonentzat debozio oni dariozkan Zeruko ondasunen iturburuak. Hitzetatik agiri dezu, nola dizekan zure biotzari, ta eztarauskiola mingañari, barrunbeari dirakiena, ta gañez dariona besterik. Oiez gañera etzaitu izutzen nekeak, minberakor, ta alper txarrak izutzen dituen bezala: ta orregatikan, aiek ezbezala, garaitzen dezu, lautzen, ta menderatzen.

        Bestenaz banagoka zure hitzuntzari, len ere baño obekiago dakust alde oietako Euskaldunen itsumendea, zeñean darasaten, eztala gure Euskera, gauza andi, mee, goi diranak adirazteko. Ona bertan guzien gezurtamena, zure libru Euskeraz ain garbiro moldatuan. Esan biezat nork nai, zenbat zor dioten zure Euskera onek, beste hor dabilzan hizkundeen naspillai? Esan begit, zeñetan Jesusen biotzarekiko debozioaren gaia obeto, ederkiago, gozoroago berezia dagoan, zuzendua, ta apaindua? Gaiak berak eztia du, ta alderdi guzietatik eztia dario; eta arrezaz hitzegiteko ezta munduan gure Euskera bezaiñ hizkuntza itsaskorrago, eztiago, gozoagorik: ta egia onen ikusbidea zure libru hau izango da. Bañan lenbiziko saioak onelakoak diranean, esan biezatet, gerokoak nolakoak izango diraden, ikusiaz, ekinaz, landuez, aterako diranak?

        Eskriturak nonbait diona da, aurtxoak ogi eske zeuden, ta etzan nork puska ziezaten: ta oraiñ ere auxe bera esan dezakegu Euskalerrienzat; bada Jainkoaren hitzaren ogia txikitu bageaz, sekereak igartuak bezala, goseak hilzer daude asko ta asko. Zer bada? eztabilza gure Eleizetan Predikarioz franko? eztarasate surmurrez, ta deadarrez Zeruko jakinbidea? Egia da, badabilza, ta badarasate. Ordea zer da ansi, enzunle geienak erausi hura aditzen ezpadute? Sinisterazo nai digute, aditzen dala Gaztelania, are ikasi ez dutenen artean. Ezta hori egia: alperren erausiak, eta aitzakiak dirade: hitz banakaren batzuek adituagatik, aizeak daramatzi besteak, eta Jainkoaren hitzaren ogia gelditzen da Euskaldunentzat, txeatu bagez probetxurik gabea. Baña egia baliz ere, ezta lotsagarri, hitzegin behar digutela Euskaldunak Euskalerrietan, ez guziok dakigun hizkunzan, ez gure erriko, gure gurasoen hizkunzan, ez bularrarekin batean edoski genduen, ta lenbiziko giñekien hizkunzan; baizikan Gaztelauen hizkunza arrotzean?

        Siñis nazazu, ereille gaixtoetan dago azaro txarra, eta gero uzta soilla, ta utsa. Alabañan gutxik daki bere jaieterriko Euskeraren erdia, eta alperrak diraden bezala, eztute ikasi nai geiago, ta eztie nai beren buruai atsekaberik eman. Baña onetatik zer gertatzen da? Dakiten piska arekin, hitz moltxo, eskumen baten diña eztan arekin, nola eziñ adierazo dituzten beren esakariak, badarasate pulpituan hitzera naasi bat, beiñ Euskera, beiñ Erdera, beiñ Latiñera, guzia leudatua, zikindua, baraustua, zeñean dirudien, igo dirala gaiñ artara enzule guzien burla egitera: ta arritu oi naz, nola asko ta asko, bulzaka ordu gaixtoan aientzat, botatze eztituzten andikan bera. Are gogaikarriena da, txarlari oiek ikustea, ta aditzea, nola dauden isekaz, ta musinka Euskeraz ederki dakienen jolasari, beiñ Nafarroako minzoa dela, gero Bizkaiko berba dongea, batean ausaz ere Goierriko hizketa dezula, bestean noaskiro Beterrikoa; atxurlarien, ta nekazarien hitzera dala hura, baserritarra dirudizula, ta milla onelako astakeria. Eztute izen obeagorik merezi. Aienatu behar ginituke, gure hizkuntza ederra galtzen diguten hizjario motel txarr oiek. Oraindik eztazaute, Euskaldunak Euskera duela gauzarik onena, ta honragarriena; bada ari ditxekala, beti agertuko du bere burua, dan bezala, Españar uts utsa, anziñakoen, ta are lenbizikoen etorkia, ta ondokoa, ta beragatik nastebagea, garbiena, fiñena, ta nobleena: dakiela, nondik, ta noizdanik datorren: zeña dan Euskaldun-ezak, itsuka baizik, eztakitena, ez eta jakingo ere.

        Beste batzuek dituzu, gure Euskeran nai ez lukeenak beste hizkundeetatik hiztxo batere: eta onen bidez epaiten, ta ziatzen bezala dira jolasean. Bederako ergelkeria! Etzaiteala zu malmeti. Euskerari eratxi zaizka Gaztelaniatik, Latiñetik edo beste hizkundeetatik hitz asko; baña adituaz, ta oituaz, Euskerakoak bezaiñ ongi, aditzen diranak: eta oiek utzi behar eztitugu: ta beharbada noiz edo berriz obeko da, onelakoak utsatzea, Euskerakoak baño: batez ere Eliz gauzetan, ta gure arimen salbazioari dagozten egikarietan. Lajatuko ditugu erbesteko hitz horiek, nai badegu, gure Euskerarenak, piskabana usatuaz, ta erabilliaz, eskukoi, ta jakiñak egingo diradenean. Ongi egin dezu, Nafarroako hitzen batzuek ekartzea, egokiak diranean, eta besterik eztanean; Zerren lenbizian, ta batbatetan aditzen ezpadira, aurki adituko dira, ta geienak, dagoaneko, aditzen ere badira: ta ala Euskera bide batez edertzen ta ugaritzen da.

        Etzaitzatela tontotzarren erausiak ozpindu, ta ikaratu: eztirade jendartekoak, ez kontuzkoak; hitzera ona, ta beardanezkoa zein dan, eztezu aietan aurkituko, ezta billatu behar ere. Bazterretan, ta itsu, motel, jakiñezen artean darauskiote, baña eztira gai, ezer ere danik, agertzeko, ta argitaratzeko. Zer degu, astoren batek edo bestek esanagatik, eztala onelako hitza emengoa, edo eztuela aditzen? Nafarroan hirri, Bizkaian barre, Probinzian farra egiten zaiela onelako, ta alako hitzen batzuei? Suertez ere neurri ederra genduke hizketarako, besterik ezpagendu. Gizon zuhur, zintzo, meneak eta jakintsuak gure alde ditugunean, eztiegu beste jendalla horiei jaramon behar, ez eta aien esan mesanaz ajolarik artu.

        Ekin bada ekin, Aita nerea, Euskerari, ta Euskeraz itxeki Jainkoaren darabilzun lan oni. Uste dezun baño on geiago egingo diozu Euskalerriari; zeñean hizkuntzaren naasiaz, ta aditu bageaz ozta jakiñ oi da behar dana; ta hiztunen ergelkeriaz; ta aroikeriaz ozta aditzen degu naspilla, ta Ijitukoen marmariza besterik. Kanporatzen ditut neronek aditu ditudan batzuek, argi, ta garbi minzo diranak, ta Euskerari beren onetsiari bezala darraizkanak. Erein dezu Jesusen biotzarekiko jaiera Euskalerrietan; erneko da, zorituko da, ta bilduko dezu, iñon ere nerekiko bildu dan uztarik ederrena, ta ioriena. Sekañetan biziagatik, Euskaldunak eztira sekañak, erriberak bai, lubera gozoak, beti giro onean daudenak, Euskeraz kontuz, ta moduz egozten zaien Jainkoaren hitza artzeko, gordetzeko, azitzeko, ta eunetan anbat emanarazteko.

        Aterazazu beraz zure libru hori, eta len baño len bana ezazu Euskalerrietan; batez ere non eta Jesusen ballera santuak jaso dituzun, ta lenago jasoak zeuden. Irakurriko dute ala Eleizetan, nola etxeetan, eta Euskeraz utsik dakitenak, ta Gaztelania arrastaka baizikan eztakitenak ere, naiko dute beiñ baño geiagotan aditu, ikasi, ta gogoan sartu, hitzez predikatu ziniena, ta oraingotz, bear-bada azturik daukaten. Onela Biotz maitagarria haren landatu dezun amodiota, ta jaiera, geituaz, andituaz, ta sutuaz joango da. Alabiz, ta ala izango da, gizonen biotzak bere eskuan dauzkan Jaun hark betetzen baditu bere bildurrez, bere amodioz, bere grazia egillez, ta ugariz. Nai dakiola bada oraiñ ta beti guziok beregana gaitzan artean. Agur, Aita nerea, ta gogoango al nazu zure otoitzetan. Loiolan Martxoaren 15. egunean 1747. urtean.

Zure serbitzaria biotzetik,

JHS.

Manuel de Larramendi

 

aurrekoa hurrengoa